Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2014ko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
825

AGINDUA, 2014ko otsailaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; honen bidez, Erleen Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Plana onartzen da.

Erle-ustiategiek onura handia ekartzen diote naturari oro har eta nekazaritzari bereziki: landareak polinizatzeko prozesuan laguntzen dute erleek, bai eta emankortasun txikia duten lurretan edo lur antzuetan berez sortzen diren lore-baliabideak aprobetxatzen ere. Beraz, egun erle helduei zein umesabiari eragiten dieten gaixotasunei dagokienez oso garrantzitsua da erlauntzak osasuntsu edukitzea.

Erlezaintzaren osasun-alorrari eragiten dion araudi oso bat dago. Lehenik eta behin, aipatzekoa da Europako Kontseiluaren uztailaren 13ko 92/62/EE Zuzentaraua, erle-erkidegoan egiten diren trukeetan eta inportazioetan aplikatzekoak diren osasun-poliziako baldintzak ezartzen dituena. Estatu-mailan, honako hauek arautzen dute gaia: apirilaren 24ko 8/2003 Legea, abere-osasunari buruzkoa; eta, erleen gaixotasunei aurre egin eta kontrolatzeko estatu mailako programa bat ezartzen eta arautzen duen maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretua. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek argitaratu dira: abenduaren 23ko 17/2008 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa; eta, otsailaren 10eko 33/2004 Dekretua, erlezaintza antolatzeari buruzkoa.

Otsailaren 10eko 33/2004 Dekretuak erle-ustiategiek bete beharreko oinarrizko baldintzak arautzen ditu, eta dekretu horren 11.2 artikuluaren arabera, erleen gaixotasunei aurre egiteko lan koordinatuaren barnean, erleen osasun-plan bat prestatu eta koordinatuko da. Plana gainbegiratzeko ardura foru-aldundiek izango dute, bakoitzak dagokion lurraldean. Osasun-plan hori Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu bidez garatuko da, eta, gutxienez, varroasiari eta loke amerikarrari aurre egiteko osoko plan bat jasoko du; horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan erleen-osasun egoeraren arabera garatu beharrezkotzat jotzen diren planak ere jasoko ditu.

Agindu honekin manu hori betetzen da, eta Erleen Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Plana onartzen da. Plan hau Foru Aldundiekin koordinatuta egin da.

Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Erleen Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Plana onartzea.

1.– Erleen Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Plana onartzen da, zein agindu honen eranskinean jasota baitago.

2.– Osasun Planaren zehaztapenak nahitaez bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden erle-ustiapenetako titularrek, aplikatzekoak zaizkien gainerako osasun-arauak alde batera utzi gabe.

2. artikulua.– Zehapen-erregimena.

1.– Agindutakoa bete ezean, abere-osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean aurreikusitako arau-hauste eta zehapen erregimena aplikatuko da, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 112. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Foru Aldundietako organo eskudunek izango dute zehapen-ahalmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

3.– Arau-haustearen larritasunaren arabera, aplikatzekoa den legeriari jarraituz, dena delako jarduera aldi baterako eten, bertan behera utzi edo baimena kendu egin ahal izango da, edo, enpresa, instalazioa, establezimendua, ustiategia edo industria itxi ere bai.

4.– Xedapen honetan ezarritakoak ez du baztertzen osasun publikoaren aurkako delituengatik izan daitekeen erantzukizun kriminala.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen eranskina aldatu ahalko da Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintza gaietan eskumena duen zuzendaritzaren titularraren ebazpen bidez, betiere agindu honen eranskinaren 7. paragrafoan aipatzen den talde teknikoak hala proposatzen badu.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 11.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala