Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2015eko ekainaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2684

EBAZPENA, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez erregistratzen, argitaratzen eta gordailatzen baita Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunen 2011-2017 urteetarako Hitzarmen Kolektiboa.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Negoziazio-batzordeko ordezkariek aipatu hitzarmenari dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuten, 2015eko martxoaren 16an, Regcon erregistroan.

Bigarrena.– 2015eko martxoaren 24an, dokumentazioa zuzentzeko eskatu zitzaion negoziazio-batzordeari, eta 2015eko apirilaren 15ean zuzendu zuten, Regcon erregistroan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuaren Legearen 90.2 artikuluak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua, 1995-03-29ko BOE) xedatzen duen eskumena, honako hauekin bat etorriz: Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.i) artikulua (2013-04-24ko EHAA); urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA), eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko BOE).

Bigarrena.– Sinatutako hitzarmenak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 4a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.

OSAKIDETZAKO GARBIKETA-ZERBITZUAREN ENPRESA EMAKIDADUNEN SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBO BAKARRA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Hitzarmen honen xedea hauxe da: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lantokietan garbiketa-zerbitzua esleitua duten enpresetan lan egiten duten langileen lan-baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Langile-eremua.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zentroetako garbiketa-zerbitzua esleitua duten enpresetako langileei aplikatuko zaie hitzarmen hau.

3. artikulua.– Indarraldia. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.

Hitzarmen honek 2011ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du, kasuan kasu ezarritako denborazkotasun eta eraginkortasuna salbu. Indarraldia, dena den, espresuki aldi baterako eta behin-behinean luzatu daiteke, hitzarmen berri bat indarrean sartzen den arte.

Hitzarmena benetan amaitu baino hiru hilabete lehenago automatikoki salatutzat emango da.

Desadostasunak direla-eta hitzarmen berri bat sinatzeko negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitzen bada, gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko adiskidetze- edo bitartekaritza-prozeduren mende jarriko dira desadostasun horiek (PRECO II).

Arbitrajea borondatezkoa izango da, eta aldeek haren mende jartzea onartuz gero bakarrik ezarriko da.

4. artikulua.– Hitzarmenaren izaera eta interpretazioa.

Hitzarmena beharrezkoa, osoa eta zatiezina izango da, hain zuzen ere hitzarmenaren eragin-eremuko langileentzat araudi bateratua lortzeko.

Hitzartutako baldintzek multzo oso bakar bat osatzen dute, eta, aplikatzeko orduan, bere osotasunean hartuko da. Beraz, ezingo dira artikulu jakin batzuk aplikatu gainerakoak kontuan hartu gabe; bere osotasunean ezarri eta bete beharko da beti.

5. artikulua.– Interpretazio sistematikoa eta integratzailea.

Hitzarmenean ezarritako baldintzen esanahi eta hedadura akordioaren osotasunaren arabera jo eta ezarri beharko dira. Hartara, Hitzarmenak omisio, hutsune, pasarte ilun edo anbiguotasunen bat izanez gero ere, ez da aldatuko itundutakoaren esanahi zuzena.

6. artikulua.– Aplikazioa.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek Hitzarmena zuzenean aplikatzeko konpromisoa hartu dute. Beste edozein xedapenen aurretik aplikatuko dira Hitzarmen honetako xedapenak, eta aurreikusten ez den guztian, dagokion indarreko araudia izango da aplikatzekoa.

7. artikulua.– Laneko auziak.

Hitzarmena izenpetzen duten alderdiek elkarrizketa-bidea agortzeko konpromisoa hartzen dute, neurri zigortzaileak hartu edo auzi kolektiboetara jo aurretik, betiere une bakoitzean eta Batzorde Paritarioaren bitartez hartzen diren adostasun-neurriak alde batera utzi gabe.

8. artikulua.– Hitzarmenaren Batzorde Paritario Mistoa.

Batzorde Paritarioa eratzen da, hitzarmena sinatu duten enpresen eta sindikatuen ordezkariek osatuta.

Batzorde Paritario Mistoa honako hauek osatuko dute: Hitzarmena sinatu duen sindikatu bakoitzaren ordezkari batek, alde batetik, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko garbiketa-zerbitzua esleitua duten enpresen artean langile gehien dituzten enpresen beste horrenbeste ordezkarik, bestetik.

Batzorde Mistoaren egitekoak honako hauek izango dira:

a) Hitzarmenaren testua interpretatzea eta aplikatzea.

b) Batzorde Paritarioari interpretatzeko aurkeztutako gairen baten inguruan adostasunik lortzen ez bada, lan-gatazka edo presio-neurriren bat hartu aurretik, eta gehienez ere 15 eguneko epean, dagokion bitartekaria edo adiskidetzailea izendatuko da.

Adiskidetze- edota bitartekaritza-lanak egingo dituen pertsona edo erakundea alderdiek adostutakoa izango da.

c) Hitzarmenean itundutakoa guztiek eta guztiz betetzen dutela zaintzea.

d) Hitzarmena ez dela bete salatzea.

e) Garapen profesionalaren mailak aitortzeko eskaerak egiteko prozesua zehaztuko du, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere langileentzat egindako deialdietan ezarritako epe eta baldintzekin. Gainera, erabakiaren berri emango dio garapen profesionala Ebaluatzeko Batzorde Teknikoari, Hitzarmenak honek ematen dizkion eskumenen arabera jardun dezan.

f) Arbitroa izendatuko du, Osakidetzaren Zerbitzu Zentralen Zuzendaritzak izendatutakoen artetik. Arbitroaren eginkizuna izango da garapen profesionala Ebaluatzeko Batzorde Teknikoak garapen profesionalaren mailari buruz emandako behin betiko ebazpenen aurka aurkeztu diren erreklamazioen gaineko laudoa ematea. Arbitroa izendatzeko adostasunik ez badago, Osakidetzak berak aukeratuko du.

g) Hitzarmenaren eraginkortasuna areagotzeko balioko duten jarduerak, bai eta hitzarmena argitaratu ondorengo xedapenei jarraikiz esleitzen zaizkionak ere.

h) Zerbitzuaren kalitatea hobetu eta erabiltzaileak ondo tratatze aldera enpresa emakidadunek ezarritako helburuen eta adierazleen ondorioz, langileen lan-baldintzetan, lansarietan eta lanaldian eragina duten neurriei buruzko aurretiazko txostenak egitea.

i) Taldeka edo banaka berariaz salatutako gaien inguruan txostenak egitea, Hitzarmena hobetzeko xedez.

Batzorde Paritariorako deia idatziz egin beharko du hura osatzen duten alderdietako edozeinek, batzordea bildu baino hamabost egun lehenago gutxienez. Eguneko gai-zerrendan argi eta garbi zehaztu beharko dira aztertu beharreko puntuak, bai eta bilera-eguna eta tokia ere. Bi alderdiek agertu beharko dute batzordean.

Deiaren eta bilera-egunaren arteko tartea laburtu daiteke, bi alderdiak ados egonez gero.

Batzorde Paritarioak lehenengo bileran ezarriko du lan-antolaketa, horretarako deituko den bileran hain zuzen ere.

Batzorde honek, gutxi gorabehera, hiru hilean behin egingo ditu bilerak.

Honako bi prozedura hauek erabiliz jasoko ditu Batzorde Mistoak bere eskumeneko gaien inguruan egiten zaizkion idatzizko kontsulta eta erreklamazioak:

a) Hitzarmena sinatu duten sindikatuen bidez.

b) Enpresetako giza baliabideen zuzendaritzen bidez.

Hitzarmenean ezarritako baldintzen inguruko arazo edo erreklamazioei buruz hitzarmena sinatu duten alderdiek hartutako erabakiak lotesleak izango dira. Halakoak ebazteko, oro har, hilabeteko epea izango dute.

Unean uneko gaiak zein gai zehatzak lantzeko, behar adina lan-talde sortu ahal izango dira Batzorde Paritarioaren mende; haien jarduera Batzordeari kasuan kasuko txostena aurkeztu ondoren amaituko da.

Batzorde Paritarioan hartzen diren erabakiak lotesleak izango dira bi alderdientzat.

Batzorde Paritario Mistoaren bidea agortu ondoren, desadostasuna sortu duen lan-gatazka, bereziki lan-gatazka kolektiboak, PRECOra eramateko konpromisoa hartzen dute bi alderdiek (Laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozedurei buruzko lanbide arteko Akordioa).

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan xedatutakoari dagokionez, Hitzarmenaren alderdi sinatzaileek onartzen dute hitzarmen honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako kasuetan eta eran bakarrik eman ahal zaiola hasiera hitzartutakoa ez betetzeko prozedurari.

9. artikulua.– Aukera-berdintasuna.

Enpresek aukera-berdintasuna bermatzeko lanean aritzeko konpromisoa hartzen dute eta, ildo horretatik, hizkuntza, genero eta abarren inguruan sortutako arazoen jarraipena egingo dute.

Enpresen helburuen artean, enpresa emakidadunen langileen arteko diskriminazioa eta aukera-berdintasun eza saihestea dago. Xede hori lortzeko, neurri zehatzak eta eraginkorrak sustatu eta bermatuko dituzte.

I. TITULUA
EUSKALDUNTZEA ETA ALFABETATZEA

10. artikulua.– Euskalduntzea eta alfabetatzea.

Euskalduntze-prozesuan aurrera egiteko konpromisoa hartzen da, kalitatezko zerbitzua lortzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzeko.

11. artikulua.– Euskara-ikastaroak.

Euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen da; horretarako, enpresek euskara-ikastaroak antolatuko dituzte lantokietan eta langileek bertara joateko aukera izango dute. Ikastaro horietara nahi duena joango da.

Komunikazioetan, nominetan eta abarretan, ahal den neurrian bi hizkuntzak erabiliko dira.

II. TITULUA
ESKUBIDE SOZIALAK

12. artikulua.– Laneko arropa.

Enpresak langileei laneko arropa eta oinetako egokiak emango dizkie, dauden xedapenei jarraituz. Laneko Osasun eta Prebentziorako batzordeek ikuskatuko dute hori. Arropa eta oinetako horiek erabiltzea, bestalde, nahitaezkoa izango da, aipatu jarraibideen arabera. Jantziaren arabera zehaztuko den maiztasunaz emango dira arropa horiek. Hondatzen badira, berriak emango dira, hondatutakoak itzuli ondoren.

Oro har, ekipo bi emango dira. Bakoitzak honako jantzi hauek edukiko ditu: kasaka, prakak, oinetakoak, galtzerdiak eta jaka emakumezkoentzat; gizonezkoentzat, berriz, prakak, alkandora, oinetakoak, galtzerdiak eta jaka. Langileek zein neurri duten, halako jantziak izango dituzte. Eskularruak ere izango dituzte. Langileek itzuli egin beharko dute erabilitako arropa.

Hitzarmen hau izenpetzen denean laneko arropa garbitzen duten lantokiek arropa-garbiketa hori egiten jarraituko dute, eta bidezko kudeaketak egingo dira jarduera hori egiten ez den lantokietan ere egin ahal izateko.

Kasu berezietan, aire zabaleko lekuetan eta leku umeletan jarduten duten langileentzat, esaterako, jantzi eta oinetako egokiak emango zaizkie langileei. Halaber, kasu bakoitzean norbere babeserako behar diren ekipoak emango dizkiete enpresek langileei.

Laneko arropak urtean bi aldiz berrituko dira: lehenengoa apirilean eta bigarrena urrian.

13. artikulua.– Aurrerakinak.

Jardunean dauden langileek, beren hileko soldata garbiaren % 100erainoko aurrerakin arruntak, interesik gabeak, eta aparteko ordainsariari dagokion zati proportzionala jasotzeko eskubidea izango dute, betiere haien kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskaria egin deneko hilabeteari dagokion nominan eman beharko da, hileko nomina itxi ondoren emandako aurrerakinak izan ezik; horiek hurrengo hileko nominan emango dira.

Era berean, hilero atxikipenen bat egiten zaienek soldata likidoaren % 100eko aurrerakina jaso ahal izango dute, aipatu atxikipena kenduta.

14. artikulua.– Nominak aurreratzea.

Hitzarmen honen eremuan dauden langile finkoek nomina-aurrerapen bat jasotzeko eskubidea izango dute, betiere araudi hau oinarritzat hartuta:

Nomina-aurrerapenak zera dira: egiteko dagoen lan bati dagokion soldata aldez aurretik ordaintzea.

1.– 4.500 euro emango dira gehienez nomina-aurrerakin gisa. Horretarako, ezinbestekoa izango da laugarren paragrafoan premia handiko egoeratzat sailkatutako egoeraren batean izatea. Halere, paragrafo horretan jasotako e), f), g), h), i), j), k), l), eta m) kasuetan, gastuen agiri frogagarrietan agertzen den kopuruak zehaztuko du zenbat diru eman beharko den, aipatutako gehieneko zenbatekoen mugen barruan. Eskaerarekin batera, aipatu agiriok aurkeztu beharko ditu eskatzaileak, premia larria egiaztatzeko.

2.– Zerbitzuaren emakida amaitzeko enpresari geratzen zaion denboraldiaren arabera ezarriko da mailegua itzultzeko gehieneko epea. Nomina-aurrerapen hauek ez dute interesik sortuko.

3.– Ezin izango da nomina-aurrerapenik eman, baldin eta mota horretako lehengo konpromisorik badago kitatu gabe. Halaber, nomina-aurrerapenaren kitapenetik sei hilabete igaro beharko dira gutxienez beste aurrerapen bat eskatu baino lehen. Dena den, f) eta g) idatzi-zatietan jasotako arrazoiak bateraezinak dira, eta hamar urtean nomina-aurrerapen bakar bat jasotzeko eskubidea emango dute. Ibilgailua erosteari dagokionez, ez da horretarako beste aurrerapenik emango aurrekoa eman zenetik bost urte igaro arte.

Nomina-aurrerapenen onuradunek, bere administrazio-egoeran aldaketaren bat eman dela-eta nominan baja badira, emandako nomina-aurrerakina osorik itzuli egin beharko dute. Alde horretatik, enpresek diziplina-neurriak eta/edo neurri judizialak hartu ahal izango dituzte itzultzeke dagoena itzularazteko.

Ez zaie borondatezko eszedentziarik emango nomina-aurrerapenen onuradun direnei, harik eta aurrerapena oso-osorik itzuli arte.

4.– Premia larriak.– Halakotzat honako hauek hartuko dira:

a) Eskatzailearen ezkontza edo bikote-bizitza egonkorra hasi izana, ziurtagiriz egiaztatua.

b) Eskatzailearen dibortzioa, banantzea edo ezkontza baliogabetzea.

c) Ezkontidearen edota seme-alaben heriotza.

d) Seme-alaben jaiotza, edo haurrak harreran hartzea edo adoptatzea.

e) Gaixotasun edo ebakuntza larria: eskatzailearena, haren ezkontidearena, bikotekidearena, seme-alabena edota harreran hartutako adin txikikoena.

f) Ohiko etxebizitza erostea eta bankuko maileguak kitatzea, ohiko etxebizitza erosteko direnean. Kasu honetan nomina-aurrerapena 9.700 euro artekoa izango da, eta itzultzeko gehieneko epea zerbitzu-emakida amaitzeko enpresari geratzen zaion denboraren arabera ezarriko da, baina, betiere, gehienez 12 hilabetekoa izango da.

g) Ohiko etxebizitza kontserbatzeko beharrezkoak eta nahitaezkoak diren obrak egitea.

h) Lana egiten den herrira aldatzea bizilekua.

i) Ohiko etxebizitzarako altzariak erostea.

j) Ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko eskatzaileak, ezkontideak, bikotekideak, seme-alabek edo eskatzailearen ardurapeko pertsonek ordaindutako matrikula-gastuak.

k) Ibilgailua erostea.

l) Premiazkotzat har daitezkeen horrelako beste kasu batzuk.

5.– Izapideak.– Nominak aurreratzeko eskaerak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, eskaera eragin duen gertakizunaren egunetik hasita. Dena den, kasu berezietan, gertakizun eragilearen egunaren aurreko hilabetean egindako eskaerak ere onartuko dira, baldin eta eskaera egiteaz batera hitz ematen bada gastuen egiaztapenak aurkeztuko direla aurrerapena jaso eta bi hilabeteko epean. Agindu hori ez betetzeak nomina-aurrerapena baliogabetuko du, besterik gabe.

Nominak aurreratzeko eskabideak eskatzaileak lan egiten duen enpresako giza baliabideen zuzendaritzara bidali beharko dira. Zuzendaritza horrek jasotze-eguna adierazi beharko du eskabideetan, aurreko paragrafoan agindutakoa betetzeko. Giza baliabideen zuzendaritzak, halaber, eskabideen ebazpenari buruzko azken txostena egin beharko du.

15. artikulua.– Istripu pertsonalen, erantzukizun zibilaren eta bizitza-aseguruen poliza.

Enpresak izenpetutako poliza orokorrarekin aseguratuta daude hitzarmen honen eraginpeko langileak.

Honako hauek dira izenpetutako polizetako egungo zenbatekoak:

1.– Istripu-poliza, honako kapital hauen arabera:

Heriotza: 30.000 euro.

Ezintasun iraunkor absolutua: 30.000 euro.

Ezintasun iraunkor osoa: 30.000 euro.

Ezintasun iraunkor partziala: 30.000 euro gehienez, baremoen arabera.

2.– Hitzarmen honen eraginpeko langileak, halaber, enpresak izenpetutako erantzukizun zibilaren polizak babestuta daude. Aseguru horren zenbatekoa hirugarrenei sortutako kalteak ordaintzeko da, hau da, enpresako langileen lanbide-erantzukizunaren ondorioz eragindako kalteak ordaintzeko.

3.– Azkenik, hitzarmenaren eremuko langileek Bizitza eta Ezintasun Iraunkor Absolutuaren aseguru baten polizaren babesa izango dute: gehienez, 30.000 euro.

Poliza horiek egokituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eremuan egin litezkeen eguneratzeen arabera; zenbatekoak argitara emango dira, den-denak jakitun egon daitezen.

Alde horretatik, enpresaren egiteko bakarra poliza izenpetzea eta horri dagokion ordainketa egitea izango da, polizan izan daitezkeen klausulek ez baitiote eragingo.

16. artikulua.– Betetzen den zeregin edo lanpostuarekin zuzenean lotuta dauden lanbide-hobekuntzarako ikasketak egiteko laguntza.

Lanbide-gaitasuna handitzeko edo hobetzeko helburuarekin zentro ofizial edo homologatuetan emandako ikastaroetara doazen langileei matrikula ordainduko zaie aurretiaz ordaindu izana erakutsi ondoren, betiere dagokien Enpresa Zuzendaritzak ikastarook funtzio edo lanpostuarekin zerikusia dutela ikusten badu. Horretarako, behar bezala oinarritutako eskaria gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko dute eta, hala behar izanez gero, Enpresaren Zuzendaritza Gerenteak onartuko du, eskaria aurkeztu ondorengo hamar eguneko epean.

Enpresak eskatuta joaten denean ikastaroetara, han emandako denbora lanean emandakotzat hartuko da.

17. artikulua.– Erretiroa eta borondatez erretiratzeagatiko sariak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dute erretiroa.

1967ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean kotizatzen hasi diren garbiketa-zerbitzuko enpresa emakidadunen langileek, borondatezko erretiroagatiko saria jasotzeko eskubidea izango dute, prestazio pasiboei ekarriko dien gutxitzearen konpentsazio gisa. Honako eskala honen eta kontratua amaitzeko gelditzen den denboraren arabera ezarriko da sariaren zenbatekoa:

Adina: Hilabete kopurua

60 urte: Oinarrizko soldatako 20 hilabete.

61 urte: Oinarrizko soldatako 16 hilabete.

62 urte: Oinarrizko soldatako 12 hilabete.

63 urte: Oinarrizko soldatako 6 hilabete.

Eskala horren arabera bakoitzari dagokion hilekoen kopurua zehazteko, langileak borondatezko erretiroa hartzen duenean duen adina hartuko da kontuan.

Kalte-ordaina osatzen duen hileroko bakoitza, taularen arabera aurreko hamabi hilabetetan jasotako ordainsarien batez bestekoa izango da.

Erretiratzeko eskatzen den eguna baino hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko dute eskabidea langileek.

Borondatezko erretiroko adierazpenean ezarritako kalte-ordaina gauzatzeko, interesdunaren erretiroa eta ondorio-eguna zehazten duen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren ebazpena aurkeztu beharko du interesdunak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, interesdunak, ezgaitasun-espediente batean sarturik ez dagoela egiaztatzeko.

Txanda-kontratuak formalizatzea.

2013ko apirilaren 1a baino lehen erretiro partzialari buruz egindako enpresa-itun edo -akordioetan sartutako langileek eskubidea izango dute txanda-kontratu bidezko erretiro partziala eskatzeko, betiere arlo horri buruz 27/2011 Legearen aurretik indarrean zen legedia aplikagarri bazaie, eta enpresaren zuzendaritzak onespena ematen badu. Horretarako, enpresak ordezkatze-kontratu bat egin beharko du, lege aplikagarrian ezarritako eran edo, bestela, erretiro partzialari buruzko enpresa-itun edo -akordioetan ezarritako eran.

18. artikulua.– Kaleratzeak.

Epai judizial baten bidez kaleratze bat bidegabekotzat jotzen bada, obra- edo zerbitzu-kontratu mugagabea duten zentroko langile finkoek aukeratzeko eskubidea izango dute, baldin eta epaiak lanean berriro hartzea badakar. Horrela ez bada, aukeratzeko eskubidea martxoaren 24ko 1/1995 EDLko 56. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

Martxoaren 24ko 1/1995 ELDko 52.c) artikuluan aurreikusitako arrazoietan oinarrituriko kaleratze objektiboak enpresa-batzordeari, langileen ordezkariei edo ordezkari sindikalei jakinarazi beharko zaizkie, aipatu kaleratzea gertatu baino 10 egun lehenago; kaleratzearen arrazoiak ere adierazi beharko dira. Aipatu epean kontsultak egiteko aldi bat irekiko da. Inongo akordiorik lortu ezean, indarrean dagoen legerian xedatuta dagoena bete beharko da.

Arrazoi ekonomiko edo teknikoengatik eta/edo ekoizpen- eta antolakuntza-arrazoiengatik eginiko kaleratzeen kasuan, lantokian antzinatasun gehien duten langileak hartuko dira kontuan.

19. artikulua.– Prestakuntza.

Langileen prestakuntza eta birziklatzea sustatzeko, batzorde bat sortuko da enpresa bakoitzean, enpresaren eta langileen ordezkariek osatuta.

III. TITULUA
LANALDI ARRUNTA, LANALDI OSAGARRIA, EGUNEROKO ATSEDENA, ASTEKO ATSEDENA, TXANDAKAKO ATSEDENAK ETA OPORRAK

20. artikulua.– Lanaldia.

Urteko benetako lanaldia mila bostehun eta laurogeita hamabi ordukoa izango da lanaldi osoko langileentzat. Lanaldi partzialeko langileek mila bostehun eta laurogeita hamabi orduren proportzioko lanaldia beteko dute.

21. artikulua.– Geldialdia, lanaldi etengabea.

Eguneko lanaldia 4:15 ordu baino luzeagoa denean, gehienez ere 30 minutuko atsedenaldia izango dute langileek egunero.

Guztizko atseden-denbora horretan sartuta dago eguneko lanaldiko beste edozein atseden.

22. artikulua.– Lan-egutegia.

Lantoki bakoitzak bere egutegia eratuko du. Hitzarmenaren indarraldirako hitzartutako urteko lanaldia errespetatuko da –1.592 ordu–, eta lanegunak eta atseden-egunak urte natural bakoitzean banatuko dira.

Egutegian honako hauek jasoko dira:

a) Jaiegun ordainduak, errekuperatu behar ez direnak.

b) Norberaren aukerako egunak (norberaren gauzetarakoak): 6 egun edo 42 ordu lanaldi osoan.

c) Oporrak.

d) Lanaldien arteko atsedenaldiak.

e) Benetako lanaldia.

f) Eguneko lan-ordutegia.

Norberaren gauzetarako 6 egunen kontura, langile guztiek gutxienez urteko zubietako bat hartu ahal izango dute. Horretarako baimena eskariaren antzinatasunaren hurrenkeran emango da, eta gehienez ere lantokiko txanda bakoitzeko langileen % 50ek hartu ahal izango du.

Lantoki bakoitzeko egutegiak enpresako zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek adostuko dituzte, eta kasuan kasuko urtearen urtarrilaren 31 baino lehen jarri beharko dira agerian.

Ospitaleak urte naturaleko egun guztietan (365 egun) garbitu behar direnez, behar diren neurriak hartuko dira, bai antolakuntzaren aldetik bai ekonomiarenetik, lanaldia astelehenetik ostiralera artekoa eta eguneko 7 ordukoa izan dadin eta larunbatak, igandeak eta jaiegunak atseden-egun izan daitezen. Zerbitzuaren esleipena duen enpresaren egitekoa izango da atseden-adietan zerbitzua betetzeko langileak jartzea.

23. artikulua.– Lanaldiaren banaketa.

Hitzarmen honen eremuko ospitale guztietan, lanaldia astelehenetik ostiralera bitartean izango da, eta larunbat, igande eta jaiegunetan jai hartuko da.

24. artikulua.– Ordutegiaren kontrola.

Enpresa bakoitzeko langileek lan-ordutegia betetzen dutela egiaztatzeko, lantoki guztietan nahitaez ordutegiaren kontroleko sistema bat egongo da.

25. artikulua.– Oporrak.

1.– Lanean aritutako urte oso bakoitzeko 31 egun naturaleko oporraldi ordaindua izateko eskubidea izango dute langileek.

2.– Zerbitzu-urtea osatu ez dutenentzat, lanean hasten direnetik, edo lanera bueltatu direnetik, kontratua amaitzen zaien arteko aldiaren araberakoa izango da oporraldiaren iraupena.

3.– Oporraldia ezingo da, ez osorik ez zati batean, diruz ordezkatu, ez bada honako kasu honetan: urtearen barruan lan-harremana iraungitzen bada eta langileak oporraldi guztia artean hartu gabe badu.

4.– Artikulu honetako aurreko paragrafoan adierazitako ezohikoren bat gertatzen baldin bada, urte horretan lanean egindako hilen arabera artean hartzeko duen oporraldiari dagokion ordaina jasotzeko eskubidea izango du langileak. Lan-harremana iraungitzearen arrazoia langilearen heriotza bada, hildakoaren eskubidedunei ordainduko zaie aipatutako ordaina.

5.– Oporrak batez ere uztailean eta/edo abuztuan hartuko dituzte lantokietako txanda bakoitzean langileen % 50ek, eta hauek izango dira hartzeko datak:

● uztailaren 1etik 31ra.

● abuztuaren 1etik 31ra.

● urteko lehenengo lau hilabeteen barruan ezarriko da lantoki bakoitzeko opor-egutegia.

Oporretako txandak banatzeko orduan adostasunik ez badago, lantokiko langile bakoitzari oporretako txanda aukeratzeko lehentasun-hurrenkera emango dion txandatze-sistema bat erabiliko da.

6.– Oporrak, oro har, etenaldirik egin gabe hartuko dira. Hala ere, hamabost eguneko bi alditan ere hartu ahal izango dira.

Oporrak zatituta nahiz uztailetik edo abuztutik kanpo hartu ahal izateko, langileek eskaria egin, eta atxikita dauden enpresako giza baliabideen zuzendaritzak aldeko txostena eman beharko du. Baimen hori ematea edo ukatzea aipatu zuzendaritzaren iritziaren esku egongo da.

7.– Langileek euren artean oporraldiak truka ditzakete, baldin eta hilabete lehenago enpresari jakinarazten badiote.

8.– Langileren bati oporrak egun jakin batzuetan hartzeko baimena eman eta gero, ukatzen bazaio premiazko eta ezinbestekotzat jotako arrazoiengatik, langileak, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu ondoren, horrek ekarri dizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta gastu horiek langilearen axolagabekeriaren ondorioz gertatu ez badira.

9.– Zerbitzuko beharrak direla-eta enpresako giza baliabideen zuzendaritzak langileen oporraldien datak, egutegian dagoeneko finkatuta daudenak, aldatzen baditu, eragindako langileak konpentsatu egin beharko ditu euren oporraldia bi lanegun gehituz.

Kasu horretan, zuzendaritzak gehienez ere adostutako denboraldiaren % 50 bakarrik aldatu ahal izango du.

10.– Oporretan dagoela langilea lanerako aldi baterako ezintasun-egoerara pasatzen bada, oporraldia ez da etengo. Eten egingo da, ordea, trafiko-istripu baten ondorioz edo arrazoi larriren batengatik ospitaleratu beharra izan badu. Etenaldia ospitalean egon den egun-kopuruaren parekoa izango da. Aldi baterako ezintasunagatik langileak oporrak ezin baditu hartu finkatuta zeukan aldian, alta hartzen duen egunetik aurrera hartuko ditu oporrak, eta betiere abenduaren 31 baino lehen. Abenduaren 31 izango da, hain zuzen, urteko oporrak hartzeko muga-eguna.

IV. TITULUA
LIZENTZIAK ETA BAIMENAK

26. artikulua.– Lizentziak eta baimenak bereizteko irizpideak.

– Lizentzia: araudian tipifikatuta eta justifikatuta dagoen lanetik aldentzeko baimena da. Enpresako giza baliabideen zuzendaritzari bidalitako idazkiaren bidez egingo da eskaria, gutxienez 10 eguneko aurrerapenez, betiere dagokion araudian beste eperen bat ezarrita ez badago edo geroago justifikatu beharko diren salbuespeneko arrazoirik ez badago.

– Lizentzien izaera: lizentzia langileen eskubide bat bezala eratuta dago, eta arauan tipifikatuta dauden arrazoiengatik eta denboraz lanetik aldentzeko baimen ordaindua da. Garaiz eta behar bezala eskatuz gero, haren ebazpena ezingo da ez atzeratu ez ukatu, eta eskatzaileak gauzatzeko modukoa izan beharko du. Langileen eskubidetzat hartzen denez, arrazoi larriak, premiazkoak edo aurreikusi ezin direnak beharko dira hura ukatzeko. Ukatzen bada, langileari idatziz azaldu beharko zaio zergatik ukatu zaion.

– Baimenak: lizentzien kasuan ez bezala, enpresako zuzendaritzari dagokio baimenak ematea, eskatzailearen lantokiko arduradunaren txostena jaso ondoren.

– Langileak egun osoz lan egin badu, hurrengo egunetik aurrera hartuko ditu baimen zein lizentziengatiko dagokion eguna edo dagozkion egunak.

1.– Ordaindutako lizentzia hartzeko eskubidea izango dute hitzarmen honen eremuan sartzen diren langileek; hauek dira lizentzietarako arrazoiak:

a) Gaixotasun edo istripuagatiko lizentzia.

b) Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurrak harreran hartzeagatiko lizentzia.

c) Aitatasunagatiko lizentzia.

d) Norberaren edo ahaideen ezkontzagatiko edo bikote-elkarbizitza egonkorra hasteagatiko lizentzia.

e) Ahaideen gaixotasun larri, ospitaleratze edo heriotzagatiko lizentzia.

f) Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalengatiko lizentzia.

g) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatiko lizentzia.

h) Norberaren gauzetarako lizentzia.

i) Sindikatu edo langileen ordezkotza egiteko lizentzia.

j) Seme-alaba goiztiarrak jaiotzeagatiko lizentzia, edo, edozein arrazoi dela-eta, jaio ondoren seme-alabek ospitalean jarraitu behar izateagatiko lizentzia.

k) Oso larri gaixorik dagoen lehen mailako senide bat zaintzeko lizentzia.

2.– Ondoren zehazten diren baimenak ere eman ahal izango dira, bertan zehazten diren arauen arabera. Hauek dira baimenak:

a) Azterketetara joateko baimena.

b) Ikastaro eta biltzarretara joateko baimena.

c) Lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.

d) Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

e) Norberaren gauzetarako baimena.

f) Gobernuz kanpoko erakundeetan elkarlanean aritzeko baimena.

g) Lanaldia murrizteko baimena.

h) Soldatarik gabeko urtebeteko baimena.

i) Gaixotasun kronikoren bat edo mugikortasun arazoak dituzten familiakoak zaintzeko baimena.

j) Adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak eta 2. gradurainoko ahaideak zaintzeko baimena.

k) Genero-indarkeriagatik.

l) Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabeak zaintzeagatik.

27. artikulua.– Lizentzia eta baimenen arteko bateraezintasuna.

Edoskitzaroko lizentzia eta adin txikikoak zaintzeko lanordu-gutxitzea gertatzen denetan salbu, ezingo da inoiz ere hurrengo artikuluetan adierazitako lizentzia edo baimen bat baino gehiago batera hartu. Arauz tokatzen diren oporraldietan ere ezin izango da ordaindutako lizentzia edo baimenik hartu.

28. artikulua.– Lantokira itzultzea lizentziak edota baimenak hartu ondoren.

Langileek hartzen dituzten lizentzia eta baimenen aldia bukatutakoan, berehala itzuli beharko dute beren lanpostuetara, eta lanetik kanpo egin duten aldia justifikatu beharko dute, diziplina-erantzukizuna izango baitute bestela.

29. artikulua.– Gaixotasun edo istripuagatiko lizentzia.

Langileek, gaixotasun edo istripu batek eragindako ezintasun iragankorra dela-eta, beren lana behar bezala betetzerik ez badaukate, eta hala jasota badago osasun-zerbitzuek emandako bajan edo, baja eman aurretik, enpresaren zerbitzu medikoak egindako ziurtagirian, lizentzia izateko eskubidea izango dute, alta jaso arte, betiere kontratazioaren gehieneko epea gainditu gabe.

Gaixotasuna edo istripua dela-eta lanerako aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileei osagarriak ordainduko zaizkie bajan dauden artean bere laneko egutegiaren arabera dagozkien lansarien % 100 jaso dezaten, 18 hilabetera arte gehienez ere.

Gaixotasun edo istripuagatiko lizentziak dirauen denboran, hortaz baliatzen den langileak irabazirik ematen duen edozein lan egiten badu, ez du inolako soldatarik jasoko eta diziplinako erantzukizuna izango du, eta oker jasotako kopuruak itzuli egin beharko ditu.

Enpresek, euren zerbitzu medikoek egindako osasun-azterketen bidez, gaixotasunak edo istripuak eragindako langileak nola dauden egiazta dezakete eta egoeraren jarraipena egin, hori guztia egoera hobeto ezagutzeko, behar den laguntza emateko eta albait azkarren sendatzen laguntzeko. Langileak, aldi baterako ezintasun-egoeran dauden lehen egunetik, enpresako osasun-zerbitzuek azterketa egiteko egindako deietara joatera behartuta daude. ABE egoerako hogeita batgarren egunetik aurrera azterketa horietara ez joateak, justifikaziorik gabe, artikulu honetako bigarren paragrafoan ezarritako bermea galtzea dakar edonola ere, doakion langileari idatziz entzunaldi-izapidearen aukera eman ondoren.

Prebentzio Zerbitzuaren aldeko txostena jaso ondoren, eta behin gehieneko epe hori agortuta, denbora horretan langileak Ezintasun Iraunkorreko graduren bat onar dakion eskatu baldin badu, artikulu honetako bigarren paragrafoan adierazitako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du, alta medikoa jasotzen duen arte –ezgaitasun-aitormenarekin nahiz gabe– edo hiltzen den arte. Ezintasun oso, absolutu, guztizko edo handiaren graduan ezintasun iraunkorra aitortzen bada, GSINren ebazpenean zehaztutako ondorio ekonomikoen egunaren aurrekora arte luzatuko da aipatu eskubidea.

Hartarako, eskubide hori baliatzeko eskabidea hilabeteko epearen barruan egin beharko da, zehazki, ezintasun-gradua aitortzeko ebazpenaren jakinarazpena edo alta ematen den datatik aurrera hilabetearen barruan, edo, hala badagokio, eta laster sendatzea aurreikusteagatik, aitorpen hori ukatzeko ebazpenaren datatik aurrera, edo heriotzaren datatik aurrera.

Ezintasuna onartzen bada 18 hilabeteko epea bukatu eta gero, aipaturiko zenbatekoa jasotzeko eskubidea ezintasuna onartzeko eskaera egin zen egunetik aurrera baino ezin izango da onartu.

30. artikulua.– Haurra jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko teknikak ikastera joateko lizentzia.

Langile haurdunek behar beste denboraz lizentzia bat hartzeko eskubidea izango dute, ordainsaria jasota, haurra jaio aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko teknikak ikastera joateko. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute, eta enpresako Langileen Zuzendaritzaren aldeko txostena jaso, eta, edonola ere, halakoak lanaldian egin beharra justifikatu beharko dute.

31. artikulua.– Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurra harreran hartzeagatiko lizentzia.

1.– Emakume langileek, haurdunaldiagatik eta erditzeagatik, dagokien lizentzia hartzeko eskubidea dute. Etenik gabeko 18 asteko iraupena izango du lizentziak eta, haurrak desgaitasuna izanez gero, eta erditze anizkoitzen kasuan, bigarren haurrarengandik hasita haur bakoitzeko, bi aste gehiago luza daiteke. Denboraldi hori aukeran banatuko du interesdunak, baina erditu eta berehala sei aste behintzat hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aitak baimen osoa erabili ahal izango du haurra zaintzeko. Lizentzi hori lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa izango da, betiere zerbitzuaren beharrek aukera ematen badute eta arauz ezarritako terminoetan.

Lizentziaren iraupen osoa agortutakoan, emakume langileak bere lanera ohiko eran itzultzea eragozten dion osasun-arazorik baldin badu, gaixotasun arruntagatiko aldi baterako ezintasun-egoerara pasatuko da. Horretarako, manuzko izapideak bete beharko ditu.

Aurrekoa gorabehera, eta erditze-ondoko atsedenaldia egiteko sei asteak (nahitaezkoak amarentzat) alde batera utzi gabe, amak eta aitak lan egiten badute, amatasunagatiko atsedenaldia hasitakoan, amak aukeratu ahal izango du beste gurasoak hartzea erditzearen ondorengo atsedenaldiaren zati jakin eta etengabe bat, bai berarekin batera, edo berea amaitutakoan. Beste gurasoak jarraitu ahal izango du hasieran laga zaion amatasun-baimena baliatzen, nahiz eta ama lanera itzultzeko aurreikusitako eguna iristen denean, ama bera aldi baterako ezintasun-egoeran egon.

Erditze goiztiarra bada eta beste edozein arrazoiren ondorioz jaioberriak jaio ondoren ospitalean geratu behar badu, jaioberria ospitalean dagoen beste denbora luzatuko da baimena, gehienez hamahiru asteko muga jarrita.

Adopzioagatiko edo harreragatiko baimenak, adopzio aurrekoak nahiz iraunkorrak edo sinpleak, etenik gabeko hamazortzi asteko iraupena izango du baimenak. Baimen hori bi aste luzatuko da, adopzioan edo harreran hartutako adingabeak desgaitasunen bat badu, edo bigarrenetik aurrerako haur bakoitzeko, adopzioa edo harrera anizkoitza bada.

Epearen zenbaketa langileak aukeratuko du, eta harreraren erabaki administratiboa edo judiziala egiten den egunetik aurrera edo adopzioa gauzatuko duen ebazpen judiziala egiten den egunetik aurrera izan daiteke, eta adingabe berak ezin izango du inoiz baimen bat baino gehiago hartzeko eskubidea eman.

Bi gurasoek lan egiten badute, baimena egoera horretan daudenek erabakitzen duten bezala banatuko da: biek aldi berean hartu ahal izango dute baimena, edo batak bestearen ondoren, betiere etenik gabeko denboraldietan.

Atsedenaldiak aldi berean baliatzen badira, atsedenaldi horien batura ezin izango da hamazortzi aste baino luzeagoa izan, ezta haurraren desgaitasunaren edo erditze anizkoitzaren kasuei dagozkien aste kopurua baino luzeagoa ere.

Baimen hori lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa izango da, betiere zerbitzuaren beharrek aukera ematen badute eta arauz ezarritako terminoetan.

Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan gurasoak adoptatuaren jaioterrira bidaiatzea beharrezkoa bada, gainera bi hilabete iraungo duen baimena hartzeko eskubidea izango dute langileek, eta epealdi horretan oinarrizko lansariak baino ez dituzte jasoko.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako bi hilabeterainoko baimena alde batera utzi gabe, eta paragrafo horretan azaltzen den kasurako, adopzioagatiko edo harreragatiko lizentzia (adopzio aurreko harreran, harrera iraunkorrean edo sinplean) adopzioa gauzatzen duen ebazpen judiziala edo harreraren erabaki administratiboa edo judiziala baino 4 aste lehenago has daiteke.

Artikulu honetan ezarritako adopzio- edo harrera-kasuak (adopzio aurrekoak, harrera iraunkorrekoak edo sinpleak) legez ezarritakoak izango dira, eta adopzio sinpleak gutxienez urtebetekoa izan behar du.

Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurra harreran hartzeagatiko lizentziaz baliatu bitartean, enpresak antolatutako prestakuntza-ikastaroetan parte har dezakete langileek.

Aurreko kasuetan, lizentzia hauek hartzen diren aldian igarotako denbora benetako zerbitzuko gisa hartuko da ondorio guztietarako, eta langilearen eskubide ekonomiko guztiak bermatuko dira lizentziaren iraupen osoan eta, hala badagokio, lizentzia hau hartu ondorengo aldietan, betiere aplika daitekeen araudiarekin bat eginez ordainsari-kontzepturen bat jasotzeko eskubidea baimena hartzeko denboraren arabera zehazten bada.

Haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurra harreran hartzeagatiko lizentziaz baliatu diren langileek, lizentziaren aldia amaitutakoan, eskubidea izango dute beren lanpostuan berriz lanean hasteko lizentziarena bezalako baldintzetan edo egokiagoetan, baita beren absentzian lor zezaketen laneko baldintzen edozein hobekuntzaren onura lortzeko ere.

29. artikuluan ezarritako prestazioen hobekuntzak amatasun-aldian ere ondorioak izango ditu era berean.

2.– Emakumeak lanean ordubeteko geraldia egiteko eskubidea izango du, eta bi zatitan banatu ahal izango du, 12 hilabetetik beherako haurra edoskitze naturalez zein artifizialez hazteko. Emakumeak, hala nahi izanez gero eta helburu horretarako bada, eskubide hori aldatu ahal izango du, lanaldia ordubetez murriztuz lanaldiaren hasieran edo bukaeran.

Edoskitze artifizialari dagokionez, aitarena ere izan daiteke aipatu geldialdia edo lanaldiko murrizketa izateko eskubidea, betiere aldez aurretik eskatu eta justifikatuta; izan ere, aitak egiaztatu egin beharko du ama langilea dela eta lizentzia hartzeari uko egiten diola edo ezinezkoa zaiola.

Emakumeak aurreko paragrafoan azaldutako lizentzia erabili edo denbora hori haurdunaldi, erditze eta edoskitzeagatiko lizentziari gehitzeko aukera izango du, lanegun bakoitzeko ordu bete, denboraldi horretarako ezarritako taularen arabera.

Eskubide hori emakume langilearen ezkontide edo bikotekideak ere izango du.

Emakume langileek, halaber, erditu aurreko eta haurdunaldi, erditze eta edoskitzeagatiko lizentzia hartu ondoren lanera hasi ondorengo hiru hilabeteetan gauez lanik ez egiteko aukera izango dute.

Bestela, lanera hasi ondorengo 6 hilabetez gauez lanik ez egitea ere aukera dezake.

3.– Amak zein aitak oporraldia gehitu ahal izango diote haurdunaldi, erditze, edoskitzaro, adopzio eta harreragatiko lizentziari, oporraldiari dagokion urte naturala iragan eta gero ere.

4.– Langileek egun bateko lizentzia hartu ahal izango dute odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko lehen mailako ondorengoak erditzeagatik. Lizentzia hori ospitaleratze-aldiak dirauen bitartean hartu ahal izango da.

32. artikulua.– Jaiotze, harrera edo adopzioagatiko aitatasun-lizentzia.

Hamabost egun naturaleko lizentzia izango da, aitak edo beste gurasoak balia dezakeena, haurraren jaiotza-egunetik aurrera, harrerako ebazpen administratibo edo judizialetik aurrera edo adopzioa gauzatuko duen ebazpen judizialetik aurrera.

Enpresak ordainduko ditu GSINren aitatasun-prestazioaren subsidio osagarriak, langileak taularen arabera dagozkion ordainsarien % 100 jaso dezan aldi horretan. Langileak prestazio ekonomikoak jasotzeko eskubiderik ez badu, enpresak ez du ordainketarik egingo, hargatik eragotzi gabe baimena ematea.

Independenteak izango dira, lizentzia hau, batetik, eta, bestetik, haurdunaldi, erditze, edoskitze, adopzio eta haurrak harreran hartzeagatiko lizentzia –31. artikuluan jasotakoa– elkarren artean baliatzea.

Lizentzia hau hartzen den aldian igarotako denbora benetako zerbitzuko gisa hartuko da ondorio guztietarako, eta langilearen eskubide ekonomiko guztiak bermatuko dira harrera edo adopzioagatiko aitatasun-lizentziaren iraupen osoan eta, hala badagokio, lizentzia hau hartu ondorengo aldietan, betiere aplika daitekeen araudiarekin bat eginez ordainsari-kontzepturen bat jasotzeko eskubidea ezartzen bada lizentzia hartzeko denboraren arabera.

Jaiotza, harrera edo adopzioagatiko lizentzia hau erabili duten langileek, lizentziaren aldia amaitutakoan, eskubidea izango dute beren lanpostuan berriz lanean hasteko lizentziarena bezalako baldintzetan edo egokiagoetan, bai eta beren absentzian lor zezaketen laneko baldintzen edozein hobekuntzaren onura lortzeko ere.

33. artikulua.– Norberaren edo ahaideen ezkontzagatiko edo bikote-elkarbizitza egonkorrari ekiteagatiko lizentzia.

1.– Langileek 20 egun naturaleko lizentzia izango dute ezkontzeagatik. Ezkontza ospatu baino lehen edo ospatu ostean hartu ahal izango dute, baina, edonola ere, ezkontzaren eguna epe horren barruan delarik. Erregistro Zibileko ziurtagiria edo Familia Liburuko idatzi-oharraren agiria aurkeztu beharko dute.

Lizentzia hau oporraldiari gehitu ahal izango zaio aurretik zein atzetik, eta gutxienez hilabete aurretik jakinarazi beharko zaio lan egiten duen enpresako zuzendaritzari.

2.– Elkarbizitza egonkor bati ekiten dioten langileek ere, hots, ezkontzaz kanpo elkartzen direnek ere, izango dute lizentzia hori baliatzeko eskubidea. Horretarako, ordea, interesdunak helbideratuta dauden udalerriko udalak egindako elkarbizitza-egiaztagiriaren bidez egiaztatu beharko dute elkarbizitza, edo bestela, Elkarketa Zibilen Udal Erregistroko egiaztagiriaz.

3.– Ezingo da ezkontzagatiko edo elkarbizitza egonkorra hasteagatiko lizentziarik hartu beste lau urtetan, eta inola ere ez, bikotea osatzen duten kideak berberak badira.

4.– Odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigaren mailara arteko senideak ezkontzen badira, edo eskatzailearekin bizikidetza egonkorra duen bikotea ezkontzen bada, eskatzaileak egun natural bateko lizentzia hartzeko eskubidea izango du. Lizentzia hori 3 egun naturalera luzatuko da, ezkontza langilearen bizilekutik 150 kilometro baino gehiagora bada, hori egiaztatzen duen agiria aurkeztuta betiere.

34. artikulua.– Ahaideen gaixotasun larri, ospitaleratze edo heriotzagatiko lizentzia.

1.– Kontzeptu horregatik, langileek lizentzia hauek hartzeko eskubidea izango dute:

a) Ezkontidea, bikotekidea edo seme-alaba:

Bost egun natural. Bi egun natural gehiago, gertakizunak eskatzailearen bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

b) Lehen mailako odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideak:

Hiru egun baliodun. Bi egun baliodun gehiago, gertakizunak eskatzailearen bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

c) Bigarren mailako edo maila urrutiagoko senideak, betiere elkarbizitza egonkorra behar bezala egiaztatuz gero:

Hiru egun natural, hilez gero. Bi egun baliodun, ospitaleratze edo gaixotasun larriaren kasuan. Bi kasuetan, bi egun baliodun gehiago, gertakizunak eskatzailearen bizilekutik 150 km baino urrutirago gertatzen badira.

Senidea ospitaleratuz gero, hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

Senideen gaixotasun larri, ospitaleratze edo heriotzagatiko lizentzian aipatzen diren egun baliodunak benetako lanegunak izango dira, taularen arabera, betiere.

Senideen ospitaleratze edo gaixotasun larrien kasuetan, 2 egun naturaleko bigarren lizentzia bat hartzeko eskubidea egongo da, luzatzeko aukerarik gabe, betiere lehenengo lizentzia bukatu eta 30 egun igaro ondoren.

2.– Ezkontide, bikotekide, seme-alaba edo odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko senideen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoen kasuan, bi eguneko lizentzia izango du langileak, bai eta, bizikidetza egonkorra egon dela egiaztatzen bada, bigarren maila baino urrunagokoenetan ere.

35. artikulua.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko lizentzia.

1.– Saihestezineko betebehar publiko edo pertsonalak betetzeko, langileek hori betetzeko behar beste denbora hartzeko lizentziarako eskubidea izango dute, baldin eta lan orduetatik kanpo ezin badira egin.

2.– Hitzarmenaren ondorioetarako, hauek hartuko dira saihestezineko betebehar publiko edo pertsonaltzat:

a) Epaitegi, komisaldegi, gobernu zibil edo militarren deiak, ikuskapen militarra eta armena, NANa, pasaportea, egiaztagiriak eta zentro ofizialetako erregistroak.

b) 2. mailarainoko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senide diren ezindu fisiko edo psikikoei edo zentzumen-ezinduei izapide zehatzak egiten laguntzea.

c) Gidabaimena ateratzeko azterketa egitea edo gidabaimena berritzea.

d) Notaritzako errekerimenduak eta izapideak.

e) Erakunde ofizialetan egin beharreko izapideak.

f) Gobernu organoen eta horien menpeko batzordeen bileretara joatea, horietako zinegotzi, diputatu, batzarkide edo legebiltzarreko hautatu legez.

36. artikulua.– Ohiko bizilekua aldatzeagatiko lizentzia.

Langileak ohiko bizilekua utzi eta beste batera bizitzera joan behar duenean, 2 egun naturaleko lizentzia hartzeko eskubidea izango du, betiere helbide berrian erroldatzen denetik aurrera hilabete naturaleko epean. Erroldatze-ziurtagiria aurkeztuz egiaztatu beharko du etxe-aldaketa hori.

Osakidetzako lantokietan garbiketa egiten duten enpresetako langileei aplikatuko zaie lizentzia hori, baldin eta lantoki horietan urtebetetik gora eman badute lanean.

37. artikulua.– Norberaren gauzetarako lizentzia.

Langile guztiek sei lanegun –gehienez ere 42 ordu– hartzeko eskubidea izango dute urte natural bakoitzeko. Horretarako eskaria hogei egun natural lehenago egin beharko dute. Zerbitzu-urtea osatu ez dutenentzat, lanean hasi zirenetik edo lanera bueltatu zirenetik urte bereko abenduaren 31ra arteko aldiaren araberakoa izango da lizentziaren iraupena.

Edonola ere, lantokiko lan-txanda bakoitzean, dagokion kategoriako plantilla osatzen duten langileen % 50ek baino gehiagok batera ezingo dute hartu lizentzia hau.

Hitzarmen honetako enpresa-subrogazioa urtea hasita dagoela gauzatzen bada, hau da, urtarrilaren 1az geroztik, egun horiek hainbanatuko dira, ordainketen ondorioetarako bakarrik, zerbitzua uzten duen enpresaren eta enpresa esleipendunaren artean, urte horretan alta-aldia zenbatekoa izan den aintzat hartuta. Nolanahi ere, langileek enpresarekin kreditatua duten egun-kopuru osoa gozatu ahal izango dute.

38. artikulua.– Antzinatasunagatiko lizentzia.

Seigarren hirurtekoa betetzen dutenean 2 lanegun libre edukitzeko eskubidea izango dute langileek –ordainduak eta errekuperatu behar ez direnak–, eta zortzigarren hirurtekotik aurrera beste egun bat gehiago hirurteko bakoitzeko.

Egun horiek urtero hartuko dira, eta norberaren gauzetarako lizentzia-egunen izaera izango dute.

– Sei hirurteko beteta izanez gero: norberaren gauzetarako 2 egun.

– Zazpi hirurteko beteta izanez gero: norberaren gauzetarako 2 egun.

– Zortzi hirurteko beteta izanez gero: norberaren gauzetarako 3 egun.

– Bederatzi hirurteko beteta izanez gero: norberaren gauzetarako 4 egun.

– Hamar hirurteko beteta izanez gero: norberaren gauzetarako 5 egun.

– Eta horrela gainerakoak.

Kasuan kasuko hirurtekoa betetzen den egunaren biharamunean sortzen da eguna hartzeko eskubidea.

Hitzarmen honetako enpresa-subrogazioa urtea hasita dagoela gauzatzen bada, hau da, urtarrilaren 1az geroztik, egun horiek hainbanatuko dira, ordainketen ondorioetarako bakarrik, zerbitzua uzten duen enpresaren eta enpresa esleipendunaren artean, urte horretan alta-aldia zenbatekoa izan den aintzat hartuta. Nolanahi ere, langileek enpresarekin kreditatua duten egun-kopuru osoa gozatu ahal izango dute.

39 artikulua.– Sindikatu edo langileen ordezkari-lanak egiteko lizentzia.

1.– Sindikatu edo langileen ordezkari-lanak egiten dituzten langileek, Hitzarmenean ezarritakoaren babespean, egiteko horri dagokion lizentzia hartzeko eskubidea izango dute, indarrean dagoen araudian eta hitzarmen honetan jasotakoetan ezartzen diren zirkunstantzia, epe, betekizun eta betebeharrekin bat etorriz.

2.– Nolanahi ere, hitzarmeneko mahai negoziatzaileko partaide diren langileek, negoziazio kolektiboa izapidetzeko, mahaiko idazkariak ofizialki deitutako bileretara joateko behar duten denboran lizentzia hartzeko eskubidea izango dute. Horretarako, aurretiaz nagusi hurrenari adierazi beharko diote ez direla lanean izango bilera horietara joateko.

40. artikulua.– Oso larri gaixorik dagoen lehen mailako senide bat zaintzeagatiko lizentzia.

Lehen mailako senide bat oso larri gaixorik egoteagatik hura zaindu behar izanez gero, langileek gehienez eskubidea izango dute lanaldiaren ehuneko berrogeita hamarreko murrizketa eskatzeko, ordainduta eta, gehienez, hilabeteko epean. Lizentzia eragin duen gertaera beragatiko eskubidea duen titular bat baino gehiago badago, murrizketa-denbora titular horien artean hainbanatuko da, betiere hilabeteko gehieneko epea errespetatuta.

41. artikulua.– Seme-alaba goiztiarrak jaiotzeagatiko edo beste edozein arrazoi dela-eta umeek jaio ondoren ospitalean jarraitu behar izateagatiko lizentzia.

Seme-alaba goiztiarrak jaiotzeagatik edo beste arrazoi batzuen ondorioz erditu ondoren umeek ospitalean geratu behar badute, langileak eskubidea izango du egunero lantokitik gehienez 2 orduz aldentzeko, ordainsari osoak jasota. Gainera, lanaldia murrizteko eskubidea izango du, gehienez bi orduz; orduan, ordainsariak proportzio berean murriztuko zaizkio.

42. artikulua.– Azterketetara joateko baimena.

Langileek eskubidea izango dute ikastetxe ofizial edo homologatuetan azterketak egiteko behar duten baimena eskatzeko; horretarako, egin behar duten azterketa bakoitzeko, ohiko zein ohiz kanpoko deialdietan, egun natural bat hartu ahal izango dute, eta, edozein kasutan ere, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Azterketa egingo duen tokia langilearen etxebizitzatik 150 kilometro baino urrunago badago, baimena 2 egun naturalekoa izango da. Ordaindutakoa izango da baimena.

Oro har, azterketa-egunaren justu aurreko gaueko txandan lanean ari den eskatzaileak gaueko txandan edo azterketa-egunean hartu ahal izango du baimena, aukeran. Baimen hori dela-eta, ezingo da inoiz txanda bat baino gehiago hartu.

43. artikulua.– Ikastaro eta biltzarretara joateko baimena.

1.– Langileei baimena eman ahal izango zaie biltzar, ikastaro, ikastaldi, mintegi, sinposium, topaketa, lehiaketa, eztabaida, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta bestelako gertakizun zientifikoetara edo garbiketa-zerbitzuentzat interesa duten ekitaldietara joateko. Horretarako, urtean, 15 egun natural hartu ahal izango dituzte gehienez, zerbitzu-beharren arabera, eta betiere enpresako zuzendaritzaren baimena jaso ondoren.

Ukatzen bada, langileari idatziz azaldu beharko zaio zergatik.

44. artikulua.– Lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.

1.– Zerbitzuaren asistentzia-kalitatea hobetzeko enpresak lehentasunezkotzat hartzen dituen lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko, dagokion enpresako zuzendaritzak langile finkoei –lanean ari diren lanpostuan gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenei– baimena eman ahal izango die ikasketa horiek egiteko. Baimen hori ez da izango bi ikasturtetik gorakoa.

2.– Euskara ikastea zerbitzuen kalitatea hobetzeko lanbide-hobekuntzako ikasketatzat hartzen da.

3.– Baimen hau hartzeak ez du inongo ordainsaririk jasotzeko ez enpresari dagozkion kotizazioetarako eskubiderik ematen.

4.– Artikulu honen ondorioetarako, baimena hori ematen zaien langileei lanpostua gordetzeko eskubidea aitortzen zaie, eta denboraldi hori antzinatasun-ondorioetarako zenbatuko zaie.

45. artikulua.– Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.

Norberaren premiak direla eta, lanorduetan kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena izango dute langileek, bertara joateko behar besteko arrazoiak badaude eta azterketa egiteko zentroetako kontsulta-ordutegiak lanorduz kanpo joateko aukerarik uzten ez duenean.

Baimen horren iraupena, oro har, lau ordukoa izango da gehienez, behar bezala egiaztatutako salbuespen-kasuetan izan ezik.

Baimen hori ordaindutakoa izango da.

46. artikulua.– Norberaren gauzetarako baimena.

1.– Hitzarmen honen aplikazio-eremuko langileek norberaren gauzetarako baimena eskatu ahal izango dute. Baimen hau ezin izango da eskatu lanean hasi eta urtebete igaro arte.

2.– Norberaren eginkizunetarako emandako baimenak ez dira ordainduko, eta metatuta izan dezaketen iraupena, gehienez ere, bi urtetan lau hilekoa izango da.

Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen bada, urtero eman ahal izango da, behin bakarrik, eta elkarren segidako hiru hilabeterako gehienez.

3.– Baimen hori ematea zerbitzuko beharren mende egongo da.

4.– Espetxean dauden odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko senideak bisitatzeko baimena ere emango da. Horretarako behar den denbora emango du baimenak, baldin eta bisitok lanorduez kanpo ezin badira egin.

Paragrafo honetan jasotako baimenagatik libre hartutako denboran ez da ordainketarik jasotzeko eskubiderik izango, non eta Zerbitzuko Antolaketa Zuzendaritzak bete gabeko orduak errekuperatzeko baimena ematen ez duen zerbitzuko premiei erantzuteko.

47. artikulua.– Gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean aritzeko baimena.

Gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten hitzarmenaren aplikazio-eremuko langile bitartekoek eta aldi baterakoek eta langile finkoek baimena eskatu ahal izango dute beste herrialdeekiko laguntza- eta lankidetza-programetan parte hartzeko, gobernuz kanpoko erakunderen batek hala eskatuta.

Baimena dagokion zerbitzu-antolakuntzako giza baliabideetako zuzendaritzak emango du, betiere zerbitzuko beharrak aintzat hartuta. Langile interesdunak lan egiten duen zerbitzuko antolaketarako arazoak sortzen baditu, ukatu egin ahal izango da, idatziz.

Baimena, gehienez ere, bi urterako izango da, eta beste bi urterako luzapena eman ahal izango da. Horretarako, eskatzaileak lan egiten duen zerbitzu-erakundearen aldeko txostena aurkeztu beharko da, bai eta hasierako baimena emateko arrazoi izandako osasun lankidetza-programak jarraitzen duela egiaztatzen duen gobernuz kanpoko erakundearen txostena ere.

Behin baimen bat eman eta gero, gutxienez aurreko baimenaren denboraldi berean aritu beharko da lanean hurrengo baimena eman ahal izateko. Nolanahi ere, gutxienez urtebete lanean aritu beharko da bi baimenen artean.

Baimendutako denbora igarota, eskatzaileak bere lanpostura itzuli beharko du. Lanpostura itzultzen ez bada, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoerara igaroko da, baldin eta hitzarmen honetan eskatutako baldintzak betetzen baditu.

Baimen hau hartzeak ez du inongo ordainsaririk jasotzeko eskubiderik emango.

Baimenak dirauen bitartean, langilea Gizarte Segurantzan alta-egoeran egongo da, eta enpresak dagozkion kotizazioak ordainduko ditu, betiere langileak GKEren kontura beste alta-sistemaren bat ez badauka eta betiere lan-harremanak dirauen bitartean.

Artikulu honen ondorioetarako, baimen hau jasotzen duten langileei lanpostua gordetzeko eskubidea aitortzen zaie, eta, gainera, denboraldi hori antzinatasun-ondorioetarako hartuko da aintzat.

Baimena eman ahal izateko, beharrezkoa da eskatzailearen lankidetza eskatzen duen gobernuz kanpoko erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko irabazi asmorik gabeko Elkarteen Erregistroan erregistratuta egotea.

48. artikulua.– Lanaldia murrizteko baimena.

Langile finkoek lanaldia murrizteko baimena eska dezakete, ondoren zehaztutakoaren arabera:

1.– Oro har, lanaldia % 50 murriztu ahal izango da. Murrizketa orokorretik kanpoko lanaldi-murrizketak enpresako zuzendaritzaren eta eskatzailearen arteko adostasunez erabakiko dira.

2.– Dena den, baimen hau dagokion enpresaren antolakuntza-baliabideen arabera emango da, eta ezingo dio kalte egin zerbitzuaren kalitateari, ez eta mailari ere.

3.– Lanaldia murrizteko baimena gutxienez 6 hilabeterako emango da, eta 6 hilabeteko epealdietarako luzatu ahal izango da. Hala ere, baimen-denboraldia epea bukatu baino lehen amaituko da, adostutako baldintzak betetzen ez badira edota antolaketa-arazoak direla medio.

4.– Baimen hau emateko aukera errazteko, mugikortasun funtzionala erabili ahal izango da. Hartara, langile onuradunak atxikita dagoen zerbitzuan ez baizik eta beste batean bete ahal izango du lanaldi murriztuaren presentzia-denbora. Halakoetan, langile interesdunak lanean non aritu den destino horretako ordainsariak jasoko ditu.

5.– Lanaldi murriztuaren baldintza zehatzak eskatzailearekin negoziatuko dira enpresa bakoitzean, eta haren lan-taulan ezarriko dira, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera.

Adostekoak izango dira, besteak beste, honako hauek: lanorduak, atseden-orduak, oporrak, jaiegunak eta lanaldi-soberakinak, bai eta salbuespeneko zirkunstantzietatik sortutako egoerak ere.

6.– Lanaldia murriztea eta beste edozein jarduera, ordaindua izan edo ez, burutzea bateraezinak izango dira, baldin eta jarduera hori murriztutako lanorduetan egiten bada.

7.– Baimen hau emateak berekin dakar ordainsarien murrizketa.

49. artikulua.– Soldatarik gabeko urtebeteko baimena.

Enpresan 15 urteko antzinatasuna duten langile finkoek soldatarik gabeko urtebeteko baimena eskatu ahal izango dute. Beste hamabost urte igaro beharko dira berriro baimen hau lortzeko.

Arau hau ez zaie aplikatuko hogeita hamar urte baino gehiagoko antzinatasuna duten langileei. Langile horiek berriro baimena lortu ahal izango dute, baimen baten eta bestearen artean hamabost urte igaro beharrik izan gabe.

Baimen hau dagokion enpresaren zerbitzu-beharren arabera emango da.

Egoera horretan, langileek lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute, baita Gizarte Segurantzako kotizazioak kontatzeko ere.

Bestalde, gehienez urtebeteko baimen bat ezartzen da Osakidetzaren garbiketa-kontratetan lan egindako 15 urteko aldi oso bakoitzeko, eta gehienez ere bi urteko baimena metatu ahal izango da 30 urtez lan eginda; baimen hori langileak erretiro osoa hartu aurreko bi urteetan hartu beharko da, eta bi urtera arteko aldi horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioa osorik ordainduko da, baimena eman aurreko kotizazio-oinarrien arabera.

50. artikulua.– Gaixotasun kroniko bat edo mugikortasun arazoak dituzten senideak zaintzeko baimena.

Gaixotasun larri iraunkorra edo mugikortasun arazoak direla-eta, odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko 2. mailara arteko senide bat, edo urrunagoko bat (elkarbizitzarik bada) zaindu behar duen langileak urtean gehienez berrogeita hamar orduko baimen ordaindua izango du, aipatu patologiak egiaztatzen dituen senide bakoitzeko. Oro har, baimen horretatik, egunean bi ordu erabili ahal izango dira gehienez, eta lanean hasteko orduarekin edo lanetik irteteko orduarekin batera hartu beharko dira.

Dena den, aipatu baimena hartzeko, taulan bestelako formulak ere erabiliko ahal izango dira.

51. artikulua.– Adingabeak edo ezindu fisiko eta psikikoak edo zentzumen-ezinduak eta 2. mailarainoko senideak zaintzeko baimena.

Legez agindutako zaintza duelako, zuzenean bere ardurapean hamabi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezindu fisiko edo psikiko bat edo zentzumen-ezindu bat daukan langileak lanaldia murrizteko baimena eskatu ahal izango du; gutxienez heren bat eta gehienez lanaldiaren erdia eskatu ahal izango du, eta soldatako kontzeptu guztiak ere proportzio berean gutxituko zaizkio.

Eskubide bera izango dute familiako kideren bat zaindu behar dutenek, baldin eta ahaide hori odolkidetasunezko edo ezkontzazko bigarren mailara artekoa bada eta adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu eta ez badu ordaindutako jarduerarik egiten.

Baimen honi dagozkion ordutegi-baldintza zehatzak eskatzailearekin negoziatuko dira enpresa bakoitzean eta haren lan-taulan ezarriko dira, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera.

Baimen hau bateragarria izango da 50. artikuluan ezarritako baimenarekin (gaixotasun kroniko bat edo mugikortasun arazoak dituzten senideak zaintzeko baimena). Nolanahi ere, baimen horretaz baliatzeko ordu-kopurua murriztu beharko da proportzioan.

52. artikulua.– Genero-indarkeriagatiko baimena.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileen bertaratze-hutsegiteak (osoak edo partzialak) justifikatutzat hartuko dira, arretako edo osasuneko gizarte-zerbitzuek zehazten duten denboran eta baldintzetan.

Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileek, beren gizarte-asistentzia osorako babesa eta eskubidea gauzatzeko, soldataren murrizte proportzionalarekin lanaldia murrizteko eskubidea izango dute, edo lan-denbora berrantolatzeko eskubidea, ordutegia egokituz, ordutegia malgutuz edo denbora antolatzeko aplika daitezkeen beste modu batzuen bidez. Baimen honi dagozkion ordutegi-baldintza zehatzak eskatzailearekin negoziatuko dira enpresa bakoitzean, eta haren lan-taulan ezarriko dira, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera.

53. artikulua.– Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen adingabeko seme-alaba bat zaintzeko baimena.

Babes-egoerak eta onuradunak.

1.– Honako hauek eskatu ahal izango dute baimen hau: minbizia edo beste edozein gaixotasun larri duen adingabe baten guraso, adoptatzaile edo adopzio aurreko hartzaile nahiz hartzaile etengabe den langilea, baldin eta adingabeak zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar badu.

Adingabearen minbiziak edo beste edozein gaixotasun larrik berekin ekarri behar dute ospitaleratzea eta zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea. Halaber, honako hauek hartuko dira babes-egoeratzat, betiere zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea beharrezkoa bada:

● Adingabearen tratamendu medikoarekin edo zaintzarekin etxean jarraitu beharra, gaixotasun larria diagnostikatu eta ospitaleratu ondoren.

● Adingabearen minbizia edo gaixotasun larri bera gaizkiagotzea edo adingabea gaixoberritzea, ospitalean izan ondoren, berriz ospitaleratu beharrik izan gabe.

Osakidetzako lantokien garbiketa-enpresetako langile batek, beste guraso, adoptatzaile edo adopzio-aurreko harrera nahiz harrera etengabea egiten duen batekin batera baliatzen bada baimen honetaz, eskubidea izango du baimen horren babespean ordainsariak osorik jasotzeko, betiere beste guraso, adoptatzaile edo hartzaileak ez baditu bere ordainsariak osorik jasotzen minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzeagatik, egoera horretan zenbat adingabe dituzten gorabehera. Eskubide hori instrukzio honen bidez gauzatuko da, edo, bestela, Gizarte Segurantzaren araubidean ezarritako prestazioaren babespean (1148/2011 Errege Dekretuaren bidez garatzen da prestazio hori). Beste guraso, adoptatzaile edo hartzaileak, adingabea zaindu bitartean, bere ordainsariak osorik jasotzen baditu, Osakidetzeko lantokiak garbitzeko enpresetako langileak lanaldia murrizteko eskubideari eutsiko dio, baina ordainsariak murriztuta.

Bi gurasoek, adoptatzaileek edo hartzaileek Osakidetzako lantokiak garbitzeko enpresa berean lan egiten badute, baimen honen bidez eman zaien aldi bereko lanaldi-murrizketa mugatu ahal izango da, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzeko.

2.– Era berean, Osakidetzako lantokiak garbitzen duten enpresetako langileek baimen hau eskatu ahal izango dute, baldin eta, adingabearekin batera, guraso bakarreko familia bat osatzen badute. Halakotzat hartuko dira guraso, adoptatzaile edo hartzaile bakarra duten familiak.

3.– Osakidetzako lantokiak garbitzen duten enpresetako langileek, baimen honetaz baliatzeko, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.5 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Langileen Estatutuei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen). Prestazio ekonomikoa egiteko, aintzat hartuko da uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretua, Minbizia edo beste gaixotasun larri bat daukaten adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatzekoa eta garatzekoa. Osakidetzako lantokiak garbitzen dituzten enpresen laneko gertakizunak estaltzen dituzten erakunde kudeatzaileek, laneko istripuen mutualitateek edo autoaseguru-etxeek kudeatu eta ordainduko dute prestazio ekonomikoa.

Baimenaz gozatzeko baldintzak.

Baimen honek berekin ekarriko du lanaldia gutxienez erdira murriztea. Lanaldia gehienez % 99ra murriztu daiteke. Edonola ere, murrizketaren ehunekoa zehazteko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

● Lanaldiaren % 99ko murrizketaz gozatu ahal izango da, baldin eta, minbiziaren edo beste gaixotasun larri baten ondorioz, adingabea benetan ospitaleratzen bada edo tratamenduaren fase kritikoan badago.

● Ospitaleratu beharrik ez dagoenean edo tratamenduaren fase kritikoan ez dagoenean, lanaldia % 50era murriztuko da oro har. Hala ere, ehuneko handiago bat onar liteke, adingabearen zaintza-premien arabera, eta, betiere, ohiko lanaldiaren 2/3 gainditu gabe, hain zuzen ere gutxieneko zerbitzua eraginkortasunez emateko eta baimenaren izaera ez galtzeko. Osakidetzak zerbitzuak ematen diren lantokian dituen medikuek ere lagundu dezakete murrizketaren ehunekoa finkatzen.

Baimenaren ondoriozko ordainsariak lanaldiaren murrizketa-ehunekoaren proportzioan emango dira. Hala, ordura arte jasotzen ziren ordainsariak osorik jasoko dira, baimena hasi aurretik izandako lanaldi-erregimena aintzat hartuta. Nolanahi ere, lanaldi osoari dagozkion ordainsariak osorik jasotzeko, eskatzaileak lanaldi osoa bete behar du eskaera egin aurreko 3 hilabeteetan gutxienez. Eskaera egin aurreko 3 hilabete horietan lanaldia aldatu bada, aztertu beharko da zenbateko ordainsariak ordaindu behar diren.

Hasiera batean, hilabeterako emango da baimena. Bi hilabeteko epealdietarako luzatu daiteke, adingabearen zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea oraindik ere beharrezkoa izanez gero. Luzapena eskatzeko, eskaera bat aurkeztu beharko da, adingabea artatzen duen osasun zerbitzu publikoko medikuek egindako txosten mediko eguneratuarekin batera, non agerian uzten baita zaintza oraindik beharrezkoa dela. Edonola ere, ofizioz luzapenak onar daitezke bi hilabetetik beherako epealdietarako, txosten mediko berririk eta eskaerarik aurkeztu gabe, baldin eta aurreko txosten medikoan adierazten bada aurreikusten dela gutxieneko denboraldi batean zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea beharrezkoa izango dela. Gutxieneko denboraldi hori sei hilabetetik gorakoa baldin bada, luzapena ezingo da ofizioz onartu, eta interesdunak, denboraldi horretatik gorako luzapena lortzeko, adingabeari buruzko txosten mediko eguneratu bat aurkeztu beharko du eskaerarekin batera.

Edonola ere, baimena luzatuz gero, lanaldi-murrizketa bera aplikatuko da. Beste murrizketa-ehuneko bat aplikatuz gero, ezingo da luzapenik onartu, eta beharrezkoa izango da beste eskaera bat egitea eta adingabeari buruzko txosten mediko eguneratu bat aurkeztea.

Baimena etenda geratuko da honako kasu hauetan:

a) Aldi baterako ezintasun-egoeretan, amatasuneko eta aitatasuneko atsedenaldietan, haurdunaldietako eta edoskitze naturaleko arrisku-egoeretan, eta, oro har, minbizia edo beste edozein gaixotasun larri duen adingabea zaintzeko lanaldi-murrizketa indarrean dela eskatzailearekiko lan-harremana eteten bada.

b) Beste guraso, adoptatzaile edo hartzailea baimen hau dela eta ordainsariak osorik jasotzen hasten bada. Halakoetan, eskatzaileak ezingo ditu ordainsariak osorik jaso baimen honengatik, baina lanaldi-murrizketaz gozatu ahal izango du ordainsariak murriztuta.

Baimena bertan behera geratuko da:

a) Lanaldi-murrizketa bukatzen bada, edozein arrazoi dela kausa.

b) Adingabeak zaintza zuzena, jarraitua eta etengabearen beharrik ez izatea, hobera egin duelako, prozesua egonkortu delako edo alta eman diotelako.

c) Haurraren guraso, adoptatzaile edo hartzaileetako batek laneko jarduerari uzten badio.

d) Adingabeak 18 urte betetzen baditu.

Baimena eskuratzeko eskubidea etetea edo iraungitzea dakarren edozein inguruabar gertatuz gero, horren berri eman beharko dio enpresari instrukzio honetan araututako baimenaren onuradunak. Hala egin ezean, enpresak baliogabetu dezake baimena, edo beharrezko diren neurriak hartu. Onuradunak, gainera, diziplinazko erantzukizuna izan dezake, inguruabar horren berri ez emateagatik.

Eskabidea.

Baimen honetaz gozatzeko eskabidea idatziz helarazi beharko zaio langileak lan egiten duen enpresako langileen zuzendaritzari, baimenaz gozatzeko aurreikusitako eguna baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

Eskaerari honako dokumentu hauek erantsi behar zaizkio:

a) Eskatzailearen familia-liburua edo seme-alaba Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala, edo familia-harrera –adopzio aurrekoa edo etengabea– onartzen duen ebazpen judizial edo administratiboa.

b) Familia-liburua edo seme-alaba Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria, non jasotzen baita beste gurasoaren identitatea, edo, hala badagokio, adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala, edo familia-harrera –adopzio aurrekoa edo etengabea– onartzen duen ebazpen judizial edo administratiboa, beste adoptatzailearen edo beste hartzailearen aldekoa, hurrenez hurren.

c) Adingabearen beste guraso, adoptatzaile edo hartzailearen enpresa-ziurtagiri eguneratua. Han, adieraziko da lanean ari dela, eta zehaztuko da, halaber, ordainsariak osorik jasotzen ari den al ez minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeak zaintzeko baimena dela eta. Bere kontura lan egiten badu, hala dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

d) Adingabearen beste guraso, adoptatzaile edo hartzailearen zinpeko adierazpena, non adierazten baita ez dituela ordainsariak osorik jasotzen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.5 artikuluan araututako baimenari jarraituz (1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartu zen), ez eta uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuan helburu horretarako ezarritako prestazioaren onuradun gisa ere (1148/2011 Errege Dekretua, Minbizia edo beste gaixotasun larri bat daukaten adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatzekoa eta garatzekoa). Adierazpen horretan, zehaztu beharko du, halaber, ez dituela ordainsariak osorik jasoko, eskatzaileari baimena dela-eta osorik ordaintzen zaizkion bitartean. Nolanahi ere, adierazpen horretan esaten bada beste guraso, adoptatzaile edo hartzaileak baimen hau dela-eta ordainsariak osorik jasotzen dituela, eskatzaileak ezingo ditu ordainsariak osorik jaso, baina lanaldi-murrizketaz gozatu ahal izango du ordainsariak murriztuta.

e) Txosten medikoa –eskaeraren egunean edo luzapenarenean eguneratua– non egiaztatzen baita adingabeak, minbizia edo beste gaixotasun larri bat izanik, zaintza zuzena, jarraitua eta etengabea behar duela. Adingabea artatu duen osasun zerbitzu publikoko medikuak egina izan behar du txostenak.

Baimena emateko prozedura.

Enpresako langileen zuzendaritzan baimen-eskaera eta lehenago aipatutako dokumentazioa jaso ondoren, aztertuko da baimena lortzeko baldintzak betetzen diren ala ez.

Eskatzailea atxikita dagoen enpresako zuzendari gerenteak emango du eskaerari buruzko ebazpena. Ebazpena ezeslea izango da, baldin eta baimena lortzeko baldintzak hitzarmen honetan ezarritako eran betetzen ez badira. Ezesteko arrazoiak emango dira, egitateak eta oinarri juridikoak labur aipatuta. Behin baimena eskuratzeko baldintzak hitzarmen honetan ezarritako eran betetzen direla egiaztatuta, ebazpena baieslea izango da, eta zehaztuko du eskatzailearen lanaldiari nolako murrizketa-ehunekoa ezarriko zaion. Ebazpen horretan adieraz liteke, halaber, baimena ofizioz luzatuko den egun jakin batera arte, baimenaz gozatzeko baldintzei buruzko atalean zehaztutakoarekin bat etorriz.

Ebazpen baiesleak zehaztuko du noiztik izango dituen ondorioak lanaldi-murrizketak eta noiztik murrizketa horri lotutako ordainsarien ordainketak. Baimena luzatzeko aukera ere jasoko da.

Osakidetzako lantokiak garbitzen dituzten enpresetako langileek, instrukzio honetan araututako baimena eskatzen badute, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.5 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Langileen Estatutuei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen). Langile horiek, gainera, diru-sarreren galera konpentsatzeko subsidio izaerako prestazioa jaso nahi izanez gero, uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretua, Minbizia edo beste gaixotasun larri bat daukaten adingabeak zaintzeko prestazio ekonomikoa Gizarte Segurantzaren sisteman aplikatzekoa eta garatzekoa). Prestazio ekonomikoa laneko gertakizunek eragindako aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestaziorako ezarritako oinarri arautzailearen % 100ekoa izango da, betiere lanaldiaren murrizketa-ehunekoa aplikatuta. Onuradunaren laneko gertakizunak estaltzen dituen erakunde kudeatzaileak, laneko istripuen mutualitateak edo autoaseguru-etxeak kudeatu eta ordainduko du prestazio ekonomiko hori.

Osakidetzako lantokiak garbitzen dituzten enpresetako langileei baimen hau aitortzeak lanaldiaren murrizketa hartuko du barnean, eta langilea atxikita dagoen enpresako zuzendari gerenteak esanbidez emandako ebazpenaren bidez gauzatuko da. Esanbidezko ebazpena aurkaratu ahal izango da dagokion lan-arloko epaitegian demanda bat aurkeztuta 20 eguneko epean, langileak egindako eskaera ezesten dela edo ebazpena aurkakoa dela jakinarazten den egunetik hasita, hala ezarrita baitago Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 139. artikuluan.

54. artikulua.– Bataio eta jaunartzegatiko baimena.

Seme-alaben bataio edo jaunartzea dela-eta, aitak, amak eta aiton-amonek eskubidea izango dute ekitaldia egiten den egunean baimena hartzeko, betiere planifikatutako laneko egun batekin bat badator edo bezperan gaueko txanda planifikatu bada.

V. TITULUA
LANGILEEN EGOERAK

55. artikulua.– Eszedentziak.

Urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea izango dute gutxienez 7 egun eta gehienez 5 urteko eszedentzia hartzeko. Horretarako eskabidea idatziz egin beharko da, gutxienez 20 eguneko aurrerapenez. Lanera berehala itzuliko da langilea, eszedentzia amaitzen den eguna baino 15 egun lehenago enpresari itzuleraren berri eman ondoren. Era horretako beste eszedentzia bat eskatu ahal izango da aurreko eszedentzia amaitu eta urtebeteko epea igarotakoan.

Amatasunagatiko eszedentziak gehienez 3 urtekoak izan daitezke.

Osasuna, ikasketak, familia-egoera edota lanbide-hobekuntzagatik eskatutako eszedentziak 18 hilabetekoak izan daitezke gehienez.

Guraso, aitaginarreba-amaginarreba, ezkontide edota seme-alaben gaixotasun larriagatik eskatutako eszedentziak gehienez 6 hilabetekoak izan daitezke.

Halaber, langileek eskubidea izango dute kargu sindikalak edo publikoak betetzeko eszedentzia eskatzeko.

Aurreko lau puntuei dagozkien eszedentziak amaitu eta berehala, langileak beren lanpostuetara itzuliko dira, hau da, eszedentzia hartu aurretik betetzen zuten lanpostu, ordutegi eta sail berera. Dena den, eszedentzia amaitu baino 15 egun lehenago itzuleraren berri jakinarazi beharko diote enpresari.

Gutxienez urtebeterako eta gehienez bi urterako, egun erdiko eszedentzia emango zaie langile guztiei.

Eszedentzia arautuetan, emandako gehienezko denbora amaitu eta oraindik ere eszedentzia emateko arrazoia balego, luzapena eskatu ahal izango du langileak. Enpresak, eskaera aztertuta, erantzun bat eman beharko dio.

Salbuespen gisa, 6 eguneko eszedentzia eskatu ahal izango da. Horretarako eskaria hiru egun lehenago idatziz egin beharko da. Premia apartekoa edo larria bada, eskaera egiteko epea ezinbesteko txikiena izango da. Eszedentzia hau ez da inoiz 6 egun baino gutxiagorako ez gehiagorako izango, eta 6 eguneko halako eszedentziak urtean nahi beste aldiz hartu ahal izango dira.

56. artikulua.– Askatasuna galdu izanagatik lan-harremana etetea.

Zigor epairik ematen ez den bitartean, askatasuna galdu duten langileek lanpostua gordetzeko eskubidea izango dute, ordainsaria jasotzeko eskubiderik gabe.

VI. TITULUA
SINDIKATZE, EKINTZA SINDIKAL, ORDEZKAPEN, PARTE-HARTZE, BILTZE ETA NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEEZ BALIATZEKO ERREGIMENAZ

57. artikulua.– Berme sindikalak eta ordezkapen-bermeak.

Langileen Estatutua onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 LEDan xedatutakoaren osagarri, hona hemen hitzarmen honetan ezarri diren bermeak:

1.– Ezin izango da langilerik diskriminatu, kaleratu edo zigortu sindikatu bateko kide izateagatik edo sindikatuko jardueretan parte hartzeagatik.

2.– Sindikatu baten probintziako edo estatuko zuzendaritza-organo bateko karguren bat betetzen duen langileak eszedentzia hartzeko eskubidea izango du, karguak dirauen bitartean. Hura amaitzean, automatikoki hasiko da berriz lanean langilea, eta eszedentzia-egoera gertatu aurretik zuen kategoriako lanpostu bat beteko du.

3.– Enpresek langileen ordezkariei edo enpresa-batzordeei nahiz, halakorik badago, sindikatu-ordezkariari jakinaraziko dizkiete langileei ezarritako zehapen astunak edo oso astunak, langileari jakinarazi baino lehen.

4.– Langileen ordezkariek edo enpresa-batzordeak indarrean dagoen legerian ezarritako egitekoak beteko dituzte. Gainera, enplegu-erregulazioari eta lanbide-sailkapenari buruzko espedienteen informazioa jasoko eta emango dute.

5.– Langileen ordezkariek edo enpresa-batzordeak, eta sindikatu-ordezkariek iragarki-ohola izango dute, enpresako langileen oharren eta jakinarazpenen berri emateko. Komunikatzeko tresna horren erabilera zuzenaren erantzule izango dira, halaber.

6.– Enpresa-batzordeko kideek eta sindikatu-ordezkariek hilean 40 ordu izango dituzte sindikatu-ekintzetarako. Ordu horietan, beraiek deituta enpresarekin egindako bilerak sartuko dira.

7.– Enpresa-batzordeko eta sindikatu bereko sekzio sindikaleko ordezkariek beraien ordu-kredituak metatu ahal izango dituzte zehaztu gabe erabiltzeko. Lanera ez joate horiek ordaindu egingo dira, eta sindikatuak egindako ziurtagiri bidez justifikatu beharko zaizkio enpresari, ordua, gaia eta enpresa zenbat denboraz utzi den adieraziz. Ziurtagiri hori gutxienez 24 ordu lehenago aurkeztu beharko zaio enpresari, ahal den guztietan.

8.– Langileen ordezkariek eta enpresa-batzordeko kideek lanaldia enpresa bat baino gehiagotan egiten dutenean, hitzarmen hau arautzen duen enpresa-subrogazioa aplikatuta, eskubide hori izango dute enpresa guztietan, hasiera batean aukeratu dituzten enpresan lanean jarraitzen badute lanaldi erdiz gutxienez.

Eskubide sindikalak.

Enpresak lokal bat emango dio enpresa-batzordeari bere bilerak egin eta lana aurrera ateratzeko, lantokiko baldintzek horretarako aukera ematen badute. Lokal hori beraiek bakarrik erabiltzekoa izango da.

Lekurik baldin badago, gutxienez ere 170 x 90 zentimetroko iragarki-ohol bat jarriko da batzordea osatzen duten sindikatu bakoitzeko, erraz ikusteko eta iristeko moduan. Ohol horiek beirateak eta sarraila izango dituzte, erabiltzaileek baino ez dezaten erabili hango informazioa edo propaganda. Berrogeita hamar langile baino gehiago dituzten lantoki guztietan jarriko dira ohol horiek.

58. artikulua.– Atal sindikalak.

Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileak, sindikaturen batean afiliatuta badaude, eskubidea dute enpresaren barruan sindikatu-atalak antolatzeko. Sindikatu-atalek ordezkari bat izendatuko dute eta idatziz eman beharko diote abala, dagokion sindikatuaren sinadura eta zigiluarekin.

Sindikatu-ordezkariek enpresa-batzordeko kideen berme eta eskumen berberak izango dituzte, SALOren 10. artikuluan ezarritako moduan eta eskakizunekin, eta beren sindikatuko afiliatuak baino ez dituzte ordezkatuko.

59. artikulua.– Langileen batzarrak.

Langileek urtean 10 ordu hartu ahal izango dituzte, lanaldian enpresa-batzordeak deitutako batzarrak egiteko.

Legez eratutako sindikatu-atalek ere urtean lanaldiko 4 ordu hartu ahal izango dituzte afiliatuekin batzarrak egiteko.

Enpresa-batzordeak deitutako batzarrak egiten diren bitartean beharrezko diren funtsezko zerbitzuak ezarriko dira.

Geratzen diren lanorduetan, ahal den neurrian, lana amaituko dutela bermatuko dute langileek.

Lantokiko lokaletan egingo dira batzarrak.

Enpresa-batzordea, langileen ordezkariak edo sindikatu-ordezkariak izango dira batzarra deitzen dutenak, gidatzen dutenak eta normal garatzen dela bermatzen dutenak. Enpresari deialdiaren berri emango diote, 48 ordu lehenago gutxienez.

VII. TITULUA
LANGILEEN SEGURTASUNA ETA OSASUNA

60. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.

1.– Lanlekuko segurtasun eta osasunaren arloan, babes eraginkorra izateko eskubidea dute hitzarmen honen eremuan sartzen diren langileek.

Eskubide horren ondorioz, enpresaren betebeharra izango da bere langileak laneko arriskuetatik babestea lanarekin lotutako alderdi guztietan. Lanean segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurrien kostua ez da inoiz izango langileen kontura.

2.– Lantokiko segurtasunaren eta osasunaren inguruan, langileen eskubide izango dira informazioa jasotzea, kontsultak egitea, parte-hartzea, prebentzio-arloan prestakuntza izatea, osasun-egoera zaintzea eta lana geldiaraztea arrisku larria eta berehalakoa dagoenean.

3.– Jasotako prestakuntza eta jarraibideen arabera, langile bakoitzari dagokio lantokian bere segurtasunaz eta osasun-egoeraz arduratzea; bai eta beraren lanaren ondorioak, zerbait egitean edo ez egitean, jasan ditzaketen pertsonenaz arduratzea ere, betiere ahalmenen arabera eta kasu bakoitzean hartu beharreko prebentzio-neurriak hartuz.

4.– Langileek, prestakuntzaren arabera eta enpresaburuak emandako aginduak betez, zehazki honako obligazio hauek bete beharko dituzte:

● Makinak, tresnak, lanabesak, substantzia arriskutsuak, garraio-ekipoak eta, oro har, lanerako erabiltzen dituzten bestelako bitartekoak egoki erabiliko dituzte, haien izaera eta arriskuak kontuan hartuta.

● Enpresaburuak emandako babes-ekipo eta -bitartekoak behar bezala erabiliko dituzte, hark emandako jarraibideak betez.

● Segurtasun-gailuen funtzionamendua edo bere jarduerarekin zerikusia duten lekuetan edo jarduera egiten den tokietan instalatzen diren gailuen funtzionamendua ez etetea, eta behar bezala erabiltzea.

● Beren ustez eta arrazoizko zioengatik langileen osasunerako eta segurtasunerako arriskutsuak diren egoeren berri ematea hierarkiako nagusi hurrenari eta prebentzio- eta babes-jarduerak egiteko izendatutako langileei edo, hala badagokio, prebentzio-zerbitzuari.

● Agintaritza eskudunak ezarritako obligazioak betetzen laguntzea, lanean langileen segurtasuna eta osasuna babestearren.

● Enpresaburuarekin lankidetzan aritzea, hark segurtasuneko lan-baldintzak bermatu ditzan, hau da, langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskutsuak ez diren lan-baldintzak.

5.– Langileek konplitu gabe uztea aurreko paragrafoetan aipatzen diren arriskuak prebenitzeko betekizunak, laneko ez-betetzetzat joko da, Langileen Estatutuko 58.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

61. artikulua.– Kontsulta eta parte-hartzea.

Enpresaburuak langileekin kontsultatu beharko du, honako gai hauei buruzko erabakiak hartu baino lehen:

1.– Enpresan lana planifikatzea eta antolatzea, teknologia berriak sartzea, lan-taldeak aukeratzea, enpresan osasuna babesteko eta lanbide-arriskuak prebenitzeko ekintzak antolatzea eta garatzea, jarduera horietaz arduratuko diren langileak izendatzea edo kanpoko prebentzio-zerbitzu batez baliatzea barne. Larrialdietako neurriez arduratuko diren langileak izendatzea.

2.– Enpresan, laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten gaietan parte hartzeko eskubidea dute langileek. Parte-hartze hori haien ordezkarien bidez egingo da.

62. artikulua.– Prebentzioko ordezkariak.

Beren eginkizunak betetzeko, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak emandako bermeak izango dituzte prebentzioko ordezkariek. Alde horretatik, egiaz lan egindako denboratzat hartuko da honako zeregin hauetan emandako denbora: Segurtasun eta Osasun Batzordearen bileretan edota arriskuak prebenitzearen inguruan kasuan kasuko enpresako zuzendaritzak antolatutako bestelako bileretan emandakoa, bai eta aipatu legezko xedapenaren 36. artikuluko 2. paragrafoko a), c) eta e) idatz-zatietan aurreikusitako bisitatan emandakoa.

Ordezkapen-lana burutzeko 7 orduko kreditua izango dute hilero legez izendatutako prebentzioko ordezkariek.

Halaber, enpresa-eremuan sindikatu bakoitzari dagokion sindikatu-ordezkapeneko guztizko ordu-kreditutik aipatu ordezkariei hainbat ordu-kreditu lagatzeko aukera dago.

Dena dela, zehazki Prebentzioko ordezkarien eskumen eta ahalmenei dagokienez, Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzeko arauetan xedatutakoa bete beharko da.

63. artikulua.– Segurtasun eta osasun-batzordeak.

Laneko Arriskuak Prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 38. eta 39. artikuluetan arautzen diren zehaztapenen arabera eratutako kasuan kasuko segurtasun- eta osasun-batzordeek legezko xedapen horrek emandako eskumen eta ahalmenak izango dituzte.

64. artikulua.– Osasunaren zaintza.

Enpresaburuak bere zerbitzura lanean ari diren langileen osasun-egoera aldian-aldian zainduko duela bermatu behar du, lanak berak sortzen dituen arriskuak kontuan hartuta.

Zaintza egin ahal izateko, langileak baimena eman behar du ezinbestean. Borondatezko izaera horretatik at daude nahitaezko azterketak, betiere aldez aurretik langileen ordezkariek horren inguruko txostena eginda. Nahitaezko azterketa horiek izango dira lan-baldintzek langileen osasunean dituzten ondorioak ebaluatzekoak, langilearen osasun-egoera langile horrentzat, gainerako langileentzat edo enpresari lotutako beste pertsona batzuentzat arriskutsua den egiaztatzekoak, bai eta lege-xedapenen batean hala jasotakoak ere, arrisku zehatzei eta arrisku bereziko jarduerei dagokienez.

Edonola ere, urtero egingo da nahitaezko osasun-azterketa enpresaren kontura eta urte natural bakoitzeko lehenengo 6 hilabeteen barruan. Azterketa lanorduetan egingo da, eta, ezin bada, lanorduetatik ordubete kenduko da horretarako.

Halaber, lanean hasi aurretik lanpostuek duten arriskuaren araberako azterketa bereziak egingo dira. Prebentzio- eta osasun-batzordeek zehaztuko dituzte azterketa horiek.

Osasun-egoera zaintzea borondatezkoa izango da, aplikatzekoa den legezko araudian aurreikusitako kasuetan izan ezik. Intimitate- eta pertsonaren duintasun-eskubidea eta beren osasun-egoerari buruzko informazioaren konfidentzialtasuna osoki errespetatuz burutuko dira azterketok.

Osasun-egoera zaintzeko egindako proben emaitzak eragiten dien langileei jakinaraziko zaizkie. Egindako azterketetatik ateratako ondorioak enpresako arduradunei jakinaraziko zaizkie, prebentzio-arloan beren eginkizunak ongi bete ditzaten.

VIII. TITULUA
LANGILEEN ORDAINSARIEN ERREGIMENA

65. artikulua.– Hitzarmen honetan sartzen diren langileen ordainsariak.

1.– Hitzarmen honen 1. eranskinean jasotzen dira kategoriak eta kategori horiei dagozkien ordainsarien taula. Ordainsariok oso-osoan 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

2.– Ordainsarien taula aplikatzeko, ezinbesteko baldintza izango da urteko lanaldia eta hitzarmen honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzea.

Hona hemen Hitzarmena indarrean dagoen bitartean parekatzen diren ordainsariak eta kategoriak:

Garbiketa empresako kategoria Baliokidetasuna Osakidetzaren langile-taldean Sailk.

Garbitzailea/Peoia Zerbitzu-langilea E

Peoi espezialista Balio anitzeko zeladorea E

Gidari eta garbitzailea/esp. Espezialitatedun zeladorea E

Talde-arduraduna Espezialitatedun edo buruzagitzadun zeladorea E

Administraria FP II-ko administraria C

Administrari laguntzailea FP I-ko administrari laguntzailea D

Sektoreko arduraduna (*) Txandako zeladore arduraduna C

Arduradun orokorra Lanbideko taldeburua B

Kudeaketa-teknikaria Kudeaketa-teknikaria B

Zerbitzuburua B ataleko burua B

Zerbitzuburua A ataleko burua A

(*) Talde, eraikin eta obrako arduraduna.

66. artikulua.– Antzinatasuna.

Hitzarmenaren eremuan sartzen diren langile guztientzat zenbateko bera eta finkoa izango da, lanean izandako hirurteko bakoitzeko emango dena, titulazio-talde bakoitzarentzat. Hona hemen zenbateko eta talde horiek:

Enpresa kategoria Taldea

Garbitzailea E

Peoi espezialista E

Gidari eta garbitzailea E

Taldeko arduraduna E

Administraria C

Administrari laguntzailea D

Sektoreko arduraduna (*) C

Arduradun orokorra B

Kudeaketa teknikaria B

Zerbitzuburua B B

A zerbitzuburua A

(*) Talde, eraikin eta obrako arduraduna.

Artikulu honetan sartzen ez diren kategoriei dagokienez, Batzorde Paritarioa arduratuko da kategoria, taldea eta ordainsaria sailkatzeaz.

Antzinatasunagatiko ordainsarien zenbatekoak 1. eranskinean daude jasota.

Antzinatasun berriaren eta 2001-12-31koaren artean dagoen alde ekonomikoa zenbateko finko gisa geratuko da finkatuta osagarri pertsonalean, hamabost hilabetetan ordaintzekoa izango da eta hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzean oinarrizko soldata igotzen den neurri berean igoko da.

Aitortutako hirurtekoak sortu eta hurrengo hilabeteko nominan ordainduko dira.

67. artikulua.– Aparteko ordainsariak eta oporretakoak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean hiru aparteko ordainsari jasoko dituzte, betiere duten harreman juridikoari aplikatzekoa den araudiaren arabera.

Ordainketak martxoaren, uztailaren eta abenduaren 15ean egingo dira.

Eta beren sortzapenak hauek izango dira:

Martxoko ordainsaria ordaintzen den aurreko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra sortuko da.

Uztaileko ordainsaria urtarrilaren 1etik ekainaren 30era.

Abenduko ordainsaria, berriz, urte bakoitzeko uztailearen 1etik abenduaren 31ra.

Guztira jasotzen diren aparteko ordainsariak ez dira murriztuko langileek aldi baterako ezintasun-egoeran egon daitezkeen denboraldien ondorioz.

Oporretan, oinarrizko soldataren % 100 jasoko dute langileek, bai eta 12 hilekoetan ordaintzekoak diren antzinatasuna eta plus edo osagarriak ere.

68. artikulua.– Eskuratutako eskubideak.

Eskuratutako eskubide bezala errespetatuko dira xurgatuak izan ez diren hobekuntza indibidual eta pertsonalak, izan ekonomikoak edo bestelakoak.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, ordainsarientzat ezarritako igoera bera izango dute urtero eskubide horiek.

69. artikulua.– Ospitaleratze-osagarria.

Ospitaletan lan egiten duten honako kategoria hauetako langileek I. eranskinean jasota dauden zenbatekoak jasoko dituzte, urteko ospitaleratze-osagarri gisa. Norberaren kategoriari dagozkion ordainsarien % 4koa izango da osagarri hori, eta hamabi hilekoetan ordainduko da.

Kategoriak Sailkapen-taldea

Garbitzailea E

Peoi espezialista E

Gidari eta garbitzailea E

Taldeko arduraduna E

Sektoreko arduraduna (*) C

Arduradun orokorra B

Kudeaketa teknikaria B

Administraria C

Administrari laguntzailea (**) D

Zerbitzuburua B B

A zerbitzuburua A

(*) Talde, eraikin eta obrako arduraduna.

(**) Ofizial administraría.

70. artikulua.– Txandakako osagarria.

Txandaka lan egiten duten langileek 1. eranskinean ezarritako txandakako osagarria jasoko dute.

Normalean lan-txanda ezberdinetan aritzea ordaintzen da osagarri honen bidez.

12 hilekotan ordainduko da.

71. artikulua.– Igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko osagarria.

Ohiko lanaldian igande eta jaiegunetan lan egin behar duten langileek 1. eranskinean ezarritako diru-zenbatekoak jasoko dituzte. Igande edo jaieguntzat hartuko da halako egun batekin bat datorren 24 orduko (3 txandako) denboraldia. Jaiegun bateko gaueko orduak izango dira aurreko gaueko 22:00ak eta jaieguneko 08:00ak bitartean lan egindakoak.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean goizeko eta arratsaldeko txandetan egindako zerbitzuengatik normalean ezarritako balioak halako bi ordainduko da.

Edonola ere, osagarri hau urtean 12 hilekotan ordainduko da.

72. artikulua.– Gaueko osagarria.

Gauez lan egindako orduak 1. eranskinean jasota dauden diru-zenbatekoen arabera ordainduko dira.

Gaueko orduak izango dira 22:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara egindakoak. Lan-txandak 22:00etatik 06:00etara arteko orduak hartzen dituenean ordainduko da osagarri hau.

Abenduaren 24an eta 31n gauez egindako zerbitzuengatik, normalean ezarritako balioak halako bi ordainduko da.

Edonola ere, osagarri hau urtean 12 hilekotan ordainduko da.

73. artikulua.– Karrera profesionalaren osagarria.

Hitzarmen honen eraginpeko langileei garapen profesionalaren sistema aplikatzearen ondoriozko ordainsariak karrera-profesionalaren osagarriaren barruan sartzen dira, zeina 2010-10-25eko Bitartekaritza Akordioaren bidez onartu baitzen. Izan daitezkeen desadostasunak konpontze aldera, hitzarmen honi erantsi zaizkio Precoren Bitartekaritza Aktak, 2010-10-25 eta 2012-06-25ekoak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere langileen titulazio-talde eta maila profesionalarentzat aplikatzen dituen zenbateko berak aplikatuko dira karrera profesionalaren osagarrian.

74. artikulua.– Guztizko ordainsarian sartuta ez dauden ordainsari-kontzeptuak.

I. eranskinean jasota dauden urteko ordainsarietatik kanpo daude honako kontzeptu hauek:

a) Antzinatasuna-Hirurtekoak.

b) Gaueko osagarria.

c) Igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko osagarria.

d) Aparteko orduak.

e) Ospitaleratze-osagarria.

f) Txandakako osagarria.

g) Osagarri pertsonala, horretarako ezarritako araudiaren arabera.

h) Karrera profesionalaren osagarria.

IX. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA, ENPRESA-SUBROGAZIOA, MAILAZ IGOTZEKO ESKUBIDEA, KONTRATAZIOA ETA LANTOKIEN ANTOLAMENDUA

75. kapitulua.– Diziplina-araubidea.

Eraikinen eta lokalen garbiketaren alorreko estatuko lehen Hitzarmen Kolektiboak (2013an izenpetu zen) diziplina-araubidearen inguruan ezarritakoa errespetatu beharko dute hitzarmen honen eraginpeko langileek.

76. artikulua.– Enpresa-subrogazioa.

Sektoreko lanpostuei eustearren, zerbitzua uzten duen enpresako langileak garbiketa-kontrataren titular berriaren plantillan sartuko dira, eta errespetatu egingo zaizkie antzinatasuna, kategoria eta, oro har, lehengo enpresan edo lantokian eskuratuta zituzten zuzenbidearen araberako lan-baldintzak.

Aplikatzekoa den araudiari jarraikiz, enpresa emakidadunek, legezko lehia askean, lehiaketa irekian parte har dezaketela aintzat hartuta, eta izaera juridikoak kontuan hartuta –hala nola, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak, sozietate zibilak, kooperatibak, banakako enpresaburuak, eta desgaitasun osoa edo partziala duten pertsonak kontratatzen dituzten lan babestutako enpresak–, Osakidetzak, arau juridikoa aplikatzeko, subrogazioan zehazten diren obligazioak ezarri beharko ditu lehiaketaren baldintzen pleguetan.

Zehazki, egoera hauek ere araututa geratzen dira:

– Kontrataren zerbitzua aldatzerakoan eta ematerakoan, langileak aldi baterako ezintasun-egoeran badaude, amatasunean, haurdunaldi arriskutsua izateagatik kontratua etenda, eszedentzian, oporretan edo ezintasun iraunkor berrikusgarrian.

– Langileek beren lanaldia beste lantoki batzuetan ere betetzen dutenean, subrogazioaren arrazoi izan den lantokian aplikatzen zitzaizkien lan-baldintza berak izango dituzte.

– Lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordezteko bitarteko kontratuak egiten direnean, titularra itzultzen den arte.

– Osakidetzak kontrata baten garbiketa-zerbitzuaren errentamendu-kontratua hutsaltzen badu bere langileak erabili nahi dituelako, eta geroago, 12 hilabete pasa baino lehen, zerbitzu hori beste kontrata batekin kontratatzen badu, enpresa esleipendun berriak bere plantillan sartuko ditu lehenengo esleipendunak erabili zituen langileak.

– Ez da langilerik atxikiko ez enpresa-subrogaziorik egingo, baldin eta kontratistak lehenengo garbiketa egin eta mantentze-kontraturik izenpetu ez badu.

– Langileak xurgatzeko baldintza orokorra hau izango da: gutxienez 4 hilabeteko antzinatasuna duten langile guztiak lan-lekuetara atxikiko dira, enpresan edo lan-leku bakoitzean zuten lanaldia kontuan hartu gabe. Salbuespenez, ez zaie 4 hilabeteko antzinatasunik eskatuko behin betiko lanpostu hutsak modu egonkorrean betetzen dituzten langileei.

– Subrogatutako lantokian ezarrita duten ordu kopuruaz atxikiko dira langileak enpresa berrira.

– Emakida duen enpresa berriak bere langile taldean sartuko ditu kontrata-aldaketa jasan duten langileak. Langile horiek, bestalde, emakida utzi duen enpresan zuten eskubide eta betebehar berak izango dituzte. Plantillei buruzko akordioa, absentziak estaltzeko sistema, lanbide-kategoriak eta lantokian dagoen kontratazioa ere hartuko ditu enpresa berriak. Hala eta guztiz ere, ez ditu bere gain hartuko zerbitzua uzten duen enpresaren erruz sor litezkeen soldata-aldeak edo Gizarte Segurantzako infrakotizazioak.

– Garbitze-zerbitzua uzten duen enpresak oporren proportziozko zatia ordainduko du, langilea enpresa horretan urte naturalean alta-egoeran izan den denboraren proportzioan, eta, era berean, une horretan indarrean dauden soldata-taulen eta hitzarmen berritik eratortzen direnen artean izan daitezkeen aldeak ordainduko ditu.

– Emakida duen enpresa berriak opor-egun guztiak onartuko ditu, eta zerbitzua hasten den egunetik abenduaren 31ra arte dauden egun edo hilabeteei dagokien zati proportzionala ordainduko du.

– Garbitze-zerbitzua uzten duen enpresak aparteko ordainsarien proportziozko zatia ordainduko du, langilea enpresa horretan alta-egoeran izan den denboraren proportzioan, eta, era berean, une horretan indarrean dauden soldata-taulen eta hitzarmen berritik eratortzen direnen artean izan daitezkeen aldeak ordainduko ditu.

Garbitze-zerbitzua uzten duen enpresak jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu, zerbitzuaren emakida duen enpresak garbiketa-zerbitzuei ekin baino 10 egun baliodun lehenago.

1.– Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean dagoela egiaztatzeko agiria, organo eskudunak sinatua.

2.– Eraginpean dauden langileen hileko azken lau nominen fotokopiak.

3.– Gizarte Segurantzari kotizatzeko TC-1 eta TC2-2 agirien fotokopia, azken 4 hilabeteei dagokiena.

4.– Subrogazioaren eraginpean dauden langileen lan-kontratu guztien kopia, hala nola, aldi baterako kontratuena, hobarituena, bitartekoena edo bestelako kontratuena.

5.– Langile bakoitzak hartzeke dituen opor eta aukerako atseden egunen zerrenda.

6.– Langileen zerrenda, xehetasun hauek jasoko dituena: izen-abizenak, NAN, helbidea, Gizarte Segurantzako zenbakia, antzinatasuna, lanaldia, ordutegia, kontratu- mota, oporrak hartzeko egunak, lantokia. Langileek honelako egoeraren batean dauden ere adieraziko dute:

Eszedentzia, amatasuna, haurdunaldi arriskutsuagatiko egoera babestua, lanaldi-murrizketa, ezintasun iraunkorra –berrikusgarria–, aldin baterako ezintasuna edo antzeko egoerak.

Emakida hartu duen enpresa ez da arduratuko subrogazioaren ondorioz atxikitako langileen zerrendan agertzen ez diren langileez.

Subrogazio-prozesuan dauden langile guztiek agiri bat sinatu beharko dute. Han, honako hauek adierazi beharko dituzte: garbiketa-zerbitzua utzi duen enpresak langileen egoerari buruz emandako datu guztiak egiazkoak direla; garbiketa-zerbitzua utzi duen enpresarekin ebatzi gabeko auzirik edo zorrik baduten; eta, batez ere, azken 4 nominetan jasotako antzinatasuna eta ordutegia eta lan-kontratua egiazkoak direla.

77. artikulua.– Mugikortasun funtzionala eta geografikoa.

Langilearen ohiko lantokiko lanpostuak amortizatzeko beharra dagoenean baino ez da lekuz aldatuko langilea, langileen legezko ordezkaritzari jakinarazi ondoren, beti ere. Lanpostua amortizatzeko arrazoia, bestalde, Osakidetzak garbiketa zerbitzua murriztea izango da.

Lekuz aldatuko diren langileak izendatzea enpresako zuzendaritzaren ardura izango da.

Lekuz aldatzen diren langileek aldaketa egin aurretik aitortua zuten lanbide-talde bera eta ekonomia-baldintza berak izango dituzte.

Lantokiz aldatzeak ez du, inola ere, langilerik diskriminatuko.

Lantokiak hainbat lekutan egoteagatik, lana lantoki batean baino gehiagotan egin behar denean, joan- etorrietarako hitzartutako denbora benetako lan-denboratzat hartuko da, eta joan-etorrietan gasturik sortuz gero, enpresak ordainduko ditu gastuak, egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Oro har, lantoki batetik bestera garraio publiko hurbilenean edo baliokidean egindako gastuak ordainduko dira.

Hitzarmen honen eremuan, enpresa emakidadun batek herri batean dituen lantokietan aplikatuko da mugikortasun geografikoa.

78. artikulua.– Lan-baldintzak aldatzea.

Alderdiak (enpresako zuzendaritza eta langileak) ados jarrita aldatzen badira baldintzak, alderdiek erabakitzen dutena bete beharko da.

Enpresako Zuzendaritzak ahalegina egingo du berak bere aldetik proposatutako aldaketak, kolektiboak edo banakoak, langileen ordezkariekin adosteko. Horretarako, 15 eguneko epe bat irekiko da kontsultak egiteko, eta enpresak baldintzak aldatzeko arrazoiak azaltzeko. Kontsultarako epe horretan alderdiek adostasunik lortzen ez badute, enpresak aldaketa gauzatu dezake, Lan-baldintzen Funtsezko Aldaketei buruzko 1/1995 Legeko 41. artikuluan eta beste zenbaitetan ezarritako epeen barruan. Nolanahi ere, eragindako langileek eskubidea izango dute errekurritzeko lan agintaritza edo agintaritza judizial eskudunaren aurrean.

79. artikulua.– Plantillak eta estaldurak.

Lantoki bakoitzean, kontratuaren beharren arabera jokatuko da. Zerbitzua burutzeko behar diren gutxieneko lanpostuak ezarriko dira lantoki bakoitzean.

Alderdiek adierazten dute bere garaian plantillei buruz ospitaleetan sinatutako akordioak ez datozela bat egungo egoerarekin, sinatu zirenetik egoera aldatu baita. Hortaz, alderdiek erabaki dute plantillei buruzko akordio berriak negoziatu behar direla lehendik akordioak zituzten ospitaleetako enpresa-batzordeekin. Lehengo akordioak indarrean egongo dira harik eta horiek ordeztuko dituen akordio berria sinatu arte.

Hitzarmen hau sinatu ondoren, eta gehienez sei hilabeteko epean, astelehenetik ostiralerako nahiz larunbat, igande eta jaiegunetako gutxieneko plantillak ezarri edo berriz negoziatuko dira honako ospitale hauetan:

Plantilla Plantilla

Lantokia Astelehenetik ostiralera Asteburuak

Gurutzetako Ospitalea

Basurtuko Ospitalea

Galdakao Ospitalea

San Eloy Ospitalea.

Arantzazu Ospitalea

Gipuzkoa Ospitalea

Bidasoa Eskualdeko Ospitalea

Zumarraga Eskualdeko Ospitalea

Mendaroko Ospitalea

Debagoieneko Ospitalea

Txagorritxu Ospitalea

Santiago Ospitalea

Lantoki bakoitzean, kontratuaren eta zerbitzuan dauden beharren arabera jokatuko da. Lantokiz lantoki, garbiketa-zerbitzua egiteko beharrezkoak diren gutxieneko zerbitzuak ezarriko dira, ordutegiak, egunak, lanbide-kategoriak eta abarrak kontuan hartuta, Halaber, absentziak ordezteko, lanpostuak betetzeko sistema ezarriko da lantoki bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta.

Lantoki bakoitzeko plantillari buruzko akordioa barne-akordioko akta batean bilduko da. Lantokien garbiketa-zerbitzua lehiaketara ateratzen denean entregatuko eta ezagutaraziko da akta hori. Beraz, enpresa-subrogazioaren obligazioen zati izango da.

Adierazitako epean plantillei buruzko akordio berri bat lortzen bada, gaia Hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren mende geratuko da, eta 15 egun naturaleko epea izango du akordioa lortzeko, batzordea biltzeko deia egiten denetik hasita.

Batzorde Paritarioan ere akordiorik lortzen ez bada, teknikari baten bitartekaritza eskatuko da. Osakidetzak proposatuko du teknikaria bere langileen artean. Hiru egun izango ditu Batzorde Paritarioak, bitartekaritza egiteko proposatutako teknikarietatik zein aukeratzen duen erabakitzeko. Bitartekaria aukeratzeko adostasunik ez badago, zozketa bidez izendatuko da.

80. artikulua.– Lanpostu hutsak.

Lanpostu hutsak izan daitezke:

a) Behin betikoak.

b) Aldi baterakoak.

Behin betiko lanpostu hutsak: organigrama funtzional eta operatiboan egonda, titularrek betiko utzi dituztenak.

Aldi baterako lanpostu hutsak: organigrama funtzional eta operatiboan egonda, titularrek aldi baterako uzten dituztenak, eszedentziagatik edo, berrikusteko legezko epearen barruan, ezintasun iraunkorragatik.

Estaldura beharrezkoa duten lehen aipatutako lanpostu huts guztiak betetzeko –79. artikuluan bildutako plantillen definizioaren arabera–, lehentasunezko eskubidea izango dute honako hauek: lanaldi partzialeko finkoak (zentroko finkoak, amaiera egunik gabeko obrako edo zerbitzuko kontratua dutenak edo mugagabeak), larunbat, igande eta/edo jaiegunetako langileak barne hartuta, eta lanaldi osoko finkoak, astelehenetik ostiralerako lanaldia dutenak (zentroko finkoak, amaiera egunik gabeko obrako edo zerbitzuko kontratua dutenak edo mugagabeak). Deitutako lanpostu huts bakoitzerako dauden eskabideen artean, bakoitzak lantokian duen antzinatasuna zorrotz kontuan hartuta egindako hautaketa, eskatzaileak zein txandatan lan egiten duen gorabehera.

Erretiro partzialak eta erretiro aurreratuak direla-eta sortutako lanaldi osoko behin betiko lanpostu hutsak, honela beteko dira:

Aldi baterako langileak kontratatuko dira 64 urterekin erretiro aurreratua hartzen duten langileak edo erretiro partziala hartzen dutenak ordezkatzeko. Erretiroa hartzen duen titularrak 65 urte bete arte iraungo du, gehienez, kontratu horrek, hau da, lanpostu hutsa behin betikoa eta lanaldi osokoa (astelehenetik ostiralera artekoa) bihurtzen den arte. Une horretan, lanaldi partzialeko edo lanaldi osoko plantillako langile finko batek hartuko du lanpostua, jasotako eskabideen artean langileek duten antzinatasuna kontuan hartuta.

Txanda-kontratua amaitutakoan enpresak erabakitzen badu lanpostua lanaldi partzialeko eta amaiera egunik gabekoa bihurtzea, txanda-kontratuko langilea asteburuetako plantillan sartuko da.

Enpresak langileen ordezkariei emango die behin betiko eta aldi baterako lanpostu huts guztien berri, horiek bete baino lehen. Berdin egingo du betetzen direnean ere.

Nahitaezkoa izango da lanpostu huts bakoitza zehatz argitaratzea, eta, betetzeko eskabideak aurkezteko, 30 eguneko epea egongo da gutxienez. Lanpostu hutsak argitaratu ezik, egin daitezkeen esleipenak baliogabeak izango dira.

Lanaldi osoko behin betiko lanpostu huts bat hartu duen langileak ez du aukerarik izango beste behin betiko lanpostu huts bat hartzeko, baldin eta eskainitako behin betiko lanpostu hutsera beste langileren bat aurkezten bada.

Lanaldi osoko aldi baterako lanpostu huts bat hartu duen langileak ez du aukerarik izango aldi baterako beste lanpostu huts bat hartzeko, baldin eta eskainitako aldi baterako lanpostu hutsera beste langileren bat aurkezten bada.

81. artikulua.– Goragoko kategoriako lanak.

Goragoko kategoriako lanei dagokienez, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 39.4 artikuluan xedatutakoa beteko da.

Peoi espezialista, espezialista edo gidari lanpostuak bete behar badira, erabiliko den prozedura barne-sustapena izango da. Bete beharreko lanpostuak goragoko kategoriakoak badira, erabiliko den prozedura barne-sustapena izango da. Aipatutako lanpostu hutsak kanpo-kontratazioaren bidez bete ahal izango dira, edo bete gabe utzi, baldin eta lantokiko langileentzako lanpostu hutsak esleitzeko deialdia iragarri ondoren deialdia bete gabe gelditzen bada edo eskatutako profila (aurreko titularrak zuen berbera) duen langilerik ez badago. Langileen legezko ordezkariek berretsi beharko dute objektiboki azken kasu hori gertatzen dela.

Betiko edo aldi baterako aginte-ardura duten lanpostuak betetzeko langileak izendapen askez aukeratuko ditu enpresako zuzendaritzak.

Goragoko kategoria batean urtean sei hilabetetan edo bi urtetan zortzi hilabetetan arituz gero, langileak eskubidea izango du kategoria horretaz jabetzeko.

Hitzarmen honen eraginpean dauden langile guztiak eta Hitzarmena indarrean dela kontratatzen direnak oraingo berdintze-kategorietan sartuko dira, eta haien lanbide-taldeari dagozkion egitekoak egingo dituzte eta dagokien ordainketa jasoko dute.

82. artikulua.– Kontratazioa.

Enpresari dagokio kontratazioak egitea, enpresa-ekintzaren printzipioen barruan sartzen baita. Nolanahi ere, plantillak negoziatzerakoan (egun itunik ez badago) edo berriz negoziatzerakoan (hitzarmena sinatu aurretik akordiorik baldin bazegoen), kontratazioaren gaia ere har liteke aintzat.

Kontratazio berrietako probaldiak hilabetekoak izango dira gehienez.

Hala ere, aldi baterako kontratuak bata bestearen ondotik egiten badira, probaldia behin baino ez da egingo.

Hitzarmen honen eraginpeko lantokietan egiten diren kontratuak zerbitzuen emakida duten enpresek egingo dituzte zuzenean; beraz, saihestu egingo da kontratua aldi baterako lanerako enpresen bidez edota lan-bitartekaritzako beste edozein enpresaren bidez egitea.

Lanen eta lanpostu finkoen eta aldi baterakoen definizioa eta kontratuak egiteko legezko eredua Hitzarmenaren 79. artikuluaren negoziazio-testuinguruan ezarri edo erabakiko da.

83. artikulua.– Aparteko orduak.

Hitzarmen hau izenpetzen duten alderdiek komenigarri irizten diote aparteko orduak erabat kentzeari. Debekatuta dago, beraz, aparteko orduak egitea. Salbuespen izango dira, hala ere, ezinbestez konpondu beharreko matxuretan, premia larri urgentziazkoetan eta halabeharrez egin beharrekoetan emandako orduak.

Ordu horiek egitea beharrezko izanez gero, atseden-orduez konpentsatuko dira, orduak egin diren hilaren hurrengoan, betiere enpresa eta langilea ados jarrita.

Larunbatetan eta igandeetan egiten den ordu bakoitzeko ordu bi emango dira, hartzeko nahiz metatzeko. Lanegunetan egindako ordu bakoitzeko, berriz, ordu eta erdi hartuko da, metatzeko.

84. artikulua.– Soldaten egitura eta ordainketa.

Soldata-egitura honako hau izango da:

1.– Oinarrizko soldata.

2.– Osagarriak.

2.A.– Antzinatasuna.

2.B.– Antzinatasun sendotua.

2.C.– Igande eta/edo jaiegunak.

2.E.– Gaueko lana.

2.F.– Txandakako osagarria.

2.G.– Ospitaleratzeagatiko osagarria.

2.H.– Karrera profesionalaren osagarria.

3.– Martxoko, uztaileko eta Gabonetako aparteko eskersariak.

Hileko soldata hilabetea pasatu eta hurrengo hilaren lehenengo egunean ordainduko da. Egun hori igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun baliodunean ordainduko da.

Soldataren ordainagiria hil bakoitzaren hamabosgarren eguna baino lehen emango da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hitzarmenaren araudia eguneratzea.

Hitzarmen kolektibo honen xedea da arau-testuan jasotako gaiak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek dituztenak homologatzea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei dagozkien baldintza orokorretan aldaketarik izanez gero, Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa bilduko da aldaketa horiek egokitzeko eta aplikatzen hasi daitezela agintzeko.

Batzorde Paritarioak 15 egun naturaleko epea izango du, batzorderako deialdia egiten den egunetik hasita, akordio bat lortzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen baldintzetan izandako aldaketak garbiketa-kontratetako langileei egokitzeko eta aplikatzeko moduari buruz. Horretarako, alderdiek beharrezko iritzitako bilera guztiak egingo dira aipatutako 15 egun naturaleko epearen barruan.

Batzorde Paritarioan akordiorik lortu ezean, bitartekaritzara joko da bost egun balioduneko epean. Osakidetzak bere langileen artean izendatutako teknikari bat izango da bitartekaria. Batzorde Paritarioak hiru eguneko epean erabaki beharko du bitartekaritza egiteko proposatutako teknikarietatik zein aukeratzen duen. Akordiorik ez badago, zozketaz izendatuko da.

Bitartekaritza-proposamena aplikatuko da, baldin eta bat etortzen bada lan-baldintzak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen baldintzekin homologatzeko itundutako printzipioarekin. Halakoetan, bost eguneko epea egongo da bitartekaritza-proposamena onartzeko edo baztertzeko. Epe horretan erantzun ezean, proposamena onartutzat joko da. Behar adina argibide eskatu dakioke bitartekariari.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezko arauak.

Hitzarmen kolektibo honetan jaso ez den orotarako, Langileen Estatutuan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa beteko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Karrera profesionalaren osagarria atzeraeraginez aplikatzea.

2008, 2009 eta 2010. urteetako atzerapenen ordainketa –2010-10-25eko Bitartekaritza Akordioan eta 2012ko ekainaren 25eko bitartekaritzako amaierako aktan jasotakoa– gai hori arautzen duen paragrafoan ezarritakoaren arabera egingo da, hau da, langile bakoitzari 2008ko urtarrilaren 1ean baldintzak betetzeagatik zein maila ekonomiko dagokion kontuan hartuta kalkulatuko da zenbat diru eman behar zaion. Ordainketa honela egingo da:

● Karrera profesionalari dagozkion 2008ko atzerapenak 2015eko lehen hiruhilekoan ordainduko dira.

● Karrera profesionalari dagozkion 2009ko atzerapenak 2016ko lehen hiruhilekoan ordainduko dira.

● Karrera profesionalari dagozkion 2010eko atzerapenak 2017ko lehen hiruhilekoan ordainduko dira.

Atzerapenen zenbatekoak Osakidetzak bere langileei urtero maila bakoitzeko ordaindutako berak izango dira.

Lehen tartea aplikatzearen ondorioz 2010ean II. maila ordaindu zaien langileei, urte horretarako III. mailari dagozkion atzerapenak jasotzeko eskubidea badute, bi maila horien arteko aldea kalkulatu eta ordainduko zaie.

Lantoki bakoitzaren garbiketa-kontratua esleitua duten enpresek ordaindu eta kotizatuko dituzte halako atzerapenak, ezarritako epe bakoitza betetzen den momentuan. Osakidetzak dagokien ordainketa egiten dienean ordaindu eta kotizatuko dituzte enpresek langile bakoitzari dagozkion zenbatekoak. Hala ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak ordainketak berandu egiten baditu, enpresak ez dira atzerapenen erantzule izango.

Langileek, 2008ko urtarrilaren 1ean Osakidetzako lantokiak garbitzeko kontratetan altan egoteagatik eta egun horretan baldintzak betetzeagatik atzerapenak jasotzeko eskubide badute, eta, edozein arrazoi dela-eta haien lan-kontratua iraungi bada, edo iraungi badute dagokien zenbateko osoa jaso baino lehen, zenbateko hori eskatu ahal izango diete atxikita egon ziren lantokia garbitzeko kontratua unean-unean esleitua duten enpresei, betiere aurreko paragrafoan ezarritako baldintza betetzen bada, hau da, Osakidetzak enpresari aurretik ordainketa egiten badio.

Xedapen iragankor honetan ezarritako ordainketak egiteko unean Osakidetzaren lantokiak garbitzeko zerbitzua esleitua duen enpresek ezingo diote uko egin langile bakoitzari dagokion hileroko zenbatekoa ordaintzeari –xedapen honen lehen paragrafoan ezarritako proportzioaren arabera kalkulatuta–, betiere langileak altan badaude edo, lan-harremana etenda izanik, zuzenbidez dagozkien zenbatekoak jaso gabe badituzte. Nolanahi ere, aurretik Osakidetzaren ordainketa jaso beharko du enpresak, lehenago adierazi bezala.

I. ERANSKINA
(Ikus .PDF)

(*) Ospitaleratze-plusa hamabi hilekotan ordainduko da

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Precoren Bitartekaritza Akta, 2010-10-25ekoa.

Espediente-zenbakia: B-27-2010.

Eskaera-eguna: 2010-02-01.

Enpresa: Union Internacional de Limpiezas, S.A., eta Osakitzako lantokiak garbitzeko beste enpresa emakidadun batzuk (Impacto, S.L., Garbialdi, S.A.L., I.S.S., Facillity Services, S.A).

Eskatzailea: Osakidetzaren Garbiketako Hitzarmen Kolektiboaren Batzorde Paritarioa (enpresa)

Gaia: Garapen profesionala eta Hitzarmenaren lehenengo xedapen gehigarria.

Bitartekaritza-proposamena.

2010eko otsailaren 1ean, Osakidetzako Garbiketaren Hitzarmen Kolektiboko Batzorde Paritarioaren enpresaren ordezkariek Lan Harremanen Kontseiluaren Bizkaiko Lurralde Egoitzan eskatu zuten hasiera emateko adiskidetze-bitartekaritzako prozesu bati, helburua izanik prozeduraren jatorria den eskaeran ageri dena (aipatutzat jotzen da hemen).

Gatazkan legitimazioa duten alderdiei dei egin zitzaien bilera batera, 2010eko otsailaren 23rako, lurralde-egoitza honetan, alderdiak ados jartzea helburu hartuta. Gatazkaren eraginpean dauden langileen gehiengoaren eta enpresaren ordezkariek akordio bidez adostasunik lortu ezean, prozedurak adiskidetze edo bitartekaritzaren bidetik jarraituko zuen. Horretarako, adiskidetzaile edo bitartekari bat izendatuko zen, hala ezarrita baitago 2000ko otsailaren 16ko «PRECO - Laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozedurei buruzko lanbide arteko Akordioa»n (2000ko apirilaren 4ko EHAA, 66. zk.) eta PRECOren Batzorde Paritarioaren akordioetan (2002ko ekainaren 21eko EHAA, 117. zk.).

Alderdiek, akordiorik lortu ez zutenez, adostasunez erabaki zuten prozedurarekin jarraitzea adiskidetzearen bidetik. Horretarako, Alfonso Martinez de Lagran Moraza izendatu zuten adiskidetzaile.

Alderdiak 2010eko martxoaren 15ean bildu ziren adiskidetzaile horrekin, Lan Harremanen Kontseiluaren Bizkaiko Lurralde Egoitzan. Bilera horretara honako hauek bertaratu ziren:

Langileen izenean:

● Euskadiko Langile Komisioen Konfederazio Sindikalak (CC.OO.).

● Eusko Langileen Alkartasuna (ELA).

● Ezker Sindikalaren Konbergentzia (ESK).

● Unión General de Trabajadores de Euskadi (UGT).

● Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

● Enpresa-erakundeen izenean:

● Eurolimp, S.A.

● Garbialdil S.A.L.

● Limpieza y Mantenimiento Impacto, S.L.

● I.S.S. Facility Services, S.A.

Lehenengo bileran, sindikatuen proposamena helarazi zitzaion enpresen ordezkaritzari, eta, hura aztertze aldera, ezarritako epeak bertan behera utzi ziren.

Geroago, alderdiek bilerak egiten jarraitu zuten Lan Harremanen Kontseiluaren Bizkaiko Lurralde Egoitzan, 2010eko martxoaren 25ean, 2010eko apirilaren 7an, 2010eko apirilaren 22an eta, azkenik, 2010eko maiatzaren 13an. Bilera guztietan parte hartu zuten bai enpresen ordezkariek, bai langileenek, eta elkarri aitortu zioten ordezkaritza-ahalmena. Alderdi guztiek euren eskubideen alde egin dute orain arteko bileretan, eta, azken bileran, hau da, aurtengo maiatzaren 13koan, bertaratutakoen gehiengoak erabaki zuen epeen gaineko etenaldia alde batera uztea eta prozedura BITARTEKARITZAren bidean jartzea. 2010eko maiatzaren 14an hasi zen berriro prozesua, eta urte bereko ekainaren 10ean bukatu.

2010eko ekainaren 9an, bitartekaritza-prozeduraren azken bilera egin zen, eta hara honako hauek bertaratu ziren:

Langileen izenean:

● Euskadiko Langile Komisioen Konfederazio Sindikalak (CC.OO.).

● Eusko Langileen Alkartasuna (ELA).

● Ezker Sindikalaren Konbergentzia (ESK).

● Unión General de Trabajadores de Euskadi (UGT).

● Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

Enpresa-erakundeen izenean:

● Eurolimp, S.A.

● Garbialdil S.A.L.

● Limpieza y Mantenimiento Impacto, S.L.

● I.S.S. Facility Services, S.A.

● Clece.

Alderdi guztiek elkarri aitortzen diote egintza hau gauzatzeko behar den legezko ahalmena.

Bitartekaritza-proposamen hau egiteko, gatazkaren abiapuntuko egoerak hartu behar dira aintzat. Gatazkaren aurrekariak, bestalde, honako hauek dira:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Garbiketa Zerbitzuaren Enpresa Emakidadunen Hitzarmen Kolektiboak arautzen ditu enpresaren eta langileen arteko lan-harremanak, zehazki autonomia-esparruan 2008, 2009 eta 2010. urteetarako indarraldia duen Hitzarmen Kolektiboak.

Bigarrena.– Gatazkaren jatorria Hitzarmen Kolektiboaren lehenengo xedapen gehigarriaren aplikazioan dago. Honela dio hitzez hitz xedapen horrek:

«Hitzarmenaren araudia eguneratzea.

Hitzarmen Kolektibo honen xedea da arau-testuan jasotako gaiak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek dituztenak homologatzea. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei dagozkien baldintza orokorretan aldaketarik izanez gero, Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa bilduko da aldaketa horiek egokitzeko eta aplikatzen hasi daitezela agintzeko. Aplikagarri izango dira, halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere langileei egiten dizkien konturako igoerak».

Hirugarrena.– Lehenengo xedapen gehigarri horretan adierazitakoa betez, Hitzarmenaren Batzorde Paritarioak bilera egin zuen 2010eko urtarrilaren 25ean, eta, han, karrera profesionalaren garapena izan zuen aztergai. Akordiorik lortu ez zenez, enpresen ordezkaritzak aho batez jakitera eman zuen Gatazka Kolektiboko demanda aurkeztu behar zuela zegokion erakundean, Hitzarmen Kolektiboaren 8. artikuluan ezarritakoa betez. 2010eko otsailaren 1ean aurkeztu zen demanda, Hitzarmenaren lehenengo xedapen gehigarria interpretatzeko asmoz (demanda azaldutakotzat ematen da hemen).

Laugarrena.– Hitzarmen Kolektiboaren lehenengo xedapen gehigarriaren xedea da arau-testuan jasotako gaiak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek dituztenak homologatzea. Hori dela eta, Osakidetzak bere langileentzat erabili zituen terminoak hartu behar dira aintzat, hala ezarrita baitago 35/2007 eta 248/2007 Dekretuetan bildutako prozeduretan eta haien garapen-xedapenetan (azaldutakotzat jotzen dira hemen).

Aurrekariak ikusita, honako hau adierazten dugu:

Hitzarmen Kolektiboak argi adierazten duenez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen baldintza orokorretan aldaketarik izanez gero Batzorde Paritarioa bilduko da aldaketa horiek egokitzeko eta aplikatzen hasi daitezela agintzeko. Aldaketa horien artean dago garapen profesionalaren aitortza homologatzea.

Hori dela eta, adiskidetze-bitartekaritzako prozesu batean, Batzorde Paritarioak, PRECOREN bitartez, bilerak egiten jarraitu du, akordio bat lortzeko, zehazki Hitzarmen Kolektiboaren lehenengo xedapen gehigarria praktikan jartzea eta, batez ere, garapen profesionalaren homologazioa eta aitortza ekarriko duen akordio bat. Hasiera batean, adiskidetze-prozedura bat izan zen, eta, alderdien adostasunez, bitartekaritzakoa bihurtu zen.

Berebiziko garrantzia du azpimarratzea eragindako enpresen jarduera zein den eta non egiten den. Izan ere, Administrazioarekin egindako kontratu baten mende daude enpresak, eta esleipenak finkatutako aurrekontu baten mende. Haien jarduera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lokalak garbitzea da, eta, beraz, akordio-proposamen bat egiterakoan, kontuan hartu beharko da zein den Administrazioaren egoera. Izan ere, nolabait Administrazioak berak hartuko beharko ditu bere gain aitortza horrek dakartzan ondorio ekonomikoak bai langileentzat –ordainsarien igoera–, bai enpresaburuentzat – kostu sozial handiagoak, aurrekontuan jaso ez direnak eta lantokien esleipenean lizitatzerakoan kontuan hartu ez direnak.

Horren ondorioz, aurtengo esleipenak aldatu beharko lirateke eta egokitu, enpresek kostu sozial berriak estaltzeko izango dituzten zama ekonomiko gehigarrietara. Administrazioarentzat ere aurrekontu-igoera bat ekarriko du, 2010eko aurrekontua onartu zenean aurreikusi ez zena eta hurrengo aurrekontuak prestatzerakoan kontuan hartu beharko dena.

Gainera, Osakidetzak garapen profesionala ezartzeko onartutako araudiaren ondorioz, kostu gehigarriak hurrengo urteetan ez ezik atzeraeraginez ere aplikatu beharko dira, 2008ko urtarrilera arte. Hortaz, hurrengo urteetako aurrekontuetan diru-zuzkidura gehigarri bat aurreikusi beharko da, atzerapen horiei aurre egiteko.

Bestalde, ezin ahaztu, ezta alde batera utzi ere, egungo egoera ekonomikoa eta administrazioek aurrekontuetan egin behar dituzten etengabeko murrizketak, eta, horrekin kontsekuente izanik, garapen profesionala aitortu eta homologatzeagatik sortzen diren ordainketak atzeratu beharko dira, denboraldi luze batean, haiei aurre egiteko modua izango badugu. Hala ere, mugaegun bat ezarriko da, langileentzako berme gisa. Kontuan hartu beharko dugu, era berean, atzerapenak sortu dituzten zenbait langile arrazoia edozein delarik ere azken mugaeguna baino lehen enpresan baja izan direla.

Garrantzizkoa da, orobat, enpresen esleipen-pleguak egokituta egotea aitortza horren ondoriozko kostu ekonomiko berrietara, aitortza horri aurre egin ahal izateko. Horrek berekin ekarriko du, gainera, pleguak berriz negoziatu beharra Administrazioarekin.

Bestalde, adierazi beharra dago aitortza horrek langileen baldintza ekonomikoak hobetuko dituela, lehenago zehaztu dugun bezala, eta, horregatik, zuhurtziazkoa da trukean langileek ere konpromisoren bat hartzea.

Gainera, absentismoa zuzendu eta murriztu beharra dago, kostu sozialak gutxitzen laguntzeko eta, ondorioz, haiei aurre egiteko aukera izateko. Hori dela eta, urgentziazkoa da absentismoa muga normalen azpitik murrizteko neurriak hartzea. Horretarako, langileek nahiz enpresak arazo horri heltzeko konpromisoa hartu behar dute, absentismoa eragiten duten arrazoien gaineko azterlan bat eginez eta hura zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz eta baliabideak jarriz.

Era berean, kontuan hartuta Hitzarmen Kolektiboaren lehen xedapen gehigarriaren xedeak direla, batetik, arau-testuan jasotako gaiak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek dituztenak homologatzea eta, bestetik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen baldintza orokorretan aldaketarik izanez gero, aldaketa horiek aplikatzea, bada, modu berean, aintzat hartu behar ditugu langile haien kaltetan egiten diren aldaketak, egonkortasun ekonomikorako neurriak aplikatzearen ondorioz egindakoak.

Azkenik, lanpostuak babestea xede hartuta, lan-poltsak sortu beharko dira, enpresa emakidadunek langileak kontratatu ditzaten.

Lehenago adierazitakoa gorabehera, nabarmendu beharra dago, azkenik, bitartekariaren eginkizuna, legezko arau baten edo arau konbentzional baten interpretazio hutsa baino gehiago, adostasun-puntuak aurkitzen ahalegintzea dela, alderdiek gai eztabaidagarriei buruzko akordioa lor dezaten legezko esparruaren barruan. Helburu hori aintzat hartuta, gatazkaren sorburu diren gertakariak ikusita eta lehenago hemen adierazitakoak kontuan hartuta, honako hau da gure bitartekaritza-proposamena:

Alderdiek, bere garaian akordiorik lortu ez zutenez, geroago egindako negoziazioetan bitartekari honi eskatu zioten bitartekaritza-proposamen berri bat idazteko. Hortaz, prozedurari berriz ekitea adostu dute. Hori dela eta, Bitartekaritza Proposamen hau plazaratzen da, non jasotzen baita alderdien borondatea, hau da, Hitzarmenaren Batzorde Negoziatzailearena. Hona hemen proposamena:

Lehenengo Baldintza.

Enpresek, oro har, garapen profesionala homologatzeko eskubidea aitortuko diete Osakidetzak EAEn dituen lantokietako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunetan kontratatutako langile guztiei, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera aitortu ere, Osakidetzako langileei euren ezarpen-tarteetan aitortutako maila eta ondorio ekonomiko berdinekin.

Iragankortasuna.

Osakidetzak adierazitako aurrekontu-zailtasunak konpontze aldera, eta Lehenengo Baldintzan jasotako aitortza aintzat hartuta, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunetan egiaztatutako antzinatasunaren araberako mailen aitortza eta ordainketa modu iragankorrean aplikatuko dira, eta, sortutako zenbatekoak ordainduko dira, «Karrera profesionalaren osagarria atzeraeraginez aplikatzea» atalaren hirugarren paragrafoan zehaztutako eran, ondorioekin eta enpresan.

Lehenengo Tartea.

Gutxienez 16 urteko zerbitzua bete duten langileei II. maila aitortu eta ordainduko zaie (2.683,41 euro urteko), 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Bigarren Tartea.

Gutxienez 18 urteko zerbitzua bete duten langileei III. maila aitortu eta ordainduko zaie (3.579,88 euro urteko), 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Gutxienez 11 urteko zerbitzua bete duten langileei II. maila aitortu eta ordainduko zaie (2.683,41 euro urteko), 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Gutxienez 5 urteko zerbitzua duten langileei I. maila aitortu eta ordainduko zaie (1.340,70 euro urteko), 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Osakidetzako langileei bezala aitortuko zaie dagokien maila garbiketako langileei, 35/2007 eta 248/2007 Dekretuetan eta haien garapen-arauetan ezarritako sailkapenari jarraikiz.

Hirugarren Tartea.

Gutxienez 25 urteko zerbitzua bete duten langileentzat IV. maila eskuratzeko oinarriak eta baldintzak ezarriko dira (4.918,58 euro urteko), 2011ko Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren esparruan, Osakidetzak bere langileentzat erabiltzen dituen aitortza-prozedura berak aplikatuta.

Antzinatasunaren ondorioetarako, aintzat hartuko da langile bakoitzak zer antzinatasun duen tarte bakoitza indarrean sartzen den egunean. Nolanahi ere, karrera profesionalaren osagarriaren aitortza atzeraeraginez aplikatzeko, maila ekonomiko bakoitza (I, II edo III.a) egiaztatutako egunetik aurrera zenbatuko da antzinatasuna, eta ez da inoiz izango 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa.

Karreraren osagarria atzeraeraginez aplikatzea.

Akordio honen Lehenengo Baldintzan adierazitakoarekin bat etorriz (garapen profesionalaren garapena aitortzea, Osakidetzak bere langileei aitortzen dien baldintza berdinetan), karreraren osagarriak atzeraeraginez aplikatuko dira 2008ko urtarrilaren 1era bitartean, eta dirua berreskuratzeko epeak eta zenbatekoak finkatuko dira Osakidetzarekin adostuta. 2011ko Hitzarmenean negoziatuko dira horiek, negoziazio kolektiboaren barruan. Epeok, dena den, ez dira 2016ko abenduaren 31 baino haratago luzatuko, non eta alderdiek bestela adosten ez duten berariaz.

Akordiorik lortu ezean, langile bakoitzari dagokion alde ekonomikoa zatika ordainduko da, hau da, urtero bosten bat, 2011tik hasita. Karreraren osagarria ordaindu baino lehen langileren baten lan-harremana iraungiz gero arrazoia edozein delarik, halako langileei bermatuko zaie diru-zenbatekoak jasoko dituztela, –bai atzeraeraginari dagozkionak, bai mailen aitortzaren aplikazio iragankorrari dagozkionak–, gainerako langileei ordainduko zaizkien epe berberetan.

Beraz, aurreko paragrafoetan araututakoarekin bat etorriz, eta altan diren langileei nahiz edozein arrazoirengatik lan-harremana etenda dutenei 2008, 2009 eta 2010. urteetako atzerapenengatik dagozkien zenbatekoen ordainketa errazte aldera, ordainketa-epeak betetzen diren unean garbiketa-kontratu esleitua duen enpresak ordaindu eta kotizatuko ditu zenbateko horiek, betiere aurretik jasotzen badu Osakidetzak ordaindu beharreko dirua. Hortaz, atzerapenak eragin zituen enpresa zein izan zen gorabehera, ordainketak egin behar diren unean garbiketa-zerbitzua esleitua duenak ordaindu beharko ditu atzerapenok. Garbiketa utzi duen enpresak, bestalde, ez du dirurik jasotzeko eta/edo eskualdatzeko inolako eskubiderik izango, nahiz eta atzerapen horiek sortu zireneko denboraldiak bat etorri garbiketa-zerbitzuaren emakidarekin eta atzerapenak eragin dituzten langileen lan-harremanarekin. Enpresak, beraz, ezingo dio uko egin ordainketak egiteari, betiere paragrafo honetan ezarritako baldintza (dirua aurretik jasotzea) betetzen bada.

Alderdien konpromisoak.

Absentismoa zuzendu eta murrizte aldera, Absentismoa Aztertzeko Batzorde Teknikoa sortuko da 2011ko Hitzarmenaren negoziazioren esparruan. Batzordeak helburu izango du egun dagoen absentismo-maila hobetzea, arrazoiak zehaztuz, prebenituz, baliabideak jarriz, jarraipena eginez eta irtenbide zehatzak eskainiz.

Kontratazioari dagokionez, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunetan egun lanean ari diren langileek lehentasunezko eskubidea dute aitortua (hala dago araututa Osakidetzako Garbiketa Zerbitzuaren Enpresa Emakidadunen Sektoreko Hitzarmen Kolektiboaren 73. artikuluan). Nolanahi ere, kontratazio berrietarako, lan-poltsak erabiliko dira Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunek langileak kontratatzeko, eta hala jasoko da 2011ko Hitzarmenaren arau-testuan. Lan-poltsa horietan sartuko dira, halaber, Osakidetzako lan-poltsetako langileak, garbiketako EPEetakoak.

2011ko Hitzarmenaren negoziazioan, zehaztuko da nolako absentismo-maila lortu nahi den eta, hori lortzen ez bada, nolako eragina izan lezakeen karrera profesionalaren IV. maila eskuratzeko eta hari eusteko.

III. maila eskuratzeko baldintzak izango dira Osakidetzak bere langileei maila hori lortzeko jarritako berberak.

Ejecución y efectos.

Akordio hau indarrean jartzean sortuko diren atzerapenak, 2010. urtekoak, 2010eko azken hiruhilekoan ordainduko dira nagusiki, betiere, aurretik, Osakidetzak eta enpresa emakidadunek sinatua duten kontratua egokituta eta konpromisoa hartuta. Hartara, enpresek modua izango dute konpromiso ekonomiko horri aurre egiteko. Aurrekontu-doiketak direla-eta ezinezkoa bada atzerapen horiek ordaintzea, 2010eko abenduaren 31 baino lehen % 25 ordainduko da, eta gainerakoa, berriz, 2011ko lehen seihilekoan. Nolanahi ere, 2011ko ekainaren 30erako ordaindu ez badira, sortutakotzat eta ordaindu gabekotzat joko dira.

Era berean, 2008an sortutako atzerapenak eta garapen profesionalaren homologazioa ezartzeak aurrerago ekarriko dituzten kostu gehigarriak aintzat hartu beharko dira egun eginda dauden esleipenetan nahiz etorkizunekoetan, enpresa emakidadunek haiei aurre egiteko modua izan dezaten. Alde horretatik, Osakidetzaren abal bermatzailea beharko dute enpresek, atzerapenen ordainketak egun izango duen eraginari nahiz etorkizunekoari aurre egiteko. Halaber, egindako esleipenen pleguak eguneratu beharko dira, kostu berrira egokituz eta aurrerago egiten direnetan kostu hori aintzat hartuz.

Bestalde, behin Osakidetzak enpresei bermatuta proposamen hau onartzeak dakartzan kostu gehigarriak ordainduko dituela, enpresek aukera izango dute euren langileen gainean 2010eko doitze ekonomikoen ondorioak ezartzeko, Osakidetzak bere langileen gainean defizit publikoa murrizteko ezarritako berberak.

Akordio honek hitzarmen kolektibo baten indarra izango du, eta berehala geldiaraziko du aurkeztutako edozein erreklamazio, banakako nahiz kolektibo. Batzorde Paritarioak formalizatuko du akordioa, hots, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Garbiketa Zerbitzuaren Enpresa Emakidadunen Hitzarmen Kolektiboaren Batzorde Paritarioak.

Bilbao, 2010eko urriaren 25a.

ALFONSO MARTINEZ DE LAGRAN MORAZA.

Precoren Bitartekaritza Akta, 2012-06-25ekoa.

Espediente-zenbakia: B/34/2012.

Eskaera-eguna: 2012-02-02.

Enpresa: Osakidetzako lantokien garbiketaren enpresa emakidadunak: Uni-2,Impacto, S.L., Garbialdi S.A.L., Iss Facillity Services, S.A., Clece, S.A., Eurolimp, S.A.

Eskatzailea: UGT, CC.OO., LAB, ESK, ELA.

Gaia: Garapen profesionalaren mailak aitortzea.

Bitartekaritza-proposamena.

2012ko otsailaren 2an, Osakidetzaren Garbiketako Hitzarmen Kolektiboaren Batzorde Paritarioan langileek duten ordezkaritzak adiskidetze-bitartekaritza prozedura bati ekiteko eskatu zuen Lan Harremanen Kontseiluaren Bizkaiko Lurralde Egoitzan. Prozeduraren helburua eskaeran bertan dago jasota, eta azaldutakotzat jotzen da hemen.

Gatazkan legitimazioa duten alderdiei dei egin zitzaien bilera batera, 2012ko martxoaren 21erako, lurralde-egoitza honetan, alderdiak ados jartzea helburu hartuta. Gatazkaren eraginpean dauden langileen gehiengoaren eta enpresaren ordezkariek akordio bidez adostasunik lortu ezean, prozedurak adiskidetze edo bitartekaritzaren bidetik jarraituko zuen. Horretarako, adiskidetzaile edo bitartekari bat izendatuko zen, hala ezarrita baitago 2000ko otsailaren 16ko «PRECO - Laneko gatazkak ebazteko borondatezko prozedurei buruzko lanbide arteko Akordioa»n (2000ko apirilaren 4ko EHAA, 66. zk.) eta PRECOren Batzorde Paritarioaren akordioetan (2002ko ekainaren 21eko EHAA, 117. zk.).

Alderdiek, akordiorik lortu ez zutenez, adostasunez erabaki zuten prozedurarekin jarraitzea bitartekaritzaren bidetik. Horretarako, Alfonso Martinez de Lagran Moraza izendatu zuten bitartekari.

Alderdiak bitartekariarekin bildu ziren Lan Harremanen Kontseiluaren Bizkaiko Lurralde Egoitzan, 2012ko maiatzaren 2an (egun horretan utzi ziren bertan behera epeak), 2012ko ekainaren 11n eta 2012ko ekainaren 25ean. Bilera guztietan parte hartu zuten bai enpresen ordezkariek, bai langileenek, eta elkarri aitortu zioten ordezkaritza-ahalmena. Alderdi guztiek euren eskubideen alde egin dute orain arteko bileretan, eta, azken bileran, hau da, aurtengo ekainaren 25ekoan, bertaratutakoen gehiengoak erabaki zuen epeen gaineko etenaldia alde batera uztea eta bitartekaritza-prozesuarekin jarraitzea, egun horretan bertan hasita.

2012ko ekainaren 25eko bilerara honako hauek bertaratu ziren:

Langileen izenean:

● Euskadiko Langile Komisioen Konfederazio Sindikalak (CC.OO.).

● Eusko Langileen Alkartasuna (ELA).

● Ezker Sindikalaren Konbergentzia (ESK).

● Unión General de Trabajadores de Euskadi (UGT).

● Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

● Enpresa-erakundeen izenean:

● Eurolimp, S.A.

● Garbialdil S.A.L.

● Limpieza y Mantenimiento Impacto, S.L.

Union Internacional de Limpiezas S.A. (Uni-2).

Clece, S.A.

● I.S.S. Facility Services, S.A.

Alderdi guztiek elkarri aitortzen diote egintza hau gauzatzeko behar den legezko ahalmena.

Bitartekaritza-proposamen hau egiteko, gatazkaren abiapuntuko egoerak hartu behar dira aintzat. Gatazkaren aurrekariak, bestalde, honako hauek dira:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Garbiketa Zerbitzuaren Enpresa Emakidadunen Hitzarmen Kolektiboak arautzen ditu enpresaren eta langileen arteko lan-harremanak, zehazki autonomia-esparruan 2008, 2009 eta 2010. urteetarako indarraldia duen Hitzarmen Kolektiboak.

Bigarrena.– Gatazkaren jatorria Hitzarmen Kolektiboaren lehenengo xedapen gehigarriaren aplikazioan dago. Honela dio hitzez hitz xedapen horrek:

«Hitzarmenaren araudia eguneratzea.

Hitzarmen kolektibo honen xedea da arau-testuan jasotako gaiak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek dituztenak homologatzea. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei dagozkien baldintza orokorretan aldaketarik izanez gero, Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa bilduko da aldaketa horiek egokitzeko eta aplikatzen hasi daitezela agintzeko. Aplikagarri izango dira, halaber, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bere langileei egiten dizkien konturako igoerak».

Hirugarrena.– Gatazkari dagokionez, alderdiek onartu zuten horretarako aurkeztutako bitartekaritza-proposamena, 2010eko urriaren 25ekoa, zeina azaldutakotzat ematen baita hemen.

Laugarrena.– Hala ere, zenbait zalantza zeuden garapen profesionala praktikan jartzeko erari buruz, eta, horregatik, alderdiek horiek argitzeko eskatu zioten Osakidetzako Zerbitzu Zentralen Zuzendaritzari, 2011ko otsailaren 28an.

Bosgarrena.– Zalantza horiek ikusita, berriz bitartekaritza eskatu da, hain zuzen ere garapen profesionala ezartzeko kontuan hartu beharreko alderdiak jaso daitezen.

Aurrekariak ikusita, honako hau adierazten dugu:

Helburua da ahal den neurrian bateratzea Osakidetzako lantokien garbiketaren enpresa emakidadunetan lan egiten duten langileei garapen profesionala ezartzeko era eta Osakidetzak bere langileei ezarritakoa. Horretarako, erakunde horrek garapen profesionala aitortzeko aplikatutako arauak bete beharko dira.

Lehenago adierazitakoa gorabehera, nabarmendu beharra dago bitartekariaren eginkizuna, legezko arau baten edo arau konbentzional baten interpretazio hutsa baino gehiago, adostasun-puntuak aurkitzen ahalegintzea dela, alderdiek gai eztabaidagarriei buruzko akordioa lor dezaten legezko esparruaren barruan. Helburu hori aintzat hartuta, gatazkaren sorburu diren gertakariak ikusita eta lehenago hemen adierazitakoak eta Osakidetzako arduradunekin izandako elkarrizketetatik ateratako ondorioak kontuan hartuta, honako hau da gure bitartekaritza-proposamena:

Bitartekaritza-proposamena.

Bigarren tartearen garapen profesionala, 2008, 2009 eta 2010, urteetakoa.

1.– Deialdirako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, hau da, 2009ko maiatzaren 5ean (lehen deialdiko egunean) justifikatu beharko dira garapen profesionalaren maila eskuratzeko baldintzak guztiak. Baldintzak, berriz, 2008ko urtarrilaren 1ean bete beharko dira (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 23ko 1061/2009 Ebazpena).

2.– Dagokien maila (I, II edo III.a) aitortu eta ordainduko zaie langile finkoei, baldin eta 2009ko maiatzaren 5ean justifikatu badute 2008ko urtarrilaren 1ean maila jakin bat eskuratzeko baldintzak betetzen zituztela, eta aitortu, 2008ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeginez aitortuko zaie.

3.– Mailak ez dira aldatuko, beste deialdi bat egin arte. Hortaz, beste deialdi bat egin eta ebatzi arte, ezingo da eskatu garapen profesionalaren maila ebaluatzeko eta maila jakin bat aitortzeko.

2012ko garapen profesionala.

1.– Hitzarmen Kolektiboak arautuko du nola aurkeztu Osakidetzak egiten dituen deialdietara, erakunde horrek 2012ko maiatzean egindako azken deialdia eta haren atzeraeragina barne direla. Eskaera aurkeztu eta ebaluazioa egin ondoren ondorioztatzen bada langile batek garapenaren I. maila edo egun daukan maila baino goragoko bat eskuratzeko baldintzak betetzen dituela, hala aitortuko zaio prozesuaren amaieran, 2012ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginez aitortu ere.

Etorkizuneko garapen profesionala.

1.– Aurrerantzean, Osakidetzak beste deialdi bat noiz egingo itxaron beharko da. Hitzarmen Kolektiboak arautuko du deialdi horietara aurkezteko era.

Kategorien araberako garapen profesionala.

6.–Kategoria profesionalei dagokienez, Osakidetzak arautuko du maila bakoitzari dagokion zenbatekoa, talde profesional bakoitzarentzat desberdina izango dena.

Bilbao, 2012ko ekainaren 25a.

Alfonso Martinez de Lagran Moraza.


Azterketa dokumentala