185. zk., 2017ko irailaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (264 KB - 8 orri.)
- EPUB (203 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4617
AGINDUA, 2017ko irailaren 14koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien hirugarren deialdia onesten duena (2017. urtea).
2016-2020 aldirako gobernu-programaren helburuetako bat da, besteak beste, herritarren parte-hartzea sustatuko duen administrazio ireki garden eta efikaz bat lortzea eta, ekimenen eremuan, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriko konpromisoak gauzatzea. Konpromiso horietako bat hauxe da: «Esperientzia berritzaileen garapena sustatzea gure kultura demokratikoan berriak izan daitezkeen eta parte hartzea bultzatzeko formula desberdinak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuei babesa emanez».
Aurreko konpromisoa 2015. eta 2016. urteetan gauzatu zen, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien deialdien bidez. Hirugarren edizio honen bidez, berriz egiten da deialdia, xede izanik herritar antolatuek eta ez antolatuek aurkeztutako proiektuak saritzea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetakoren batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta open data kultura.
Halaber, proiektuek, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, ezaugarri gehigarri gisa.
Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak du ekimen hau sustatzeko ardura, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura-dekretuaren 11. artikuluaren f) letrak egiteko hauek esleitzen baitizkio, hurrenez hurren: «Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea» eta «Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere».
Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien 2017ko deialdia onartzea, Agindu honen eranskinean onartu eta arautzen diren oinarri arautzaileen arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek onetsitako oinarrietan xedatzen ez denari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa hartuko da kontuan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. Titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako testu bategina); Diru-laguntzei buruzko 38/2003 azaroaren 17ko Lege Orokorra, eta horren Erregelamendu Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikagarriak zaizkion eta indarrean dauden bestelako arauak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera eman dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 14a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IŃAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN «Elkarlan» SARIEN 2017KO DEIALDIA (BALIO PUBLIKOA BATERA SORTZEKO PROIEKTUETARAKO SARIAK). OINARRI ARAUTZAILEAK.
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da lau proiekturi sari bana ematea. Proiektu horiek osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa – kulturaren, kohesio sozialaren eta open data kulturaren jarduera-eremuetan eragina izateaz gain, balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute.
Bigarrena.– Sariak.
Sari bana emango zaie osasunaren, ingurumenaren, ikasketa – kulturaren eta kohesio sozialaren jarduera-eremuetan hobekien baloratu diren hiru proiektuei.
Laugarren sari bat emango zaio open dataren kulturaren eremuan hobekien baloratu den proiektuari.
Hona hemen sarien prestazioak:
a) 6.000 euro gordin.
b) Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.
Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.
1.– Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:
a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.
b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.
c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.
d) Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa – kultura, kohesio soziala eta open data kultura.
2.– Sariak jasotzeko hautagaiek (fisikoak nahiz juridikoak izan) nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.
Laugarrena.– Hautagaitzak.
1.– Osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa – kulturaren eta kohesio sozialaren jarduera-eremuetan, honako hauek soilik aurkez ditzakete proiektuak deialdi honetara: eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoek.
2.– Open data kultura sustatzearen jarduera-eremuan, honako hauek aurkez ditzakete proiektuak deialdi honetara: jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoek eta jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten pertsona fisikoek. Pertsona fisiko batek baino gehiagok aurkeztutako proiektuei dagokienez, pertsona bakoitza identifikatuko da, eta zehaztu egin behar da zein izango den hautagaitza izenpetzen duten gainerakoen ordezkaria sarirako deialdia egin duen administrazioarekiko harremanetan, deialdi honen ondorioetarako.
3.– Administrazio publikoek eta bere sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.
4.– Eskatzaileek (fisikoak nahiz juridikoak izan) baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea aurkezteko unean:
a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hautagaiek (pertsona fisikoak zein juridikoak) zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, haiei aurrez baimenik eskatu beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraikiz. Nolanahi ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
c) Ez dutela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dienik, eta ez dutela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
d) Sexu-bazterkeria egin izanagatik zigor administratibo edo penala betetzen ez egotea edo, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera, debeku horrekin zigortuta ez egotea.
Aurreko a), c) eta d) baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaileek (pertsona fisiko zein juridikoak) erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://euskadi.eus/saria /2017/elkarlan/eu/
5.– Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona fisiko zein juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.
6.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.
Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.
1.– Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:
a) Javier Bikandi Irazabal jauna, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, batzordeburua gisa.
b) Luis Petrikorena Arbelaiz jauna, Lehendakaritzako Gobernu Irekiaren zuzendaria.
c) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino jauna, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna, batzordeko idazkari gisa.
d) Carlos Ascunce Elizaga jauna, Asociación REAS Euskadi – Red de Economía Alternativa y Solidaria elkartearen ordezkari gisa. Elkarte hori Elkarlan sarien 2016ko edizioan saritua izan zen, Mercado Social, otra economía para una vida mejor proiektuarekin.
e) Erika Martinez Lizarraga andrea, Asociación Apoyo a Goiener-Goiener Elkartearen ordezkari gisa. Elkarte hori Elkarlan sarien 2016ko edizioan saritua izan zen, Goiener proiektuarekin.
f) Gotzon Bernaola Arińo jauna, Innobasque herri-onurako elkartearen Gizarte Berrikuntzako zuzendaria.
2.– Hautaketa Batzordeko kide izateak eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); Hautaketa Batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko); eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).
Seigarrena.– Baremoa.
1.– Lor daitekeen gehieneko puntuazioa 11 puntukoa da.
2.– Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:
a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. Open data kulturaren eremuan, baloratuko da sustatzen diren produktu eta zerbitzuek open data kultura zabal bultzatzea, eta, horretarako, zenbait prozesu baliatuko dira: dibulgatzaileak, prestakuntzakoak, sentsibilizaziokoak, aditu-eztabaidei dagozkienak, aplikazio informatikoak garatzekoak eta berrerabiltzaileen edo infobitartekarien komunitateak sortzekoak. 0 eta 3 puntu artean.
b) Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. 0 eta 3 puntu artean.
c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. 0 eta 2 puntu artean.
d) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 2 puntu artean.
3.– Batzorde horren balorazioaren osagarri moduan, prozesu parte-hartzaile bat hasiko da Irekian, non herritarrek botoa eman ahal izango duten. Osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa – kulturaren eta kohesio sozialaren jarduera-eremuetan, gehienez, hiru proiektu bozkatu ahal izango dituzte, eta open data kulturaren jarduera-eremuan, proiektu bat. Lehen blokeko hiru proiekturik bozkatuenek eta open data kulturaren eremuko proiekturik bozkatuenak puntu estra bat lortuko dute, eta hautaketa-batzordearen balorazioari gehituko zaio.
4.– Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.
Zazpigarrena.– Prozedura.
1.– Deialdi honetan parte hartuz gero, ulertuko da hautagaia den pertsona juridikoak bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela administrazio-prozedura kudeatzen duen organoarekin hartu-emana izateko. Pertsona fisikoak bide presentziala zein elektronikoa aukeratu ahal izango du.
2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da.
3.– Hautagaiek (pertsona fisikoak edo juridikoak) bete behar duten eskabidearen eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://euskadi.eus/saria/2017/elkarlan/eu/. Bide elektronikoa edo presentziala erabiliko da eskabidea aurkezteko.
4.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira (https://euskadi.eus/nirekudeaketak) bide elektronikoa aukeratu bada. Bide presentziala erabili duten pertsona fisikoek posta bidez egingo dituzte hurrengo izapideak.
5.– Hautagaiek (pertsona fisikoak edo juridikoak) euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira: pertsona juridikoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta egotearen egiaztagiriak, pertsona fisikoen kasuan, nortasuna egiaztatzen duten agiriak, eta bat baino gehiago direnean, gainerakoen ordezkari gisa jarduten duenarenak (https://euskadi.eus/saria/2017/elkarlan/eu/ helbidean zehaztutakoaren arabera).
8.– Eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.
9.– Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari.
10.– Saria jasotzeko proposatu den hautagaiak (pertsona fisikoa edo juridikoa) ez badu aurkezten garaiz eta forman eskatutako dokumentazioa, deialdi honen organo kudeatzaileak Hautaketa Batzordeari emango dio horren berri, eta hark beste proposamen bat egingo du: baloraziorik handiena jaso duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaia (fisikoa nahiz juridikoa izan) proposatuko du saria jasotzeko.
Deialdi honen organo kudeatzaileak aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz proposatutako hautagaitza berriaren arabera jardungo du.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» sariaren deialditik kanpo uzteko Hautaketa Batzordeak proposatutako pertsona fisikoa edo juridikoa, hots, erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuen benetakotasuna egiaztatu ez duena.
11.– Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkeztuko du, aurkeztutako proiektuek aurreko oinarrian azaldutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.
12.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://euskadi.eus/saria/2017/elkarlan/eu/ helbidean, aldi berean, argitaratuko da ebazpena. Gainera, jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdian bide elektronikoa erabiliz parte hartu dutenei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean.
Bide presentziala aukeratu duten pertsona fisikoei posta bidez egingo zaie jakinarazpena, eurek nahi duten lekuan.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
13.– Deialdia ebazteko eta ebazpena argitaratzeko epea ezingo da izan 3 hilabetetik gorakoa, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpena argitaratu ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.
14.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zortzigarrena.– Saria onartzea.
1.– Sarituak izan diren pertsona fisiko edo juridikoek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena argitaratu eta 3 egun naturaleko epean. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak).
2.– Aurreko zenbakian ezarritako baldintzetan ez bada onartzen saria, ulertuko da uko egiten zaiola; kasu horretan, hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.
3.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari eman zaiola saria. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko https://euskadi.eus/saria/2017/elkarlan/eu/ helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaio saritua izan den pertsona fisiko edo juridikoari, bai eta deialdi honetan bide elektronikoa erabiliz parte hartu duten beste hautagaitzei ere, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak), aurreko oinarriko 14. zenbakiko aurreikuspen berberekin. Bide presentziala aukeratu duten pertsona fisikoei eurek nahi duten lekura bidaliko zaie jakinarazpena.
4.– Saritutako hautagaitzak oinarri honen lehen zenbakian ezarritakoaren arabera jardungo du.
5.– Hautagai bakar batek ere ez badu onartzen saria (pertsona fisikoa edo juridikoa), Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko https://euskadi.eus/saria/2017/elkarlan/eu/ helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdi honetan bide elektronikoa erabiliz parte hartu duten hautagaitza guztiei, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean (https://euskadi.eus/nirekudeaketak). Bide presentziala aukeratu duten pertsona fisikoei eurek nahi duten lekura bidaliko zaie jakinarazpena.
Bederatzigarrena.– Sariak ematea.
1.– Ekitaldi formal batean banatuko dira sariak, eta bertan izan beharko da pertsona bat, proiektuaren nondik norakoak labur-labur azalduko dituena: pertsona juridikoen kasuan, saritua izan den hautagaiaren legezko ordezkaria joango da; pertsona fisikoen kasuan, pertsona hori bera joango da, bere izenean, eta pertsona fisiko bat baino gehiagoren kasuan, izendatutako ordezkaria, zeina eskatzailea izan beharko baita. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, aldez aurretik eta nahikoa aurrerapenez, ordezko pertsona bat izendatu beharko dute euren izenean saria jaso dezan. Ordezkatzen dituen horren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutakoa sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du, eta aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jardungo da.
Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, eskabideak aurkezten dituztenek emandako datu pertsonalak (beren izenean edo deialdi honi dagozkion pertsona fisiko edo juridikoen izenean emandakoak) Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako «Sariak eta laguntzak» izeneko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira, eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Halaber, deialdi honetara eskabideak aurkezten dituztenek baimena ematen diote aipatutako Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.