Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2016ko abuztuaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3527

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 8koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako zenbatekoak eguneratzeari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deialdia egin denez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian jasotako lege-agindua bete behar da.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzeko den abenduaren 23ko 11/2015 Legearen lehen xedapen gehigarriak hau ezarri zuen: hautagaiei jarleku, boto eta hauteskunde-barrutien arabera ematen zaizkien diru-laguntzak, eta hauteskunde-publizitate eta -propaganda bidaltzearekin lotutakoak –guztiak ere aipatutako 5/1990 Legearen 151. artikuluan jasoak–, 2013ko urriaren 1ean eguneratu dira, lege honen bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren ondorioetarako.

Bestalde, bigarren xedapen iragankor horrek 2013ko abenduaren 31n kopuruak izoztea ezarri zuen Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak egingo diren urteko ekitaldirako, 5/1990 Legearen 151.1 eta 151.2 artikuluetan aurrez ikusita dauden hauteskundeetarako diru-laguntza publikoen zenbatekoei dagokienez (hautagaiei jarleku, boto eta hauteskunde-barrutien arabera ematen zaizkien diru-laguntzak, eta hauteskunde-publizitate eta -propaganda bidaltzearekin lotutakoak).

Zentzu horretan, bidezkotzat jo da aldatu gabe uztea Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 151. artikuluko zenbatekoak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzeko den abenduaren 23ko 11/2015 Legeak gehitutako eguneratzearen arabera, zeina aurtengo urtarrilaren 7an argitaratu baitzen.

Irizpide berdin-berdina hartzen da kontuan legean jasotako gainerako zenbatekoetarako, eta, beraz, horiek ere bere horretan utzi dira, aldatu gabe.

Azaldutakoa dela bide,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 151. artikuluan jasotako zenbatekoak, zeinak hauteskunde-gastuen diru-laguntza publikoei baitagozkie, honako hauek dira:

1.– Lehen ataleko a) letrari dagokiona: hogeita sei mila zazpiehun eta hirurogeita bat koma laurogeita bederatzi euro (26.761,89).

2.– Lehen ataleko b) letrari dagokiona: zero koma laurogeita hamar euro (0,90).

3.– Lehen ataleko c) letrari dagokiona: berrogeita lau mila seiehun eta hiru koma hamahiru euro (44.603,13).

4.– Bigarren ataleko a) letrari dagokiona: zero koma hogeita hiru euro (0,23).

Bigarrena.– Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako gainerako zenbatekoek, zeinak aurreko atalean jasota ez baitaude, bere horretan jarraituko dute, aldatu gabe.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 8a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala