Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2017ko azaroaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5570

248/2017 DEKRETUA, azaroaren 14koa, Dimako (Bizkaia) Baltzola eta Axlor haitzuloak monumentu-multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Bere gain hartutako eskumena gauzatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Eskumen horiek baliatuta, Dimako (Bizkaia) Baltzola eta Axlor haitzuloak kalifikatzeko espedientea tramitatzen da, duten kultura-interesa ikusita.

2017ko abuztuaren 28ko Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bidez (2017ko irailaren 1eko EHAA, 167. zk.) hasiera eman zitzaion aipatutako haitzuloak monumentu-multzo kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak egin ondoren, ez da alegaziorik egon.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 14ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Dimako (Bizkaia) Baltzola eta Axlor haitzuloak sailkatutako kultura ondasun deklaratzea, monumentu-multzo kategoriarekin.

2. artikulua.– Ondasunaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da, bertan adierazitako arrazoiak oinarri dituela.

3. artikulua.– Sailkatutako ondasunaren deskribapena egitea, kultur ondarearen alorrean indarrean dauden legeek diotenaren arabera, dekretu honen II. eranskinean adierazitako eran.

4. artikulua.– Dekretu honen III. eranskinean agertzen den babes-araubidea onartzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko ditu Baltzola eta Axlor haitzuloak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Dimako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskaera egingo dio Dimako Udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko azaroaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

AZAROAREN 14KO 248/2017 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
MUGAKETA

Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoa Baltzola, Axlor eta Baltzola II haitzuloetan kokatutako interes arkeologikoko aztarnategiek osatzen dute, baita horien etorkizuna bermatuta gera dadin behar den ingurune guztia.

Espediente honen bidez deklaratzen diren barrunbeek planoan duten kokapena ikusita, eta barrunbe horiek sistema geologiko beraren parte direla jakinda, natura-interesaz gain, haren mugaketa, Indusiko karsta, hartu da abiapuntutzat monumentu-multzoa mugatzeko. Mugaketari aldaketa txiki batzuk egin zaizkio, lurraren morfologiak berak hala eskatu duenean, eta mugaketa hori bideetara, basoen mugetara, erreketara edo lursailetara (hala bazegokion) egokitu da. Mugen inguruko zehaztasun handiagoa izateko, ikusi eranskin honen planoa.

(Ikus .PDF)
AZAROAREN 14KO 248/2017 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoa kokatzen den substratu geologikoa kareharri urgoniarreko amildegi dezimetrikoz osatuta dago. Kareharri horiek garapen karstiko handikoak dira, eta harearriko faziesekin eta Behe Kretazeoko limonitekin aldizkatzen dira.

Hor Baltzola sistema edo Indusiko karsta deritzona dago. Oso sistema konplexua da: hainbat galeria aktibo eta fosildu ditu. Bertan hainbat haitzulo-aho daude, eta horietako batzuek erdi paleolitotik paleolito osteko aroetara okupatuta egon zirela adierazten duen aztarnategi arkeologikoa dute. Sisteman hiru aztarnategi arkeologiko daude: Baltzola, Axlor eta Baltzola II; lehenengo biak dira nabarmenenak.

Baltzola dimentsio handiko barrunbe bat da, eta hiru aho ditu. Horietako bitik (Baltzola edo Atea eta Erdikoate) dimentsio handiko atarte batera ailegatzen da. Atarte horrek jarraipena du ezkerreko aldetik, eta, 125 metroko galeria zabal batetik igaro ostean, hirugarren sarrerara iristen da (Gibiltar). Atartearen erdialdean, harrizko blokeen nahas-mahas bat dago, eta horiek 10 metro baino gehiagoko desnibela sortzen dute eskuineko galeria handiraino. Galeria horrek kilometro eta erdi baino gehiagoko luzera du. Galeria horren hasieran El Redil (korralea) izeneko eremua dago, eta bertan dago aztarnategi arkeologikoaren zati nagusia. Haren gainean, 3 metroko garaieran, zenbait hilobi dituen erlaitz bat dago (Locus I).

Kultura-segida horretan, zeramika-aldiak, Azil aldia, Amaierako Goi Madeleine aldia eta Moustier aldia ageri dira. Horrez gain, giza aztarnak ere aurkitu dira, aro berriagoetan izan zuen hilobi-funtzioen adierazle.

Baltzolatik 200 metrora Axlorko babeslekua dago, eta, txikiagoa bada ere, ez du interes gutxiagorik zientziaren aldetik. Oso erraz ezagut daiteke hori, sarrera ixten duen burdin hesi bat du eta. Ipar-mendebaldera begira dago eta handia da (13 metro zabal eta 3,5 metro garai). Atarte zabal batera ematen du. Atarte hori lohiz betetzen da 8 bat metrora. Hala ere, nahiz eta gaur egun sartzea ezinezkoa den, bere garaian galeria batera sartuko zen hortik. Haren gainaldearen zati handi batean ikerkuntza arkeologikoko lanak egin dira, eta argi eta garbi Moustier aldiko kokaleku bat igarri da bertan, Neanderthalgo gizakiak Bizkaian utzitako aztarnarik zaharrenetako batzuez gain.

Sistema geologiko berean, izendatze-eremuan, Baltzola II haitzuloa dugu (interes arkeologiko txikiagokoa).

Hego-mendebaldera begira dagoen aho bat du, gutxi gorabehera triangelu-formakoa, eta 1,5 metro zabal eta 1,3 metro garai da. Hortik 6 metro luze den galeria bat abiatzen da, eta haren atzean 13 metro luze eta 10 metro zabal den areto bat dago. Areto horretatik, galeria nagusi bat irekitzen da iparraldera, eta hor beste albo-galeria txiki batzuk hasten dira.

Galeria horretan dagoen aztarnategiari dagokionez, zeramika-aztarnak aurkitu ziren, eta, eskasak eta eztabaidagarriak badira ere, Eneolito-Brontze Aroan momenturen batean okupatuta egon zela adierazten dute.

Halaber, multzoa osatzeko, natura-interes bereziko ingurunea dugu. Multzoa ingurune horren parte da, eta, gainera, ingurune hori euskal mitologiaren kondaira handien lekua da; izan ere, kondairaren arabera, Baltzolan Mari bizi da. Bestalde, jentilak igarotzen ziren Jentilzubiko Arkua izenarekin ezaguna den egitura naturaletik.

Oso leku ezaguna da, eta, ondorioz, hainbat pertsonak bisitatzen dute. Batez ere, eskalatzeko eta espeleologia egiteko bertaratzen da jendea, jarduera horiek egiteko topagune tradizionala eta erreferentziazko lekua da eta.

AZAROAREN 14KO 248/2017 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1 artikulua.– Aplikazio-eremua.

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du monumentu-multzo kategorian sailkatutako Baltzola eta Axlor haitzuloetako gune arkeologikoak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarna, egitura eta eraikuntza guztiak. Multzoa Dima udalerrian dago, Bizkaiko lurralde historikoan.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide hau Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan xedatutakoari jarraiki idatzi da. Kultura-ondasun kalifikatu gisa sailkatutako Baltzola eta Axlor monumentu-multzoaren adierazpenaren parte da, eta hirigintza-plangintzarako loteslea da, lege horren 28.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. artikulua.– Zonakatzea.

Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoaren babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, bi eremu bereizi behar dira:

1. eremua. Espediente honetan jasotako haitzuloetan dagoen aztarnategi-eremu osoa: Baltzola, Axlor eta Baltzola II. Aztarnak ezin dira agerian jarri metodologia arkeologikoa aplikatu gabe, eta, horretako, eskumena duen administrazioak baimena eman beharko du aldez aurretik. Horietan baimendu beharreko erabilerak zientifikoak eta aztarnategia kontserbatzekoak izango dira bakarrik. Salbuespena izango da Baltzolako galeria nagusian kokatutako aztarnategi-eremua. Hor eskalada eta espeleologia egitea onartuko da, baina mugatuta egongo dira.

2. eremua. Aztarnategien ingurune zabalago bat, aztarnategiei beren balioa emateko eta arriskuetatik babesteko beharrezkoa dena. Eremu horren mugaketa Indusiko karstetako mugek zehazten dute nagusiki. Iparraldean, 271, 272, 274, 297, 296, 295 lursailen hegoaldeko mugarekin topo egiten du, eta hortik ibai bateraino doa: ibai hori izango da ekialdeko muga, eta 401 eta 402 lursailen arteko mugarekin eta bidearekin jarraitzen du; hegoaldean, 87 eta 13 lursailetako mugarekin ixten da, angelu zuzen bat egin arte, 262 eta 1 lursailetako mugatik jarraituz. Hortik diagonalean igotzen da, mendebaldean 407 eta 408 lursailen eta 508 lursailaren arteko mugara iritsi arte (ikus I. eranskina).

4. artikulua.– Babes-maila.

1.– Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko arkeologian adierazgarri garrantzitsua izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak eragoztearren.

2.– Kontserbazio-mailako babesak kontserbatu beharreko balio kulturalek kalterik ez jasotzea bermatuko du. Bertan egin ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren garai bateko jarduera ulertzen lagundu dezaketen egiturak –edo aztarnak– finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

3.– Monumentu-multzoa dagoen inguru naturalean egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu multzoa bera funtsean aldatzen. Kultura-jarduerekin zerikusia duten erabilerak sustatuko dira.

4.– Baltzola eta Axlor haitzuloetako (1. eta 2. eremuak) monumentu-multzoan egin beharreko jarduerek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren aldez aurreko baimena jaso beharko dute, eremu horretan aitortutako ohiko jarduketak izan ezik (aisialdia, igarotzea, mendi-ibilaldik, espeleologia edo eskalada). Kultura Sailak honako babes-araubide honetan ezarritako xedapenak kasu guztietan betetzen direla bermatuko du, haitzuloak dauden natura-intereseko gunea dela medio, udalak bere araudian ezarriak dituen ingurumen-arloko eskumenei kalterik egin gabe.

5.– Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoaren eremuan egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen baimenak kultura-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari jakinarazi beharko zaizkio, bai eta gainerako interesdunei ere.

5. artikulua.– Hirigintza-plangintzako eta -antolamenduko tresnak egokitzea.

Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoa ondasun kalifikatu gisa jaso beharko da Dima udalerriko plangintza-tresnetako Kultura Ondareko Katalogoetan. Era berean, plangintza-tresna horiek babes-araubide honetan mantentze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, horiek onesteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak egindako aldeko txostena beharko da.

Plangintza-tresna horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat ez badatoz edo horien aurka badoaz.

II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA

6. artikulua.– Arau orokorra.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ezarritako babesaren aurkako erabilera eta jardueratzat joko da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, orain babes-araubide honetan adierazi ez diren beste erabilera batzuekin bateragarri egiteko beharra planteatzen bada, Eusko Jaurlaritzak gune arkeologikoaren erabilerak aldatu ahal izango ditu, hala badagokio eta dagozkion txostenak ikusita, baldin eta aldaketa horiek lurra iraultzen ez badute eta gune babestuan dauden aztarna arkeologikoak hondatzen ez badira.

7. artikulua.– 1. eta 2. eremuak.

1.– Baimendutako erabilerak eta jarduerak: kultura-erabilera, ikerkuntza-erabilera eta hedatzea.

1. eremuan baimendutako erabilera nagusia, 2. eremuarekin partekatua, ikerketa arkeologikoari begira eta aztarnak bere horretan mantentzeko helburuari begira egindako jarduera zientifikoak dira.

Lehenengo eremuko jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia osorik hartuko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta, horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, duen balioa eman ahal izateko gerora begira.

1. eta 2. eremuetan kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, aztarnak kontserbatzeko kaltegarriak ez badira. Horien bidez, aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen balioak ezagutzera emango dira. Babestutako eremua kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horretarako, bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo xumeak egingo dira, erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat edo beste berreraikiko da, eta abar.

Baltzola eta Axlor haitzuloetako monumentu-multzoaren eremu arkeologikoan egin beharreko jarduera kulturalak eta arkeologikoak aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundian kultura-arloan eskumena duen sailaren baimena izatea, jarduera horiek eremuaren kontserbazioarekin bateragarriak direla bermatzeko. Bestalde, arkeologiako aditu batek zorrotz kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

1.1.– Ikerkuntza- eta hedatze-jarduerak egiteko irizpide orokorrak.

Esku-hartzeak ahalik eta gehien murriztea izango da, edozein dela ere esku-hartze mota, inguruan erabili beharreko irizpide nagusia, bereziki 1. eremuan. Bizkaiko Foru Aldundiak irizpide hori izango du beti baimena jasotzeko aurkezten diren proiektuak aztertzerakoan.

1.2.– Ikerketa- eta kontserbazio-proiektuek bete behar dituzten baldintzak.

Zorua berriz jarriko dela eta haren bolumen naturala berrezarriko dela bermatu behar du indusketak, horrek aztarnategiko aztarna arkeologikoak oso-osorik kontserbatzeko arazorik sortzen ez badu, edo beharrezkoa ez dela justifikatzen bada.

Indusketa arkeologikorako lanek aldez aurretik ziurtatu behar dute lurra kentzeko lanak nola antolatu, eta, horretarako, zoruari kalte gutxien egiteko moduko tokietan beharrezkoak diren hondakindegiak sortuko dituzte. Hondakindegiek balio behar dute lurzorua bere onera ekartzeko, lan arkeologikoko kanpaina bakoitza amaitu ondoren, behin betiko amaitu arte itxaron gabe.

Edozein aztarnategitan egindako indusketaren ondorioz profil malkartsua mantentzea planteatzen bada, amilburuak sendotzeko, estaltzeko eta abarrerako benetako neurriak hartu beharko dira, hurrengo kanpainara arte denbora igaro ahala aztarnategia galtzeko edo hondatzeko arriskurik egon ez dadin. Hala ere, konponbide hori behin-behineko konponbidetzat hartuko da, eta bakarrik onartuko da aztarnategiko sektore berean egingo diren lanak egiteko denbora-tartea urte batekoa bada (urtea gainditu gabe). Denbora hori igarota, behin betiko babesa ziurtatu beharko da (gutxienez, aztarnategia erabat estaliz eta lanak hasi zirenean zuen mailara ekarriz).

Baimena eskatzeko aurkezten den proiektuak baldintza horiek guztiak beteko dituela bermatu beharko du. Osterantzean, Bizkaiko Foru Aldundiak, proiektua onartu baino lehen, baldintza horietara egokitzeko eskatuko du.

Aztarnategietan edozein esku-hartze egiteko, arkeologo baten koordinazio-lana beharko da. Haren gaitasun profesionala Bizkaiko Foru Aldundiak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da. Esku-hartzeko proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak egokiro kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak adieraziko dira beti, bai eta lan horien egutegia eta aurrekontua ere. Baldintza horiek bete ezean, jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.

Aztarnategiak sendotzeko eta lehengoratzeko, itxiturak eta informazio-panelak instalatzeko eta abarrerako proiektuak egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak baimena eman beharko du halabeharrez. Horretarako, lanak koordinatuko dituen arkeologo batek gainbegiratutako proiektu bat aurkeztu beharko da. Halaber, jardueraren arabera, beste profesional batzuek ere gainbegiratu beharko dute. Proiektuan esku-hartzearen ezaugarriak zehaztuko dira, eta, ahalik eta esku-hartzerik txikiena egingo da beti, aintzat hartuta esku-hartze hori itzulgarria izan behar dela.

Monumentuari duen balioa emateko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa baten bidez. Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzukizuna izango da berme horiek eskatzea administrazioari edo proiektua sustatu duen erakunde pribatuari edo publikoari, jarduera gauzatzeko baimena eman aurretik.

1.3.– Instalazio berriak.

Eremu horretan instalazio berriak egitea planteatuko balitz, ikerkuntzarako eta multzoari balioa emateko eta kontserbatzeko edo mantentzeko beharrezkotzat jotzen direnak baino ez dira baimenduko.

Ahalik eta txikienak izango dira, eta ahalik eta gutxien, ikusizko inpaktua ere txikiena izan dadin. Gainera, erraz desmuntatzeko modukoak izango dira. Tokiaren kultura-interesaren berri ematen duten kartelak, eta hura interpretatzeko eta ulertzeko jartzen direnak, –halakorik planteatzen bada– egitura bakar batez osatuta egongo dira 1. eremuan, ahal dela aztarnategietan jadanik instalatuta dauden itxitura-egituretan finkatuta; ikusizko inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin. 2. eremuan kartelen beharra dagoela ikusten bada, gehienez nahikoa izango da haitzuloetako aztarnategiari eta bestelako balio kulturalei eta naturalei buruzko argibideak emango dituzten kartel birekin. Ahal izanez gero, eremura sartzeko puntu nagusietan jarriko dira. Instalazio horiek egiteko materiala, ahal dela, zura izango da.

Baltzolako aztarnategia Erdikoate izenarekin ezaguna den ahoko eremuan babeste aldera, lurpean egin daitezkeen legez kontrako hausteetatik eta harrapaketetatik babesteko plataforma bat egin behar da, eta aztarnategia dagoen eremua hartu beharko duena. Instalazio horrek, lurrera finkatuta egon behar badu ere, desmuntagarria izan behar du ikerketak hala eskatzen duenean, eta ezin izango du aztarnategia hondatu. Sendoa eta metalikoa izan behar du. Hala ere, aztarnategiaren maila gainditzen ez duen sare- edo sareto-egitura izan behar du, ikusizko inpaktua ahalik eta txikien izan dadin. Babes hori eremu horretan eskalada egiten den bitartean mantenduko da.

2.– Erabilera onartuak.

2.1.– Eskalada.

Eskaladan jardutearen ondorioz, Baltzolako haitzuloko balio kulturalak ez dira galdu behar. Hala ere, eskaladak zaildu egiten du Baltzolako galeria nagusiaren erdialdean dagoen aztarnategia ixteko eta zaintzeko konponbide bat berme osoarekin hartu ahal izatea; izan ere, eskalada egiten dutenak zintzilikatzen diren gunearen azpian dago.

Barrunbe hori kirol-diziplina horretako erreferentea denez Europa osoan, eskalada onargarritzat jo da (bakarrik Baltzolako haitzuloan). Nolanahi ere, zenbait mekanismo abiarazi behar dira gutxika-gutxika jarduera hori beste leku batera eramateko; adibidez, galeria bereko Gibeltar izeneko ahora. Horrek aztarnategia ixteko aukera emango luke, eta hura babesteko eta zaintzeko aukera ere bai.

Halere, muga eta kontuz ibiltzeko neurri hauek ezarri dira:

a) Debekatuta dago eskalada-bide berriak irekitzea sarrera nagusitik (Baltzola edo Atea) Erdikoatetik harantzagora arteko zatian; dena den, jarduera horrekin jarraitu daiteke kontu handiz, eta joera izan behar du jarduera gutxitzea eta galeria handiko beste muturrera (Gibeltar) eramatea.

b) Debekatuta dago orain barrunbearen barruan dauden iltzeak berriz jartzea (Baltzolatik edo Atetik Erdikoate pasatu arte).

c) Erdikoateren aurreko eremuko lurpean gerta daitezkeen hausteetatik eta harrapaketetatik babesteko, instalazio bat jarri beharko da aztarnategia dagoen lekuan, artikulu honetako 7.1.3 atalean jasota dagoenez.

d) Haitzuloan ikerketa-lanak egiten diren bitartean, debekatuta egongo da eskalada egitea eta bertan sartzea. Halaber, ixteko eta zaintzeko mekanismoak eratu beharko dira, ikerketarako eta ikerketa egiten duen taldearentzako berme gisa. Ikerketa horren zuzendari erantzuleak, gutxienez, 15 eguneko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio udalari lanak hasiko dituztela, udalak eremua berme osoarekin ixteko eta kontrolatzeko behar diren baliabideak antola ditzan.

2.2.– Espeleologia.

Jarduera hori onartzen bada ere, jarraian adieraziko diren baldintzen eta mugen eraginpean egongo da (horietako batzuk indarrean dagoen udal-arauditik hartu dira):

a) Jarduera hori egiteko udalaren baimena eduki beharra dago, eta jarduera egin baino 3 egun lehenago eskatu beharko da gutxienez. Bertan jarduera egingo den eguna, egingo duten pertsonak eta ibilbidea jasoko dira. Egokitzat jotzen bada, pertsona kopurua eta haitzuloko iraupen-denbora mugatu ahal izango zaie jarduera egin nahi dutenei.

b) Ezin da haitzuloen barruan lo egin, ez eta hormetan edota zoruan aztarnarik uzten duten argiztapen-sistemarik erabili ere.

3.– Seinaleen beharra.

Multzoaren gune estrategikoetan araututako erabilera-mugaketak eta -baldintzak iragarri beharko dira, horren inguruan dauden araudiak aintzat hartuta (eskalada-, espeleologia- eta ikerketa-baimenak, hondatzerik eta margotzerik ez, haitzuloetan lo egitea, kanpatzea...), arauak benetan bete daitezen, multzoaren kontserbazio-egoera hobetzen laguntzeko. Seinale horiek bat egin beharko dute eremuan ikusizko inpaktua gutxitzeko irizpidearekin. Irizpide hori aipatu da artikulu honetako 7.1.3 atalean (ahalik eta gutxien, neurri txikikoak eta zurezkoak ahal izanez gero).

8. artikulua.– 2. eremuan onartutako beste erabilera batzuk.

1.– Basogintza.

Zuhaiztien hedadura bere hartan mantendu behar da. Natura-ingurunea behar bezala babesteko beharrezkoa bada eta hori horrela dela justifikatzen bada bakarrik hedatu ahalko da.

Oro har, debekatuta daude baso-soilketak eta matarrasako mozketak. Zuhaitzik moztu behar izanez gero, ikusita lurzorua zein ahula den, honako neurri hauek hartu beharko dira naturaren eta kulturaren ikuspegitik:

– Mozketa soila onartuko da bakarrik, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo ateratzeari begira.

– Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko, eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez, txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategietan zenbaterainoko kaltea egin dezaketen kontuan hartuta. Baldintza hauek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

– Edozein modutan ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, aurretik baimena eman dezan.

2.– Abeltzaintza.

Ingurunean jarduera tradizionala den aldetik, eta paisaia-aldetik interes bereziko naturagune gisa irautea lagundu dezakeen neurrian, abeltzaintza zilegi izango da. Hala eta guztiz ere, jarduera horrek ez du inoiz ekarriko naturagunearekin bat ez datorren eta abereak ukuiluratzeko edo ustiatzeko eskuarki erabiltzen den egiturarik.

Babes-araubide honek berariaz debekatuko ditu erabilera honekin loturiko instalazio edo eraikin guztiak.

9. artikulua.– Pistak.

Espresuki debekatzen da ibilgailu motordunak erabiltzea babesgunearen barruan; bakar-bakarrik onartuko dira segurtasun, zainketa, suteak direla-eta edo gunearen beraren kontserbazio-beharrak (kultura eta naturaren aldetik) daudenean.

Debekatuta dago monumentu-multzoan pista, bide edo bidexka berririk irekitzea.

10. artikulua.– Sarbidea eta mantentzea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak aztertu egin beharko du zein egoeratan dauden haitzulo-aztarnategiak non aurreko aldi batzuetan indusketa-lanak egin diren, baina hondakinak, ertzak, etab. kontserbatu eta sendotzeko planik izan ez duten. Azterketa horren helburua da jarduteko zer beharrizan dagoen zehaztea kasu bakoitzean, bai eta jarduera horien lehentasun-hurrenkera ezartzea ere. Jardueren artean, Baltzola II haitzuloa burdin hesien bidez ixtea egokia den planteatu ahal izango da, edota Baltzolako erdiko guneko lurzorua (aztarnategia dagoen lekua) babesteko gailu iraunkorren bat jartzea ere.

Nolanahi ere, ixteko edozein egituraren instalazioa gainbegiratuko eta baimenduko du beti Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak. Halaber, aztarnategiari kalterik sortzen ez zaiola bermatuko du, eta, horretako, ikusizko inpaktu txikiena duten diseinuak hautatu beharko ditu. Bestalde, ingurumen-balioak eta bertan aitortutako biodibertsitatea errespetatzen direla bermatzeko neurriak aintzat hartu behar dira.

Haitzuloetako aztarnategietan sartzen utziko zaie ikertzaileei eta espezialistei, baldin eta haitzuloak aztertzeko beharrezkoa bada, babesa edota azterketa ziurtatzeko neurriak ezartzeko helburuarekin. Era berean, dibulgazio-helburuekin sartzea eskatzen dutenei ere utziko zaie. Kasu guztietan, eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari bidaliko zaizkio. Kultura Sailak behar diren baliabideak jarriko ditu, bisita horiekin aztarnategiak hondatuko ez direla ziurtatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloan eskumena duten sailetako zerbitzu teknikoak nahi dutenean sartu ahal izango dira haitzulo horietan, behar bezala aztertzeko, zaintzeko, mantentzeko eta babesteko. Bi erakundeen arteko koordinazioa ahalik eta gehien zainduko da, lanak beharrik gabe bikoiztu ez daitezen.

III. KAPITULUA
BESTE XEDAPEN BATZUK

11. artikulua.– Gizarte-interesa.

Baltzola eta Axlor Dimako haitzuloetan (Bizkaia), monumentu-multzo gisa zehaztuetan, indusketa arkeologikoak egin ondoren, agerian geratu dira maila eta hondakin arkeologikoak, eta haiek babestea interesgarritzat jotzen da, aztertzeko, sendotzeko eta, hala badagokio, haien balioa agerian jartzeko. Hori dela eta, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, interes sozialekotzat hartzen dira.


Azterketa dokumentala