Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2012ko otsailaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Herrizaingo Saila
661

10/2012 DEKRETUA, otsailaren 7koa, Euskadiko Autonomia Erkidegoan Hiriarteko Trafikoaren Kudeaketa Sistema arautzen duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dena; eta, bestetik, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortzen duena.

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuaren bidez sortu zen, Trafiko Zuzendaritzaren barruko administrazio-unitate gisa. Bere eginkizuna zen Euskadiko Autonomia Erkidegotik igarotzen diren errepideen sare osoan zirkulazioa eta hiriarteko trafikoa kudeatzea, horretarako bertan zehaztutako hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema erabiliz.

Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenaren b) atalak maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuari «Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzua» izeneko IV. kapitulu berria gehitu zion. Dekretu horrek Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzua sortu zuen, Trafiko Zuzendaritzaren menpe baitzegoen; hain zuzen, zehatzeko ahala dekretuan azaltzen den eran betetzeko eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak, ibilgailua identifikatzen uzten duten irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko baliabideen bitartez, zuzenean detektatutako arau-hausteei loturik.

Azaroaren 23ko 303/2010 Dekretuaren (Herrizaingo Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzeko dena) hamazortzigarren artikuluak Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzuaren izena aldatu eta «Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatua» izena eman zion.

2010eko maiatzaren 24ko datarekin, azaroaren 23ko 18/2009 Legea sartu zen indarrean. Lege horren bidez, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua -martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuena- aldatu zen eta ibilgailuaren titularrak dituen betebehar berriak ezarri zituen. Lege-erreforma hori dela-eta, 87/2001 Dekretua aldatzeko beharra dago, lege-agindu berrira egokituta gera dadin.

Aldaketa honek Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren arduradunaren eskumen zehatzaileari buruzko 10. artikuluaren idazketa berria jasotzen du, bere idazketa legezko xedapen berrietara egokitzeko asmoz.

Horren ondorioz, Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, 2012ko otsailaren 7an egindako bileran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuaren 10. artikulua aldatu egiten da, eta honela idatzita geratuko da:

«10. artikulua.- 1.- Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren arduradunak eskumena izango du trafikoko eta bide-segurtasuneko araudiaren aurkako arau-hauste hauek zehatzeko:

a) Arau-hauste arinak, larriak eta oso larriak; Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak, ibilgailua identifikatzen uzten duten irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko baliabideen bitartez, trafikoko eta bide-segurtasuneko araudia ez betetzeagatik zuzenean detektatutakoak.

b) Aurreko puntuan aipatutako arau-hausteen gidari erantzulea benetan identifikatzeko betebeharra ez betetzeagatik egindako arau-hausteak.

c) Gidatzeko baimena edo lizentzia ez dutenek ibilgailua gidatzea ez eragozteko betebeharra ez betetzeagatik egiten diren arau-hausteak, artikulu honen a) puntuan aurreikusitako arau-hausteren bat egin denean.

2.- Kasu horietan Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko instruktorea izango da zehapen-espedienteak izapidetzeko ardura izango duena.

3.- Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuaren arduradunak emango dituen zehapen-ebazpenek administrazio-bideari amaiera emango diote eta, aukeran, horien kontra berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio zehapen-ebazpena eman duen organoari.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 7an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala