36. zk., 2018ko otsailaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (6382 KB - 88 orri.)
- EPUB (4233 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
916
19/2018 DEKRETUA, otsailaren 13koa, Arabako eskualde kantabriarreko dorreak monumentu-multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Bere gain hartutako eskumena gauzatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2016ko apirilaren 8ko Ebazpenaren bitartez (apirilaren 26an argitaratu zen, 78. zenbakiko EHAAn, baita apirilaren 20an ere, 44. zenbakiko ALHAOn), Arabako eskualde kantabriarreko dorreak, Monumentu-multzoaren kategoriarekin, Kultur Ondasun Kalifikatu deklaratzeko espedientea hastea erabaki zen.
Izapidea irekita, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, besteak bete, alegazioak aurkeztu zituen proposatutako mugaketari buruz. Bestalde, babeserregimena aldatzeko eskatu zuen, babes arkeologikoaren gainean.
Zerbitzu Teknikoek, aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, haietako batzuk partzialki bidezkoak zirela erabaki zuten, eta horrek funtsezko aldaketak ekarri zituen bai babestutako elementuen mugaketaren esparruan eta bai babes-araubidean, aldez aurreko argitalpenarekiko, eta horregatik abiarazi zen berriro prozesua, zegokion jendaurreko informazioko izapidea irekitzeko eta interesdunei entzun ahal izateko.
Horrela, 2017ko apirilaren 7ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez, jarduketak hasierako fase berri batera atzera eraman baitziran eta aldi berri bat ireki baitzen espedientean.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, ez da alegaziorik egon.
Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 13ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Arabako eskualde kantabriarreko dorreak sailkatutako kultura ondasun deklaratzea, monumentu-multzo kategoriarekin.
2. artikulua.– Ondasunaren mugaketa dekretu honen III. eranskinean ezarritakoa izango da, bertan adierazitako arrazoiak oinarri dituela.
3. artikulua.– Sailkatutako ondasunaren deskribapena egitea, kultur ondarearen alorrean indarrean dauden legeek diotenaren arabera, dekretu honen II. eranskinean adierazitako eran.
4. artikulua.– Arabako eskualde kantabriarreko dorreen Dekretu honen IV. eranskinean agertzen den babes-araubidea onartzea. Dorre horiek I. eranskineko zerrendan agertzen dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko ditu Arabako eskualde kantabriarreko dorreak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Amurrio, Aiara, Laudio eta Okondoko Udalei eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Sailei, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskaera egingo dio Amurrio, Aiara, Laudio eta Okondoko Udalei udal hirigintza-araudia egokitu dezaten multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Indarrik gabe uztea 1998ko uztailaren 17ko Agindua, Kultura sailburuarena. Horren bidez ebatzi zen Zuaza-Aiarako (Araba) Cadahalso Etxea Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu izendapenaz Kultura Ondasun gisa sartzea.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOnk, jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 13an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
OTSAILAREN 13KO 19/2018 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
ARABAKO ESKUALDE KANTABRIARREKO DORREEN ZERRENDA
Ondorengo zerrendan Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzoaren babespeko kultura-ondasunak agertzen dira, udalerriaren definizioa, babes-maila eta, erdi-mailako babesa duten dorreen kasuan, beren balio espezifikoekin batera, eta halaber, hala dagokionean, lehengoko kultur ondasunaren eta/edo ustezko eremu arkeologikoaren deklarazioarekin batera.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
KOK: kultur ondasun kalifikatua, otsailaren 2ko 66/1999 Dekretuaren bidez.
(otsailaren 15eko EHAA, 31 zk.).
KOK*: kultur ondasun kalifikatua, uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez.
(abuztuaren 4ko EHAA, 132. zk.).
IKO: Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatutako kultur ondasuna, 1998ko uztailaren 17ko Aginduaren bidez.
(abuztuaren 18ko EHAA, 155. zk.).
UEA: ustezko eremu arkeologikoa, Aiarako (Araba) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko uztailaren 4ko Ebazpenaren bidez.
(abuztuaren 20ko EHAA, 157. zk.).
UEA*: ustezko eremu arkeologikoa, Laudioko (Araba) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez.
(uztailaren 8ko EHAA, 129. zk.).
UEA**: ustezko eremu arkeologikoa, Amurrioko (Araba) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez.
(uztailaren 9ko EHAA, 130. zk.).
UEA***: ustezko eremu arkeologikoa, Okondoko (Araba) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez.
(uztailaren 10eko EHAA, 131. zk.).
OTSAILAREN 13KO 19/2018 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzoaren babespeko ondasunak defentsarako unitateak dira; oro har, ibaien ondotik eta haran paraleloetan zehar doazen ondo egituratutako eta elkarri loturiko bideen inguruan lerrokatuta daude, erdi-mailako mendiko ingurune natural heze batean. Arabako isurialde kantauriarrak erliebe konplexua du ezaugarri, non ibaien ibilerek iparralderantz orientaturiko bide naturalak sortzen dituzten; ipar-mendebalde eta hego-ekialdera begira dauden mendikateek, bestalde, muga politiko zein naturalak ezarri dituzte. Ibaiak, hegoaldetik iparraldera Nerbioira doazenak, Gorbeiako iparreko hegaletatik jaisten dira, Altubetik esaterako, izen bereko mailetan meharturik; bai eta Angulo eta Salbada mendilerro burgostarretatik ere, hala nola Llanteno-Ibalzibar, Izalde edo Izoria ibaiak, kostalderantz pasabideak eratzen dituztenak.
Arabako eskualde kantabriarreko dorreen historia-bilakaera aginte-egituren eta lurraldearen kudeaketaren trantsizio-prozesu bati loturik dago, berant Erdi Aroko mendeetan hasi eta XVI. mendearen hasierara arte hedatzen dena, leinu-gerren amaierarekin batera. Hori dela eta, beren eraikin nagusiek defentsarako eta bizitzeko guneak dituzte barruan, soldaduak eta jaunak elkarrekin bizitzeko sortuak, bai eta biltegiratzeko lekua ere setiorik izatekotan; zenbait kasutan, halaber, industriaurreko makinak gordetzen ziren bertan, dolareak edo errotak, adibidez. Nolanahi ere, horietako asko beren jabeen boterearen adierazgarri bilakatu ziren geroago; izan ere, askotan, beraiei loturiko benetako jauregi eta ekoizpen-unitate bihurtu zituzten jabeek, sistemari errotak nahiz dolareak erantsi zizkiotelarik.
Oinplano karratu zein angeluzuzeneko eraikinak dira, bolumen prismatiko edo kubikodunak. Defentsarako zirenez gero, tamaina txikiko bao gutxi izan ohi dituzte, bizitzeko edo geroko ordezkaritza-lanetarako moldatutakoak. Perimetroko itxiturek harri-horma sendoak dituzte oro har, silarrixka-elementuak eta guzti. Harlanduzko obra duten aleak daude; kadalso eta goiko gorputzek, berriz, zurezko bilbadura duten horma-atalak eta oholtzazko plementaria dituzte, batzuetan adreiluarekin edo harri eta argamasaren nahasketarekin ordezkaturikoa.
Zurezko egitura (herrialdeko haritza gehienetan) arkupeduna da, eta normalean bi edo hiru hormarte ditu barruko bolumen prismatiko eskasean. Zutoinek harrizko harroinak edo karga-hormak (habetzanak) dituzte euskarri. Aleetako askotan, aldez aldekoak dira, pieza bakarrekoak. Hormak kargak banatu ohi ditu. Horiek garrantzitsuak direnez (batik bat ia osorik harriz eraikitako aleetan), zoru harritsu edo gogorra bilatu ohi da; horregatik, ez dute zimendu bereizgarri nahiz sakonik eta substratuan finkatzen dira zuzenean (jasateko ahalmen nahikoa duten marga edo harrietan, normalean). Perimetro-paretak portikoak zurruntzen ditu, beso bertikalekin ere finkaturik daudenak (zutikoen buruarekiko luzetara eta fustearekiko zeharka jarrita). Zenbait kasutan, goiko aldeko bermeak irtenak dira eta zurezko irtengune bat (kadalsoa) jasateko diseinaturik daude; hura besoekin finkaturik egon ohi da kanpoalde eta barrualdean, eta oso gutxitan mantentzen da bere lekuan edo osorik.
Dorre banderizen gune bereizgarriak bi solairutan banatu ohi dira, beheko solairu bat ere dutelarik. Hara ezin zitekeen kanpoaldetik sartu zuzenean; hala eta guztiz ere, geroko moldaketa funtzionalen ondorioz, ateak ireki izan dira ia kasu guztietan. Aletegia edo hornikuntzarako sotoa egongo zen bertan ziurrenik. Erasoren bat jasoz gero ken zitekeen eskailera baten bidez iristen zen lehenengo solairura (gaur egun kanpoaldearekin lotzen duen harrizko eskailera bat edo barruko komunikabide bat egongo dira horren ordez); bertan, harreretarako aretoa eta jabeen logelak zeuden. Hirugarren solairua defentsarako zen funtsean, bere altuera, babesa eta, kasu askotan, gelarik gabeko dorrearen gaineko hegalean egoteak bermatzen zuen estaldura zirela medio. Beste kasu batzuetan, halere, solairu horretan eguneroko bizitegi-guneak ere egon zitezkeen.
Dorreak, ekoizpen-egitura den aldetik, behar-beharrezko ditu bere inguruan antolatzen diren lurrak, basoak, ibilbideak, pasabideak, zubiak eta sakabanatutako eraikinak.
Hona hemen monumentu-multzoaren 8 dorreen deskribapena:
Negorta edo «El Valle» dorrea (66/1999 Dekretuaren II. eranskinaren zatia):
«El Valle» izeneko auzoan dago, Zuhatza eta Okondo lotzen dituen errepidearen ezkerraldean, bertatik metro gutxira. Hegal batean kokaturik dago, galtzadaren kota baino apur bat gorago, Negortako magalaren alde handia atze-oihal gisa duelarik. Duela gutxi birgaitu dute dorrea, eraikuntzaren itxura orokorra mantenduz. Aldez aurretik ziren elementuak berreskuratu egin dira eta egungo premietara egokitzeko behar direnak gehitu zaizkio. Eraikinak oinplano karratua dauka, 14 bat metro alde bakoitzean, eta beheko, goiko nahiz teilatupeko oinak ditu. Kanpoko bolumenak harri-hormak ditu zatika berreraikitako aurrealde ezberdinetako ia altuera guztietan. Estalkiak lau isurki ditu eta haritz-zurez egin berri den egitura arkupedun batean oinarritzen da; kanpoalderako bere itxiturak fatxadan nabarmentzen den zurezko gorputz bat osatzen du, harri-hormen eta teilatu-hegalen artean kokatzen delarik. Itxitura hori, zeharo berregina, hiru fatxadatan horma baino sartuago ageri da; fatxada nagusian, berriz, aurretik zeuden irudi geometrikoen eredura dekoratutako harburuetan oinarritzen den hegal bat osatzen du. Hegoalde eta mendebaldeko fatxadetan antzinako perimetro-zuloaren hondakinak geratzen dira. Errepidera begira dagoen ekialdeko fatxada dugu elementu aipagarri gehien erakusten dituena, ertzetan garitoien hasiera-aztarnak dauzkala. Dorrerako sarrera-ate nagusian arku zorrotz handi bat dago; atearen alde banatan bi leiho karratu leihoburuan arku konopial faltsuekin. Horman dauden gainerako baoak, beste fatxadetakoak legez, saieterak eta bao txikiak dira funtsean. Mendebaldeko fatxadako atea da salbuespena, lehenengo solairuan kokatutakoa; zulorantz irekitzen da eta, bertan, plataforma txiki batek erakinera iristeko beste bide bat eskaintzen du. Eraikinaren barrualdea ia guztiz eraberritu da. Haritz-zurez egindako egitura arkupeduna du, jatorrizkoak zuen antolaera orokorra gordetzen duena; jatorrizko piezak behin betiko galdutako tokietan berriez osatu da; teilatuan ere beste hainbeste egin da. Sostengu-sistema honen gainean beste bat jarri da, metalezko profilekin egina: azken honek, batetik, eraikina araudiak eskatutakoei erantzunez erabiltzea ahalbidetzen du eta, bestetik, jatorrizko eraikuntzatik berreskuratu diren elementuak eta oraintsu ipini direnak bereiztea. Eraikinaren kanpoko nahiz barruko aldean egin diren itxitura, banaketa eta hainbat motatako instalazioen elementu berrien antolamenduan bereizketa-irizpide berau jarraitu da.
Zubiete dorrea:
Dorrea bera eta eranskinek osaturiko multzoa, ipar-ekialde eta hego-mendebaldera begira. Dorreak oinplano angeluzuzena du (12,42 x 8,56 m) eta bost solairu guztira (beheko solairua, hiru solairu eta ganbara), lau isurkiko estalkiarekin. Harrizko fabrikaren altuera 8,56 m-koa da, eta hormen lodiera eraikinaren oinarrian 1,20 m-koa. Kareharri tuparritsu irregularreko fabrika gailentzen da, bai eta material bereko harlanduzko obra irregularreko eskantzuak ere. Sarrera nagusia dorrearen hegoaldeko muturrean dago, molduradun arku zuzen eta toskanar ordenako pilastra banarekin; erlaitzak lehen solairuko balkoiaren plataforma gisa balio du. Hala ere, jatorrizko sarrera dorrearen ekialdeko alboan dago kokatuta, lehenengo solairuaren altuerara. Harlanduzko obra sinplea da, arku zorrotz samarrarekin. Hegoaldean, kareharri tuparritsuzko harlandu obra soilez egindako sarrera duen balkoia dago, ateburu monolitiko eta guzti. Horren gainean, beste bi altuerek bina leiho dinteldun dituzte; azpikoen parean, halaber, armarri bat dago, hareharrizko larru erlaitzduna. Micaela Portillaren arabera, XVII. mendekoa da hain zuzen ere. Bao horiek hegoaldeko altxaera aldatzen badute ere, hormen fabrika dorrearena berarena da, konponketarik gabe, lehenengo nahiz hirugarren solairuko saieterak erakusten duten legez; horietako batzuk gezileiho bilakatu dira. Ganbarako zein egongelaren aurpegi orotako gezileihoak ere nabarmentzen dira. Izan ere, dorre hau ez zuten jauregi bihurtzeko behera bota, baizik eta bere itxura zertxobait aldatzeko. Ekialdean, lehenengo eta bigarren solairuen artean dauden mentsulek aurreko defentsa-egituraren berri ematen dute, egun desagertu den zurezko elementuren bati loturikoak. Barruko egitura eraberriturik dago; batetik, dorrea garai modernoko jauregi bihurtzeko XVII. mendeko lanak direla eta. Orduan, ezkaratzeko harrizko eskailera eraiki zen; horrek ez du, hala ere, lehendik izango zuen gune bakarra gehiegi aldatuko, posizio berean kokaturiko komunikazio-bloke zakarragoarekin. Bestetik, berriki egindako berriztapenaren ondoriozko aldaketak direla eta, material eta eraikuntza-soluzio tradizionalak berreskuratu diren arren; zenbait kasutan, berreraiki ere egin dira. Mendebalderantz begira dagoen eranskin birgaitu berriak dorrearekiko paralelo dagoen oinplano angeluzuzena eta hiru solairu ditu. Bao nagusiak harlanduzko obra soilekoak dira, leihoburu monolitikoekin errematatuak.
Zubieteko zubia XVII. mendean eraikiko zen ziurrenik, dorrearen birmoldaketa-lanekin bat, eta zaharrago baten ordezkoa da, zalantzarik gabe. Arku erdizirkularreko eraikina da, dimentsio handikoa; multzoa XVIII. mendean birmoldatu zen, besteak beste, bere pretilak, karelak, estribuak eta zorua. Llantenoko de la Mota auzorako sarbide gisa balio du gaur egun.
Murga dorrea:
Ipar-ekialdetik, hego-ekialdetik eta hego-mendebaldetik jauregi-egiturak atxikita dituen dorrea. Multzoaren gorputz nagusia hego-mendebalde eta ipar-ekialdera begira dagoen oinplano angeluzuzeneko eraikina da, lau solairu eta ganbara bat dituena, guztia lau isurkiko teilatu batek estalita. Dorrearen sarrera nagusia hego-ekialdean egon ohi zen, eta mandio baten bidez sartzen zen barrualdera. Oinplanoaren neurria 13,60 x 9,50 m-koa da. Eraikuntza-materialen artean, kareharrizko harlangaitz eskuairatu irregularra da nagusi, oro har ilaratan ipinita. Eskantzuak, bestalde, tamaina irregularreko kareharriz daude eginda. Azkenengo solairua adreiluzkoa da, lau izkinetan garitoiak dituelarik. Baoak askotarikoak dira eta hainbat eratan daude jarrita. Zaharrenak hego-mendebalde eta ipar-mendebaldeko horma-ataletan kokaturiko gezileihoak dira. Berriagoak dirudite harlanduzkoek; horiek, halaber, molduradun errematea dute barlasaian. Gainerako leihoak zertxobait handiagoak dira eta harlanduz eginda daude, nahiz eta berriagoak izan. Gorputz nagusian, hala ere, dorreak bere itxura itzela gordetzen du, bao handirik gabe, defentsarako bere izaera dela eta. Zurezko barne-egitura osorik mantentzen da; horrek esan nahi du hasierako eraikina ez dela asko aldatu.
Dorrearen ipar-ekialdean, bere bolumenari eragin gabe, jauregi bat dago atxikita, ia guztiz harlangaitzez eginikoa. Baoak ezin hobe integratzen dira multzoan. Morfologiaren ikuspuntutik, dorreko berrienen oso antzekoak dira; molduradun sarbide erdizirkular zabala nabarmentzen da, bai eta ertz listeldun leiho bat ere, barneratze garatuko oinarri txikiak eta ardatzean armarria dituena, guztia moldura batek markoztaturik. Armarri heraldikoa hego-ekialdeko fatxadan dago. Hego-mendebalde eta hego-ekialdetik, jauregia handitu zen; horren elementurik nabariena beheko solairuan kokaturiko galeria arkupeduna da, toskanar ordenako ahodun zutabeen gainean ezarritako harlanduzko arku listeldun eta apalduekin, bost aurrealdean eta lau alboan. Molduradun inposta batek adreilu trinkozko solairu noblera darama, dorrearen goialdearekin bat datorrena. Eranskin biek gordetzen dute, neurri handi batean, beren barne-egitura.
Dorretik 40 m-ra ekialderantz, baserria dago, lau angeluko oinplanokoa, bi isurkiko estalkia eta hegalak dituena. Harlangaitzez eginda dago, nahiz eta bere altxaeran apareju-aldaerak ere bereizten diren, zurezko bilbadurarekin, eta fatxada nagusiaren eta ipar-ekialdeko altxaeraren goiko solairuetako itxituran adreiluzko plementeria erabili da. Fatxada nagusian, hego-ekialdera begira, egungo baserriak eta lehendik zegoen hormak osatzen dituzten bi bolumenak antzeman daitezke: ezkerraldean zabalkuntza dago, fatxadan hiru leiho dituena; erdiko eta eskuineko zatian baserriaren jatorrizko fatxada jasotzen da, zurezko arkupearekin, zutiko batek bi baotan zatiturikoa. Goiko solairuek adreiluzko itxituradun bilbadura dute, bai eta zurezko balkoi jarraitua ere ganbaran. Fatxadako zutoin nagusia ipar-ekialdeko altxaeraren beheko solairu osoa eratzen duen hormaren gainean ezartzen da; harlangaitzezkoa da, harlanduzko eskantzu eta buztinezko junturekin, eta apur bat ateratzen den zapata batean ezarrita dago, baserriaren lehengo egitura osatzen duena. Bertan, jatorrizko leihoetako bakarra irekitzen da, horma-atalaren iparraldean kokatutakoa. Horma horren gainean zurezko bilbadura ezartzen da atzera eramanda, horma-ataletan adreilu trinkoa duena, eskuinaldean izan ezik; izan ere, adreiluz eta zementuz ixten da bertan. Oso hermetikoa den atzeko fatxadan bi bolumen bereizten dira: baserriarena (nagusia) eta hego-mendebaldera begira egindako handitze-lana, lehenengoaren mendebaldeko jatorrizko izkina antzematen delarik. Hego-mendebaldeko altxaera harlangaitzezko obrako handitzeak osatzen du osorik; beheko solairuan sarrera bat dago, eta lehenengoak zurezko hiru leiho ditu.
Zubiaren eraikuntza-datak jauregia XVI. mende amaieran eraiki ostekoa izan behar du; bere ezaugarri tipologikoak direla eta, XVIII. mendekotzat har liteke. Zertxobait beheratutako arku erdizirkularra duen alea da, zeinaren trazatu dotorea erabilitako aparejuaren kalitate kaxkarraren oso ezberdina den. Arkuaren plementeria lau angeluko lauza sendoekin zapata gisa altxatu ziren zenbait ilaratan dago ezarrita. Gangaren gainerako zatiak, berriz, gorpuzkera txikiko kareharrizko harlangaitzez garatu ziren, bai eta harlauza irregular handiko ahoak ere.
Ugarte dorrea:
Lau solairu ditu guztira, ipar-ekialde eta hego-mendebalderantz begira, eta lau isurkiko estalkia. 12,10 x 9,70 m inguruko dimentsioak ditu. Mendebalde eta ekialdeko altxaeretan, eraikin bina atxikitzen zaizkie: lehenengoa XX. mendearen erdiko hamarkadetan egindako etxebizitza da, interesik gabekoa, eta bigarrena XVI. mendeko eraikina da, interes handikoa. Dorrearen sarbide nagusia, arku zorrotza duena, ekialdeko horman dago kokaturik, lehenengo solairuaren altuerara eta, gaur egun, eraikin erantsiaren barruan dago. Dorrea hareharri eta kareharrizko harlangaitzez eginda dago batez ere, askotariko akaberatakoak, bai eta harri mota bereko harlanduzko obra ere eskantzu eta baoetan. Hainbat bao molde ditu. Multzoaren kanpoko sarrera nagusia eraikin erantsiaren hegoaldeko horman dago; kareharri-harlanduzko arku zorrotza du, harrizko mandio zahar baten hondakinekin bat etor litekeena. Bao berankorrez gain, gezileiho pare bana dago ipar eta mendebaldeko aurpegietan; lehenengo solairuan, ertz alakatuak diten leiho dintelduna dago, puntadun abiaburuekin, baita molduradun erlaitz bat ere hegoaldeko horman; egungo bigarren solairuan, gezileiho bana dago mendebalde, ipar eta ekialdeko hormetan; goiko gelan, berriz, honakoak aurki daitezke: oxkardun leiho biki zorrotza eta leiho sabeldu bat beste altuera batera hegoaldean, leiho konopial bat ekialdean, muturrean konopio txikiak dituen leiho biki zorrotza iparraldean eta, horrez gain, hainbat gezileiho ipar eta ekialdean. Goiko zatian, horma-zulo gisako hainbat hozka bereiz daitezke, aurreko teilatua eutsiko zuten besoen zuloenak izan litezkeenak. Egun, estalkia buru ildaskatudun habeen gainean dago ezarrita, mudejar-erara; halere, horiek ez daude beren jatorrizko kokapenean. Dorrean zein eraikin erantsian, barne-egitura neurri handi batean gorde da.
Eranskinak hiru solairu ditu: beheko biak dorrearen antzeko material eta aparejuekin daude eginda; goiko solairua adreiluzkoa da, eta zurezko bilbadura du, zeinaren larako eta junturak direla eta, XVI. mende amaierakoa edo XVII. mendekoa izango den. Eraikin honen gutxi gorabeherako dimentsioak 15,90 x 9,50 m dira. Sarbide nagusia multzoaren kanpoko sarrera nagusiaren berdina da, nahiz eta lehenengo solairuak beste ate txikiago bat izan, arku zorrotz samarrarekin. Eraikinak XVI. mendeko dolare baten hondakinak gordetzen ditu bere zurezko egituran, egoera onean gainera. Harlandu soileko zenbait leiho daude, baita zurezko markoak dituztenak (batez ere adreiluz egindako zatian) eta tamaina handiagoko modernoagoak ere.
Duela gutxira arte horren aurrean dorreari zegokion jauregi bat ere egon zelako lekukoak daude. Horrez gain, jada desagertutako ermita bat ere egon zen, San Martini eskainitakoa, bai eta dorrearen armarria ere.
Mariaka dorrea:
Eraikin exentua da, hego-ekialdeko muturretik salbu; bertan, eraikin erantsi txikia du. Lau angeluko oinplanoa du (13 x 13 m-koa gutxi gorabehera), ipar-ekialde eta hego-mendebaldeko ardatzaren arabera orientaturik; dorrearen sarbide nagusia hego-mendebaldera begira dago. Bolumen eraikiak hiru isurkiko estalkia, hiru solairu eta hiru hormarte ditu. Fatxadak tamaina txiki zein ertaineko hareharrizko harlangaitzez eginda daude batik bat, gorantz piezen neurria txikituz doazen arren. Eskantzuek fabrika landuagoa dute, tamaina irregularreko harlangaitz eskuairatuzko piezez egina, hareharrizkoak hauek ere. Zokalo bat antzeman daiteke beheko ilaretan. Baoen aparejua askoz landuagoa da, hareharri-harlanduzko piezekin egina. Fatxada nagusiaren (hegoaldean) ate altua balkoi bilakatu da geroago, eta arku nahasian errematatzen da. Arku horrek kiribil itxurako irudiak ditu landuta baoaren inguruan, gurutze batek koroatuta. Eskuinaldean, beheko solairuan, bederatzi dobeladun sarbide zorrotza dago, XV. mendekoa izan litekeen armarria duena giltzarrian. Armarriak bost panel eta San Andresen gurutzea ditu, dorrearen jaunen blasoia, lurraldeko ahaide nagusiak. Mendebaldeko fatxadan, arku konopiala duen bao bat dago. Ekialdeko fatxadan, arku konopiala duen leihate bat dago; kordoi makur batek dekoratzen du, arkuaren harlanduan landutakoa eta Mariakako bost panelek dekoratuta. Horren eskuinetara, arku konopial soilagoa dago. Beso-abiaburu moztuak nabarmentzen dira alboko hormen kanpoaldean, dorrearen goialdeko zurezko egitura zahar batenak, egun desagertutakoa. Barruan jatorrizko egituraren zurezko elementuak gordetzen dira, horman sarturikoak, egungoarekin bat ez datorren egitura-antolamendu batena, lau zutikotan oinarritutakoa (bi eta bi), egitura originalaren hiru hormartetako banaketarekin lerrokatzen direnak. Aurreko eta atzeko hormen jatorrizko egituraren hondakinei esker, suposatu liteke Mariaka dorreak solairu gehiago izango zituela goialdean, zurezkoak ziurrenik, eta bere egitura bi zutikotan oinarrituko zela solairu bakoitzean.
Artomaña dorrea:
Oinplano angeluzuzena du (11 x 10 m inguru), ipar-hegora begira eta lau isurkiko teilatuak koroatua; hiru altuera eta ganbara bateko dorre honek mendebaldean du sarbide nagusia. Eraikina kareharri tuparritsuzko harlangaitzez eginda dago batez ere, bertako substratukoa; izkinak eta baoak, halere, tamaina handiko harlanduzkoak dira, oso ondo eskuairatu eta landutakoak, 45.º-ko okerdurarekin, horiek ere bertako kareharri tuparritsuzkoak. Beheko solairuari dagokionez, sarbide erdizirkular zabala dago aurpegi nagusian eta gezileiho-bikote oso garaiak eskuineko eta atzeko aurpegietan. Lehenengo solairuak sarbide erdizirkular altu edo balkoia eta leihatila zorrotza ditu; horien gainean harburu-ilara bikoitza dago. Ezkerretara bi gezileiho daude, eta beste bat eskuinetara. Bigarren solairuak, bizitoki denak, leiho zorrotz samarra du, egun itxita dagoena; eskuinaldean, leiho biki zorrotza dago, hura ere itxia eta oso eraldatua (hari bikoitza baino ez da geratzen), bai eta zorrotz samarra den beste bat ere estalita; atzealdean, mota bereko beste bi leiho daude, horietako bat itxita dagoelarik, eta eskuinetara, konopio bikoitzekoa izan zitekeen (oso hondatuta dago) leiho bat eta gezileiho bat. Zertxobait berriagoak dira neurri handiagoko baoak, «ex novo» edo aurreko batzuk eraldatuz egin direnak. Bao hauek guztiak XIX. mende erdialdeko edo XX. mende hasierakoak izan litezkeen adreilu trinkoz daude eginda. Mendebaldeko fatxadan hainbat mentsula daude, bi mailatan lerrokaturik eta zurezko egituraren batekin loturik.
Mendebaldean kokatutako etxebizitzan geroko obrek ezkutatzen duten beste dorre bat dago. Micaela Portillaren arabera, zubi edo pasabide batek lotuko zituen eraikin biak.
Kadaltso dorrea:
Dorreak lau angeluko oinplanoa du, 12,3 x 12,1 m-koa, ipar ipar-ekialde eta hego hego-mendebalderantz begira; iparraldeko muturrean eta ekialdeko aurpegian eraikin erantsi txiki bana daude. Beheko solairuko hormak 0,82 m lodi dira. Eraikinak hiru solairu ditu, guztira 6,75 m altu delarik, eta lau isurkiko estalkiak koroatzen du. Hareharrizko eraikuntza da, tratatu edo landu gabeko harlangaitz irregularreko fabrika duena. Eskantzuetan ere hareharria erabili da, kasu honetan tamaina irregularreko eta gutxi landutako harlandua. Hainbat sarbide ditu. Nagusia erdiko giltzarririk gabeko hareharri-harlanduzko arku zorrotz bat da; lehenengo solairuan dago, eranskinaren ekialdean iparralderantz begira, eta harrizko mandio baten bidez heltzen da bertara. Alde berean baina beheko solairuan, bi mentsula txikietan ezarritako ateburudun sarbide bat dago. Lehenengo solairuan, baina dorrearen erdigunearen ekialdean, hirugarren sarbide bat dago, nagusiaren antzeko arku zorrotzarekin. Hegoaldean, lehenengo solairuan ere, balkoirako sarbide bat dago, hareharri eta kareharri tuparritsuzko piezak dituen arku zuzenarekin. Hareharri-harlanduzko baoak gailentzen dira, leihoburu monolitiko eta guzti, bai eta harri bereko harlangaitzezko saieterak ere. Leihoetako batzuk bitxiak dira oso. Esaterako, bada iparraldean egun estalita dagoen arku zorrotz monolitikoa duen leiho bat; eranskinaren mendebaldean, berriz, mentsuletan ezarritako leihoburua duen beste bat dago, sarbideetako baten antzekoa. Itxura berriagoa duten leihoak hegoaldean daude, lehenengo solairuan, balkoiaren sarbideari lotuta eta kareharri tuparritsuzko harlandu soilez antzera egina. Zurezko hegal bat dago iparraldeko eranskinean, defentsarako kadalsotzat hartu dena. Barrualdean, zurezko bi armazoi daude, eraikinaren egiturari eustea helburu dutenak; hala ere, une ezberdinetan burutu ziren: zurezko egitura zaharragoak (beharbada dorrearen jatorrizkoa) eraikuntzaren beheko solairuetarako balio du eta berriago batek, aurrekoaren gainean ezarritakoak, eraikinaren estalki nagusiari eusteko balio du. Egituraren elementurik zaharrenak dorrearen goialdeko zurezko egitura zahar baten euskarri izan omen dira, egun desagertua. Egituraren egungo antolaketa bederatzi zutikotan oinarritzen da, erdiko bat eta beste zortzi horren inguruan, erretikula bat eratuz. Egitura zaharraren hondakinek jatorrizko egitura zutiko bakarrean oinarritzen zela adierazten dute. Baliteke, hortaz, Kadaltso dorrearen goialdean solairu gehiago egotea, zurezkoak, ziurrenik. Ekialdean, oinplano angeluzuzena, bi solairu, ganbara bat eta isurki bakarreko teilatua dituen eranskin txiki bat dago. Hareharri-harlangaitzez dago egina, eskantzuetako piezak handiagoak direlarik. Lehenengo solairuan eta ganbaran zurezko bilbadura duen adreiluzko obra da nagusi.
Zudubiarte dorrea:
Dorreak eta eraikin erantsi batek osaturiko multzoa. Dorreak oinplano angeluzuzena du (10,54 x 10,05 m) eta, multzoa bera bezala, ipar ipar-mendebalde eta hego hego-ekialderantz begira dago. Beheko solairua eta ganbara kontuan izanda, dorreak hiru solairu ditu, lau isurkiko estalkiarekin. Harrizko fabrikaren gehienezko altuera 5,63 m-koa da eta oinarriaren hormak 0,72 m lodi dira. Eraikuntza hareharriz egina dago osorik. Paramentuak harlangaitz irregularrekoak dira, inongo tratamendu edo lantzerik gabeak; hala eta guztiz ere, gertuko ibai-eremuetako pieza leunak dira. Eskantzuak material bereko harlanduz eginik daude, non 45.º-ko angeluko lanketa antzematen den. Harlandu horiek bereziki mehe eta luzeak dira, beharbada erauzketa-frontearen ezaugarriak direla eta. Harlanduzko piezarik landuenak baoetan daude. Sarbide-baoa ekialdean dago. Dimentsio handiko dobelez eginiko arku erdizirkular batek errematatutako atea da. Horma-atal horretan bertan, lehenengo solairuan, eskulturazko dekorazio nabarmena duten bi leiho daude. Eskuinaldean dagoenak molduradun arku konopial monolitikoa du, barlasaian lore-itxurako dekorazioa eta erlaitz txiki baten babesa dituena, pomak eta guzti. Ezkerraldekoak ere arku monolitikoa du, beheratua eta ornamenturik gabea. Iparraldeko horma-atalean, lehenengo solairuan, hareharrizko pieza bakarra duen leihoburu batek errematatutako balkoi-leiho bat dago, egun sastraken atzean ezkutaturik dagoen hegoaldeko sarbidearen oso antzekoa. Gainerako leihoak harlandu soilekoak dira edo harlangaitzean daude irekita zuzenean. Beheko solairuan saietera batzuk ere nabarmentzen dira. Zeharo ezberdinak diren zurezko bi egitura bereizten dira: bata zaharragoa, dorrearen jatorrizkoa, harrizko fabrikan sarturiko zutiko eta habe nagusiz osatutakoa, egun desagertutako zutabe nagusi bati egokituko litzaiokeena eta dorrearen barruko bolumena bitan zatituko lukeena, hormarte biren bidez; bestea, modernoagoa, oraingoa, espazioa hiru bider hiru hormarteko sarean banatzen duten lau zutikotan artikulatua, erdialdean kokaturikoak. Aipatutako zurezko zutabeei eusteko hainbat harroin mota gailentzen dira, bai eta beso-abiaburu moztuak ere hormen kanpoaldean, dorrearen goialdeko zurezko egitura zahar batenak, egun desagertutakoa. Eraikin erantsiak dimentsio txikiagoak eta fabrika xumeagoa ditu, nahiz eta, funtsean, dorrearen ildo berak jarraitu. Argi eta garbi ikus daiteke dorrearen ondorengoa dela.
OTSAILAREN 13KO 19/2018 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketaren deskribapena.
Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzoaren mugaketa lurraldearen antolaketa- eta kontrol-sistema batean oinarritzen da, Behe Erdi Aroko eraikin banderizez geroztik ezarritakoa, natura-eremu oso zehatz eta bereizgarrian: Arabako Kantauri aldeko ibarretakoa. Bertan, alde batetik, paisaian gailentzen den gela bat antzeman daiteke, hots, dorrea, normalean bide, ibai zein hegaletatik gertu dagoena, pertsonen eta merkantzien mugimendua menderatzeko; eta, bestetik, eraikitako sistema osatzen duten eraikuntza gehigarriak.
Amurrio, Aiara, Laudio eta Okondoko monumentu-multzoaren babespeko bederatzi dorreei dagozkien babes-eremuek osatzen dute mugaketa. Helburu horietarako, dorre bakoitzaren babes-eremutzat hartzen da ondare-balioen multzoa gordetzeko beharrezkoa den alboko espazioa, bai eta horri loturiko eraikin nagusi eta osagarriak, jauregiak, dolareak, zubiak eta ustiapen-ingurunea ere.
Jarraian plano erantsietan zehaztu eta irudikatutako babes-eremu horiek deskribatzen dira:
Negorta edo «El Valle» dorrea:
Babes-eremuak otsailaren 2ko 66/1999 Dekretuaren I. eranskinaren mugaketarekin dator bat; horren bidez, Zuhatza-Aiarako (Araba) Negorta dorrea Kultura Ondaretzat kalifikatzen da, monumentu kategoriarekin.
Mugaketa bere kokapen fisikoaren baldintza berezietan oinarritzen da, ingurunean bere bolumetria itzela gailentzen delarik, bai eta Negortako hegalarekin duen interrelazioan ere pertzepzio-mailan, lekuko baldintza topografikoek ezarritakoa. Dorre izateari datxekion eraikin isolatuaren izaera mantentzeko aukera aztertu da, bertan eraikuntzak jasotzeko dinamika-ezak dakartzan egoera mesedegarriak kontuan izanik. Hautaturiko perimetroak, eraikina bera eta hurbileko Okondotik Zuhatzarako errepidea erreferentziatzat hartzen duenak, agerian uzten du zein era desberdinetan erlazionatzen den hegala bolumen eraikiarekin. Errepideko igarobidea eraikina ikusteko modu nagusitzat jotzea hartu da abiapuntu, eta zonan altimetria-kota garaiena duen eremu-erreserba zabal bat ezarri da; horrek kalifikatuko den objektua estal dezaketen eraikinak kontrolatzea bermatzen du. Dorrearen kokalekua baino kota apalagoetan, aldiz, errespetu lur-zerrenda bat jartzea erabaki da, eraikin berrien ezarpen posiblea apur bat urrunduz, multzoa osorik ikusteko baldintzak ziurtatzen direlarik. Topografia edo jabetasun aldetiko adierazle garbien gabezia gainditzeko, perimetroaren zehaztapena erreferentzia geometriko baten bitartez gauzatu da.
Zubiete dorrea:
Babes-eremuak lurzati osoa hartzen du, iparraldean eta mendebaldean alboko lurzatiekin mugatuz, ekialdean Ibalzibar ibaiaren ibilguarekin eta hegoaldean sarbide-bidearekin (biak ala biak daude mugaketatik at). Hegoaldeko mugan ibaiaren gaineko zubia hartzen da barnean.
Murga dorrea:
Babes-eremua, erdigunean dorrea duela, 100 m-ko inguruan zabaltzen da Izoria ibaiaren ekialdeko ertzean, oztoporik gabeko eremu lau batean. Ibaiaren ipar eta mendebaldeko ertzeetan (hostoz beteriko bide batetik sartzen da bertara), babes-eremua 50 m-ko inguruan murrizten da iparralderantz, mendebaldetik baserriaren lurzatiaren mugekin lerrokatuz. Zati horretako ibaiaren ibilgua eta horren gaineko zubia hartzen dira barnean.
Ugarte dorrea:
Babes-eremuak ondorengo mugak ditu: Ugarte kalea (mugaketaren barne) iparraldean, alboko eraikinen fatxaden lerroa eta lurzatiaren muga mendebalde eta ekialdean, eta dorrearen atzeko fatxada 35 m-ko distantziara hegoaldean.
Mariaka dorrea:
Babes-eremua ekialde, iparralde eta mendebalderantz hedatzen da 35 m-ko inguruan; hegoaldeko muga lurzatiaren aurrealdearekin lerrokatzen da, sarbiderako bidean (mugaketaren barne).
Artomaña dorrea:
Babes-eremua hegoalderantz zabaltzen da 25 m-ko inguruan; bertatik sortzen dira dorrearen gaineko perspektibarik irekienak. Mendebaldean, lurzatiaren mugarekin lerrokatzen da, eta ipar eta ekialdean, bidea eta alboko espazio libreak hartzen ditu.
Kadaltso dorrea:
Hegoalde eta ekialdetik, Izalde ibaiak (mugaketatik at) mugatzen du babes-eremua; gainerako orientazioei dagokienez, lurzatien mugek zedarritzen dute eremua, bereak zein albokoak, gutxienez 65 m-ko ingurua bermatuz.
Zudubiarte dorrea:
Babes-eremua, hegoaldean, dorrearen atzeko fatxadatik 15 m-ko distantziara dagoen lerro batek mugatzen du, pabiloiaren fatxadaren planora doitutakoa; mendebaldean, industria-lurzatiaren mugak; ekialdean, Izalde ibaiaren ibilguak (mugaketatik at) eta iparraldean, bide batek (mugaketaren barne) ibaiaren gaineko zubira iritsi arte.
Mugaketaren justifikazioa.
Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzoaren kultura-unitatea ez da dorrea funtsezko unitate duten defentsarako eremu funtzionalak ondoan jarriz osatzen; aitzitik, lotu dituzten ibilbideetan zehar haien artean ezarritako harremanak ere barne hartzen dira, multzoaren natura-eremuan gertatu ziren horiek, bai eta kultura materiala eta bereizten duen paisaiaren nagusitasuna ere.
Beren espezifikotasuna ez datza eraikinen berezko forman, jauntxoek menderatutako beste zona batzuen berdina zenekoan, baizik eta elementu ugariko orografian, ibaien ibilguen oparotasunean eta beren ibarren isolamenduan; horien guztien ondorioz, dorreak ibaien ibilgua jarraitzen duten bideetan gailenduz kokatu ziren, betiere hiriguneetatik aldenduta baina horien artetik nahitaez igaro beharreko kokalekuetan. Hala gertatzen da ibaien ondoko dorreen kasuan, esaterako Murga, Ugarte, Zudubiarte edo Zubieteko dorreetan, bai eta bideen alboetan eraikitakoen kasuan ere, hala nola Artomaña edo Negortakoan. Are gehiago, beren izenak kokapen-nahi horrekin bat datoz, «zubi» toponimoak edo «ur» aurrizkiak erakusten duten legez.
Monumentu-multzoaren mugaketa bere egitura-, eraikuntza-, espazio-, funtzio-, konposizio-, forma- eta historia-balioak babesteko beharraren ondoriozkoa da, baita dorreak etxebizitza eta defentsa-sistema gisa elkarri lotzea ere, eraikinez, beren ustiapen-inguruneaz (orduan bizitzeko gelak) eta Arabako Kantauri aldeko ibarretako landa-eremua zeharkatzen duten bideak kontrolatzeko inguruneaz osatutakoa. Eraikin nagusiaren zubi bereizi baina erantsiak baliabide ekonomikoen iturri ziren eta horrexegatik hartu ziren barne; izan ere, zubisariak edo hamarrenak kobra zitzakeen dorrearen jaunak.
Dorreen berezko ezaugarriak behar bezala nabarmentze aldera, bai eta beren ingurumen-, geografia- eta paisaia-balioak ere, eta bakoitzaren egoerak kontuan hartuta, ondorengo irizpideak zehaztu dira mugaketa burutzeko:
– Kokapen fisikoaren jatorrizko baldintzak mantentzen dituzten elementuak: dorrea bere ingurunean nagusi dela bermatu nahi da, hegal, gain, lautada edo ibai baten ondoan badago nahiz bide batean nagusi bada ere.
– Bere ingurunean hirigune txikiak ezartzeak baldintzaturiko elementuak, nolabait eraikin isolatu hauen eta lurraldearen arteko harremana indargabetzen dutenak: dorreen perspektiba nagusiak gorde nahi dira.
Edonola ere, ondasunaren babes-maila zenbat eta handiagoa, orduan eta handiagoa izango da babes-eremuaren irismena. Horiek zehaztearren, erreferente topografikoak, katastralak edo kartografikoak erabili dira gehienbat eta, horiek ezean, irudi geometrikoak edota dorrearekiko nahikoa distantziara dauden lerro itxiak.
PLANOak (0-8)
OTSAILAREN 13KO 19/2018 DEKRETUAREN IV. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDEAREN IZAERA
1. artikulua.– Helburua.
Amurrio, Aiara, Laudio eta Okondoko udalerrietan diren Arabako eskualde kantabriarreko dorreak, monumentu-multzoaren kategoria emanda, kultura-ondasuntzat deklaratzeko kalifikazioaren parte da babes-araubide hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua betetzeko, hor egin daitezkeen, egin behar diren eta debekatuta dauden jarduerak zehazten baititu. Kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunak babestu behar dira, bai eta hirigintzarako plangintza-tresnak bere hitzarmenetara moldatu ere.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Babes-araubide honen zehaztapenak aplikatu beharrekoak izango dira Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzo kalifikatuaren barruko ondasun, elementu eta gune guztietan, II. eranskinean zehazturikoak.
2.– Negorta edo «El Valle» dorreari otsailaren 2ko 66/1999 Dekretuan xedatutako babes-araubide berezia aplikatuko zaio, zeinaren bidez Monumentu kategoriarekin Kultura Ondasuntzat kalifikatzen den, eta araubide hau osagarria izango da.
3.– Aurretik ustezko eremu arkeologikoaren deklarazioa duten Monumentu Multzoaren mugaketaren barruan dauden eremuek artikulu hauetan zehaztutako babes-erregimena bete beharko dute: Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 49. artikulua eta 234/1996 Dekretuaren (urriaren 8koa, balizko arkeologia guneak finkatzeko araudia ezartzen duena) 7. artikulua eta berarekin bat datozenak.
Eremu guzti horietan ustezko arkeologia eremuen araubidea bete behar duten azalerari dagokionez, orain indarrean dagoena zabaldu egiten da; modu horretan, eraikinen hormez barruko espazioaz gain, horien inguruan 15 metro gehiago sarten dira, kanpoen dauden ertzetatik kontatzen hasita (B motakoa).
3. artikulua.– Babespekoaren definizioa.
1.– Kultura-unitatea osatzen duten ondasun higigarri zein higiezinen multzo guztiak jotzen dira monumentu-multzotzat, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 2.2.b) artikuluan emandako definizioaren arabera.
2.– Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzoaren ondasun babestutzat ondorengo hauek hartuko dira: I. eranskineko zerrendan agertzen diren higiezinak eta babes-araubide honen III. kapituluan berariaz deskribatutako babespeko elementuak eta guneak.
3.– Ondasun higiezintzat jotzen dira, Kode Zibilaren 334. artikuluan zehaztutakoez gain, eraikinen zati banaezin direnak eta horien nahiz horien inguruaren zati direnak edota izan direnak, nahiz eta, bereiziz gero, beste eraikin batzuei zein berezko erabilera ez beste bati erraz aplika daitezkeen eraikin oso bat osatu, beren osagaiak gorabehera eta horiek bereizteak atxikitako higiezinaren balioei kalte nabarmenik eragiten ez badie ere.
II. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE OROKORRA
4. artikulua.– Aplikatu beharreko araubide orokorra.
1.– Babes-araubide honek babesten dituen ondasun guztiak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoaren menpe egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoetarako.
2.– Babes-araubide honen babespeko ondasunen jabeek, edukitzaileek eta beren gainean benetako eskubiderik duten gainerako titularrek nahitaez bete beharko dituzte Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak egozten dizkien betebeharrak, hau da, kontserbatzea, zaintzea eta babestea.
3.– Ezin izango dira, zati batean edo osorik, monumentu-multzoaren babespeko ondasunak eraitsi, aldez aurretik aurri-egoera adierazi ez bada eta kasuan kasuko Foru Aldundiaren berariazko baimenik gabe, ondorengoekin bat etorriz: Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 36. artikuluarekin eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuarekin, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoarekin.
4.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunetan eta haren babes-eremuan esku-hartzerik egin behar bada edo bertako erabilera edo jarduna aldatu behar bada, Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren baimena beharko da, udal-lizentziarik eman aurretik, lurralde- eta hiri-antolamenduko planetan edo babes-plangintza berezietan aurreikusitako jarduteetan izan ezik, baldin eta Eusko Jaurlaritzako kultura-organo eskudunaren aldeko txostena badute.
5.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunei aplika dakiekeen hirigintza-plangintzak babes-araubide honen zehaztapenak bete beharko ditu eta Eusko Jaurlaritzaren kultura-organo eskudunaren aldeko txostena izan beharko du. Babes-araubide hau garatzen duten hirigintza-tresnak onartzen ez diren bitartean, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 28.2. artikulua bete beharko da nahitaez, hor mugatzen baita zer-nolako jarduerak egin daitezkeen monumentu-multzoa osatzen duten ondasunetan.
5. artikulua.– Babespekoaren sailkapena.
1.– Arabako eskualde kantabriarreko dorreen monumentu-multzoaren babespeko ondasunak ondorengo babes-mailetan daude sailkatuta:
– Babes berezia.
– Erdi-mailako babesa.
2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, berebiziko garrantzizko elementutzat hartuko dira babes bereziaren mailan sartutako higiezin, elementu eta gune guztiak.
3.– Babesik gabeko ondasuntzat hartuko dira, monumentu-multzoaren mugen barruan egon arren, I. eranskineko zerrendan ez dauden eta III. kapituluan babespeko gisa deskribatu ez diren ondasunak.
III. KAPITULUA
BABES-MAILAK
1. ATALA
DEFINIZIOA ETA ESKU-HARTZE OROKORRAK
6. artikulua.– Babes berezia.
1.– Babes berezia izango dute higiezinek eta elementuek, baldin eta izaera berezia eta aparteko egitura-, eraikuntza-, espazio-, funtzio-, konposizio-, forma- eta historia-balioak badituzte eta, beren kontserbazio-egoerak jatorrizko ezaugarriak berreskuratzea ahalbidetzen duela aintzat hartuz, osorik kontserbatzea merezi badute, eraikuntza-unitatea eta horren zati guztiak babestu beharko direlarik. Ildo horretan, ezinbestekoa da fabriketan gordetako informazio historikoa ez galtzea.
2.– Maila honetan barne hartzen dira dorre banderizen oinarrizko ereduarekin bat datorren konfigurazioa duten aleak, beren fabriketan denbora igaro izanaren aztarnak dituztenak, bai eta dorrearen eraikuntza- eta bilakaera-prozesuaren informazio historikoa mantentzeaz gain, formari zein tipologiari dagokionez bereziki garrantzitsuak diren edota elementu adierazgarriak kontserbatzen dituzten horiek ere.
3.– Babes bereziko babesa duten ondasunek goi-mailako babesa dute, eta horiek zaharberritzeko egiten diren jarduteen helburua beti izango da haiek berak kontserbatzea eta beren balioa nabarmentzea; edonola ere, tipologia-, morfologia- eta egitura-elementuak errespetatu beharko dira beti.
4.– Babes berezia dute Negorta dorreak, Zubiete dorreak eta Murga dorreak Aiarako udalerrian eta Ugarte dorreak Laudioko udalerrian.
7. artikulua.– Erdi-mailako babesa.
1.– Babes ertaina izango dute higiezinek eta elementuek, nahiz eta aparteko baliorik ez izan, baldin eta eraikuntza-ondarearen alderdi interesgarriak badira beren egituraren berezitasuna, eraikuntza-soluzioak, beren funtzioa edo espazioaren antolaketa mantentzea, beren konposaketa zaindua edo formari eta historiari loturiko bestelako alderdiak direla eta.
2.– Maila honetan barne hartzen dira, duela gutxi aldaketak jasan arren, beren fatxaden eraikuntza zaharraren nahiz barruko egituraren zati handia gordetzen duten eraikinak. Eraikinean egindako eraberritze-lanekin ezin izango dute fabriketan gordetako informazio historikoa desagerrarazi, bere irakurgarritasunaren arabera neurtzen dena.
3.– Erdi-mailako babespean dauden ondasunetan egindako zaharberritze-jarduteen helburua beti izango da haiek berak kontserbatzea eta beren balioa nabarmentzea; erabilera eta ohitura berrietara moldatzeko aldaketa txikiak egin daitezke, betiere beren funtsezko tipologia-, morfologia- eta egitura-elementuak errespetatuz. Era berean, jarduteok akaberako elementuak konpontzea, berritzea eta ordeztea, bizigarritasunerako gutxieneko egoera iraunaraztea edo lortzea, eta eraikuntzaren egonkortasuna hobetzea dute helburu.
4.– Erdi-mailako babesa dute Mariaka dorreak eta Artomaña dorreak Amurrioko udalerrian, Kadaltso dorreak Aiarako udalerrian eta Zudubiarte dorreak Okondoko udalerrian.
5.– Erdi-mailako babesa duten ondasunek berariazko egitura-, eraikuntza-, espazio-, funtzio-, konposizio-, forma- edota historia-balioak izan ditzakete:
a) Egitura-balioa dute Mariaka, Artomaña, Kadaltso eta Zudubiarte dorreek.
b) Eraikuntza-balioa dute Mariaka, Artomaña, Kadaltso eta Zudubiarte dorreek.
c) Espazio- eta funtzio-balioa dute Artomaña eta Kadaltso dorreek.
d) Konposizio- eta forma-balioa dute Artomaña eta Kadaltso dorreek.
e) Historia-balioa dute Mariaka, Artomaña, Kadaltso eta Zudubiarte dorreek.
8. artikulua.– Babesik gabea.
1.– Babesik gabeko ondasuntzat hartuko dira, monumentu-multzoaren mugen barruan egon arren, babespeko izateko egitura-, eraikuntza-, espazio-, funtzio-, konposizio-, forma- edo historia-balio nahikoak ez dituzten ondasunak.
2.– Babes-araubide honetako gainerako artikuluetan kontrakoa adierazi ezean, babesik gabeko ondasunak ez dira zertan babestu, eta eraitsi ahal izango dira baldin eta horiek deuseztatzeak babestutako elementuei inongo kalterik eragiten ez badie. Halaber, edozein esku-hartze onartu ahal izango da, bai eta eraberritze-lanak edo ordezkapenak ere.
2. ATALA
BABESPEKOAK
9. artikulua.– Babespeko elementuak.
1.– Babes bereziko dorreen kasuan, babespeko izango dira jarraian zerrendaturiko eraikuntza-elementu eta guneak, beren babes-eremuaren barruan kokatutakoak.
2.– Erdi-mailako babesa duten dorreei dagokienez, babespeko elementu eta gune izango dira dorreek dituzten egitura-, eraikuntza-, espazio-, funtzio-, konposizio-, forma- eta historia-balioetako bakoitzerako zerrendaturikoak, I. eranskineko zerrendaren arabera.
3.– Dorreak egitura-balioa badu, hurrengo elementuak babestuko dira:
a) Zurezko sostengu-egitura.
– Portikoak (habeak, gatzariak, zolatak karrerak eta zutikoak beren zapatekin).
– Ateburu eta leihoburuak, sopandak eta karga-habeak.
– Forjatuak (solibak, gapirioak eta brotxalak).
– Bilbadura bertikalak.
– Elementu zurrungarri bereziak, hala nola besoak, txarrantxak, San Andres gurutzeak eta kakoak.
b) Sostengatu edo txarrantxatzeko balio duten hormen plementeria gogorra eta bilbadura-trenkadak:
– Harlangaitz-horma arrunta, landutako harrizko eskantzuekin (ziklopeoa, silarrixka edo harlandua).
– Ziklopeoa, silarrixka edo harlandua.
– Teileriazko adreilua, zurezko bilbadurarekin edo gabe.
– Bilbadura-plementeria, arrain-hezur edo izar formako apareju apaingarrietan kokaturiko teileriazko adreiluz egina.
– Harri, adreilu trinko nahiz industrializatu gabeko adreilu zulatuzko horma gogorrak.
c) Harrizko zimendu tradizionalak.
d) Elementu bereziak:
– Harri landuz, adreilu trinkoz zein adreilu zulatuz eginiko kolomak, mentsulak eta harroin apainduak.
– Arku, ateburu eta leihoburu dobelatu edo monolitikoak, dekoratuak, molduratuak; adreilu edo harrizkoak. Batez ere, arku erdizirkularrak, zorrotzak, bikiak, konopialak, karpanelak, beheratuak, nahasiak, zuzenak eta saieterak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko kontrahormak eta pilastrak.
4.– Dorreak eraikuntza-balioa badu, hurrengo elementuak babestuko dira:
a) Zurezko egitura.
– Mihiztadurak: aho-zirikakoa, zuzena eta zeiharra; ziri bakun edo bikoitzekoa, pieza osagarriarekin edo gabe; sardeduna nahiz hiruki-formako ziriduna; puntzoi-pare eta puntzoi-besoak; hozkatua, miru-buztan osokoa zein zur erdikoa; forjatze-burdineria edo zurezko larakoekin.
– Loturak: giltza-lotura, alakatua, zur erdikoa miru-buztanarekin, forjatze-burdinkiekin edo zurezko larakoekin.
– Akoplamenduak: brida eta giltzekoa nahiz horzduna, forjatze-burdineriarekin.
– Elementu zurrungarri bereziak, hala nola besoak, txarrantxak, San Andres gurutzeak edo kakoak.
– Bilbadura bertikalak.
– Habe-dolareetarako egiturak eta osoko zutikoak, gutxienez bi pisuko altueran, pieza bakarrekoak.
– Tailuz dekoratutako, zeioz landutako edo aizkorarekin eskuz eratutako zurezko piezak.
– Lau isurkiko zurezko egiturak, izkinako kako diagonalekin, edo zolata gainjarri eta beso handiak dituzten hegal-sistemak, hegada handietarako.
b) Hormen plementeria gogorra eta bilbadura-trenkadak, teileriazko adreiluz, zurezko harrotuz edo zuntzen txirikordatuz gehi mortero edo buztinez eginak.
c) Ondorengo materialez egindako horma-atalak:
– Harlangaitz-horma arrunta, landutako harrizko eskantzuekin (ziklopeoa, silarrixka edo harlandua).
– Ziklopeoa, silarrixka edo harlandua.
– Mutxarda, punta-zizel edo gradinaz egindako lanketak.
– Teileriazko adreilua, zurezko bilbadurekin edo gabe.
d) Harrizko zimendu tradizionalak: lauzak, harlauzak, harlangaitzak, silarrixkak edo harlanduak.
e) Elementu bereziak:
– Harri landuz, adreilu trinkoz zein adreilu zulatuz eginiko kolomak, mentsulak eta harroin apainduak.
– Arku, ateburu eta leihoburu dobelatu edo monolitikoak, dekoratuak, molduratuak; adreilu edo harrizkoak. Batez ere, arku erdizirkularrak, zorrotzak, bikiak, konopialak, karpanelak, beheratuak, nahasiak, zuzenak eta saieterak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko kontrahormak eta pilastrak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko inpostak, erlaitzak, bao-azpatuak, bankada eta mahai finkoak, dekoratu eta molduratuak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko armarri, garitoi, nitxo, eskultura, inskripzio eta behe-erliebeak.
5.– Dorreak espazio- eta funtzio-balioa badu, hurrengo elementuak babestuko dira:
a) Kanpoko harresi-gunea edo arma-patioa.
b) Mandioaren edo harrizko eskaileraren gunea.
c) Biltegiratu eta gordetzeko gunea edo ukuilua, beheko solairuan.
d) Bizitzeko gunea egongela, sukaldea eta logelarekin, lehenengo solairuan.
e) Antzezpen-gunea eta harrera-aretoa, bigarren solairuan.
f) Defentsa eta kadalsorako gunea, hirugarren eta ondorengo solairuetan.
g) Ekoizpen-egituraren bestelako guneak:
– Labea.
– Dolarea.
– Upategia.
h) Zubiaren gunea.
i) Jauregiaren gunea.
6.– Dorreak konposizio- eta forma-balioa badu, hurrengo elementuak babestuko dira:
a) Dorrearen eraikin nagusiaren inguruko bolumena, lauzen, inposten, hegalen eta gailur-estalkien altuera eta baoen kokapena eta dimentsioa.
b) Babes-eremuaren barruan gordetzen den bolumen eraikia ikusten den ikuspegi zein ikuseremuak.
c) Tailuekin dekoratutako zurezko elementuak:
– Hornidura-gaietako tailuak edo alakak, moldurak zein ildaska estetikoak dituzten zapatak, harroinak, mihiztadurak, loturak eta akoplamenduak.
– Zurezko egituraren elementu bertikal edo horizontalak, baita bilbadurak, tailuak edo dekoratuak ere.
– Elementu zurrungarri bereziak, hala nola besoak, txarrantxak, San Andres gurutzeak edo kakoak, tailu eta pinturekin.
– Zur trinkozko arotz-lan tradizionala ate, atetzar eta leihoetan; zurezko baranda, barlasai eta burdin hesi geometrikoak eta eskubanda torneatuak, taxutuak edo zizelkatuak.
d) Forjatze-burdineria tradizionala edota dekoratua balkoi, barlasai, baranda, burdin hesi eta leihoetako nabarretan.
e) Mutxarda, punta-zizel edo gradinaz egindako lanketak.
f) Bilbadura-plementeria, arrain-hezur edo izar formako apareju apaingarrietan kokaturiko teileriazko adreiluz egina.
g) Elementu bereziak:
– Harri landuz, adreilu trinkoz zein adreilu zulatuz eginiko kolomak, mentsulak eta harroin apainduak.
– Arku, ateburu eta leihoburu dobelatu edo monolitikoak, dekoratuak, molduratuak; adreilu edo harrizkoak. Batez ere, arku erdizirkularrak, zorrotzak, bikiak, konopialak, karpanelak, beheratuak, nahasiak, zuzenak eta saieterak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko kontrahormak eta pilastrak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko inpostak, erlaitzak, bao-azpatuak, bankada eta mahai finkoak, dekoratu eta molduratuak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko armarri, garitoi, nitxo, eskultura, inskripzio eta behe-erliebeak.
h) Horma-irudi apaingarri, fresko, estukatu edo esgrafiatu, plakazko estaldura eta industriaurreko artisau-zeramikekin edertutako horma-atalak.
7.– Dorreak historia-balioa badu, hurrengo elementuak babestuko dira:
a) XX. mendekoak baino aurrekotzat jo litezkeen eraikinak, hala nola horma-atalak, plementeriak, zurezko egiturazko piezak, arotz-lan, errementari-lan, dekorazio edota estaldurak; antza denez, egungoaren ezberdina den industriaurreko kultura material baten adierazpenak dira, eta egun erabiltzeari utzi diren ekoizpen- nahiz irudikapen-beharrak bete ohi dituzte.
b) 1950 baino lehenagoko industria-izaera duten ondasunak, eraikinen fabrikari estuki lotuak, desmuntatu gabe kendu ezin direnak eta egungo teknikekin errepikatu ezin direnak: industria-aurreko nahiz industria-garaiko ekoizpen-egitura higiezinak, esaterako askak, tornu-prentsak eta habe-dolareak, egur-sukaldeak, labeak, tximiniak eta ohiko erauzgailuak.
c) Elementu bereziak:
– Harri landuz, adreilu trinkoz zein adreilu zulatuz eginiko kolomak, mentsulak eta harroin apainduak.
– Arku, ateburu eta leihoburu dobelatu edo monolitikoak, dekoratuak, molduratuak; adreilu edo harrizkoak. Batez ere, arku erdizirkularrak, zorrotzak, bikiak, konopialak, karpanelak, beheratuak, nahasiak, zuzenak eta saieterak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko kontrahormak eta pilastrak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko inpostak, erlaitzak, bao-azpatuak, bankada eta mahai finkoak, dekoratu eta molduratuak.
– Harri landu, adreilu trinko zein adreilu zulatuzko armarri, garitoi, nitxo, eskultura, inskripzio eta behe-erliebeak.
IV. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE XEHATUA
1. ATALA
PRESKRIPZIO OROKORRAK
10. artikulua.– Onartutako eta debekatutako jarduteak.
1.– Eraikin horietan gauzatuko diren erabilerek eraikinen kontserbazioa bermatu beharko dute, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. Tituluaren zehaztapenak urratu gabe.
2.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunei eragiten dien esku-hartze orotan, ezin izango dira beren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak aldatu. Salbuespenez, eraikuntza segurtasun-, irisgarritasun- edota osasungarritasun-arloko sektore-araudietara moldatu behar izanez gero, eranskinak onartu ahal izango dira, betiere babes-araubide honetan ezarritako mugekin bat eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren irizpideen arabera. Koherentziari eutsi beharko diete eraikinaren alderdi guztiei, konposizioan eta ikusmiran bat egin beharko dute harekin, bere balioak babestu beharko dituzte, eta ez dute kontenplazioa eragotzi, oztopatu edo itxuraldatu beharko, ezta kaltetu edo aldatu ere egituraren egonkortasuna eta osotasuna.
3.– Aurreko puntuan adierazitako eranskinen salbuespenezko kasua izanez gero, arreta handiz zainduko da nola tratatu obra berriaren eta lehengoaren arteko ukipen-azalera; izan ere, ekarritakoari eragiteak ez dio inola ere hondamenik eragin behar lehengoari. Hori dela eta, ez da haren barruan sartu behar, ez da mugitu ezin den estalkirik jarri behar, ez da egikera babestuetan zulorik egin behar, xaflaz banatu behar dira obra zaharra eta egungo morteroak, eta sistema arin, industrializatu eta desmuntagarriak erabili behar dira hor dagoena ukitu behar duten bolumenak eraikitzeko.
4.– Ezin izango dira III. kapituluan zehazturiko babespeko elementuak desmuntatu, salbuespenezko kasu hauetan izan ezik: aurria, kolapsoa, usteltzea edo kalte itzulezina, baldin eta egoera horretan egitura, eraikuntza-soluzio edo espazio funtzional gisa funtzionatu ezin badu eta, edonola ere, kultur ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko berariazko arauetan xedatutakoaren arabera. Kasu horietan, kaltetutako elementurik ordeztu behar bada, ezaugarri bereko besteren bat jarriko da, kontuan hartuta materiala, portaera, forma eta akabera; eta testigantza fisiko eta dokumental zehatza utzi beharko da, hau da, planoak, argazkiak edo deskribapenak, baldin eta esku-hartzerako beharrezkoak izango balira.
5.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasun orotan, debekatuta dago barrualdea hustea eta fatxada bakarrik kontserbatzea, asmo estetiko edo «façadism» hutsez; eraikinei ezin izango zaie zatirik ere kendu irizpide estetiko hutsen ondorioz edo eranskin itsusgarritzat hartuta. Fabrika tradizionaletako aurri, kolapso edo benetako kalteen ondorioz, barnealdeko egitura guztiz desmuntatu behar bada, aurreko puntuan xedatutakoaren arabera egingo da.
6.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunak, bai eta babespeko elementu eta gune guztiak ere, ezin dira beren kokalekutik banandu; hortaz, lekualdaketa ez da zaharberritze-egintzatzat hartuko.
7.– Debekatuta dago eguzki-kolektorerik jartzea monumentu-multzoaren babespeko ondasunen teilatuetan edo fatxadetan; beraz, kasuan kasu, konponbide berritzaileak ezarri beharko dira energia-eraginkortasunaren eskakizunak eta eraikuntzaren egokitzapen-maila posibleak ahalik eta ondoena uztartzeko, betiere ondasunaren ondare-balioari eutsita.
2. ATALA
BABES BEREZIA
11. artikulua.– Babes bereziko ondasunetan onartutako jarduteak.
1.– Babes bereziko higiezinetan egiten diren esku-hartze guztiek guztiz itzulgarriak izan behar dute. Itzulgarritzat hartuko dira eraikitako ondare-elementu baten gaineko esku-hartzeak baldin eta iraganean eraikitako testigantzen materialtasunari buruzko funtsezko informaziorik hondatu edo betiko galera eragiten ez badute; atzera egin ahal izateko, geroago deszaharberritu edo ekarpenak desmuntatu nahi izanez gero. Hori dela eta, eraikia eta suntsitua egokiro dokumentatuta egotearen araberakoa izango da itzulgarritasun hori, ahalbidetu behar baitu berreraikitze material zehatza (fisikoa) edo birtuala (planimetriak, infografiak).
2.– Babes bereziko ondasunen gain onartutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, egitura, itxiturak eta banaketak, isolamenduak eta iragazgaizteak, arotz- eta errementari-lanak, dekorazio-hargintza, estaldurak eta akaberak eta instalazioak.
3.– Asentuari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Babes-eremuaren barruko indusketetan, lur-mugimenduetan eta urbanizazioetan, agiri nahikoren bidez utzi beharko da jasota zelako egoera zuen hasieran jarduketako lur horrek: kanpoko espazioak, profilak, zoru motak eta elementu bereziak, proiektu teknikorik behar bada.
b) Zimenduak eta euste-hormak ondoztatu behar badira, zapata, lauza edo horma berrietatik behar bezala banatuta egon beharko dira; geotestil-xafla bikoitz eta kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko garbiketa-morteroaren bidez sendotuko dira, bai eta kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko juntura partzialez ere.
c) Indusketetan eta lur-mugimenduetan aintzat hartu behar da egitura-sistema isostatikoak (ez-zurrunak) eta lurzoru oro har buztintsuen gaineko azaleko zimenduak izan ohi direla. Ondorioz, eraginpeko eraikinak monitorizatuko dira, gutxienez lurraren balizko hondeaketa-lan zein finketen aurretik eta ondoren gerta litezkeen zartaduren bilakaera erregistratuz.
4.– Egiturari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Zurezko egituran esku hartuko da, sostengu-funtzioa betetzen ez duten elementu bakanak konponduz, eskoratuz edo ordeztuz bakarrik. Zurezko bilbadura-sisteman besorik, kakorik edo bestelako elementu zurrungarririk falta den aztertuko da; horien gabeziak multzoaren deformazioa eragin lezake eta, hala balitz, agirietan jasotakoaren edo behar denaren arabera, lehen zituzten dimentsioak eta kokalekua berrezarriko dira.
b) Lotura tradizionalak (aho-zirikakoa, ziriarekin edo gabe, hozkadura zuzen edo zeiharrak, miru-buztanekoa, giltzakoa, alakatua, horzdunak) eta beren pieza bereziak (tirante metalikoko zintzildurak, zurezko larako eta giltzak, forjatze-iltzeak) zainduko dira, aurri-egoeran badaude izan ezik, agiri bidez egiaztatuta. Lehengo zurezko egituraren eta karga-hormen modulazioa eta proportzioak (baita eskuairalde, hormen zabalerak eta altuerak ere) gordeko dira.
c) Eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema mantenduko da.
d) Harrizko egitura-elementu bereziak jatorrizko egitekoarekin eta kokalekuarekin bat erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
5.– Itxitura eta banaketei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Babestutako gune anitzen bolumena edota azalera, besteak beste dorrearen eraikin nagusiarena eta osagarriena, gorde beharko dira, behinik behin erregistratzerakoan zuten hedapenean.
b) Bilbaduren elementu zurrungarrien dimentsioa dela eta, honakoak zainduko dira: adreilu trinkozko oholeria, plementeria edo trenkadak; zaborra duten harlangaitza zein argamasak nahiz elkarri lotutako hagak. Hala, habe, zutabe eta horma zaharretatik bananduko lituzkeen gehiegizko zurruntasuna eta egitura-funtzio solidarioa galtzea saihesten dira, oro har ezin baitira horiek egungo eraikuntza-teknikekin erreproduzitu.
c) Esku-hartzearen momentuan bizitzeko den gunea birbanatu edo hainbat gelatan zatitu ahal izango da, horietako bakoitzerako azalera- eta hornidura-minimoak ezartzen dituzten hirigintzako arauen arabera, baldin eta babestutako gunerik inbaditzen ez bada.
d) Gune osagarriak, esaterako lastategiak, ukuiluak, oilategiak, aletegiak, labea, dolarea edo sotoa, ezin izango dira bizitzeko erabili; aitzitik, nekazaritza eta abeltzaintza xedeetarako, lanabesak nahiz ibilgailuak biltegiratzeko edota nekazaritza- zein abeltzaintza-produktuak eraldatzeko erabili beharko dira soilik, eta nekazaritza, abeltzaintza edo antzeko ustiapenei loturiko erabilera horiek berak barne hartzeko baino ezingo dira handitu, esnekiak, txakolina, sagardoa, eztia nahiz jaki ontziratuak ekoizteko, adibidez.
e) Aurreko puntuetan onartutako handitzeetan, gehitutako bolumenak ez du lehengoak ikustea ekidingo, egungo gune guztietatik; eraikin erantsiak, bestalde, lehendik zeuden, atxikitzen diren edo hurbilenen dauden horien altuerara, inposta- edo forjatu-lerroetara eta estalkien maldara moldatuko dira.
f) Zubiaren guneak ibilbide bati (ahal izanez gero, oinezkoentzat) uztarturiko pasabide-, ontziratze- eta lehorreratze-zereginak mantenduko ditu.
g) Jauregiaren guneak bizitzeko izaera bereizgarria mantenduko du.
6.– Isolamendu eta iragazgaizteei dagokienez, hurrengo jarduteak onartuko dira:
– Teilatuak kaltetutako materialak kolorerik gabeko teila zeramikoekin ordezkatuz konponduko dira; horretarako, teila arabiarrak, mistoak nahiz banakakoak erabiliko dira, ubide eta bizkar-teila makur eta guzti.
7.– Arotz- eta errementari-lanei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Ate, atetzar eta leihoen beira xume eta zur trinkozko arotz-lanak ganberadun beirekin eta burletekin konpondu eta osatu beharko dira, egungo erosotasun-irizpideekin bat datorren gutxiengo estankotasuna ahalbidetzen dutenak. Zurezko barandak, karelak eta burdin sare xumeak kontserbatuko dira, segurtasun-funtzioa betetzeko desegokiak ez badira.
b) Zureko elementu bereziak (harburuak, besoak, dekoratutako zapatak, eskubanda torneatuak, taxutuak edo zizelkatuak) eta balkoi, karel, baranda, burdin sare eta leihoen burdin hesien forjatzeko errementari-lan tradizionala mantendu beharko da. Beren eginkizuna agiriz egiaztatutako narriaduraren ondorioz betiko eta guztiz galdu duten piezak ordezkatu ahal izango dira soilik (ez masiboki) antzeko materialez egindako piezekin. Aldez aurretik, hasierako arotz- eta errementari-lanen plano xehatuak egin beharko dira.
c) Gordetzen den fabrikan lehendik zeuden ate eta leihoen baoek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte dorrearen barruko espazioa behar bezala aprobetxatuko bada:
– Hegoaldeko eta hego-ekialdeko fatxadei dagokienez, zabaleraren eta altueraren % 33 handitu ahal izango da, horiek landutako harrizko azpadurarik ez badute eta eraikina konposizio- eta forma-irizpideen arabera babesturik ez badago; hala balitz, ezin izango lirateke inola ere aldatu.
– Ekialdeko eta mendebaldeko fatxaden kasuan, baoetako bat goitik behera zarrastatu ahal izango da solairu baten altuera osoan, bai eta baoen % 33 gehiago ireki ere, lehengoen antzeko tamainakoak, nahiz lehengoen zabalera eta altueraren % 33 handitu, horiek landutako harrizko azpadurarik ez badute eta eraikina konposizio- eta forma-irizpideen arabera babesturik ez badago; hala balitz, ezin izango lirateke inola ere aldatu.
– Iparraldeko edo ipar-mendebaldeko fatxadan, lehendik zeuden baoen altueraren % 100 handitu ahal izango da, horiek landutako harrizko azpadurarik ez badute; hala balitz, ezin izango lirateke aldatu.
d) Estalki makurreko leihoek ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:
– Leiho bat ireki ahal izango da teilaturako sarbidea eta horren mantentze-lanak bermatzeko.
– Zabalerak ez du zurezko forjatuzko bi gapirioren arteko distantzia arrunta gaindituko, hots, 60 cm inguru.
e) Ohiko arotz-lanak egituraren zati izan litezke begiratoki eta galerietan; beraz, horiek egitura-sistema orokorrean eranstea hausnartuko da.
f) Arotz-lan berrien diseinua eraikinaren zaharren eta adierazgarrienetara moldatuko dira, material eta formei, panelen tamaina eta itxurari, muntagen lerrokadurari eta barruko eta kanpoko leihatilei dagokienez.
8.– Dekorazio-hargintzari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Harrizko ornamentazio-elementuak, esaterako pilastrak, erlaitzak, armarri eta behe-erliebeak, azpadurak eta horma-hobiak, mentsulak, bankada eta mahai finkoak, beren funtzio praktiko edo estetiko zehatzerako eta hasierako kokapenean erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
9.– Estaldura eta akaberei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Bereziki babestuko dira, testuingurutik atera gabe, eskuz edertutako elementu guztiak, erreproduzitu ezin diren artisau-lanak diren aldetik.
b) Fatxadako kanpo-estalduren akaberak eta itxura kromatikoak (morteroz egindako zarpiatu eta emokadurak; juntura ebakiak; harri zein zeramikazko plakazko estaldurak, pintura plastiko eta mineral jarraiak; kareztadurak, etab.) bere konposizio-balioaren zatitzat jotzen dira; halakotzat harturik, babestu edo ondasunean geratzen diren zahar eta adierazgarrienen ereduari jarraiki erreproduzitu beharko dira, baita eredu tradizionaletan oinarrituz ere: kare-morteroz egindako juntura hondoratuak edo irtenak, zuriz edo harea-kolorez margotuak; luzituak, zuriz edo anil urdinez kareztatuak; berezko kolorez bernizaturiko nahiz gorriz tindaturiko bilbadurak; eta beiraztatu eta koloreztatu gabeko teileriazko adreilu gordinak.
10.– Instalazioei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Egungo teknikekin zehatz-mehatz erreproduzitu ezin diren industria-aurreko nahiz industria-garaiko ekoizpen-egitura higiezinak, esaterako askak, tornu-prentsak eta habe-dolareak, egur-sukaldeak, labeak, tximiniak, ohiko erauzgailuak, siloak edo hotz-ganberak, xehe-xehe babestu beharko dira, narriadura-egoera latzean badaude izan ezik, agiri bidez egiaztatuta.
b) Merkatuan jada aurkitu ezin diren, beren zeregina betetzen jarraitzen duten eta egungo araudira moldatzen diren elektrizitate-, argiztapen-, iturgintza- eta saneamendu-elementuak (tresna sanitarioak), berokuntza eta EUB (erradiadoreak, sukalde ekonomikoak, etab.) eta instalazio sanitario tradizionalak (harraska monolitiko integratuak edo komunak) beren lekuan eta jatorrizko helbururako gordeko dira, baldin eta horiek berreskuratzea ezaugarri bereko beste bat eskuratzea edo eraikitzea garestiagoa ez bada.
c) Aireztapen, klimatizazio eta suteen aurkako babeserako ekipamendu berriak, ebakuazio-eskailerak eta, bereziki, komunikazio bertikalak (igogailuak) jartzeko beharrezko egiturek autosostengatzaileak izan behar dute; halaber, multzoaren irudi orokorrean sartuta diseinatuko dira, horren ikusgaitasun eta itxura aldatu gabe eta, ikusiko balira, material arinak eta itxitura gardenak erabili eta guztiz itzulgarriak izango lirateke.
d) Aireztapen eta klimatizazio, EUB, telekomunikazio, elektrizitate eta bestelako instalazioetako makineriak eta elementu lagungarriak beheko solairuko biltegiratzeko gune komun babestuetan bildu beharko dira, baldin eta eraikinean hasieratik badaude, zerbitzu-elementu partekatu gisa jarraitzea bermatzearren.
12. artikulua.– Babes bereziko ondasunetan debekatutako jarduteak.
1.– Babes bereziko ondasunen gain debekatutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, egitura, itxiturak eta banaketak, isolamenduak eta iragazgaizteak, arotz- eta errementari-lanak, dekorazio-hargintza, estaldurak eta akaberak, instalazioak eta ingurunea.
2.– Asentuan:
a) Zimenduak eta euste-hormak, egotekotan, ez dira zementuzko hormigoiz zurrunduko jatorrizko fabrikan; ez dute, inola ere, lurpeko uren pilaketa eragingo, ezta maila freatikoa igo ere eraikinaren fabrikek ukitzen dituzten lurretan.
b) Babes-eremua urbanizatuz gero, ez dira lurraren hezetasuna kapsulatu eta, kapilaritatearen ondorioz, hormetara bidaltzen dituzten zementuzko hormigoizko lauzak samaldan erabiliko. Horma eta zoladura zaharrak ukitzen dituzten lurren aireztapena behar bezalakoa den aztertu beharko da; horrez gain, ez dira inola ere iragazgaiztuko transpiratzen ez duten xaflen edo emultsioen bidez.
3.– Egituran:
a) Ezin izango da zurezko egitura zarpiatuez, bereziki zementuzko morteroz, aireztapenik gabeko sabai aizun jarraituez, xaflatuez, alikatatuez edo forraduraz kapsulatu, baldin eta materialaren aireztapena eragozten bada edo, ilun eta aireztapenik gabe egoteagatik bide ematen bazaie xilofagoen erasoei edo usteltzeko aukerari.
b) Ez da eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema bortxatuko gainkarga puntualen bidez, ezta zurrunduko ere zurezko portikoen ordez hormigoi armatuzko edo altzairu elektrosoldatuzko beste batzuk jartzeko, ezta gailur-garlandaz edo trabaketa jarraituez ere, ezta mendi-hegalean tinkatzeko tiranteez ere; halaber, ez dira horma-arimak zementu-morteroz beteko; ez da zementu-esneko injekziorik egingo («jet grouting»); ez da ganga-estradosaturik egingo hormigoi armatuzko azalaz. Jardute horiek guztiak berariaz debekaturik daude.
c) Karga-hormen egiturei, leihoburu eta ateburuei, arkuei, gangei eta eskailera-lauzei dagokienez, ez da harrizko piezetan zulorik edo horma-zulorik egingo, ezta ganga-estradosaturik ere hormigoi armatuz, eta ez dira horma-arimak zementu-morteroz beteko nahiz masiboki berrelkartuko. Karga-hormetan, ezin izango da zementu-morteroz masiboki berrelkartu. Halakoetan, kareore hidrauliko natural hutsa erabiliko da, transpirazioa ahalbidetzeko eta efloreszentziak saihesteko.
d) Ezin izango dira lehengo teilatu-hegalen kota nahiz estalkien maldak igo, garai batean zeukaten itxura berreskuratzeko ez bada, zehatz-mehatz dokumentatuta.
e) Harrizko egitura-elementu bereziak ez dira tokiz aldatuko, ezta testuingurutik ateratako apaingarri gisa erabiliko ere.
4.– Itxitura eta banaketetan:
a) Ezin izango dira adreilu trinkozko oholeria, plementeria edo trenkadak, zaborra duten harlangaitza zein argamasak nahiz elkarri lotutako hagak deuseztatu aiurri-egoeran ez badaude, oro har ezin baitira egungo eraikuntza-teknikekin erreproduzitu.
b) Ezin izango dira «arma-patioaren» gunea edo kanpoko esparrua eta mandioren edo kanpoko eskaileraren gunea estali edo banatu; izan ere, bizileku eta geletara sartu eta igarotzeko eginkizunak mantendu beharko dituzte beti, bai eta hasierako forma eta dimentsioak ere.
c) Ezin izango dira ondorengo bizitegi-eraikuntzaren biltegia eta ganbara banatu; aitzitik, gune bakana izango dira, zatikatu gabea, galdara-gela nahiz egurtegi gisa, nekazaritza eta abeltzaintzarako zein ustiategiaren biltoki komun bezala baliatzeko, jadanik erabiltzen ez den defentsarako eraikina ordezkatuko zuena, hasierako forma eta dimentsioekin.
d) Ezin izango dira bigarren solairuko antzezpen-gunea eta harrera-aretoa eta hirugarren solairuko eta hurrengoetako defentsarako gunea eta kadalsoa banatu; aitzitik, gune bakana izango dira, zatikatu gabea.
5.– Isolamendu eta iragazgaizteetan:
– Ezin izango dira babes-eremuaren barruan kokaturiko baina dorrearen eraikin nagusitik at dauden gune exentuak termikoki isolatu.
6.– Arotz- eta errementari-lanetan:
a) Ezin izango da dorrearen harrizko (harlangaitza, silarrixka eta antzekoak) nahiz teileriazko zementuzko fabriketan bao berririk egin.
b) Ezin izango dira arotz-lanen itxura aldatzen duten pertsiana biribilgarriak instalatu.
7.– Estaldura eta akaberetan:
– Multzoaren iraunkortasuna arriskuan ez bada (ondoriozko kondentsazio, kapilaritate, isurpen toxiko edo sute-arrisku larriak direla eta), eta hala balitz agiriz frogatu ezean, ezin izango dira ondorengo elementuak guztiz deuseztatu: fatxadako oinarrizko kanpo-estaldurak (morteroz egindako zarpiatu eta emokadurak; juntura ebakiak; harri zein zeramikazko plakazko estaldurak, pintura plastiko eta mineral jarraiak; kareztadurak, etab.) edo dekoratuak (pinturak, esgrafiatuak nahiz juntura ebakiak, plakazko estaldurak eta artisau-zeramikak kanpoaldean); oinarrizko barne-estaldurak (igeltsu beltzezko zein karezko apaindurak; igeltsu zurizko, perla koloreko eskaiolazko -horizontalak eta bertikalak- edota kartoi-igeltsuzko zarpiatuak edo plakak; koltzazko, oholtxo eta eskaiolazko zein kartoi-igeltsuzko teilatu jarraiak edo plaketan antolaturikoak; alikatatu eta estaltzeak; pintura jarraiak: plastikoak, tenperak eta mineralak; kareztadurak, etab.); dekorazio-estaldurak (zurezko, harrizko, artisau-zeramikazko nahiz irudi artistikodun zokaloak; molduradun sabaiak, freskoak, horma-irudiak, etab.) eta artisau-lurzoruak (uharriz egindakoak, artisau-baldosa hidraulikoak zein eskuz dekoratutako zeramikazkoak) edota masiboak (lauzak, dekoratu gabeko zeramikak, gresa, zoru jarraiak, etab.).
8.– Instalazioetan:
– Ezin izango dira lehengo fabrikan sartu aireztapen, klimatizazio eta suteen aurkako babeserako ekipamendu berriak, ebakuazio-eskailerak eta, bereziki, komunikazio bertikalak (igogailuak) jartzeko beharrezko egiturak; izan ere, horiek kentzeak ez dio eraikuntzari ageriko pitzadurarik eragin behar, horren itxura aldatu edo hura ahultzen duten hausturak eta horma-zuloak, esaterako. Ez dute eraikinaren jatorrizko sostengu-sistemaren oreka hondatuko duten zurruntze edo gainkargarik sortuko; haien zamen transmisioa aztertuko da, elementu osagarri eta independente gisa eta, ahal bada, berariazko zimenduak izango dituzte.
9.– Dorrearen ingurunean, babes-eremuaren barruan:
a) Ezin izango da sortu ikuspegiarekin edo pertzepzioarekin lotutako kutsadurarik; alegia, ondasuna ikustea eragozten, galarazten edo itxuraldatzen duten eta bere balioak narriatzen dituzten esku-hartze, erabilera edo ekintzak, eraikuntza izan edo ez izan.
b) Ondorengo elementuek ezingo dute eraikin multzoaren ikuspegia eragotzi:
– Eraikuntza berriak.
– Aldi baterako eraikuntza edo instalazioak, beren altuera, bolumetria edo distantzia direla eta, pertzepzioa nahas dezaketenak.
– Energia hornitzeko, sortzeko eta kontsumitzeko zein telekomunikazioetarako behar diren instalazioak.
– Idazkunak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea.
– Hiri-altzariak, eguzki-oihalak, beilatokiak, kioskoak eta antzeko elementuak barne.
– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak.
– Beste edozein elementu edo jarduera, eraikina izan gabe ere, elementu babestuen pertzepzioa, gozamena, begiratzea edo osotasuna itxuraldatu edo horiengan eragin negatiboa izan badezake.
c) Ezin izango da babespeko ondare-ondasunen baratze, fatxada eta estalkietan publizitate komertziala jarri, ezta edonolako kable, antena eta hodi nabarmenak ere.
3. ATALA
ERDI-MAILAKO BABESA
13. artikulua.– Egitura-balioa duten dorreetan onartutako jarduteak.
1.– Erdi-mailako babespean dauden eta egitura-balioa duten ondasunen gain onartutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, egitura, itxiturak eta banaketak, arotz- eta errementari-lanak eta instalazioak.
2.– Asentuari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Babes-eremuaren barruko indusketetan, lur-mugimenduetan eta urbanizazioetan, agiri nahikoren bidez utzi beharko da jasota zelako egoera zuen hasieran jarduketako lur horrek: kanpoko espazioak, profil topografikoak, zoru mota eta elementu bereziak, proiektu teknikorik behar bada.
b) Zimenduak eta euste-hormak ondoztatu behar badira, zapata, lauza edo horma berrietatik behar bezala banatuta egon beharko dira; geotestil-xafla bikoitz eta kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko garbiketa-morteroaren bidez sendotuko dira, bai eta kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko juntura partzialez ere.
c) Indusketetan eta lur-mugimenduetan aintzat hartu behar da egitura-sistema isostatikoak (ez-zurrunak) eta lurzoru oro har buztintsuen gaineko azaleko zimenduak izan ohi direla. Zangak gehiegi lehortzea saihestuko da, asentuak ez daitezen desegokiak izan.
3.– Egiturari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Zurezko egituran esku hartuko da, sostengu-funtzioa betetzen ez duten elementu bakanak konponduz, eskoratuz edo ordeztuz bakarrik. Zurezko bilbadura-sisteman besorik, kakorik edo bestelako elementu zurrungarririk falta den aztertuko da; horien gabeziak multzoaren deformazioa eragin lezake eta, hala balitz, agirietan jasotakoaren edo behar denaren arabera, lehen zituzten dimentsioak eta kokalekua berrezarriko dira.
b) Lotura tradizionalak (aho-zirikakoa, ziriarekin edo gabe, hozkadura zuzen edo zeiharrak, miru-buztanekoa, giltzakoa, alakatua, horzdunak) eta beren pieza bereziak (esaterako, tirante metalikoko zintzildurak, zurezko larako eta giltzak, forjatze-iltzeak) zaindu eta agiri bidez erregistratuko dira.
c) Lehengo zurezko egituraren eta karga-hormen modulazioa eta proportzioak gordeko dira, baita eskuairalde, hormen zabalerak eta altuerak ere.
d) Eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema mantenduko da, gainkarga puntualen bidez bortxatu gabe, eta ez da zurrunduko zurezko portikoen ordez hormigoi armatuzko edo altzairu elektrosoldatuzko beste batzuk jartzeko.
e) Harrizko egitura-elementu bereziak, hala nola kolomak, zutabeak eta harroinak, jatorrizko egitekoarekin eta kokalekuarekin bat erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
4.– Itxitura eta banaketei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Bilbaduren elementu zurrungarrien dimentsioa dela eta, honakoak zainduko dira: adreilu trinkozko oholeria, plementeria edo trenkadak; zaborra duten harlangaitza zein argamasak nahiz elkarri lotutako hagak. Hala, habe, zutabe eta horma zaharretatik bananduko lituzkeen gehiegizko zurruntasuna eta egitura-funtzio solidarioa galtzea saihesten dira, oro har ezin baitira horiek egungo eraikuntza-teknikekin erreproduzitu.
5.– Arotz- eta errementari-lanei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Ohiko arotz-lanak egituraren zati izan litezke begiratoki eta galerietan; beraz, horiek egitura-sistema orokorrean eranstea hausnartuko da.
6.– Instalazioei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Aireztapen, klimatizazio eta suteen aurkako babeserako ekipamendu berriak, ebakuazio-eskailerak eta, bereziki, komunikazio bertikalak (igogailuak) jartzeko beharrezko egiturek ez dute eraikinaren jatorrizko sostengu-sistemaren oreka hondatuko duten zurruntze edo gainkargarik sortuko; haien zamen transmisioa aztertuko da, elementu osagarri eta independente gisa eta, ahal bada, berariazko zimenduak izango dituzte.
14. artikulua.– Eraikuntza-balioa duten dorreetan onartutako jarduteak.
1.– Erdi-mailako babespean dauden eta eraikuntza-balioa duten ondasunen gain onartutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, egitura, itxiturak eta banaketak, isolamenduak eta iragazgaizteak, arotz- eta errementari-lanak, dekorazio-hargintza, estaldurak eta akaberak eta instalazioak.
2.– Asentuari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Zimenduak eta euste-hormak ondoztatu behar badira, zapata, lauza edo horma berrietatik behar bezala banatuta egon beharko dira; geotestil-xafla bikoitz eta kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko garbiketa-morteroaren bidez sendotuko dira, bai eta kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko juntura partzialez ere.
3.– Egiturari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Zurezko egituran esku hartuko da, sostengu-funtzioa betetzen ez duten elementu bakanak konponduz, eskoratuz edo ordeztuz bakarrik. Zurezko bilbadura-sisteman besorik, kakorik edo bestelako elementu zurrungarririk falta den aztertuko da; horien gabeziak multzoaren deformazioa eragin lezake eta, hala balitz, agirietan jasotakoaren edo behar denaren arabera, lehen zituzten dimentsioak eta kokalekua berrezarriko dira.
b) Lotura tradizionalak (aho-zirikakoa, ziriarekin edo gabe, hozkadura zuzen edo zeiharrak, miru-buztanekoa, giltzakoa, alakatua, horzdunak) eta beren pieza bereziak (esaterako, tirante metalikoko zintzildurak, zurezko larako eta giltzak, forjatze-iltzeak) zaindu eta agiri bidez erregistratuko dira.
c) Karga-hormetan, juntura kareore hidrauliko natural hutsezko masekin berdinduko da, transpirazioa ahalbidetzeko eta efloreszentziak saihesteko, eta ez da inola ere zementu-morteroz masiboki berrelkartuko.
d) Lehengo zurezko egituraren eta karga-hormen modulazioa eta proportzioak gordeko dira, baita eskuairalde, hormen zabalerak eta altuerak ere.
e) Eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema mantenduko da.
f) Mutxarda, punta-zizel edo gradinaz landutako harrizko horma-atalak edo elementuak mantenduko dira, berriz landu gabe eta beren akabera babestuz.
g) Harrizko egitura-elementu bereziak, hala nola kolomak, zutabeak eta harroinak, jatorrizko egitekoarekin eta kokalekuarekin bat erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
4.– Itxitura eta banaketei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Bilbaduren elementu zurrungarrien dimentsioa dela eta, honakoak zainduko dira: adreilu trinkozko oholeria, plementeria edo trenkadak; zaborra duten harlangaitza zein argamasak nahiz elkarri lotutako hagak. Hala, habe, zutabe eta horma zaharretatik bananduko lituzkeen gehiegizko zurruntasuna eta egitura-funtzio solidarioa galtzea saihesten dira, oro har ezin baitira horiek egungo eraikuntza-teknikekin erreproduzitu.
5.– Isolamendu eta iragazgaizteei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Teila zeramikozko estalkiak kaltetutako materialak antzeko beste batzuekin ordezkatuz konponduko dira.
6.– Arotz- eta errementari-lanei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Ate, atetzar eta leihoen beira xume eta zur trinkozko arotz-lanak ganberadun beirekin eta burletekin konpondu eta osatu beharko dira, egungo erosotasun-irizpideekin bat datorren gutxiengo estankotasuna ahalbidetzen dutenak. Zurezko barandak, karelak eta burdin sare xumeak kontserbatuko dira, segurtasun-funtzioa betetzeko desegokiak ez badira.
b) Zureko elementu bereziak (harburuak, besoak, dekoratutako zapatak, eskubanda torneatuak, taxutuak edo zizelkatuak) eta balkoi, karel, baranda, burdin sare eta leihoen burdin hesien forjatzeko errementari-lan tradizionala mantendu beharko da.
c) Ohiko arotz-lanak egituraren zati izan litezke begiratoki eta galerietan; beraz, horiek egitura-sistema orokorrean eranstea hausnartuko da.
d) Gordetzen den fabrikan lehendik zeuden ate eta leihoen baoek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte dorrearen barruko espazioa behar bezala aprobetxatuko bada:
– Hegoaldeko eta hego-ekialdeko fatxadei dagokienez, beren zabalera eta altuera % 33 handitu ahal izango dira, horiek landutako harrizko azpadurarik ez badute eta eraikina konposizio- eta forma-irizpideen arabera babesturik ez badago; hala balitz, ezin izango lirateke aldatu.
– Ekialdeko eta mendebaldeko fatxaden kasuan, baoetako bat goitik behera zarrastatu ahal izango da solairu baten altuera osoan, bai eta baoen % 33 gehiago ireki ere, lehengoen antzeko tamainakoak, nahiz lehengoen zabalera eta altueraren % 33 handitu, horiek landutako harrizko azpadurarik ez badute; hala balitz, ezin izango lirateke aldatu.
– Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko fatxadan, lehendik zeuden baoen altueraren % 100 handitu ahal izango da, horiek landutako harrizko azpadurarik ez badute; hala balitz, ezin izango lirateke aldatu.
e) Estalki makurreko leihoek, edukitzekotan, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:
– Zabalerak ez du zurezko forjatuzko bi gapirioren arteko distantzia arrunta gaindituko, hots, 60 cm inguru.
– Teilatua zuzenean ukitzen duen gela itxi bakoitzeko bana edo estalkiaren 10 m2-ko bana instalatu ahal izango dira.
f) Arotz-lan berrien diseinua eraikinaren zaharren edota adierazgarrienetara moldatuko dira, materialei dagokienez.
7.– Dekorazio-hargintzari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Harrizko ornamentazio-elementuak, esaterako pilastrak, garitoiak, erlaitzak, inpostak, armarri eta behe-erliebeak, azpadurak eta horma-hobiak, mentsulak, bankada eta mahai finkoak, beren funtzio praktiko edo estetiko zehatzerako eta hasierako kokapenean erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
8.– Estaldura eta akaberei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Kanpoko estaldura edergarri tradizionalak, esaterako esgrafiatuak nahiz juntura ebakiak; barneko estaldura edergarriak, hala nola zurezko, harrizko, artisau-zeramikazko nahiz irudi artistikodun zokaloak, molduradun sabaiak eta uharriz egindako artisau-lurzoruak, artisau-baldosa hidraulikoak zein eskuz dekoratutako zeramikazkoak. Horiek guztiak eraikinaren zati bereizezinak direla ulertuko da, eta pertzepzio estetikoaren faktore erabakigarriak diren aldetik, ezingo dira erabat kendu.
b) Bereziki babestuko dira, testuingurutik atera gabe, eskuz edertutako elementu guztiak, erreproduzitu ezin diren artisau-lanak diren aldetik.
c) Fatxadako kanpo-estalduren akaberek eta itxura kromatikoek ohiko ereduak jarraituko dituzte, adibidez kare-morteroz egindako juntura hondoratuak edo irtenak, zuriz edo harea-kolorez margotuak; luzituak, zuriz edo anil urdinez kareztatuak; berezko kolorez bernizaturiko nahiz gorriz tindaturiko bilbadurak; eta beiraztatu eta koloreztatu gabeko teileriazko adreilu gordinak.
9.– Instalazioei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Egungo teknikekin zehatz-mehatz erreproduzitu ezin diren industria-aurreko nahiz industria-garaiko ekoizpen-egitura higiezinak, esaterako askak, tornu-prentsak eta habe-dolareak, egur-sukaldeak, labeak, tximiniak, ohiko erauzgailuak, siloak edo hotz-ganberak, xehe-xehe babestu beharko dira.
b) Aireztapen, klimatizazio eta suteen aurkako babeserako ekipamendu berriak, ebakuazio-eskailerak eta, bereziki, komunikazio bertikalak (igogailuak) jartzeko beharrezko egiturak multzoaren irudi orokorrean sartuta diseinatuko dira, horren ikusgaitasun eta itxura aldatu gabe eta, ikusiko balira, material arinak eta itxitura gardenak erabili eta guztiz itzulgarriak izango lirateke.
15. artikulua.– Espazio- eta funtzio-balioa duten dorreetan onartutako jarduteak.
1.– Erdi-mailako babespean dauden eta espazio- eta funtzio-balioa duten ondasunen gain onartutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, itxiturak eta banaketak, arotz- eta errementari-lanak eta instalazioak.
2.– Asentuari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Babes-eremuaren barruko indusketetan, lur-mugimenduetan eta urbanizazioetan, agiri nahikoren bidez utzi beharko da jasota zelako egoera zuen hasieran jarduketako lur horrek: kanpoko espazioak, profil topografikoak, zoru mota eta elementu bereziak, proiektu teknikorik behar bada.
3.– Itxitura eta banaketei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Babestutako gune anitzen bolumena edota azalera, besteak beste dorrearen eraikin nagusiarena eta osagarriena (ukuilu, oilategi, labe, dolare edo sotoa), gorde beharko dira, behinik behin erregistratzerakoan zuten hedapenean.
b) Esku-hartzearen momentuan bizitzeko den gunea handitu, birbanatu edo hainbat gelatan zatitu ahal izango da, baldin eta babestutako gunerik inbaditzen ez bada, besteak beste egongela, kadalsoa, aletegia, beheko solairuko biltegi edo ukuilua, lastategiak, ukuiluak, oilategiak, aletegiak, labea, dolarea edo sotoa, egotekotan. Ganbara, egungo etxebizitzari atxikita, eta eraikinaren azken solairua dira, oro har, arau honen salbuespen bakarrak; azken hori bizitzeko erabili ahal izango da guztiz. Ukuiluaren eta biltegiratze-aletegiaren hasierako azaleraren % 66, bestalde, txoko edo etxebizitza gisa erabil daiteke; gainerako % 33 zatitu gabeko gune komun hutsa izango da, ahal izanez gero iparralderantz kokatutakoa, nekazaritza eta abeltzaintzarako edota biltoki komun, galdara-gela zein egurtegi gisa baliatzeko.
c) Gune osagarriak, esaterako lastategiak, ukuiluak, oilategiak, aletegiak, labea, dolarea edo sotoa, ezin izango dira bizitzeko erabili; aitzitik, nekazaritza eta abeltzaintza xedeetarako, lanabesak nahiz ibilgailuak biltegiratzeko edota nekazaritza- zein abeltzaintza-produktuak eraldatzeko erabili beharko dira soilik, eta nekazaritza, abeltzaintza edo antzeko ustiapenei loturiko erabilera horiek berak barne hartzeko baino ezingo dira handitu, esnekiak, txakolina, sagardoa, eztia nahiz jaki ontziratuak ekoizteko, adibidez.
d) Aurreko puntuetan onartutako handitzeetan, ez da, inola ere (b) puntuko salbuespena izan ezik) babestutako gune funtzionalek hartutako eremua inbadituko. Horrez gain, gehitutako bolumenak ez du lehengoak ikustea ekidingo, egungo gune guztietatik; eraikin erantsiak, bestalde, lehendik zeuden, atxikitzen diren edo hurbilenen dauden horien altuerara, inposta- edo forjatu-lerroetara eta estalkien maldara moldatuko dira.
4.– Arotz- eta errementari-lanei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Gordetzen den fabrikan lehendik zeuden ate eta leihoen baoek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte dorrearen barruko espazioa behar bezala aprobetxatuko bada:
– Hegoaldeko eta hego-ekialdeko fatxadei dagokienez, beren zabalera eta altueraren % 33 handitu ahal izango da, eraikina eraikuntza-, konposizio- nahiz forma-irizpideen arabera babesturik ez badago; hala balitz, ezin izango lirateke inola ere aldatu.
– Ekialdeko eta mendebaldeko fatxaden kasuan, baoetako bat goitik behera zarrastatu ahal izango da solairu baten altuera osoan, bai eta baoen % 33 gehiago ireki ere, lehengoen antzeko tamainakoak, nahiz lehengoen zabalera eta altueraren % 33 handitu, eraikina eraikuntza-, konposizio- nahiz forma-irizpideen arabera babesturik ez badago; hala balitz, ezin izango lirateke inola ere aldatu.
– Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko fatxadan, lehendik zeuden baoen altueraren % 100 handitu ahal izango da, eraikina eraikuntza-, konposizio- nahiz forma-irizpideen arabera babesturik ez badago; hala balitz, ezin izango lirateke inola ere aldatu.
b) Estalkiko leihoek ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:
– Zabalerak ez du zurezko forjatuzko bi gapirioren arteko distantzia arrunta gaindituko, hots, 60 cm inguru.
– Teilatua zuzenean ukitzen duen gela itxi bakoitzeko bana edo estalkiaren 10 m2-ko bana instalatu ahal izango dira.
5.– Instalazioei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Aireztapen eta klimatizazio, EUB, telekomunikazio, elektrizitate eta bestelako instalazioetako makineriak eta elementu lagungarriak biltegiratzeko gune komun babestuetan bildu beharko dira, besteak beste beheko solairuko ukuilu, biltegi edo aletegian, baldin eta eraikinean hasieratik badaude, zerbitzu-elementu partekatu gisa jarraitzea bermatzearren.
16. artikulua.– Konposizio- eta forma-balioa duten dorreetan onartutako jarduteak.
1.– Erdi-mailako babespean dauden eta konposizio- eta forma-balioa duten ondasunen gain onartutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, egitura, arotz- eta errementari-lanak, dekorazio-hargintza, estaldurak eta akaberak eta instalazioak.
2.– Asentuari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Babes-eremuaren barruko indusketetan, lur-mugimenduetan eta urbanizazioetan, agiri nahikoren bidez utzi beharko da jasota zelako egoera zuen hasieran jarduketako lur horrek: profil topografikoak, zoru mota eta elementu bereziak, proiektu teknikorik behar bada.
3.– Egiturari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Harrizko egitura-elementu bereziak, hala nola kolomak, zutabeak eta harroinak, jatorrizko egitekoarekin eta kokalekuarekin bat erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
4.– Arotz- eta errementari-lanei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Arotz-lan berrien diseinua eraikinaren zaharren edota adierazgarrienetara moldatuko dira, formei dagokienez.
5.– Dekorazio-hargintzari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
Harrizko ornamentazio-elementuak, esaterako pilastrak, garitoiak, erlaitzak, inpostak, armarri eta behe-erliebeak, azpadurak eta horma-hobiak, mentsulak, bankada eta mahai finkoak, beren funtzio praktiko edo estetiko zehatzerako eta hasierako kokapenean erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
6.– Estaldura eta akaberei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Kanpoko estaldura edergarri tradizionalak, esaterako esgrafiatuak nahiz juntura ebakiak; barneko estaldura edergarriak, hala nola zurezko, harrizko, artisau-zeramikazko nahiz irudi artistikodun zokaloak, molduradun sabaiak eta uharriz egindako artisau-lurzoruak, artisau-baldosa hidraulikoak zein eskuz dekoratutako zeramikazkoak. Horiek guztiak eraikinaren zati bereizezinak direla ulertuko da, hots, sistematzat hartuko dira, eta pertzepzio estetikoaren faktore erabakigarriak diren aldetik, ezingo dira erabat kendu.
b) Fatxadako kanpo-estalduren akaberek eta itxura kromatikoek ohiko ereduak jarraituko dituzte, honakoei dagokienez: kare-morteroz egindako juntura hondoratuak edo irtenak, zuriz edo harea-kolorez margotuak; luzituak, zuriz edo anil urdinez kareztatuak; berezko kolorez bernizaturiko nahiz gorriz tindaturiko bilbadurak; eta beiraztatu eta koloreztatu gabeko teileriazko adreilu gordinak.
7.– Instalazioei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Aireztapen, klimatizazio eta suteen aurkako babeserako ekipamendu berriak, ebakuazio-eskailerak eta, bereziki, komunikazio bertikalak (igogailuak) jartzeko beharrezko egiturak multzoaren irudi orokorrean sartuta diseinatuko dira, horren ikusgaitasun eta itxura aldatu gabe eta, ikusiko balira, itxitura gardenak erabiliko lirateke.
17. artikulua.– Historia-balioa duten dorreetan onartutako jarduteak.
1.– Erdi-mailako babespean dauden eta historia-balioa duten ondasunen gain onartutako jarduteak ondorengoetan xehatzen dira: asentua, egitura, itxiturak eta banaketak, dekorazio-hargintza, estaldurak eta akaberak eta instalazioak.
2.– Asentuari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Babes-eremuaren barruko indusketetan, lur-mugimenduetan eta urbanizazioetan, agiri nahikoren bidez utzi beharko da jasota zelako egoera zuen hasieran jarduketako lur horrek: kanpoko espazioak, profil topografikoak, zoru mota eta elementu bereziak, proiektu teknikorik behar bada.
3.– Egiturari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Harrizko egitura-elementu bereziak, hala nola kolomak, zutabeak eta harroinak, jatorrizko egitekoarekin eta kokalekuarekin bat erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
b) Mutxarda, punta-zizel edo gradinaz landutako harrizko horma-atalak edo elementuak mantenduko dira, berriz landu gabe eta beren akabera babestuz.
c) Karga-hormetan, juntura kareore hidrauliko natural hutsezko masekin berdinduko da, transpirazioa ahalbidetzeko eta efloreszentziak saihesteko, eta ez da inola ere zementu-morteroz masiboki berrelkartuko.
4.– Itxitura eta banaketei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Adreilu trinkozko oholeria, plementeria edo trenkadak, zaborra duten harlangaitza zein argamasak nahiz elkarri lotutako hagak babestu egingo dira, oro har ezin baitira egungo eraikuntza-teknikekin erreproduzitu.
b) Babestutako gune anitzen bolumena edota azalera, besteak beste dorrearen eraikin nagusiarena eta osagarriena (ukuilu, oilategi, labe, dolare edo sotoa), gorde beharko dira, behinik behin erregistratzerakoan zuten hedapenean.
c) Gune osagarriak, esaterako lastategiak, ukuiluak, oilategiak, aletegiak, labea, dolarea edo sotoa, ezin izango dira bizitzeko erabili; aitzitik, nekazaritza eta abeltzaintza xedeetarako, lanabesak nahiz ibilgailuak biltegiratzeko edota nekazaritza- zein abeltzaintza-produktuak eraldatzeko erabili beharko dira soilik, eta nekazaritza, abeltzaintza edo antzeko ustiapenei loturiko erabilera horiek berak barne hartzeko baino ezingo dira handitu, esnekiak, txakolina, sagardoa, eztia nahiz jaki ontziratuak ekoizteko, adibidez.
d) Aurreko puntuan onartutako handitzeetan, ez da, inola ere, babestutako gune funtzionalek hartutako eremua inbadituko. Horrez gain, gehitutako bolumenak ez du lehengoak ikustea ekidingo, egungo gune guztietatik; eraikin erantsiak, bestalde, lehendik zeuden, atxikitzen diren edo hurbilen dauden horien altuerara, inposta- edo forjatu-lerroetara eta estalkien maldara moldatuko dira.
5.– Dekorazio-hargintzari dagokionez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Harrizko ornamentazio-elementuak, esaterako pilastrak, garitoiak, erlaitzak, inpostak, armarri eta behe-erliebeak, azpadurak eta horma-hobiak, mentsulak, bankada eta mahai finkoak, beren funtzio praktiko edo estetiko zehatzerako eta hasierako kokapenean erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.
6.– Estaldura eta akaberei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
a) Kanpoko estaldura edergarri tradizionalak, esaterako esgrafiatuak nahiz juntura ebakiak; barneko estaldura edergarriak, hala nola zurezko, harrizko, artisau-zeramikazko nahiz irudi artistikodun zokaloak, molduradun sabaiak eta uharriz egindako artisau-lurzoruak, artisau-baldosa hidraulikoak zein eskuz dekoratutako zeramikazkoak. Horiek guztiak eraikinaren zati bereizezinak direla ulertuko da, eta pertzepzio estetikoaren faktore erabakigarriak diren aldetik, ezingo dira erabat kendu.
b) Bereziki babestuko dira, testuingurutik atera gabe, eskuz edertutako elementu guztiak, erreproduzitu ezin diren artisau-lanak diren aldetik.
7.– Instalazioei dagokienez, hurrengo esku-hartzeak onartuko dira:
– Egungo teknikekin zehatz-mehatz erreproduzitu ezin diren industria-aurreko nahiz industria-garaiko ekoizpen-egitura higiezinak, esaterako askak, tornu-prentsak eta habe-dolareak, egur-sukaldeak, labeak, tximiniak eta ohiko erauzgailuak, xehe-xehe babestu beharko dira.
18. artikulua.– Egitura-balioa duten dorreetan debekatutako jarduteak.
1.– Egitura-balioa duten dorreetan, berariaz debekatuta daude:
a) Gailur-garlandak edo trabaketa jarraituak eta mendi-hegalean tinkatzeko tiranteak.
b) Horma-arimak morteroz betetzea.
c) «Jet grouting» edo antzeko zementu-esneko injekzio masiboak.
d) Hormigoi armatuzko azalaz gangak trasdosatzea.
e) Zurezko egitura zarpiatuez, bereziki zementuzko morteroz, aireztapenik gabeko sabai aizun jarraituez, xaflatuez, alikatatuez edo forraduraz kapsulatzea saihestuko da, baldin eta materialaren aireztapena eragozten bada edo, ilun eta aireztapenik gabe egoteagatik bide ematen bazaie xilofagoen erasoei edo usteltzeko aukerari.
f) Eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema ez da gainkarga puntualen bidez bortxatuko, ezta zurrunduko ere zurezko portikoen ordez hormigoi armatuzko edo altzairu elektrosoldatuzko beste batzuk jartzeko.
19. artikulua.– Eraikuntza-balioa duten dorreetan debekatutako jarduteak.
1.– Eraikuntza-balioa duten dorreetan, berariaz debekatuta daude:
a) Gailur-garlandak edo trabaketa jarraituak eta mendi-hegalean tinkatzeko tiranteak.
b) Horma-arimak morteroz betetzea.
c) «Jet grouting» edo antzeko zementu-esneko injekzio masiboak.
d) Hormigoi armatuzko azalaz gangak trasdosatzea.
e) Karga-hormen, leihoburu eta ateburuen, arkuen, gangen eta eskailera-lauzen harrizko piezetan horma-zuloak egitea.
f) Teila zeramikozko estalkiak masiboki ordezkatzea honako material hauek baliatuta: zementu-mortero koloreduna, plakak edo transpirazioa eragozten duten xaflak.
g) Zurezko egitura zarpiatuez, bereziki zementuzko morteroz, aireztapenik gabeko sabai aizun jarraituez, xaflatuez, alikatatuez edo forraduraz kapsulatzea saihestuko da, baldin eta materialaren aireztapena eragozten bada edo, ilun eta aireztapenik gabe egoteagatik bide ematen bazaie xilofagoen erasoei edo usteltzeko aukerari.
20. artikulua.– Espazio- eta funtzio-balioa duten dorreetan debekatutako jarduteak.
1.– Espazio- eta funtzio-balioa duten dorreetan, berariaz debekatuta daude:
a) Babestutako guneak kentzea.
b) Teilatu-hegalen kota igotzea nahiz estalkien maldak aldatzea.
c) Gune babestuen erabilera aldatzea, berrerabiltzea bateraezina bada horien espazio- eta funtzio-balioarekin.
21. artikulua.– Konposizio- eta forma-balioa duten dorreetan debekatutako jarduteak.
1.– Konposizio- eta forma-balioa duten dorreetan, berariaz debekatuta daude:
a) Teilatu-hegalen kota igotzea nahiz estalkien maldak aldatzea.
b) Teila zeramikozko estalkiak masiboki ordezkatzea honako material hauek baliatuta: zementu-mortero koloreduna, plakak edo transpirazioa eragozten duten xaflak.
c) Arotz-lanen itxura aldatzen duten pertsiana biribilgarriak instalatzea.
d) Dorrearen ikuspegiarekin edo pertzepzioarekin lotutako kutsadurak; alegia, ondasuna ikustea eragozten, galarazten edo itxuraldatzen duten esku-hartze, erabilera edo ekintzak, eraikuntza izan edo ez izan. Zehazki, dorrearen babes-eremuaren barruan, ondorengo elementuek ezingo dute eraikin multzoaren ikuspegia eragotzi:
Eraikuntza berriak.
– Aldi baterako eraikuntza edo instalazioak, beren altuera, bolumetria edo distantzia direla eta, pertzepzioa nahas dezaketenak.
– Energia hornitzeko, sortzeko eta kontsumitzeko zein telekomunikazioetarako behar diren instalazioak.
– Idazkunak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea.
– Hiri-altzariak, eguzki-oihalak, beilatokiak, kioskoak eta abar barne.
– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak.
– Beste edozein elementu edo jarduera, eraikina izan gabe ere, higiezin babestuen pertzepzioa, gozamena, begiratzea edo osotasuna itxuraldatu edo horiengan eragin negatiboa izan badezake eta, nolabait, babespeko balioak arriskuan jar baditzake.
e) Dorrearen babes-eremuaren barruan, babespeko ondasunen baratze, fatxada eta estalkietan publizitate komertziala jartzea, ezta edonolako kable, antena eta hodi nabarmenak ere.
22. artikulua.– Historia-balioa duten dorreetan debekatutako jarduteak.
1.– Historia-balioa duten dorreetan, berariaz debekatuta daude:
a) Karga-hormen, leihoburu eta ateburuen, arkuen, gangen eta eskailera-lauzen harrizko piezetan horma-zuloak egitea.
b) Dorrearen ikuspegiarekin edo pertzepzioarekin lotutako kutsadurak; alegia, ondasuna ikustea eragozten, galarazten edo itxuraldatzen duten esku-hartze, erabilera edo ekintzak, eraikuntza izan edo ez izan. Zehazki, dorrearen babes-eremuaren barruan, ondorengo elementuek ezingo dute eraikin multzoaren ikuspegia eragotzi:
– Eraikuntza berriak.
– Aldi baterako eraikuntza edo instalazioak, beren altuera, bolumetria edo distantzia direla eta, pertzepzioa nahas dezaketenak.
– Energia hornitzeko, sortzeko eta kontsumitzeko zein telekomunikazioetarako behar diren instalazioak.
– Idazkunak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea.
– Hiri-altzariak, eguzki-oihalak, beilatokiak, kioskoak eta abar barne.
– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak.
– Beste edozein elementu edo jarduera, eraikina izan gabe ere, higiezin babestuen pertzepzioa, gozamena, begiratzea edo osotasuna itxuraldatu edo horiengan eragin negatiboa izan badezake eta, nolabait, babespeko balioak arriskuan jar baditzake.
c) Dorrearen babes-eremuaren barruan, babespeko ondasunen baratze, fatxada eta estalkietan publizitate komertziala jartzea, ezta edonolako kable, antena eta hodi nabarmenak ere.