67. zk., 2014ko apirilaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (293 KB - 19 orri.)
- EPUB (210 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1614
46/2014 DEKRETUA, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide-Heziketako Ikastetxe Bateratuak arautzen dituena.
Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren helburua da lanbide heziketako sistema bateratu bat antolatzea. Sistema horrek hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza bideratu behar du, besteak beste, bi tresna hauen inguruan: batetik, Lanbide Koalifikazioen Katalogo Nazionala, zeina jardun profesionalerako eskatzen diren gaitasunen erreferente komuna baita; eta, bestetik, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak, zeinek hezkuntza-administrazioak ematen dituen lanbide-heziketako tituluak eta lan-administrazioak ematen dituen profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko irakaskuntzak eskainiko baitituzte.
Aipatu legearen 11. artikuluaren 6. paragrafoan ezarritakoa garatzeko, azaroaren 23ko 223/2004 Dekretuak lanbide-heziketako ikastetxe bateratuaren figura arautu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioaren eremuan, eta ikastetxe horiek izan behar dituzten helburuak, eginkizunak eta gutxieneko betekizunak ezarri zituen.
Aipatu dekretua indarrean jarri eta gero, abenduaren 23ko 1558/2005 Dekretua onartu zen. Dekretu horrek lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko betekizunak arautzen ditu, Autonomia Erkidegoen Administrazioek garatu beharrekoak, eta marko bat ezartzen du, ahalbidetuko duena hezkuntzaren eta lanaren arloan eskumena duten sailek lanbide-heziketako eskaintza bateratu bat euren artean kudeatzea; zehazki, lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko eskaintza bat.
Lanbide-heziketa (bai hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketa, bai enplegurako lanbide-heziketa) antolatzeko eman diren geroko xedapen orokorrek ere lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak sortzea aurreikusi dute. Xedapen orokor horiek indarrean jarraitzen dute, eta hauek dira: maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa; martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema arautzen duena; eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena. Halaber, lan-eskarmentu bidez eskuratutako lanbide- gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak, aitorpen hori egiteko prozedura eta baldintzak ezartzen ditu, eta aitorpen hori da, hain zuzen ere, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuei esleitutako egitekoen funtsezko alderdi bat.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako lanbide-heziketako planetan azpimarratzen da ezen lanbide-heziketako sistema bateratuaren oinarrizko ezaugarrietako bat dela lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatuen sare bat garatzea. Sare horren prestakuntza-eskaintzan sartu behar da, hain zuzen ere, langile eta langabeei eskainiko zaiena.
Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak. Bada, errege-dekretu horrek ahalbidetu du Euskal Autonomia Erkidegoak enplegurako lanbide-heziketaren arloko politiken kudeaketa bere egitea.
Azkenik, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko 1/2013 Legearen, urriaren 10eko II. Kapituluan, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak definitzen dira, eta ikastetxe horiek izan behar dituzten prestakuntza-eskaintzak zeintzuk diren eta zein motatako ikastetxeak izan daitezkeen ikastetxe bateratu adierazten du. Halaber, lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen autonomia-esparrua adierazten da, hots, ikastetxe horiek autonomia bat izango dutela antolamenduari, pedagogiari eta ekonomiaren eta langileen kudeaketari dagokionez, betiere, Eusko Jaurlaritzak ezartzen duenaren arabera.
Horretarako, beharrezkoa da berriro arautzea lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen figura: ikastetxe horiek herritarren eta produkzio-sektorearen zerbitzura dauden instituzio gisa eratu behar dira, eta lagundu egin behar dute pertsonen koalifikazioan eta birkoalifikazioan, kontuan hartuta bizialdi osoko ikaskuntza pertsonen eskubide bat dela, eta botere publikoek bermatu egin behar dutela.
8/2013 Dekretuak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari ematen dio enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren gaineko eskumena, enplegu-politikari dagozkion funtzioen barruan (8/2013 Dekretua, martxoaren 1ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua aldatzen duena). Azpisistema hori Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin batera landuko da; izan ere, sailburuordetza horrek du ardura lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak ezartzeko, eta, hartara, bizitzan zehar koalifikazioak eskuratzea edo emendatzea ahalbidetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan (betiere, zerbitzu horren erantzukizunen barruan).
Bestalde, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak sail honen esku uzten du lanbide-heziketaren arloko plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak ezartzea, bizitzan zehar koalifikazioak eskuratzea edo emendatzea ahalbidetzeko.
Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak, xedapen honen eta 1558/2005 Errege Dekretuaren arabera, ikasleen, langileen edo langabeen prestakuntza-premia aldakorrei erantzuteko gai diren instituzio gisa ulertu behar dira, eta gai izan behar dute, halaber, hainbat zerbitzu eta jarduera eskaintzeko, hain zuzen ere, zerikusia dutenak prestakuntzarekin, informazio eta orientazioarekin, lan-eskarmentu bidez edo prestakuntza-bide ez formalak medio lortutako lanbide-gaitasunen ebaluazio edo akreditazioekin, eta, oro har, enplegagarritasuna eta herritarrek ekiteko eta berritzeko duten gaitasuna hobetzearekin.
Era berean, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek euren inguruko produkzio- eta prestakuntza-sektorea orientatzeko erreferenteak izan nahi dute, lanbide-heziketako eskaintzak egin nahi dituzte, eta eskuragarri dauden giza-baliabideak eta materialak optimizatu nahi dituzte.
Helburu horiek lortzeko, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek ezinbesteko dituzte honako hauek guztiak: antolamenduari dagokion autonomia eta malgutasuna; prestakuntza-eskaintza programatzeko moldaerraztasuna; eta lan-munduko prestakuntza-premia aldakorrei erantzuteko gaitasuna (aldaketa azkarren ondoriozko premiak, hots, aldaketa teknologikoen, materialen eta antolamenduzkoen ondoriozkoak). Horretarako, araudi bat behar dute, zerbitzuak eraginkortasunez, autonomoki, malgutasunez eta kalitatez ematea bermatuko duena. Halaber, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek, euren helburuak behar bezala lortze aldera, ziurtatu egin behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-eragilerik garrantzitsuenen parte-hartzea.
Dekretu honek alderdi hauek barne hartzen ditu, besteak beste: lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen definizioa, tipologia, helburuak, eginkizunak, betekizunak, eraketa, autonomia, plangintza, antolamendu-eredua eta irakasleriari dagozkion alderdiak.
Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak eta batera egindako proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 1ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua.
Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak arautzea, Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren esparruan.
2. artikulua.– Definizioa.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak dira, dekretu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzeaz gain, Lanbide Koalifikazioen Katalogo Nazionaleko prestakuntza-eskaintza guztiak dituztenak. Prestakuntza-eskaintza horiek izango dira, hain zuzen ere, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien eta horrela sortuak edo baimenduak izan diren lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek euren prestakuntza-jardueretan sartuko dituzten irakaskuntzak hauek izango dira: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak, langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak, eta bizialdi osoko ikaskuntzari dagozkionak, lanean dabilen langileriarentzat direnak.
3.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez –koalifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.
3. artikulua.– Prestakuntza-eskaintza.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren eta enplegurako lanbide-heziketaren araudian aurreikusitako prestakuntza-eskaintza egingo dute.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek hasierako lanbide-heziketako irakaskuntzak (erdi eta goi-mailakoak) eta enplegurako lanbide-heziketako irakaskuntzak emango dituzte, betiere, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako gutxieneko lanbide-familia kopuru bati lotuta. Nolanahi ere, ematen dituzten lanbide-familien izaera berezia edo dagokion produkzio-sektorearen berezitasuna dela-eta, baimendu ahal izango dira gutxieneko kopuru hori betetzen ez duten ikastetxe bateratuak ere, justifikatuta.
3.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek ezingo dituzte eman hezkuntza-sistemako lanbide-heziketakoak ez diren hezkuntza-sistemako irakaskuntzak.
4. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratu motak.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak publikoak edo pribatuak izan daitezke.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa titular duten ikastetxeak. Honako hauen menpe egon daitezke:
a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe, dagokion organo eskudunaren bidez.
b) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren menpe, dagokion organo eskudunaren bidez. Ikastetxe horiek, hasierako lanbide-heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe publiko bateratu bati atxikiko zaizkio.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari lotuta edo haren menpe dauden beste sail edo erakunde publiko batzuen menpe. Ikastetxe horiek, hasierako lanbide-heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe publiko bateratu bati atxikiko zaizkio.
3.– Lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuak dira izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridiko bat titular dutenak. Ikastetxe horiek, hasierako lanbide-heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe publiko bateratu bati atxikiko zaizkio.
4.– Dekretu honetan ezartzen denaren ondorioetarako, lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuak ikastetxe itunduak izango dira, baldin eta hasierako lanbide-heziketan dauzkaten irakaskuntzak funts publikoen bidez mantentzen badira, eta itun-araubidearen araberakoak badira.
5. artikulua.– Xedeak.
Xede hauek izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek:
a) Pertsonei, bizitzan zehar, koalifikazioa eta birkoalifikazioa ematea, lanbide-heziketa modular, malgu eta kalitatezko baten eskaintza eginda, hots, herriaren eskaeretara eta produkzio-sistemak sortutako beharretara egokitutako lanbide-heziketa baten eskaintza eginda. Horrek erraztu egin behar dio jendeari enplegu bat lortzea, eta lanean daudenen lanpostuak mantentzen, hobetzen eta mugigarriago egiten lagundu behar du.
b) Pertsonei lanbide-informazioa eta -orientazioa ematea, lanbide-heziketan dituzten aukera eta beharren inguruan erabakirik egokienak har ditzaten, betiere, bizi diren inguru produktiboa kontuan hartuta.
c) Behar izanez gero, pertsonek lan-eskarmentu bidez edo prestakuntza-bide ez formalen bitartez lortutako gaitasunak ebaluatzen edo akreditatzen laguntzea.
d) Lankidetza-guneak ezartzea, lanbide-heziketaren sistemaren eta inguru produktiboaren artean, berrikuntzaren eremuan proiektuak eta ekintzak burutzeko, eta bizialdi osoko ikaskuntzaren kultura bat zabaltzeko.
e) Lana eta lanbide-heziketa txandakatzea ahalbidetzen duen eredu bat bultzatzea.
f) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzea, alderdi guztietan: prestakuntza, antolamendua eta lana.
g) Pertsonen mugigarritasuna sustatzea, koalifikazio profesionalen europar marko bateratuan.
h) Herritarrengan berritzeko eta ekiteko gaitasuna bultzatzea.
i) Bitarteko eta errekurtso naturalen kudeaketa jasangarria ekintza eta enplegu berriak bultzatzeko aukera bihurtzen duen, eta produkzio-eredua aldatzea eta horren erreferente berriak eratzea bultzatzen duen lanbide-heziketako eredu baten alde egitea.
j) Sozialki jasangarria den hazkuntza-eredu bat osatzen laguntzea, aukera-berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren sustatzaile eta bermatzaile gisa.
k) Gizartean, laneko segurtasun eta osasunaren arloan, prebentzio-kultura bat garatzea eta finkatzea.
6. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek eginkizun hauek izango dituzte, zeinahi delarik ere euren titulartasuna:
a) Baimenduta dauzkaten lanbide-familia edo -arloetako profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko prestakuntza-eskaintza ematea, edo pertsonen nahiz inguru produktiboaren premiei behar bezala erantzuten dien prestakuntza-eskaintza ematea.
b) Loturak ezartzea inguruko produkzio-sistemarekin (sektore-mailakoa eta eskualde edo toki-mailakoa), honako eremu hauetan: irakasleei prestakuntza ematea, ikasleei lantokietan prestakuntza ematea eta Autonomia Erkidegoko edo beste leku edo herrialde batzuetako enpresa edo zentroetan bestelako jardun profesionalak egitea; ikasleei lanbide-heziketako proiektu dualak eskaintzea, txandakako erregimenean, betiere, sail eskudunek egiten dituzten deialdien arabera; berrikuntza aplikatua; eta produkzio-sistemaren profesionalek irakaskuntzan parte hartzea. Halaber, testuinguru berean, koalifikazio-premiak atzematen laguntzea eta langileen bizialdi osoko ikaskuntzaren garapenean laguntzea.
c) Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek eskatuta (betiere, hargatik eragotzi gabe ikastetxeen titular diren beste sail batzuek dituzten eskumenak), proiektuak bultzatzea, hots, ikastetxeko ikasleekin egingo diren ekintzailetza-proiektuak eta enpresa-sorkuntzakoak, baita ikaskuntzako metodologia berritzaileen garapenerako proiektuak ere.
d) Enplegu-zerbitzu publikoekin lankidetzan, informazio- eta orientazio-zerbitzuen sarean laguntzea, erabiltzaileei informazioa eta orientazioa ematen, banaka zein taldeka, prestakuntza-ibilbideetan eta lanbide-ibilbideetan sartzeko aukerak, mugikortasuna eta aurrerapena errazteko.
e) Enpleguaren eboluzioaren analisian eta inguruko produkzio-sisteman sortzen diren aldaketa teknologiko eta antolamendu-mailakoetan laguntzea, baita aldaketa horietatik eratorritako koalifikazio- eta prestakuntza-premiak identifikatzen ere.
2.– Horretaz gain, lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuek honako eginkizun hauek bete ditzakete, betiere, administrazioaren baimena baldin badute:
a) Lanbide-heziketako urrutiko eskaintza garatzen parte hartzea.
b) Pertsonek lan-eskarmentu bidez edo prestakuntzako bide ez formalak medio lortutako gaitasunak ebaluatzeko, aitortzeko eta akreditatzeko prozeduretan parte hartzea, aplikatu beharreko araudian ezarritakoa betez.
c) Berrikuntzari eta garapenari lotutako ekintzak eta proiektuak sustatzea eta garatzea, inguruko enpresekin eta gizarte-solaskideekin elkarlanean, eta garatzen diren esperientzien edukia eta balorazioa gainontzeko ikastetxeei helaraztea.
d) Irakasleen eta lanbide-heziketako azpisistemetan dabiltzan prestatzaileen prestakuntzan laguntzea.
e) Lanbide-heziketako beste ikastetxe batzuei informazioa eta aholkua ematea, eta horien arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatzea.
f) Estatu-mailan erreferentzia diren ikastetxeekin, lanbideen eta lanen behatokiekin eta hainbat erakunderekin batera, enpleguaren bilakaera eta inguruko produkzio-sistemetan izaten diren aldaketa teknologikoak eta antolakuntza-mailakoak aztertzea.
g) Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek zehazten dituzten antzeko beste eginkizun batzuk.
3.– Eginkizun horiek betetzeko, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek akordioak egin ahal izango dituzte enpresa, instituzio eta gainerako erakunde eta entitateekin, ikastetxe horien kalitatea eta eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzeko. Ikastetxe publikoen kasuan, akordio bat egin ahal izateko, kontuan izango dira eskumenen arloko arauak eta aplika daitezkeen prozedurak.
II. KAPITULUA
BALDINTZAK, ERAKETA ETA ERREGISTROA
7. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen baldintzak.
1.– Honako baldintza hauek bete behar dituzte lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek:
a) Lanbide-heziketako tituluen eta ematen diren irakaskuntzei dagozkien profesionaltasun-ziurtagirien araudian ezarritakoak, ikastetxearen funtzioak kudeatzeko, koordinatzeko eta laguntzeko jarduerak egiteko gune egokiei dagokienez, prestakuntzako zereginetarako gela, laborategi eta tailerrei dagokienez, eta irakasleria koalifikatuari dagokionez, betiere, irakaskuntza bakoitzaren araudiaren arabera.
b) Instalazioek indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzea (baldintza higienikoak, akustikoak, bizigarritasunekoak, segurtasunekoak, irisgarritasunekoak).
c) Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek behar adina irakasle, prestatzaile eta aditu profesional izango dituzte, esleituta dituzten eginkizunak garatzeko prestakuntza-programetatik sortutako premiei erantzuteko. Horretarako, dekretu honen 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoa izango dute kontuan, baita lanbide-heziketako azpisistemetarako dauden arauak ere. Halaber, administrazioko eta zerbitzuetako behar adina langile izango dituzte, administrazio-kudeaketako zereginetarako eta zaintza- eta mantentze-zerbitzuetarako.
d) Kalitatea kudeatzeko sistema bat izatea, hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek zehaztutakoa, edo, halakorik ez badaukate, urtebeteko epean lortzeko konpromisoa hartzea. Sistema horrek ziurtatu beharko du helburuak lortuko direla eta dekretu honetan ezarritako xede eta eginkizunak beteko direla.
e) Ikastetxe baten eraldatze, fusio edo banatze batetik datozen lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen kasuan, azken 5 urteetan ibilbide aitortua eta nabarmena izatea honako jarduera hauetan guztietan parte hartzen: berrikuntza teknologikoa eta/edo didaktikoa, inguruko produkzio-sistemarekin berrikuntzaren arloko loturak ezartzea, kultura ekintzailea eta enpresa-sorkuntzakoa bultzatzea, produkzio-prozesuak hobetzea eta garatzea, eta lanbide-heziketako azpisistemekin lotutako eskaintzak garatzea.
f) Aurreko idatzi-zatian sartu ez den lanbide-heziketako ikastetxe bateratu bat sortzen bada, produkzio-ehun esanguratsua duen inguru batean kokatuta egon behar da, eta produkzio-ehun horri lotutako lanbide-heziketako eskaintza bat izan behar du bi azpisistemetan, hiru lanbide-familia edo gehiagori dagokiona.
2.– Sail eskudunek gune eta instalazio berezi batzuk erabiltzeko baimena eman dezakete, eta, hala badagokio, baita inguru profesionalei dagozkien ekipamendu eta instalazioak erabiltzeko ere, hots, prestakuntza emateko eta lanbide-gaitasunak ebaluatzeko beharrezkoak izanik, ikastetxeko gainerako instalazioetatik aparte kokatzen diren ekipamendu eta instalazioak. Lanbide Heziketako sailburuordeak emango die horretarako baimena hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeei; eta beste sail batzuen menpe dauden ikastetxeei, berriz, eskumena duen organoak emango die baimena.
8. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak sortzea, baimentzea eta ezeztatzea.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak sortu berriak edo lehendik dagoen ikastetxe baten eraldatze, fusio edo banaketa baten ondorioz sortuak izan daitezke.
2.– Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailen menpekoak diren lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak Jaurlaritzaren dekretu baten bidez sortu, eraldatu edo ezeztatuko dira, bi sailetako edozeinen ekimenez.
3.– Atxikitako edo menpeko beste sail edo erakunde publiko batzuen menpekoak diren lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak Jaurlaritzaren dekretu baten bidez sortu, eraldatu edo ezeztatuko dira, dagokion sailaren ekimenez.
4.– Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek, batera emango duten agindu baten bidez, eta ikastetxe pribatuaren titularraren eskariz, lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuak baimen ditzakete, dekretu honetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzen arabera. Baimena emateko espedientearen izapideak hezkuntzaren arloan eskumena duen sailean aurkeztuko dira.
5.– Lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuetarako baimena ezeztatzeko arrazoia izango da 7. artikuluan adierazten diren baldintzak ez betetzea. Koalifikazio Profesionalen Katalogo Nazionaleko prestakuntza-eskaintza guztiak emateko baldintza ez betetzea (baimenduta dituzten lanbide-familiei dagozkien profesionaltasun-ziurtagiriak eta lanbide-heziketako tituluak lortzera bideratutako prestakuntza-eskaintzak), ez da izango ezeztatzeko arrazoia, matrikula-faltaren ondoriozkoa bada eta bi ikasturtez baino gehiago luzatzen ez bada.
9. artikulua.– Erregistroa.
Lanbide-heziketako ikastetxe bateratu publiko zein pribatuak inskribatuko dira, batetik, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailean dagoen ikastetxeen erregistroan, eta, bestetik, enpleguaren arloan eskumena duen sailean dagoen ikastetxe akreditatuen erregistroan. Ikastetxe bakoitzak IFZ bat izango du, eta, halaber, kode bat izango du bakoitzak inskribatu den erregistroan.
III. KAPITULUA
AUTONOMIA, PLANGINTZA ETA EBALUAZIOA
10. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen autonomia.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak eta lanbide-heziketako Ikastetxe pribatu bateratuak autonomia-printzipioaren arabera arautuko dira: pedagogia-, antolamendu- eta kudeaketa-autonomia.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak autonomia izango dute antolamenduan, pedagogian, ekonomiaren eta langileen kudeaketan, betiere, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera.
3.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuek, betiere, euren autonomiaren barruan, akordioak eta hitzarmenak egin ahal izango dituzte enpresa, instituzio eta entitateekin, dauden azpiegitura eta errekurtsoei etekin hobea ateratzeko, edo aurreikusitako xedeak lortzen lagunduko duten bestelako ekintza batzuetarako. Kasu horretan, akordio bat egin ahal izateko, kontuan izango dira eskumenen arloko arauak eta aplika daitezkeen prozedurak.
4.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu bateratuek autonomia pedagogikoa baliatuko dute dagokion araudian ezarritako curriculum-esparrutik abiatuta, eta zehaztu egingo dituzte ikasleen ezaugarrien eta inguruko produkzio-sektoreak dituen koalifikazio-premien arabera –oro har– ezarritako helburuak, edukiak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio-irizpideak.
5.– Lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuen kudeaketa euren titularrei dagokie, eta murrizketa bakarra izango dute indarrean dagoen araudia aplikatzearen ondoriozkoa.
6.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen ekonomia-finantzen kudeaketa uztailaren 28ko 196/1998 Dekretuan edo hura ordezkatzen duten arauetan ezarritakoaren araberakoa izango da (196/1998 Dekretua, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeen ekonomia-finantzazko kudeaketaren erregimena arautzen duena).
7.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen Zuzendaritzek, euren ikastetxeetan hutsik dauden lanpostuetarako berariazko baldintzak eta profil profesionalak proposa ditzakete, lanpostu horietan jarduteko eskatzen diren ezaugarriak direla-eta. Halaber, ikastetxea menpean duen sailak ikastetxeen lanpostuen zerrendan jaso ahal izango du lanpostu bereziak direla, eta horiek merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez beteko dira.
8.– Hezkuntzaren arloan eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek, euren eskumeneko prestakuntza-eskaintzaren eremuan, lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuen eskaintzen matrikulazioa aginduko dute, eta eskaintza horien denbora antolatuko dute, erabiltzaile helduen denborara egokitzeko.
11. artikulua.– Proiektu funtzionala eta urteko plana.
1.– Ikastetxe publikoen kasuan, zuzendaritza taldeak, eta ikastetxe pribatuen kasuan, ikastetxearen titularrak, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen partaidetza- eta gobernu-organoen lankidetzarekin batera, ikastetxearen proiektu funtzionala landuko dute, eta bertan, gutxienez, honako hauek ezarriko dira:
a) Arlo soziekonomikoa eta lan-arloa deskribatzea.
b) Lehentasunezko helburuak eta jarduerak.
c) Ekintzak ebaluatzeko adierazleak eta mekanismoak.
d) Antolamendu-sistema eta kudeaketa-prozedurak.
e) Eskaintzen diren zerbitzu osagarriak, eta ikastetxearen eginkizunak aurrera eramateko garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk.
f) Gaitasunak ebaluatzeko, aitortzeko eta egiaztatzeko prozedurak, hala badagokio.
g) Prestakuntza-zikloaren eta gainerako prestakuntza-ekintzen curriculum-proiektuak.
h) Curriculum-proiektuekin bat datozen programazio didaktikoak.
i) Lanbide-orientazioko eta tutoretza-jarduerako plana.
j) Laneko arriskuen prebentzioaren arloko jardunbideak eta ikastetxeko ekipoen prebentziorako mantentze-plana.
2.– Ikastetxearen proiektu funtzionalak energia- eta produkzio-efizientziarako eta energia berriztagarrien erabilerarako plan bat jasoko du, eta haren jarduera-eremuetan kontratazio publiko berderako irizpideak sartuko ditu, modu eraginkorrean energia-aurrezteari eta kontsumo-murrizketari lagunduko diotenak, eta zaindu behar du helburu horiek, hala badagokio, eraikinen birgaitzeetan eta ekipo eta instalazioen hobekuntzan bete daitezen.
3.– Ikastetxearen proiektu funtzionalaren ekintzen kalitatea bermatzeko, dekretu honen 7.2.d artikuluan adierazitako kalitatea kudeatzeko sisteman, kalitate-helburuak sartuko dira, hots, proiektu horren helburuekin zerikusia dutenak, eta, gutxienez, ikasleen laneratze-maila eta proiektuari lotutako erabiltzaileen eta enpresen gogobetetze-maila ebaluatzen dutenak.
4.– Ikastetxearen proiektu funtzionala eskumena duen organoak onartuko du, eta ikastetxean izango du eskuragarri hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duen sailak edo ikastetxea menpean duen beste edozein sailek. Ikastetxe pribatu itunduen kasuan, hezkuntzaren edo enpleguaren arloan eskumena duen edozein sailek izango du eskuragarri proiektua.
5.– Ikastetxearen urteko planak ekitaldi bakoitzerako lehentasunezkoak diren jardunbideak barne hartuko ditu, bai ikastetxearenak, bai ikastetxearen departamentuenak.
6.– Ikastetxe bateratuaren zuzendaritza-taldeak urteko memoria bat egingo du, eta bertan honako hauek jaso dira: kudeaketa-sistemaren berrikuspenaren ondorioak, eta ezarritako bideetako edozein erabiliz jasotako hobekuntza-proposamenak. Memoria hori izango da abiapuntua proiektu funtzionala berrikusteko eta horren ondoriozko urteko plana lantzeko.
12. artikulua.– Programazioa eta finantziazioa.
1.– Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek, erakunde enpresarial eta sindikal garrantzitsuenekin batera, lanbide-heziketako eskaintza bateratua programatuko dute, talde guztien koalifikazio-premiei erantzuteko eta dauden baliabideak optimizatzeko. Baina horrek ez du esan nahi ikastetxeen titular diren beste sail batzuek ere gaitasun espezifikoak izango ez dituztenik. Programazio horren txostena Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak egingo du, eta urtero berrikusiko da.
2.– Programazio-eredu amankomuneko eskaintza finantzatzeko, hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek kontuan izango dute programazio horretan jaso diren prestakuntza-ekintzen araudia.
3.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek diru-laguntzak eta beste laguntza batzuk jaso ditzakete (hezkuntza-itunen araubidekoak barne), ematen dituzten zerbitzuak eta prestakuntza-ekintzak finantzatzeko.
4.– Ez da onartuko diru-laguntza, itun edo hitzarmenen pilaketarik prestakuntza-ekintza edo zerbitzu bera finantzatzeko, baldin eta gainfinantzaketa sortzen bada edo finantziazio publikoa lortzeko diru-laguntzen lerroetan ezarritako mugak gainditzen badira. Nolanahi ere, funts publikoen bidez jarduerak garatzen dituzten ikastetxeak behartuta daude herri-administrazioen aurrekontu eta diru-laguntzak arautzen dituzten xedapenen ondoriozko obligazioak betetzera.
5.– Europako Gizarte Funtsak aldi berean finantzatutako ekintzen kasuan, ikastetxeek laguntza horien kontrola arautzen duen erkidegoko araudia aplikatu beharko dute, baita publizitateari lotutakoa ere.
13. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuen ebaluazioa eta ikuskatzailetza.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuek honako hauei buruzko barne-ebaluazioa egingo dute urtero: euren funtzionamendua, egiten diren programa eta jarduerak, eta lortutako emaitzak.
2.– Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailei dagokie lanbide-heziketako ikastetxe bateratuak ikuskatzea. Horretarako, koordinazio-mekanismo batzuk ezarriko dira hezkuntza-ikuskaritzaren eta lan-ikuskaritzaren artean. Ikuskaritza horiek lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen eta lanbide-heziketako ikastetxe pribatu bateratuen ebaluazio tekniko-pedagogikoa egingo dute, gutxienez, bi urtean behin.
IV. KAPITULUA
LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXE BATERATUAK: GOBERNU-, PARTAIDETZA- ETA KOORDINAZIO-ORGANOAK
14. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuen gobernu- eta partaidetza-organoak.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuek, gutxienez, pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izango dituzte: zuzendaria, ikasketa-burua eta idazkaria. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe publikoek administratzaile bat ere izango dute. Gobernu-organo horiek ikastetxearen zuzendaritza-taldea osatuko dute.
2.– Ikastetxe publikoek zuzendaritza-zereginei eskaini behar dieten ordu-kopurua ikastetxea menpean duen sailak ezarriko du, haren tamainaren eta konplexutasunaren arabera.
3.– Ikastetxe publikoak menpean dituzten sailek pertsona bakarreko beste gobernu-organo batzuk ezar ditzakete erregelamendu bidez, euren eskumen-eremuko ikastetxe bateratuentzat.
4.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuek kide anitzeko partaidetza-organo hauek izango dituzte: Kontseilu Soziala eta Irakasleen Klaustroa.
15. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen koordinazio-organoak:
Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak menpean dituen sailak zehaztuko du koordinazio-organoen kopurua eta izen espezifikoa. Besteak beste, honako hauek izango dira:
a) Koordinazioko Batzorde Teknikoa.
b) Lanbide-familia bakoitzaren departamentua.
c) Lanbide-informazio eta –orientazioko departamentua.
16. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen pertsona bakarreko gobernu-organoak izendatzea eta horiek kargutik kentzea.
1.– Titulartasun publikoko ikastetxe bateratuen zuzendaritza osatuko da izendapen askeko prozeduraren bidez, eta merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioen arabera. Aurrez, ikastetxeko kide anitzeko partaidetza-organoei aholkua eskatuko zaie, hots, lanbide-heziketaren arloan esperientzia egiaztatua dutenei.
2.– Hezkuntza-administrazioaren eta lan-administrazioaren titulartasuneko ikastetxe bateratuen kasuan, izendapena egingo da, hain zuzen ere, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan adierazten diren irakasle funtzionarioen artean (1558/2005 Errege Dekretua, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituena). Euskal Eskola Publikoaren Legea bigarren aldiz aldatu zuen ekainaren 13ko 3/2008 Legearen Xedapen Gehigarrietatik lehenengoan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan, ikastetxe horien menpekoak diren eta irakasle funtzionarioen eginkizun edo lanpostu berberak betetzen dituzten lan-legepeko irakasle finkoak ere izendatu ahal izango dira, baldin eta lan-legepeko irakasleek osatzen badute, gutxienez, ikastetxe horietako irakasle guztien ehuneko berrogeita hamarra.
3.– Ikastetxeko zuzendariak proposamena egingo du ikastetxeko irakasleen artetik zuzendaritza-taldeko gainerako kideak izendatzeko, eta aurrez, kide anitzeko partaidetza-organoei aholkua eskatuko zaie.
4.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen zuzendaria eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideak izendatzeko edo kargutik kentzeko eskumena Lanbide Heziketako sailburuordeak izango du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kasuan. Beste sail batzuen menpeko ikastetxeen kasuan, sail horietan eskumena duen organoak egingo du izendapena edo kargutik kentzea. Izendapen hori, gehienez ere, lau urterako izango da, baina izendapena berritu ahal izango da, prozedura bera erabilita.
5.– Zuzendaria kargutik kentzen bada, zuzendaritza-taldeko gainerako kideak ere kargutik kenduko dira.
6.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen kide bakarreko gobernu-organoak kargutik kenduko dira honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Euren izendapen-aldia amaitzea.
b) Uko egite arrazoitua, eta ikastetxea menpean duen sailaren titularrak onartua.
c) Ezustean etorritako minusbaliotasun fisiko edo psikikoa.
d) Izendatu zuen organoak kargutik kentzea, behar bezala arrazoiak emanda.
17. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe pribatu itundu bateratuen pertsona bakarreko gobernu-organoak izendatzea eta horiek kargutik kentzea.
Ikastetxe pribatuetan, zuzendaria izendatzeko, mota horretako ikastetxeentzat indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
18. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako zuzendarien eginkizunak:
Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako zuzendariek eginkizun hauek izango dituzte:
a) Ikastetxearen jarduerak zuzentzea eta koordinatzea, eta horien ordezkari izatea.
b) Ikastetxea menpean duen saila ordezkatzea, eta hari helaraztea hezkuntza-komunitatearen planteamenduak, nahiak eta beharrak.
c) Ikastetxea menpean duen sailaren organo eskudunari pertsona bakarreko gobernu-organoen izendapena, eta, hala badagokio, kargugabetzea proposatzea, betiere, aurrez ikastetxearen kide anitzeko organoei aholkua eskatuta.
d) Ikastetxearen proiektu funtzionala zuzentzea eta koordinatzea, horren betetze-maila ebaluatzea, eta hobekuntza-planak sustatzea.
e) Ikastetxeari atxikitako langileen buruzagitza egitea, giza baliabideen politika definituz eta aplikatuz, betiere, 20.b artikuluko salbuespenarekin.
f) Ikastetxeko elkarbizitzan laguntzea, arazoak konpontzeko bitartekaritza bermatzea, eta ikasleei dagozkien neurriak ezartzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.
g) Ikastetxe eta inguruaren arteko harremana errazten duten erakundeekin, instituzioekin eta familiekin lankidetzan aritzea bultzatzea. Horrela, irakaskuntza erraztuko duen eskola-giroa sustatuko da, baita ikasleei balio, ezagutza eta gaitasunetan oinarritutako prestakuntza oso bat lortzen lagunduko dien jarduerak garatzea ere.
h) Enpresekin eta, oro har, eragile publiko zein pribatuekin sinatuko diren lankidetza-hitzarmenak bultzatzea eta erraztea, betiere, aurrez ikastetxeko kide anitzeko organoek onarpena emanda. Hitzarmen horien helburua izango da prestakuntza bateratua ematea, eta prestakuntza hori behar bezala burutzen dela zaintzea.
i) Ikastetxearen barne-ebaluazioak bultzatzea, eta kanpo-ebaluazioetan laguntzea.
j) Ekintza akademikoetarako deia egitea eta horien buru izatea.
k) Kide anitzeko partaidetza-organoak zuzentzea, eta organo horiek –euren eskumenez baliatzerakoan– hartzen dituzten erabakiak betetzen direla zaintzea.
l) Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioak egitea, kontratatzeko eskumena ikastetxeari esleitu zaion kasuetan.
m) Aurrekontua lantzea eta gauzatzea (sarrera eta gastuak baimenduz), ordainketak agintzea eta ikastetxearen ziurtagiri eta dokumentu ofizialak balioestea, aplikatu beharreko araudiak ezartzen duenaren arabera.
n) Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoa justifikatzea, gainean duen sailaren aurrean.
ñ) Hala badagokio, prestakuntza-ekintzak, eskainitako zerbitzuak edo programatutako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak kontratatzea, betiere, indarrean dauden prozedura eta arauen arabera, eta eskumena duen administrazioak ezarritako mugen barruan.
o) Ikastetxearen proiektuan jasotzen diren zerbitzuak ematen dituzten langileentzako prestakuntza-ekintzen alde egitea.
p) Ikastetxea menpean duen sailak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak, eta ikastetxearen antolamendu- eta funtzionamendu-araudian esleitzen zaizkionak.
19. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako ikasketa-buruen eginkizunak:
Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako ikasketa-buruek eginkizun hauek izango dituzte:
a) Ikastetxearen proiektu funtzionalean jasotako hezkuntza-helburuak betetzeaz arduratzea.
b) Ikastetxearen prestakuntza-plana idaztea.
c) Ikastetxeak egiten dituen jarduerak koordinatzea: jarduera akademikoak, informazio eta orientaziokoak, lanbide-gaitasunak ebaluatzekoak, eta irakaskuntzaren prestakuntzarekin, berrikuntzarekin, ikerketarekin eta sustapenarekin lotutako gainerako jarduerak.
d) Ikastetxearen ordutegi orokorra egitea, eta betetzen dela egiaztatzea.
e) Departamentu-burutzen jarduerak koordinatzea.
f) Ekintza akademikoak antolatzea.
g) Zuzendaria ordezkatzea, hura ez dagoenean.
h) Zuzendaritzak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak, eta ikastetxearen antolamendu- eta funtzionamendu-araudian esleitzen zaizkionak.
20. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako idazkarien eginkizunak:
Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako idazkariek eginkizun hauek izango dituzte:
a) Ikastetxearen partaidetza-organoen idazkari-lanak egitea: aktak egitea eta lortutako akordioen fede ematea, betiere, zuzendaritzak oniritzia emanda.
b) Ikastetxearena den dokumentazio guztia zaintzea.
c) Agintariek edo ikastetxearen erabiltzaileek eskatutako ziurtagiriak egitea.
d) Zuzendaritzak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak, eta ikastetxearen antolamendu- eta funtzionamendu-araudian esleitzen zaizkionak.
21. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako administratzaileen eginkizunak:
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako administratzaileek eginkizun hauek izango dituzte:
a) Ikastetxearen administrazio-araubidea antolatzea, zuzendaritzak ezarritako jarraibideen arabera.
b) Ikastetxearen administrazioko langileen buruzagitza izatea.
c) Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea ikastetxearen aurrekontua lantzerakoan eta gauzatzerakoan.
d) Zuzendaritzak esleitzen dion beste edozein eginkizun, beste araudi batzuen bidez esleitzen zaizkionak, eta ikastetxearen antolamendu- eta funtzionamendu-araudian esleitzen zaizkionak.
22. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen pertsona bakarreko gobernu-organoen ordainketa- eta aitorpen-araubidea.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen pertsona bakarreko gobernu-organoei modu bereizian ordainduko zaie, eskatzen zaien erantzukizun eta dedikazioaren arabera, eta, betiere, horretarako dauden osagarriei ezarritako zenbatekoen arabera.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako zuzendari, ikasketa-buru eta idazkariak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailekoak, euren agintaldiaren amaieran, hots, lau urteko agintaldiaren amaieran, ebaluatu egingo dira, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezartzen den prozedurari jarraikiz.
3.– Karguaren ebaluazioan balorazio positiboa lortu duten zuzendariek, jardunean dauden bitartean, dagokion lansari-osagarriaren zatia jasotzen jarraituko dute, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarritako prozeduraren eta zenbatekoaren arabera.
4.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako pertsona bakarreko gobernu-organoek, barne-sustapenaren ondorioetarako, unibertsitateaz kanpoko gainerako ikastetxe publikoetako gobernu-organoei indarrean dagoen legeriak aitortzen dien izaera bera izango dute.
23. artikulua.– Kontseilu soziala.
1.– Kontseilu soziala da gizarteak lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetan duen partaidetza-organoa, baita lanbide-heziketako ikastetxe pribatu itundu bateratuena ere.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen kasuan, Kontseilu Soziala eskubide osoko 12 kidek osatuko dute, zeinak honela banatuko baitira:
a) Zuzendaria, zeina Kontseiluaren buru izango baita, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren ordezkari bat, enpleguaren arloan eskumena duen sailaren beste ordezkari bat, eta hirugarren ordezkari bat, ikastetxea menpean duen sailarena.
b) Hezkuntza-komunitatearen ordezkariak (lau): irakasleek hautatutako bi pertsona, administrazio eta zerbitzuetako langileek hautatutako bat, eta adinez nagusi diren ikasleek hautatutako beste bat.
c) Gizarte-eragileen ordezkariak (lau): enpresa-erakundeetatik, bi, eta sindikatu-erakundeetatik, beste bi; Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza-mailarik handiena duten enpresa- eta sindikatu-erakundeak izango dira, hots, erakunderik garrantzitsuenak. Erakunde horietakoren batek ordezkaririk izendatzen ez badu, ordezkaritzari uko egiten bazaio edo behin eta berriz huts egiten bada Kontseilu Sozialaren bileretara, hutsune hori beteko da garrantzitsuenak diren gainerako erakundeetako kideekin, betiere, ordezkaritza-mailaren araberako hurrenkerari jarraikiz.
d) Ikastetxearen idazkariak egingo ditu Kontseiluaren idazkari-lanak. Idazkari horrek hitz egiteko eskubidea izango du; ez, ordea, botoa emateko eskubiderik.
3.– Lanbide-heziketako ikastetxe pribatu itundu bateratuen kasuan, aurreko paragrafoan adierazi bezala osatuko da Kontseilu Soziala, a) idatzi-zatian adierazten diren pertsonen kasuan izan ezik; horiek ikastetxearen titularraren lau ordezkarik ordezkatuko dituzte, eta horietako bat zuzendaria izango da, zeina Kontseiluaren buru izango baita.
4.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuen Kontseilu Sozialaren eginkizunak hauek izango dira:
a) Ikastetxearen proiektu funtzionala lantzeko jarraibideak ezartzea eta proiektua onartzea.
b) Urteko aurrekontua eta balantzea onartzea.
c) Ikastetxearen proiektu funtzionalaren gauzatzeari segimendua egitea, baita ikastetxearen jarduerei ere, eta zerbitzuen kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia bermatzea.
d) Ikastetxearen zuzendaria izendatu aurretik, horri buruzko txostena egitea.
e) Irakasle adituen zerbitzuak kontratatzeko proposamena onartzea, zuzendariaren proposamenez.
f) Enpresa, instituzio eta erakundeekin lankidetzan aritzea bultzatzea, ikastetxearen proiektu funtzionalaren garapena errazteko.
g) Ikastetxearen titularrak esleitzen dion beste edozein eginkizun.
24. artikulua.– Irakasleen klaustroa.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako eta lanbide-heziketako ikastetxe pribatu itundu bateratuetako irakasleen partaidetza-organoa da klaustroa.
2.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko eta pribatu itundu bateratuen klaustroak eginkizun hauek izango ditu:
a) Zuzendaritza-taldeari eta Kontseilu Sozialari proposamenak egitea, ikastetxearen proiektu funtzionala lantzeko.
b) Curriculum-proiektuak eta horien programazio didaktikoak onartzea.
c) Ikasleak ebaluatzeko irizpideak zehaztea eta koordinatzea.
d) Hezkuntza-berrikuntzaren eta -kalitatearen eremuan ekimenak sustatzea.
e) Klaustroa osatzen dutenen prestakuntza sustatzea.
f) Ikastetxearen zuzendaria izendatu aurretik, horri buruzko txostena egitea.
g) Ikastetxearen titularrak esleitzen dion beste edozein eginkizun.
25. artikulua.– Titulartasun publikoko ikastetxeetako Koordinazio Batzorde Teknikoa.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako Koordinazio Batzorde Teknikoa zuzendaritza-taldeak eta ikastetxearen departamentuetako buruek osatuko dute. Batzorde honetara klaustroko edozein kide joan ahal izango da (hitzarekin baina botorik gabe), zuzendariak horretarako deia egiten badio, eta, betiere, eztabaidatuko diren gaiek hala eskatzen badute.
2.– Koordinazio Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izango ditu:
a) Ikastetxearen plangintza estrategikoa, urteko plangintza eta memoria lantzeko eta aplikatzeko proposamenak egitea, baita horiek aldatzeko proposamenak ere.
b) Curriculum-proiektuen, programazio didaktikoen eta tutoretza-jarduerako plana lantzeko, horien segimendua egiteko eta horiek ebaluatzeko jarraibide nagusiak ezartzea.
c) Klaustroko kideak prestatzeko eta eguneratzeko jarduerak onartzea.
d) Ikastetxeak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa den ekipamendua eta materiala erostea onartzea.
e) Ikastetxearen jardueren barne- eta kanpo-ebaluazioan sustatzea eta horretan laguntzea, eta hobekuntza-planak bultzatzea, ebaluazio horien emaitzak ikusita.
f) Ikastetxearen zuzendaritzak esleitzen dion beste edozein eginkizun.
26. artikulua.– Titulartasun publikoko ikastetxeetako departamentuak.
1.– Departamentuak ikastetxeak eskaintzen dituen zerbitzuak koordinatzeko organoak dira.
2.– Departamentuak, zeinak Zuzendaritzaren menpe egongo baitira hierarkikoki, euren jardute-eremuko eginkizunak izango dituzten ikastetxeko profesionalez osatuta egongo dira. Eta ikastetxeko Zuzendaritzak departamentu-buru bat izendatuko du, departamentuko kideei entzun ondoren.
3.– Departamentu-buruaren eginkizunak honako hauek izango dira, besteak beste:
a) Departamentuko kideek –euren artean zein gainerako departamentu-burutzekin batera– egiten dituzten jarduerak koordinatzea.
b) Departamentuari esleitutako baliabideak kudeatzea.
c) Departamentuak egindako jarduerak ikastetxearen proiektu funtzionalean aurreikusitakoari erantzuten dioten ala ez berrikustea.
d) Departamentuaren jarduerak burutzeko beharrezkoak diren material eta ekipamenduen hornidura aurreikustea.
e) Bere jardute-eremuan, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak proposatzea eta garatzea.
f) Departamentuko profesionalentzako prestakuntza-programak proposatzea.
g) Lan-eskarmentu bidez edo prestakuntza-bide ez formalen bitartez lortutako lanbide-gaitasunak aitortzeko sisteman laguntzea.
h) Ikastetxeak eskainitako zerbitzuekin lankidetzan aritzea: lanbide-informazio eta orientazio-zerbitzuak eta enpresekin harremanak izateko zerbitzuak.
4.– Departamentu bakoitzaren eginkizunak ikastetxearen proiektu funtzionalean definituko dira.
V. KAPITULUA
LANBIDE-HEZIKETAKO IKASTETXE BATERATUETAKO IRAKASLEAK
27. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuetako irakasleak.
1.– Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuetako irakasle izateko, beharrezkoa izango da titulazioari dagozkion baldintza orokorrez gain, lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak onartzen dituzten araudietan horretarako ezartzen diren baldintzak betetzea.
2.– Hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailen menpe dauden titulartasun publikoko ikastetxeetan, irakaskuntzan jardun ahal izango dute Bigarren Hezkuntzako Katedratikoen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko funtzionarioek, betiere, lanbide-heziketako tituluak onartzen dituzten arauetan aurreikusitako espezialitateekin bat etorriz. Era berean, irakaskuntzan jardun ahal izango dute Lan Administrazioko Lanerako Prestakuntzako Eskala Ertaineko funtzionarioek, profesionaltasun-ziurtagirietan xedatutako berariazko baldintzak betetzen badituzte.
3.– Lanbide-heziketako tituluak onartzen dituzten arauetan jasotzen diren kasuetan, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 95. artikuluan aipatzen diren irakasle espezialistek ere jardun ahal izango dute irakaskuntzan. Halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak onartzen dituzten arauetan jasotzen diren kasuetan, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 13. artikuluan aipatzen diren irakasle adituek ere jardun ahal izango dute irakaskuntzan.
28. artikulua.– Lanbide-informazio eta -orientazioko zereginak dituzten langileak.
Ikastetxe publiko bateratuetan, lanbide-informazio eta -orientazioko lanak egin ditzakete, bai Bigarren Hezkuntzako Katedratikoen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langileek, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren menpeko langileek, betiere, daukaten titulazio eta berariazko prestakuntzaren arabera, eta erregelamendu bidez ezarritako moduan.
29. artikulua.– Lanbide-gaitasunak ebaluatzeko prozedurak aplikatzeko jarduerak egiten dituzten langileak.
Lan-eskarmentuaren bitartez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko prozeduretan diharduten langileen eginkizunak eta betebeharrak, uztailaren 17ko 1224/20009 Errege Dekretuaren 23., 24. eta 25. artikuluetan eta hori garatzen, aldatzen edo ordezkatzen duten arauetan ezarritakoaren araberakoak izango dira (1224/2009 Errege Dekretua, laneko eskarmentuaren bitartez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako lanbide-gaitasunak aitortzeari buruzkoa).
30. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako irakasle adituak.
Lanbide-heziketako tituluetan edo profesionaltasun-ziurtagirietan sartutako moduluak emateko baldintzak nahitaez bete behar izatea errespetatuta, lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetan, adituen zerbitzuak kontratatu ahal izango dira, berez hala eskatzen duten jarduera programatuak edo zerbitzu-eskaintzak egiteko eta prestakuntzak emateko, betiere, ikastetxean ez badago irakasleria koalifikaturik,horretan jarduteko libre dagoenik. Horretarako, sektore publikoko kontratuak arautzen dituen araudian adierazitako zerbitzu-kontratua egin ahal izango da, hots, lanbide-heziketa eta -prestakuntzako zerbitzu-kontratua. Kontratu horiek indarrean dauden prozedura eta arauen arabera egingo dira, betiere, eskumena duen herri-administrazioak ezartzen dituen mugen barruan. Horrek guztiak ez du esan nahi sail bakoitzak eskumenik izango ez duenik lan-araubidearen menpeko irakasle adituak kontratatzeko, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiaren arabera.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eraldatze edo banatze batetik sortutako lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuak.
Eraldatze edo banatze batetik sortutako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuen kasuan, Bigarren Hezkuntzako Katedratikoen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langileek ikastetxe berrian sartzea hauta dezakete (jatorrizko ikastetxean lortutako eskubideekin), edo, bestela, kenduaren izaera izatera iragan daitezke, horrek dakartzan eskubide eta obligazioekin. Era berean, administrazio eta zerbitzuetako langileak ikastetxe berriko lanpostuetan sartuko dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako zuzendarien izendapena (ikastetxeak sortzerakoan), eta partaidetza- eta koordinazio-organoak.
Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratu sortu berrien zuzendaria Lanbide Heziketako sailburuordeak izendatuko du, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeen baldin badira; beste sail batzuen menpeko ikastetxeak baldin badira, berriz, eskumena duen organoak izendatuko du. Dekretu honen 16. artikuluan aurreikusi bezala egingo da izendapen hori, eta kide anitzeko partaidetza-organoei aurrez aholkurik eskatu beharrik gabe. Kide anitzeko partaidetza-organo horiek, baita koordinazio-organoak ere, izendatutako zuzendaritza-taldearen agintaldiaren lehenengo urtean eratu behar dira.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeen ekonomia-finantzen kudeaketaren araubidea ezartzen duen uztailaren 28ko 196/1998 Dekretuan eta hura aldatzen duen apirilaren 5eko 67/2005 Dekretuan Ordezkaritza Organo Gorenari egiten zaizkion aipamen guztiak, ikastetxearen Kontseilu Sozialari egindako aipamenak direla ulertu behar da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxe bateratuen kasuan.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten da Lanbide-heziketako ikastetxe integratuen figura sortu eta arautzen duen azaroaren 23ko 223/2004 Dekretua, baita dekretu horren maila berbera edo apalagoa duen beste edozein xedapen ere, baldin eta dekretu horren edukiaren kontrakoa bada.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta horietako karguak uzteko prozedura arautzen duen otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 20.1 artikulua honela idatzita gelditzen da:
«20. artikulua.– Zuzendariak kargua uztea.
1.– Zuzendariak kargua utziko du kasu hauetan:
a) Izendapen-epea amaitzen denean, edo, hala badagokio, epe horren luzapenaren amaieran.
b) Ikastetxea lanbide-heziketako ikastetxe bateratu edo Estatu-mailan erreferentzia den lanbide-heziketako ikastetxe bihurtzea, baita dekretu honetan zuzendari izendatzeko aurreikusten ez diren baldintzak betetzea eskatzen duen ikastetxe bihurtzea ere.
c) Zuzendariak izendatzeko derrigorrezkoak ziren baldintzetakoren bat ez betetzea eragiten duen edozein egoera gertatzen denean.
d) Zuzendariak, arrazoiak emanda, karguari uko egiten dionean, eta dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak uko egitea onartzen duenean. Hurrengo ikasturtean ikastetxe horretan ez egoteagatik karguari uko egiteak urte horretako ekainaren 30etik aurrera izango du eragina.
e) Ezustean etorritako minusbaliotasun fisiko edo psikikoa.
f) Zuzendariaren karguari lotutako funtzioen ez-betetze larriagatik, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak zuzendari-funtzioak baliogabetzen dituenean, lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariaren ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak proposatuta –kideen bi herenaren gehiengo bidez–. Dena dela, baliogabetze-ebazpena eman baino lehen, aldebiko espediente bat egingo da, eta interesdunari eta ordezkaritza-organo gorenari entzungo zaie».
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Xedapen honetan arautzen ez denerako, prestakuntza-eskaintza bakoitza arautzen duten xedapenak aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 1ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
Ordezkoak eginez, Ogasun eta Finantzetako sailburua.
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
(Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriaren arabera).
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.