131. zk., 2017ko uztailaren 11, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (431 KB - 31 orri.)
- EPUB (659 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3484
AGINDUA, 2017ko ekainaren 21ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez onartzen dira immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak, eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2017. urterako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta Sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazteari buruzko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak gizarteratzearen sustapena, garapen komunitarioa eta immigrazioaren arloak identifikatzen ditu, eskumenei dagokienez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkion arloetako batzuk bezala.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura finkatzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuak, bere aldetik, gai hauen gaineko zeregin eta jardun-eremuak ezartzen ditu: boluntariotza, gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak, immigrazioa, gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka, erakunde arteko adostasuna sustatzea, elkarrizketa soziala, lanbide-lankidetza, elkartasun zibikoa, sareko lana, jakintzaren kudeaketa eta herritarren partaidetza sustatzea gizarte esku-hartzeen eta gizarte-politiken eremuan; eta jardun-eremu lehenetsitzat dauzka eskubide sozialak baliatzeko ikuspuntutik gizarte-egoera bereziki zaurgarrian bizi diren pertsonak eta kolektiboak.
Aipatu eginkizunak betetzean, gizarte-zerbitzuak dira gizarte esku-hartzea burutzeko eremu pribilegiatu nagusia. Hau orain, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada, etorkinen gizarteratzea eta, oro har, kulturen arteko elkarbizitza, kasu.
Gainera, eta zeharkako politika honen inguruan, Eusko Jaurlaritzak jardun handia burutu du beste erakunde publiko batzuei zuzendutako diru-laguntzak banatzen, batez ere udal-esparruan langileak kontratatzeko diru-laguntzak emanez, horiek etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuko dituzten jarduerak eta esku-hartze soziala bultza ditzaten. Diru-laguntzen ekintza hori egoera jakin batzuetan justifikatu da bereziki, zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatu zituen plan eta ekimenen inpaktua plan eta ekimen horiek egikaritzeko lanean inplikatutako erakunde publikoek zaila zutenean xurgatzea eta beren gain hartzea.
Era horretan, Agindu honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatu den diru-laguntzen politikari.
Zalantzarik ez dago immigrazioarekin eta kulturen arteko bizikidetzarekin, besteak beste, lotutako zeharkako politiken legeria eta planak geroz garbiago zuzentzen direla erakunde publikoen sarearen erantzukizunak identifikatzera, eta erakundeak elkarren artean geroz maila berean lankidetzan aritzera. Hala ere, horrek ez du baztertzen, egoera jakin batzuetan eta baldintza zehatz batzuekin, erakundearteko lankidetza horretan funtsen eskualdatzea ere egotea erakunde batzuen eta besteen artean.
Hori dela eta, Agindu honek bi diru-laguntza lerro arautzen ditu:
a) Immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak.
b) Immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.
Bi lerro horien bidez (Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak kudeatzen du), immigrazioko teknikarien jarraipena eta EAEko erakunde-egituran immigrazioak duen errealitateari arreta handiagoa eta hobeagoa ematen eta, oro har, kultura arteko bizikidetza faboratuko duten esku-hartze sozialeko jarduerak finantzatzen dira.
Ildo horretan, Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzentzat apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017 ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, bermatzen du badela nahiko aurrekontu krediturik.
Diru-laguntzen Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta haren garapen-araudia onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arau-esparruen barruan dago.
Horren guztiaren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da erakunde publikoei immigrazioko teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzea eta 2017. urterako deialdia egitea.
2.– Jarduera-ildoak, bai immigrazio-teknikarienak bai diruz lagundutako egitasmo edo egitarauenak, bat etorriko dira Familia Politikarako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren Immigrazio, Hiritartasun eta Kulturarteko Elkarbizitzarako Euskal Estrategiarekin. Besteak beste, jarduera-ildo hauek jaso beharko dituzte: herritartasunaren eta immigrazioaren inguruko euskal politikaren egituraketa eta antolaketa, erakundeen barrukoa eta erakundeen artekoa; lana, prestakuntza eta eskola-arrakasta eskuratu ahal izatea, integraziorako eta zerbitzu eta programa publikoetan aniztasuna izateko bide gisa; parte-hartzea, kultura-aniztasuna eta elkarbizitza; eta, azkenik, bazterkeriaren, arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako borroka.
3.– Diru-laguntzak honako erreferentzia-irizpide hauei jarraitzen dieten eskabideei eman ahal izango zaizkie:
a) Prebentzioa: hasteko, lehentasuna arretarako premia agertzea, luzatzea edo areagotzea saihesten duen esku-hartzearen alde.
b) Ikuspegi komunitarioa: familia- eta komunitate-sareetan oinarritzen den eta haiek babesten dituen esku-hartzeak izango du lehentasuna, hurbiltasunari begira, betiere.
c) Pertsonalizazioa: arreta hobekien molda edo egoki dadin lortzeko modu malgua bilatuko da, arreta hori jasotzen duen gizabanako bakoitzaren premia, eskaera eta igurikimenetara molda edo egoki dadin.
d) Sinergia: doikuntza handiena, jarraitutasun handiena, arintasun handiena eta efektu biderkatzailea pertsonak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuen artean, eta horiek ematen dituzten sistema eta sareen artean.
e) Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzen da: pertsonek gaitasun onenak garatu eta eurengan eragin duen guztiari buruz albait gehien erabaki dezaten lan egiten da.
f) Normalizazioa: jendeari kulturalki arauemaileak edo sozialki balioetsiak diren inguruneak, jarduerak, baliabideak eta aukerak eskaintzen zaizkio eta, aldi berean, giza aniztasuna onartzen, errespetatzen eta indartzen da.
g) Gizarteratzea: hain murriztaileak ez izateaz gain albait iresgarrienak diren babesak, inguruneak, jarduerak, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen dira, hau da, komunitatearekiko harreman handiena sortzen dutenak; era berean, komunitatean ere esku hartu beharko da, informazioko, sentsibilizazioko eta diskriminazioaren aurkako borrokari begira.
h) Kudeaketaren etengabeko hobekuntza, plangintza estrategikoko, komunikazio integratzaileko, jakintzaren eraikuntzako, enpleguaren kalitatearen hobekuntzako eta inpaktuaren ebaluazioko tresnak sartuz, eta eraginkortasunik eza eta bikoiztasunak saihestuta.
i) Generoaren ikuspegia ebaluazioaren alderdi formaletan eta edukian, eta hizkuntzaren erabilera ez sexista. Burutzen diren egitarauek kontuan izan behar dituzte emakume eta gizonen behar espezifikoak, eta genero ikuspegia txertatu beharko dute horien plangintza, diseinu, egikaritze nahiz ebaluazioan.
4.– Kontratatutako langileen jarduna betearazteko edo jarduerak garatzeko epea 2017ko ekitaldia da.
2. artikulua.– Eskabideak.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
2.– Agindu honi erantsirik doazen I.A eta I.B eskaera-orri arautuetan egingo dira, eta eskura daude hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/tramiteak-zerbitzuak/ Eskabide horien atal guztiak behar bezala bete beharko dira eta erakunde eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsonak sinatu beharko du; horretaz gain, adierazitako eranskin baten kopia batez lagundurik aurkeztu beharko dira euskarri informatikoan (ahal bada, CDan).
3.– Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du Agindu honetan kontuan hartutako laguntza-lerro bakoitzean, hau da, guztira bi eskaera aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Gainera, diru-laguntzaren xede diren jarduerak taldekatu beharko ditu. Erakunde eskatzaile batek berak eskaera bat baino gehiago egingo balu edozein laguntza-lerrotan, sarrera-erregistroaren arabera aurrena aurkeztu dena hartuko da kontuan, salbu eta erakunde eskatzaileak berariaz bestelakorik adierazten badu.
4.– Eskaera-orria hona bidaliko da eskatzen den dokumentazioarekin batera: Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Familia Politikarako eta Aniztasuneko Zuzendaritza, Donostia-San Sebastián kalea, 1 (01010) Vitoria-Gasteiz.
5.– Eskabideei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
6.– Diru-laguntzarako eskabide-orriarekin (I.A eta I.B eranskinak) batera, aurkeztu beharko dira, batetik, diru-laguntzen lerro bakoitzerako eskatzen den dokumentazioa (I.A.a eta I.B.a eranskinak) eta, bestetik, laguntzari eman nahi zaion helburuaren (langileak kontratatzea edo jarduerak gauzatzea) identifikazio- eta garapen-memoria, Agindu honen II.A eta II.B eranskin gisa erantsitako eta behar bezala betetako eskabide normalizatu bidez. Hemen eskura daiteke: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/tramiteak-zerbitzuak. Paperean aurkezteaz gain, kopia bat ere aurkeztuko da euskarri informatikoan (ahal bada, CDan).
7.– Aurkeztutako eskabideak eta haren dokumentazioak ez badituzte eskatu eskakizunak betetzen, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta hamar egun balioduneko epea emango zaio dokumentazioa konpontzeko; hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela jakinaraziko zaio, Ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. eta 21. artikuluetan ezarritakoaren arabera eman ondoren.
8.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
9.– Erakunde eskatzaileak bermatuko du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. zenbakian eta Adingabearen Babes Juridikoaren uztailaren 28ko 26/2015 Legean ezarritakoa. Hau da, adingabeekin ohiko kontaktua duen langile orok, izan kontratatua izan boluntarioa, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko du.
10.– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
3. artikulua.– Izapidetzea, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta publizitatea emateko modua.
1.– Familia Politikarako eta Aniztasunerako zuzendaria izango da Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna, zeinak izendatuko baititu diru-laguntzen ebazpenerako proposamena egiteko eskumena izango duen Balioespen Batzordeko kideak eta baita Batzordeko idazkaritzaz arduratu den pertsona ere.
2.– Balioespen Batzorde hori gutxienez bi pertsonek eta gehienez lauk osatuko dute, eta Familia Politikarako eta Aniztasunerako Zuzendaritzako goi karguak edo langile publikoak izan beharko dute.
3.– Balioespen Batzordean sexu parekidetasuna egon dadin beharrezko neurriak hartuko dira, eta osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Kide anitzeko organo horren idazkaria zuzendaritzako enplegatu publiko bat izango da.
4.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Familia Politikako eta Aniztasunerako zuzendariari dagokio prozeduran planteatu diren gai guztien gainean ebaztea.
5.– Esleipen-prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten erakundeen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatutako eskabideei denaz bezainbatean, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.
7.– Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.
8.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
9.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.
4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.
1.– Jardueren finantzaketari dagokionez, Familia Politiketako eta Aniztasunaren Zuzendaritzak eskaera bakoitzean aurkeztutako jardueren aurrekontu osoaren % 75 bitarte finantzatu ahal izango du.
2.– Jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko emandako laguntzak zatika ordainduko dira; % 70 diru-laguntza onartu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 30a, berriz, jarduera justifikatu eta gero, betiere diruz lagundutako jarduera 2018ko martxoaren 31 baino lehen justifikatuta.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundutako gastuen izaerari buruz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
2.– Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.
3.– Erakunde onuradunak azpikontratatu dezake jardueren egikaritzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako baldintzetan, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eko portzentajea azpikontratatu ahalko delarik.
6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Ezingo dira izan onuradunak honako egoera hauetako batean diren erakundeak:
a) Laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio- edo zigor-zehapen bat duena, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat. Horren haritik, ezin izango dute laguntzen deialdi honetako diru-laguntzarik eskuratu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako erakundeek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoek ere.
b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Erruduntzat jo izanik, hori eragin duen kausa dela-eta Administrazioarekin egindako kontraturen bat suntsitua duena.
d) Legezko ordezkaritza duen pertsona herri administrazioetako langileen bateraezintasun egoera batean egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi bat izatea, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzetan.
e) Diru-laguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordaindu gabe dituztenean. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Onuradunek diru-laguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta dituztela ondorioztatuko da eman dituzten administrazioekin ez dutenean zorrik diru-laguntzen itzulketengatik edo, egotekotan, geroratuta, zatituta edo etenda –itzulketaren ebazpena aurkaratu bada– denean.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.
2.– Lekukotza judizial, telematika-ziurtagiri edo datuen transmisioen bidez justifika dezakete, teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilpena arautzen duen erregelamendu-mailako araudian ezarritakoari jarraituz; edo, kasuen arabera, baita administrazio-ziurtagiriaren bidez ere eta, agiri hori aginte eskudunak ematerik ez duenean, horren ordez aurkeztu ahal izango da administrazio-agintaritza edo notario publiko baten aurrean emandako erantzukizunezko adierazpena.
7. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren beste sail edo erakunde autonomoren batek edota bestelako administrazio edota erakunde publiko zein pribaturen batek eman ditzakeen beste batzuekin, betiere xede eta helburu bera badute. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntzaren xede den kontratazioaren edo jardueraren guztizko kostua.
2.– Beste laguntza batzuekiko aldi berekoa bada, eta betiere laguntza horien baturak diru-laguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, Enpleguko eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuta.
8. artikulua.– Emateko ebazpenaren aldaketa.
1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Familia Politiketako eta Aniztasunaren Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio.
2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada-, onuradun izateko betekizunak eta ezarritako betebeharrak, edo beste administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
3.– Horretarako, Balioespen Batzordeak aztertu eta baloratu eta gero, dagokion aldaketa egiteko ebazpena emango da, eta ebazpen horren bitartez emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu egingo da, hain zuzen ere, diru-laguntza emateko ezarritako mugak eta irizpideak aplikatuz; erakunde onuradunak, bestalde, itzuli egin beharko du neurriz kanpo jasotako zenbatekoa.
9.– artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Laguntza-lerro banarentzat ezarri diren betebehar espezifikoak ezertan galarazi gabe, onuradunen betebeharrak dira honako hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman izana EHAAn jakinarazi eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.
b) Diru-laguntza eragin duen jarduera gauzatu behar da.
c) Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar da, eta prest egon behar da Familia Politiketako eta Aniztasunaren Zuzendaritzak diruz lagunduko diren jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.
d) Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatuko da, eta baita diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.
f) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari jakinarazi, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
g) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Familia Politiketako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari horren berri eman.
h) Egiaztapen eta kontrol ahalmenak burura eraman daitezen, prestaturik eduki kontabilitate liburuak, erregistro izapidetuak eta merkataritza eta sektoreko legeen arabera onuradunak kasuan kasu izan behar dituen gainerako agiri guztiak, eta baita deialdiko Agindu honek eskatutako kontabilitate-egoerak nahiz erregistro bereziak.
i) Jasotako diruaren erabilera egiaztatzen duten agiriak gorde, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatuak eta ikuskatuak izan daitezkeen bitartean, behintzat.
j) Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzaren marka agertarazi, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka hori Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari eskatu ahalko zaio. Nolanahi ere, Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzaren logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkarte, federazio edo fundazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.
k) Jasotako dirua itzuli, Agindu honetan edo diru-laguntzei aplika daitekeen araudiak jasotzen dituen kasuetan.
l) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du. Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
m) Diru-laguntza jaso duten jarduerak aldatu edo moldatu nahi izanez gero idatziz jakinarazi; aldaketak egin ahal izateko, Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak berariaz onetsi behar du eskaera.
n) Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzari igorri Agindu honen 10. artikuluan aurreikusitako justifikazio-agiriak, eta aipatu erakundeari lagundu horren jarraipena eta ondorengo ebaluazioa egiten.
2.– Behin eskabidea aurkeztua izan eta aldaketaren bat emango balitz ondoren zehazten diren gorabeheren inguruan, erantzukizunezko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.6 artikuluari jarraituz, honako hau:
a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Erakunde eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez jakinarazi.
10. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Erakunde onuradunek honako hau aurkeztu beharko dute 2018ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Diruz lagundutako kontratazioaren eta/edo jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatua erabilita. Eredu hori Agindu honi erantsi zaio III A eta III B eranskin gisa (www.euskadi.net webgunean dago eskuragarri: tramiteak eta zerbitzuak), eta atal guztiak behar bezala beteko dira.
Memoria horretan justifikazio-kontu bat, hau da, dokumentu egiaztatzaile guztiak biltzen dituen erantzukizun-aitorpena egon beharko du, behar bezala sinatuta eta zigilatuta. Aitorpen horretan, dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak emandako zenbatekoari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa adieraziko dira.
b) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, 2017an diruz lagundutako jarduerarako edota kontrataziorako bestelako finantzaketa-iturririk izan ote duen egiaztatzen duena.
c) Jardueraren inguruko dokumentazio publikoa, hala nola, prentsako berri laburrak edo diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako materialetako bakoitzaren aleak, sortutako hizkuntza desberdinetan eta euskarri fisiko zein magnetikoan.
2.– Emandako diru-laguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko, dokumentu hauek onartuko dira:
1) Teknikariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:
a) Entitate onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio datuez eta datu-akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.
b) Ordainsarien ordainagiriak, eredu ofizialera eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara egokituak.
c) Zerbitzua kontratatuta duten erakundeek formalizatutako kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu behar da:
– Kontratatutako pertsonen titulazioa edota horren fotokopia konpultsatua.
– Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).
2) Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:
a) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.
b) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak. Baliagarri izateko, faktura guztiak 2017koak izan beharko dute.
c) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
3.– Diru-laguntza behar bezala gauzatzen dela egiaztatzeko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak dagozkion ikuskapen, jarraipen eta kontrol ekintzak burutu ditzakete, legeak agintzen duen epean.
11. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
Erakunde onuradunak ez baditu betetzen deialdiaren Agindu honetan ezarritako betebeharrak, edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. tituluan edo Diru-laguntzen Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan ezarritakoak, diru-laguntza galduko du, horretarako berariaz irekitako espedientea izapidetu ondoren, eta jasotako zenbatekoak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio, legokiokeen beste ekintzarik eragotzi gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) xedatutakoaren arabera.
II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN LEHEN LERROA: IMMIGRAZIO-TEKNIKARIAK KONTRATATZEN JARRAITZEKO LAGUNTZAK
12. artikulua.– Xede espezifikoa.
1.– Laguntza-lerro honen xedea da toki-erakundeek beren ekimenez egindako esku-hartze soziala sustatzea, immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren alorrean toki-erakundeei laguntzeko.
2.– Horretarako, 2016an indarrean ziren eta urte horretan Familia Politikako eta Aniztasunaren Zuzendaritzak diruz lagundu zituen immigrazio-teknikarien kontratazioak finantzatzen segituko da.
3.– Onuradunak esleitzen dizkion zereginak alde batera utzita, immigrazioko langile teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta udal-arlo guztiak engaiatu eta inplikatu daitezen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren ezaugarriak politika orokorren barnean hartzea lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideak eta zerbitzuak lortzeko aukera berdintasunean oinarrituta normalizatzeko.
Halaber, kontratatutako immigrazioko teknikariek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:
3.1.– Immigrazio eta kulturen arteko bizikidetza arloan euskal politika diseinatzen, egikaritzen eta ebaluatzen lagundu.
3.2.– Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzatik edo tokiko erakundeetatik beretik sustatutako kontrastatzeko gunetan eta sareko lanean parte hartu.
3.3.– Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzarekin batera koordinatu horren mende dauden zerbitzuak, immigrazio eta kulturen arteko bizikidetza arloan Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik sustatu eta zuzendutako politika eta estrategia orotan.
13. artikulua.– Erakunde onuradunak.
2016. urtean Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak emandako diru-laguntzaz Euskal Autonomia Erkidegoan immigrazio-teknikariak kontratatuta izan dituzten sektore publikoko erakundeak izan daitezke immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzen onuradunak.
14. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
2017ko ekitaldirako diru-laguntza lerro honi esleitutako zenbatekoa 381.920 euro da.
15. artikulua.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.
1.– Diruz lagun daitezkeen immigrazioko langile teknikarien lanpostu guztiak 2016n zeudenen jarraipena izan beharko dute.
2.– Erakunde eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute bere udalerrian immigrazioko teknikariak kontratatzen segitzeko beharra.
3.– Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 2017ko ekitaldiari dagokion langileen kostuagatik finantzatu ahal izango duen zenbatekoak ezin izango du inolaz ere gainditu 23.870 euroko zenbatekoa, lanaldi osorako kontratatutako immigrazioko teknikari bakoitzeko. Portzentaje hori kontratatutako langilearen lanaldiko dedikazioaren portzentajean murriztuko da.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharra izango da Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak emandako laguntza ekonomikoarekin batera beren gain hartutako kontratazioari eta ordainsariari dagozkien langileen gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala zehaztea eta egiaztatzea.
III. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZEN BIGARREN LERROA
IMMIGRAZIOAREN ETA KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK
17. artikulua.– Xede espezifikoa.
1.– Laguntza-lerro honen bidez finantzatu nahi da immigrazio eta kulturen arteko bizikidetza arloko jardueren prestaketa edo egikaritzea.
2.– Printzipio orokor gisa, diru-laguntzak Familia Politikako eta Aniztasunerako Zuzendaritzak garatu, sustatu edo eskainitakoekin zuzenean edo zeharka –horren mendeko zerbitzuen bitartez– bat ez datozen jarduerak burutzeko emango dira.
18. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetza alorreko jarduerak prestatzeko edo egikaritzeko laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, partzuergoek, eskualdeek, eskualde garapenerako agentziek, udalaz gaindiko toki-erakundeek edota udalerrien elkarteek.
2.– Laguntza-eskaerak tokiko hainbat erakunderen artean egin litezke, beren artean zerbitzu mankomunaturik izan gabe ere. Kasu horretan, elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun izaera izango baitute. Halaber, elkarteek ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute, zeina elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsia izango baita.
19. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
2017ko ekitaldirako diru-laguntza lerro honi esleitutako zenbatekoa 498.080 euro da.
20. artikulua.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.
1.– Jarduerei lehiaketaren prozeduraz emango zaizkie laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoari jarraituta. Balioespen Batzordeak jarduera bakoitzerako finkatuko du ondoren ezarritako balioespen-irizpideen arabera lortutako puntuazioa. Laguntzak, aurkeztutako eta onartutako eskaerak erkatu eta gero emango dira, beren artean lehentasunak ezartze aldera. 50 puntu edo gehiago lortu dituzten jarduerei bakarrik emango zaie diru-laguntza. Era berean, Agindu honen 19. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiak finantzatzeko, balioespenik handiena lortu duten eskaerei soilik esleituko zaie laguntza, aurrekontu-kreditua agortu arte.
2.– Emandako diru-laguntzak ezin izango du inolaz ere gainditu eskatutako zenbatekoa edo jardueraren guztizko aurrekontuaren % 75a.
3.– Diru-laguntza lerro honetan aurkeztutako jarduerak balioesteko, alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta horren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: 25 puntu, gehienez.
b) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren, bideragarritasunaren eta ebaluagarritasuna barne: 20 puntu, gehienez.
c) Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren jarduera-ildoetan duen egokitzea. Proiektuaren alderdi berritzaileak: 15 puntu, gehienez.
d) Agindu honen 1.3 artikuluan jasotako irizpideak eta genero-ikuspegia aplikatzean lortutako meritu bereziak: 15 puntu, gehienez.
e) Jardueraren eremuan beste gizarte-eragile batzuekin zein erakundetako, tokiko, probintzia eta erkidegoko beste eragileekin den koordinazioa: 15 puntu, gehienez.
f) Proiektuak Immigrazioaren aldeko Gizarte Hitzarmenean aipatzen diren balioetan duen eragina eta horiekin duen lotura: 10 puntu, gehienez.
21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta estrategietan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 21a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.