Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2018ko maiatzaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2743

81/2018 DEKRETUA, maiatzaren 22koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den Dekretua aldatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua aldatzen duen Lehendakariaren apirilaren 10eko 7/2018 Dekretuak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari esleitzen dio barne ikuskapeneko zereginak egitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua betetzen dela bermatzeko. Erregelamendu horrek datu pertsonalen tratamendua eta datu horien zirkulazio askea direla-eta pertsona fisikoak babesteari buruzko arauak ezartzen ditu, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du.

Dekretu honek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den Dekretua aldatzen du, eta saileko egituran datuak babesteko ordezkaria gehitzen du, aipatutako Batasunaren Erregelamenduak sortua, hain zuzen. Ordezkari horrek beteko ditu, gutxienez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduko (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) 39. artikuluan ezarritako eginkizunak.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, lehendakariak aurretiaz onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuko 12. artikulua aldatzea.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuko 12. artikuluari 7. letra gehitzen zaio. Honako hau da horren edukia:

«7.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza honi, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren datuak babesteko ordezkaria atxikitzen zaio, bere egitura hierarkikoan integratu gabe. Horrek, bere eginkizunak autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin burutuko ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horrek, datu pertsonalen tratamendua eta datu horien zirkulazio askea direla-eta pertsona fisikoak babesteari buruzko arauak ezartzen ditu, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen du.

Ordezkari lanpostua betetzen duena, goi-karguduntzat joko da, zuzendariaren pareko maila edo kategoriarekin. Gobernu Kontseiluak izendatuko du, Zuzenbidearen ezagutza berezituen eta datuen babesaren alorreko trebetasunaren arabera, 6 urtebetetarako. Epe hori luzatu ahal izango da beste horrenbesteko epe batean, eta ez da aldatuko baldin eta uko egiten ez badu edo bere eginkizunak betetzean dolo edo zabarkeria larririk egiten ez badu.

Izendatutako pertsona funtzionarioa bada zerbitzu berezien egoera administratibora pasatuko da, datuen babeserako ordezkari lanpostuan diharduen bitartean.

Berezkoak dituen eginkizunak betetzeko garaian, datuak babesteko ordezkariak ondorengo eginkizun nagusi hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sailek, erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek izendatutako informazio publikoaren sistemaren organo arduradunak koordinatu eta horiei laguntza ematea, sistema hori bere bizi-ziklo osoan garatu, jardun eta mantentzeko eta beharrezkoa duen segurtasun-araudia prestatzeko.

b) Jarduerak burutzeko lantaldeak antolatzea, hala nola, datu pertsonalak babesteari buruzko azterlanak eta txostenak egitea.

c) Tratamenduaren organo erantzuleen edo arduradunen eta datuak babesteko agintarien artean solaskide-lanak egitea.

d) Tratamenduaren pertsona erantzulearen edo arduradunaren administrazio- eta zuzentza-organoei datuen babesaren arloan urratze garrantzitsua dagoenaren berri berehala ematea.

e) Ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion ebazpenak, datuen babesari buruzko erreklamazioei dagokienez.

f) Datuen babesaren arloko arauek esleitzen dizkioten gainontzeko eginkizunak.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala