125. zk., 2014ko uztailaren 3a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (250 KB - 5 orri.)
- EPUB (199 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2983
AGINDUA, 2014ko ekainaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofiziala arautzen eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren zenbait alderdi garatzen dituena Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
2009ko urriaren 21ean, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak legegintzako bi egintza onartu zituzten: 1107/2009 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2009ko urriaren 21ekoa, produktu fitosanitarioen merkaturatzea arautzen eta Kontseiluaren 79/117/EEE eta 91/414/EEE direktibak indargabetzen dituena; eta 2009/128/EE Direktiba, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2009ko urriaren 21ekoa, pestizidak modu jasangarrian erabiltzeko Erkidegoko ekintza-esparrua ezartzen duena. Biek ala biek sakonki aldatu dute produktu fitosanitarioak merkaturatzeari eta erabiltzeari buruz indarrean zegoen araudia, bere egin baitituzte pestiziden erabilera jasangarrirako estrategiaren postulatuak eta kontuan hartu baitute Europako Erkidegoaren Ingurumeneko VI. Ekintza Programa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/128/EE Direktibak oinarrizko zenbait xedapen ezartzen ditu, produktu fitosanitarioen erabilera arrazionalizatzeko eta, hartara, pestizidek giza osasunarentzat eta ingurumenarentzat dituzten arrisku eta ondorioak murrizteko. Era berean, helburu hori bera lortzeko Espainiako ekintza-planaren oinarrizko xedapenak ezartzen ditu. Beharrezkoa da horiek guztiak barne-antolamendu juridikoan sartzea, eta gai batzuk barnean daude dagoeneko, hala nola produktu fitosanitarioak erabiltzeko ekipamenduaren aldizkako azterketak; hain zuzen ere, azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuaren bidez sartu zen gai hori barne-antolamendu juridikoan, Direktibaren 8. artikulua eta II. eranskina iraultzen baititu hark.
Kontuan izanik Erkidegoko araudi berriaren aplikazio-esparrua eta «produktu fitosanitario» terminoaren adiera-zabaltasuna –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1107/2009 (EE) Erregelamenduak definitzen du terminoa–, produktu fitosanitarioak dira nekazaritzan erabiltzen direnak bai eta beste alor batzuetan ere erabiltzen direnak. Esan bezala, Kontseiluaren 79/117/EEE eta 91/414/EEE direktibak, produktu fitosanitarioak merkaturatzeari buruzkoak, indargabetzen ditu 1107/2009 (CE) Erregelamenduak, eta, hortaz, baita haiek iraultzeko xedapenak ere. Haien ordez, honakoa onartu da: 1311/2012 Errege Dekretua, irailaren 14koa, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duena.
Araudi berria oinarrizkoa denez gero, autonomia-erkidego eskudunek irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretua gara dezakete; bereziki, sistemak behar bezala funtzionatzeko arauz garatu beharreko gaiei dagokienez eta Errege Dekretuaren beraren arabera autonomia-erkidegoek garatuko eta egokituko dituzten gaiei dagokienez. Hain zuzen ere, hori da Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofizialaren kasua: aurreko erregistroaren (Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroaren) ordezkoa da –azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuaren bidez onartutako araudi tekniko sanitarioak sortu zuen Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroa, eta Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistroaren jatorria izan zen, baina, urriaren 11ko 1054/2002 Errege Dekretuaren bitartez, Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistroa bereizi egin zen–.
Erkidegoko araudia EAEko antolamendu juridikoan sartzeari dagokionez, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 1990eko martxoaren 8an Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroan izena emateko eta hura abian jartzeko arauak ezartzeko emandako aginduaren arabera, Erregistroan izena eman behar dute hirugarrenei zerbitzu egiten dieten eta pestizida bidezko tratamenduak ematen dituzten enpresa eta profesionalek. Agindu hori aldatu zuen Industria, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 1995eko otsailaren 27an emandako agindu batek, kontuan izanik aldaketak izan zirela Erkidegoko araudian eta, haien ondorioz, pestizida bidezko tratamenduak ematen dituzten langileek gaikuntza-maila jakin bat eskuratu behar zutela.
Irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuak, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duenak, Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofiziala sortzen eta arautzen du 42-45. artikuluetan, eta haren barnean sartzen du Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroa, haren atal gisa. Zehazki, zera definitzen dute artikulu horiek: Erregistroa, haren esparrua, haren jarduerak, haren atalak, Erregistroan izena ematearen ondorioak, Erregistroaren egitura eta funtzionamendua, izen-ematea bera, eta izen-emateen berrikusketa.
1311/2012 Errege Dekretuko 42.5. artikuluak xedatzen duenez, autonomia-erkidegoek kudeatu behar dute Erregistroa, nork bere lurralde-esparruan, eta, horretarako, beharrezko baderitzote, Erregistroko bulegoen lurralde-sare bat eratu dezakete. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Elkarte osorako erakundeen eta bertako kondaira-lurraldeetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.b.1 artikuluan dioenez, berriz, lurralde historikoei dagokie erakunde komunek landareen osasunari buruz ematen dituzten arauak garatzea eta betearaztea. Ildo horretan, kontuan izanik produktu fitosanitarioen erabilera jasangarriari buruzko Europako araudia; irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretua, Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofiziala sortzen eta arautzen duena (alegia, oinarrizko xedapenen bidez Europako araudia Estatuko antolamendu juridikoan sartzen duena); eta azaroaren 25eko 27/1983 Legea, eskumenak erakunde komunen eta lurralde historikoen artean banatzen dituena;
Honakoa
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Agindu honen xedea da Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistro Ofiziala arautzeko, abian jartzeko eta kudeatzeko arauak ezartzea eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duenaren, zenbait alderdi garatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan alor honetan dagoen eskumen-banaketara egokitzea.
2. artikulua.– Irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuak, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duenak, sortu zuen Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofiziala, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1107/2009 (EE) Erregelamenduari, produktu fitosanitarioen merkaturatzea arautzen eta Kontseiluaren 79/117/EEE eta 91/414/EEE direktibak indargabetzen dituenari, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/128/EE Direktibari, pestizidak modu jasangarrian erabiltzeko Erkidegoko ekintza-esparrua ezartzen duenari, jarraituz.
3. artikulua.– Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofizialean izena ematea legez eratzea da, eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuak, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duenak, arautzen du haren egitura eta funtzionamendua. Era berean, zera da Erregistroa: errolda bat, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren estatistikak, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kontrol ofizialen plangintza eta kontrolak berak eta beste nekazaritza-politika batzuk optimizatzeko eta nekazariei eta gaiari buruzko interesa duten beste pertsona batzuei beharrezko informazioa emateko.
4. artikulua.– Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroko produktu fitosanitarioen atala Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofizialean sartuko da –azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuaren bidez onartutako araudi tekniko sanitarioak sortu zuen Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroa–.
5. artikulua.– Jarduera hauek daude Defentsa Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofizialaren esparruan:
a) Defentsa fitosanitariorako baliabideak (indarrean dagoen araudiak halakotzat hartzen dituenak) hornitzea, produktuak emateko makineria eta ekipamendua izan ezik; tartean, produktuen fabrikazio edo ekoizpena, merkaturatzea, logistika, biltegiratzea, banaketa eta salmenta edo lagapena, oro har.
b) Tratamendu fitosanitarioak ematea, bai lurrean, bai airean, bai biltegietan edo beste lokal batzuetan:
1) Beren langileak erabiliz, enpresa, kooperatiba eta beste erakunde batzuek zerbitzu egitea.
2) Instalazio edo ekipamendu finkoak erabiliz, haziak desinfektatzea eta bildutako uzta tratatzea, direla desinfekzioa eta tratamendua industrialak, direla korporatiboak.
c) Nekazaritza-ustiategi, erakunde eta partikularrei aholku ematea.
d) Profesionalek erabili beharreko produktu fitosanitarioak eskuztatzea eta erabiltzea.
6. artikulua.– Aurreko artikuluak aipatzen dituen jardueretan aritzeko, salbu eta profesional ez direnek erabil ditzaketen produktu fitosanitarioak bakarrik merkaturatzeko, ezinbestekoa da Erregistroan izena ematea, betiere, baldin eta jarduna komertziala, industriala edo korporatiboa bada.
7. artikulua.– Erregistro bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde historikoek kudeatuko dute, nork bere lurralde-esparruan. Foru-aldundi bakoitzak organo eskudun bat izendatuko du, eta haren adskripzio administratiboa zehaztuko. Erregistroaren lurralde-bulegoez arduratzen diren foru-organoak koordinatu egingo dira, eta beren datuak lotuko dituzte, bikoiztasunik izan ez dadin eta sistema ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza eskuduna arduratuko da Erregistroaren hiru lurralde-bulegoen arteko koordinazioa egokia izan dadin, eta bere gain hartuko du gainerako autonomia-erkidegoetako erregistro ofizialekiko komunikazio- eta koordinazio-lana.
8. artikulua.– Erregistroaren egitura eta funtzionamendua izango da irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuak, produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duenak, 43. artikuluan xedatzen duena. Artikulu horretako 4. atalaren ondorioetarako, Erregistroaren lurralde-bulegoek Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari helaraziko diote informazioa, eta hark, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko organo eskudunari, 43.4 artikuluak berak moduari, epeei eta datuak babesteko bermeei dagokienez ezartzen dituen baldintzetan.
9. artikulua.– Erregistroan izena emateko prozedura eta izen-ematearen ondorioak izango dira irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuko 44. artikuluak xedatzen dituenak, eta izen-emateak berrikusteko prozedura, irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuko 45. artikuluak xedatzen duena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Azaroaren 18ko 1702/2011 Errege Dekretuak arautzen du produktu fitosanitarioak emateko makineria eta ekipamenduaren ikuskapena. Bada, foru-aldundietako organo eskudunak arduratuko dira horretaz, eta haiek egingo dituzte defentsa fitosanitariorako baliabideen alorreko gainerako ikuskapen-lanak ere. Nolanahi ere, beharrezkoa da organook Eusko Jaurlaritzako sail eskudunarekin koordinatzea, Landare Osasunaren EAEko Batzorde Tekniko Koordinatzailearen esparruan.
Landare Osasunaren Batzordeak berak koordinatuko ditu Espainiako Ekintza Planaren inguruko jarduerak Euskal Autonoma Erkidegoan –irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuak ezartzen du Plana–, eta hura arduratuko da zehazteaz zer gai komunikatuko eta dibulgatuko diren, nola komunikatuko eta dibulgatuko diren, eta nola parte hartuko duen sektore publikoak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuak «autonomia-erkidegoetako organo eskudunak» aipatzen dituenean, jo behar da Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaz ari dela, betiere, lurralde historikoetako foru-organoek landareen osasunaren alorrean errege-dekretu horretako bertako jarduerak egiteko eskumenei kalte egin gabe.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoan, Hazi Fundazioa izango da «erabiltzaile profesionalak eta saltzaileak» trebatzeko arduraduna –irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren IV. kapituluak arautzen du egiteko hori–, edo nahitaezko eskakizunak betetzen dituen eta Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen beste edozein.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak emango ditu produktu fitosanitarioen bidezko tratamenduak emateko gaikuntza egiaztatzen duten txartelak, irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrari jarraituz. Hazi Fundazioak eta mota bakoitzeko trebakuntza- eta gaikuntza-ikastaroak antolatzen dituen beste edozein erakundek haiek gainditzen dituztenen dokumentu eta datuak helaraziko dizkiote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari.
Hala ere, agindu hau indarrean sartu aurretik emandako txartelak, baldin eta irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuarekin bat datozen ikastaroak gainditu izanari esker lortu badira, baliozkoak izando dira erabat, eta ez da izango haien formatua egokitu beharrik. Dena dela, interesdunak eskatzen badu, txartel-eredu berria eskuratu ahalko du.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru-aldundietako organo eskudunek emango diete egiaztagiria tratamenduei eta defentsa fitosanitarioari buruz aholku emateko pertsonei, irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrari jarraituz.
Baldin eta aholkulari-gaikuntza emateko beharrezkoa bada hautagaien esperientzia eta curriculum-egokitasuna ebaluatzea, Landare Osasunaren EAEko Batzorde Tekniko Koordinatzailea arduratuko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Honakoak indargabetzen dira: Agindua, 1990eko matxoaren 8koa, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Izurrilkarietako Merkataldegi eta Zerbitzuen Errolda inskribatu eta jarduteko arauak ematen dituena; eta Agindua, 1995eko otsailaren 27koa, Industria, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Izurriak Hiltzeko Enpresa eta Zerbitzuen Erregistroan inskribatu eta jarduteko arauak ematen dituen Agindua aldatzeko dena.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 25a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.