Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2016ko otsailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
868

20/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak.

Europar Batasunak Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen aldaketa sakona egitea onartu zuen 2013. urtean, helburu hauek betetzeko: laguntzen banaketa orekatuagoa izatea, belaunaldien txandakatzea bultzatzea, klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak sustatzea, zailtasunak dituzten sektoreetan edo eskualdeetan produkzio-maila jakin batzuei eustea eta nekazari txikiei administrazio-karga murriztea.

2013. urtearen amaieran, erregelamendu-sorta bat argitaratu zen, NPEren laguntza-erregimen horien aldaketa inplementatzen duena. Erregelamendu horien artean, nabarmendu beharra dago Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa–. Erregelamendu horren bitartez, honako erregelamendu hauek indargabetu ziren: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza-erregimenak betez nekazariei zuzeneko ordainketak egiteko aplikagarri diren arauak ezartzen dituena eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena.

Espainiako estatuan, arau-aldaketa horiek guztiek eragin dute hainbat errege-dekretu argitaratzea, eta dekretu horietan bertan hitzez hitz azaltzen denez, haien helburua da «lurralde nazional osoan Nekazaritza Politika Erkidea aplikatzeko eredu berdina» ezartzea. Dekretu horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: abenduaren 19ko 1076/2014 Dekretua –Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzkoa–, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua –2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa–, eta abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretua –Zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretuak aratu ditu halako laguntza guztiak, hau da, Erkidegoaren «ordainketa bakarreko» laguntzen erregimena eta nekazaritza eta abeltzaintzarako zuzeneko beste laguntza batzuen erregimena EAEko eremuan garatu eta aplikatzeari buruzko Dekretuak. Arau hori erabat ordeztu dute Erkidegoko araudi berriak eta Estatuko oinarrizko araudi berriak, eta, hortaz, EAEn ere, egungo egoerara egokitutako araudi berria ezarri behar da haren ordez. Horregatik, dekretu honek arestian aipatutako urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretua indargabetzen du, eta baita ere martxoaren 2ko 79/2010 Dekretua –Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait baldintza aplikatzeari buruzkoa– eta 2005eko otsailaren 4ko Agindua –Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) dauden datuak jendaurrean jartzekoa eta alegazioak aurkezteko prozedura ezartzekoa.

Gauzak horrela, dekretu honen xedea honako hau da: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntza-erregimenak betez, Euskal Autonomia Erkidegorako arauak ezartzea, nekazarientzako zuzeneko ordainketei buruzko estatuko oinarrizko araudia eta Erkidegoko erregelamendua garatzeko eta aplikatzeko, gai horri buruzko EAEko egungo araudiaren ordez. Dekretu honek arautzen du, halaber, nola aplikatu Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta EAEn arlo honetako laguntzak jasotzeko baldintzak.

Dekretu hau prestatzerakoan, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta sektoreko elkarte eta erakunde profesionalei.

Horrenbestez, aginduzko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko otsailaren 16an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegorako arauak ezartzea, honako hauek garatu eta aplikatzeko: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntza-erregimenak betez nekazariei zuzeneko ordainketak egiteko Estatuko oinarrizko araudia eta Erkidegoko erregelamendua; Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta ordainketen onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.– Bereziki, honako hauei buruzko garapen- eta aplikazio-arauak ezartzen dira:

a) Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketaren erregimenerako eskubideak esleitzea.

b) Erkidegoko honako laguntza-erregimen hauek:

– Oinarrizko ordainketa.

– Klimarako eta ingurumenerako jardunbide onuragarriak aplikatzeko ordainketa.

– Nekazaritza-jardueran hasten diren nekazari gazteentzako ordainketa osagarria.

– Ordainketa elkartuak.

– Nekazaritzako ustiategi txikietarako erregimen sinplifikatua.

c) Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC).

d) Zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko zenbait programa betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak.

2. artikulua.– Definizioak.

Dekretu hau aplikatzerakoan, honako xedapen hauetan ezarritakoa hartuko da aintzat: abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzkoa; abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua, 2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa; abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretua, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema arautzen duena, eta abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretua, Zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituena.

3. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEF) etorriko dira, eta baliabide horien guztizko bolumena Erkidegoko erregelamenduak eta erabakiek edo estatuko oinarrizko araudiak deialdi edo ekitaldi bakoitzerako ezartzen duena izango da, betiere kontuan hartuta aurrekontu-mugak eta araudi horretan ezarritako finantza-diziplinaren mekanismoen aplikazioa.

2.– Laguntza horiek Erakunde Ordaintzailearen bitartez ordainduko dira, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen Dekretua), behin Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak xede horretarako ebazpenak eman ondoren.

4. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ezingo dira dekretu honetan jasotako laguntzen kontura finantzatu Euskadiko Landa Garapenerako Programan bildutako neurriak, ez eta europar funtsekin finantzatutakoak ere.

2.– Eusko Jaurlaritzak edo foru-aldundiek helburu berarekin finantzatutako beste edozein laguntzarekin baino ez dira izango bateragarriak laguntza horiek, betiere Europako Batzordeak horretarako baimena eman badu edo estatuko laguntzei buruzko erkidegoko erregelamendua betetzen badute.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradunak «nekazari aktibo» diren eta dagokion laguntza-linea bakoitzean zehaztutako betebeharrak eta eskakizunak betetzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira.

2.– Dekretu honetan arautu diren diru-laguntza eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, bidezko zehapenak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeriagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisikoak edo juridikoak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zehatutakoak.

6. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Dekretu honen bidez erregulatutako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan diru-laguntzei buruz aplikagarria den araudi orokorrean ezarritakoak eta lurralde historikoetako laguntzak erregulatzeko foru-arauetan ezarritako betebehar orokorrak. Horietaz gain, beste betebehar hauek izango dituzte:

a) Eskatzen dieten informazioa ematea Europar Batasunaren, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien organo eskudunei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, dekretu honen kargura jasotzen diren diru-laguntzen gainean dituzten zereginak bete ditzaten.

b) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Dekretu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratuko duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da.

7. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunek Erkidegoko erregelamenduan, estatuko oinarrizko araudian, dekretu honetan edo dekretu hau garatzen duen foru-araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez badituzte, dekretu honetako 37. eta 38. artikuluetan aurreikusitako zehapenak eta itzultzeko betebeharrak aplikatuko zaizkie.

2.– Halaber, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko prozeduretan, osagarri gisa aplikatuko da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzei buruz aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritakoa.

II. KAPITULUA
OINARRIZKO ORDAINKETARAKO ESKUBIDEEN ESLEIPENA

8. artikulua.– Onuradunak.

1.– Bi bide daude oinarrizko ordainketarako eskubideak emateko:

a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera, oinarrizko ordainketarako eskubideak –lehenengo esleipenetik eratorritakoak– lortzen dituzten nekazari aktiboei esleituko zaizkie, 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

a) 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1307/2013 (EE) Erregelamenduaren arabera, Erreserba nazionalaren esleipenaren oinarrizko ordainketarako eskubideak edo lagapen bidezko eskubideak lortzen dituzten nekazari aktiboei esleituko zaizkie.

2.– 1. paragrafoan aipatzen diren nekazariek, beren eskubideei dagozkien zenbatekoak kobratu ahal izateko, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, nekazari aktiboaren eta nekazaritza-jardueraren definizioari eta eskakizunei dagokienez eta ordainketa-eskubideak justifikatzeko onargarriak diren hektareak deklaratzeari dagokionez; arau horretako 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak ere bete beharko dituzte (1075/2014 Errege Dekretua, 2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa).

9. artikulua.– Oinarrizko ordainketaren erregimena eskualdekatzea.

1.– Abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, oinarrizko ordainketaren erregimena eskualdekatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren 23.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskualdeetan oinarritutako aplikazio-ereduari jarraikiz, eta oinarri hartuta irizpide administratibo, agronomiko eta sozioekonomikoak eta eskualdeko nekazaritza-potentziala duten irizpideak. Eskualdekako aplikazioa ezartzeko oinarrizko unitatea nekazaritza-bailarak izango dira. Nekazaritza-bailara horiek hainbat eskualdetan bilduko dira, irizpide hauek aintzat hartuta: bailara bakoitzeko nekazaritza-azalera mota desberdinen produkzio-orientazioa, 2013. urtean haien ezaugarri izan zen produkzio-potentziala eta produkzio jakin batzuek nekazaritza-bailaretan duten inpaktu sozioekonomikoa.

2.– Oinarrizko ordainketa-erregimenaren bailarak eta bailara horiek kasu bakoitzean osatzen dituzten udalerriak ezartzeko erabiliko diren eskualdekatzeko planaren nekazaritza-bailarak abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren I. eranskinean bilduta daude.

3.– Eskualdeen lurralde-oinarria irizpide hauen arabera ezarriko da: eskualde horien produkzio-potentziala eta, 2013ko kanpainan deklaratutako azalerei dagokienez, kanpaina horretan ezarritako produkzio-orientazioa, edo, 2013ko kanpainan deklaratu ez ziren azaleren kasuan, kanpaina horretan nekazaritza-lursailen identifikazio geografikoaren sisteman (SIGPAC) azaltzen den erabilera. Lurralde-oinarri hori, SIGPAC sistemari buruzko erreferentzia-geruza batean finkatuko da; geruza hori behin betikotzat hartuko da, 2015. urtean oinarrizko ordainketarako eskubideak esleitzeko prozesua amaitzen denean. Eskualdeen lurralde-definizioa abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarrita dago.

10. artikulua.– Oinarrizko ordainketarako eskubideak esleitzea.

1.– Oinarrizko ordainketarako eskubideak esleituko zaizkie zuzeneko ordainketak jasotzeko eskubidea duten nekazari aktiboei, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8., 9. eta 10. artikuluen arabera, betiere abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzen badute (1075/2014 Errege Dekretua, 2015. urtetik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa).

2.– Honako hauek lortuko dituzte erreserba nazionaleko oinarrizko ordainketarako eskubideak, betiere ezarritako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Epai irmoaren edo administrazio-egintza irmoen bidez, laguntza-eskubideak jasotzeko edo dauzkaten eskubideen balioa handitzeko legitimatuta dauden nekazariak, abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren 30.9 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Lehentasunez, nekazari gazteak eta nekazaritza-jarduera hasi duten nekazariak, nahiz eta 2014ko erreserba nazionalaren bitartez ordainketa bakarrerako eskubideen lehenengo esleipena jaso izan, betiere artikulu honetan ezarritako irizpideak betetzen badituzte.

c) Ezinbesteko kausak edo salbuespenezko zirkunstantziak direla medio 2015ean oinarrizko ordainketarako eskubideen lehen esleipena eskuratu ez duten nekazariak.

11. artikulua.– Oinarrizko ordainketa-erregimenean sartzeko eskaera.

1.– Abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluan oinarrituta oinarrizko ordainketarako eskubideen esleipena jabetzan jaso ahal izateko, nekazariek foru-aldundian eskatu beharko dute oinarrizko ordainketa-erregimenean sartzea, eskabide bakarrarekin batera, erregimen hori aplikatzen den lehenengo urtean.

2.– Erreserba nazionalaren konturako oinarrizko ordainketarako eskubideak eskatu nahi dituzten nekazari aktiboek foru-aldundian aurkeztu beharko dute eskaera, urte bakoitzeko eskaera bakarra aurkezteko epean, betiere abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (1075/2014 Errege Dekretua, 2015. urtetik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa).

12. artikulua.– Oinarrizko ordainketarako eskubideak esleitzeko prozedura.

1.– Foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta arrantzaren alorreko eskumena duen sailera bideratuko dituzte oinarrizko ordainketa-erregimenean onartzeko eskaerak nahiz erreserba nazionalaren konturako oinarrizko ordainketarako eskubideen eskaerak.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak oinarrizko ordainketarako eskubideen esleipenari buruzko behin-behineko jakinarazpena egingo die onuradunei. Jakinarazpena jaso duten edo egindako eskaeraren erantzunik jaso ez duten eskatzaileek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jakinarazitako edo jakinarazi gabeko datuei buruz; horretarako, hilabeteko epea izango dute jakinarazpen hori egiten den egunaren biharamunetik aurrera.

3.– 2016ko apirilaren 1a baino lehen, eskatzaileei jakinaraziko zaie zein den esleitu zaien oinarrizko ordainketarako eskubide-kopurua eta balioa, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta arrantzaren alorreko eskumena duen zuzendaritzako titularrak emandako ebazpen bidez.

13. artikulua.– Oinarrizko ordainketarako eskubideak eskualdatzea.

1.– Oinarrizko ordainketarako eskubideak esleitu diren oinarrizko ordainketaren erregimenaren eskualde berean baino ezingo dira laga, salmenta bidez, errentamendu bidez edo zuzenbidean onartutako beste edozein modu erabiliz. Laguntza-eskubideen salmenta eta errentamendua lurrekin edo lurrik gabe egin ahal izango da. Lurren errentamenduak oinarrizko ordainketarako eskubideak errentatzaileari salduz edo dohaintzaz amaitzen badira, lurrekin egindako eskubide-salmentatzat hartuko dira.

2.– Erreserba nazionalari borondatez laga ahal izango zaizkio erabiliko ez diren laguntza-eskubide guztiak.

3.– Eskubide zatiak lagatzeko, irizpide proportzionalak erabiliko dira eskubidearen balioa kalkulatu eta esleitzeko.

4.– Abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordainketa-eskubideak nekazari aktiboei soilik eskualdatu ahal izango zaizkie, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8., 9. eta 10. artikuluen arabera, jaraunspenen kasuan izan ezik (1075/2014 Errege Dekretua, 2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa).

5.– Lagapenak urteko edozein unetan egin ahal izango dira.

14. artikulua.– Eskubideen lagapenak Administrazioari jakinaraztea.

1.– Lagatzaileak dagokion foru-aldundiari emango dio laguntza-eskubidearen lagapenaren berri, eta foru-aldundiak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bideratuko du. Aipatutako jakinarazpenarekin batera, lagatzaileak beharrezkoak diren dokumentuak entregatuko ditu, aukeratutako lagapen motaren arabera, hura egiaztatzeko. Jakinarazteko epea azaroaren 1ean hasiko da, eta hurrengo urteko eskaera bakarra aurkezteko epea bukatzen denean amaituko da.

2.– Ulertuko da lagapena onartu dela, jakinarazpena egin eta handik sei hilabetera Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta arrantzaren alorreko eskumena duen sailak ez badu jakinarazi horren aurka dagoela arrazoiak emanda. Nolanahi ere, abenduaren 19ko 1076/2014 Dekretuaren 29. artikuluan biltzen diren atxikipenen ehunekoak aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta arrantzaren alorreko eskumena duen sailak jakinarazpena onartu ahal izango du, lagatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren bidez egiaztatzen den lagapen mota kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta arrantzaren alorrean eskumena duen sailak ahalik eta lasterren emango dio lagatzaileari eragozpenen berri.

3.– Jaraunspenak eta erretiroak (zeinetan eskubideen lagapen-hartzailea lagatzailearen lehen mailako ahaidea den), kargu-uzte aurreratuko programak, lanerako ezintasun iraunkorra, bat-egiteak edo zatiketak eta nortasun juridikoaren aldaketak direla medio izandako titulartasun-aldaketak eta titular-aldaketen ondorioz errentamenduetan izandako aldaketak dagokion foru-aldundiari jakinaraziko zaizkio, eta foru-aldundiak Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta arrantzaren alorreko eskumena duen sailera bideratuko ditu eskaera bakarra aurkezteko epearen azken eguna baino lehen; horretarako, abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren VI. eranskinean azaltzen den informazioa aurkeztuko du gutxienez.

15. artikulua.– Xedapen arautzaileak.

1.– Oinarrizko ordainketarako eskubideen esleipena erregulatzen duen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

2.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak.

III. KAPITULUA
ORDAINKETA ERREGIMENAK

16. artikulua.– Oinarrizko ordainketarako erregimena.

1.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera, «nekazari aktibotzat» hartzen diren eta dekretu honen 5. artikuluan xedatutakoaz gain ondoren aipatuko diren eskakizunak betetzen dituzten pertsonak izango dira oinarrizko ordainketaren onuradun. Aipatutako eskakizunak honako hauek dira:

a) Oinarrizko ordainketarako eskubideak izatea, eskubide horien araudi erregulatzailearen arabera.

b) Eskubide bakoitza dagozkion hektarea onargarriekin justifikatzea.

c) Dekretu honetako 34. artikuluan aurreikusitako eskaera bakarra aurkeztea.

2.– Oinarrizko ordainketa erregulatzen duen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

3.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak. Agindu horren eranskinean bilduko da, halaber, ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia.

17. artikulua.– Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideetarako ordainketa.

1.– Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak aplikatzeko ordainketaren onuradunak izango dira abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera «nekazari aktibotzat» hartzen diren eta dekretu honetako 5. artikuluan xedatutakoaz gain beren hektarea onargarri guztietan klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak –ustiategiaren ezaugarrien arabera ezartzen direnak– errespetatzen dituzten pertsonak.

2.– Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak aplikatzeko ordainketa arautzen duen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

3.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak. Agindu horren eranskinean bilduko da, halaber, ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia.

18. artikulua.– Nekazaritza-jarduerari ekiten dioten nekazari gazteentzako ordainketa osagarria.

1.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera «nekazari aktibotzat» hartzen diren eta dekretu honen 5. artikuluan xedatutakoaz gain ondoren aipatuko diren eskakizunak betetzen dituzten pertsonak izango dira oinarrizko nekazaritza-jarduerari ekiten dioten nekazari gazteentzako oinarrizko ordainketa osagarriaren onuradun. Aipatutako eskakizunak honako hauek dira:

a) 40 urte baino gehiago ez izatea oinarrizko ordainketaren lehenengo eskaera aurkezten duten urtean.

b) Nekazaritzako ustiategi batean lehenengo aldiz jardutea ustiategi horren arduradun gisa, edo oinarrizko ordainketa-erregimenaren babesean egindako lehen eskaera aurkeztu aurreko bost urteko epean hasi izana ustiategi horretan.

c) Ordainketarako eskubidea izatea oinarrizko ordainketa-erregimenaren arabera, eta dagozkion ordainketa-eskubideak abian jarri izana.

d) Oinarrizko Ordainketaren Erreserba Nazionalaren eskubideen esleipena arautzen duen araudian nekazari gazteentzat ezarritako eskubideak betetzea.

2.– Nekazaritza-jarduerari ekiten dioten nekazari gazteentzako ordainketa osagarria arautzen duen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

3.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak. Agindu horren eranskinean bilduko da, halaber, ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia.

19. artikulua.– Ordainketa elkartuak.

1.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera «nekazari aktibotzat» hartzen diren eta dekretu honen 5. artikuluan xedatutakoaz gain ondoren aipatuko diren eskakizunak betetzen dituzten pertsonak izango dira ordainketa elkartuen onuradun. Aipatutako eskakizunak honako hauek dira:

a) Laguntza elkartu bakarra eskatzea azalera bererako, kanpaina jakin batean.

b) Laguntzak jaso ditzakeen hektarea 1eko gutxieneko azalera landatzea, lehorreko azaleren kasuan, eta 0,5 hektareakoa, azalera ureztatuen kasuan, non eta laguntza bakoitzaren betekizun espezifikoetan bestela xedatzen ez den.

c) Abeltzaintzako laguntzen kasuan, behar bezala identifikatuta eta erregistratuta egotea animalia hautagarri bakoitzeko eskubideak sor ditzaketen animaliak nahiz animalia horiek osatzen duten ustiategia.

d) Laguntza jasotzeko eskakizunak betetzen direla egiaztatzea ahalbidetzen duten frogagiriak jartzea agintari eskudunen eskura, horrelakorik eskatzen bada.

2.– Honako hauetarako jaso ahal izango dira ordainketa elkartuak:

a) Proteinen laborantzak: proteaginosak (ilarrak, babak, babatxoak, lupinu gozoa), ale-lekadunak (txirta, eruak, algarrobo-lekak, titarroak, almortak, ailorbea, zalkea, aixkola), bazka-lekadunak (alpapa –lehorreko azaleran soilik–, bazka-zalkea, astorkia, pipirigalloa edo zulla) eta olio-lihoak (ekilorea, koltza, soja eta kamelina).

b) Fruitu oskoldunak (arbendolak eta hurrak) eta algarrobo-lekak.

c) Kalitateko lekaleak: txitxirioak, dilistak eta indabak.

d) Azukre-erremolatxa.

e) Behi ume-hazleak.

f) Loditzeko behi-azienda.

g) Esnetarako behi-azienda.

h) Ardi-azienda.

i) Ahuntz-azienda.

j) Esnetarako behi-aziendaren eskubide bereziak.

k) Loditzeko behi-aziendaren eskubide bereziak.

l) Ardi- eta ahuntz-aziendaren eskubide bereziak.

3.– Ordainketa elkartuak erregulatzen dituen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

4.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak. Agindu horren eranskinean bilduko da, halaber, ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia.

20. artikulua.– Nekazari txikientzako erregimen sinplifikatua.

1.– Nekazari txikientzako erregimen sinplifikatuaren esparruan, ordainketa jasotzeko eskubidea izango dute abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera «nekazari aktibotzat» hartzen direnek, baldin eta, dekretu honetako 5. artikuluan xedatutakoaz gain, erregimen horretan sartu badira 2015. urtean jasotako zuzeneko ordainketen guztizko zenbatekoa 1.250 eurotik gorakoa ez delako, eta ordainketa horretan parte hartzeari uko egin ez badio horren inguruko jakinarazpena 2015eko urriaren 15a baino lehen igorriz.

2015. urtearen ondorengo kanpainetan, erregimen horretan parte hartzen duten pertsonek eskaera bakarrean uko egin ahal izango diote erregimen horretako partaide izateari. Erregimen horretan parte hartzeari uko egiten dionak ezin izango du berriro eskatu erregimenean sartzea.

2.– Erregimen horretan parte hartzen duten pertsonek ez dituzte aplikatu beharko klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak –abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 19. artikuluan ezarrita daudenak–, ez zaie baldintzei buruzko kontrolik egingo eta ez zaizkie aplikatuko eskabideak osatu gabe aurkezteagatik aurreikusitako zigorrak ere. Era berean, laguntza zuzenen onuradunen zerrendan ez dira argitaratuko erregimen horretan parte hartzen duten pertsonen izenak.

3.– Erregimen horretan parte hartzen duten pertsonek 2015. urtean aktibatutako eskubide kopuru bereko hektarea onargarri kopurua izan beharko dute gutxienez.

4.– Nekazari txikientzako erregimen sinplifikatuaren zuzeneko ordainketak erregulatzen dituen araudia dekretu honetan, zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Zuzenean aplikatzekoa den Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

5.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak. Agindu horren eranskinean bilduko da, halaber, ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia.

IV. KAPITULUA
NEKAZARITZA LURSAILAK IDENTIFIKATZEKO INFORMAZIO GEOGRAFIKOAREN SISTEMA (SIGPAC)

21. artikulua.– SIGPACen erabilera.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 70. artikuluaren babesean, SIGPAC da nekazaritza-lursailak identifikatzeko sistema, erregelamenduan bertan ezarritako laguntza-erregimenak eta lursailak identifikatzea beharrezkoa den laguntza-erregimenak kudeatzeko eta kontrolatzeko; hortaz, erreferentziazko oinarri bakarra da nekazaritza-lursailak identifikatzeko nekazaritza-politika erkidearen esparruan.

2.– Hala eta guztiz ere, eta salbuespen gisa, lurralde-aldaketak daudelako edo behar bezala justifikatutako bestelako arrazoiak daudelako SIGPAC sistema erabili ezin den eremuei dagokienez, erabaki ahal izango da eremu horietan lursailak identifikatzeko bestelako erreferentzia ofizialak erabiltzea aldi baterako, lursail horiek identifikatzea ezinbestekoa den laguntza-erregimen guztietarako. Dekretu honetako 33. artikuluan aurreikusitako deialdia-aginduan, zirkunstantzia horren berri emango da, hala badagokio, edozein laguntza-kanpaina hasi aurretik.

3.– Lehenengo paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, honako kasu hauetan onartu ahal izango da azaleren deklarazioa SIGPACen identifikazio-erreferentziak ez diren beste identifikazio-erreferentzia batzuk oinarri hartuta egitea:

a) Komunean erabiltzen diren larre-azalerak deklaratzeko, betiere abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XII. eranskinean bildutakoaren arabera (1075/2014 Errege Dekretua, 2015. urtetik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa).

b) Mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko azalerarekin lotutako laguntzetarako, Mahastizaintza Erregistroa erabiltzen jarraitu ahal izango da lursailak identifikatzeko sistema gisa. Hala eginez gero, bermatu beharko da Mahastizaintza Erregistroetan identifikatutako lursail guztiak SIGPACen informazio grafikoan eta alfanumerikoan azaltzen direla.

22. artikulua.– SIGPACen ezaugarriak eta izaera juridikoa.

1.– SIGPAC administrazio-izaerako erregistro publikoa da, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren eta nekazaritzaren alorrean eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako sailen mendekoa, azalerarekin lotutako Erkidegoko laguntzen onuradun izan daitezkeen lursailei buruzko informazioa duena eta nekazaritza-erabilera edo- aprobetxamendu definituak dituzten lurren, lursailen eta esparruen euskarri grafikoa duena.

2.– SIGPAC datu-base geografiko gisa eratzen da, eta honako alderdi hauek ditu: esparru bakoitzaren mugapen geografikoa, erreferentzia indibidualizatuarekin, nekazaritza-erabilera eta bestelako informazio garrantzitsua, bai eta bere eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren bestelako kartografiak eta lurralde nazional osoko erreferentziazko ortoargazkiak eta mapak ere.

3.– SIGPACen biltzen den informazioa bakarra da, eta sistema horrek une oro ahalbidetzen du lurralde nazional osoko datu eguneratuak kontsultatzea. Aukera jakin bat hautatzeak ahalbidetuko du sistema grafiko etengabe bat mantentzea, hau da, bildutako informazioaren kalitatea eta informazio hori Espainiako lurralde osoan berdina izatea bermatuko duen sistema.

4.– SIGPACen ez da lursailen titulartasunari edo jabetzari buruzko informaziorik biltzen; horregatik ezin da helburu horietarako erabili, ez eta legez aitortutako mugak eta lurraren bestelako ezaugarriak ezartzeko ere, horiek beste batzuen eskumenekoak baitira: Jabetza Erregistroen, Katastroaren Zuzendaritza Nagusiaren edo Euskal Autonomia Erkidegoan higiezinen Katastroaren alorrean eskumena duten organoen eskumenekoak, alegia.

23. artikulua.– Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzen eta bestelako diru-laguntzen eskatzaileen erantzukizuna.

1.– Dekretu honetako III. kapituluan bildutako laguntzen eskaerei dagokienez, zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari dagokionez eta azalerak aitortzeko erreferentzia gisa SIGPAC erabiltzen duten bestelako diru-laguntzei edo erregistro publikoei dagokienez ere, laguntza horiek eskatzeko edo dagokion erregistroan inskribatzeko xede diren SIGPAC esparruak deklaratzen dituen pertsona da azken erantzulea SIGPACen erregistratzen den informazio grafikoa nahiz alfanumerikoa egiazkoa eta errealitatearekin bat datorrena izan dadin.

Eskatzaileak egiaztatuko du, bereziki, SIGPAC esparruaren mugapen grafikoa eta erabilera lurraren errealitatearekin bat datozela eta esparruan ez dagoela hautatu ezin den elementurik, hala nola biderik, eraikinik edo izaera iraunkorreko elementu ez-emankorrik. Azkenik, bazka-esparruen kasuan, eskatzaileak egiaztatuko du esparruari esleitutako larreen onargarritasun-koefizienteak behar bezala islatzen duela zein den azalera onargarriaren ehunekoa.

2.– Laguntza eskatu ondoren edo dagokion erregistroan erregistratu ondoren egiaztatzen bada SIGPACen erregistratutako informazioa ez dela egokia, dagokion zehapen- eta zigor-araubidea aplikatuko da. Eskatzailea salbuetsita geratuko da baldin eta modu sinesgarrian frogatzen badu egiaztatutako diskordantzia agintari eskudunei jakinarazi ziela dekretu honetako hurrengo artikuluan ezarritako epeetan; beraz, diskordantzia horri kasurik egin ez bazaio, ezin zaio errua egotzi eskatzaileari, bai informazioa eskatzaileak berak ematen badu, bai beste iturri batzuetatik lortu bada. Landa-garapenerako zuzeneko ordainketen laguntzak eskatu dituztenen kasuan, dekretu honetako 37. eta 41. artikuluetan bildutako zehapenak aplikatuko zaizkie, eta, hala badagokio, jaso behar ez zituzten ordainketak itzuli beharko dituzte.

24. artikulua.– SIGPAC aldatzeko eskaerak.

1.– SIGPAC esparru baten titularra edo esparru hori erabiltzeko eta haren aprobetxamenduaz baliatzeko gaitasuna egiaztatzen duen pertsona oro ez badago ados esparru horri buruz SIGPACen erregistratuta dagoen informazioarekin, lurraldearen errealitatearekin bat ez datorrelako, informazio hori berrikusteko eskatu beharko du; horretarako, dagokion aldaketa-eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala arrazoituta eta dokumentu bidez justifikatuta.

Aurrekoa eragotzi gabe, dagokion esparruko katastro-lursailari buruzko informazio grafikoa eta alfanumerikoa aldatzeko eskatzen bada, lursaila dagoen probintzian higiezinen Katastroa kudeatzeko eskumena duen agintaritzan aurkeztu beharko da eskaera.

2.– Alegazioak egiteko, dekretu honetako 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezartzen den eredua erabiliko da, eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara bideratu beharko dira, hura baita ebazteko eskumena duena.

Alegazioak, beharrezko dokumentazioarekin batera, bizitokitik hurbilen dagoen Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetako batean aurkeztu ahal izango dira; bulego horrek ustiategiko azalera gehiena dagoen lurralde historikoan egon beharko du. Edonola ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

3.– SIGPAC aldatzeko eskaerak aurkezteko epeei dagokienez, honako hau hartu beharko da kontuan:

a) Interesdunek edozein unetan egin ahal dizkiote alegazioak SIGPACen edukiari; horretarako, 1. paragrafoan aipatzen den aldaketa-eskaera aurkeztu beharko dute.

b) Aurrekoa gorabehera, eskatutako laguntza bat aldaketa horren baitan baldin badago, dagokion laguntza eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik aurkeztu beharko da aldaketa-eskaera.

c) Nekazaritza Politika Erkidearen zuzeneko laguntzen eskaera bakarraren kasuan (dekretu honetako III. kapituluan aurreikusita daude laguntza horiek), deialdi bakoitzean adieraziko da zein den b) idatzi-zatian aipatzen den epearen azken eguna.

25. artikulua.– Aurkeztutako alegazioak baloratzea eta ebaztea.

1.– Nekazaritzaren eta arrantzaren alorrean eskumena duen sailak alegazioak egiaztatu eta aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak emango du haiek onartzeko edo baztertzeko ebazpena. Ebazpen hori interesdunei jakinarazteko epea gehienez sei hilabete izango da, alegazioak aurkeztu zirenetik hasita. Epe hori igarotakoan berariazko ebazpenik eman ez bada, alegazioak ezetsi direla ulertuko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Alegazioak baietsiz gero, SIGPACen sar daitezen egin beharreko jardunak egin daitezela aginduko du Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.

26. artikulua.– Xedapen arautzaileak.

1.– Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema erregulatzen duen araudia honako hauetan ezarritakoa izango da: dekretu honetan, zuzenean aplikatu beharreko Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretuan. Zuzenean aplikatu beharreko Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

2.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak.

V. KAPITULUA
BALDINTZAPEKOTASUNA

27. artikulua.– Baldintzapekotasunaren betebeharrak eta aplikazio-eremua.

1.– Artikulu honetako hurrengo paragrafoetan aipatzen diren onuradunek betebehar izango dute dekretu honetako I. eranskinean azaltzen diren legezko kudeaketa-eskakizunak eta lurraren nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokien arloko arauak, II. eranskinean definituta daudenak.

2.– Honako hauek bete beharko dituzte baldintzetan bildutako arauak:

a) Zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduari jarraituz (1307/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza-erregimenak betez nekazarientzako zuzeneko ordainketei aplikagarri zaizkien arauak ezartzen eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena).

b) Urteko sariak jasotzen dituzten onuradunak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 21. artikuluko 1. paragrafoaren a) eta b) idatzi-zatietan eta 28., 29., 30., 31., 33. eta 34. artikuluetan ezarritakoari jarraituz (1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez landa-garapenari laguntzak emateari buruzkoa eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena).

c) Ordainketak jasotzen dituzten onuradunak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 46. eta 47. artikuluen arabera (1308/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna sortzen eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena).

3.– Arau-esparru honek landa-garapeneko zortzi neurrien onuradun diren pertsonei ere eragingo die, betiere Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 36. artikuluaren a) idatzi-zatiko i)tik v)ra bitarteko tartekietan eta b) idatzi-zatiko i), iv), eta v) tartekietan ezarritakoaren arabera (1698/2005 (EE) Erregelamendua, Aurreko ekitaldiko (2007-2013) Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez landa-garapenari laguntzeari buruzkoa). Arau-esparruak eragingo die, era berean, sariaren lehenengo ordainketa mahastia abian jartzean, berregituratzean eta birmoldatzean jaso duten onuradunei, betiere Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren 85 unvicies eta 103 septvicies artikuluetan ezarritakoaren arabera (1234/2007 (EE) Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna sortzen eta zenbait nekazaritza-produkturentzako xedapen espezifikoak ezartzen dituena (Merkatuen Erakunde Komunerako Araudi bakarra) 2012., 2013. eta 2014. urteetarako).

4.– Nekazari txikien aldeko erregimenean parte hartzen duten nekazariak erregimen horren kontrol-sistematik salbuetsita egongo dira eta ez zaizkie aplikatuko dekretu honetako 30. artikuluan aurreikusitako zehapenak, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 92. artikuluaren arabera (1306/2013 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta honako erregelamendu hauek indargabetzen dituena: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak).

28. artikulua.– Agintari eskudunak eta administrazio-harremanak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak izango du kapitulu hau aplikatzeko ardura, Nekazaritza Politika Erkidearen gastuen Erakunde Ordaintzailea zuzentzen duen organoa den aldetik.

2.– Foru Aldundiak eta, haren eskumen-eremuaren barruan, Eusko Jaurlaritza izango dira Kontroleko Erakunde Espezializatuak, zein bere lurralde-eremuan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzeko den urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera, bai eta abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuetan xedatutakoaren arabera ere (azken hiru dekretu horien bidez, Nekazaritza Bideratzeko eta Bermatzeko Europako Funtsaren (NBBEF-Bermea) kontura finantzatutako zuzeneko laguntzak kudeatzeko eginkizunak areagotzen dira eta eginkizun horiek Euskal Autonomia Erkidego osorako instituzioetatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoei eskualdatzen zaizkie).

3.– Murrizketak kalkulatzeko eta bazterketak egiteko agintaritza eskuduna Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea izango da.

29. artikulua.– Kontrolak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, agintaritza eskuduna den aldetik, baldintzak benetan betetzen direla bermatzeko sistema ezarriko du, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 65. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak (NBEF) autonomia-erkidegoekin elkarlanean egindako estatuko kontrol-planari egokituko zaio EAEko Kontrol Plana, eta haren berri emango zaio NBEFri. Erakunde Ordaintzaileak eta foru-aldundiek elkarrekin idatziko dute plana.

2.– Kontrol ofizialetan egiaztatzen bada ez dela bete legezko kudeaketa-eskakizunen bat edo lurraren nekazaritza- eta ingurumen-arloko baldintza egokiei buruzko arauren bat, Erakunde Ordaintzaileari jakinarazi beharko zaio, eta horrek ondorioak izango ditu, baldintzak aplikatzearen ondorioz.

3.– Administrazio-kontrolak egingo dira, bereziki kontrol-sistemetan lehendik ezarrita daudenak eta legezko kudeaketa-eskakizunei (LKE), lurraren nekazaritza- eta ingurumen-arloko baldintza egokiei (NIBE) edo baldintzak aplikatzeko eremuari dagokienez aplikagarriak direnak, betiere horretarako metodo egokiak daudenean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduaren 96.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Halaber, tokian bertan egindako kontrolak egingo dira, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 69. artikuluan ezarritako ehunekoen eta betekizunen arabera. Laguntza-eskaerak aurkezten diren urte zibil berean gauzatuko dira tokian bertan egindako kontrolak.

Foru Aldundiek eta, haren eskumen-eremuan, Eusko Jaurlaritzak egingo dituzte kontrol horiek, eta baldintzak bete beharra duten pertsona guztien ehuneko bati egingo dizkiote gutxienez. Nolanahi ere, tokian bertan kontrolatuko diren onuradunen % 1eko gutxieneko lagina multzo bereizietatik hautatu ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 92. artikuluaren arabera baldintzak bete beharra duten herritar hauen artetik:

a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunak.

b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 46. eta 47. artikuluetan aurreikusitako laguntzak jasotzen dituzten onuradunak.

c) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduaren 21.1 a) eta b) artikuluaren, 28. artikulutik 31. artikulura bitartekoen eta 33. eta 34. artikuluen arabera urteko saria jasotzen duten onuradunak.

Kontrolen gutxieneko ehuneko horiek lurralde historiko bakoitzean lortu beharko dira. Egiteei eta arauei aplikagarri zaien legerian ezarrita badaude kontrolerako gutxieneko ehunekoak, ehuneko horiek aplikatuko dira, aipatutako gutxieneko ehunekoaren ordez.

5.– Artikulu honetako 4. paragrafoan ezarritakoa gorabehera, LKE edo NIBE bakoitzaren eremuan edo LKE edo NIBE multzo bakoitzaren eremuan kontrolatu beharreko gutxieneko ehunekora iristeko, honela jokatu daiteke:

a) Hautatutako onuradunen kasuan, tokian bertan egindako kontrolen emaitzak erabil daitezke (kontrol sektorialak); kontrol horiek LKEei edo NIBEei aplika dakiekeen legeriarekin bat etorriz egindakoak izango dira.

b) Hautatutako onuradunen ordez, LKEei edo NIBEei aplika dakiekeen legeriarekin bat etorriz tokian bertan egindako kontrol baten menpe dauden onuradunei egitea kontrolak, betiere onuradun horiek baldintzak bete beharra duten pertsonen multzokoak baldin badira.

Horretarako, kontrol sektorialei dagozkien aktetan zehaztu beharko da akta horiek baliozkoak direla baldintza-kontrolei dagokienez eta kontrol horien emaitzek ondorioak izan ditzaketela araudi hau aplikatzearen ondorioz.

6.– Tokian bertan egindako kontrolei buruzko akta edo kontrol-txosten bat egingo da, eta, han, ikuskapen-bisitaren emaitzak bilduko dira. Baldintzak betetzen ez direla antzemanez gero, balorazio-txosten indibiduala ere egingo da (809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 72. art.). Baldintzen gaineko kontrol espezifikoen kasuan, akta bera hartuko da balorazio-txostentzat.

7.– Kontrola egin duen organoak antzemandako ez-betetze ororen berri emango dio laguntzen onuradunari, gehienez hiru hilabeteko epean, tokian bertan egindako kontrola bukatzen den egunetik hasita, eta betiere neurri zuzentzaileak aplikatzeko behar adinako epearekin, halakorik balego. Onuradunak kontrolean azaltzen denari buruzko ohar edo alegazioak aurkeztuz gero, kontrola egin duen organoak erantzungo die alegazio edo ohar horiei.

Era berean, foru-aldundiek kontrol guztiei buruzko txosten bat prestatuko dute, aurkeztutako alegazioekin eta erantzunekin batera, halakorik balego. Erakunde Ordaintzaileari igorriko zaio txosten hori, dokumentazio lagungarri esanguratsuarekin batera (kontrol-akta, balorazio-txosten indibiduala eta abar). Horretarako epea hilabete izango da, tokian bertan egindako kontrolak amaitzen direnetik hasita.

Txosten horren ordez, aplikazio informatiko batetik ateratako txosten batzuk erabili ahal izango dira, kontrolei buruzkoak, aktetan, alegazioetan eta erantzunetan bildutako datuak jasoko dituztenak. Hala eginez gero, aplikazio informatikoek ematen dituzten ez-betetzeen zerrendak izenpetu eta Erakunde Ordaintzaileari bidaliko zaizkio, gainerako dokumentazio esanguratsuarekin batera, gehienez hilabeteko epean, tokian bertan kontrolak egiteko epea amaitzen denetik hasita.

Kontroleko aktan edo txosten indibidualean ez-betetzerik ageri ez bada, ez da ezinbestekoa izango Erakunde Ordaintzaileari bidaltzea, betiere erakunde horrek zuzenean eskuratzeko aukera badu gehienez hilabeteko epean, tokian bertan egindako kontrolak amaitzen direnetik hasita.

8.– Kanpaina batean tokian bertan egindako kontroletatik ondorioztatzen bada LKE edo NIBE ekintza jakin baten ez-betetzearen maila handia dela, hurrengo kontrolaldian, handitu egingo da LKE edo NIBE egintza horretarako tokian bertan egin beharreko kontrol-kopurua, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 68.4 artikuluan ezartzen denaren arabera. Egintza espezifiko baten barruan, kontroleko agintaritza eskudunak gehien hausten diren eskakizunetara mugatu ahal izango ditu tokian bertan egindako kontrolak.

9.– Erakunde Ordaintzaileak Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EE) Erregelamenduaren 9. artikuluan aurreikusitako informazioa igorriko du NBEFra, abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako egunetan.

30. artikulua.– Zehapenak.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 91. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, baldintzak bete beharra duen onuradunen batek baldintzak betetzen ez baditu urte natural jakin bateko edozein unetan, eta dagokion ez-betetzea zuzenean egozten bazaio laguntza-eskaera edo urte horretan ordaintzeko eskaera aurkeztu zuen onuradunari, zehapen bat aplikatuko zaio.

2.– Onuradunari emandako edo eman beharreko ordainketen guztizko zenbatekoa murriztuz edo ezeztatuz aplikatuko da zehapena, ez-betetzea dagoela jakiten den urte naturalean, onuradunak aurkeztutako laguntza-eskaerei dagokienez

Zehapena soilik aplikatuko da ez-betetzea onuradunari zuzenean egotz dakiokeen ekintza edo ez-egite baten ondorio denean, eta, gainera, onuradunaren nekazaritza-jarduerarekin lotuta badago edo onuradunaren ustiategiaren azalerari eragiten badio.

Zehapen hori ez da aplikatuko ez-betetzeak baso-eremuari eragiten dionean eta eremu horietarako ez bada laguntzarik eskatu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 21.1 a), 30. eta 34. artikuluen arabera.

Lehenengo paragrafoa honela aplikatuko da: mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza-programen esparruan, edozein unetan hiru urteko epean, laguntza ordaindu den urte naturalaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hasita, baldintzak bete ez dituzten onuradunei; edo, berdeko uztari laguntzeko programen esparruan, edozein unetan urtebetez, ordainketa egin den urte naturalaren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hasita, baldintzak bete ez dituzten onuradunei (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan aipatzen dira azken programa horiek).

3.– Zehapenak kalkulatzeko eta aplikatzeko, kontuan hartuko da honako hauetan ezarritakoa: Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 39. eta 40. artikuluetan eta Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 73., 74. eta 75. artikuluetan.

4.– Lurra urte naturalean edo dagokion urteetan eskualdatzen bada, 1. paragrafoa ere aplikatuko da, baldin eta ez-betetzea lurra eskualdatu zitzaion edo lurra eskualdatu zuen pertsonari zuzenean egotzi dakiokeen egintza edo ez-egite baten ondorio bada. Nolanahi ere, egintza edo ez-egitea zuzenean egotzi dakiokeen pertsonak laguntza-eskaera edo ordaintzeko eskaera urte naturalean edo dagozkion urteetan aurkeztu badu, zehapena pertsona horri emandako edo eman beharreko ordainketen gutizko zenbatekoen oinarriaren gainean aplikatuko da.

5.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 99. artikuluaren 2. paragrafoaren bigarren lerrokadaren ondorioetarako, alerta azkarreko sistema bat ezarriko da; sistema hori aplikatuko da baldin eta espediente batean detektatutako ez-betetze guztiak arinak badira, ustiategitik kanpo eraginik ez badute eta ez-betetze horietatik ondoriorik eratortzen ez bada edo ez-betetze horiek urtebete baino gutxiago irauten badute (AAA balorazioa). Kasu horietan, ez da kenketarik edo baztertzerik aplikatuko. Osasun publikorako edo abereen osasunerako zuzeneko arriskuak dakartzaten ez-betetzeen kasuetan, beti aplikatuko da murrizketa edo bazterketa.

Dena den, tokian bertan kontrolak egin ondorengo hiru hilabeteetan, eta betiere neurri zuzentzaileak hartzeko behar adinako epearekin, ez-betetzearen eta ez-betetzea zuzentzeko betebeharraren berri emango zaio onuradunari, salbu eta kontrol-aktan betebehar horren berri eman bazaio nekazariari.

Neurri zuzentzailerik aplikatu ezin den ez-betetzeetan, ezin izango zaio alerta azkarreko sistemari heldu.

Ondorengo kontrol batean, segidako hiru urte naturaleko epearen barruan egindako batean, ezartzen bada ez-betetzea ez dela zuzendu agintaritza eskudunak ezarritako epean (epe hori ezingo da luzatu ez-betetzea antzeman zen urtearen ondorengo urteko ekainaren 30etik aurrera), gutxienez % 1eko murrizketa aplikatuko da, alerta azkarreko sistema aplikatu zen eta ez-betetzea antzeman zen urteari dagokionez. Nolanahi ere, ez-betetzea ezarritako epean zuzendu bada, ez da ez-betetzetzat hartuko, ez-betetze errepikatuen ondorioetarako. Edonola ere, ez da kontuan hartuko alerta azkarreko sistemaren barruan.

Zehapena kalkulatzeko, kontuan hartuko da ondorengo kontrola egin den urtean ez-betetzea errepikatu den.

Baldintzak betetzearen inguruko kontrolei dagokienez eta laguntza ordaintzeari buruz Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamendu Betearazlearen 66. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontrol horiek ezin badira amaitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 92. artikuluan aipatzen diren urteko laguntzak eta sariak ordaindu baino lehen, onuradunak zehapenaren ondorioz ordaindu beharko duen zenbatekoa berreskuratu egingo da, Bidegabeko ordainketak berreskuratzeari buruzko Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamendu Betearazlearen 7. artikuluari jarraituz, edo konpentsazio-bidez («offsetting»).

31. artikulua.– Xedapen arautzaileak.

1.– Baldintzak arautzen dituen araudia honako hauetan dago ezarrita: dekretu honetan, zuzenean aplikatu beharreko Erkidegoko erregelamenduan eta abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretuan. Zuzenean aplikatu beharreko Erkidegoko erregelamenduak eta estatuko oinarrizko araudiak osatuko dute erreferentziazko araudia, dekretu honen ondorioetarako.

2.– Dekretu honen 33. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak edo araudi horren alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak. Era berean, agindu horretan, ez-betetzeak baloratzeko irizpideak bilduko dira, aurreko artikuluan aurreikusitako murrizketak edo ez-betetzeak aplikatzeko.

VI. KAPITULUA
KUDEAKETA- ETA KONTROL-SISTEMA INTEGRATUA

32. artikulua.– Kudeaketa.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzei kudeaketarako eta kontrolerako sistema integratua aplikatuko zaie. Aipatutako sistema Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduak eta Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2004 (EB) Erregelamendu Betearazleak ezartzen dute.

2.– Ustiategia dagoen edo ustiategiko azalera gehiena dagoen lurralde historikoko foru-aldundiei dagokie dekretu honetan xedatutako laguntzak kudeatzea, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzarekin elkarlanean, honako xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: urriaren 3ko 194/2006 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza politika erkideari dagozkion gastuen Erakunde Ordaintzailea eratzen eta erakunde horren antolamendua eta funtzionamendua eta ondorengo aldaketak ezartzen dituena; abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuak, zeinen bidez areagotzen baitira NBBEF-Bermearen kargura finantzatutako laguntza zuzenen kudeaketari dagozkion funtzioak; aipatutako funtzio horiek Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetara eskualdatzen dira.

33. artikulua.– Deialdia.

1.– Urtero egingo da dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko deialdia, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorreko eskumena duen sailaren titularrak emandako agindu bidez. Deialdi horretan, eskaerak aurkezteko lekua eta epea ezarriko da.

2.– Agindu horren eranskinean, ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia bilduko da. Agindu horretan ezarriko dira, halaber, dekretu honetan aipatutako erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak, alderdi teknikoak zehaztekoak edo erreferentziazko araudi horretan egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko xedapenak.

34. artikulua.– Eskaera bakarra.

1.– Eskaera bakarra aurkeztu beharko dute 1. artikuluan aipatzen diren laguntzetako bat edo batzuk dagokion urtean eskuratu nahi dituzten nekazariek. Eskaera horretan, ustiategiko nekazaritza-lursail guztiak zerrendatu beharko dituzte.

2.– Eskaera horretan bilduko dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Programatik eratorritako eskaerak, sistema integratuaren eremuari dagozkionak, hala nola baso-berritzea eta baso-azalerak sortzea, nekazaritza- eta baso-sistemak ezartzea, nekazaritza-ingurunea eta klima, nekazaritza ekologikoa, Natura 2000 sarearen eta Uraren Esparru Zuzentarauaren babespean egindako ordainketak, muga naturalak edo bestelako muga espezifikoak dituzten eremuei laguntza ematea, animalien ongizatea, baso-elikagaietako eta klimaren inguruko zerbitzuak eta basoak kontserbatzea, eragiketak egitea partaidetzazko toki-garapeneko estrategiari jarraituz eta tokiko ekintza-taldeen elkarlan-jarduerak gauzatzea.

3.– Eskaera bakarrean deklaratu ahal izango diren nekazaritza-lursailen gutxieneko tamaina 100 metro karratu izango da.

4.– Larre-esparruak deklaratuz gero, larreak onartzeko koefizienteak aplikatu aurreko guztizko azalera izango da deklaratu beharrekoa, bai eskaera indibidualen kasuan, bai komunean erabiltzen diren larreen kasuan. Kanpaina bakoitzeko deialdia egiteko aginduan, koefiziente hori ezartzeko prozedura ezarriko da.

5.– Eskaera bakarra foru-aldundiek horretarako ezarritako inprimakietan eta euskarrietan beteko da, gutxienez inprimaki eta euskarri horietan adierazten den informazioa bilduta. Gainera, eskatzen den laguntza-erregimenaren arabera, informazio horri dokumentazio gehigarria gehitu beharko zaio.

35. artikulua.– Eskaerak aldatzea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, onuradunek, 33. artikuluan aurreikusitako deialdian adierazten den data arte, lursail indibidualak edo ordainketa-eskubide indibidualak erantsi ahal izango dituzte, betiere dagokion laguntza-erregimenean ezartzen diren eskakizunak betetzen badira.

2.– Gainera, eskaera bakarrean deklaratutako nekazaritza-lursailen erabilera edo laguntza-erregimena aldatu ahal izango da, baldin eta eskaera bakarreko beste nekazaritza-lursail batzuetan ere hala eskatu bada. Orobat, aldaketa horiek eragina baldin badute aurkeztu beharreko ziurtagiri edo kontraturen batean, horiek ere aldatu ahal izango dira.

36. artikulua.– Kontrol-plana.

1.– Laguntzak emateko dekretu honetan jasotzen diren baldintzak betetzen direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, foru-aldundien laguntzaz, kontrol-plan bat ezarriko du, Erkidegoko erregelamenduarekin eta Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak prestatutako kontrol-plan nazionalarekin bat etorriz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol-planean, laguntzen eskaeren inguruko kontrolak –administrazio-kontrolak nahiz tokian bertan egindakoak– egiteko beharrezkotzat jotzen den alderdi oro bildu beharko da. Era berean, kontrol horiek barne hartuko dituzte bai eskatutako laguntzen onargarritasunari buruzko alderdiak bai baldintzak eta trazadura-sistema (SITRAN-EAE).

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol-plana Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsari (NBEF) jakinaraziko zaio.

4.– Organo eskudunei dagokie dekretu honetan araututako laguntzak kontrolatzeko ardura. Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde historikoetako foru-aldundiak dira kontrolen organo eskudunak.

5.– Eskaera bakar bat bi autonomia-erkidegok edo gehiagok batera kontrolatu behar badute, inplikatutako administrazioen artean lankidetza-mekanismoak ezarriko dira eskaera hori behar bezala kontrolatzeko.

37. artikulua.– Zehapenak.

1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz, ez zaie zuzeneko ordainketarik eta bestelako laguntza zuzenik emango pertsona fisiko eta juridikoei, baldin eta egiaztatzen bada laguntza horiek lortzeko eskatzen diren baldintzak artifizialki sortu dituztela.

2.– Zuzeneko ordainketak Erkidegoko erregelamenduan aurreikusitako zehapenen menpe egongo dira. Ustiategi-azaleran egin beharreko nekazaritza-jarduerari buruz eskaera bakarrean deklarazio faltsua egitearen ondorioz ere zehapenak ezarriko dira.

3.– Eskaera bakarrean ustiategiko nekazaritza-lursailen azalerei buruzko deklarazio osatu gabea egiteagatik erregelamendu horretan aurreikusitako zehapenak honela kalkulatuko dira: alde batetik, eskaeran deklaratutako azalera globalaren, eta, bestetik, deklaratutako azalera global horri deklaratu ez diren nekazaritza-lursailen azalera globala gehituta ateratzen den azaleraren arteko aldea kalkulatuko da.

Deklaratutako azalera globalaren gainean ehuneko 3tik gorakoa bada alde hori, honako eskala honen arabera murriztuko da azaleragatiko zuzeneko ordainketen guztizko zenbatekoa edo nekazaritza-ustiategien titularrei neurrietarako emandako laguntzen guztizko zenbatekoa:

– Aldea % 3tik gorakoa bada, baina % 25ekoa edo hortik beherakoa, % 1eko murrizketa aplikatuko zaie zuzeneko ordainketei edo neurrietarako laguntzen guztizkoari.

– Aldea % 25etik gorakoa bada, baina % 50ekoa edo hortik beherakoa, % 2ko murrizketa aplikatuko zaie zuzeneko ordainketei edo neurrietarako laguntzen guztizkoari.

– Aldea % 50etik gorakoa bada, % 3ko murrizketa aplikatuko zaie zuzeneko ordainketei edo neurrietarako laguntzen guztizkoari.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera kalkulatutako zehapenari honako zenbateko hauek kenduko zaizkio: alde batetik, azalera osoa alor landu gisa ez deklaratzeagatik ezarritako zehapenen zenbatekoa –onuradunek ez dute azalera osoa deklaratzen, hain zuzen ere abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren III. tituluaren II. kapituluan ezarritako betebeharretatik salbuetsita egoteko–, eta, bestetik, larre iraunkor guztiak ez deklaratzeagatik ezarritako zehapenen zenbatekoa.

38. artikulua.– Ordainketarako eskubideak dituzten azalerak eta animaliak.

1.– Ordainketarako eskubideak dituzten azalerak eta animaliak ezartzeko, kontuan hartuko dira, dagokion eran, eskaera bakarraren barnean hartutako erregimen bakoitzari aplikatu ahal zaizkion xedapen espezifikoak, eta dekretu honetan, Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritakoak.

2.– Gehieneko muga nazionaletatik eta gehieneko muga garbietatik eratorritako murrizketen edo baztertzeen menpe egongo dira ordainketak, bai eta Europako Erregelamenduan eta estatuko oinarrizko araudian ezarritako finantza-diziplinatik eratorritako murrizketen edo baztertzeen menpe ere.

39. artikulua.– Ebazpena eta ordainketa.

1.– Behin beharrezkoak diren kontrolak eta egiaztapenak eginda, eskumena duten foru-organoek proposamena aurkeztuko diote dagokion Erakunde Ordaintzaileko zuzendariari, eta zuzendari horrek, hala badagokio, laguntzak emateko eta ordaintzeko ebazpena emango du, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan eta lankidetza-hitzarmenetan ezarritakoarekin bat etorriz. Aipatutako dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratu zen.

2.– Lur-azalera bi autonomia-erkidegotan edo gehiagotan duten ustiategien kasuan, autonomia-erkidego bakoitzak ordaindu edo ukatuko ditu sistema integratuaren eremuan bildutako landa-garapeneko neurrietarako laguntzak, autonomia-erkidego bakoitzaren landa-garapeneko programan ezarritakoak.

3.– Hurrengo artikuluan aipatzen diren epeak igaro ostean esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Oro har, dekretu honetako laguntzen ordainketak hurrengo urte naturaleko abenduaren 1etik ekainaren 30era bitarteko epean egingo dira. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, dekretu honetako 33. artikuluan aurreikusitako deialdia-aginduan zehaztuko dira kanpaina bakoitzerako ordaintzeko aldiak eta aurrerapenak, hala badagokio.

40. artikulua.– Ezinbesteko kausa eta salbuespenezko zirkunstantziak.

1.– Zuzeneko ordainketei dagokienez, ezinbesteko kausak edo salbuespenezko zirkunstantziak direla medio onuradun batek ezin izan baditu bete onargarritasun-irizpideak edo bestelako betebeharrak, onuradun horrek eutsiko dio azalerarengatiko edo animalia onargarriengatiko laguntza jasotzeko eskubideari ezinbesteko kasua edo salbuespenezko zirkunstantzia gertatu diren unean.

2.– Ezinbesteko kausengatik edo salbuespenezko zirkunstantziengatik izandako ez-betetzea baldintzekin lotuta badago, ez da aplikatuko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 91. artikuluaren 1. paragrafoan jasotako administrazio-zehapena.

3.– Onuradunak edo haien eskubidedunak idazki bidez jakinaraziko dizkio dagokion foru-aldundiari ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko zirkunstantziak; horretarako, agintaritza horrek eskatutako frogak erantsi beharko ditu onuradunak edo haren eskubidedunak, hala egiteko modua duten egunaren ondorengo hamabost egun baliodunetan.

41. artikulua.– Bidegabeko ordainketak itzultzea.

1.– Bidegabeko ordainketen kasuan, ordainketa horiek jaso dituzten pertsonek zenbatekoak gehi interesak itzuli beharko dituzte. Interesak epe honetakoak izango dira: ebazpenean dirua itzultzeko adierazitako epea bukatzen denetik (60 egun, gehienez) dirua itzultzen duen edo murrizten zaion egunera artekoak, Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 Erregelamenduaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Aplikatu beharreko interes-tasa Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako berandutze-interesa izango da.

2.– Estatuko oinarrizko araudian edo autonomia-erkidegoko araudian azaltzen den beste edozein neurri betearazle alde batera utzi gabe, onuradunak ordaintzeke duen eta estatuko legeriaren arabera ezarri zaion zor oro kenduko da onuradun horren zorra berreskuratzeko ardura duen erakunde ordaintzaileak onuradun horren alde etorkizunean gauzatu behar duen edozein ordainketatatik.

3.– Nekazari bakoitzeko eta kanpaina bakoitzeko itzuli beharreko zenbatekoa, interesak barne hartu gabe, 100 euro edo hortik beherakoa bada, litekeena da dirua itzultzeko ez eskatzea.

4.– Dirua itzultzeko betebeharra ez da aplikatuko, baldin eta bidegabeko ordainketa agintaritza eskudunaren edo beste administrazio-organo baten akatsaren ondorioz egin bada eta ekoizleak ezin izan badu behar bezala antzeman, salbu eta Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 Erregelamendu Betearazlearen 7.3 artikuluan adierazten diren kasuetan.

5.– Kanpaina batean irregulartasunen bat dagoela detektatzen bada, aztertu beharko da aurreko 4 kanpainei eragiten ote dien, Kontseiluaren 1995eko abenduaren 18ko 2988/95 Erregelamenduan (EE, EURATOM) ezartzen denaren arabera. Erregelamendu hori Europako Erkidegoetako finantza-interesak babesteari buruzkoa da. Bidegabeko ordainketak berreskuratu behar badira, eraginpeko pertsonek itzuli beharko dituzte, hala erabakitzen bada.

42. artikulua.– Jakinarazpenak.

Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorreko eskumena duen zuzendaritzak dagokion informazioa bidaliko du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorreko eskumena duen ministeriora, Erkidegoko eta estatuko araudiak ezarritako epean, ministerio horrek Europako Batzordera igor dezan.

Horregatik, foru-aldundiek, laguntzak kudeatzeko organoak diren aldetik, behar adinako aurrerapenez bidaliko dute informazio hori Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara, ondoren informazio hori prozesatzeko eta ministeriora igortzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Laguntzen izapidetze eta jakinarazpen elektronikoa.

1.– Eskatzaileek eta onuradunek baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte dekretu honen bidez ezarritako laguntzak izapidetzeko. Baliabide horien erabilera borondatezkoa izango da, eta laguntzaren eskatzaileak zehaztu beharko du, berariaz, lehenetsitako edo onartutako baliabide gisa. Eskabidean adierazi beharko da onarpen hori.

2.– Laguntzak izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzea honako arau hauetan xedatutakoan oinarritzen da: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.

3.– Prozedurako izapide oro egiteko erabili ahal izango dira baliabide elektronikoak, harik eta hura amaitu arte. Eskaera egiterakoan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik, eta, era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du erakunde interesdunak; horretarako, horren berri eman beharko dio nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Laguntzei buruzko deialdi-aginduan ezarriko da, foru-aldundiekin adostuta, nola aktibatu izapidetze elektronikoa eta zein diren baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak laguntza hauen eta eskaera-ereduen izapidetzean.

5.– Laguntza-eskabidean baliabide elektronikoen erabilera lehenestea eta berariaz onartzea aukeratu badu onuradunak, prozeduraren izapidetzean laguntzei buruzko jakinarazpena era telematikoan egingo da.

6.– Jakinarazpena egindakotzat joko da honako une honetan: interesdunak edo ordezkari legezkoak edo pertsona baimendunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzean. Eusko Jaurlaritzak hartarako jarritako web-orrian jakinarazpenaren xede den egintza interesdunaren esku uzten denetik hamar egun natural igaro ondoren interesduna ez bada sartu edukira, ulertu beharko da ezetsi dela jakinarazpena. Izapidea gauzatutzat hartuko da eta prozedurari jarraituko zaio, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela edukira sartzea.

7.– Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak edozein bide erabiliz adieraziko dio interesdunari jakinarazpena eskuragarri dagoela Eusko Jaurlaritzak hartarako ezarritako web-orrian. Adierazpen horrek balio informatiboa baino ez du izango, eta ez adierazteak ez dio eragingo jakinarazpena zuzen egiteari.

LEHEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan nekazaritzarako eta abeltzaintzarako «ordainketa bakarreko» Europako laguntza-erregimena eta bestelako zuzeneko laguntza-erregimenak garatu eta aplikatzen dituena.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da martxoaren 2ko 79/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait baldintza aplikatzeari buruzkoa.

HIRUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2005eko otsailaren 4ko Agindua, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) dauden datuak jendaurrean jartzekoa eta alegazioak aurkezteko prozedura ezartzekoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Garatzeko ahalmena.

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen sailburuari ematen zaio ahalmena behar diren xedapenak agindu bidez eman ditzan, dekretu hau Europako arautegian izan daitezkeen aldaketei eta, hala dagokionean, Estatuaren oinarrizko legeriari egokitzeko.

AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Xedapen hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 16an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala