Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2018ko otsailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
880

AGINDUA, 2018ko otsailaren 9koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez Orioko (Gipuzkoa) Mutiozabal ontziola monumentu-kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatzen baita Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Orioko (Gipuzkoa) Mutiozabal ontziolak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Mutiozabal ontziola Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2017ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez (irailaren 20ko EHAA, 180. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, alegazioak aurkeztu zituzten Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak saileko Portu eta Itsas Gaietako zuzendaritzak, Orioko udalak eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Gipuzkoako Probintziako Kosta zerbitzu Publikoak.

Behin aurkeztutako alegazioak aztertuta, erantzuna eman zaie, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txosten teknikoen bidez (txostenok espedientean daude).

Txosten horietako ondorioak ikusita, aurkeztutako alegazioak onartzen dira eta I. eta II. eranskinak aldatzen dira helburu hauekin: planoan sartzeko Portuko Jabari Publikoaren muga eta Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren, Bide Zortasunaren eta Babes Zortasunaren lerroak; mugaketatik kanpoan uzteko lurzatiaren mendebaldeko muturra, non kokatzen den kontserba-fabrika eta etxebizitza-eraikina; arrapala/ontziralekua udalarena dela dioen erreferentzia kentzeko eta deskribapenean sartzeko Mutiozabaleko industria-jarduerak garatzeko emandako emakida historikoen aipamena.

Hori guztia dela eta, aipaturiko 7/1990 Legearen 17. artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Orioko (Gipuzkoa) Mutiozabal ontziola Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, betiere Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.– Eskaera egitea Orioko Udalari, higiezin hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.

Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Orioko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

Seigarrena.– Inskribatze-agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatze-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 9a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Deskribapena.

Mutiozabal ontziolaren babes-arloak muga hauek ditu: iparraldetik, Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJB) mugaketa, kaiaren ertz eraikiarekin bat datorrena; mendebaldean, udal arrapalaren/ontziralekuaren mendebaldeko muturra (mugaketaren barruan dagoena); hegoaldetik, etxebizitza eraikinaren oraingo lurzatiaren muga (mugaketatik kanpo dagoena) eta Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuaren muga; eta ekialdean, Arín Embil altzari-fabrika dagoen lurzatiaren ondoko lurzatiaren muga. Kaiaren aurrealdea, bere luzera guztian eta ontziolaren eta gatzitze-nabearen iparraldeko fatxaden planoa aurkitu arte, portuaren jabari publikoan (PJP) dago.

b) Justifikazioa.

Babes-arloa mugatzeak ondasun babestuen, ingurumen-balioen eta paisaia-balioen berezko ezaugarrien balioa behar bezala azpimarratzen direla bermatzeko beharrari erantzuten dio.

Horretarako, ontziolaren eraikina ez ezik, historikoki ontzigintzaren arlokoak izan diren edo ontzigintzari lotuta egon diren zenbait jarduera gauzatzeko lan-espazioak ere sartu dira, jarduera horiek gabe ezin izango balitzateke irakurri haien arteko harremana, ingurumen fisikoarekin duten elkarreragina, haien espazio-antolaketa, funtzionaltasuna, esanahia eta bilakaera, hori guztia ingurune dezente hondatu batean non dagoeneko ezin baita identifikatu Oria ibaiaren bazterrek zurezko itsasontzigintzaren historian izan zuten iragan aipagarriaren aztarna gehiagorik.

Eranskin honi erantsitako planoan dago grafiatuta deskribatu den babes-arloa.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Mutiozar ontziola Orioko udalerrian dago, Oria ibaiaren azken meandroaren ezkerraldeko ertzean, bokalera iritsi aurretik. Bere hegoaldean, lurzatiak GI-634 errepidearekin muga egiten du; errepide horretan zehar Donejakue Bidea doa. Historikoki, estuarioko eta balio kultural eta natura-balio handiko paisaia honetan arrantzari lotutako jarduera ekonomikoak (arrantza, ontzigintza, kontserba-fabrika, merkataritza, eta abar) gauzatu dira, eta frogatuta geratu da nolako garrantzi ekonomikoa zuen 1293an, dokumentu bidez egiaztatu baita Orioko kaia burdina-esportatzaile garrantzitsutzat jotzen zela garai hartan. Merkataritza-jarduera horrek izandako arrakastaren ondorioz, ontzi-industriak berealdiko indarra hartu zuen Usurbilen eta Orion, eta, neurri txikiagoan, Aian ere bai.

Oria ibaiaren ur-bazterrak, gutxienez XIX. mendera arte, Gipuzkoako ontzigintzako ingurune garrantzitsuenetako batzuk izan ziren, eta, zenbait unetan, are penintsula osokoak ere. Ibaiertzetan, tamaina desberdinetako ontziolak zeuden, ekoizpena alturako nahiz baxurako arrantzaren beharrak asetzera bideratzen zutenak; kabotajeko nahiz Indietako itsas bideetako merkataritzari, eta burdin mineralaren eta are Errege Armadaren garraioari begira ere egiten zuten lan. Industria hura aldeko faktore batzuei esker hedatu zen, hala nola arroak mailak ezartzeko zituen ezaugarri topografiko bereziak, inguruko mendietako kalitate handiko egurraren ugaritasuna, materialak eta tresnak ontzigintza-instalazioetaraino garraiatzeko erraztasuna, eskulan eraginkor eta kualifikatuaren ugaritasuna eta ontzien metalezko elementuetako asko fabrikatzen ziren bailaran burdinolak egotea.

Ontzigintza tradizionalaren funtsezko osagaia egurra zen, eta ontzia osatzen zuten atalak egiteko zuhaitzik egokienak hautatuz hasten zen itsasontzia egiteko lana. Behin ontziolan, gila eta brankako korasta muntatzen ziren lurrean, gero popakoa, eta azkenik kostilak. Hori egindakoan, alferrak eta bagrak muntatzeko unea iristen zen, eta, orduan, iltzatze- eta torlojutze-lana hasten zen: lehenengo, atzeko mataderak; gero, branka eta popa; ondoren, forrua muntatzen zen, eta, bukatzeko, iltzeak enbutitzen ziren. Ontzia eskuilatu, bikeztatu, lixatu, masillaztatu eta margotu ondoren, lana bukatutzat jo zitekeen.

XVI. mendearen bigarren erdialdekoak dira ontziak Oria ibaiko ontzioletan egiten zirela zioten aurreneko albisteak; mailetako ekoizpen-erritmoa hainbestekoa zen ezen, 1600. urterako, lan hori eskualdeko nabarmenetako bat baitzen. XVI. mendetik XIX. mendera bitartean, Oria ibaiaren bazterretan gutxienez sei ontziola zeuden: Usurbilen, Mapil, Aguinaga, Rutarte eta Urdaiaga; Orion, Erriberako ontziola, eta Aian, Altxerri eta Arratolako mailak. Ontziola horiek lur-eremu txikietan kokatuta egoten ziren eta ez zuten azpiegitura handirik behar izaten: espazio batzuk ziren soilik non zenbait maila ezarri baitzituzten eta gizonak eta materialak biltzen baitziren ontziak eraiki eta konpondu bitartean. Jarduera XVIII. mendearen bukaerara arte mantenduko da. Mende hartako erdialdeko urteetan, ontzigintzaren ardatz nagusia Oriora aldatu zen, partikularrentzako ontzi txikiak egiten hasi baitziren. XIX. mendearen hasieran, euskal ontziolen jarduera, eta zehatz esanda, Gipuzkoakoena, atzera egiten hasi zen, eta I. Gerra Kalistaren ondoren, goraldi bat bizi izan zuen non, sekulako aurrerakada egin baitzuten egurrezko ontziak egiten zituzten ontziola tradizionalek, eta hori paradoxikoa da, garai hartan nabigazio atlantikoan nabarmentzen hasi baitziren lurrunak mugiarazitako burdinazko ontziak. Egoera berri horrek nabarmen murriztu zuen ontziola kopurua arroan, mende bukaeran; XX. mendearen zati handi batean, oraindik ere ontzigintza zen Orioko jarduerarik garrantzitsuenetako bat.

Oria ibaiaren bazterretako ontzigintzaren historian, Mutiozabal familia nabarmendu beharra dago, 131 urtez jardun baitzuen jarduera horretan, 1798tik 1929ra bitartean, Usurbilgo Aginaga ontzioletan, eta geroago, Orioko Arratola eta Mutiozabalekoetan. Garai hartan, hiru belaunalditako kideek erakutsi zuten gaitasun tekniko handia zutela eta beren garaiko aitzindariak izan ziren, merkatuaren ezaugarri berrietara egokitu eta ontzi mota berriak sortu zituztelako.

Zehatz esanda, Jose Manuel Mutiozabal Gipuzkoako ontzigilerik garrantzitsuena izan zen XIX. mendean, eta haren semea, Miguel Antonio, 1888ra arte, Euskadiko handienetako bat. Miguel Antonio nabarmendu zen bai landutako ontzien kopuruagatik bai Frantzian trebakuntza hartu bitartean ikasitako aurrerapen teknologikoak aplikatzen aitzindarietako bat izateagatik. Bere ausardiaren erakusgarria izan zen, esaterako, 1878an fabrikatu zuela Euskadiko lehenengo lurrun-ontzia (2. Ugarte), Laffossey etxeko lurrun-makinaz hornitua eta Lasarteko Laffossey tailerretan egokitua. Ekimen hura bultzada berritzaile bat izan zen Gipuzkoako ontzigintzarentzat, bere burua modernizatu behar baitzuen, Euskadiko portuetara Ingalaterrako burdinazko ontzi asko etortzen zirela ikusita.

Orioko Mutiozabal ontziolaren ibilia 1887an hazi zen: une hartan Sustapen Ministroaren Errege Aginduz eman zitzaion Miguel Antoniori emakida kostaldeko errepidera bitarteko Padura saneatu eta aprobetxatzeko, zubitik Atarrolako arrapala publikora arteko zatia. Mutiozabalek bere bazkideekin batera «Sociedad Mutiozabal, Arín y Arrizabalo» sozietatea eratu zuen, egurraren salmentan jarduteko asmoz, baina laster erabaki zuten altzari-fabrika bat irekitzea, Usurbilgo ontziola familiarreko materialaz eta makinez egina eta hornitua. Jarduera horrekin batera, ontzigintzan ere aritu ziren. 1899an hiru ontzi egin zituzten: Joven Julian goleta-brigantina, Irurak bat baporea eta Donostiako Klub Nautikoarentzako baltsa bat.

1897an eta sozietatea likidatu eta gero, Miguel Antoniok Domingo Ezeiza obra-maisuari enkargatu zion etxebizitza bat eraikitzea zeinari Uriberri izena jarri baitzion. Etxebizitza hura oinplano errektangularrekoa zen eta hiru solairu zituen; erliebeko inpostaz apainduta zegoen, harlangaitz-horma zarpiatuzko murrua eta bi isurialdeko teilatua zituen, eta gailurra fatxada nagusiarekiko zuta zen. 1904an, gatzitze-industrian hasi zen, eskabetxeria etxebizitza-eraikinaren ondoko pabiloi batean eraikiz. Etxebizitza hura oinplano errektangularrekoa zen eta solairu bakarra zuen. Itsasadarrarekiko paraleloak ziren bi hormarte zituen, harrizko euskarrien gainean zeuden egurrezko 5 zutoinek bereizirik zeudenak; bi isurialdeko teilatu bikoitza, pendoloi-zertxen egitura eta zurezko grapa zituen. 1923ra arte, ontzi hura behin eta berriro hartu zuten errentan zenbait kontserbagilek, ondoko etxebizitzaren beheko solairuan prestatu zuen biltegiarekin batera.

1910ean, bapore txikien arrantzak egin zuen aurrerakadak pizturik, Mutiozabalek Orioko Udalari baimena eskatu zion etxe ondoan ontziola apal bat eraikitzeko, eta, gainera, dike txiki bat eraiki zuen, konponketak egiteko, eta arrapalaren gainerako zatia eraikuntza berrirako utzi zuen. 1929an, Murgiondo, Uranga y Cia sozietateari alokatu zizkioten instalazioak, San José baporea egiteko, eta Miguel Antonioren heriotzaren ondoren (1931), bere seme Paulino Mutiozabalek hartu zuen ontziolen gidaritza, eta zenbait eraikitzaileri alokatu. Gainerako instalazioak ere alokatu eta kontserbagintzan erabiltzen hasi ziren.

Gainera, Mutiozabalek jakin zuen aldi berean jarduten ontzigintzan eta gatzitze-industrian, eta, hórrela, 1923. urtean Gipuzkoako Gobernu Zibileko Obren Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu zuen ere ibaiaren ezkerraldeko beste padura bat saneatzeko eta gatzitze-industria zabaltzeko. Instalakuntza horiek jarraian alokatu eta kontserbagintzarako erabiliko dira.

1954tik aurrera, Ostolaza arotza izan zen ontziolaren nagusia, Francisco Carrera «Txanka» eta Agustín Gozategi «Karraballo»rekin batera. Tradiziozko moldeei eutsi arren, ontzien diseinuan berrikuntzak egin zituzten. Lehenengo belaunaldi horren ondoren, Agustín Gozategiren eta José Ramón Carreraren seme-alabak etorri ziren. Baina 1980an eten zen ontziolaren jarduera bikaina, egurraren ordez material sintetikoak erabiltzen hasi zirelako.

Mutiozabal familiak ontzigintzan duen historiaren zati handi bat, eta Orioko ontziolarena, dokumentu-ondare garrantzitsu batetik abiatuta berreraiki da. Mutiozabal bilduma, Donostiako Aquarium-ean dagoena, mutiozabaltarrek 1785etik 1910era bitartean egindako ontzien planoek osatzen dute. Ontziak era askotakoak dira: XVIII. mendeko fragatetatik eta XIX. mendeko zama-goletetatik hasita, arrantzarako eta zamarako txalupa apaletara, traineruetara, eta bateletara edo ibaiko ontzietara, hala nola gabarrak, hegalak eta zenbait bapore eta aisialdiko yate. Gainera, Untzi Museoan Carrera bilduma dago, Carrera Txanka familiak emana, Orioko ontziolan 1930etik aurrera egindako ontzien planoekin batera.

Dokumentazio hori azterturik ikusi ahal izan da ezen XIX. mendean ere, zenbait ontzi-motaren moldeak definitzeko, diseinu ez-grafikoren metodoak erabili zirela Mutiozabalen, metodo horien bidez ontzi bat definitu eta egin baitaiteke bere kostila nagusiaren txantiloi bakar baten eraldaketa arautuen bidez. Metodo haiek antzinateko zenbait geometrialari garrantzitsuk asmatu zituzten eta XV. mendetik aurrera zabaldu ziren Europan zehar. Europako herri gehienen ontzigintzaren euskarri teknologikoak izan dira harik eta, XX. mendearen hasieran, ingeniaritzan oinarritutako diseinu-metodoak erabiltzen hasi ziren arte, metodo berri haiek egokituta baitzeuden lurrun-ontzien eraldaketara.

Orioko Udalak inbentario bat prestatu du, kontserbatutako ondare higigarriena: zuraren lanarekin lotutako makinak, tresna txikiak, lanerako mahaiak, erregelak eta zuakerretarako txantiloiak.

Mutiozabal ontziolaren kultura-balio babestuak honako hauek dira:

1.– Ondasun higiezinak.

Ontziolaren nabea solairu bateko bolumen bat da eta oinplanoa apur bat trapezoidala du (15 x 12 m). Konpartimentuetan banatuta ez dagoen erdi bakar batekoa da nabea, eta kaira beherantz egiten duen arrapala batean kokatuta dago. Egurrezko 5 portikok osatzen dute barruko egitura, eta kanpoko bi tijerak ordezkatu dituzte. Barruan, solairuarte txiki bat dago, bulegoak hartuta daukana. Goialdean, itsasadarrera ematen duen fatxadak egur desmuntagarrizko listoien itxitura bat du, ontziaren tamainaren araberakoa, eta behealdeko bao ireki bat ere badu, hormigoizko zutabeen artean kokatua eta, lehenago, ataripe batek babestua. Mendebaldeko fatxada harlangaitz-hormako zokaloaz eta hegalerainoko egurrezko entablazioaz eginda dago. Hegoaldekoa ondoko bolumenarekin bihurtu zuten erabilezin (gaur egun eraitsita dago bolumen hori). Ontziak uretaratzeko iparraldeko baoa ez ezik, alboko ate bat ere badu nabeak, ateburua duena. Teilatuak bi isurialde ditu, eta gailurra fatxada laburrekiko zuta da, teila laua du eta baoak ere bai, barruko lanak egiteko goitikako argiztapena izateko. Iparraldean, tailer bat babestu zuen teilape bat dago, egoera txarrean, itxuraz batere ondare-baliorik ez duena.

2.– Kanpoko espazioak:

Lanerako maila oinplano okertuan zabaltzen da ontziolaren barrualdetik kairaino. Haren luze-zabal osoan ontzi-sekzioaren itxura du, eta lurrean zuzenean finkaturik dago, eta horrek bidea ematen zuen haren neurriak egiten ari ziren ontzira egokitzeko, ibaiaren beste aldeko bazterretik arrapalan zehar arrastaka eramaten baitzuten ontzia. Ondoko arrapala/ontziralekua ere mantentzen da.


Azterketa dokumentala