Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2017ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3849

202/2017 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia, monumentu-multzo kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Bere gain hartutako eskumena gauzatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Eskumen horiek baliatuta, Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia kalifikatzeko espedientea tramitatzen da, historia eta kultura aldetik duen interesa ikusita.

2015eko abenduaren 14ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez (abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.) hasiera eman zitzaion Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia monumentu-multzoaren kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari.

Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea ireki ondoren, hiru alegazio-idazki aurkeztu ziren: bat, Uraren Euskal Agentzia-Urarena, beste bat, Sopuertako Kontzejuko Udalarena, eta hirugarren bat, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzea Saileko Ingurumen Zuzendaritza Orokorrarena.

2016ko apirilaren 22ko datako Euskal Kultura Ondarearen Zentroko txosten teknikoan alegazio horiek erantzun ziren eta ondorioak atera ziren. Beraz, horiek kontuan harturik, zati batean onartu ziren alegazioak, eta proposatu zen Llantada, Laiseka eta Carraleko harrizko zubiak Monumentu Multzoan sartzea, Barbadun ibaiari eta Erdi Aroko galtzada zaharrei lotutako banakako elementu singular gisa, Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaiaren monumentu multzoa osatzen duten kultura-ondasun bezala, txosten teknikoan, dagozkien eranskinetan zehazten diren mugaketa, deskribapen eta babes-araubidearekin.

Erabaki zen zubi horiek euskal kultura-ondarearen barruan egotea merezi zutela, daukaten, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 2. artikuluan xedatzen duenez, «kondairatikako, artezko, hirigintza, etnografi, zientzi, teknika gizarte-aldetikako balioagatik», zubi horiek balioan jartzea bermatzeko eta beren elementuak babestu eta kontserbatzeko.

Zerbitzu teknikoek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, horietako batzuk zati batean onartzeak funtsezko aldaketak eragin zituen, bai mugaketan, bai deskribapenean, baita babestuko elementuen babes-araubidean ere, lehen argitaratuarekiko. Beraz, espedientea berriz hasi zen dagokion jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea irekitzeko.

2016ko irailaren 16ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, irailaren 19ko 178 zenbakiko EHAAn argitaratua, eta irailaren 22ko 182 zenbakiko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, jarduketak hasierako fase berri batera atzera eraman eta alde berri bat ireki zen, Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia, monumentu multzoaren kategoriarekin, kultur ondasun kalifikatu deklaratzeko espedientearen jendaurreko informaziorako eta aipatutako espedientean interesa dutenei entzunaldia emateko.

Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea berriz ireki ondoren, honako hiru alegazio-idazki hauek aurkeztu ziren: bat, Uraren Euskal Agentzia-Urarena, bigarren bat, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzea saileko Ingurumen Zuzendaritza Orokorrarena, eta hirugarren bat, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Etxebizitza Zuzendaritzarena. Uraren Euskal Agentzia-Urak Ebazpen berri honen aldeko txostena egin zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzea saileko Ingurumen Zuzendaritza Orokorrak hiru ataletan antolatzen du bere alegazio-idazkia: lehendabiziko atalean, egoki deritzo Barbadungo industria paisaiaren kultura ondasunaren deklarazioa. Bigarren atalean, berretsi egiten du komenigarria dela babes bereziko presen babes-araubidean sartzea lotura ekologikoko beste irtenbide batzuk, zeinak, presen parametro, burutze, estribu eta kontrahormei eragin gabe, adostasuna duten Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarean eta Kultura Ondarean eskumena duten organoen aldetik. Hirugarren atala tarteko eta ondoko espazioen berariazko araubideari buruzkoa da. Berretsi egiten da ibaiaren ertzetan ubideratzeak eta harri-labetak eraikitzea galerazteko eskaera, baita dragatzeak ere, paisaian eta ingurumenean duten erain nabarmenagatik. Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, ezetsi egin zien Kultura Ondarearen Zuzendaritzako txosten teknikoekin bat etorriz, zeinak espedientean dauden.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritzak Carraleko (Sopuerta) zubia Monumentu Multzoko babestutako ondasunen artean sartzeko erabakia etetea eskatzen du, dagokion azterketak egiten ez diren eta erakunde desberdinek txostena egiten ez duten bitartean. Aurkeztutako alegazioa aztertu ondoren, ezetsi egin zen Kultura Ondarearen Zuzendaritzako txosten teknikoekin bat etorriz, zeinak espedientean dauden.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenaz eta Gobernu Kontseiluak 2017ko uztailaren 26ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia sailkatutako kultura ondasun deklaratzea, monumentu-multzo kategoriarekin.

2. artikulua.– Ondasunaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da, bertan adierazitako arrazoiak oinarri dituela.

3. artikulua.– Sailkatutako ondasunaren deskribapena egitea, kultur ondarearen alorrean indarrean dauden legeek diotenaren arabera, dekretu honen II. eranskinean adierazitako eran.

4. artikulua.– Dekretu honen III. eranskinean agertzen den babes-araubidea onartzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Barbadun ibaiaren arroko industria-paisaia.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko Udalei, Uraren Euskal Agentziari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzea Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskaera egingo dio Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko udalei udal hirigintza-araudia egokitu dezaten multzo horren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiako Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Udal planeamendua dekretu honetan ezarritako babes-araubideari egokitzen zaion arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia izan arte, monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honen aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA 202/2017 DEKRETUA, UZTAILAREN 26KOA
MUGAKETA

Mugaketaren deskribapena.

Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren mugaketa 4 paisaia-unitate etenetan banatuta dago; unitate horiek bat egiten dute arroa banatzen duten lau ibai-zatiekin: Kolitza erreka, Galdames erreka, Santana erreka eta Barbadun ibaia. Paisaia-unitate hauetariko bakoitzaren eremuan, babes-arlo bat edo gehiago mugatu dira, eta, horretarako, hauek hartu dira kontuan: burdingintza-errotaritzako ekoizpen-unitateak eta kultur intereseko espazioak eta elementuak, euren arteko ageriko jarraitutasuna dutenak, arroan kokatutako azpiegitura hidrauliko desberdinen segidan oinarrituta (presak, ubideak, antaparak, etab.); ikusizko harremanak ezarri dira, urloaren bidez, baita soinu-harremanak ere, ur-jauziaren bidez, aukera ematen baitute multzoa kultur unitate komun gisa interpretatzeko.

Ondoren, paisaia-unitate bakoitzaren babes-arloak deskribatuko dira (ETRS89 sisteman, UTM koordenatuen eta erreferentzia topografikoen bidez), eta identifikatu egingo dira babes-aloetan sartutako monumentu-multzoko elementu babestuak, II. eranskinean deskribatuta.

1. paisaia-unitatea: Kolitza erreka.

Paisaia-unitate honetan, 5 babes-arlo definitu dira:

1.– Santelicesko burdinola, Olabarrietako burdinola eta Olabarrietako errota.

Babes-arloaren kokapena: hegoaldera, Artzentalesko udalerrian, eta, iparraldera, Sopuertan ere sartuta. Mugaketa zehaztuta dago, Kolitzaren eskuin-ibaiertzean, Castro-Traslaviña trenbidea da muga, gaur egun burdinbide berde bihurtuta (mugaketaren barruan sartuta); UTM koordinatu-puntu honetatik: X:483335, Y:4788353, UTM koordinatu-puntu honetara: X:483882, Y:4788935, bertan Z:175 sestra-kurbarekin egiten du bat, UTM koordinatu-puntu honetatik: X:483913, Y:4788944. UTM koordinatu-puntu honetan: X:484078, Y:4789085, Z:170 sestra-kurbarekin egiten du bat, UTM koordinatu-puntu honetatik: X:484072, Y:4789095. UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484012, Y:4789172; Z:160 sestra-kurbara igarotzen da, UTM koordinatu hauekin: X:484003, Y:4789191, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484054, Y:4789234; eta Z:150 sestra-kurbara igarotzen da UTM koordinatu hauekin: X:484080, Y:4789271. Segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484091, Y:4789380, eta Z:140 sestra-kurbarekin egiten du bat, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484086, Y:4789419. Sestra-kurba horretan segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484133, Y:4789513, eta Z:130 sestra-kurbaren kotara heltzen da, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484182, Y:4789584; segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484348, Y:4789481, eta ekialdetik ixten da, ibaia zeharkatuta, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484367, Y:4789502, horixe da BI-3614 errepidetik errotara sartzeko bidearen kanpoko muga. Iparraldean, ezker-ibaiertzean, errotara sartzeko bidearen eta Z:140 sestra-kurbaren elkargunetik UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484303, Y:4789618, Z:150 sestra-kurbarekin bat egiten duen tokiraino, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484291, Y:4789643; puntu horretatik BI-3614 errepidera heltzen da (errepidea ez dago mugaketaren barruan), ekialderantz segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484080, Y:4789637, Z:140 sestra-kurbaraino, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484079, Y:4789543. Sestra-kurba horrek segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:484057, Y:4789391; Z:155 sestra-kurbara heltzen da, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484042, Y:4789366; Y:155 sestra-kurban segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:483899, Y:4789248; eta Z:160 sestra-kurbara heltzen da UTM koordinatu-puntu honetan: X:483891, Y:4789238. UTM koordinatu-puntu honen: X:484016, Y:4789085 Z:165 sestra-kurbara heltzen da, UTM koordinatu-puntu honetan: X:484001, Y:4789066, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:483933, Y:4789028; eta BI-3614 errepideraino UTM koordinatu-puntu honetan: X:483886, Y:4789014. Ekialderantz segitzen du errepidetik UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:483289, Y:4788363, eta hor ixten da mugaketa, hasierako UTM koordinatu-puntuan: X:483882, Y:4788935.

2.– Llantadako errota-burdinola.

Babes-arloaren hegoaldeko mugan alboko etxebizitza-urbanizazioaren harlangaitzezko hormak daude (mugaketatik kanpo), UTM koordinatu-puntu honetatik: X:487645, Y:4789912 mendebaldera, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:487670, Y:4789909 ekialdera, horko mugan errepidea eta Santa Maria kalea daude. Ekialdeko muga Santa Maria kalea da (mugaketatik kanpo). Iparraldean, Llantada urbanizazioaren kanpoko hormaren izkinak dira muga (urbanizazioa mugaketatik kanpo geratzen da) UTM koordinatu-puntu honetatik: X:487692, Y:4789947 ekialdera Santa Maria kalearekiko mugan, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:487647, Y4789940 mendebaldean, eta, puntu horretatik, hasierako UTM koordinatu-punturaino: X:487645, Y:4789912.

3.– Llantadako zubia.

Babes-eremua, zubiaren inguru guztian, 15 metroko ingurune batek zehaztuta dago.

4.– El Carraleko zubia.

Babes-eremua, hego-mendebaldetik, BI-2701 errepideko biribilgunearen kanpoko ertzetik, zubiaren paraleloan, ibaian behera, 25 metroko distantzian kokatutako lerro batek zehazten du; eta ipar aldetik hango lursail eta eraikinen mugak. Hego-ekialdeko orientazioan, berriz, babes-eremuaren muga ezkerreko ibaiertzean kokatutako bizitegitarako lursailaren aurreko gidalerroak markatzen du, erreka gainera luzatzean.

5.– Laisekako zubia.

Babes-eremuak zubiaren inguru guztia hartzen du; ibaiaren norabidean 15 m inguruko distantzian du muga, eta 25 m ingurura, berriz, zubiaren aurreko eta atzeko sarbideetan.

2. paisaia-unitatea: Galdames erreka.

Uribai errota.

Babes-arlo honen hegoaldeko muga, ezker-ibaiertzean, Z:165 sestra-kurba da, UTM koordinatu-puntu honetatik: X:492216, Y:4788516 mendebaldera, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:492364, Y:4788423 ekialdera. Ekialdean, errekan gora, Galdames erreka zeharkatu eta Z:155 sestra-kurbaraino heltzen da muga, UTM koordinatu-puntu honetan: X:492363, Y:4788520. Iparraldean, eskuin-ibaiertzean, mugak Z:155 sestra-mugan segitzen du, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:492279, Y:4788563. Mendebaldean, errekan behera, Galdames erreka zeharkatu eta Z:165 sestra-kurbaraino heltzen da muga, hasierako UTM koordinatu-puntu honetan: X: 492216, Y:4788516, errekak Z:150 sestra-kurba zeharkatzen duen puntuaren altuerara.

3. paisaia-unitatea: Santana erreka.

Pendizko errota-burdinola.

Babes-arlo honen hegoaldeko muga, errekaren eskuineko ertzean, Z:85 sestra-kurba da UTM koordinatu-puntu honetatik: X:488002, Y:4791460 mendebaldera, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:488131, Y:4791492 ekialdera. Ekialdean, errekan behera, Santana erreka zeharkatu eta Z:85 sestra-kurbaraino heltzen da muga, UTM koordinatu-puntu honetan: X:488131, Y:4791492, Castro-Traslaviña trenbideraino, gaur egun burdinbide berde bihurtuta (mugaketaren barruan), UTM koordinatu-puntu honetan: X:488123, Y:4791584 ekialdera. Iparraldean, errekaren ezkerreko ertzean, Castro-Traslaviña trenbidea da muga (mugaketaren barruan), UTM koordinatu-puntu honetatik: X:488123, Y:4791584 ekialdera UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:487994, Y:4791577 mendebaldera. Mendebaldeko muga da: errekan gora, Castro-Traslaviña trenbideko UTM koordinatu-puntu honetatik: X:487994, Y:4791577, Santana errekara helduta, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:487985, Y:4791556; eta UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:488000, Y:4791480, bertan egiten dute bat Z:85 sestra-kurbak eta hasierako UTM koordinatu-puntuak: X:488002, Y:4791460.

4. paisaia-unitatea: Barbadun ibaia.

Valdibian, La Olla, El Pobal eta Bilotxi burdinola-errota multzoak.

Babes-arlo honen hegoaldeko muga Santana errekak eta Galdames ibaiak bat egiten duten zonaldean hasten da, Valdibian presa dago hor, UTM koordinatu-puntu honetan: X:488713, Y:4791790, BI-2701 errepidean (mugaketatik kanpo), eta segitzen du Santana eta Galdames ibaien ibilgutik, errekan gora, urlotik 100 m-ra, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:488843, Y:4791838, BI-3632 errepidean (mugaketatik kanpo); segitzen du kanpoko ertzetik UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:488834, Y:4791862; hor hurbiltzen da berriro ibaiertzera, UTM koordinatu-puntu honetan: X:488795, Y:4791856, hurrengo UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:488769, Y:4791864; hortik abiatzen da Valdibian ubidearen paraleloan, 3,50 m-ko distantzian, BI 3632ko zubia zeharkatzen duen tokiraino; eta, segitzen du ubidearen paraleloan UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:488751, Y:4792063; hor heltzen da Z:50 sestra-kurbara, eta eutsi egingo dio Valdibian multzoaren parera heldu arte. Z:50 sestra-kurba berean segitzen du mugak, errekan behera, eskuin-ibaiertzean, ibaiaren ibilguaren paraleloan, La Ollako multzoaren altueraraino, UTM koordinatu-puntu honetan: X:489521, Y:4792813, eta Z:75 sestra-kurbara heltzen da UTM koordinatu-puntu honetan: X:489551, Y:4792876. Mugak sestra-kurba berean segitzen du La Ollako multzoa eta El Pobalekoa lotzen dituen bidea hartu arte, eskuin-ibaiertzetik, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489760, Y:4793115, eta bat egiten du hor dagoen bidearekin (mugaketaren barruan) UTM koordinatu-puntu honetan: X:489759, Y:4793135. Mugak bidearekin batera segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489764, Y:4793370, bihurgunea saihestuta, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489752, Y:4793415; eta barne-mugatik segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489767, Y:4793473. Puntu horretan, Galdamesen eta Muskizen arteko udal muga zeharkatzen du, Z:20 sestra-kurbaraino, UTM koordinatu-puntu honetan: X:489787, Y:4793520, El Pobaleko presaren parean; Z:15 sestra-kurbara heltzen da UTM koordinatu-puntu honetan: X:489872, Y:4793657; hortik, paraleloan segitzen du, errekan behera, eskuin-ibaiertzetik, eta El Pobaleko multzo osotik pasatzen da UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:490215, Y:4794338, Bilotxiko presaren parean. Puntu horretan ixten dira ekialdetiko eta iparraldetiko mugak, Z:15 sestra-kurbako UTM koordinatu-puntu honetan: X=490125, Y=4794360, mendebaldeko mugaren hasiera izanik; errekan gora segitzen du ezker-ibaiertzetik, Z:15 kotan, UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489867, Y:4794066, BI 2701 errepidera heltzen den tokitik (mugaketatik kanpo) UTM koordinatu-puntu honetan: X:489837, Y:4794068. Errepidearen kanpoko ertzetik segitzen du mugak, udal muga ere gaindituta, Galdamesera; eta hegoalderantz, BI-2701tik (mugaketatik kanpo) UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489397, Y:4792965, Z:50 sestra-kurbara heltzen da UTM koordinatu-puntu honetan: X:489427, Y:4792912; kota horretan segitzen du UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489293, Y:4792852; eta BI-2701 errepidera itzultzen da UTM koordinatu-puntu honetan: X:489169, Y:4792894. Hegoalderantz segitzen du mugak, errepide horretatik UTM koordinatu-puntu honetaraino: X:489022, Y:4792537; hor berriro heltzen da Z:50 kotara, Valdibian multzoaren altuerara igarotzen da, eta sestra-kurba horretatik heltzen da Barbadun ibaiaren gainetik igarotzen den zubira, Arenaon; hor heltzen da berriro BI-2701 errepidearen kanpoko ertzera (mugaketatik kanpo) UTM koordinatu-puntu honetan: X:488677, Y:4791990; eta gero mendebaldeko muga ixten da hasierako UTM koordinatu-puntuan: X:488713, Y:4791790.

Mugaketaren justifikazioa.

Aurreko lerroetan zerrendatutako ekoizpen-unitateen babes-arloak mugatzeko orduan, erantzuna eman nahi izan zaio benetako balio zuzena emateko beharrizanari, euren barne-ezaugarriak eta ingurumen- eta paisaia-balioak nabarmentzeko. Horretarako, burdingintza-errotaritzako multzoetako elementu higiezinak eta azpiegitura hidraulikoak ez ezik, euren ondoko espazioa ere hartu da barnean: eraikuntza nagusiak eta eurei loturiko eraikuntza osagarriak, zubiak, bideak eta, kasu honetan, ibilgua bera eta urloak.

Zehazki, honako irizpide hauek baliatu dira mugaketarako:

– Babes-arlo etengabeak definitu dira burdingintza-errotaritzako multzoetako elementuak paisaia-unitate beraren barruan egon direnean eta elkarrekiko harreman historikoak, espaziokoak, ikusizkoak edo ekoizpenekoak izan dituztenean.

– Babes-arloen barruan sartu dira aprobetxamendu hidraulikoaren prozesu osoa ulertzeko behar diren elementu eta espazio guztiak, presak eta hustubideak, egonez gero, eta multzoaren irakurketa bermatu da inguruan espazio nahikoa emanda.

– Monumentu-multzoa hartzen duen lurraldearen ezaugarri orografikoek eraman dute, askotan, errepideei, bideei, meatzaritzako trenbide zaharrari edo ibilguaren ondoko malda aldapatsuei oso lotuta dauden mugak definitu behar izatera.

Eranskin honi erantsitako planoetan daude grafiatuta deskribatu diren babes-arloak.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA 202/2017 DEKRETUA, UZTAILAREN 26KOA
DESKRIBAPENA

Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaia kultur katalogo bat da, ibaia eta ibai-adarrak dira haren ardatza mendiz inguratutako haran batean; hortxe garatu zen industria-, ekoizpen- eta ekonomia-jarduera garrantzitsu bat, eta burdingintza-errotaritzako multzoetako ekoizpenak bazuen itsasorako irtenbidea Somorrostroko portutik, Muskizko udalerrian.

Ibaia Mercadillo edo Mayor izenaz ere da ezaguna, 15 bat kilometro luze da, 136 bat kilometro koadroko arroa du, eta Kantauri itsasoan isurtzen ditu urak, La Arenako hondartzan (Muskiz). Muga hauek ditu: ekialdean, Galdindoren arroa, bien artean Trianoko mendiak; mendebaldean, Agüeraren arroa; hegoaldean, Cadaguaren arroa, bien artean Kolitza, Ubieta eta Eretza mendien Sasiburuko mendilerroa. Ibaiaren sorburua Mercadillon dago (Sopuerta), ibai hauen elkargunean: Kolitza menditik datorren Kolitza ibaia, eta Beziko eta Avellanedako goialdeetan sortzen den hainbat erreka, Pico de la Cabañatik eta Cabeza menditik datozenak. Hego-mendebaldeko norabidean, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz herrietatik igarotzen da; meatzaritzaren industria-arrasto nabariak dituzte herri horiek, burdingintzan izandako iraganari lotuta. Ibaian behera, eskuin-ibaiertzetik, Liman erreka eta Galdames ibaia batuko zaizkio, Eretzatik etorrita, eta Cotorrio ere bai, Trianoko mendietatik etorrita.

Barbadun ibaiaren arroa ulertzeko, lau zati irudikatu behar dira: Kolitza erreka, Galdames erreka, Santana erreka eta Barbadun ibaia.

Tradiziozko historiografiak indar hidraulikoaren erabilera azaldu nahi duenean Kantauri itsasoko ertzetan eta, ondorioz, euskal haranetan, nabarmendu egiten du ibilguen aprobetxamendu trinkoa, historiaren eta ondarearen aldetik interes handia duten ekoizpen-sare kateatuak sortu baitituzte. Ohikoa da dokumentazioan topatzea aprobetxamendu hidraulikoan egindako abusuzko erabileren ondoriozko auziak; horrek egiaztatzen du ibai-ibilguetan aparatuak samaldan ezarri zirela, eta horixe izan zen euskal haranen bereizgarria Erdi Aroaren amaieratik XIX. mendera arte eta, batzuetan, XX. mendera arte ere. Hori izan zen ondorengo industria-garapenaren sorburua; horregatik egon ohi da haren arrastoa fabrika-guneek hutsalduta. Ez da horrela gertatu Barbadun ibaiaren arroaren paisaian, bertan iraun eta nagusi baitira bertan behera utzitako burdinolak; izan ere, ez dira ez errota ez egoitza-eraikin bihurtu. Horri esker, eta bertara iristea erraza ez denez eta hirigintzarako aukera gutxi dutenez, aldaketa handirik gabe heldu dira egungo egunetara.

Lehen aipatutako lau ibai-zatiei eta segidako ekoizpen-unitateei erreparatuta, Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaia eratzen duten ondare-elementuak ere lau paisaia-unitatetan multzokatuko dira, baina ibaiaren ekoizpen-gune beraren barrukotzat hartuko dira beti. Hori horrela izanik, ibilguan ezarritako azpiegitura hidraulikoek (presak, ubideak, antaparak, etab.) ikusizko jarraitutasun bat sortzen dute urloaren bidez, eta soinu-jarraitutasun bat, ur-jauziaren bidez, eta aukera ematen dute elementuen multzoa kultur unitate komun gisa interpretatzeko.

Paisaia-unitateak eta hango elementu babestuak hauek dira:

1. paisaia-unitatea: Kolitza erreka.

– Santelicesko burdinola (Artzentales).

Burdinola honen gaineko agiri bidezko daturik ez dagoen arren, baliteke Traslaviñako masukera-burdinola baten ondorengoa izatea, 1644an desmuntatua. Olabarrietako meatzaritza-trenbidearen ondoan dago multzo hori, estalkirik gabe eta landaretzak eta sastrakak kolonizatuta. Hauek daude: mailakatutako bi antapara izan zitezkeenak, bi ubideren aztarnak, lantegiak, ekoizpenerako gela osagarriak (ikaztegiak eta biltegiak), eta eraikin txiki erantsi bat, arragotzeko labea izan zitekeena. Harlangaitzezko eraikin errektangeluar bat antzeman daiteke, hainbat gelatan banatua, fatxada nagusia mendebaldera begira, eta arkuko bi sarbide duena, arkuak hareharrizko ziri-harri irregularretan banatuta. Perimetro- eta mehelin-paretetan ez dago ia baorik.

– Olabarrietako burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta).

1550ean jakin zen burdinola honen berri. 1650ean eten zuen jarduna, 1690ean berriro ekiteko. XIX. mendearen hasieran itxi ziren fanderia eta burdinola. Burdinolara eta presara iristeko, bide bat dago Sopuerta-Artzentales errepidetik, ibaia zeharkatuta eskuin-ibaiertzeraino. Multzo hidraulikoak nahiko osorik iraun du, nahiz eta estalkirik ez duen eta harlangaitzezko eta harlanduzko horma batzuk lurrean eta landaretzak kolonizatuta dauden. Itxuraz, obra homogeneo handi bat da. Horretaz gain, hauek ere antzeman daitezke: ubidea, lantegia eta eraikin erantsi bat, biltegia izan zitekeena, eta aldameneko maldan, hainbat egitura, ikaztegietakoak seguruenik. Ez da antzematen ez antapararik ez tunel hidraulikorik. Eraikin nagusiaren erdiko atalak hiru altuera zituen, eta, haren barnean nabari da makinak sartzeko hainbat aretotan banatuta zegoela. Ibaian gorako presak, trenbide zaharreko zubiaren azpian, erdiko zatia galdu du; baina kalitateko harlangaitzezko arrastoek iraun dute ibaiertz bietan. Eskuinaldeko ibaiertzean, meatzaritza-multzora heltzen den ubidea sortzen da, kalitate oneko harlangaitzezko horma-atalez egina; hori dela eta, gaur egun, ur-hoditeriaren euskarriak izateko erabili ahal izan dira horma horiek.

– Olabarrietako errota eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta).

XIX. mendeko errota da; bertara iristeko Sopuertatik Artzentaleserako errepidetik ateratzen den pista bat hartu behar da, Olabarrieta Beheko elizaren atzean. Oinplano errektangeluarreko eraikina da, bi altuerakoa, ganbara ere badu, eta ageriko harlangaitzezko egiturez egina da, elementu hauek izan ezik: izkin-errefortzuak harlanduz, eta bao-azpatuak adreiluz, dobelen antzera. Eranskin bat ere badago, ondorengo garaietakoa eta egikera hobekoa, konbinatzen baititu harlangaitza eta harlandua perimetro-pareten egituretan. Ahozko informazioaren arabera, Olabarrietako burdinolaren aurrietakoa zen harri hori. Eraikinak, etxebizitza bihurtuta, azpiegitura hidraulikoaren aztarnak gorde ditu, hala nola ubidea, antapara eta estolda; makineria, ordea, galdu egin du. Ubidetik iraun duen traza oso ondo dago, bera definitzen duten harlangaitzezko hormen zabalari esker. Ibaian gora, ezkerraldeko ibaiertzean, ubide hori hutsaltzen doa, eta aldameneko landan barrena galtzen da, estali egin baita soroetarako lur gehiago izateko. Zonalde horretan ibaiak egiten duen meandro txikiaren ostean agertzen da berriro ubidea, lurrean ondo markatuta, gainera; alde batean, lurrei eusteko hormatxo bat du eta, bestean, lurrean hondeatuta, batez beste 1 m zabal ere bada. Puntu horretan, bide bat hasten da, aldeetariko batean harlangaitzezko horma bat eta bidean bertan harri-zolaren aztarnak; historikoki, testigantzen arabera, presara eta errotara iristeko erabiltzen zuten bidea, nahiz eta gaur egun ezin den igaro luiziek eta landareek bidea itxi dutelako. Presak, erdimakurra bera, ezkerraldeko ibaiertzean errekasto baten ekarpenak hartzen ditu, ibaian beherako presatik 60 bat metrora, eta ibai-oheko lauza handietan hartzen du oinarri.

– Llantadako errota-burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta).

XV. mendearen amaieran eraiki bide zuten, 1749an zaharberritu, eta gutxienez 1845era arte iraun zuen jardunean. Mercadilloko Santa Maria parrokiatik ekialdera dago, ozta-ozta 120 metrora. Oinplano errektangeluarreko eraikina da, bi altuerakoa, eta bao burudunak dauzka; Llantada urbanizazioan eraiki berri diren eraikinek inguratzen dute. Burdinola horretan, hor diraute tunel hidrauliko ikusgarriak, antaparak eta ubide-zati batek; hain zuzen, azken antapara horretara isurtzen ditu urak ubide horrek. Tunelaren paraleloan, aurri batzuk daude, seguruenik meatzaritzako esparrua izan zenekoak; eta, beste aldean, instalazio hidraulikoa aprobetxatuta, geroago egin zen errota bat. Tunel-antapara multzotik zati bat baino ez da agerian geratu, 6 m luze eta 5,5 m zabal; gainerakoa barrualderantz itsututa dago, eta gaur egun lorategia den lur-sail batek ezkutatuta. Ikus daitekeen zatiaren altuera 7 bat metrokoa da, tunelak eta antapara barnean hartuta. Antapararen alboetako hormak tunelarenak baino atzeraxeago daude. Aurrealdean bi arbotantez luzatuta daude alboetako horma horiek. Eraikinaren iparraldean, tunel hidraulikoaren egitura ikus daiteke.

– Llantadako zubia (Sopuerta).

Kolitza errekaren gaineko zubia, Mercadillo auzotik igarotzean, ingurune finkatu batean, Probalekutik, Pilotalekutik eta Jasokundeko elizatik hurbil eta duela gutxi eraikitako urbanizazioen alboan. Profil bizkarduna du, eta hutsarte bakarra ur-ibilguaren gainean, arkuak apur bat puntadunak ditu, ganga harlauzaz eratua eta hormak hargin-lanez eraikiak. Galtzada, 2 m baino apur bat zabalagoa da, eta errekarriz eratutako zoladura du, zeina zubira heltzeko plazatxo batera ere hedatzen baita. Petrilek 60 cm inguruko garaiera dute eta berorietatik abiatzen diren erriberako hormatxoak (30 cm altukoak), hormak bezalaxe, hargin-lanez eginak dira eta, duela gutxi, zementuzko gailurrarekin errematatu dituzte.

– El Carral zubia (Sopuerta).

Avellaneda erreka gurutzatzen du hura Valdebeci errekarekin elkartu baino metro batzuk gorago, El Carral auzotik igarotzen denean. Zubiak, 3 m inguru zabaleko zoru asfaltatuta eta apur bat hondoratutako ganga ez ezik, arku bakarra du, 4 m inguru zabaleko begiarekin eta, goreneko giltzarrian, 2 metroko garaiera errekaren gainean; eskuairatu gabeko harlauza luzangaz egina dago eta eraikuntza oso irregularra du. Ibaiaren goiko aldetik, arku erdizirkularraren forma ia perfektua du, baina beheko aldetik, arku asimetrikoa eta zanpatua du. Gainean, tamaina txikiko eta kalitate eskaseko hargin-lanez eraikitako hormak altxatzen dira, zaborraz eta lurrez betetako kaxa estaltzen dutela. Egitura harkaitzean eta –ibaiaren ertz banatan– 2 m luzeko ostikoetan egindako zimendatzearen gainean bermatzen da, hau ere hargin-lanez egina. Ezker aldekoa partzialki estalita dago, Valdebeci eta Avellaneda errekak batzen diren puntuaren gainean eraikitako plataforma bat dela medio. Zimendatze hori hasten den lekuan hormigoizko zapataren gaineko eskoilera batekin egiten du topo. Petrilak, 50 cm inguruko garaierakoak eta gisa bereko hargin-lanez eginak, sobera zakar erremataturik daude porlanezko mortero taxutu gabez.

– Laisekako zubia (Galdames-Sopuerta).

Limán errekaren gaineko zubia, hura Kolitza errekarekin elkartu baino metro batzuk gorago, Galdames eta Sopuerta udalerrien arteko mugan. Profil bizkarduna du, dimentsio handiak eta kalitate eskaseko eraikuntza, arku bakarra du, 13,50 m inguru zabaleko begiarekin eta harlauzaz eraikitako ganga. Gainean, argamasaz hornitutako hargin-lanez eraikitako hormak altxatzen dira, horma-hortz txarrekin, eta harkaitz gaineko zimenduetan bermatzen diren ostikoak ere gisa berekoak dira. Zoladura 3 m inguru zabaleko zementuzko arranpa bat da eta petrilak 90 cm inguru altukoak, tarte batzuetan hargin-lanez eraikitakoak, eta beste batzuetan taxutu gabeko porlanezko mortairuz sobera zakar estalitako adreiluzkoak.

2. paisaia-unitatea: Galdames erreka.

– Uribai errota eta azpiegitura hidraulikoa (Galdames).

XIX. mendeko errota da, industria-jardueretara guztiz emandako errota baten adibide tipikoa da (bizitegi-erabilera izan ez duena); horregatik da hain txikia. Los Molinos auzoan dago, Tarablo errekaren eta mendi-hegalaren artean. Zurezko zubi txiki eta bakun bat igarotzen da ibaiaren ibilguaren gainetik, eta hortik iristen da eraikinera. Instalazio mekanikoak osorik dauzka (ehotze-bankua, bi errotarri, bi tobera, burdinazko turtukiak, pisuak eta besoa), baina oso hondatuta; ubidea eta antapara erdi itsututa daude. Ehotzeko solairuaren azpian, estolda edo tunela dago, turtuki hidraulikoak daude haren barruan, eta kanpotik ikus daiteke hustubideko erdi-puntuko arku handi batetik.

3. paisaia-unitatea: Santana erreka.

– Pendizko errota-burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Sopuerta).

Iturri dokumentalen arabera, burdinola hau 1732 eta 1752 bitartean egon zen jardunean, eta 1845ean utzi zuten bertan behera. Meatzaritzako trenbide zaharra mendebalderantz hartu, hirugarren lubakia igaro, eta bide bat dago Santana latsaren ondoko soilgune txiki bateraino; hortxe hasten da ubidea, presaren eta eraikinen aztarnak ere badaude, baina tunel hidraulikoak ez du iraun. Eskuin-ibaiertzean, harlangaitzezko bloke handiz egindako presaren horma lodiaren zati bat dago, baita antapara eta ipar-ekialdera doan ubidearen hasiera ere. Presatik oso hurbil, ibai-ohearen arrokaren gainean, 10 eta 15 cm bitarteko bederatzi zulo errektangeluar ikus daitezke, zizelkatuak eta zeharka lerrokatuak; antza denez, harrizko presaren aurreko zurezko presaren zutoinak tinkatzeko egin ziren. Multzoak ez du estalkirik, landaretzak hartuta dago, eta lurrez eta egituren hondarrez beteta daude barruko aretoak. Arku zorrotzak eta lauza finez egindako dobelak ditu, eta hiru bao, zurezko burualdeak dituztenak. XIX. mendean, antapararik gabeko irin-errota bihurtu zen, beraz, ura zuzenean sartzen zen ubidetik estoldara.

4. paisaia-unitatea: Barbadun ibaia.

– Valdibian errota eta burdinola eta azpiegitura hidraulikoa (Galdames).

1575ean aipatzen dute iturri dokumental batzuek burdinola hau. XIX. mendearen erdialdean, errota bihurtu zuten. Galdamesen eta Sopuertaren arteko mugan dago, eta Arenao auzotik irits daiteke. Multzoan errotariaren etxebizitza dago, errota eta burdinola hidraulikoekin batera. Burdinolan, nahiko osorik iraun du ukuilu, lastategi eta lantegi gisa erabilitako eraikinak. Tunel hidraulikoa eta antapara desagertu egin dira. Arku-presa 300 metrora dago, eta ubidea 600 m luze da; bata zein bestea, lehendabizi, burdinolarako erabili ziren, eta, gerora, irin-errota mugiarazteko; oraindik funtzionatzen du. Errotak egoera onean ditu: eraikina, azpiegitura hidraulikoa (ubidea, uhateak, gainezkabideak, antapara, estolda eta uren irteera) eta makina guztiak (ehotze-bankua, bi errotarri, bi tobera, burdinazko turtukiak, pisuak eta besoa). Errotaren kuboak oinplano karratua du, eta 3 m-ko jauzia. Ehotze-bankuak bi harri dauzka, eta estoldatik irteerako ubidera ateratzeko arkua iparraldera begira dago.

– La Ollako burdinola, errota, azpiegitura hidraulikoa eta zubia (Galdames).

1695ean, Antonio Salazarrek erosi zuen La Ollako parajea, burdinola bat eraikitzeko, baina ez zuen egin hurrengo mendea hasi arte. XIX. mendearen erdialdean, hura desegin, eta errota bat instalatu zuten. Burdinola-errota multzoa Barbadun ibaiaren eskuinaldean dago. Bertara iristeko, begi bakarreko zubi bat dago, erdi-puntuko arkuduna bera, eta ibaian behera dago multzotik abiatuta. Ura hartzeko, oinplano hautsiko grabitate-presa bat dago; ibaian gorako aurpegia harlanduz egina, eta ibaian beherakoa harlangaitzez. Erdiko zatia erdi deseginda dago. Presatik abiatzen da ubidea, harlangaitzezkoa bera, eta gainezkabidea harlanduzkoa. Tunel hidraulikoaren irteera-arkua oraindik dago hor, eta haren gainean errota. Antapararen goialdea desagertu egin da, baina bertan diraute hauspoen eta gabien gurpilen ardatzetarako arkuek, estoldak eta uren irteerak. Lantegiaren perimetro-paretak ere badaude, habeetarako horma-zuloak dituzte, eta horren ondorioz jakin da hiru solairu zituela; 10 m inguruko altuera du iraun duen aldeak. Lantegiaren ondoan beste eraikin bat dago, ikaztegia izan zitekeena. Bidearen beste aldean, mendi-hegalerantz, beste eraikin batzuen aztarnak daude, eta baliteke biltegietakoak izatea. Eraikinak harlangaitzez eginak dira, harlanduzko ertzak dituzte, eta hainbat puntutan adreilua ere badute.

– El Pobaleko burdinola eta errota (Muskiz) eta azpiegitura hidraulikoa (Galdames).

XVI. mendearen hasieran eraiki zuten. 1966an, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetara igaro, eta 2004an zaharberritu zuten. Egungo egunetara ia instalazio mekaniko gehienak gorde dituen multzo bakarra da (gurpil hidraulikoa, ardatza eta mailua); hango eraikinak, oro har, ondo daude, eta ekoizte-espazioaren barrualdeko banaketak aldaketa gutxi izan du. XVI. mendeko hauek baino ez dute iraun: lantegiaren zimenduak, zerbitzuko atetila zorrotz eta txiki bat, eta galdatzeko labe erdizirkular bat, gaur egun lurpean. XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendearen hasieran, guztiz eraberritu zuten burdinola. Garai horretakoa da egungo egunetara heldu den higiezinaren eraikitze-plangintza gehiena: lantegia, aireztatze-aretoa, tunel hidraulikoa eta antapara. XIX. mendearen erdialdean, burdinola ahultzen joan zen tradiziozko siderurgiaren gainbeherarekin batera. Prozesu horren ondorioz aldatu ziren elementu asko; nabarmentzekoa da, adibidez, eraikina iparraldeko aldetik handitzea eta, partzialki, sutegi- eta biltegi-lantegi bihurtzea. Multzoak elementu hauek ditu: sutegi-burdinola, biltegiak, ikaztegia, errota, makina guztiak, mazoa, ardatza, paladun gurpila, pistoiak, bi ogi-labe, presa, ubidea, antapara, tunela, dorrea eta zubia.

– Bilotxiko azpiegitura hidraulikoa (Muskiz).

1690ekoa da eraikitze-baimena. 1855ean, desegitea erabaki zuten. El Pobaletik metro gutxira dago multzo hau, ibaian behera; barnean hartu zuen antzeko beste multzo bat: errota eta burdinola, eta presa eta ubide gehiena partekatzen zituzten denek. Azpiegitura hidraulikotik, presaren ebidentzia baino ez dago, errotatik 60 m-ra; harlangaitzezko presa zuzena da, hormigoizko arrain-eskailera du, ezkerraldean tramexa, eta landaretzak guztiz hartu ditu burdinolaren tunela izan zitekeenaren aztarnak. Desagertu egin dira bien ubidea eta errotaren antapara. Irteerako ubidea baserrian sartzeko zonaldearen azpitik igarotzen da. Makinen aztarna bat bera ere ez da geratu.

III. ERANSKINA 202/2017 DEKRETUA, UZTAILAREN 26KOA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDEAREN IZAERA

1. artikulua.– Helburua.

Artzentalesko, Sopuertako, Galdamesko eta Muskizko udalerrietako Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaia, monumentu-multzoaren kategoria emanda, kultur ondasun deklaratzeko kalifikazioaren parte da babes-araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua betetzeko, hor egin daitezkeen, egin behar diren eta debekatuta dauden jarduerak zehazten baititu.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

2.1.– Babes-araubide honen preskripzioak aplikatu beharrekoak izango dira Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako monumentu-multzo kalifikatuaren barruko ondasun, elementu eta espazio guztietan.

2.2.– El Pobaleko burdingintza-errotaritzako multzoari (Muskiz), monumentu-multzoaren kategoria eta kultur ondasun kalifikatuaren deklarazioa duenez honen aurretik (urtarrilaren 25eko 18/2005 Dekretuak aldatutako martxoaren 16ko 49/2004 Dekretua), deklarazio horretan xedatutako babes-araubide berezia aplikatu behar zaio, eta araubide hau osagarria izango da.

2.3.– Aurretik ustezko eremu arkeologikoaren deklarazioa izan duten eta monumentu-multzoaren mugen barruan dauden zonaldeek babes-araubide hau izango dute: Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 49. artikulua, eta ustezko eremu arkeologikoak finkatzeko araudia ezartzen duen urriaren 8ko 234/19996 Dekretuaren 7. artikulua eta bat datozenak.

3. artikulua.– Babespekoaren definizioa.

3.1.– Kultur unitatea osatzen duten ondasun higigarri zein higiezinen multzo guztiak jotzen dira monumentu-multzotzat, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 2.2.b) artikuluan emandako definizioaren arabera.

3.2.– Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren ondasun babestutzat hauek hartuko dira: IV. eranskineko zerrendako burdingintza-errotaritzako multzoak, eurei lotutako higiezinak, elementuak eta guneak, eta II. eranskinean berariaz deskribatutako babespekoak.

3.3.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunak hainbat kategoriaren arabera sailkatuta daude, eta babes-araubide honen kapituluetan definitu dira:

a) Azpiegitura hidraulikoa.

b) Higiezina.

c) Higigarria.

d) Obra zibila.

e) Bitarteko eta aldameneko espazioa.

II. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE OROKORRA

4. artikulua.– Aplikatzeko arau orokorrak.

4.1.– Babes-araubide honek babesten dituen ondasun guztiak Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoaren menpe egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoetarako.

4.2.– Babes-araubide honen babespeko ondasunen jabeek, edukitzaileek eta euren gaineko eskubide errealik duten gainerako titularrek nahitaez bete beharko dituzte Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak egozten dizkien betebeharrak, hau da, kontserbatzea, zaintzea eta babestea.

4.3.– Monumentu-multzoaren elementu babesturik erabili nahi izanez gero, erabilerek elementuen kontserbazioa bermatu beharko dute, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen III. tituluaren zehaztapenak urratu gabe.

4.4.– Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legea ezartzeko behar duten informazioa eman beharko diete agintari eskudunei babes-araubide honen babespeko kultur ondasunen jabeek, edukitzaileek eta euren gaineko eskubide errealik duten titularrek.

4.5.– Monumentu-multzoak eraginpean hartzen dituen ondasunei aplika dakiekeen hirigintza-plangintzak ere bete beharko ditu babes-araubide honen zehaztapenak, eta Eusko Jaurlaritzako kultur organo eskudunaren aldeko txostena izan beharko du. Babes-araubide hau garatzen duten hirigintza-tresnak onartzen ez diren bitartean, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 28.2 artikulua bete beharko da nahitaez, hor mugatzen baita zer-nolako jarduerak egin daitezkeen monumentu-multzoaren eraginpeko ondasunetan.

4.6.– Monumentu-multzoan eta haren babespeko arloetan, esku-hartzerik egin behar bada edo bertako erabilera edo jarduna aldatu behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren baimena beharko da, udal lizentziarik eman aurretik, lurralde- eta hiri-antolamenduko planetan edo babes-plangintza berezietan aurreikusitako jarduteetan izan ezik, baldin eta Eusko Jaurlaritzako kultur organo eskudunaren aldeko txostena badute.

4.7.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunak eraisteko –oso-osorik edo zati bat–, bi lege-arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 36. artikulua, eta kalifikatutako eta inbentariatutako kultur ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua.

5. artikulua.– Babes-mailak.

5.1.– Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren babespeko azpiegitura hidraulikoak, higiezinak eta zubiak sailkatzeko, balio morfologikoak, tipologikoak, eraikuntzakoak, historikoak, ikonografikoak edo integraziokoak hartuko dira kontuan, baita nolako kontserbazio-egoera duten, eta babes-maila hauek izango dituzte:

a) Babes berezia.

b) Babes ertaina.

c) Oinarrizko babesa.

5.2.– Babes berezia izango dute azpiegitura hidraulikoek, higiezinek eta zubiek, baldin eta izaera berezia eta aparteko balioa badute eta euren kontserbazio-egoerak jatorrizko ezaugarriak berreskuratzea ahalbideratzen badu. In situ kontserbatzea eta euren balioa nabarmentzea izango da horko jarduteen helburua; edonola ere, euren elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

5.3.– Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, berebiziko garrantzizko elementutzat hartuko dira babes bereziaren mailan sartutako azpiegitura hidrauliko, higiezin eta zubi guztiak.

5.4.– Babes ertaina izango dute azpiegitura hidraulikoek, higiezinek eta zubiek, nahiz eta aparteko baliorik ez izan, baldin eta kultur ondarearen alderdi interesgarriak badira eraikuntzako konponbide bereziengatik, tipologiarengatik, kanpoko itxurarengatik, funtzioen mantentzeagatik, osotasunarengatik edo ekoizpen-unitatearen barruko balioarengatik; edo, aparteko balioa izan arren, kontserbazio-egoerak inolako aukerarik ematen ez badu babes bereziko mailarako esku-hartzeak egiteko. Kontserbatzea, euren balioa nabarmentzea eta funtzionalitatea bermatzea izango da horko jarduteen helburua; edonola ere, oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

5.5.– Oinarrizko babesa izango dute azpiegitura hidraulikoek, higiezinek eta zubiek, baldin eta ez badituzte betetzen babes ertainerako eskakizunak, ez badute aparteko balio morfologikorik, tipologikorik, eraikuntzakorik, historikorik edo ikonografikorik; nahiz eta aitortzen den paisaiaren alderdi interesgarri gisa sendotu behar direla. Kontserbatzea, euren balioa nabarmentzea, funtzionalitatea bermatzea, akaberak konpondu, zaharberritu eta ordeztea, eta egituraren egonkortasuna hobetzea izango da horko jarduteen helburua; edonola ere, bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko egituraketa errespetatu beharko dira.

5.6.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasun higigarriek, bideek eta pistek eta bitarteko eta aldameneko espazioek ere babes-araubide berezia izango dute.

5.7.– Babesik gabeko ondasuntzat hartuko dira, monumentu-multzoaren mugen barruan egon arren, IV. eranskineko zerrendan ez dauden eta II. eranskinean babespeko gisa deskribatu ez diren ondasunak.

6. artikulua.– Esku hartzeko araubide orokorra.

6.1.– Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiaren kultur eta natur balio guztiak eta, batez ere, burdingintza-errotaritzako balioak zaindu beharko dituzte monumentu-multzoaren eraginpeko ondasun eta espazioetan egiten diren esku-hartze guztiek.

6.2.– Edozein esku-hartzetan, hauek bermatu behar dira: monumentu-multzoaren babespeko ondasun eta espazio guztien babesa, kontserbazioa, balio-nabarmentzea eta bistaratzea, eta inguruko paisaia- eta ingurumen-balioa; multzoaren irudia eta interpretazioa hutsaldu eta lorrindu gabe.

6.3.– Zaindu egingo dira monumentu-multzoaren kultur adierazpenak, eta euren ulermena eta kontenplazioa ahalbideratuta.

6.4.– Monumentu-multzoaren eraiki gabeko eremuetan egiten den jardute orotan hau bultzatu behar da: burdingintza-errotaritzako multzoei lotutako kanpoko espazioen egitura eta landa-izaera, osotasunean hartuta eta harmonizatuta hiri-altzariak eta multzoaren ingurumen-balioa.

6.5.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasun eta espazioetan onar daitekeen esku-hartze orotan, irizpide hauek beteko dira: ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena, itzulgarritasuna eta ondasun babestuen osotasunaren eta benetakotasunaren iraupena; horretarako, kultur balioekin bateratu daitezkeen materialak eta teknikak erabiliko dituzte, mimetismorik gabe, ez dute elementu berezirik estaliko, eta osotasunaren irakurgarritasuna ahalbideratuko dute.

6.6.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasunetan ezinbestean egin behar den beste edozein sektore-obratan, 3. artikuluan adierazitako tipologia bakoitzerako babes-araubide xehatua bete beharko da. Araubidearekin bateratu ezin daitekeen eta bateraezintasuna nahiko egiaztatuta duten konponbideetarako, aurreikusi gabeko berrikuntza teknologikoetarako, edo biztanleentzako arrisku onartezinetarako, beste konponbide batzuk onar daitezke; baina, horretarako, lehendabizi babes-araubide hau aldatu beharko da. Edonola ere, 5. zenbakian definitutako irizpideak bete beharko dituzte salbuespenezko konponbide tekniko horiek.

6.7.– Monumentu-multzoaren babespeko ondasun, elementu eta espazioetan onar daitekeen esku-hartze orotan, ingurumen-inpakturik txikiena duten konponbideek izango dute lehentasuna, eta kontuan hartu beharko dute zer-nolako eragina duten ibai-paisaian bizi den faunaren ugaltze-zikloetan.

III. KAPITULUA
AZPIEGITURA HIDRAULIKOEN BABES-ARAUBIDE XEHATUA
1. SEKZIOA
PRESKRIPZIO OROKORRAK

7. artikulua.– Definizioa.

7.1.– Azpiegitura hidraulikotzat hartuko da honako hauek osatzen duten sistema: presak, ubideak (lurrazalekoak eta lurpekoak), gainezkabideak eta uhateak, erregulazio-deposituak edo antaparak, tunel hidraulikoak, estoldak, uren irteerak eta irteerako ubideak edo hustubideak. Horien bidez eramaten da ura Barbadun ibaitik eta haren adarretatik ibilguan zehar dauden ekoizpen-elementu edo -sistemetara, energia hidraulikoaz baliatzen baitira funtzionamendurako.

7.2.– Zehatzago esanda, Barbadun ibaiaren industria-paisaiako monumentu-multzoari lotutako azpiegitura hidraulikoak eta euren babes-maila IV. eranskineko zerrendan daude.

8. artikulua.– Oro har baimendutako eta debekatutako jarduteak.

8.1.– Monumentu-multzoaren babespeko azpiegitura hidraulikoetan egin behar den esku-hartze ororen helburua izango da: ezaugarri tipologikoei, eraikuntzakoei, morfologikoei eta teknologikoei eustea, in situ kontserbatzea, etorkizunera osorik igarotzea, betiere elementuen sestrak, trazadurak eta kokapena zainduta.

8.2.– Azpiegitura hidraulikoak erabiliz gero, erabilera horiek azpiegituren kontserbazioa, kontenplazioa eta ulergarritasuna ahalbideratu behar dute, Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako ekoizpen-unitateen funtzionamendurako erabiltzen ziren sistemak diren aldetik; beraz, berariaz debekatuta dago helburu hori ez beste erabilerarik izatea. Salbuespenez, ibaiaren ibilgutik lortutako energia hidraulikoa aprobetxatzeko helburua duen beste erabileraren bat ezar daiteke, tradizioz kanpoko bestelako produktibitate bat izateko, baldin eta monumentu-multzoaren ondare-balioarekin bateragarria bada eta Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunak horretarako baimena eman badu.

8.3.– Oro har, ez da baimenik emango ez azpiegitura hidraulikoen berritze arbitrarioetarako, ez eraikuntza, instalazio edo hesi berriak ezartzeko. Salbuespen izango dira ibaien arteko loturak egiteko adierazitakoak babes-maila bakoitzaren araubide xehatuan.

8.4.– Ez da baimenik emango guztiz galdutako ondasunak edo euren elementu nagusiak berreraikitzeko, euren benetakotasun historikoa faltsutzen duten gehigarri mimetikoen bidez. Hala ere, isolatutako elementuak berreraikitzea, dokumentazioan oinarrituta, lagungarria izan daiteke azpiegitura hidraulikoen interpretazio zuzena egiteko.

2. SEKZIOA
BABES-MAILAREN ARABERA ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA

9. artikulua.– Babes bereziko azpiegitura hidraulikoetan baimendutako jarduteak.

9.1.– Babes bereziko azpiegitura hidraulikoetan, hauek onartuko dira:

a) Hondatutako aldeak sendotzea eta, behar bada, zaharberritzea hor dauden balio arkitektonikoekin bateratu daitezkeen materialez eta teknikez eta, ahal dela, lehendabizi, tradiziozko konponbideez.

b) Antolamendua eta espazio-, funtzio- eta ikusmen-loturak berrezartzea azpiegitura hidraulikoa osatzen duten atalen artean, baita azpiegitura hidraulikoaren eta ekoizpen-unitateko gainerako elementuen artean ere.

c) Berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea hor dauden balio arkitektonikoekin bateratu daitezkeen materialez eta teknikez, hauen kokapena edo kota aldatu gabe:

– Presan: paramentuak, gainak, aldamenetako estribuak, kontrahormak eta hustubideak.

– Ubidean: abiaburuko uhatea, errefortzu-hormak eta hustubideak.

– Antaparak edo erregulazio-deposituak.

– Tunel hidraulikoak, estoldak eta uren irteerak.

– Itzulera-ibilguak.

d) Azkenaldiko garaietan egindako edozein obra ezabatzea, interesik ez badu edo azpiegitura hidraulikoaren edo inguruaren kultur balioaren aurkakoa bada.

9.2.– Onartu egingo da babes bereziko presak iragazkortzea, kasuan kasuko ingurumen-araudian xedatutako helburuak betetzeko –bioaniztasuna edo ibaien arteko lotura–, azken hori aukerako ibilgu baten bidez, ibaian gora abiatuta eta ibaian behera elkartuta, aldameneko estributik distantzia nahikoa utzita, eta azpiegitura hidraulikoaren balio kulturalarekin bateratu daitezkeen materialez eta ezaugarriez eginda; ahal dela, bideratze-kanalaren beste aldeko ibaiertzean; edo, ezin bada, bideratze-ubidean ahalik eta eragin txikiena izan dezala, ahalbidera dezala irakurgarritasun osoa, eta ez dezala eten ur-fluxua.

10. artikulua.– Babes ertaineko azpiegitura hidraulikoetan baimendutako jarduteak.

10.1.– Babes ertaineko azpiegitura hidraulikoetan, aurreko artikuluan deskribatutako jarduteak ez ezik, hauek ere onartuko dira:

a) Hondatutako aldeak zaharberritzea; horretarako, aldaketa partzialak egin daitezke baldin eta aldatzen ez badute ez konposizioaren batasuna, ez balio bereziko elementurik, ez sistemaren jarraitutasuna.

b) Berreskuratu ezin daitezkeen aldeak elementu berriez ordeztea, hor dagoenaren balio arkitektonikoarekin bateratu daitezkeen materialez eta ezaugarriez eginda.

10.2.– Onartu egingo da babes ertaineko presak iragazkortzea, kasuan kasuko ingurumen-araudian xedatutako helburuak betetzeko –bioaniztasuna edo ibaien arteko lotura–, arrain-eskaileraren edo aukerako ubidearen bidez, eta azpiegitura hidraulikoaren balio kulturalarekin bateratu daitezkeen materialez eta ezaugarriez eginda; ahal dela, bideratze-kanalaren beste aldeko ibaiertzean; edo, ezin bada, bideratze-ubidean ahalik eta eragin txikiena izan dezala, ahalbidera dezala irakurgarritasun osoa, eta ez dezala eten ur-fluxua.

11. artikulua.– Oinarrizko babeseko azpiegitura hidraulikoetan baimendutako jarduteak.

11.1.– Oinarrizko babeseko azpiegitura hidraulikoetan, aurreko bi artikuluetan deskribatutako jarduteak ez ezik, oinarrizko irudiari eta tipologiari eta egituraren material orokorrari eusten dietenak ere onartuko dira.

11.2.– Onartu egingo da oinarrizko babeseko presak iragazkortzea, kasuan kasuko ingurumen-araudian xedatutako helburuak betetzeko –bioaniztasuna edo ibaien arteko lotura–, arrain-eskaileraren edo aukerako ubidearen bidez, eta azpiegitura hidraulikoaren kultur balioarekin bateratu daitezkeen materialez eta ezaugarriez eginda; ahal dela, bideratze-kanalaren beste aldeko ibaiertzean; edo, ezin bada, bideratze-ubidean ahalik eta eragin txikiena izan dezala, ahalbidera dezala irakurgarritasun osoa, eta ez dezala eten ur-fluxua. Eraiste partzialak ere onar daitezke baldin eta nahiko justifikatuta badaude eta ezinbesteko gutxieneko aldea baino ukitzen ez badute; horretaz gain, hondoko hustubidea edo presako gainezkabidea ere molda daitezke, baina, edonola ere, presaren alde bietako estribuak mantendu behar dira.

IV. KAPITULUA
ONDASUN HIGIEZINEN ARAUBIDE XEHATUA
1. SEKZIOA
PRESKRIPZIO OROKORRAK

12. artikulua.– Definizioa.

12.1.– Ondasun higiezintzat hartuko dira honako hauek: ekoizpeneko eraikinak (burdinolak, errotak, ikastegiak, biltegiak, etab.), egoitzakoak (dorreak), eta horietatik bereizi ezin diren elementuak –haien parte edo inguruaren parte direnak edo izan direnak–; nahiz eta banatuta osotasun perfektu bat osatu, jatorrikoaz beste eraikuntza edo erabilera batzuei aplika baitakieke, edozein materialetakoak izanik ere, eta nahiz eta banatuta hondatzen ez diren ageriko modu batean atxikita duten higiezinaren balioak.

12.2.– Zehatzago esanda, Barbadun ibaiaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren babespeko ondasun higiezinak eta euren babes-maila IV. eranskineko zerrendan daude.

13. artikulua.– Oro har baimendutako eta debekatutako jarduteak.

13.1.– Monumentu-multzoren babespeko higiezinetako esku-hartzeetan ezin izango dira aldatu konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak. Salbuespenez, eraikuntza egokitu behar bada segurtasun-, irisgarritasun- edo osasungarritasun-arloko sektore-arauetara, eranskinak onar daitezke, baina, edozein kasutan ere, egin beharko dira oinarritzat hartuta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren irizpideak eta errespetatuta babes-araubide xehatuan ezarritako mugak. Horretaz gain, koherentziari eutsi beharko diote hor dagoen eraikinaren alderdi guztietan, konposizioan eta ikusmiran bat egin behar dute, hor dagoenaren balio arkitektonikoekin bateratu daitezkeen teknikez eta materialez egin behar dira, eta ez dute kontenplazioa eragotzi, oztopatu edo itxuraldatu behar, ezta kaltetu edo aldatu ere egituraren egonkortasuna eta osotasuna.

13.2.– Aurreko puntuan adierazitako eranskinen salbuespenezko kasua izanez gero, arreta handiz zainduko da nola tratatu obra berriaren eta lehengoaren arteko ukipen-azalera; izan ere, ekarritakoari eragiteak ez dio inola ere hondamenik eragin behar lehengoari: hori dela eta, ez da haren barruan sartu behar, ez da mugitu ezin den estalkirik jarri behar, ez da egikera babestuetan zulorik egin behar, xaflaz banatu behar dira obra zaharra eta egungo morteroak, eta sistema arin, industrializatu eta desmuntagarriak erabili behar dira hor dagoena ukitu behar duten bolumenak eraikitzeko.

13.3.– Babespeko elementuen desmuntaketa ez da onartuko, salbuespenezko kasu hauetan izan ezik: aurria, kolapsoa, usteltzea edo kalte itzulezina, baldin eta egoera horretan funtzio-egitura, -eraikuntza edo -espazio gisa funtzionatu ezin badu eta, edonola ere, kultur ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko berariazko arauetan xedatutakoaren arabera. Kasu horietan, kaltetutako elementurik ordeztu behar bada, ezaugarri bereko besteren bat jarriko da, kontuan hartuta materiala, portaera, forma eta ehundura; eta testigantza fisiko eta dokumental zehatza utzi beharko da, hau da, planoak, argazkiak edo deskripzioak.

13.4.– Monumentu-multzoaren babespeko higiezin orotan, debekatuta dago barrualdea hustea eta fatxada bakarrik kontserbatzea, asmo estetiko hutsez edo fatxadismo hutsez; eraikinei ezin izango zaie zatirik ere kendu irizpide estetiko hutsen ondorioz edo eranskin itsusgarritzat hartuta. Fabrika tradizionaletako aurri, kolapso edo benetako kalteen ondorioz, barnealdeko egitura guztiz desmuntatu behar bada, aurreko puntuan xedatutakoaren arabera egingo da.

13.5.– Debekatuta dago eguzki-kolektorerik jartzea monumentu-multzoaren babespeko higiezinen teilatuetan edo fatxadetan; beraz, kasuan kasu, konponbide berritzaileak ezarri beharko dira efizientzia energetikoaren eskakizunak eta eraikuntzaren egokitzapen-maila posibleak ahalik eta ondoena uztartzeko, betiere ondasunaren ondare-balioari eutsita.

2. SEKZIOA
BABES-MAILAREN ARABERA ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA

14. artikulua.– Babes bereziko higiezinetan debekatutako jarduteak.

14.1.– Zimenduak eta euste-hormak, halakorik bada, ez dira zementuzko hormigoiz zurrunduko jatorrizko eraikuntzan, eta ez dute, inola ere, lurpeko uren pilaketa eragingo, ezta maila freatikoa igo ere eraikinaren eraikuntzek ukitzen dituzten lurretan.

14.2.– Babes-arloa urbanizatuz gero, ez dira erabiliko zementuzko hormigoizko lauzak samaldan, lurraren hezetasuna kapsulatu eta hormetara bidaltzen baitute, kapilaritatearen ondorioz. Horma eta zolagain zaharrak ukitzen dituzten lurren aireztapen egokia aztertu beharko da, eta ez dira inola ere iragazgaiztuko transpiratzen ez duten xaflen edo emultsioen bidez.

14.3.– Ez da bortxatuko eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema gainkarga puntualen bidez, ezta zurrunduko ere zurezko portikoen ordez hormigoi armatuzko edo altzairu elektrosoldatuzko beste batzuk jartzeko, ezta gailur-garlandaz edo tabaketa jarraituez ere, ezta mendi-hegalean tinkatzeko tiranteez ere.

14.4.– Karga-hormen egituretan, burualdeetan, arkuetan, gangetan eta eskailera-lauzetan, ez da harrizko piezetan zulorik edo horma-zulorik egingo, ez da ganga-trasdosaturik egingo hormigoi armatuz, eta ez dira horma-arimak beteko edo masiboki berrelkartuko zementu-morteroz, horretarako kareore hidrauliko naturala erabili beharko baita, transpirazioa ahalbideratzeko eta efloreszentziarik ez izateko.

14.5.– Egituraren harrizko elementu bereziak ez dira tokiz aldatuko eta ez dira erabiliko testuingururik gabeko elementu apaingarri gisa.

14.6.– Ez da baimenik emango merkataritzako publizitatea jartzeko, ezta kable, antena edo eroanbide berri agerikorik babespeko ondasun higiezinen fatxadetan edo estalkietan.

15. artikulua.– Babes bereziko higiezinetan baimendutako jarduteak.

15.1.– Babes bereziko babesa duten higiezinek goi-mailako babesa dute, eta eurak zaharberritzeko egiten diren jarduteen helburua beti izango da eurak kontserbatzea eta euren balioa nabarmentzea; edonola ere, elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira beti.

15.2.– Babes bereziko higiezinetan egiten diren esku-hartze guztiek guztiz itzulgarriak izan behar dute. Itzulgarritzat hartuko dira eraikitako ondare-elementu baten gaineko esku-hartzeak baldin eta iraganean eraikitako testigantzen materialtasunari buruzko funtseko informaziorik hondatu edo betiko galera eragiten ez badute; atzera egin ahal izateko, geroago deszaharberritu edo ekarpenak desmuntatu nahi izanez gero. Hori dela eta, eraikia eta suntsitua egokiro dokumentatuta egotearen araberakoa izango da itzulgarritasun hori, ahalbideratu behar baitu berreraikitze material zehatza (fisikoa) edo birtuala (planimetriak, infografiak).

15.3.– Jardute hauek onartuko dira:

a) Hondatutako aldeak zaharberritzea eta desagertu diren aldeak berreraikitzea, hormetan eta estalkietan, hor dauden balio arkitektonikoekin bateratu daitezkeen materialez eta teknikez eta, ahal dela, lehendabizi, tradiziozko konponbideez.

b) Jatorrizko barnealdeko espazioaren banaketa eta antolamendua lehengoratzea.

c) Espazio-, funtzio- eta ikusmen-loturak berrezartzea ondasun higiezinaren eta ekoizpen-unitateko gainerako elementuen artean.

d) Egitura sendotzea eta, kasuan kasu, berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea, baina eutsi beharko zaie material orokorrei eta kokapenei edo kotari, egungoari zein dokumentaziokoari, elementu hauetan:

– Kanpoko eta barruko sostengu-hormak.

– Forjatuak.

– Eskailerak.

– Estalkiak.

e) Azkenaldiko garaietan egindako edozein obra ezabatzea, baldin eta interesik ez badu edo ondasun higiezinen edo inguruaren jatorrizko kultur balioarekin bat ez badator.

15.4.– Babes-arloaren barruko indusketetan, lur-mugimenduetan eta urbanizazioetan, agiri nahikoren bidez utzi beharko da jasota zelako egoera zuen hasieran jarduketako lur horrek: kanpoko espazioak, profilak, zoru-mota eta elementu bereziak; proiektu teknikorik behar bada.

15.5.– Zimenduak eta euste-hormak ondoztatu behar badira, sendotu ahal izango dira kare hidrauliko natural hutsezko eta ibai-harea ez-azidozko juntura partzialez edo zapata, lauza edo horma berriez, baina egokiro banatu beharko dira.

15.6.– Zaindu egingo dira: eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema, modulazioa eta proportzioak, eskuairaldeak, horma-zabalerak eta altuerak, bai zurezko egituretan bai karga-hormetan, hor egon zein dokumentatuta egon.

16. artikulua.– Babes ertaineko higiezinetan baimendutako jarduteak.

16.1.– Babes ertaineko higiezinetan egiten diren jarduteen helburua beti izango da eurak kontserbatzea, euren balioa nabarmentzea eta funtzionalitatea bermatzea; baina erabilera berrietarako aldaketa txikiak egin daitezke baldin eta oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatzen badira.

16.2.– Babes ertaineko ondasun higiezinetan, aurreko artikuluan deskribatutako jarduteak ez ezik, hauek ere onartuko dira:

a) Fatxadak zaharberritzea; baimendu egingo dira aldaketa partzialak baldin eta konposizioaren batasuna hausten ez badute eta balio bereziko elementuak errespetatzen badira.

b) Barnealdeko esparruak zaharberritzea; baimendu egingo dira espazio-antolamenduko aldaketak, balio handienekoen irakurgarritasunari eusten bazaio.

c) Egituratik berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea, eskema eta material orokorrei eutsita; aukera emango da forjatuen kota aldatzeko, baoena eta erlaitzena ukitu gabe.

16.3.– Ez da zurezko egitura kapsulatuko zarpiatuez, bereziki, zementuzko morteroz, aireztapenik gabeko sabai aizun jarraituez, xaflatuez, alikatatuez edo forraduraz, materialaren aireztapena eragozten bada edo, ilun eta aireztapenik gabe egoteagatik bide ematen bazaie xilofagoen erasoei edo usteltzeko aukerari.

17. artikulua.– Oinarrizko babeseko higiezinetan baimendutako jarduteak.

17.1.– Oinarrizko babeseko higiezinetan egiten diren jarduteen helburua izango da eurak kontserbatzea, euren balioa nabarmentzea, funtzionalitatea bermatzea, akaberako elementuak konpontzea, berritzea eta ordeztea, bizigarritasunerako gutxieneko egoera iraunaraztea edo lortzea, eta eraikuntzaren egonkortasuna hobetzea.

17.2.– Oinarrizko babeseko ondasun higiezinetan, aurreko bi artikuluetan deskribatutako jarduteak ez ezik, hauek ere onartuko dira:

a) Fatxadak zaharberritzea; horretarako, beste bao batzuk zabal daitezke, baina daudenen konposizio-irizpide orokorrak errespetatuta.

b) Barnealdeko esparruak zaharberritzea; espazio-antolamendua alda daiteke.

c) Egituratik berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea; forjatuen kota alda daiteke.

18. artikulua.– Babesik gabeko higiezinetan baimendutako jarduteak.

18.1.– Babesik gabeko higiezinetan, edozein esku-hartze egin ahal izango da, ordeztea barne, babes-araubide hau garatuko duen hirigintza-plangintzan zehaztuta geratuko den moduan. Plangintza hori onartu arte, eraberritzeko eta ordezteko esku-hartzeetan, 19. artikuluan deskribatutako baldintzak beteko dira.

18.2.– Babesik gabeko higiezinak ordezteko, ez da kalterik eragingo lurpeko aztarnen kontserbazioan, Bizkaiko Foru Aldundiak hala erabakitzen duenean, kasuan kasuko esku-hartze arkeologikoaren emaitzen arabera.

19. artikulua.– Eraberritzeko, ordezteko edo eraikitze berriko jarduteak.

19.1.– Babes-araubide honi egokitutako hirigintza-plangintza onartu arte, monumentu-multzoaren mugen barruko eraikinak eraberritu, ordeztu edo eraikitzeko jarduteetan, ez da baimenik emango antolaera bolumetrikoetan edo lerrokaduretan aldaketarik egiteko, eta irizpide hauek beteko dira:

a) Mantendu egingo dira aurretik dauden teilatu-hegaletarainoko eta gailurretarainoko altuerak baldin eta estalkia desagertu ez bada edo altuera horiek jatorrizko eraikinenak ez badira; hala bada, inguru hurbileko eraikinen altueretara egokituko dira.

b) Estalkiaren morfologiari eta materialei begira, Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaian berezi direnei erreparatuko zaie.

c) Fatxadak egiteko eta konposizioa erabakitzeko, inguruko higiezinen ezaugarriei erreparatuko zaie eta, une oro, hauek beteko dira:

– Fatxadaren kontzepzio xumea eta laua, atal irtenik gabea.

– Tradiziozko materialen eta tekniken erabilera lehenetsia, hormetan, akaberetan eta ornamentuetan eta, posible ez bada, xumeki eta eta mimetismorik gabe egingo da.

V. KAPITULUA
ONDASUN HIGIGARRIEN ARAUBIDE XEHATUA

20. artikulua.– Definizioa.

20.1.– Ondasun higigarritzat hartuko dira ekoizpen-sistemei eta sistema hidraulikoei loturiko funtzioak dituzten makinen osagarriak, adibidez: gurpil hidraulikoak eta errotarriak, zurezko ardatzak, ura erregulatzeko mekanismoak, kanoiak, sifoiak, garabi-besoak, turbinak, ehotze-bankuak, harriak edo ehotarriak, turtukiak, turutak, kurrikak, hauts-babesak, baskulak eta pisuak.

20.2.– Zehazki, Barbadun ibaiaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren babespeko higiezinetatik banatu ezin direla aitortuta duten ondasun higigarriak dira horiek, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

21. artikulua.– Kontserbatzea eta mantentzea.

21.1.– Ondasun higigarri horietan egin nahi diren esku-hartze guztietan nahitaez beteko dira artikulu honetako arauak, eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.1 artikuluaren arabera kontserbatu beharko dira ondasun horiek.

21.2.– Ezin izango dira banatu atxikita dauden higiezinetatik; beraz, higiezinen etorkizun bera izango dute. Alabaina, banatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak horretarako baimena ematen badu, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.2 artikuluarekin bat. Atxikita duten jatorrizko kokapenean eta testuinguruan geratu behar dute, ez dira testuingurutik aterako, eta errespetatu beharko da ekoizpen- eta industria-prozesuei lotutako elementu gisa duten izaera. Salbuespenez, Bizkaiko Foru Aldundiak agindu ahal izango du ondasunak behin-behinean beste tokiren batean biltegiratzeko, harik eta jatorrizko kokapenak behar bezalako kontserbazioa bermatzeko baldintzak bete arte, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 39.2 artikuluari jarraikiz.

21.3.– Ondasun higigarriak erabiltzeko edozein modu onartuko da, kontserbatzeko baldintzak bermatu eta industria- eta ekoizpen-izaera errespetatuz gero.

22. artikulua.– Baimendutako eta debekatutako jarduteak.

22.1.– Ondasun higigarrietan baimendutako esku-hartzeek kontserbazioa, etorkizunera osorik transmititzea eta jatorrizko izaera mantentzea izango dute helburu, adibidez:

a) Prebentziozko kontserbazioa: ondasunaz baliatu eta gozatu ahal izateko zeharkako jarduerak egitea, baldintzarik onenetan, aldaketarik eta kalterik ez izateko behar den guztia eginda, eta, bestalde, ondasuna egoera onean mantentzeko behar diren jarduerak aldiro-aldiro egitea. Foru-aldundiak babespeko ondasun higigarrietarako mantentze-plana egin dezake, egoera gainbegiratu eta kontrolatzeko; horretarako, aldizkako berrikuspenak ezarriko ditu garbitzeko, koipeztatzeko, oxidazioa, izurriak eta ingurumen-baldintzak kontrolatzeko, eta prebentziozko tratamenduak egiteko.

b) Kontserbatzea: esku-hartze tekniko zuzenak egitea, babespeko ondasun higigarria sendatzeko eta kalteak ahalik eta gehiena atzeratzeko.

c) Zaharberritzea: ondasun higigarriaren gaineko ekintza zuzenak, haren ulergarritasuna areagotzearren, betiere osotasun formala, fisikoa eta historikoa errespetatuta.

22.2.– Erabiltzen diren materialek ahalik eta itzulgarritasun handiena izan behar dute.

22.3.– Kendu egingo dira babespeko ondasun higigarriaren balioa murritzen duten eranskinak edo balio horrekin bateraezinak diren elementuak.

22.4.– Esku-hartzeek ez dute hutsaldu behar energia-igorpenaren jatorrizko izaera, ezta makinek eta elementu osagarriek osatzen duten ekoizpen-multzoa ere; izan ere, kontserbatu egin behar dira funtzionamendua ahalbideratzen duten elementu guztiak eta, oro har, ez da erabiliko aukerako baliabide osagarririk.

22.5.– Profesional kontserbatzaile eta zaharberritzaileen esku utziko dira beti esku-hartzeak.

22.6.– Debekatuta dago ondasunak narria ditzakeen edozein prozedura agresibo erabiltzea.

VI. KAPITULUA
OBRA ZIBILEN ARAUBIDE XEHATUA
1. SEKZIOA
AGINDU OROKORRAK

23. artikulua.– Definizioa.

Hauek hartuko dira obra zibiltzat:

a) Zubiak.

b) Bideak eta pistak, hau da, edozein bide-trazadura, asfaltatuta zein asfaltatu gabe, kasuan kasuko sektore-legeek errepidetzat hartu ez badute; batez ere, burdingintza-errotaritzako multzoen arteko komunikazioa ahalbideratzen badute.

c) Castro-Traslaviña trenbide zaharraren trazadura eta Galdameserako adarra, burdinbide berde bihurtua bera.

24. artikulua.– Oro har baimendutako eta debekatutako jarduteak.

24.1.– Obra zibiletan baimendutako jarduteek hauek bete eta sustatu behar dituzte:

a) Paisaia-unitateen eta burdingintza-errotaritzako multzoen konexioa.

b) Baimendutako elementuen arteko harremanak, eta elementuen eta paisaiaren artekoak.

c) Izaera historia duten eta hor dauden bideak, eraikuntza berrikoak baino gehiago.

d) Burdingintza-errotaritzako multzoen irisgarritasuna, batez ere burdinbide berdetik.

24.2.– Edozein zerbitzu-azpiegitura berri ezartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena behar da.

24.3.– Berariaz debekatuta daude lur-mugimenduak baldin eta babespeko elementuen arteko harremana eta ikusgarritasuna galarazten badute.

2. SEKZIOA
ZUBIETAN ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA

25. artikulua.– Zubietan debekatutako jarduteak.

25.1.– Zubiak eta euren kokalekua banaezinak dira. Lekualdaketa edo errefrakzioa ez dira zaharberritze-egintzatzat hartuko, suntsitzetzat baizik; beraz, ez dago baimenduta.

25.2.– Ez da onartuko zatirik kentzea, irizpide estetiko hutsen ondorioz edo eranskin itsusgarritzat hartzearen ondorioz.

25.3.– Ez da baimenik emango zubiaren taularen ordez lauzak edo hormigoi armatuzko zolatak jartzeko.

25.4.– Arreta handiz zainduko da nola tratatu obra berriaren eta lehengoaren arteko ukipen-azalera; izan ere, ekarritakoari eragiteak ez dio inola ere hondamenik eragin behar lehengoari. Hori dela eta, nahitaezkoa da: ez kapsulatzea kareorezko horma masiboen egitura zementuzko morteroz egindako eta aireztapenik gabeko zarpiatuez, xaflatuez, alikatatuez edo forraduraz, materialaren aireztapena eragotzi edo, biltzen den hezetasunaren ondoriozko narriadura eragiten badute; ez sartzea barruan ezer, ez jartzea mugitu ezin den estalkirik, ez egitea zulorik egikera babestuetan; xaflaz banatzea obra zaharra eta egungo morteroak; eta sistema arin, industrializatu eta desmuntagarriak erabiltzea hor dagoena ukitu behar duten bolumenak eraikitzeko.

25.5.– Ez da baimenik emango ekarpen berriak egiteko, hala nola taula berriak edo eranskin-bolumen eraikiak, baldin eta hasierako egituren osotasuna eta egonkortasuna kaltetu edo aldatu behar badute.

26. artikulua.– Babes bereziko zubietan baimendutako jarduteak.

26.1.– Babes bereziko zubietan, kontserbatzeko eta balioa nabarmentzeko esku-hartzeak baino ez dira baimenduko, zentzuzko itzulgarritasun-irizpideen arabera eginak.

26.2.– Zimenduak eta euste-hormak ondoztatu behar badira, egokiro banatu beharko dira zapata, lauza edo horma berri sendogarrietatik, ez dira zementuzko hormigoiz zurrunduko edo samaldan elkartuko, jatorrizko eraikuntzan, eta ez dute, inola ere, lurpeko uren pilaketa eragingo, ezta maila freatikoa igo ere eraikuntzek ukitzen dituzten lurretan.

26.3.– Esku hartuko da egitura hauetan: estribuak, harraskak, zubi-brankak, plementu erresistenteak, tinpanoak; hala ere, konpondu, eskoratu edo ordeztu baino ez dira sostengu-funtzioa betetzen ez duten elementu bakanak; adibidez, harlanduak, harlanduxkoak, harlangaitzak, dobelak.

26.4.– Lehendik dagoen egituraren profila, modulazioa eta proportzioak ez ezik, eskuairaldeak, horma-zabalerak eta altuerak ere zainduko dira.

26.5.– Mantendu egingo da eraikinak transmisiorako eta kargak banatzeko duen sistema, eta ez da bortxatuko gainkarga puntualen bidez; ez da zurrundu ere egingo kareazko eta uharrizko gangen ordez hormigoi armatuzko edo altzairu elektrosoldatuzko beste egitura batzuk jartzeko; ez dira horma-arimak beteko zementu-morteroz; ez da injektatuko zementu-esnerik samaldan, eta ez da ganga-trasdosaturik egingo hormigoi armatuzko azalaz.

26.6.– Ikuskatu egingo dira galtzada azpiko betegarria eta bestelako elementu zurrungarriak, izan baitaiteke euren faltak multzoaren deformazioa eragitea; hala bada, agirietan jasotakoaren edo behar denaren arabera, lehen zituzten dimentsioak, materialak eta kokalekuak berrezarriko dira, zurrundu barik.

26.7.– Zaindu egingo dira harlangaitz-horma ilaratuz, harlanduxkoz edo harlanduz eginda dauden eta material bereko erremateak edo gailurrak dituzten horma-atalak, edo horma-ataletako lauza txikiak, edo lantze zainduko lauzak eta ortostatoko pretilak, baita lotura tradizionalak ere zirrikituz, mihiz, miru-buztanez, burdinazko eta berunezko grapez.

26.8.– Hareazko ohearen gainean lauzaz, lauza txikiz, harri zabalez edo galtzadarri naturalez egindako zoladurak konpontzeko, antzeko materialez ordeztuko dira hondatutakoak. Ezin izango dira samaldan ordeztu beste batzuez, baldin eta horiek harri artifizialez edo zementu-mortero koloreztatuz, plakaz edo txapaz, edo transpiratzen ez duten xaflez eginda badaude, esate baterako, aglomeratu asfaltikoez.

26.9.– Baranda edo pretil berririk diseinatu behar bada, haren materialak, formak, neurriak eta itxura egokitu beharko dira zubian zaharrenak eta adierazgarrienak diren horietara.

26.10.– Harrizko ornamentazio-elementuak euren funtzio praktiko edo estetiko zehatzerako eta hasierako kokapenean erabiliko dira; ez dira erabiliko testuingurutik ateratako apaingarri gisa.

26.11.– Hormetako kanpo-estalduren ehundurak eta itxura kromatikoak bertako zaharrenen patroiak bete beharko dituzte, batez ere hauek erabiltzeko orduan: kareorezko juntura hondoratu edo nabarmenduak, zuriz pintatuak edo harea-kolorekoak; luzituak eta kareztadurak.

27. artikulua.– Oinarrizko babeseko zubietan baimendutako jarduteak.

27.1.– Zubiaren babes-arloaren barruko ontziratze-plazatxoen, galtzaden, espaloien eta bazterguneen funtzio-guneen bolumenek, azalerek eta kokapenek aldaketa puntualak izan ditzakete baldin eta bertatik igarotzen diren ibilbide historikoen irisgarritasuna eta zerbitzuak, ezagutzen zabalkundea edo aisialdia hobetzeko erabileretarako bada, ikusizkoak galarazi gabe, hau da, mugen barruko puntu guztietatik babespeko ondasunen gainean dagoen ikuspegia eragotzi gabe.

27.2.– Lehendik dagoen egituraren profila, modulazioa eta proportzioak ez ezik, eskuairaldeak, horma-zabalerak eta altuerak ere zainduko dira.

3. SEKZIOA
BIDEETAN, PISTETAN ETA BURDINBIDE BERDEAN ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA

28. artikulua.– Bideetan, pistetan eta burdinbide berdean baimendutako jarduteak.

28.1.– Zorua mantentzeko eta hobetzeko jarduteak baimenduko dira lehendik zeuden bide eta pistetan, eta burdinbide berdean.

28.2.– Onartu egingo da ibilbide berriak egitea eta lehengo bideei jarraipena ematea, baina bakarrik paisaia-unitateak eta burdingintza-errotaritza multzoak lotzeko. Bide-zoru horiek hau har dezakete gehienez: eguneko zirkulazio astunean (3 Tm-tik gora), 25 ibilgailu baino gutxiago, T42 kategoriakoak (azaroaren 28ko FOM/3200/2007 Aginduaren bidez onartutako errepideen gaineko instrukzioko bide-zoruei buruzko 6.1 I-C araua).

28.3.– Pistak eta bideak, berriak zein lehengoak, eta burdinbide berdea lehentasunez erabiliko dituzte oinezkoek, zikloturistek edo zaldizkoek, eta onartu egingo da baimendutako ibilgailuak igarotzea.

28.4.– Nekazaritza-basozaintzako ustiapenerako makinek igaro edo erabili behar badituzte pista horiek, toki-administrazioek bermeen ezarpena eskatu beharko dute kasuan kasuko baimenak eman aurretik, jarduera horiek zoruak eragiten dituzten kalteak konponduko direla bermatzeko.

VII. KAPITULUA
BITARTEKO ETA ALDAMENEKO ESPAZIOEN ARAUBIDE XEHATUA

29. artikulua.– Definizioa.

Erabilera publikoa izan zein ez, I. eranskinean zehaztutako babestutako ondasunaren babes-eremuaren barruan, eraiki gabeko espazio hauek hartuko dira bitarteko eta aldameneko espaziotzat: burdingintza-errotaritza multzoetatik eta azpiegitura hidraulikoetatik kanpoko egituraren parte direnak, ekoizpen-prozesu osoa ondo interpretatzeko behar direnak, barnean hartuta elementuen arteko harremana eta, kasu honetan, ibilgua bera, ibaiertzak, presen urloa eta nekazaritzako edo basozaintzako lurrak.

30. artikulua.– Bitarteko eta aldameneko espazioetan debekatutako jarduteak.

Bitarteko eta aldameneko espazioetan, debekatuta daude jarduera hauek:

a) Meategiak, harrizko materialen erauzketa eta harrobiak.

b) Babespeko elementuen ikusmen- edo zentzumen-kutsadura, hau da, elementuen kontenplazioa eragotzi, oztopatu edo itxuraldatzen duen edozein esku-hartze, erabilera edo ekintza zehatz, eraikitzekoa izan zein ez, ondasunean edo haren inguruan. Zehatzago esanda, ezin izango dira ondasun babestuek dituzten ikusizkoak eten honako elementu hauen bidez:

– Eraikuntza berriak.

– Altuera dela, bolumena dela edo distantzia dela, pertzepzioa asaldatzen duten aldi baterako eraikuntzak edo instalazioak.

– Energia hornitu, sortu eta kontsumitzeko instalazioak eta telekomunikazio-instalazioak.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea.

– Hiri-altzariak, barnean hartuta eguzki-oihalak, mahai-hankabakarrak, kioskoak, etab.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak.

– Beste edozein elementu edo jardute, eraikuntzakoa ez bada ere, baldin eta itxuraldatzen edo modu negatiboan eragiten badio babespeko higiezinen pertzepzioari, gozamenari, kontenplazioari edo osotasunari.

31. artikulua.– Bitarteko eta aldameneko espazioetan baimendutako jarduteak.

31.1.– Monumentu-multzoaren eraginpeko bitarteko eta aldameneko espazioetan egin behar den esku-hartze orok bermatu beharko du eutsi egingo zaiela ingurunearen ezaugarri morfologikoei eta paisaia- eta ingurumen-ezaugarriei; babespeko elementuen irudia, pertzepzioa eta interpretazioa hutsaldu eta lorrindu gabe.

31.2.– Baimendu egingo dira esku-hartze hauek:

a) Irisgarritasuna hobetzea ingurunearen kultur balioekin bat datozen materialez eta diseinuez, ondasunen elementu bereizgarriak ezkutatu barik, eta haien osotasuna eta benetakotasuna zainduta.

b) Hiri-altzarietako elementu txikiak instalatzea.

c) Zuhaixka-landarediak garbitzea eta sasitza kentzea.

d) Babespeko elementuen eta ingurunearen irakurgarritasuna eragozten duten eranskin itsusgarriak kentzea.

e) Lurrak mugitzea zerbitzu-azpiegiturak eta -instalazioak egiteko, Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaia kontserbatu eta hobetzearren.

31.3.– Onartu egingo da babespeko edozein elementurik hurbil dauden zuhaitzen eta ur-bazterreko landarediaren mozketa selektiboa, egiaztatzen bada elementuetan nolabaiteko eragina duela, zaharberritzearekin bateratu ezin daitezkeela, edo landarediak ondare-multzoaren interpretazioa hutsaltzen duela. Edonola ere, mozketa hori konpentsatzeko, bertako aleak landatuko dira Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren mugen barruan, babes-arlo berean, ahal dela.

IV. ERANSKINA 202/2017 DEKRETUA, UZTAILAREN 26KOA
BARBADUN IBAIAREN ARROAREN INDUSTRIA-PAISAIAREN BABESPEKO KULTUR ONDASUNEN ZERRENDA

Barbadun ibaiaren arroaren industria-paisaiako monumentu-multzoaren babespeko kultur ondasunak daude hemen zerrendatuta, babes-mailarekin batera eta, kasu honetan, lehengoko kultur ondasunaren deklarazioarekin edo ustezko eremu arkeologikoaren deklarazioarekin batera. II. eranskinean daude deskribatuta kasu bakoitzean babesten diren elementuak.

(Ikus .PDF)

KOK: kultur ondasun kalifikatua, martxoaren 16ko 49/2004 Dekretuaren bidez (martxoaren 25eko EHAA, 58. zk.), urtarrilaren 25eko 18/2005 Dekretuak aldatua (otsailaren 3ko EHAA, 23. zk.).

UEA: ustezko eremu arkeologikoa, Artzentalesko (Bizkaia) balizko arkeologia-guneen deklarazioa egiten duen 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez (maiatzaren 27ko EHAA, 99. zk.).

UEA*: ustezko eremu arkeologikoa, Sopuertako (Bizkaia) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko irailaren 15eko Ebazpenaren bidez (urriaren 3ko EHAA, 189. zk.).

UEA**: ustezko eremu arkeologikoa, Galdamesko (Bizkaia) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez (ekainaren 5eko EHAA, 106. zk.).

UEA***: ustezko eremu arkeologikoa, Muskizko (Bizkaia) ustezko eremu arkeologikoen deklarazioa egiten duen 1997ko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bidez (ekainaren 6ko EHAA, 107. zk.).


Azterketa dokumentala