204. zk., 2017ko urriaren 25a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (249 KB - 5 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
5125
EBAZPENA, 2017ko urriaren 17koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei diru-laguntzak emateko 2017. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuak (2003ko urriaren 10eko EHAA, 198. zk.) euskal etxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen ditu. Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak atenditzeko dira.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, bidezkoa da 2017ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia egitea.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren 13.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio bere eskumeneko arloko diru-laguntzen deialdia, bere eskumen-eremuari dagozkion arloetan, eta horien ebazpena, aldiz, gaiaren araberako zuzendari eskudunek emango dute.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Euskal etxeei 202.000 euroko diru-laguntzak emateko deialdia egitea. Diru-laguntza horiek 2017ko ekitaldiari dagozkio eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak atenditzeko dira. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Ebazpen honetan eta irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARREnA
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 17a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.
ERANSKINA
Euskal etxeei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak. Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak atenditzeko dira.
Lehenengoa.– Xedea.
Oinarri hauen helburua da euskal etxeei laguntza ekonomiko zuzenak ematea, euskal gizataldetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak atenditzeko 2017. urtean zehar, beti ere, irailaren 30eko 222/2003 Dekretuko 2. artikuluan ezarrita dauden baldintzak betetzen badituzte.
Bigarrena.– Zenbatekoa.
Laguntza hauetarako 2017. urteari dagokion zenbatekoa 202.000 eurokoa da.
Hirugarrena.– Eskabideak baloratu eta aukeratzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko, eskabideetan egiaztatutako egoeraren larritasuna baloratuko da, honako baldintza hauen arabera:
– Familiaren egoera ekonomikoa, herrialdearen batez besteko errenta kontuan izanik: 5 puntu gehienez.
– Osasun arriskuaren larritasuna edo muturreko egoeraren larritasuna: 15 puntu gehienez.
– Egiaztatutako premiari aurre egiteko eskatutako zenbatekoaren egokitasuna: 5 puntu gehienez.
2.– Puntuazioetan berdinketak izanez gero, hauxe egingo da:
– Lehenik, «osasun arriskuaren larritasuna edo muturreko egoeraren larritasuna» irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
– Bigarrenik, berdinketak jarraituz gero, «egiaztatutako premiari aurre egiteko eskatutako zenbatekoaren egokitasuna» irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia, era eta epea.
1.– Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan eskatutako baldintzak bete eta laguntza hauek jasotzeko interesa duten pertsonek euskal etxeetara jo beharko dute, eskabideak balioesteko eta tramitatzeko. Euskal etxeetako kideek beraien zentroetara jo beharko dute, eta euskal gizataldeetako kideak izan eta euskal etxeetakoak ez direnek beraien lurralde-mugapeko edozein euskal etxetara jo dezakete, edo lurraldean ez badago, bizi diren herrialdean dauden edozeinetara.
2.– Euskal etxeek interesa duten pertsonen eskabideak sinatuta aurkeztu beharko dituzte, atxikitako ereduan ezarrita dagoen modura (www.euskadi.eus/euskaldunak web orrian aurki daiteke) eta bertan eskatzen den dokumentazioarekin, honako helbide honetan:
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia
Lehendakaritza
Nafarroa kalea, 2
01007 Vitoria-Gasteiz
Eskabideak, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein eratan aurkeztu daitezke.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Bosgarrena.– Ebaluazio Batzordea.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuaren 10. Artikuluan aurreikusita dagoen ebaluazio batzordeko kideak honako hauek izango dira:
– Gorka Álvarez Aranburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eskuordetuta. Batzordeburua.
Bokalak:
– Ernesto Sainz Lanchares jauna, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila ordezkatuz.
– Mireia Elkoroiribe Zenikaonaindia andrea, Sailburuaren Kabineteko zuzendaria, Osasun Saila ordezkatuz.
– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako teknikaria.
– Andoni Martín Arce jauna, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako teknikaria. Batzordeko idazkaria izango da.
Seigarrena.– Prozedura ebaztea.
Ebaluaketa Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, deialdia ebatziko du Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak.
ESKABIDE EREDUA
1.– Behartsuaren datuak.
(Ikus .PDF)
2.– Eskaera abalatzen duen euskal etxeko ordezkari legala edo ahaldunaren identifikazio datuak, eta euskal etxe edo federazioaren banku datuak.
(Ikus .PDF)
Aurkeztu beharreko dokumentuak:
– Familia-unitatearen urteroko diru-sarreren egiaztagiria, eta ezin bada aurkeztu, agintari eskudunak abalatutako zinpeko aitorpena.
– Familia-unitateak dituen ondasun higiezinen txostena.
– Euskal gizataldearen partaide dela egiaztatzeko agiria.
– Eskabidea bideratzea dagokion euskal etxeak interesdunaren egoerari buruz egindako txostena.
– Diru-laguntza eskatzen den gastu kontzeptuen aurrekontua.
– Osasun laguntzetarako eskabideei osasun-ziurtagiriak gehitu beharko zaizkie osasun egoeraren berri emateko eta premia larriko egoera edota osasun asistentziak dakarren gastua justifikatzeko.