226. zk., 2016ko azaroaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (433 KB - 34 orri.)
- EPUB (724 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5039
156/2016 DEKRETUA, azaroaren 15ekoa, kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzkoa.
1/2014 Legeak, ekainaren 26koak, kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituenak, kargu publikodunek dituzten eginkizun publikoen gardentasuna, eraginkortasuna eta dedikazioa bermatzeko betebeharra garatu eta sakontzen du.
Hala, lege horrek kargu publikoaren kontzeptua zabaldu zuen, legean arautzen den kontrol- eta berme-sisteman Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoan eginkizun publikoak betetzen dituztenen unibertso ahalik eta handiena sartzeko.
Ekainaren 1/2014 Legeak berak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen alderdiez gain, egokitzat jotzen da kargu publikodunei buruzko zenbait alderdi, ordura arte hainbat arauen bidez araututa zeudenak, testu bakar batean biltzea araudian: 14/1988 Legea, urriaren 28koa, goi-kargudunen Lansariei buruzkoa, eta 10/2012 Legea, maiatzaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aldatzen duena –horren bidez, biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea arautzen duen araudi berria ezarri da–.
Era berean, beharrezkoa da kargu publikodunen betebehar nahiz eskubideen izapideekin lotuta baliabide elektronikoen erabilera bultzatzea. Hartara, garrantzi berezia emango zaio paperean emandako dokumentuak kentzeari, ahal den heinean. Horren ordez, Langileen Erregistro Zerbitzurako lan egin duen kargu publikodunak baimena eman beharko du beste administrazio publiko batzuetan dauden eta norbere betebeharrak eta eskubideak betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalak eskuratzeko.
Azkenik, kontuan hartuta gardentasuna gizartearen eskakizuna dela eta zuzenean eragiten diela herritarrentzat lan egiten duten kargu publikodunei, publizitate aktiboa jorratzeko konpromisoari buruzko hainbat alderdi jorratu dira, hain zuzen, alderdi horiek berrerabiltzeko asmoz.
Ildo horretan, dekretu honen helburua da erreferentziazko esparru orokorra eskaintzea kargu publikodunekin lotuta, haien betebehar eta eskubide guztiekin bat etorriz.
I. kapituluan, dekretu honen aplikazio-esparrua eta xedea zehazten dira.
II. kapituluan, Kargu Publikoen Katalogoa eguneratzeko eta argitaratzeko modua zehazten da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Kargu Publikoen Katalogoko lanpostuen titularrek kargu publikodun gisa emandako zerbitzuaren hasierari eta amaierari buruzko informazioa argitaratzeko betebeharra jasotzen da.
III. kapituluak berrikuntza gisa ezartzen Langileen Erregistro Zerbitzurako diharduen kargu publikodunaren baimena, hain zuzen ere, beste administrazio batean jasota dagoen eta kargu publikodun gisa betebehar eta eskubideak betetzeko beharrezkoa den informaziora jotzeko; zehazki, zerga-arloko administrazioari buruzkoa edota Gizarte Segurantzako hainbat erakunde kudeatzaileei buruzkoa. Era berean, gardentasunaren funtsezko alderdi gisa profil eta ibilbide profesionala aurkezteko betebeharra zehaztu da.
IV. kapituluan, interes publiko eta pribatuen artean gatazka-egoerak saihesteko egituratu behar den kontrola jorratzen da; hain zuen ere, kargu publikodunek funtzio publikoan jardutean egin dezaketen kontrola. Parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharra ezartzen du.
V. kapituluan, jardueren deklarazioa eta bateragarritasunen araubidea aztertzen dira. Horretarako, jarduera bateragarri guztien baldintzak eta mugak xehatzen dira. Bateragarritasun-baimenen eskaerak ebazteko prozedura erraztu da.
VI. kapituluak ondare-ondasunen eta eskubideen deklarazioa arautu, eta horien edukia zehazten du. Berrikuntza gisa arautu da errentaren eta ondarearen zerga-aitorpenen kopia soilak ez ematea, bai zerbitzua ematen hastean, bai urtero, kargu publikodun gisa zerbitzua eman bitartean, eta horien ordez, berariazko baimenak lortu ahal izango dira informazio horretarako sarbidea izateko zerga-arloan eskumena duten kasuan kasuko administrazioetan. Halaber, jardueren eta ondarezko ondasun eta eskubideen deklarazioak aurkezteko betebeharrak ez betetzeak dakartzan diziplinazko erantzukizunak zehazten dira.
VII. kapituluan, arautzen dira ondare-arloan kargu publikodunen esku geratu ezin diren ondare-arloko mugak eta betebehar hori betetzeko ezarri beharreko kontrola.
VIII. kapituluak zehatz-mehatz arautzen ditu kargu publikodunek bete beharreko betekizunak, baita eman beharreko zerbitzuak amaitu ondoren ere, eta, zehazki, xede horren ondorengo bi urteetan edozein jarduera pribatu egiteko baimena eskatzeko betebeharra amaitu ostean.
IX. kapituluan, zuzendaritzako langileen ordainsarien muga zehazten da.
X. kapitulua kargu publikodun gisa zerbitzua amaitzearen ondorioz aldi baterako kalte-ordain eta prestazioen araubideaz arduratzen da. Alderdi berri bat arautzen da: zerbitzuak emateari uztearen ondorioz eragindako kalte-ordainei eta aldi baterako prestazio ekonomikoei uko egiteko aukera.
XI. kapituluak organo eskudunak aztertzen ditu, biziarteko pentsioaren eskubidearen aitorpena eta eskubide hori aitortuta duten pertsonen zerrenda argitaratzeko ebazpena emateko.
Azkenik, XII. kapituluan, zerbitzuen prestazioetan, komunikazioetan eta kargu publikodunekiko harremanetan baliabide elektronikoen erabilera garatzen da, dagozkien eskubideak eta betebeharrak errazago eta arinago izapidetu ditzaten. Kargu publikodunen betebehar eta eskubideen publizitatea formatu irekian jorratzeko (berrerabiltzeko) konpromisoa zer arlotan dagoen zehazten da.
Xedapen gehigarrietan, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak Arartekoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari atxikitako kargu publikodunen administrazio-kudeaketarako duen eskumena xedatzen da. Hautaketa-prozesua izapidetu bitartean Kargu Publikoen Katalogoko lanpostua betetzeko aldi baterako izendatzen den kargu publikodunari dekretu honetan jasotakoa aplikatuko zaiola ezartzen da, eta, era berean, dekretu honen esparruan sartzekoak diren Euskal Autonomia Erkidegoaren edo bere sektore publikoaren partaidetza duten erakundeetako zuzendaritzako langileak zehazteko irizpideak jasotzen dira. Goi-zuzendaritzako lan-kontratua arautu da zuzendaritzako langileei atxikitzeko modu gisa. Kargu publikodunen betebehar eta eskubideen berri izateko eta izapidetzeko gaituko den webgunearen helbide elektronikoa xedatzen da. Onartu egin da goi-zuzendaritzako lan-kontratuen eredua. Dekretu honen eranskin gisa sartu da. Kargu publikodunen betebeharrak zer kasutan berritu behar ez diren zehaztu da. Azkenik, Eusko Legebiltzarrari kargu publikodunen betebeharren betetze-mailari buruz igorri beharreko txostenaren edukia zehaztu da.
Xedapen iragankorretan, kargu publikodun gisa zerbitzua ematen hasteko data zehaztu da. Egun horretatik aurrera, dekretu honen VIII. kapituluan adierazitakoa ezarriko da. Goi-zuzendaritzara atxikita dauden egungo lan-kontratuak egokitzeko eta igortzeko epeak zehaztu dira. Partaidetzako erakundeen zuzendaritzako langileen betebeharrak aurkezteko epeak adierazten dira. Azkenik, dekretu hau indarrean sartzean zerbitzuak ematen dituzten kargu publikodunen betebehar berriak betetzeko epea zehazten da.
Xedapen Indargabetzaileak Dekretu hau indarrean sartzean indargabetuko diren arauak zehazten ditu.
Azken batean, dekretu honen asmoa da kargu publikodunen inguruan erreferentziazko esparrua araudi bakar batean bateratzea, haien betebehar eta eskubide guztiei koherentzia emateko eta kargu publikodunen betebeharrak betetzeko kontrol-sistema ezartzeko.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko azaroaren 15ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da dekretua aplikatzekoa zaien kargu publikodunen eskubideak eta betebeharrak betetzera zuzendutako irizpideak eta prozedurak zehaztea, arlo honetako legerian ezarritakoarekin bat etorriz.
2. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
1.– Kargu publikodunek beren betebeharrak eta eskubideak erantzukizunpeko adierazpenen bidez beteko dituzte; hala, emandako datuen zehaztasun faltak, faltsutasunak edo hutsegiteak dagokion erantzukizuna ekarriko du.
2.– Kargu publikodunek izango dute haien adierazpenetan sartzen dituzten datuak egiazkoak eta eguneratuak izateko erantzukizuna, haien betebehar eta eskubideak betez.
3. artikulua.– Dokumentuak kudeatzeko informazio elektronikoaren sistema.
Kargu publikodunei buruzko informazioa eta dokumentuak informazio-sistema elektronikoan gordeta daude. Horrela, bermatu egiten da datu horiek ez aldatzea eta bertan jasota geratzea, baita datuen sarbidean eta erabileran segurtasun handia izatea ere.
4. artikulua.– Goi-zuzendaritzako lan-kontratuak.
1.– Dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko goi-zuzendaritzako lan-kontratuaren eredua onartzen da. Kontratu-eredu hori eranskinean jaso da, eta horren arabera egokituko dira goi-zuzendaritzako lan-kontratudun langileen kontratuak.
2.– Kontratu-eredu horren aldaketa funtzio publikoaren arloan eskumena duen administrazio-organoaren titularrak egingo du.
3.– Salbuespen gisa, eta kontratatu nahi den erakundearen edo pertsonaren beharrizan eta ezaugarri zehatzak aintzat hartuta, berariazko klausulak sartu ahal izango dira, aurretiaz Langileen Erregistro Zerbitzuak aldeko txostena egiten badu.
4.– Goi-zuzendaritzako lan-kontratuak formalizatu eta 5 eguneko epean, kasuan kasuko erakundeak horren kopia igorriko du Langileen Erregistro Zerbitzura.
5. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
1.– Dekretu hau betez kargu publikodunak ematen dituen datu pertsonalak «KARGU PUBLIKOAK» izeneko fitxategian erregistratuta geratuko dira. Fitxategi hori Datuak Babesteko Euskal Agentzian inskribatuko da.
2.– Fitxategi hori funtzio publikoaren arloan eskumena duen organoaren erantzukizuna izango da.
II. KAPITULUA
KARGU PUBLIKOEN KATALOGOA
6. artikulua.– Kargu Publikoen Katalogoaren edukia.
1.– Kargu Publikoen Katalogoa publikoa izango da, eta erabilgarri egongo da dekretu honetan araututako publizitate-sistemaren bidez. Era berean, uneoro eguneratuta egongo da. Hona hemen bertan jasoko den informazioa:
a) Kargu publiko lanpostuaren izena.
b) Zein motatakoa den kargu publiko lanpostua (gobernuko kidea, goi-karguduna, zuzendaritzako langilea, beste kargu publikodun batzuk).
c) Zer antolaketa-egiturari atxikita dagoen.
d) Kargu publiko lanpostuaren titularraren identifikazioa.
e) Zerbitzua ematen hasteko eguna.
2.– Era berean, uneoro eguneratuta egongo da zerbitzua amaitu duten kargu publikodunen zerrenda.
7. artikulua.– Kargu Publikoen Katalogoa eguneratzea.
1.– Kargu Publikoen Katalogoa etengabe eguneratuko da, eta Katalogo horretako kargu publikoen zerrendari eragiten dion edozein aldaketa gehituko zaio, gorabehera hauen ondorio bada:
a) EAEko Administrazioko sailen egitura organikoari buruzko dekretu berriak onartzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoari atxiki edo lotutako organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak edo erakunde instrumentalak sortu, aldatu edo azkentzea dakarten arauak onartzea.
c) Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 2.1 artikuluko d), e) eta f) letretako kargu publikoei eragiten dieten aldaketak.
d) EAEko Administrazioko sail eta organismo autonomoetako behin-behineko langileen lanpostu-zerrenda berriak onartzea.
e) Kargu Publikoen Katalogoan aldaketaren bat eragin dezakeen beste edozein arau-xedapen.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuak izango du Kargu Publikoen Katalogoaren administrazio-kudeaketarako eskumena.
8. artikulua.– Kargu Publikoen Katalogoaren urteko argitalpena.
Urtero, eta lehen hiruhilekoan, Gobernu Kontseiluak, funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrak hala proposatuta, dekretu bidez onetsiko du Kargu Publikoen Katalogo eguneratua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
9. artikulua.– Kargu publikodun gisa zerbitzua ematen hasteko eta amaitzeko epeak argitaratzea.
1.– Katalogoan sartutako kargu publikodunen izendapen eta kargu-uzte administratiboak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
a) Oro har, kargu publikoduna izendatzeko eguna Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguna izango da. Bestela, argitalpenean adieraziko da izendapen horrek noiz izango duen eragina.
b) Oro har, kargu publikodunak kargua uzteko eguna Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Bestela, argitalpenean adieraziko da kargu-uzteak noiz izango duen eragina. Dena dela, kargua uzteko eguna bat etorriko da zerbitzuak ematen dituen azken egunarekin.
2.– Goi-zuzendaritzako lan-kontratuaren bidez atxikita dagoen kargu publikoari dagokionez, kasuan kasuko erakundeak 5 egun balioduneko epean sartuko du iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Bertan zehaztuko da kargu publikoaren titularra zein den, eta zerbitzua noiz hasi eta amaituko den.
10. artikulua.– Kargu publiko lanpostuekin loturiko jarduera publikoen katalogoa.
1.– Katalogoko kargu publiko bakoitzari esleitutako jarduera publiko bateragarrien zerrenda publikoa izango da, eta horretarako ezarritako publizitate-sistemaren bidez eskuratu ahal izango da.
2.– Sail eta Erakunde Autonomoen Zerbitzu Zuzendaritzei dagokie Langileen Erregistro Zerbitzura igortzea norbere sailari zein dagokien jarduketa-esparruko sektore publikoan sartutako erakundeei atxikitako kargu publiko lanpostuekin loturiko jarduera publiko horiei buruzko informazioa.
III. KAPITULUA
KARGU PUBLIKODUNEK ZERBITZUAREN HASIERAN DITUZTEN BETEBEHARAK
11. artikulua.– Informazio publikora sartzeko baimena
1.– Kargu publikodunak baimena eman ahal izango du Langileen Erregistro Zerbitzuak beste administrazio batean jasotako informazioa eskura dezan, betiere beharrezkoa bada kargu publikodun gisa dituen betebeharrak eta eskubideak betetzeko, zehazki, zerga-administraziokoa eta Gizarte Segurantzako hainbat erakunde kudeatzailerena.
2.– Baimen hori eman ondoren, baimena kargu publikodun gisa zerbitzua amaitu eta ondorengo bi urtera arte luzatuko da.
12. artikulua.– Kargu publikodunen profil profesionala eta informazio osagarria.
1.– Kargu publikodunek, zerbitzuak ematen hasten direnetik, 15 eguneko epean, beren profil eta ibilbide profesionala aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako prozeduraren bidez.
Profil profesionalean honako alderdi hauek jaso beharko dira:
a) Prestakuntza akademikoa.
b) Edozein administrazio publikotan karrerako funtzionario, langile estatutupeko edo lan-kontratudun finkoak direla, eta, era beran, esparru publikoan daukaten lan-ibilbidea jaso beharko da, izendapen politikoko postuak barne direla.
c) Esparru pribatuko lanpostuetan daukaten esperientzia.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako informazio hori publikoa izango da, eta dekretu honetan araututako publizitate-sistemaren bidez eskuratu ahal izango da.
3.– Profil eta ibilbide profesionalari buruzko informazioarekin batera, 15 eguneko epe berean, kargu publiko baterako izendatzen den pertsonak adierazi beharko du ea inoiz jaso duen kalte-ordainik kargu publikodun izateari uzteagatik eta ea nahitaezko eszedentzia egoeran dagoen edozein erakunde pribatutan lanpostua gordeta izanik.
IV. KAPITULUA
INTERESEN ARTEKO GATAZKA
13. artikulua.– Parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharra.
1.– Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian parte ez hartzeko ezartzen diren kasuez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura dauden kargu publikodunek ez dute parte hartuko jarduera, erabaki edo ekimenetan, baldin eta horietan haien interesak, ezkontide edo izatezko bikotekidearenak, laugarren mailara arteko odolkidetasun- edo ezkontza-ahaidetasuneko senideenak, edo beste pertsona batzuekin partekatzen dituzten interesak badaude edo interes horien alde egiten bada.
2.– Halaber, ez dute parte hartuko enpresa, sozietate edo erakundeetako gaien gaineko erabakietan eta ez dute haien berri izango, baldin eta beren zerbitzu-harremana hasi aurreko bi urteetan enpresa, sozietate edo erakunde horien zuzendaritza- edo gobernu-organoetan izan badira, kargu publikodunak eurak edo ezkontide edo izatezko bikotekideak, bigarren mailara arteko odolkidetasun- edo ezkontza-ahaidetasuneko senideak, edo horiekin interes partekatuak dituzten beste pertsona batzuk.
3.– Kargu publikodunek zerbitzuak ematen hasteko aurkeztu behar duten jardueren deklarazioa egitean, jarduera horren aurreko bi urteetan eginiko jarduera publiko nahiz pribatuei buruzko informazioa sartuko dute. Era berean, Langileen Erregistro Zerbitzuak interes publiko eta pribatuen artean sor daitezkeen gatazka-egoerak behar bezala kontrolatzeko eskatzen dien informazio sartuko dute –ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 9. eta 10. artikuluetan zehazten dira saihestu nahi diren egoera horiek–.
4.– Era berean, kargu publikodunak zerbitzuak eman bitartean, norberaren, familiaren edo hirugarren pertsonen egoeran izandako edozein aldaketaren berri emango du, betiere egoera horiek interes publiko eta pribatuen artean gatazka-egoera eragin ahal badute.
5.– Langileen Erregistro Zerbitzuak, kargu publikodunaren espediente pertsonala nahiz kargu publiko lanpostua gauzatzeko bete beharreko eginkizunak ikusita, parte ez hartzeko betebeharra betetzeko beharrezkoa den edozein dokumentu eskatu ahal izango du.
6.– Kargu publikodunak parte ez hartzeko betebeharra hausten badu, horrek dagokion erantzukizuna ekarriko du, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 28. eta 29. artikuluen baldintzei jarraikiz.
14.– Artikulua.– Ez duela parte hartuko jakinarazteko prozedura.
1.– Prozedura elektronikoa gaituko da kargu publikodunak 5 egun balioduneko epean ez duela parte hartuko jakinarazteko betebeharra bete dezan, Langileen Erregistro Zerbitzuan jasota gera dadin.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuari dagokio informazio publiko horren administrazio-kudeaketa egitea.
3.– Parte ez hartzeko arrazoia kide anitzeko organoak bilera bat egin bitartean sortzen bada, kargu publikodunak ahoz adierazi ahal izango du ez duela parte hartuko. Jakinarazpen hori kide anitzeko organoko idazkariak jasoko du bilkurako aktan. Kargu publikodunak artikulu honetan ezarritako izapideen bidez jakinarazi beharko du ez duela parte hartuko. Horretarako, bilkura-aktaren kopia emango du.
15. artikulua.– Inhibitzeko eskaera egiteko prozedura.
1.– Sailetako titularrek edo izendatu zituztenek beren mende dauden kargu publikodunei eskatu ahal izango diete inhibitzeko.
2.– Eskaera Gobernuko kideren bati buruzkoa denean, lehendakariak emango du inhibitzeko agindua, aldez aurretik Gobernu Kontseiluari jakinarazita.
3.– Eskakizun horiek idatziz egin beharko dira, eta 5 egun balioduneko epean jakinaraziko dira Langileen Erregistro Zerbitzuan, jasota gera daitezen.
16. artikulua.– Kargu publikoduna errekusatzeko prozedura.
1.– Espediente edo prozeduraren baten gainean interesa duten pertsonek espediente edo prozedura hori izapidetu, bideratu edo ebazteko eskumena duen kargu publikodunaren errekusatzea bultzatu ahal izango dute, administrazio-prozedura erkidearekin bat etorriz.
2.– Uko egiteko agindua hartu ondoren, Langileen Erregistro Zerbitzuari jakinaraziko zaio horren berri izan dezan.
V. KAPITULUA
JARDUEREN DEKLARAZIOA ETA BATERAGARRITASUNEN ARAUBIDEA
I. ATALA
JARDUEREN DEKLARAZIOA
17. artikulua.– Jardueren deklarazioa.
Kargu publikodunek jardueren deklarazio hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Jardueren deklarazioa zerbitzua ematen hastean:
Hilabeteko epean zerbitzuak ematen hasten direnetik aurrera, kargu publikodunek jarduera hauek deklaratu beharko dituzte:
1.– Kargu publikodun gisa zerbitzua eman aurreko bi urteetan eginiko jarduera publikoak eta pribatuak, edo, hala badagokio, jarduerarik egin ez dela.
Kargu publikodunak, hasierako deklarazioan, aurreko bi urteetan egindako zuzendaritza- edo gobernu-jarduerak sartuko ditu, enpresak edo elkarteak adieraziz. Era berean, erantzukizunpeko adierazpena ere egingo du adierazteko ez dagoela interes-gatazkarik familiakoek edo hirugarren batzuek egindako edozein jarduerari dagokionez (ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 10. artikuluan jasotakoak).
2.– Kargu publikodunek, beraiek edo ordezpen edo ahalordetze bidez, kargu publikoarekin batera aldi berean bete nahi dituzten jarduera publikoak eta pribatuak.
b) Zerbitzua egiten den bitartean jardueren deklarazioa egitea:
Hilabeteko epean, deklaratutako jardueren egoerak edo edukia aldatzen denetik aurrera, kargu publikodunek berriz ere eskatuko dute bateragarritasun-baimena. Era berean, bateragarritasun-baimena lortu duen edozein jarduera amaitu dela jakinarazi beharko dute.
18. artikulua.– Irakasteko jardueren deklarazioa.
1.– Zerbitzua ematen hasi aurretik irakasteko jarduera gauzatzeko konpromisoa dutenek dagokion erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute Langileen Erregistro Zerbitzuan, izendatu baino lehen, zeinetan adierazten diren urteko ikastorduak eta irakasteko ordutegia nahiz lekua.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuak txosten-proposamena aurkeztuko dio funtzio publikoaren arloan eskumena duen titularrari, eta hark, izendapena egin baino lehen, Gobernu Kontseilura igorriko du.
3.– Gobernu Kontseiluak kargu publikoduna izendatzeko hartzen duen erabakian, berariaz aipatuko du irakaskuntza-jarduerarako baimena.
19. artikulua.– Jardueren Erregistroa.
1.– Kapitulu honetan araututako deklarazioak, dokumentazio osagarriarekin batera, dokumentuak kudeatzeko sistema elektronikoaren Jarduera Erregistroan inskribatuko dira kargu publikodunen betebehar eta eskubideen euskarri gisa.
2.– Jardueren Erregistroa publikoa da.
3.– Kargu publikodunei buruzko bateragarritasun-baimenek dekretu honetan araututako publizitate-sistemaren bidez izango dute sarbidea.
II. ATALA
JARDUERA BATERAGARRIAK
20. artikulua.– Jarduera publikoen bateragarritasuna.
1.– Ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 15. artikuluan araututako jarduera publikoetarako ez da beharrezkoa izango bateragarritasunaren banako ebazpena, betiere dekretu honen 10. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz argitaratzen badira.
2.– Era berean, ez da banako ebazpenik beharko kargu publiko lanpostua gauzatzeko berez beharrezkoak diren hedapen-, jakinarazpen- eta komunikazio-jardueretan.
3.– Kargu publikodunak bateragarritasun-baimena eskatu beharko du edozein jarduera publiko gauzatzeko, dekretu honetan ezarritako prozeduraren arabera.
21. artikulua.– Jarduera pribatuen bateragarritasuna.
1.– Kargu publikoa betetzeak jarduera pribatu hauek ditu bateragarri:
a) Norberaren edo familiaren ondarea administratze hutsa, ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 22 eta 23. artikuluetan jarritako mugak eta guzti.
Inola ere ez gaude norberaren edo familiaren ondarea administratze hutsaren kasu baten aurrean, hain zuzen, ordainsariak dituzten karguak (adibidez, gerenteak edo kontseilari delegatuak) betetzen direnean, edo gizarte-segurantzaren erregimenean sartuta egoteak dakarren beste edozein kargu gauzatzean.
Kargu publikodunak bere ondarea merkataritza-sozietate baten bidez antolatuta badauka, sozietate horren gobernu-organoei buruzko notario-eskritura aurkeztu beharko du. Beste kasu batzuetan, kargu publikodunak ondare hori kudeatu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Langileen Erregistro Zerbitzuak, emandako dokumentazioa ikusita, eta txostena izapidetu baino lehen, langile eskatzaileei eskatu ahal izango dizkio egokitzat jotzen dituen argibideak. Ebazteko epea bertan behera geratuko da.
b) Noizbehinka parte hartzea kongresu, jardunaldi, mintegi, ikastaro eta hitzaldietan, baita komunikabideetako mahai-inguru nahiz saioetan ere, baldin eta parte-hartze hori ez bada lan-harreman baten edo zerbitzuak emateko kontratu baten ondorio.
Jarduera noizbehinkakoa izango da, baldin eta urte natural bakoitzeko, gehienez ere, 60 irakastordu ematen direnean edo komunikabideetako parte-hartze orduak 60 direnean.
Lan-harremana edo ematen diren zerbitzuen artean loturarik ez dagoela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da, baita zer jarduera emango den eta zenbat ordu emango diren ere.
c) Sortutako nahiz produzitutako lan literario, artistiko, zientifiko edo teknikoak merkaturatzea eta argitaratzea, baldin eta lan-harreman bat edo zerbitzuak emateko kontratu bat ez bada horien sorburu.
Laneko edo zerbitzuak emateko harremanik ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
d) Irabazi asmorik gabeko fundazioetan, elkarteetan edo erakundeetan parte hartzea, edo gizartearen edo kulturaren onerako jardueretan edo gizarte-balioak sustatzen dituzten jardueren zuzendaritza- eta kudeaketa-organoetan parte hartzea, baina ordainsaririk gabe.
Aurreko paragrafoan deskribatutako erakundeetan bazkide soil gisa parte hartzeko ez da beharrezkoa izango bateragarritasun-baimena eskatzea.
2.– Artikulu honetan jasotako jardueretan aritzeak ezin izango du eragotzi edo kaltetu kargu publikodunaren eginbeharrak eta obligazioak zuzen eta zorrotz betetzea, ez du arriskuan jarriko karguan inpartzialtasunez edo independentziaz jardutea eta ez du interes publikoan kalterik eragingo.
22. artikulua.– Kargu hautetsi izendatzeko bateragarritasuna.
1.– Ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege honen aplikazio-esparruan sartutako kargu publikoak bateragarriak izango dira hautetsi kargu gisa izendatzearekin.
2.– Ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, horren bidez egiaztatzeko kargu publikodunak ez duela dedikazio-portzentajerik, eta, hala badagokio, dietak edo kalte-ordainak besterik ez dituela jasotzen. Halaber, kargu hautetsia izateagatik zer erakundetara joan behar duen ere zehaztu beharko du, xede soziala eta guzti.
23. artikulua.– Bateragarritasunak unibertsitate-irakaskuntzan jardutearekin eta enplegatu publikoen prestakuntzarekin.
1.– Unibertsitate-irakaskuntzan eta enplegatu publikoen prestakuntzan jarduteko bateragarritasunari dagokionez, kargu publikodunek bateragarri izango dituzte beren eginkizunak unibertsitate-irakaskuntzan eskola ordainduak ematearekin eta enplegatu-publikoen prestakuntzarako jardueretan parte hartzearekin, baldin eta jarduera hori ez bada haien arduraldiaren kalterako izaten eta inoiz ere ez bada hirurogei eskola-orduko kopurua urtean gainditzen.
2.– Erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, urteko irakaskuntza-orduak, eta ordutegia eta lekua adierazita. Online modalitateko ikastaro eta masterrei dagokienez, dedikazio-orduak edo ECTS kredituak jasoko ditu ziurtagirian.
III. ATALA
BATERAGARRITASUNEN PROZEDURA ETA ORGANO ESKUDUNAK
24. artikulua.– Bateragarritasuna bideratzeko prozedura.
1.– Prozedura elektronikoa gaituko da bateragarritasuna bideratzeko eskaerak izapidetzeko. Langileen Erregistro Zerbitzuari dagokio kudeaketa administratiboa.
2.– Kargu publikodunak bateragarritasuna bideratzeko beste baimen-eskaera bat aurkeztu beharko du, baldin eta hasiera batean eskaeran aitortutako egoeraren bat (jardueraren xedea jakinarazteko jasotakoa) aldatzen bada.
3.– Eskaeraren legezko betekizunak aztertu ostean, funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrak, bateragarritasunari buruzko txostena aurkeztuko du. Txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izango da, kontrakoa denean; eta nahitaezkoa, berriz, aldekoa denean.
Txostena egiteko izapide hori ez da beharrezkoa izango organoak berak duenean eskaera jakinarazteko eta ebazteko eskumena.
Aldeko txostena igorri ostean, ebazpena kontrakoa izan daiteke ebazteko eskumena duen organoak uste badu eskatutako jarduerak eragotzi edo kaltetu egiten duela kargu publikodunen betebeharrak eta obligazioak zorrotz betetzea, edo berau gauzatzean inpartzialtasuna edo independentzia arriskuan jartzen dela, edo interes publikoa kaltetzen dela.
4.– Langileen Erregistro Zerbitzuak izango du ebazpen hori jakinarazteko eskumena.
25. artikulua.– Organo eskudunak.
1.– Funtzio publikoaren arloaren ardura duen saileko titularrak du Bateragarritasun Baimenaren txostena igortzeko eskumena.
2.– Bateragarritasuna baimentzeko eskaerak ebazteko organo eskudunak ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.
VI. KAPITULUA
ONDARE-ONDASUNEN ETA -ESKUBIDEEN DEKLARAZIOA
26. artikulua.– Ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioa.
Kargu publikodunak, zerbitzuaren harremana hasi edo amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, aitortu beharko ditu bere ondare-arloko ondasun, eskubide eta betebehar guztiak. Honako hauek jasoko ditu:
a) Hiri- eta landa-ondasun higiezinak.
b) Ondasun higigarriak.
c) Beste ondare higikor batzuk.
d) Sozietate-partaidetzak.
e) Zorrak eta maileguak.
f) Sozietateen izena eta xedea, edozein dela ere sozietatearen mota, haietan interesak badituzte honako hauek: kargu publikoduna nahiz ezkontidea, zeinahi ere den ezkontzaren ondasun-eraentza, edo izatezko bikotekidea, eta menpeko seme-alabak edo tutoretzapeko pertsonak.
g) Partaidetzako sozietateen izena eta xedea, baldin eta aurreko f) idatz-zatiaren arabera adierazpena egin beharra daukaten sozietateen partaidetzakoak badira.
27. artikulua.– Deklaraziotik baztertutako ondasunak.
Ondare-ondasun eta -eskubideen deklaraziotik kanpo geratuko dira etxeko hornidurak, Ondarearen gaineko Zergaren berariazko araudian araututako baldintzei jarraikiz.
28. artikulua.– Ondare-ondasun eta -eskubideen erregistroa.
Kapitulu honetan araututako deklarazioak, dokumentazio osagarriarekin batera, dokumentuak kudeatzeko informazio-sistema elektronikoaren ondare-ondasunen eta -eskubideen erregistroan inskribatuko dira –hain zuzen, kargu publikodunen obligazio eta eskubideen euskarri baita–.
29. artikulua.– Ondare-ondasun eta -eskubideen erregistroaren edukirako sarbidea.
1.– Ondare-ondasun eta -eskubideen erregistroa isilpekoa izango da.
2.– Legez ezarritako murriztapenak aintzat hartuta, ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioari buruzko informaziorako sarbidea horretarako prestatuko den prozedura elektronikoaren arabera ezarriko da. Jatorriagatik prozedura elektronikoaren eskakizunetara egokitu ezin diren eskaerak salbuetsi egingo dira.
3.– Azken kasu horretan, idatziz aurkeztuko da eskaera. Aztertu beharreko ondare-ondasunen eta -eskubideen deklarazioaren edukia adieraziko da han.
4.– Langileen Erregistro Zerbitzuak ziurtatuko du eskatutako edukia, eta berariaz adieraziko du eskatutako informazioa isilpekoa dela, informazioa erabili eta gordetze aldera.
30. artikulua.– Errentaren eta ondarearen gaineko zergari buruzko zerga-informazioa.
1.– Kargu publikodunek zerga-aitorpenen kopiak aurkeztuko dituzte, bai zerbitzuak ematen hastean, bai urtero, kargua utzi ondorengo bi urteetan barne.
Dokumentazio horren truke, informaziorako sarbidea emango da Administrazio honek erakunde eskudunekin sinatzen dituen hitzarmenen bidez. Horretarako, aurretiaz kargu publikodunaren baimena jasoko du.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuak zerga-arloko dokumentazioa eskatuko du, kargu publikodunaren baimena lortu arren, ezinezkoa denean informazio horretarako sarbidea izatea.
31. artikulua.– Kargu publikodunen ondare-egoerari buruzko txostena zerbitzuak amaitzean.
1.– Langileen Erregistro Zerbitzuak, zerbitzuak amaitu direnean aurkeztutako ondare-arloko ondasun eta eskubideen deklarazioa aztertzean justifikatu gabeko aberastasun-seinaleak ikusten badira, 3 hilabeteko epean, kargu publikodunaren ondare-egoerari buruzko ofiziozko txostena egingo du.
2.– Kargu publikodun horri txosten-proposamenaren berri emango zaio, 15 egun balioduneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko, eta, hala badagokio, eskatzen zaion informazio guztia aurkez dezan.
3.– Langileen Erregistro Zerbitzua lankidetzan aritu ahal izango da beste erakunde edo administrazio batzuekin, kargu publikodunaren ondare-egoera justifikatu ahal izateko.
4.– Langileen Erregistro Zerbitzuak amaierako txostena igorriko dio kargu publikodunari eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrari. Azken horrek Gobernu Kontseilura igorriko du txostena.
5.– Edukian ikusten bada administrazio- edo zigor-arloko erantzukizunen bat dagoela, organo eskudun guztiei jakinaraziko zaie, hala badagokie, dagozkien prozedurak abiaraz ditzaten.
32. artikulua.– Deklarazioa ez aurkezteagatik sortutako diziplina-erantzukizunak.
1.– Ez du arau-hausterik ekarriko dekretu honetan deskribatutako jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazio-ereduak ezarritako epeetan aurkeztu ez izanak, Langileen Erregistro Zerbitzuak horretarako eginiko eskakizunean ezarritako epean aurkezten direnean.
Eskakizunean adierazitako epea igaro ondoren, kargu publikodunak jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioak aurkezteko betebeharra betetzen ez badu, arau-hauste larria egingo du.
2.– Kargu publikodunek arau-hauste arina egingo dute, aurkezten dituzten jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioetan nahita egin ez diren hutsegiteak egiten badituzte eta eskakizunean zehazten den epean zuzentzen badituzte.
3.– Kargu publikodunak arau-hauste larria egingo du, aurkeztutako jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioetan hutsegiteak egin baditu eta eskakizunean zehazten den epean konpontzen ez baditu.
VII. KAPITULUA
KARGU PUBLIKODUNARI EZARRITAKO ONDARE-ARLOKO MUGAK
33. artikulua.– Ondare-mugak sozietate-partaidetzetan.
1.– Langileen Erregistro Zerbitzuak, zerbitzua hastean aurkeztutako ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioa aztertu ondoren, kargu publikodunari eskatu ahal izango dio kasuan kasu beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio egokia aurkezteko, ekainaren 1/2014 Legearen 22.1 artikuluan jasotako ondare-arloko mugak behar bezala kontrolatzeko.
2.– Dokumentaziorik aurkezten ez bada, edo muga horietan arau-hausteen seinaleak ikusten badira, 3 hilabeteko epean, kargu publikodun gisa zerbitzua ematen hasten denetik aurrera, edo oinordetzan hartutako partaidetzak nahiz bestelako doako tituluak eskuratzen denetik aurrera, arau-hauste hori ez egiteko beharrezkoak diren izapideak egiteko eskatuko zaio.
3.– Eskaera horretan, kargu publikodunari jakinaraziko zaio sozietate-partaidetzei buruzko ondare arloko betebeharrak ez betetzeak arau-hauste oso larria dakarrela.
4.– Langileen Erregistro Zerbitzuak honako hauek jasota utziko ditu espediente pertsonalean: kargu publikodunak eginiko alegazioen izapideak, alegazio horien harira egindako transmisioak eta diziplina-arloko eskakizunak, ondare-arloko mugak hautsi diren kasuetan.
5.– Kargu publikoduna mendean duen saileko titularrari aurreko izapideen berri emango zaio.
6.– Ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 22.2 artikuluan jasotako ondare-arloko mugei dagokienez, kargu publikodunak dokumentazioa aurkeztu beharko du enpresan duen partaidetzak enpresaren jarduera nabarmen baldintzatzen duen posiziorik ez dakarrela egiaztatzeko.
34. artikulua.– Baloreak eta finantza-aktiboak kontrolatzeko eta kudeatzeko betebeharrak.
1.– Ogasunaren eskumena duen sailak, bere kargu publikodunen jarduera publikoen zerrendan sartu beharko du merkatu antolatuan negozia daitezkeen finantza-balioak edo aktiboak igortzen dituzten merkataritza-sozietateak arautu, ikuskatu edo kontrolatzeko eskumenak esleituta dituzten lanpostuen zerrenda.
2.– Lanpostu horiek zehaztu ondoren, lanpostuak betetzen dituzten kargu publikodunek ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 23. artikuluan ezarritako mugei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
VIII. KAPITULUA
KARGU PUBLIKODUNEK ZERBITZUA AMAITU ONDORENGO BI URTEETAN DITUZTEN BETEBEHARRAK
35. artikulua.– Kargu publikodun gisa zerbitzua amaitu ondorengo debekuak.
1.– Kargu publikodunak, kargua utzi eta ondorengo bi urteetan, ezingo du lan- edo merkataritza-harremanik hasi beste enpresa, sozietate edo erakunde pribatu batzuekin, betiere horiek harreman zuzena izan badute kargu publikoaren berezko eginkizunak gauzatzeko.
Kargu publikodunak lan- edo merkataritza-arloko edozein jarduera pribaturen berri emango du jarduera hasi baino lehen.
2.–Halaber, aurreko puntuan aipatutako kargu publikodunek, eta denbora-bitarte berean, ezin izango dute egin, ez beren kasa, ezta zuzenean edo zeharka haien % 10eko partaidetza baino handiagoa duten sozietate edo enpresen bitartez ere, laguntza teknikoko kontraturik, zerbitzukorik edo antzekorik Administrazioarekin eta sektore publikoko organismo, entitate edo enpresekin, baldin eta horietan kargu publikodun gisa zerbitzurik eman badute, zuzenean edo enpresa kontratatzaile edo azpikontratatzaileen bidez.
Langileen Erregistro Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratisten Erregistro Ofizialari jakinaraziko dio kargu publikodun gisa zerbitzuak amaitu dituela.
36. artikulua.– Kargu publikodun gisa zerbitzua amaitu ondorengo bi urteetan jarduera pribatuak bateragarri egiteko prozedura.
Bateragarritasun-eskaera horretarako prestatutako prozedura elektronikoaren bidez izapidetuko da, izapide hauekin bat etorriz:
a) Prozeduraren hasiera.
1.– Bateragarritasun-eskaera jarduera pribatua baino lehen eta lan-eskaintza hori jaso edo zerbitzuak eman ondorengo bi egun balioduneko epean aurkeztu beharko da.
2.– Eskaerarekin batera, lan-eskaintzaren kopia erantsi beharko da. Eskaintza horretan, honako hauek jaso beharko dira: eskaintza egin duen erakundea, kontratu mota (lan- edo merkataritza-kontratua), iraupena, kategoria profesionala, eginkizunak eta jaso beharreko ordainsari finkoak.
b) Izapideak.
1.– Langileen Erregistro Zerbitzuak azken zerbitzuak eman dituen sektore publikoko erakundeari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean txostena igortzeko.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuak ikusten badu ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako debekuren bat hautsi dela, eskatzaileari eta eskaintza egiten duen erakunde pribatuari jakinaraziko die, 10 egun balioduneko epean egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten.
3.– Interesdunen alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea igaro ondoren, Langileen Erregistroak ebazpen-proposamena igorriko dio funtzio publikoaren arloan dagokion saileko titularrari.
c) Ebazpena.
1.– Ebazpena ematea funtzio publikoaren eskumena duen saileko titularraren eskumena izango da.
2.– Ebazpena eskatzailearen eta enpresaren aldekoa bada, ebazpena emateko aintzat hartu ziren inguruabarretan izandako edozein aldaketaren berri emango dute; besteak beste, enpresen bat-egiteak edo xurgatzeak, enpresen subrogazioak, edo baimendutako bateragarritasunari kalte egin diezaiokeen beste edozein.
Bateragarritasuna onartzeko ebazpena ezezkoa baldin bada, eskatzaileari eta erakunde eskaintzaileari ohartaraziko zaie ebazpena bete ezean, diziplina-arloan erantzukizuna izango dutela.
3.– Ebazpena emateko gehienezko epea hilabetekoa izango da, bateragarritasuna eskatu zen egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren, interesduna eskatutako jarduera gauzatzen hasiko da.
4.– Langileen Erregistro Zerbitzuak bateragarritasunari buruzko ebazpenen berri emango dio dagokion sektore publikoko erakundeari.
37. artikulua.– Jarduera pribatuen bateragarritasunari buruzko prozedura laburtua, kargu publikodun gisa zerbitzua amaitu ondorengo bi urteetan.
1.– Kargu publikodunak kargu publiko gisa zerbitzuak ematen hasten denetik aitortu beharko du kargu publikoa betetzearen ondorioz nahitaezko eszedentzia egoeran dagoela, Langileen Estatutuaren 46.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hala, lan-kategoria eta eginkizunak adieraziko dira.
2.– Langile horiek kargu publikoa betetzen duten bitartean, uko egin beharko diote lanpostua gordetzeko eskubidea ezarrita duten enpresa edo erakunde pribatuari eragiten dioten erabakien harremanak ezagutzeari eta horietan esku hartzeari, dekretu honetan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
3.– Kargu publikodun gisa zerbitzuak ematen amaitu ostean, Langileen Erregistro Zerbitzura igorri beharko dute nahitaezko eszedentzia eman zion enpresa edo erakunde pribatuan berriz sartzeko eskaeraren kopia. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharrak betetzeari dagokionez.
38. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoa, lan-uztearen ondoren jarduera pribatuaren bateraezintasunagatik.
1.– Aurreko artikuluetan araututako bateragarritasuna ukatuta duten kargu publikodunek konpentsazio ekonomikoa jaso ahal izango dute.
2.– Horretarako, prozedura elektronikoa gaituko da, eta Langileen Erregistro Zerbitzuari dagokio horren kudeaketa administratiboa.
3.– Konpentsazio ekonomiko hori aldi baterako prestazio ekonomikorako goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1998 Legean aurreikusita dagoen gehienezko kopuru gordina izango da.
4.– Konpentsazio ekonomikoaren iraupena, gutxienez, lan-kontratuan adierazitakoa izango da, eta, gehienez ere, bi urtekoa, zerbitzuak amaitzen direnetik aurrera, eskaera noiz egin den aintzat hartu gabe.
5.– Aitortzeko eta ordaintzeko ebazpena funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrarena izango da, ogasunaren arloan eskumena duen sailak zerga-arloko kontu-hartzailetza egin aurretik. Konpentsazio ekonomikoa kargu publikodun gisa zerbitzuak eman dituen organoko azken aurrekontuaren kargura ordainduko da. Horrenbestez, konpentsazio ekonomiko hori aitortzeko prozeduran partetzat joko da.
6.– Ebazteko epea, gehienez ere, hilabetekoa izango da dagokion eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita.
7.– Titulu honetan deskribatutako bateragarritasun-prozeduran administrazioaren isiltasuna ezezkotzat joko da.
8.– Lan-uztearen ondoren jarduera pribatuaren bateraezintasunagatik konpentsazio ekonomikoa jasotzea bateraezina izango da goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1998 Legean aurreikusitako aldi baterako prestazio ekonomikoa jasotzearekin.
9.– Dekretu honetan berariaz aurreikusitako guztian, goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1998 Legean araututako aldi baterako prestazio ekonomikoaren araudia beteko da, betiere izaera juridikoarekin bat etorriz, baita dekretuan ezarritako bateraezintasunen araubidearekin bat etorriz ere.
39. artikulua.– Publizitatea.
1.– Kapitulu honetan araututako deklarazioak, agiri osagarriekin batera, dokumentuak kudeatzeko sistema elektronikoaren Jarduera Erregistroan (kargu publikodunen betebehar eta eskubideen euskarria) erregistratuko dira.
2.– Kargu publikodun gisa zerbitzua amaitu ondorengo bi urteetan jarduera pribatuetan aritzeko bateragarritasunari buruzko ebazpenak publikoak izango dira, eta dekretu honetan araututakoaren arabera eskuratu ahal izango dira.
IX. KAPITULUA
ZUZENDARITZAKO LANGILEEN ORDAINSARI-MUGAK
40. artikulua.– Zuzendaritzako langileentzako ordainsarien muga.
1.– Dagozkion administrazio-kontseiluek ezarriko dituzte euskal sektore publikoko zuzendaritzako langileen ordainsari-finkoak eta aldizkakoak, eta ekitaldi bakoitzeko Aurrekontuen Legeko behar den partidan banakatuta azalduko dira. Dena dela, ordainsari horiek ez dira ezein kasutan kontseilari kargurako ezarritakoak baino handiagoak izango.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeetako zuzendariek pizgarritan jaso dezaketen gehieneko zenbatekoa erakunde bakoitzaren urteko memorian adierazitakoa izango da.
41. artikulua.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, partzuergoetako, fundazioetako eta partaidetzako erakundeetako zuzendarien pizgarri ekonomikoak aitortzeko prozedura.
1.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen, partzuergoen, fundazioen eta partaidetzako erakundeen administrazio kontseiluek edo antzeko organoek bermatu gabeko zenbatekodun pizgarriak ezarri ahal izango dituzte beren zuzendarientzat kudeaketa-helburuak betetzeagatik.
2.– Ezartzen diren pizgarri horiek ekitaldi bakoitzeko aurrekontuen legeek ezartzen dituzten irizpideak bete beharko dituzte.
3.– Administrazio Kontseiluaren edo antzeko organoaren pizgarriak ezartzeko akordioan, pizgarriak banaka esleitzeko irizpideak definitu beharko dira. Irizpide horietan kontuan hartuko dira dagokion memorian jasotako helburu kualitatiboak eta urteko aurrekontuak bete diren eta urteko kudeaketa plana eraginkortasunez bete den. Era berean, honako hauek eskatuko dira:
a) Kudeaketa-planean ezartzea indarrean egon bitartean lortu beharreko helburuak, eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren, sozietate publikoaren, partzuergoaren, fundazioaren edo partaidetzako erakundeen jarduketa-lerro guztietan edo batzuetan ezarriko dira.
b) Lortutako emaitzak ebaluatzeko beharrezkoak diren adierazleak zehaztea.
c) Ikuskaritza- eta kontrol-tresnak aurreikustea, bai atxikita dauden sailei dagokienez, bai ogasunaren eskumena esleituta duen sailaren aldetik. Helburua da kudeaketaren martxari buruz uneoro informazioa izatea.
4.– Pizgarriak ezartzeko, kudeaketa-planarekin bat etorriz, zuzenbide pribatuko erakunde publikoari, sozietate publikoari, partzuergoari edo partaidetzako fundazioari edo erakundeari dagokion saileko titularraren aginduaren bidezko onespena beharko da. Agindu hori Langileen Erregistro Zerbitzura igorri beharko da inskribatzeko.
42. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza duten erakundeen ordainsari-araubidea.
1.– Merkataritza Sozietateek duten borondatearen autonomia-printzipioa alde batera utzi gabe –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak % 50eko edo gutxiagoko partaidetza duenean horien kapital sozialean–, Jaurlaritzak sektore publikoaren erakunde instrumentaletarako ezarritakoaren antzeko ordainsari-araubidea bultzatuko du.
2.– Edonola ere, administrazioko interesen ordezkariek dekretu honetan ezarritako preskripzioen aurka doazen erabakien kontra egingo du.
3.– Onetsi nahi diren akordioak, zuzendaritza-langileen goi-zuzendaritzako lan-kontratuak azkentzearen ondorioz ez datozenean bat dekretu honetan ordainsarien eta kalte-ordainen arloan aurreikusitakoarekin, Langileen Erregistro Zerbitzuari jakinaraziko diote, kargua uzteko agindua eta eguna jakinarazi ondoren.
4.– Langileen Erregistro Zerbitzuak ordezkaria izendatu duen saileko titularrari jakinaraziko dio, dagozkion ondorioetarako.
5.– Dekretu honetako xede diren kargu publikodunek partaidetzadun sozietateetako administrazio-kontseiluetara edo antzeko organoetara bertaratzeagatiko dietak edo kalte-ordainak jasotzeko eskubideari dagokionez, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 15. artikuluan araututakoa bete beharko da.
X. KAPITULUA
KARGUA UZTEAGATIKO KALTE-ORDAINEN ETA ALDI BATERAKO PRESTAZIO EKONOMIKOEN ARAUBIDEA
43. artikulua.– Kalte-ordaina eta aldi baterako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubideari uko egitea.
1.– Langabeziaren kontingentziagatik kotizatzeko Gizarte Segurantzako araudian xedatuta dagoenaren arabera, ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 2.1.a) eta b) artikuluan adierazitako kargu publikodunek kargua uzteagatik jaso ditzaketen kalte-ordainei edo aldi baterako prestazio ekonomikoei uko egiteko eskubidea izango dute. Horretarako, izendapena egin eta 15 egun naturaleko epea izango dute.
2.– Uko egin ahal izateko, langile horiek egiazki langabeziaren kontingentziaren aplikazio-esparruan sartuta egongo dira.
3.– Uko egitea horretarako prestatutako prozedura elektronikoaren bidez egingo da.
44. artikulua.– Kargua uzteagatik kalte-ordaina eta aldi baterako prestazio ekonomia izapidetzeko prozedura.
1.– Bi prestazioen eskaera berariaz prestatutako prozedura elektronikoaren bidez aurkeztuko da.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuak kasuan kasuko administrazioekin sinatutako interoperabilitate-hitzarmenen bidez, ikuskatu egingo du aldi baterako prestazioa jasotzen den epean bere horretan mantentzen direla eskubidea aitortzea eragin zuten baldintzak.
Hala badagokio, eskaera egiten duten langileei beharrezkotzat jotzen den dokumentuen bidez egiaztatzeko eskatuko zaie. Halaber, halakorik aurkeztu gabe 15 egun igaro ondoren, espedientean atzera egingo dela ere ohartaraziko da, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Kalte-ordainerako eskubidearen titularra hilez gero, eskatzaileak eskubide hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
3.– Kalte-ordaina eta aldi baterako prestazio ekonomikoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da urteko ordainsari finko osoa, pizgarriak edo osagarri aldakorrak (baldin baleude) aintzat hartu gabe; zehazki, eskubidea eraginkor egiten den unean Kargu Publikoen Katalogoaren lanpostuei dagokiena hartuko da kontuan. Ordainsari ezberdinak dituzten lanpostuak bete badira, ordainsari handiena hartuko da Katalogotik.
4.– Titulu honetan araututako kalte-ordaina eta prestazio ekonomikoa funtzio publikoaren arloan eskumena duen administrazio-organoko titularrak aitortuko du. Aurretiaz, zerga-arloko esku-hartzea egingo du ogasun horretan eskumena duen sailak. Hala, azken zerbitzuari dagokion erakundeko aurrekontuaren kontura egingo da ordainketa.
5.– Hilabeteko epea egongo da eskaerak ebazteko, eta isiltasuna ezezkotzat joko da.
6.– Eskaera ebatzi ondoren, kalte-ordaina eta aldi baterako prestazio ekonomikoa Langileen Erregistro Zerbitzuak kudeatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoen barruan dagoen kargu publikodunari dagokionez.
7.– Kargua uztearen ondoriozko kalte-ordainari eta aldi baterako prestazio ekonomikoari buruzko informazioa publikoa izango da, eta dekretu honetan araututako moduan egongo da sarbidea.
45. artikulua.– Kargua uztearen ondoriozko kalte-ordainak.
1.– Goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 5. artikuluan adierazten diren kargu publikodunek kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea izango dute, behin bakarrik. Kalte-ordain hori ordainsari finkoaren hilabete batekoa izango da, kargu-uztearen arrazoia eta zerbitzuak ematen zenbat denbora egon den aintzat hartu gabe.
2.– Goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 6. artikuluan adierazten diren kargu publikodunek eskubidea izango dute artikulu horretan adierazitako kalte-ordaina jasotzeko.
3.– Kapitulu honen ondorioetarako, ez da kargu-uzterik egongo egoera hauetan:
a) Kargua uzten denetik edozein administraziotan eskubide hori jasota duen hurrengo kargua edo lanpostua hartzen den arte hiru hilabete baino gutxiagoko tartea dagoenean.
b) Betetako lanpostuaren izenaren aldaketak edota eduki funtzionalean egon daitezkeen aldaketak.
c) Lanpostu berean berrestea, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorioz edo beste edozein arrazoiren ondorioz eginikoa.
4.– Zuzendaritzako kargu publikoduna goi-zuzendaritzako lan-kontratuaren bidez soilik egongo da lotuta. Aurretiaz jakinarazi beharko da, gutxienez 15 egun naturaleko epean, erakunde kontratatzailearen erabakiz lotura hori amaitu dela.
46. artikulua.– Aldi baterako prestazio ekonomikoa kargua uzteagatik.
1.– Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 2.1.a) eta b) artikuluan eta 2.2 artikuluan adierazitako kargu publikodunek goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legean ezarritako aldi baterako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango dute.
2.– Aldi baterako prestazio ekonomikoa bateraezina izango da, eta, beraz, besterik gabe galduko da eskuratu den edo eskura litekeen eskubidea, honako kasu hauetan:
a) Aurretiaz kargua uzteagatik kalte-ordaina edo antzeko prestazioa jasotzen denean, beste kargu publiko lanpostu batetik eratorrita, eta kargua uzten denetik izendapen berria egin arte gutxienez 6 hilabete igaro ez badira.
b) Langabezia-prestazioak edo funts publikoen kontura ordaindutako pentsioak jaso direnean.
c) Edozein kargu publiko ordaindu, hautetsi edo izendapeneko betetzen denean.
3.– Aldi baterako prestazio ekonomikoaren iraupena kalkulatzeko, eskubide hori sortzen duten Kargu Publikoen Katalogoko lanpostuetan eginiko hainbat izendapenen ondorioz emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.
4.– Medikuntza- eta farmazia-arloko laguntza-estaldura kargudun langileek aurretiaz eskatuta emango da. Horretarako, osasun-sistemaren barruan estaldura hori ez dagoela egiaztatu beharko da.
5.– Aldi baterako prestazio ekonomikoa partzialki ordaindu ahal izango da ordaindutako jarduera denbora partzialean egiten denean. Aldi baterako prestazio ekonomikoaren zenbatekotik, denbora partzialeko jardueragatik jasotzen den zenbatekoa deskontatuko da. Zenbateko osoak ez du inola ere gaindituko aldi baterako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa.
6.– Goi-kargudunen ordainsariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen zortzigarren artikuluaren b) letrako segida etengabearen kasuan, kargu publikodun berriak ez du aldi baterako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea sortuko. Kasu horretan, kargu berrirako izendatzean, aitortutako prestazio ekonomikoaren ordainketa etengo da, eta berriro jaso ahal izango du kargu berria uztean (aldi baterako prestazio ekonomikotik kobratu gabe geratu zaion zatia).
XI. KAPITULUA
BIZIARTEKO PENTSIOA JASOTZEKO ESKUBIDEA
47. artikulua.– Biziarteko pentsioa aitortzeko eskumena duten organoak.
Kapitulu honetan araututako biziarteko pentsioa aitortzeko eskumena funtzio publikoaren arloan eskumena duen administrazio-organoko titularrak izango du. Aurretiaz ogasunaren arloko eskumena duen sailak zerga-arloko esku-hartzea egingo du.
48. artikulua.– Biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea aitortzeko prozedura.
1.– Prozedura bat ezarriko da biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea aitortzeko, eta horretarako ezartzen den prozedurak kasuan kasu Langileen Erregistro Zerbitzuak eskatzen duen dokumentazioa zehaztu beharko du, legitimazioa, egoera babestua eta biziarteko pentsioaren zenbatekoa egiaztatu ahal izateko.
Biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea aitortzeko eskaera berariaz prestatutako prozedura elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da.
2.– Langileen Erregistro Zerbitzuak kasu bakoitzean zehaztuko du zer agiri aurkeztu behar diren eskaera ebatzi ahal izateko:
a) Eskatzailea eskubidearen titularra den ala onuradunetako bat den aintzat hartuta.
b) Egoera babestua aintzat hartuta (erretiro-adina, ezintasun fisikoa edo mentala).
c) Gizarte Segurantzako pentsioaren edo funts publikoen kargura ordaindutako beste edozein pentsioren zenbatekoa egiaztatzea.
Era berean, ikuskatu egingo du biziarteko pentsioa jasotzen duen bitartean, pentsioa aitortzea eragin zuten baldintzak bere horretan mantentzen direla.
Hala badagokio, eskatzaileari eskatuko dio beharrezkotzat jotzen dituen egiaztagiriak igortzeko. Hala, ohartarazi egingo da, halakorik aurkeztu ezean, 15 egun igaro badira, espedientean atzera egingo dela.
3.– Biziarteko pentsioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da pentsioa jasotzeko eskubidearen titularrek Gizarte Segurantzako funtsen kargura edota funts publikoen kargura beste pentsiorik jasotzeko eskubidearen titular diren ala ez. Hala bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura soilik diferentzia jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta funts publikoen kargura ordaindutako pentsioa txikiagoa bada.
4.– Hilabeteko epea egongo da eskaerak ebazteko, eta isiltasuna ezezkotzat joko da.
5.– Aitortutako biziarteko pentsioak erreferentziazko ordainsariak dituzten aldaketen arabera eguneratu beharko dira.
49. artikulua.– Aitortutako biziarteko pentsioak argitara ematea.
Langileen Erregistro Zerbitzuak biziarteko pentsiorako eskubidea aitortuta duten pertsonen zerrendari buruzko publizitatea emango du uneoro, dekretu honetan araututako moduan.
XII. KAPITULUA
BITARTEKO ELEKTRONIKOAK ETA GARDETASUNA
50. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Langileen Erregistro Zerbitzuak dagozkion prozedura elektronikoak gaituko ditu, kargu publikodunen betebeharrak eta eskubideak izapidetzeko xedez.
2.– Eskabide-ereduak, erantzukizunpeko adierazpenen ereduak eta formulario elektronikoen bestelako ereduak, berariaz gaitutako egoitza elektronikoak egongo dira eskuragarri, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, eredu horietan Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan aurreikusitako informazioa jasoko da.
3.– Egoitza elektronikoan, galderak egiteko postontzia egongo da, hain zuzen, kargu publikodunek zerbitzuak emateko betebehar eta eskubideen inguruan Langileen Erregistro Zerbitzuari helarazi nahi dizkieten galdera guztiak bideratzeko.
4.– Jarduera profesionalari dagokionez, kargu publikodunek derrigor eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte araudi honetan deskribatutako izapide guztiak. Horretarako, baliabide elektroniko hauek soilik erabiliko dituzte.
5.– Egoitza elektronikoaren bidez egingo dira kargu publikodunen betebehar eta eskubideen espedienteen banako jarraipena. Sarbide mugatua izango dute.
51. artikulua.– Publizitate aktiboaren konpromisoa.
1.– Ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 26.3 artikuluan jasotako ondare-ondasunen eta -eskubideen deklarazioetarako sarbideen murriztapenekin, Langileen Erregistro Zerbitzuak aldian behin eta eguneratuta, modu argi eta ulergarrian, egituratuta eta berriro erabiltzeko moduko formatuarekin, gutxienez kargu publikoen gaineko informazio garrantzitsu hau argitaratzeko konpromisoa hartzen du:
a) Kargu Publikoen Katalogoa, honako informazio honekin: kargu publikoen titularrei buruzko informazioa eta zerbitzua zein egunetan ematen hasi den.
b) Kargu publikodun gisa zerbitzua amaituta duten kargu publikoen zerrenda.
c) Kargu publikodunen betebeharren betetze-maila, bai zerbitzua ematen hastean, bai amaitzean.
d) Kargu publikodun gisa jarduerak gauzatzeko dagokion bateragarritasunerako baimena lortu duten kargu publikodunen zerrenda, eta baimendutako jarduerak ere.
e) Kargu publikodun gisa zerbitzua amaitu ondorengo bi urteetan jarduera pribatuak gauzatzeko bateragarritasunerako dagokion baimena lortu duten kargu publikoen zerrenda.
f) Interes-gatazka ekar dezaketen gaietan ez dutela parte hartuko edo inhibitu direla jakinarazi duten kargu publikodunen zerrenda, baita horien arrazoiak ere.
g) Kargu publikodunen profila eta ibilbide profesionala.
h) Kargu publikodunekiko interakziorako telefonoa eta helbide elektronikoa.
i) Zerbitzua amaitzeagatik dagokien kalte-ordaina jaso duten kargu publikodunen zerrenda, baita kalte-ordain horren data eta zenbatekoa ere.
j) Zerbitzua ematen amaitu ondorengo 2 urteetan jarduera pribatuetan aritzeko baimena ukatzen den kasuetan konpentsazio ekonomikoengatik kalte-ordainak jaso dituzten kargu publikodunen zerrenda.
k) Biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea onartuta duten pertsonen zerrenda.
l) Goi-zuzendaritzako lan-kontratuen bidez lotutako kargu publikodunen zerrrenda.
m) Urtero, aurreko ekitaldiko kargu publikodunen izendun ordainsariak.
n) Urtero, kargu publikodunen ordainsari-taulak.
2.– Publizitate aktiboaren xede izango da beste edozein informazio, baldin eta funtzio publikoari, sektore publikoaren antolaketa eta funtzionamenduari edo gardentasun eta gobernu onari buruzko legerian jasota badago publizitate aktiboa eman behar zaiola.
52. artikulua.– Datuak berrerabiltzeko eta irekitzeko konpromisoa.
Langileen Erregistro Zerbitzuak bultzatuko du, ahal duen heinean, aurreko artikuluan jasotako informazioa eskuragarri egotea, formatu digitalean, estandarizatuan eta irekian, eta Eusko Jaurlaritzaren webgune instituzionaletik eskuragarria egotea, pribatutasuna, segurtasuna edo jabetza erabat errespetatuko direla bermatuta, egitura argi eta zehatzari jarraikiz, ondo ulertzeko eta berrerabiltzeko, bai herritarrek, bai konputazioan diharduten agenteek.
53. artikulua.– Gardentasun-adierazleak.
Langileen Erregistro Zerbitzuak beste gardentasun-adierazle batzuk argitaratuko ditu, gardentasun-alorrean eskumena duen organoak hartzen dituen erabakien arabera beharrezkoa denean.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
Dekretu honetan Langileen Erregistro Zerbitzuari esleitutako eskumenak Eusko Legebiltzarreko administrazio-zerbitzuenak izango dira, Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kargu publikodunei dagokienez.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aldi baterako izendatutako kargu publikodunak.
Dekretu honetan xedatutakoa berariazko araudiarekin bat etorriz hautaketa-prozesua izapidetu bitartean Kargu Publikoen Katalogoko lanpostua betetzeko aldi baterako izendatutako kargu publikodunei aplikatuko zaie.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Partaidetza duten erakundeetako zuzendaritzako langileak.
Dekretu honen ondorioetarako, honako hauek izango dira kargu publikodunak, ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 2.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz: goi-zuzendaritzako lan-kontratuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren partaidetza duten erakundeekin edo haren sektore publikoarekin lotura duten zuzendaritzako langileak, betiere kontratu hori gauzatzeko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko ordezkari batek duenean erakundearen zuzendaritza-organoetan.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa alde batera utzi gabe, honako hauek ere kargu publikodunak izango dira: goi-zuzendaritzako lan-kontratuaren bidezko lotura duten partaidetzadun erakundeko zuzendaritzako langileak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren sektore publikoaren partaidetza erakunde horretan handiena denean administrazio publikoen artean, bai erakundearen kapital sozialean partaidetza-ehuneko handiagoa duelako, bai erakundeko zuzendaritza-organoetako ordezkarien kopurua gainerako bazkideena baino handiagoa delako.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal sektore publikoko zuzendaritza-kargudunek duten lotura.
Dekretu honen aplikazio-esparruan sartuta dauden zuzendaritzako kargu publikodunak euskal sektore publikoko erakundeei lotuta egongo dira goi-zuzendaritzako lan-kontratu baten bidez.
Dena dela, erakunde bakoitzak bere araudiaren arabera beteko ditu zuzendaritzako lanpostuak.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Publizitate-sistema.
Langileen Erregistro Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren webgune instituzionala erabiliko du dekretu honetan adierazitako kargu publikodunen betebehar eta eskubideen berri emateko, publikoak direnean.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Langileen Erregistro Zerbitzuarekin komunikatzeko organoak.
1.– Sailetako eta erakunde autonomoetako zerbitzu-zuzendaritzak edo pareko organoak arduratuko dira Funtzio Publikoko Zuzendaritzarekin solaskide-lanak egiteaz dagokion saileko kargu publikodun guztien kasuan, kontuan hartu gabe kargu horiek zuzenbide pribatuko entitate publikoetan, sozietateetan edo sail edo erakunde autonomo bati atxikitako edozein izaeratako organoetan betetzen dituzten.
2.– Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen eta Lan Harremanen Kontseiluaren kasuan, Langileen Erregistro Zerbitzuari jakinarazi beharko diote zer komunikazio-organo izendatu duten Dekretu honetan jasotako betebeharrak eta eskubideak betetze aldera.
3.– Eusko Legebiltzarra izango da Langileen Erregistro Zerbitzuarekiko komunikazio-organoa Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kargu publikodun guztietarako, dekretu honetan jasotako betebeharrak eta eskubideak betetze aldera.
4.– Zerbitzu-zuzendaritzak edo komunikazio-organoak, hala badagokio, ahal denik eta azkarren jakinarazi beharko dio Langileen Erregistro Zerbitzuari, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 4. artikuluan sortutako Kargu Publikoen Katalogoan sorrerarik, ezabatzerik edo aldaketarik agertzen den.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zuzendaritza-langileen ordainsarien urteko informazioa.
Urtero, ekitaldi bakoitzaren lehen hiruhilekoan, sektore publikoko erakundeek honako hauek jakinarazi behar dizkiote Langileen Erregistro Zerbitzuari, ezartzen den moduan: haien kargu publikodunei ekitaldi bakoitzean ordaindutako izendun ordainsariak, zenbateko finkoak eta aldizkakoak jasota, pizgarrien ondoriozko zenbatekoa, eta, hala badagokio, antzinatasunagatiko zenbatekoa. Era berean, erakundeko kargu publiko lanpostuak zer ordainsari-taulatan antolatuta dauden igorriko dute.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izendapen berrien ondorioz betebeharrak berritzea.
1.– Goi-zuzendaritzako izendapenetan edo lan-kontratuan aldaketak egiteko, beharrezkoa izango da kargu publikodunak dekretu honetan ezarritako betebeharrak berritzea.
2.– Deklarazioak ez dira berrituko konfiantzazko edo aldi baterako kargu publikoa uztearen arrazoia hura izendatu zuen saileko titularrak karguari utzi izana denean, baldin eta titular berriak izendatzen badu utzi duen kargu publiko berean, betiere kargua utzi eta izendapen berria egin arte hilabete baino gehiago igaro ez bada.
3.– Era berean, deklarazioak ez dira berrituko kargu publikodunak kendu eta izendatzen direnean izendapenen aldaketa hutsen ondorioz (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duten dekretuetan titular diren zentro organikoen izendapenetan).
BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eusko Legebiltzarrari kargu publikodunen betebeharren betetze-mailari buruzko informazioa ematea.
Langileen Erregistro Zerbitzuak sei hilean behin egingo du (ondoren Eusko Legebiltzarrari igortzeko) kargu publikodunek betebeharrak zer neurritan betetzen dituzten, dekretu honekin lotuta zer arau-hauste egin duten eta zer zehapen jarri diren jasotzen duen txostena (eta zehazpenen arduradunak ere adieraziko dira).
Baldin eta zehapen-prozeduraren bat ebatzi izan balitz, zehatzeko ebazpenaren kopia bidaliko zaio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari.
Txostenean, era berean, honako informazio gehigarri hauek jasoko dira: deklarazioak egiteko betebeharra duten kargu publikodunen kopurua, jasotako deklarazio-kopurua, kargua uztearen ondorioz eginiko komunikazio-kopurua, eta dekretu honetan aurreikusitako betekizunak bete ez dituzten kargu publikodunen kopurua.
Informazio hori dekretu honetan araututako publizitate-sistemaren bidez egongo da eskuragarri.
HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntza-araubidea.
Kargu publikodunen betebehar eta eskubideei buruzko dekretu hau aplikatuz argitaratzen den informazioa euskaraz eta gaztelaniaz emango da.
Era berean, kargu publikodunek eskubidea daukate aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko Langileen Erregistro Zerbitzuarekiko komunikazioetan, eta, halaber, eskubidea dute hizkuntza horretan erantzun diezaien.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kargua utzi ondorengo betebeharrak.
Dekretu honen VIII. kapituluan jasotako xedapenak 2014ko azaroaren 1aren ostean zerbitzuak ematen hasi diren kargu publikodunei soilik aplikatuko zaizkie.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Goi-zuzendaritzako lan-kontratuak egokitzea eta igortzea.
1.– 2 hilabeteko epean, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, goi-zuzendaritzako lan-kontratuak sinatuta dituzten erakundeek kontratu horien klausulak aldatuko dituzte dekretu honetan onetsitako eredura egokitzeko.
2.– Dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, goi-zuzendaritzako lan-kontratuak klausuletara egokitu ondoren, Langileen Erregistro Zerbitzura igorri beharko dira erregistratzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Partaidetza duten erakundeen zuzendaritzako langileen betebeharrak.
Kargu Publikoen Katalogoan sartutako lanpostuak betetzen dituzten partaidetzako erakundeetako zuzendaritzako langileek hilabeteko epea izango dute, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, dekretu horretan jasotako betebeharrak betetzeko. Zehazki, Etika eta Jokabide Kodera atxikitzea, jarduerak aitortzea, eta ondare-ondasunen eta -eskubideen deklarazioa.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dekretu hau indarrean sartzean zerbitzuak ematen dituzten kargu publikodunen betebeharrak.
Dekretu hau indarrean sartu aurretik izendatzen dituzten kargu publikodunek hilabeteko epea izango dute dekretu honen 12. artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka egiten duten, kontraesanean dauden edo bateragarriak ez diren maila bereko edo beheragoko arau guztiak, eta bereziki:
a) Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuko 17. artikuluko n) letra.
b) 129/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, Jaurlaritzako kideen, Administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen zuzendaritza-taldekideen jarduerak eta ondarezko eskubide-ondasunak adieraztea eta erregistratzea arautzeko dena.
c) 130/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendarien estatutu pertsonala arautzen duena.
d) 131/1989 Dekretua, maiatzaren 23koa, gobernuko kideek, EAEko administrazioko goi-kargudunek, konfiantzako langileek edota administrazioko aldi baterako langileek beren kargua uzten dutenean jasoko duten kalte-ordainen edo aldi baterako prestazio ekonomikoaren araubidea arautzen duena, bigarren xedapen gehigarria izan ezik.
e) Agindua, 2013ko irailaren 6koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunak eta behin-behineko langileak Etika eta Jokabide Kodeari banaka atxikitzeko prozedurari buruzkoa.
f) 4/2014 zenbakiko jarraibidea, abenduaren 9koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako betebeharrei dagokienez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Etika eta Jokabide Kodea.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluari dagokio Etika eta Jokabide Kodea onartzeko erabakia hartzea.
Etika eta Jokabide Kodera atxikitako kargu publikodunen zerrenda publikoa izango da, eta dekretu honetan araututako publizitate-sistemaren bidez eskuratu ahal izango da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu honen arabera onesten den araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.