Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2016ko abenduaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5533

AGINDUA, 2016ko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Abeziako –Urkabustaiz– (Araba) Urbina baserria, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2016ko urriaren 5eko Ebazpenaren bidez, Abeziako –Urkabustaiz– (Araba) Urbina baserriak duen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2016ko urriaren 11ko EHAAn argitaratu zen (193. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen dituen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela-eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abeziako –Urkabustaiz– (Araba) Urbina baserria, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, aipatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Laugarrena.– Urkabustaizko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Agindu hau jakinaraztea espedienteko interesdunei, Urkabustaizko Udalari, Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Deskripzioa

Mugaketak barne hartzen ditu eraikina bera eta haren ingurunea. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

Iparraldean, baserriaren fatxada.

Mendebaldean, baserriaren fatxada.

Eta, azkenik, hegoaldean eta ekialdean baserriaren lursailaren muga.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketaren arrazoia da Abeziako Urbina baserriaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren alorrean duena, bai ikusteko duen balioa. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar baserriaren inguruko lurrak eta sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik, haren ingurunea ere hartzen du.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Etxe exentua da, oinplano karratu apur bat irregularra duena, 213 m²-koa gutxi gorabehera. Beheko solairu bat eta estalkipeko zabala ditu. Lau isurkiko hodi-teilazko estalkia, irregularra, hegoaldeko eskuin isurkiaren eta ekialdeko ezker isurkiaren artean naba bat duena. Hegoaldeko fatxadan portale handi dintelatu bat dauka, non etxeko sarreratako bat dagoen. Lehenengo solairuan lau leiho daude, armazoiaren elementuek zedarrituak. Fatxada hori entokatuta eta kareztatuta dago. Hegoaldeko fatxadaren harlangaitzezko eskuineko aldean, kortako sarrera dago beheko solairuan eta lastategikoa lehen solairuan. Fatxada hori horma-mutur batek babesten du, zeinak mendebaldeko fatxada luzatzen baitu. Fatxada horretan atari-aterpe bat dago, non kortako sarrera eta portalea baitaude. Lehenengo solairua zati batean kalearen gainean dago, eta horren azpian atari luze bat, zeinari burdinazko mihiztadurak dituzten zutoin batzuek eusten baitiote. Lehenengo solairuko baoak txikiak dira eta egurrezko armazoiak zedarritzen ditu. Iparraldeko eta ekialdeko fatxadak harlangaitzezkoak dira eta bao gutxi dituzte. Ezkaratz bat du, bideak eta harlangaitzezko horma batek zedarritua. Atari lauzatu bat ere badu, portale nagusiaren aurrean.

Karrerapetik atondo banaleku batera sartzen da, non eskailera nagusia baitago. Eskuinaldean, etxearen erdi-erdian, sukalde zaharra dago, erdian beheko sua duena. Erdiko suaren laratza birakaria da, beso giltzatuzkoa. Enbor-piramide formako adreiluzko kanpai bat dago erdiko suko keak ateratzeko. Sukaldean arropa garbitzeko danborra eta harria ditu. Banalekuaren bestaldean sukalde berria dago. Erdigunearen iparraldean eta ekialdean kortak daude. Ipar-ekialdeko angeluan aleak gordetzeko trojea eta ogia egiteko labea zeuden. Lehen aipatu eskaileratik igotzen de lehenengo solairura; eskailera horren bigarren zatia bikoitza da. Ezkerraldetik bi logelatara, ganbarara eta komunera joan daiteke. Bestaldetik, gainerako logeletara, mandiora eta gela handi batera. Logelako sarbidean, gelaren mendebaldean, arku konopial bat dago, zeina egun karez zuritua baitago. Lehen solairuaren gainerako zatia lastategiak hartzen du, eta eskailera independente bat dago hara iristeko, kortatik hasten dena, hegoaldean.

Egitura mistoa da, zutabez, zutoinez eta barruko karga-hormaz osatua, eta lau luzera-habeartetan antolatuta dago. Estalkia diagonalez eutsitako gapirioz, kontragoihabez osatua eta latatua dago, eta hegal bat du pixka bat irtena.


Azterketa dokumentala