52. zk., 2015eko martxoaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (409 KB - 10 orri.)
- EPUB (410 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1276
26/2015 DEKRETUA, martxoaren 10ekoa, Meatzaldea-Zona Minera de Bizkaia, Biotopo Babestua izendatzeko dena.
XX. mendearen hasiera aldera arte, mendeetan, burdina-zainak ustiatu izan zituzten Bizkaiko ipar-mendebaldeko eskualde handi batean, eta, horregatik, Meatzaldea esaten zaio eskualde horri. Ustiapenaren ondorioz, oso paisaia berezia sortu zen, paregabea Euskal Autonomia Erkidegoan, meatzaritzaren ondareari eta, zehazki, meatzaritzaren kultura-ondareari dagozkion balioak dituena. Alde horretatik, Alta de Galdames edo Grumeran mendiaren ingurua da adierazgarrienetakoa.
Batetik, paisaiaren eta geomorfologiaren ikuspuntutik, lurraldearen egitura karstikoa leku askotan azaleratzen da: dolinetan, iturrietan, hobietan... Orratz-lapiazak dira aipagarrienak. Zorupean, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko haitzulo-dentsitaterik handienetakoa dago. Dekretu honek unitate integratutzat hartzen du lurraldeko sistema karstikoa. Aukera paregabea da hori unitate geomorfologiko osoa (bai endokarsta, bai lurrazala) kontuan hartuta egiteko plangintza eta prozesu eta harremanak batera aztertzeko. Karsta alde batera utzita, burdina ateratzeko irekitako orbainak dira inguruko paisaiaren erakargarririk handienetako bat. Kareharriaren berezko egitura zaintsua dela eta, paisaia berezi bat sortu da, non burdina-zainak hustuta sortutako ebaki ikusgarriak nabarmentzen diren. Zain horiek interes geologikoko gune gisa identifikatu dira Euskal Autonomia Erkidegoaren inbentarioan, «Burdina-zainak Laia-El Saucon (Galdames)» 141 kodearekin. Sistema karstikoaren balioa apartekoa da, eta, horregatik, beharrezkoa da hura babesteko araubide bat ezartzea, egun haren gainean eragina duten faktoreek eragina izateari uzteko eta mehatxuei aurre egiteko; batez ere, mehatxu fisikoei: substratu-mugimendu eta -aldaketei, nolanahiko isuriei, mea ateratzeko jarduerei eta karstaren baldintzetan eragina izan dezakeen beste edozein jarduerari, egun dauden edo gerora aurki litezkeen aztarnategi mineralogiko edo paleontologiko posibleen espoliazioak barne.
Bestetik, balio kulturalak kultura-ondasun izendatutako zenbait monumentu megalitikori eta haizeola ugariri dagozkio, hau da, Erdi Aroaren eta industria modernoaren garapenaren artean inguruan landutako meatzaritzaren aztarnei. Izan ere, ondare esanguratsu bat eratu zen orduan, meategi, herrixka, kargaleku eta mea-garbitegiek osatua, baita meatzaritzarako beste azpiegitura batzuek ere. Egun, horiek guztiak kontserbazio-egoera ezberdinean daude, baina, nolanahi ere, balio arkitektoniko eta teknologikoen nahasketa bat eratzen dute. Batzuk oso garrantzitsuak dira gizartean, eta ingurune naturala izugarri eraldatu den adierazgarri dira.
Azkenik, natura-ondarearen barruan karstari dagokion geodibertsitatea nabarmentzen da batez ere, baina gogoan izan behar da badirela zenbait habitat interesgarri ere, hala nola Aranaga, Cepal eta Grazal sakanetako basoak; Pico de la Cruz mendiko artadia; erreka eta hezeguneak; eta larre eta txilardiak. Bereziki, badira arriskuan dauden fauna-espezieak, hala nola kiroptero harpetarrak eta harrapari harkaiztarrak. Haien kalteberatasuna kontuan izanik, komeni da neurriak hartzea, ez desagertzea ziurtatzeko.
Bestalde, Eretza mendia (887 m) dago proposatutako lurraldearen barnean, baita mendizaleek ibili ohi dituzten beste gailur batzuk ere, inguruko paisaiaren barruko mugarri esanguratsuak.
Laburbilduz, eskualdeak betetzen ditu apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuz onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginak 10. artikuluan ezartzen dituen baldintzak, eta, hortaz, biotopo babestu izenda daiteke, hango formazioak nabarmen bereziak, bitxiak, harrigarri ederrak eta interes zientifiko nabarmenekoak baitira, eta bereziki babesteko modukoak. Espazio horretan, halere, ezin da legez eskatu Baliabide Naturalak Ordenatzeko Plan bat ezartzea, izan ere, ez ditu baldintzak betetzen barne hartua izateko oinarrizko araudiak Natura Erreserba gisa tipifikatzen duen eta Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen Testu Bateginaren 20. artikuluan jasota datorren kategorian (I. kategoria, 1997ko Natura Babesteko Nazioarteko Batasuna-UICNren Batzar Orokorrean proposatua) eta eskatzeko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan bat onartzea bertan. Gainera, kontserbazio-helburu zehatzak eta parte-hartzeko prozesuan nabarmenduak eta espazio horretan gailendu behar den kudeaketa azkarra lortzen dira dekretu honen artikuluetan aurreikusitako erregimenaren bidez, Baliabide Naturalak Antolatzeko Planik behar izan gabe. Horregatik, artxibatu behar da 2006ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez hasitako prozedura, Trianoko Mendien inguruko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana landu eta onartzeko prozedurari hasiera emateko dena (uztailaren 7ko EHAA, 129. zk.) eta 2011ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez aldatua (ekainaren 29ko EHAA, 123. zk.), eta, horrekin batera, eraginik gabe uzten da Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen Testu Bateginaren 9.1 artikuluan ezartzen duen prebentzio-erregimena.
Gainera, 42/2007 Legeak, natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzkoak, 34. artikuluan xedatzen duenarekin bat, dekretu honek arautzen duen biotopo babestua aipatutako legeak paisaia babestu izendatzen duen kategoriaren parekoa da.
Dekretu-proiektu hau bideratu bitartean, bete egin dira uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumen-gaietan informazioa eskuratzeko, parte hartzeko eta auzitegietara jotzeko eskubideak arautzen dituenak –barnean hartzen ditu 2003/4/EE eta 2003/35/EE direktibak–, ezartzen dituen agindu eta printzipioak, eta, ildo horretan, kontsulta publikoa egin da aukera zegoenean.
Hori guztia kontuan izanik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuz onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginak 19. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 10eko bilkuran hausnartu eta onartu ondoren, zera
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Meatzaldea biotopo babestu izendatzea, natura-, paisaia- eta kultura-ondarea babesteko, zaintzeko eta balioesteko. Ildo horretan, erabilera eta jarduerak arautuko dira apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuz onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginak 21. artikuluan ezartzen dituen baldintzetan.
2. artikulua.– Helburuak.
1.– Hauek dira Meatzaldea biotopo babestu izendatzeko helburu orokorrak:
a) Paisaia babestu dadin ziurtatzea, degrada ez dadin, eta balioetsi egin dadin bultzatzea.
b) Natura-ondarea zaindu dadin bermatzea, endokarsta eta exokarsta barne.
c) Kultura-ondarea zaindu dadin ziurtatzea, ondare arkeologikoa eta meatzaritzaren aztarnak barne.
d) Erabilera tradizionalei eustea eta haiek garatzea, jasangarritasun-irizpideei jarraituz eta paisaia eta natura- eta kultura-ondarea zaintzearekin bateragarri eginez.
e) Ingurune naturaleko aisialdiko jarduerak eta erabilera publikoak antolatzea, inguruko balioak zaintzearekin bateragarri eginez.
2.– Aipatutako helburu orokorrak lortzeko, helburu espezifikoak zehaztu dira. Dekretu honetako 5-9. artikuluek arautzen dituzte helburu orokor bakoitzeko helburu espezifikoak.
3. artikulua.– Lurralde-eremua.
1.– Dekretu honen eranskinak adierazten duen lurraldeak osatzen du Meatzaldea Biotopo Babestua.
2.– Meatzaldea Biotopo Babestuak 957,5 ha neurtzen du. Galdamesko eta Gueñesko udal-barrutietan kokatuta dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan, eta Grumeran edo Alta Galdames mendiaren zati handi bat hartzen du barnean.
4. artikulua.– Babespeko eremu periferikoa.
1.– Meatzaldea Biotopo Babesturako finkatutako helburuak betetze aldera, kanpotiko eragin ekologikorik eta paisaiaren gainekorik ez izateko, babespeko eremu periferiko bat sortu da. 261,5 ha neurtzen du, eta dekretu honen eranskinak adierazten du.
2.– Babespeko eremu periferikoaren barnean ez dago errealitate fisikoa edo biologikoa aldatzerik ez 2. artikuluko helburuak lortzea galaraz edo eragotz dezakeen jarduerarik egiterik.
3.– Aurreko paragrafoko ondorioak izan ditzaketen jarduerak baimentzeko, txosten bat eskatuko zaio nahitaez Biotopoa kudeatzen duen organoari. Txostenaren bidez, gainera, Biotopoa kudeatzen duen organoak jarduerak mugatu ahal izango ditu baldin eta Biotopo Babestuko errealitate fisikoa edo biologikoa aldatzeko arriskua badago.
5. artikulua.– Paisaia babesteko helburu espezifikoak eta xedapenak.
Biotopo Babestuko paisaia babesteko helburu orokorra lortzeko, bi helburu espezifiko lortuko dira, eta bakoitzari buruzko xedapenak beteko:
a) 5.1 helburu espezifikoa: egungo paisaia zaindu dadin ziurtatzea eta, horretarako, haren kalitatea zaintzearekin bateragarri ez diren erabilerak ezar edo areagotu daitezen debekatzea.
1.– Erabilera hauek debekatuta daude Biotopo Babestuan:
a) Azpiegitura berriak (besteak beste, garraiobideak, aireko lineak, lurpekoak, zerbitzu-instalazio tekniko ez-linealak, parke eolikoak, hondakindegiak eta zabortegiak).
b) Eraikinak eta eraikuntzako erabilera berriak, salbu eta eremua bera babesteko eta kudeatzeko badira edo Biotopoa kudeatzen duen organoak beharrezko jotzen baditu Biotopo Babestuko erabilera tradizionalei eusteko. Horrelakoak baimentzeko, beharrezkoa da Biotopoa kudeatzen duen organoak txosten bat egitea aurrez.
2.– Lehendik dauden eraikuntza eta azpiegiturak handitzeko edo haien erabilera aldatzeko lanak egiteko, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zerbitzuak aldeko txostena egitea, bere eskumena bada betiere, eta eremua kudeatzen duen organoak baimena ematea.
3.– Pista-sare nagusi bat mantenduko da, eta gutxiegi erabiltzen ez diren edo beharrezkoak ez diren pistetako ingurumena lehengoratuko.
4.– Biotopo Babestuko azpiegitura linealak eta ez-linealak aztertuko dira; zehazki, elektrizitatea garraiatzeko lineak, antenak, anemometroak... Haien egungo egoera eta erabilera aztertuko dira, kentzerik dagoen ikusteko.
b) 5.2 helburu espezifikoa: Biotopo Babestuko paisaia balioestea, bai naturaren aldetik, bai meatzaritzaren aldetik.
1.– Ikuspena ona dela ziurtatuko da Biotopo Babestuko paisaia interpretatzeko lekurik egokienetan.
2.– Herritarrek parte hartzea bultzatuko da, meatzaritzak eremuan utzitako ondarearen balioa ezagutarazten lagundu dezaten paisaia den aldetik.
6. artikulua.– Natura-ondarea zaintzeko helburu espezifikoak eta xedapenak.
Biotopo Babestuko natura-ondarea zaintzeko helburu orokorra lortzeko, lau helburu espezifiko lortuko dira, eta bakoitzari buruzko xedapenak beteko:
a) 6.1 helburu espezifikoa: sistema karstikoa eta biodibertsitatea osotasunean babestea, kudeatzea, aztertzea eta jendarteratzea.
1.– Hauek debekatuta daude Biotopo Babestuan:
a) Hondakinak (tartean, basoko hondakinak eta ganadu-gorpuak) isurtzea edo uztea berariaz baimendu gabeko lekuetan eta, bereziki, leize, dolina eta barrunbeetan.
b) Meak eta gainerako baliabide ekologikoak ateratzea, ezein sekziotan, lurrazalean zein lurpean. Meatoki edo baliabide horiek ustiatzeko edo ikertzeko baimenik edo emakidarik ere ez da emango.
c) Edozein jarduera egitea baldin eta sistema karstikoaren baldintzak aldatzeko arriskua badago barrunbeetan egon bitartean, hala nola fauna harpetarra gogaitaraztea, estalaktitak erauztea, meak hartzea, lurpeko jalkinen metaketak aldatzea, sua piztea, karburoa erabiltzea, zaborra uztea eta pintatzea.
d) Ur-hargune berriak egitea, ez badira beharrezkoak eremuan baimendutako erabileretarako. Salbuespen gisa bakarrik onartuko da ur-hargune berriak egitea, giza kontsumorako, Bizkaiko Lurralde Historikoak larrialdia deklaratzen duenean.
e) Meak, harkaitzak eta fosilak biltzea, bildumak egiteko edo merkataritzarako. Soilik baimenduko da elementu horiek biltzea, organo kudetzaileak aurretik baimena emanda, ustiaketarekin zerikusirik ez duten didaktikako, hezkuntzako eta ikerketa zientifikoko helburuetarako.
2.– Gai kimikoak (landareen osasunerako produktuak, pestizidak, ongarriak...) erabiltzeko, beharrezkoa da Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak baimena ematea, nahiz inoiz erabiltzen direnean, nahiz erabilera estentsiboa denean.
3.– Baldin eta baimendutako jardueraren bat egin bitartean aho natural edo artifizial berririk agertzen bada Biotopo Babestuan edo Babespeko Eremu Periferikoan, nahitaezkoa da Biotopoa kudeatzen duen organoari jakinaraztea.
4.– Meatzaldea Biotopo Babestuko karstaren balioak eta geodibertsitatea aztertzea, babestea eta jendarteratzea bultzatuko da, baita haitzulo eta meatze-ahoak aztertzea eta kategoriatan banatzea ere, bereiziz zeinetan mugatu behar den sarrera natura- edo/eta kultura-ondarea zaintzeko eta zeinetan ez. Haitzulo eta meatze-ahoetan sartzeak inola ere ezin du jarri arriskuan babespeko eremurako finkatutako helburuak lortzea.
5.– Biotopo Babestuko ur-harguneen egungo egoera eta erabilera aztertuko dira, ikusteko ea badagoen eremurako finkatutako helburuak lortzea arriskuan jartzen dutenak erreskatatzerik edo ixterik.
b) 6.2 helburu espezifikoa: egun eremuan dauden habitat arboladun autoktonoen azalera handitzea eta haien egoera ekologikoa hobetzea; funtsean, harizti eta artadiena.
1.– Hauek debekatuta daude Biotopo Babestuan:
a) Erabilera aldatzea, baldin eta aldaketak habitat arboladun autoktonoak artifizialki txikiagotzea badakar.
b) Basogintzan jardutea habitat arboladun autoktonoetan, salbu eta haiek lehengoratzeko edo haien kontserbazio-egoera hobetzeko. Horretarako, Biotopoa kudeatzen duen organoak baimena eman behar du.
2.– Pixkana-pixkana, hostozabal autoktonoak landatuko dira Biotopo Babestuan baso exotikoen ordez. Xedapen hau aplikatzean, lehentasuna izango da otsailaren 3ko 25/2009 Dekretuak zehazten dituen oinarriko babeseko azaleren barruko gailurretan aplikatzea, Dekretuak kultura-ondasun izendatzen baitu Eretzako estazio megalitikoa, besteak beste.
c) 6.3 helburu espezifikoa: habitat erdi natural interesgarriak (nagusiki, arantzadiak, heskaiak, txilardiak eta larre mesofiloak) aktiboki zaintzea.
1.– Sua erabili nahi izanez gero landaretza kontrolatzeko, Biotopoa kudeatzen duen organoak baimena eman behar du berariaz. Gainera, prozedura egokiak zehaztuko ditu.
2.– Larretarako habitaten kudeaketa antolatuko eta gauzatuko da, eta, gutxienez, artzaintzarako leku eta garaiak eta azienda antolatuko dira, besteak beste. Hartara, horrelako habitatei eustea eta, ahal dela, haien kontserbazio-egoera hobetzea ziurtatuko da.
3.– Eremuko putzuen eta inguruko beste hezegune batzuen interesa eta kontserbazio-egoera zehaztuko da, eta kontserbazio-neurriak hartuko dira beharrezkoa bada.
d) 6.4 helburu espezifikoa: gizakiak arriskuan dauden espezie eta habitaten gainean inolako eraginik ez izatea.
1.– Hauek debekatuta daude Biotopo Babestuan:
a) Kiropteroak eta arrisku berezian dauden beste fauna-talde batzuk daudela jakina den barrunbeetan sartzea, salbu eta ikerketarako eta kudeaketarako. Horretarako, Biotopoa kudeatzen duen organoak baimena eman behar du aurrez. Organo kudeatzaile horrek zehaztuko du zein diren barrunbe, toki horiek eta noiz dagoen debekatua sartzea, fauna-talde horien populazioen eta presentzien gainean uneoro duen ezagueraren arabera.
b) Ibai eta hezeguneetan arrantzatzea.
2.– Oinezko, bizikleta edo motordun ibilgailuentzako kirol-proba kolektiboak antolatzeko Biotopo Babestuan, hura kudeatzen duen organoak baimena eman behar du aurrez. Arriskuan dauden hegazti habiagileak dauden lekuetan, gogaitarazi egin ditzaketen aisialdiko erabilerak mugatuta daude martxoaren 1etik irailaren 15era bitartean. Salbuespen gisa baimenik ematen bada kirol-proba bateko parte-hartzaileak horrelako hegaztiak dauden lekuetan sartzeko, mugak jarriko dira, haiei ahalik eta kalte gutxien egiteko.
3.– Martxoaren 1etik irailaren 15era bitartean debekatuta dago Escarpada gunean eta Aranaga sakanean eskalatzea.
4.– Eremuko habitat interesgarriak eta arriskuan dauden espezieak aztertuko dira, eta haien kartografia zehatza egingo.
5.– Arazotsuenak diren flora exotiko inbaditzaile espezieak aztertu eta horien kartografia zehatza prestatuko da, eta horiek kontrolatu eta deusezteko programa bat onartuko, baita horren garapena eta emaitzei buruzko zaintza-programa bat ere.
6.– Ehiza-araubide bereziko eremutzat hartuko da Biotopo Babestuaren esparrua, eta ehizaren kudeaketa antolatzeko eta gauzatzeko beharrezko xedapenak garatuko.
7. artikulua.– Kultura-ondarea zaintzeko helburu espezifikoak eta xedapenak.
Biotopo Babestuko kultura-ondarea zaintzeko helburu orokorra lortzeko, hiru helburu espezifiko lortuko dira, eta bakoitzari buruzko xedapenak beteko:
a) 7.1 helburu espezifikoa: Areatza haitzuloa babestu dadin ziurtatzea.
1.– Jardueraren batek eraginik izan badezake Areatza haitzuloa barnean hartzen duen sistema karstikoan edo inguruan, Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak baimena eman behar du. Aurrez, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak txosten bat egin behar du. Udal-lizentzia eman aurretik eman behar du baimena Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak.
2.– Areatza haitzuloa babesteko inguruko karsta zehazki mugatuko eta kartografiatuko da.
b) 7.2 helburu espezifikoa: ondare arkeologikoaren barruan interes berezia duten beste elementu batzuk (monumentu megalitiko eta haizeolak) babestu daitezen ziurtatzea eta iker eta ezagutaraz daitezen bultzatzea.
1.– Debekatuta dago edozein erabilera, ondarea ikertzeko eta ezagutarazteko izan ezik, kultura-ondasun izendatu edo izendatzen diren monumentu megalitiko eta haizeolen 5 m-ko inguruan, kultura-arloan aplikatu beharreko eskumen sektorialei kalte egin gabe. Ondarea ikertzeko eta ezagutarazteko, Biotopoa kudeatzen duen organoak baimena eman behar du aurrez. Zehazki, gaur arte, Eretzako estazio megalitikoa izendatu da monumentu megalitiko, otsailaren 3ko 25/2009 Dekretuaren bidez, baita Tellituko Olagizonen Zelaiko esparru arkeologikoa ere, Kulturako sailburuak 2000ko urtarrilaren 20an emandako aginduaren bidez.
2.– Biotopo Babestuaren barruko haizeolak interes kulturaleko ondasun izendatzea bultzatuko da. Eremuko ondare arkeologikoaren barruko elementuen inbentarioa eta kartografia zehatza egingo da.
c) 7.3 helburu espezifikoa: meatzaritzaren ondarea balioestea.
1.– Baldin eta eraginik izan badezakete haien kontserbazio-egoeran, meatzaritzaren ondarearen barruko eraikuntza-aztarnen inguruan egiten diren jarduerak bateragarriak izango dira kultura-arloko eskumena duen administrazioak ezartzen dituen babes-araubideekin. Horretarako, aurrez jakinaraziko zaizkio dagokion administrazioari, eraginik izango duten edo egokiak diren ebalua dezan. Gainera, babespeko natura-gunea kudeatzen duen organoak baimena eman behar du.
2.– Meatzaritzaren ondarearen barruko elementuen inbentarioa, ebaluazioa eta kartografia zehatza egingo da. Alde horretatik, ebaluazioa egingo da ikusteko ea interesgarria litzatekeen eremuko ondarearen barruko elementuak finkatzea, interpretatzea edo/eta jendarteratzea. Gainera, elementuok seinalatuko eta zainduko dira.
8. artikulua.– Erabilera tradizionalei eusteko helburu espezifikoak eta xedapenak.
Biotopo Babestuko erabilera tradizionalei eusteko helburu orokorra lortzeko, hiru helburu espezifiko lortuko dira, eta bakoitzari buruzko xedapenak beteko:
a) 8.1 helburu espezifikoa: abeltzaintzari eustea eta hura antolatzea, habitat erdi natural interesgarriak eta paisaia zaintzea bermatzen duen aldetik.
1.– Debekatuta dago ahuntzak Meatzaldea Biotopo Babestuan egotea, baldin eta kalte egiten badiete espezie mehatxatuen euskal katalogoan dauden flora-espezieei, komunitate-intereseko habitatei edo zuhaizti naturalei. Hala ere, Biotopoa kudeatzen duen organoak baimena eman dezake ahuntzak bazkatzeko, baldin eta agerikoa bada landaretza naturala kontrolatzeko eta, hartara, habitat erdi natural interesgarriak eta balio kulturaleko elementuak zaintzeko balio dutela. Horretarako, beharrezko jotzen dituen baldintzak ezarriko ditu.
2.– Artzaintza eta larretarako habitaten kudeaketa antolatua sustatuko dira, eta artzaintzarako leku eta garaiak eta azienda antolatuko, baita horrelako habitaten kontserbazio-egoerari eusteko eta hura hobetzeko gainerako eskakizunak ere. Alde horretatik, arreta berezia jarriko da etxe-arraza autoktonoetan.
b) 8.2 helburu espezifikoa: basogintzak lehentasun handiagoa ematea ingurumen-, kultura- eta paisaia-gaiei basoen produktibitateari baino.
1.– Hauek debekatuta daude Meatzaldea Biotopo Babestuaren barruan:
a) Espezie aloktonoak landatzea. 6.2. helburuaz aritzerakoan esan bezala, pixkana-pixkana, hostozabal autoktonoak landatuko dira baso exotikoen ordez.
b) Arraseko mozketak egitea, motzondoak erauztea eta lurra mugitzea lur karstikoetan, baita ondare arkeologikoaren barruko elementuetan eragina izan dezaketen lekuetan ere.
c) Baso-pista berriak sortzea. Salbuespen gisa bakarrik emango da baimena baso-pista berriak sortzeko. Horretarako, Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak ezinbesteko iritzi behar dio Biotopoa kudeatzeko.
c) 8.3 helburu espezifikoa: higadura-arriskua txikiagotzea.
1.– Babespeko eremuan higadura izateko arriskua aztertuko da, eta baso autoktonoa lehengoratzea sustatuko arrisku handia dagoen lekuetan.
2.– Debekatua dago Biotopo Babestura herri- edo baso-lanetarako makina astunak (hondeamakinak, atzerakako hondeamakinak, bulldozerrak eta abar) sartzea berau kudeatzen duen organoaren baimenik gabe.
9. artikulua.– Biotopo Babestuaren barruko erabilera publikoak antolatzeko helburu espezifikoak eta xedapenak.
Ingurune naturala ikerketarako eta aisialdirako erabiltzea Biotopoa zaintzearekin bateragarri egiteko helburu orokorra lortzeko, bi helburu espezifiko lortuko dira, eta bakoitzari buruzko xedapenak beteko:
a) 9.1 helburu espezifikoa: erabilera publikoa antolatzea, ingurune naturalaren aisialdiko erabilera dekretu honetako 2. artikuluan finkatutako gainerako helburuen mendean dagoela ziurtatuz.
1.– Debekatuta dago aisialdian egurra moztea eta sua piztea, La Berenilla jolaslekuan horretarako egokitutako egituretan izan ezik.
2.– Debekatuta dago kanpaldi librea egitea eta aisialdiko kanpamenduak ezartzea.
3.– Biotopo Babestuan motordun ibilgailuak ibiltzeko, nekazaritza eta basozaintzakoak barne, espazio natural babestua kudeatzen duen organoaren baimena beharko da. Debekatua dago motordun ibilgailuak libreki ibiltzea, non eta organo kudeatzaileak ez duen horretarako pista orokorren bat definitzen eta zehazten. Dena dela, debekatua dago Biotopo Babestu osoan quadak eta motoak ibiltzea, non eta ez diren erabiltzen salbamendu- eta/edo zaintza-lanetarako, eta, salbuespen gisa, nekazaritza eta basozaintzarako, betiere organo kudeatzailearen baimenarekin.
4.– Eremuaren erabilera publikorako programa bat prestatzeko beharrezko zehaztapenak ezarriko dira. Programak sektoretan banatuko du eremua, erabilera publikoaren arabera, Biotopoaren barruko kultura- eta ingurumen-elementuen sentikortasuna kontuan izanik.
5.– Babestutako eremuan azterketa bat egingo da jakiteko zein diren bertara sartzeko gunerik arriskutsuenak, eta, ondorioz, neurri egokiak hartzeko.
b) 9.2 helburu espezifikoa: babespeko eremuko ingurumen-gaien gaineko sentsibilizazioa sustatzea.
Babespeko eremuko natura- eta kultura-ondareari buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko eta hura interpretatzeko programak sustatuko dira.
10. artikulua.– Biotopo Babestuaren kudeaketa.
1.– Bizkaiko Foru Aldundiaren barnean natura-ondarearen eta biodibertsitatearen gaineko eskumena duen organoari dagokio Meatzaldea Biotopo Babestua kudeatzea.
2.– Meatzaldea Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak zuzendari kontserbatzaile bat izendatuko du, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuz onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginak 34. artikuluan ezartzen dituen eginkizunak eta berariaz agintzen zaizkionak bete ditzan.
3.– Meatzaldea Biotopo Babestua kudeatzen duen organoak ezarriko ditu mekanismo egokienak espazioaren eremuko administrazioen koordinazioa eta parte-hartzea sustatzeko, baita gizarte-erakundeena ere; hori guztia Biotopo Babestuarentzako ezarritzako helburuak lortzen laguntzeko xedearekin.
11. artikulua.– Erabilera publikoa eta kalte-ordainak.
1.– Meatzaldearen zati hau biotopo babestu izendatzeak berekin dakar erabilera publikoa, dagozkion ondasun eta eskubideak besterentzeko helburuetarako, Natura babesteko Legeko 20. artikuluak xedatzen duenarekin bat.
2.– Jabetza pribaturik edo legezko ondare-eskubide eta -interesik kentzen bada dekretu honetako xedapenak ezartzeko, dagokion kalte-ordaina hartzeko eskubidea izango dute titularrek, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
12. artikulua.– Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea.
Eskumena duen organoaren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak erabiltzea Biotopo Babestuaren barneko lursailak bizidunen artean kostu bidez eskualdatzeko egintza guztietan.
13. artikulua.– Arau-hausteak.
Hauek ezartzen dutena izango da Meatzaldea Biotopo Babestuko arau-hauste eta zigorren araubidea: Natura babesteko Legea; natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen VI. titulua, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean atzera egitea.
Atzera egiten da gune hori eraentzeko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan baten onarpenean; plan hori 2006ko ekainaren 13ko Aginduaren bidez hasi (uztailaren 7ko EHAA, 129. zk.) eta 2011ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez aldatu zen (ekainaren 29ko EHAA, 123. zk.). Beraz, indarrik gabe uzten da Babestutako Espazio Natural honen prebentzio-erregimena, Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen Testu Bateginaren 9.1 artikuluari jarraikiz ezarritakoa.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 10ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.