81. zk., 2010eko maiatzaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
2309
EBAZPENA, 2010eko martxoaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Laneko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako, 2010-2011 urteetako, hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailatu eta argitaratzea (hitzarmen-kodearen zenbakia: 8600612).
AURREKARIAK
Lehenengoa.- Negoziazio-mahaiko ordezkariek zuzendaritza honetan 2010eko martxoaren 15an aurkeztu zuten aipatutako hitzarmenari buruzko derrigorrezko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.- Langileen Estatutu Legearen 90.2 artikuluak martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea (1995-03-29ko BOE) aurreikusten duen eskuduntza lan agintaritza honi dagokio, urriaren 6ko 538/2009 Dekretuko 16.f artikuluak -Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena (2009-10-13ko EHAA)- dionarekin bat etorriz eta martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuarekin (1981-04-02ko EHAA) eta maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuarekin (1981-06-06ko BOE) -hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoak- lotuta.
Bigarrena.- Sinatutako hitzarmen kolektiboak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85, 88, 89 eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Honen ondorioz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 26a.
Laneko zuzendaria,
SONIA PÉREZ EZQUERRA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO LAN-KONTRATUDUNEN KOLEKTIBOENTZAKO 2010-2011 URTEETAKO HITZARMENAREN AURREAKORDIOA
1. artikulua.- Hartzen dituen langileak eta lurraldeak.
1.- Hitzarmen kolektibo honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunetan lan egiten duten lan-kontratudun langile finkoen lan-baldintzak ezarri eta arautzen dira. Ondoren zerrendatzen diren kidegoak ez dira honen eraginpean geratuko:
- Poliziako eta Polizia Ikastegiko lan-kontratudun langile laguntzaileak.
- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lan-kontratudun langileak, beste hitzarmen kolektibo bat baldin badaukate.
- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua erakunde publikoari atxikitako langileak.
Hala eta guztiz ere, aurreko lerrokadan ezarritakoaren arabera hitzarmen honetatik kanpo geratzen diren langileek, indarrean jartzeko garaian aplikatzen bazaie, hitzarmen honen pean jarraituko du, harik eta banako eran eta borondatez estatutuko araubidean sartu arte, hala ezartzen baita Euskadiko Osasun Antolamenduaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoan.
2.- Iraupen jakinerako lan-kontratudun langileei hitzarmen honetan ezarritako ordainsariak, lanaldia, baimenak eta lizentziak aplikatuko zaizkie, hitzarmenean bestelakorik jartzen den kasuetan izan ezik. Era berean, eta gizarte-laguntzei dagokienez, aplikatuko zaizkie, baita ere, mediku-miaketak, istripu-, bizitza- eta erantzukizun zibileko asegurua, nahitaezko erretiroa, 58. artikuluaren 1. paragrafoan jasotako aurrerakinak, joan-etorrietarako kalte-ordainak, 61. artikuluko gizarte-funtsaren ondoriozko diru-laguntzak, lan-osasuneko eta laneko arriskuak saihesteko neurriak eta lan-jazarpenaren eta genero-indarkeriaren aurkako neurriak.
3.- Batzorde Paritarioak beste lan-kontratudun kolektibo batzuk hitzarmen honi atxikitzea aztertu eta erabaki ahal izango du, baldin eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak badira, eta hitzarmen honen baldintza guztiak borondatez onartzen badituzte.
4.- Orobat, Batzorde Paritarioak Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste lan-kontratudun langile batzuk hitzarmen honi atxikitzea aztertu eta erabaki ahal izango du, baldin eta berariazko hitzarmen kolektiborik ez badute, eta banan-banan eta borondatez hitzarmen honen baldintza guztiak onartzen badituzte.
2. artikulua.- Iraupena.
Hitzarmen hau 2010eko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, berariaz beste epe bat ezarri zaien aurreikuspenen kasuan izan ezik.
Bestalde, 61. artikuluan araututako gizarte-funtsak bere baitan hartuko ditu 2010eko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra bitartean izandako gertaerak.
3. artikulua.- Hitzarmenaren salaketa eta luzapena.
Hitzarmen kolektibo honen azken eguna iritsi baino bi hilabete aurretik alderdietako batek ere berariaz salatzen ez badu, isilbidez urtebeteko ondoz ondoko aldietarako luzatu dela ulertu beharko da.
Hitzarmena salatu ondoren ere, indarrean jarraituko du, ordezkatuko duen hitzarmena lortu arte.
4. artikulua.- Xurgapena eta konpentsazioa.
Hitzartutako baldintzak osotasunean hartu beharko dira, ezingo dira bereizita hartu eta urte osorako izango dira; hitzarmen honek xurgatu egingo ditu indarrean jartzen denean indarrean dauden beste baldintza guztiak.
5. artikulua.- Interpretazio sistematikoa eta integratzailea.
Hitzartutako baldintza guztiak osotasunean ulertu eta aplikatu behar dira. Hitzarmenean aurki daitezkeen ahazturak, hutsuneak eta anbiguotasunak ezin dira interpretatu hitzartutakoaren esangura orokorraren aurka.
6. artikulua.- Laneko auziak.
Hitzarmena izenpetzen duten alderdiek elkarrizketa-bidea agortzeko konpromisoa hartzen dute, neurri zigortzaileak edo auzi kolektiboetara jo aurretik.
7. artikulua.- Ukaezintasuna.
Deuseza eta ez-eginaren parekoa izango da langileek hitzarmen honetatik datozkien onurei uko egitea. Deusezak eta ezarri ez izanaren parekoak eta ondoriorik gabekoak izango dira, halaber, langileei baldintza txarragoak dakarzkieten akordio, ebazpen edo klausulak.
8. artikulua.- Batzorde Paritarioa.
1.- Hitzarmen honen interpretazio, indarraldi eta aplikazioaren inguruan sor daitezkeen arazoak aztertu eta ebazteko, batzorde paritario bat osatuko da. Hitzarmen honen peko langileei dagozkien bestelako lan-arazoak ere aztertuko ditu batzorde honek.
2.- Batzorde Paritarioak hiru kide titular izango ditu. Kideok hitzarmena izenpetu duten alde guztiak ordezkatzen dituzte: administrazioa eta sindikatuak. Gainera, alderdi biek aholkulari bat ere izendatu ahal izango dute.
3.- Lehenengo paragrafoan aipatutako arazo guztiak Batzorde Paritarioak ikusiko ditu aldez aurretik.
4.- Batzorde Paritarioa biltzeko deia idatziz egin dezake alderdietako edozeinek, bilera-eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez. Aztertu behar diren gaiak zehatz-mehatz adierazi beharko dira gai-zerrendan, eta bai bilerarako eguna eta lekua ere. nahitaezkoa da bi alderdiek parte hartzea.
Deialdiaren eta bilera-egunaren arteko epea gutxitu egin daiteke, alde biek hala erabakiz gero.
5.- Batzorde Paritarioan ez bada akordiorik lortzen, alderdi biek bitartekaritzara joko dute.
Horretarako proposatutako hirukotetik aukeratu beharko da bitartekaria, eta Batzorde Paritarioaren akordioz izendatuko da.
I. TITULUA
LANAREN ANTOLAMENDUA
9. artikulua.- Lana antolatzea.
Indarrean dauden legeen arabera, lana antolatzea Administrazioaren ez beste inoren ahalmena da, eta horren aplikazio praktikoa hitzarmen honen eraginpeko administrazio-esparruetako unitate organikoetako buruei dagokie; hori guztia langileei aitortzen zaizkien entzunaldi, aurretiazko kontsulta eta informaziorako eskubide eta ahalmenen kaltetan joan gabe, hala baitago ezarrita martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onarturiko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 40., 41. eta 64.1 artikuluetan.
II. TITULUA
LANGILEEN SAILKAPENA
10. artikulua.- Antolaketaren azterketa eta lanpostuen zerrenda berri bat prestatzea
Lanpostuei buruzko azterketa langileengandik berengandik jasotzen den informazioan oinarrituko da. Informazio-bilketa kasuan kasuko zereginen galdera-sorten bitartez egingo da, eta, horretarako, sinplifikatu egingo da terminologia. Azterketa horretan, gainera, funtzionarioentzako 2007. urteko lanpostuen zerrenda eragin zuen prozesuan azterketatik kanpo geratu ziren funtzionarioen lanpostuak ere sartuko dira.
Lanari dagokionez -lanpostuen jarduera-, honako alderdi hauek aztertuko dira:
- Lanpostuak, eginkizun komunak dituzten dotazioen taldekatze gisa ulertuta.
- Egiturari buruzko proposamena egingo da lanpostu horiek kokatuta dauden unitate organikoetan.
- Dotazio-kopurua lan-kargaren hasierako zenbatespen baten bidez justifikatuko da.
- Azkenik, lanpostukako txostenak egingo dira, antolaketa-azterketatik ateratzen diren datuekin, eta lan-kontratudunen arloko lanpostuak identifikatzeko eta diseinatzeko irizpideak finkatuko dira.
Lanpostu horiek betetzeko eskakizunei dagokienez, soslaiko honako betekizun hauek zehaztuko dira:
- Titulazioak.
- Lanposturako eskatuko diren ezagutzak.
- Dotazioetako zereginak betetzeko berariazko ezagutzak (horiek eskatzea bidezko denean).
- Hirugarren hizkuntza, beharrezkoa bada.
- Informatikako eta aplikazio berezien inguruko ezagutzak.
- Laneko esperientzia kualifikatua, eskatzen den titulazioaren ezagutza-arloekin bat datorrena.
Gai horiek guztiak lanpostuei buruzko monografien edukian jasoko dira.
Azterketa horren emaitzan oinarrituta, lan-kontratudun langileentzat erreserbatutako lanpostuen zerrendari buruzko proposamena egingo da, eta langileen ordezkariei horren berri emango zaie.
2.- Antolaketaren azterketatik aterako diren lanpostuen zerrenden onarpena, honako prozedura honi lotuko zaio:
a) Administrazioak lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda berriari buruzko proposamena prestatuko du.
b) Proposamena lanpostuen zerrenda horretako aldaketek eragindako pertsonei helaraziko zaie, hilabeteko epean egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.
Era berean, aldaketa horiek langileen ordezkariei helaraziko zaizkie, aurreko paragrafoan aurreikusitako epean egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.
c) Kasuan kasuko eskuliburua prestatu eta Balorazio Batzordea eratu baino lehenago, lanpostuen behin-behineko balorazioa egingo da, bai eta kasuan kasuko erreklamazio-prozesua ere, eta, hori egin eta gero, lanpostuen behin betiko balorazioa egin beharko da.
d) Lanpostuen zerrenda behin betiko onartuko da.
3.- Funtzionarioen arloko lanpostuak.
Nahiz eta lan-kontratudun langileek bete, beren eginkizunen izaera dela eta, funtzionarioentzat erreserbatu behar diren lanpostuak identifikatuko dira. Lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrendan erantsiko dira, «funtzionario bihurtzeko» adierazpenarekin.
Lanpostu horiek betetzen dituzten lan-kontratu finkodun langileek lanpostu horietan iraun ahal izango dute, beren lan-kontratuko harreman juridikoa gordez, edo, bestela, eskatzen diren titulazio-eskakizunak betetzen badituzte, funtzionario-izaerara iristeko hautaprobetan parte hartzea aukeratu ahal izango dute, Administrazioak horretarako deia egiten duenean.
Ez zaie aplikatuko paragrafo honetan ezarritakoa beste organo batzuei atxikitako lanpostuei, hau da, eskaintzen duten zerbitzuaren ezaugarriak direla eta, lege-aginduz lan-kontratudunen arlokotzat sailkatu behar direnei. Horrelako lanpostuak identifikatzen direnean, eta haien zereginetatik legez funtzionarioen kidego bati egotzitako eginkizunak ondorioztatzen badira, lanpostu horiek lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrendan erantsiko dira, «iraungitzeko» adierazpenarekin.
11. artikulua.- Lanpostuen zerrendak.
Lanpostuen zerrendak langileen egiturak zentzuz bideratzeko oinarrizko tresnak dira, eta, bestalde, haiek kudeatzeko prozedura azkarrak behar dira. Prozedura horiek langileen ordezkaritzarekin kontsultatuko dira honela:
1.- Sail bakoitzeko lanpostuen zerrendetako zirriborroei buruzko agiriak emango zaizkie sindikatuetako ordezkariei, honako irizpide hauen arabera:
1.1.- Indarrean dauden lanpostuen zerrendekin konparatuz aldaketa nabarmenak dituzten proposamenak badira, hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:
- Sailaren txosten arrazoitua.
- Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren txosten arrazoitua.
- Eragindako langileak atxikitzeko proposamena.
- Lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamenaren zirriborroa.
- Organigramak eta monografiak; lehengoak eta berriak.
1.2.- Aldaketa nabarmenik ez dakarten proposamenen kasuan, agiri hauek baino ezin dira eskatu: sailaren txostena, LPZren zirriborroa eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren txostena.
2.- Sindikatuek 15 eguneko epea izango dute alegazioak idatziz aurkezteko, aldeek epe laburragorik adosten ez badute.
3.- Lanpostuen zerrenden zirriborroei buruzko agiriak Lan Harremanen Zuzendaritzak sindikatuei eman eta gero, sindikatuok, ordezkaritzaren gehiengoaren akordioz, agiriok osatu gabe daudela erabakitzen badute, aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, modu arrazoituan jakinaraziko diote zuzendaritzari aurreko paragrafoan ezarritako epearen hasierako sei egunetan.
4.- Sindikatu alegazio-egileetako batek hala eskatuz gero, bilera deituko da LPZ eraldatzeko proposamenen eta aurkeztutako alegazioen gainean eztabaidatzeko, eta espedientean idatzirik utziko dira aurkeztutako iritziak. Horretarako Administrazioak txosten bat eman behar du, eta hori langileen ordezkariei helaraziko zaie.
5.-. Kontuan harturik, bestalde, lanpostuen zerrenden prozedura hitzarmen honen indarraldia baino luzeagoa dela, aipatutako aldaketak erregulatzen dituen arau berezian, gutxienez, artikulu honetako edukia sartuko duela agintzen du Administrazioak, arau hori osatzeko. Esandako araua argitaratu artean, testu hau egongo da indarrean.
12. artikulua.- Langileriaren sailkapena, iraupenaren arabera.
Iraupenaren arabera, kontratua izan daiteke finkoa, mugagabea de aldi baterakoa.
Iraupenari edo egonaldiari begira kontratuan inolako modalitate berezirik hitzarturik ez daukaten langileak finkotzat joko dira.
Epai-bidez izaera hori aitortuta duten langileak dira mugagabeak, eta betetzen duten lanpostuan jardungo dute harik eta lanpostuak betetzeko arauzko prozeduraren bitartez behin betiko betetzen den arte
Iraupen mugatuko kontratazioen erregulazio eta modalitateei dagokienez, Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren arauzko xedapenetan agindutakora joko da.
13. artikulua.- Langileen sailkapena, burutzen dituzten zereginen arabera.
1.- Hitzarmen honen peko langileak I. eranskinean agertzen diren talde eta kategorietan sailkatuko dira.
2.- Horretarako eratzen den balorazio-batzordeari dagokio lanbide-kategoria berriak sartzea, hau da, lana antolatzeko beharrizanengatik edo hitzarmen honetan kolektibo berriak sartzeagatik sortu behar diren kategoria berriak.
3.- Orobat, antolamendu-arrazoiengatik atzeraezinak diren lanpostu-berrazterketak batzorde tekniko horri dagozkio. Dena dela, aldaketa nabarmenak gertatzen direnean izango da, hots, postuen zereginak aldatu edo zeregin gehiago metatzen direnean.
Lanpostuak berraztertzeko ekimena sailei eta erakunde autonomiadunei dagokie, zerbitzu-zuzendaritzen edo langile-arloko organoen bitartez, bai beren kabuz edo lanpostua betetzen duen pertsonaren eskariz. Eta baita Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari.
Nolanahi ere, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak baloratu beharreko lanpostuen zerrenda prestatuko du. Gero, Lan Harremanen Zuzendaritzak proposamena eta txostena ordezkaritza handieneko sindikatuei bidaliko dizkie, Administrazioaren proposamenari egoki iritzitako ekarpenak egin diezazkioten. Hori guztia ikusita, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak ebazpen bat hartuko du, bertan Balorazio Batzordeak berraztertu behar dituen postuak adieraziko dira, eta ezezkoa denean, ebazpen arrazoitua bidaliko die interesdunei eta sindikatuei.
Balorazio Batzordeak aipaturiko ebazpenean sarturiko postuak baloratuko ditu. Baloratu ondorengo proposamena Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari igorriko zaio, berari baitagokio proposamena Jaurlaritza Kontseiluan, onartzeko, aurkeztea.
Behin lanpostuen zerrendaren aldaketa onartu ondoren, lanpostua betetzen duenaren lan-kategoria ere aldatuko da hala badagokio.
4.- Balorazio Batzordea zortzi kidez osatuko da, lau langileen izenean eta beste lauak Administrazioarenean. Organoko idazkaria Administrazioko ordezkarietako bat izango da.
Langileen ordezkariak izendatzeko proposamena sindikatuek egin behar dute aho batez. Hain zuzen, hitzarmen honen esparruan % 10etik gorako ordezkaritza duten sindikatuek, garaian garaiko hauteskunde sindikalen emaitzekin bat. Ezartzen den epean adostasunik lortu ezean, Administrazioak hots egingo die sektorean ordezkaritza gehien lortu duten sindikatuei, beti ere gutxienez % 10 lortu badute, sindikatu bakoitzetik ordezkari bat izenda dezaten. Eskaturiko gutxienekoa duten sindikatuak gutxiago badira, ordezkaritzarik handiena duenaren esku egongo da bigarren ordezkaria izendatzea, eta hortik aurrera modu berean jokatuko da.
Bilerak egin ahal izateko, lehenengo deialdian gutxienez bost kide azaldu behar dira, idazkaria barne; horietatik gutxienez bi langileen ordezkari eta beste bi Administrazioaren aldetik. Bigarren deialdian, kideen erdiak azaltzen badira, idazkaria barne, nahikoa izango da.
III. TITULUA
LANPOSTU HUTSAK ETA LANPOSTU BERRIAK BETETZEA
14. artikulua.- Enplegu publikoko eskaintza.
2011. urtean zehar, lan-kontratudunen arloko 120 lanposturen enplegu publikoko eskaintza egingo da. Enplegu-eskaintza horretan, une honetatik enplegu publikoko eskaintza egin arte gertatzen diren lanpostu huts begetatiboak erantsiko dira.
Aldez aurretik, lekualdatze-lehiaketako eta barne-sustapeneko prozesu bat ere egingo da.
Deialdi horietako oinarriak langileen ordezkariekin negoziatuko dira.
15. artikulua.- Bete gabeko postuak eta lanpostu berriak betetzea.
1.- Betetzeke dauden edo sortu berriak diren postuen berri langileen ordezkariei eman beharko zaie Batzorde Paritarioaren bitartez, egoera berezietan izendapen librekotzat jotzen direnena izan ezik. Beharlekuetan ere jarri ahal izango dira deialdiak jendaurrean, ahalik eta langile gehienei jakinarazteko.
2.- Aurreko paragrafoan aipatzen diren postuak hitzarmen honen esparruko langile finkoei eskainiko zaizkie, baldin eta eskaria egiterakoan gutxienez bi urteko antzinatasuna badaukate, eta lanposturako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, inolaz ere ukatu gabe HABEko postuetarako Kultura eta Turismo sailburuaren 1991ko ekainaren 13ko Aginduaren lehenengo artikuluan esaten dena (ekainaren 19ko EHAA). Administrazioak, langileen ordezkariei entzunda, prestatuko dizkie probak hautagaiei, lan-kategoria eta postua aintzat hartuta. Behin probak egin eta gero, ez bada langileen artetik hautagai egokirik aurkitzen, plaza deialdi publikora aterako da.
3.- Goragoko kategoriaren eginkizunak egitearen poderioz ez da finkatuko behin-behingoz betetzen ari den postuaren kategoria -Langileen Estatutuaren 39.4 artikulua-; horretarako, aurreko puntuan ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.
4.- Aurreko puntuetan adierazitako hautaketa-prozeduren deialdietan hurrengo datu hauek jakinaraziko dira ezinbestez:
a) Betetzeke dauden postuen kopurua eta horien ezaugarriak; eta, batik bat, postu horiei dagozkien kategoria profesionala, soldata eta beharlekua.
b) Hautagaiei eskatzen zaizkien baldintzak.
c) Hautatzeko sistema, horren urratsak eta proben balorazioa.
d) Hautaketa-programak eta balorazio-baremoak.
e) Epaimahaiaren osaera.
5.- Hauta-probetarako epaimahai guztietan langileen ordezkari bat egon behar da.
6.- Langileen ordezkariek deialdien oinarri orokorrei buruzko irizpena eman behar dute argitaratu aurretik.
7.- Edonola ere, langileen ordezkariek parte hartuko dute lanpostu hutsak indarrean dagoen araubide juridikoarekin bat datorren aldi baterako edozein kontratazio-motaren bitartez betetzeko hautaketa-prozesuetan.
8.- Administrazioak erabiltzen diren aldi baterako kontratu-ereduen kopiak erakutsiko dizkie langileen ordezkariei, eta gauzaturiko aldi baterako kontratazioei buruzko argibideak aldiro-aldiro emango dizkie.
9.- Izendapen libreko lanpostuak betetzeko izendatzen diren pertsonak nahierara kendu ahal izango dira postutik. Kasu horretan, izendapenaren aurretik betetzen zuten lan-kategoriara itzuliko dira, non eta ez duten barne-hautabidetik beste postu bat lortu, orduan horretara joango dira. Antzinatasunari dagokionez, izendapen libreko postuan emandako denbora langilearen berezko kategoriakoa izango balitz bezala zenbatuko da. Izendapen libreko postuan aritzeak ez du lanbide-kategoria hori finkatzen, ezta horri dagozkion lansariak ere.
16. artikulua.- Probaldia.
Probaldia ezingo da inolaz ere sei hilabetetik gorakoa izan tituludun teknikarientzat, ez eta bi hilabetetik gorakoa gainerako langileentzat; kualifikatu gabekoei dagokienez, hamabost lanegunekoa izango da.
Aldi horretan, bai Administrazioak bai langileak lan-harremana bertan behera utz dezakete. Ez batak ez besteak ez du horregatik inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, egindako lanaldiagatik dagozkion ordainak izan ezik.
Probaldia iragan ondoren onarpena automatikoki formalizatuta geratuko da. Aldi hori ondorio guztietarako kontatuko zaio langileari.
17. artikulua.- Aldi baterako mugigarritasuna.
1.- Funtzioen behin-behineko esleipena:
Postu bateko titularrak egoera jakin batean ezin baditu dagozkion eginkizunak burutu, beste langile bati esleitu ahal izango zaizkio, ados balego, gehienez hiru hilabetez, eta berez dituenei metatuko zaizkio.
Kasu horretan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren aldeko txostena jaso beharko da espedientean.
Esleitutako eginkizunak ordezkoak dituenak baino kategoria goragokoak badira, bi kategorien arteko diferentzia jasotzeko eskubidea izango du. Esleitutako eginkizunen kategoria eta ordezkoak daukana berdinak badira, hurrengo goragoko mailari dagozkion ordainsariekiko aldearen parekoa izango da eskuratuko duen osagarria.
2.- Lan-kontratudunen arloko okupatzailerik gabeko lanpostuak betetzeko, aldi baterako mugigarritasunerako prozedura bat ezarriko da, lanpostua arauz bete arte, zerbitzu-eginkizunetarako ezarrita dagoenaren antzekoa, honako hauetan oinarritua: deialdi publikoa, merezimenduen baremazioa eta proba bat egin beharra goiko mailetarako.
Aurrekoaren antzeko prozedura ezarriko da, bestalde, Ibaiondo ikastetxeko lanpostuak betetzeko; izan ere, lanpostu horien ezaugarri bereziak direla eta, trataera apartekoa izan behar dute, lanpostu horiek ahalik eta lastertasun handienaz betetzea ahalbidetuko duena.
18. artikulua.- Langileen mugigarritasun funtzionala eta geografikoa.
Langileen mugigarritasun funtzional eta geografikoari dagokionez, Langileen Estatutuaren 39. eta 40. artikuluetan ezarritakora joko da, eta Batzorde Paritarioak bere irizpena emango du.
19. artikulua.- Administrazio elektronikoa.
Telelanarekin zerikusia duten probazko esperientziak abiarazteari dagokionez, lehentasunen eta zerbitzua eskaintzeko moduari buruzko araudiaren berri emango da Mahai Sektorialean eta sindikatuekin negoziatuko dira esperientzia horietan parte hartzen dutenen lan-baldintzak.
20. artikulua.- Erretiro partziala eta txanda-kontratua.
Lan-kontratu finkodun langileek erretiro partziala eskatu ahal izango dute, lanaldi partzialeko kontratu bat sinatuta eta txanda-kontratu bati lotuta, kotizaziopeko erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea izateko une bakoitzean indarrean dagoen Gizarte Segurantzako araudiarekin bat.
Gai horri buruzko araudian funtsezko aldaketaren bat gertatzen bada, kasuan kasuko aldaketa egingo da hitzarmenean, sindikatuekin negoziatu ondoren.
Erretiro partziala eskatzen duten langileei, ez zaizkie aplikatzekoak izango hitzarmenean ezarritako 65 urtetik aurreko borondatezko erretiroagatiko kalte-ordainak. Nolanahi ere, txandakatutako langileak 65 urte betetzean hartuko du erretiro osoa.
Erretiro partziala eskatzen duen langileak, oro har, une bakoitzean indarrean dagoen legediak baimendutako gehienezko denboran murriztuko du bere lanaldia, eta lanaldi partzialeko kontratua izenpetuko du, murriztu ez duen lanaldi-zatiagatik.
Eskabideak lanaldi osoko zerbitzuak eskaintzeko ezarritako azken eguna baino 3 hilabete lehenago aurkeztu beharko dira. Eskabidean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratudun langileentzat, oro har, lanaldi partzialeko kontratuko lan-denbora banatzeko ezarriko diren aukeretako bat aukeratu beharko da.
Erretiro partziala, betiere, txanda-hartzaile bat kontratatzeari lotuta egongo da. Kontratazio horrek honako hau bete beharko du: a.- Gizarte Segurantzaren araudia, txandakatuak erretiro partzialeko pentsioa jasotzeko eskubidea izan dezan. b.- Eta eskabidearen unean indarrean dagoen poltsa-sistemari buruzko araudia. Nolanahi ere, txanda-hartzailea txandakatuaren lanposturako edo beste edozein lanpostutarako kontratatu ahal izango da, aurrekoaren antzekoa bada. Kasu bietan, txanda-hartzaileak benetan okupatzen duen lanpostuko ordainsaria jasoko du.
Txanda-hartzaile gisa kontratatzen diren langileek ezin izango dituzte baliatu lan-hitzarmenean mugigarritasunari buruz ezarritako neurriak.
Txanda-kontratua, txandakatuak erretiro osoa hartzen duenean bukatuko da. Aurrekoa gorabehera, txanda-hartzaileak lanpostuan jarraitzea ahalbidetzen duten neurri batzuk ezarriko dira, harik eta lanpostua arauz betetzen den arte, non eta lanpostu hori ez den amortizatu beharrekoa.
V. TITULUA
ZERBITZUAK KANPORA ATERATZEA
21. artikulua.- Zerbitzuak kanpora ateratzea.
1.- Administrazioak, ahal dela, baliabide propioekin erantzungo die bere jarduera burutzeko beharrezko zerbitzuei.
Akordioa indarrean sartzen denetik, Administrazioak jarduera berririk edo orain azpikontratatuta ez dagoen jarduerarik ez kanporatzeko konpromisoa hartzen du.
Orain kanporatuta dauden zerbitzu guztiak berrikusiko dira, legean ezarritakoa betetzen dutela ziurtatzeko. Langileak legez kontra lagatzea saihesteko bitarteko guztiak jarriko dira abian.
2.- 2010eko lehen seihilekoan, Administrazioak zerbitzuen kontratazioari buruzko arau bat onartuko du, Administrazioak bere burua antolatzeko duen gaitasuna eta langileen lan-baldintzen hobekuntza bateratzea izango duena helburu.
Zerbitzuen ikuskaritza eta ekonomiaren, araudiaren eta antolamenduaren alorreko kontrolak zorroztuko dira. Aldez aurretiko eta a posteriori izango diren kontrolak ezarriko dira, eta langileak legez kontra lagatzea eragozteko arreta berezia izango da. Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak irizpide oso zorrotzak ezarriko ditu zerbitzuak kontratatzeko.
3.- Egun kanpora aterata dauden zerbitzuei dagokienez, araudiak honako baldintza hauek betetzea eskatuko du:
a) Zerbitzu beraren kontratu publikoen esleipenetan, plantilla egonkortu ahal izateko, enpresa esleipendunak bermatu egingo du lan-kontratudun langileak esleipenaren unean zituzten baldintzak errespetatuta subrogatuko direla, sektoreko hitzarmenek alderdi horri buruz edozer ezartzen dutelarik ere; hori dela eta, izapidetuko diren espediente berrien baldintza-pleguetan subrogazio-klausula txertatuko da, gardentasunaren eta fede onaren eskakizunak betetzearen baldintzapean.
Nolanahi ere, puntu honetako aurreikuspenak honako kasu hauetan aplikatuko dira soilik:
a.1) Subrogazioak lan-kontratua duten eta administrazio kontratatzailearen esparruan gutxienez azken sei hilabeteetan lanean aritu diren langileei eragingo die soilik, kontratua amaitu bitarteko ordezkapenak kontuan hartuta.
a.2) Inola ere ez die eragingo zerbitzua uzten duten enpresaren jabe, akziodun edo zuzendariei, ez eta haien bigarren mailara arteko senitartekoei ere.
b) Baldintza-pleguek bermatuko dute enpresak lan-arriskuen prebentzioari buruzko legedia betetzen duela. Ezbehar-tasarik baxuenak lortzea izango da helburu nagusi, bai eta laneratzeko arazoak dituzten pertsonak (denbora luzez langabezian daudenak, emakumeak,...) enplegatzea ere. Halaber, kontuan izan beharreko irizpide sozialen artean, bereziki kontuan hartuko dira lan-kontratudun langileei, gehienean, EAEko Administrazioko taldeen antzeko lan-baldintzak (ordainsariak eta lanaldia) ezarri dizkieten enpresak, langile haien soldata- eta gizarte-baldintzak gehiago parekatzeko helburuarekin.
c) Enpresa horietako lan-kontratudun langileei, ordainsariei eta lan-baldintzei dagokienez, jardueragatik dagokien sektoreko hitzarmena aplikatuko zaie, gutxienez, edo, hala badagokio, enpresarena, hobea bada.
d) Enpresa esleipendunak ezin izango ditu zerbitzu horiek hirugarren batekin azpikontratatu.
4.- Administrazio Orokorraren eremuan, kanporatutako zerbitzuen jarraipeneko batzorde bat eratuko da; paritarioa izango da, eta, bertan, Administrazioak eta akordio hau sinatu duten sindikatuek parte hartuko dute. Urtean behin bilduko da, gutxienez, eta kanporatzeei buruzko informazio guztia helarazi eta akordio honen baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.
Administrazioak, urtero, baldintza-pleguetan eta araudian ezarritako eskakizunen betetze-mailari buruzko txosten bat egingo du, honako datu hauek jasoko dituena:
- Enpresa kontratatzaileen izena.
- Kontrataren helburua eta iraupena.
- Enpresako lan-kontratudun langileen gutxi gorabeherako kopurua eta kontratazio-moduak.
- Langileei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa.
- Jardueraren lekua.
5.- Administrazioak enpresa kontratistako lan-kontratudun langileen soldata- eta gizarte-baldintzak EAEko Administrazioko taldeenekin pareka daitezen sustatzeko konpromisoa hartzen du.
V. TITULUA
LANALDIA ETA OPORRAK
22. artikulua.- Lanaldia.
Hitzarmen honen esparruan sartzen diren langileen urteko ohiko gehienezko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta 23. artikuluan ezartzen diren ohiko bi lanaldi-motatan egin ahal izango da.
Hala eta guztiz ere, behar bezala egiaztatutako zerbitzu-beharrak direla eta, lanaldi jarraitua urte osorako ezarri ahal izango zaio zenbait talderi, eta egoera horrek ez die inolako aldaketarik ekarriko lansarietan.
23. artikulua.- Eguneroko benetako lanaldia eta ordutegiak.
1.- Bi lanaldi-mota izango dira eta langileek, oro har, askatasunez aukeratu ahal izango dute lanaldia, baldin eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira. Salbuespen gisa, kasuan kasuko zerbitzu-zuzendaritzak ukatu ahal izango du, modu arrazoituan. Eztabaida egonez gero, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak ebatziko du, hitzarmenaren jarraipenerako batzorde paritarioaren interpretazioa entzun ondoren.
a) Lanaldi zatitua.
Astelehenetik ostegunera egingo da goizez eta arratsaldez. Bazkaltzeko etena egingo da, ordaindu gabea, gutxienez ordu-erdikoa eta gehienez 2 ordukoa. Ostiraleko lanaldia, berriz, 7 orduko lanaldi jarraituan egingo da. Udaldiak hamazazpi aste iraungo du eta, sasoi horretan, 6 ordu eta erdiko lanaldi jarraitua egingo da.
b) Lanaldi mistoa.
Astelehen, asteazken eta ostiraletan lanaldi jarraitua egingo da eta ostegunetan zatitua. Udaldian aurreko paragrafoan ezarritako lanaldia egingo da.
Lanaldi zatitua, oro har, astearte eta ostegunetan egingo da, eta jarraitua astelehen, asteazken eta ostiraletan. Arrazoi justifikaturik badago, langileek beste lanaldi-banaketa batekin egin ahal izango dute beren lanaldia, baldin eta kasuan kasuko zuzendariaren edo ordezkariaren eta zerbitzu-zuzendariaren baimen bateratua badute eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira.
2.- Aukera urtean behin aldatu ahal izango da, eta ondorioak urtarrilaren 1ean izango ditu. Abenduaren 1a baino lehen jakinaraziko da. 2010. urterako, epea 2010eko urtarrilaren 31 arte luzatuko da. Data hori arte, 2009. urterako ezarritako ordutegia egingo da, eta dagozkion doiketak egingo dira 2010. urtean zehar.
3.- Eguneko lanaldia eta asteko lanaldia.
Lanaldi-mota bakoitza I. eranskinean 2010erako eta 2011rako ezartzen diren ordutegien eta iraupenen arabera beteko da.
Eguneko lanaldiaren ordutegia honen araberakoa izango da:
- Sartzeko hasierako ordua 07:45ean izango da.
- Lanaldi zatituan, malgutasun-tartea 07:45etik 19:00etara izango da eta lanean derrigorrez egoteko ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:10era; arratsaldeko lanaldia bi ordukoa izango da gutxienez. Nolanahi ere, egun jakin bateko benetako lanaldia ezin izango da bederatzi ordu eta erditik gorakoa.
- Ostiraletako lanaldi jarraituan, lanaldi mistoko astelehen eta asteazkenetan eta udako lanaldian, sartzeko malgutasun-tartea 07:45etik 08:30era izango da eta irtetekoa 14:15etik aurrera behin asteko ordutegia edota dagokion eguneko lanaldia bete ondoren.
Eguneko lanaldia bete den jakiteko, asteko zenbaketa hartuko da kontuan.
4.- Norberaren gauzak egiteko baimen bat ezartzen da.
Baimena urteko lanalditik kendu ahal izango da, urteko lanaldia hainbat ordu eta minutu murriztuz, eta hori bi fasetan egingo da. Hori dela eta, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, urteko lanaldia 22 ordu eta 30 minutu murriztuko da. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, 45 ordu murriztuko da urteko lanaldia.
Norberaren gauzetarako egun horiek egun osotan hartu ahal izango dira, edo, bestela, gutxienez 2 orduko alditan, arratsaldez (gehienez ere 12 arratsaldetan).
Baimen hau hartzeko baldintzak V. eranskinean azaltzen dira, zehazki.
Baimen honek, honako akordio honetan ezartzen den bi faseko aitorpen-baldintzetan eta honako akordio honen V. eranskinean aipatzen diren baimena hartzeko baldintzetan, oso-osorik xurgatzen eta konpentsatzen du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.k artikuluan ezartzen den norberaren gauzetarako baimena.
4.- Tokian tokiko jaiegunen eta oporraldien arabera, 1592 orduko urteko lanaldia bete arte soberan dauden orduak egun libretan hartuko dira edo, bestela, arratsalde libretan. Arratsaldeak libre hartuz gero, gutxienez bi ordu hartu beharko dira, eta guztira hamabi arratsalde hartu ahal izango dira, gehienez ere.
Ordu libre guztien urteko zenbaketa eta ordu horiek nola hartu lan-egutegian zehaztuko da.
5.- Legezko zaintzari lotutako lanaldi-murrizketak emango dira ikasketak edo hautapenezko karguei dagozkien zereginak egiteagatik edo norberaren borondatez, betiere, 46., 52. eta 57.1 eta 3. artikuluetan aipatutako kasuetan eta ezarritako baldintzetan. Lanaldiaren murrizketaren portzentajeak zortziren bat, bosten bat, heren bat eta erdia izango dira.
6.- Lanera ez etortzea, garaiz ez etortzea edo lanetik irtetea edota lan-egutegiko edozein arau ez betetzea dagokion saileko langileen arduradunari jakinaraziko zaio berehala, eta egiaztatu egin beharko da ahal den guztietan.
Zerbitzu-zuzendaritzek lanaldiak eta ordutegiak betetzen diren ikusiko dute eta horren jarraipena egingo dute, sailburuordetza, idazkaritza eta zuzendaritza guztien lankidetzarekin. Ez-betetzeak eta arau-hausteak zuzentzeko neurriak proposatuko dituzte.
7.- 2010eko abenduan, lanaldi-ereduen erabilerari buruzko datuen arabera, Negoziazio Mahaiak berriro aztertuko du eredu berriak ezartzeko eta oraingoak berrikusteko aukera.
24. artikulua.- Justizia Administrazioko langileen eguneroko benetako lanaldia eta ordutegiak.
1.- Garbiketa-lanen ezaugarriak ikusita, orokorrean lan hori astelehenetik ostiralera egingo da arratsaldeko lanaldi jarraituan, astean 40 orduz.
Larunbatean, igandean edo jaiegunean zerbitzu hori eman behar denean, behar-beharrezko diren langileak baino ez dira joango, zentroko langileen artean txandaka.
Gainerako kategorietan, lanaldia astelehenetik ostiralerakoa izango da, egunean 7 ordu eta erdiz, astean 37 orduz, goizeko lanaldi jarraituan.
Sarrera-ordua:
- 07:30ean, 08:00etara arteko malgutasuna izanik.
- Garbiketa eta mantenimenduko langileak: 14:30etik 15:00ak arte.
Irteera-ordua:
- 7 ordu eta erdiko lanaldia bukatu ondoren.
- Garbiketa eta mantenimenduko langileak: langile bakoitzak bete behar dituen benetako lan-orduen gorabeheran dago; nolanahi ere, ezin izango da luzatu 22:00ak baino beranduago, eta asteko zenbaketa egingo da.
2.- Lanaldia Justizia Administrazioak eman behar duen herri-zerbitzuaren beharrizanetara egokitu behar da. Hori dela-eta, hitzarmen honetan adosturiko ordutegia aldatu beharra badago, ordutegi berezitzat hartuko da, 26. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.
3.- Lanaldiaren barruan, langileek ordu erdiko atsedenaldia hartzeko eskubidea izango dute, eta benetako lantzat hartuko da. Denbora partzialeko lanaldien kasuan, atsedena lanaldiaren proportzioan zenbatuko da.
4.- Ezarritako ordutegia bete behar izatea ez da justifikazioa izango atzeraezinezko eta presazko prozedura judizialak aurrera eramateko behar diren jarduerak bertan behera uzteko edo eteteko.
5.- Lanaldia betetzeko ondorioetarako, gaixotasuna dela-eta lan egin gabeko egunak eta ordaindutako baimenak 7 ordu eta 30 minutukotzat zenbatuko dira, edo horren proportzioan lanaldia denbora partzialekoa bada.
6.- Lanera ez etortzea, garaiz ez etortzea, ordutegia ez betetzea edo lan-egutegiko edozein arau ez betetzea Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzari jakinaraziko zaio berehala, eta egiaztatu egin beharko da ahal den guztietan.
Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak, EATetako koordinatzaile eta arduradunen edo Justizia Administrazioko organo edo zerbitzuetako zuzendaritzen laguntzarekin, lanaldiak eta ordutegiak betetzen diren ikusiko dute. Ez betetzeak eta arau-hausteak zuzentzeko neurriak proposatuko dituzte.
25. artikulua.- Ordutegi malgua familiako eta laneko elkarbizitzaren mesedetan.
1.- Odolkidetasuna zein ezkontza-ahaidetasuna dela-eta 2. gradura arteko senideak zaindu behar dituen langileak edo, berarekin batera bizitzeagatik urrunagoko graduko senitartekoren bat zaindu behar duen langileak, dela mugitzeko arazoak izateagatik, dela osasun-txostenaren bitartez egiaztatutako gaixotasun larria eta jarraitua jasateagatik, gehienez bi ordu gehiagoko malgutasuna izan dezake lanera sartzeko eta lanetik ateratzeko, jateko hutsarteak barne. Malgutasun horretaz baliatuz erabilitako denbora hilero errekuperatu beharko da, egunero ordu eta laurden, gehien jota, salbu eta zerbitzua hobetu beharrez tarte handiagoa uzten bada.
2.- 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten langileek ordu erdi gehigarriko malgutasuna izango dute lanera sartzerakoan eta bazkaltzeko tartearen ostean, ikasturteak iraun bitartean. Hori dela eta, lanetik ateratzeko ordua atzeratu beharko dute lanaldi osoa bete artean.
26. artikulua.- Ordutegi bereziak.
Administrazioak dituen zerbitzu-beharrizanak direla eta, zenbaitetan prestazio hori emateko ardura duen langileak lantokitik bertatik egin behar ditu prestazioak, orokorrean indarrean dauden lan-baldintzetatik at.
Bada, ordutegi horiek bereziak direla esango da, ezaugarri hauetakoren bat gertatzen denean: orokorrean ezarritako ordutegi malgua ezerezean uztea, orokorrean ezarritako ordutegitik ordu-laurden baino gehiago luzatzen diren sarrera- eta irteera-ordutegiak izatea, larunbatetan edo jaiegunetan ere lanaldia ohi izatea, lanaldiaren zati bat gauez izatea, lanorduetatik kanpo lan egiteko gertu egon behar izatea, eta ohiko ordutegitik aldentzen den beste edozein inguruabar denean.
Beraz, orduak konpentsatu ahal izateko printzipio orokor bat ezarriko da egoera horretan izan eta, hala ere, 64. eta 67. artikuluetan aurreikusitako lan-osagarriez gozatzerik ez duten langileentzat, hala lantokiko presentzia areagotu izanagatiko osagarriez, nola lanaldia luzatu izanagatiko osagarriez.
Ordutegi bereziaz baliatzeko, ordutegi horretaz baliatzeko asmoa adierazten dutenek izango dute lehentasuna. Haien arteko adostasunik lortzen ez bada, ordea, aldi batean batek eta bestean besteak, txandakatuz egingo da.
Administrazioaren arioz zerbitzu-beharrizanek hala eskatzen badute, kolektibo zehatz baten lan-ordutegia aldatu ahal izango da; baina, ukitutako kolektibo horri jakinarazi beharko zaio lan-ordutegi berria, hain zuzen ere, alderdi bien arteko adostasuna lortzeko. Adostasun batera heltzerik ez bada, auzia Batzorde Paritarioaren esku geratuko da, eta hark ebatziko du antzeko inguruabarretan aplikatutako irizpideak aintzat hartuz. Horrela ere adostasunik lortzen ez bada, auzia tartekaritza-sistemaren bidez ebatzi beharko da.
Ukitutako langileei ordutegi berria jakinarazi eta handik bi hilera adostasunik lortu ez bada, Lan Harremanen Zuzendaritzak ordutegi berria ezarri ahal izango du, eta ezarri eta handik sei hilera, Batzorde Paritarioak ordutegi hori berraztertu ahal izango du.
27. artikulua.- Homologatu gabeko langileen lanaldia.
Urteko lanaldia 22. artikuluan aipatutakoa baino murritzagoa, 23. artikuluan aipatutakoa ez bezalakoa eta lanaldi jarraitua urte osokoa duten langileei ez zaie egoera aldatuko, lanaldiari buruzko ezaugarri bereziekin jarraituko dute, eta 64. artikuluaren araberako ordainsaria jasoko dute. Lan-egutegiaren arabera ezarriko da dagokion egokitzapena.
28. artikulua.- Egutegia.
Urteko lanaldiaren banaketa berbera izango da langile guztientzat, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ezarriko lan-egutegiaren arabera.
Urtero Administrazioak lan-egutegia sindikatuetako ordezkariekin negoziatuko du, eta, gero, jendaurrean azalduko du, Hitzarmen honen eraginpean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiek horren berri izan dezaten.
Lan-egutegia egiteari begira, hauek lanik gabeko egunak izango dira:
1.- Urte osoko igandeak.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoko jaiegunak.
3.- Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ezarritako tokian tokiko jaiegunak.
4.- Abenduak 24 eta 31, Justizia Administrazioko garbiketa eta mantenimenduko langileentzat izan ezik.
5.- Errekuperatutzat joko dira urte osoko larunbatak.
Halaber, Aste Santuan eta Gabonetan baimen errekuperatuak hartu ahal izango dira. Aste Santuko eta Gabonetako txandetako egunak beste sasoi batean hartu ahal izango dira, kasuan kasuko zerbitzu-zuzendaritzak baimena ematen badu, baina, betiere jarraian bi txandatan gehienez ere.
Aste Santuko eta Gabonetako txanda horietan aldi baterako ezintasuneko egoeran edo amatasun-baimenarekin egonez gero, baimen-egunak aurrerago hartu ahal izango dira, zerbitzu-zuzendaritzekin adostuta.
Urtebetekoa baino laburragoko kontratua dutenek eta urte osoan lan egiten ez duten langileek lan egindako aldiari dagozkion baimen errekuperatuak hartuko dituzte.
Justizia Administrazioko garbiketa eta mantenimenduko langileek lanaldi erdia izango dute abenduaren 24an eta 31n eta tokiko jaiegunaren bezperan, eta egun erdi bat libre hartzeko. Horiek guztiak hitzarturiko orduen egokitzapenetik soberan geratzen diren egunen kontura.
29. artikulua.- Ordutegi bereziak dituzten kolektiboak.
Aurreko artikuluetan orokorrean ezarritako ordutegiaren kaltetan joan gabe, eta urteko benetako lanaldiaren barruan, orain arte egon diren ordutegi bereziei eutsi egingo zaie aurrerantzean ere, zerbitzuaren berezitasunak direla-eta beharrezkoa den zentroetan.
Uztail eta abuztuan portuetan lan gehiago egiten denez, Portu eta Itsas Arazoetako Zuzendaritzako langileek lanaldi etena egingo dute urte osoan. Hori dela-eta, soberan geratzen diren orduak, hitzarturiko urteko lanaldiarekiko, urtean zehar konpentsatuko dira, zerbitzuaren beharrizanei begiratuz eta Zerbitzu Zuzendaritzarekin bat.
Hala eta guztiz ere, portu bakoitzean aztertuko da udan lanaldi jarraitua ezartzeko aukera, beti ere portuko zerbitzua egun osoan emanez beharrezkotzat jotzen denean.
30. artikulua.- Aparteko orduak.
Enplegu gehiago sortze aldera, alderdi biek uste dute aparteko orduak ahalik eta gehien murriztu behar direla. Aparteko orduak ohiko lanaldiaz gain sartzen direnak dira. Hona hemen hartu beharreko irizpideak:
a) Ohiko aparteko orduak: erabat kendu.
b) Ustekabekoak, absentziak, zerbitzu etenaldiak, langileen txanden aldakuntzak edo dena delako zerbitzu edo jardueratik sortutako egitura mailako bestelako gorabeherak izan direlako beharrezko gertatzen diren aparteko orduak: mantendu, baldin eta legez eta arauz aurreikusita dauden aldi baterako edo zatikako kontratazio modalitateak erabiltzerik ez badago.
Dena dela, aparteko orduen kopuruak ezingo du izan urtean 80tik gorakoa langileko.
Orokorrean, sartutako aparteko orduak honela konpentsatuko dira: ordu eta erdirekin, laneguna bada; bi ordurekin gauez, igandean edo jaiegunean bada, azken hori atzeraezinezko kasuetan baino ez da egingo.
Konpentsazio hori hilero egingo da, eta hurrengo hilabetean gauzatu ahal izango da, Zerbitzu Zuzendaritzarekin edo dagokion organoarekin bat.
31. artikulua.- Benetako lana.
Urteko lan-ordutegia benetako lanari dagokiola ulertzen da. Langilea bere lanpostuan egongo da dagokion egutegian ezartzen den lanaldi arrunta hasten denetik amaitzen den arte.
32. artikulua.- Lanaldien arteko etenaldia.
Lanaren antolaketa edozein dela ere, lanegun arrunta amaitzen denetik hurrengoa hasten den arte gutxienez 12 orduko tartea egongo da.
33. artikulua.- Oporrak.
1.- Langile guztiek, urteko, hogeita bi laneguneko opor ordainduak edo proportzioz dagozkienak hartzeko eskubidea izango dute.
2.- Zerbitzuan urtebete egin ez duten langileen oporraldia laneratu edo birlaneratu zirenetik urte horretako abenduaren 31ra arte emandako denboraren hainbatekoa izango da.
3.- Oporren ordez ezingo da dirurik eskuratu, ez osorik ez eta zati batean ere, langilearen kontratua urtea amaitu aurretik bukatzekoa denean eta oporrak osorik edo zati batean oraindik hartzeko dituen kasuetan izan ezik. Salbuespen da, bada, erretiroa, eta horretan ezingo da kalte-ordainik jaso dirutan.
4.- Aurreko artikuluan adierazten diren aparteko kasuetan, langileak oraindik hartzeko dituen oporrei dagokien zatia kobratzeko eskubidea izango du, urtearen barruan lan egin duen hilabete-kopurua kontuan hartuta. Hilabete bakoitzari 2,5 egun natural dagozkio eta hilabetearen edonolako zatiketa dagokion proportzioan kontatuko da. Lan-kontratua amaitzeko arrazoia langilearen heriotza izanez gero, oinordekoek jasoko dute dagokion ordainketa hori.
5.- a) Ekainaren 1etik irailaren 30era doan tartean hartuko dira oporrak, lau hilabete horietako edozeinetan, zerbitzuko beharrek bestelakorik agintzen dutenean izan ezik. Hala ere, abuztua izango da opor-egutegia egiteko eredutzat hartuko den hilabetea.
b) Oporrak bi zatitan hartu ahal izango dira tarte horren barruan, baina zatirik txikiena astebetekoa izango da gutxienez.
c) Arau orokorra aurreko lerroaldeetan azaldutakoa baldin bada ere, zerbitzu zuzendaritzek ekainetik irailerako epetik kanpo astebete eta hilabete bitarteko oporrak hartzeko baimena eman ahal izango dute.
Kasu horietan, oporrak hartzea pentsatzen den eguna baino gutxienez hilabete lehenago aurkeztu behar dira eskabideak eta Zerbitzu Zuzendaritzak gutxienez 15 egun lehenago erantzun behar du. Ezetsitako eskariak eta oporren koadroa egitean sortzen diren gorabeherak Batzorde Paritarioan aztertu ahal izango dira.
d) Zerbitzuaren beharrizanak direla eta administrazioak zehazten badu oporrak ekainetik irailera bitarteko alditik kanpo hartu beharra, langileek beren oporraldia luzatzeko aukera izango dute: beste 5 lanegun edo aipatutako alditik kanpo hartutako egunen zati alikuota. Betiere, langileek eskubidea edukiko dute opor-aste bat berek aukeratutakoan hartzeko.
e) Zerbitzuaren beharrak direla-eta, Administrazioak, ekainetik irailera doan epearen barruan, oporrak noiz hartu behar diren agintzen badu ere; langileek astebete behintzat nahi dutenean hartzeko eskubidea izango dute, aipatutako epearen barruan.
f) Aurreko a), b) eta c) artikuluetan adierazitakoa dagokion ordu-errekuperazioa egiteko derrigortasunaren kaltetan gabe egin beharko da, hau da, urteari dagozkion benetako lanordu guztiak bete behar dira.
Aste beteko opor-aldia eskatzen denean, aste horretan jaiegun bat edo gehiago izanez gero, ezingo da baimenik eman 4 lanegun baino aldi laburragorako.
g) Oporren koadroa urteko lehenengo hiruhilekoan ezarriko da.
6.- Oporraldia eten ahal izango da horren barruan gaixoaldi edo istripuren bat gertatuz gero. Gorabehera horiek pasa ondoren interesatuak oporraldiarekin jarraitzeko aukera izango du. Horretarako, medikuaren alta aurkeztuko dio dagokion Zerbitzu Zuzendaritzari.
7.- Zerbitzuaren beharrak direla-eta, Administrazioak oporrak hartzeko egunak aldatzen baldin baditu, gutxienez hogei egun lehenago emango dio horren berri interesdunari eta interesdunak gorabehera horrek sortarazi dizkion gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango du; horretarako, langileak egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu eta ezin du gastu horiek egiteko zabarkeriatan ibili.
8.- Oporrak hasi ondoren zerbitzuaren beharrak direla eta eten egin behar baldin badira, aurreko artikuluan aipatu diren gastuak kobratzeaz gain, lan egindako ordu bakoitzeko bi ordu jai hartzeko eskubidea izango da.
VI. TITULUA
BAIMENAK
34. artikulua.- Baimenak.
1.- Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek lizentzia ordaindua har dezakete ondoren zehazten diren arrazoiengatik eta denborarengatik:
a) Istripu edo gaixotasunagatiko baimena
b) Erditze, edoskitze, adopzio eta umea hartzeagatiko lizentzia.
c) Aitatasun-baimena.
d) Norberaren edo ahaideen ezkontzarako baimena.
e) Bataio eta jaunartzeetarako baimena.
f) Ahaideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko baimena.
g) Lehen mailako ahaideen gaixotasun larriagatiko lanaldi-murrizketa.
h) Derrigorrezko betebehar publiko edo pribatuak egiteko baimena.
i) Ohiko etxebizitzaz aldatzeko baimena.
j) Sindikatuen edo langileen ordezkari-lanak egiteko baimena.
2.- Halaber, ondorengo baimenak eman ahal dira, bakoitzean ezartzen diren arauen arabera. Honako hauek dira:
a) Adin txikikoak edo desgaituak edo gaixorik dauden senitartekoak zaintzekoak.
b) Gaixotasun kronikoak edo mugitzeko arazoak dituzten senitartekoak zaintzekoak.
c) Kontsulta, tratamendu eta mediku-azterketetara joatekoa.
d) Betetzen den funtzioarekin edo lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikasketak egitekoa.
e) Lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia ez duten ikasketak egitekoa.
f) Zientzia, teknika edo lanbideko ekitaldietara joatekoa.
g) Hautapenezko karguari dagozkion jardunak betetzekoa.
h) Norberaren eginkizunetarako baimena.
IV. titulu honetan ezkontideari buruz adierazitako guztia dagokio langilearekin bikote egonkorrean bizi denari ere, horrela bizi direla erakutsita. Bizikidetza egonkorreko bikoteei ezkontza-ahaidetasuneko loturak aitortuko zaizkie bikote ezkonduei bezalaxe.
Titulu honetan araututako baimenei esker jai emandako lanegunak, nahitaez, baimena hartzeko arrazoiak sortzen diren egunetan hartu beharko dira, berariaz beste aukerarik finkatzen ez bada.
Lurralde Ordezkariari edo horren ordeko agintariari dagokio baimenak ematea, sailetako egoitza nagusietan izan ezik, horietan Zerbitzuetako zuzendariari dagokio eta. Hori guztia ezarpen, koordinazio eta kontrol irizpideak ezartzeko zerbitzu zuzendaritzek dituzten gaitasunen kaltetan gabe. Zerbitzu zuzendaritzek onartutako lizentzien eta baimenen berri eman behar diote Lan Harremanen Zuzendaritzari.
Nolanahi ere, 49. artikuluan aurreikusten den baimena ematea dagokion Zerbitzu Zuzendaritzaren aginpidea izango da beti. Era berean, 51. eta 54. artikuluetan aurreikusten diren baimenak Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren oniritzia beharko dute, baina baimen-eskaera 15 egunekoa baino laburragoa baldin bada, Zerbitzu Zuzendaritzen esku egongo da erabakia, hartu ondoren Lan Harremanen Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaiolarik.
35. artikulua.- Baimenen arteko bateraezintasunak.
Ezin izango da batera erabili aurreko artikuluan aipatutako baimen-mota bat baino gehiago. Printzipio orokor honetan salbuespen dira edoskitzea eta lanaldi-murrizketak dakartzaten baimenak; horiek bateragarriak dira besteekin. Oporraldiak dirauen artean, ezin izango da baimenez edo ordaindutako baimenez baliatu.
36. artikulua.- Istripu edo gaixotasunagatiko baimena.
1.- Langileek, gaixotasuna edo istripua dela eta, beren lana behar bezala ezin badute egin, eta hala jasota badago osasun-zerbitzuek emandako bajan, baimena izateko eskubidea dute, alta jaso artean, kontratazioaren gehienezko epea ez gainditzearen baldintzapean.
2.- Aldi baterako ezintasuneko egoeretan Administrazioak osagarriak ordainduko ditu, enplegatuak, gaixotasuna edo istripua izanez gero, lansarien % 100 jaso dezan, bajan dagoen artean, baina 18 hilabeteko muga dagoela.
Administrazioak, Aurrezaintzako Zerbitzuaren Mediku Arloaren araketaren bitartez, jarraipena egin dezake eta enplegatuaren gaixotasun edo istripu-egoera ere egiazta dezake, hori guztia egoera hobeki ezagutzeko eta albait azkarren sendatzen laguntzeko.
Enplegatuak horrelako araketak ez baditu pasatu nahi, diru-osagarriak gal litzake, doakionari idatzizko entzunaldia eman ondoren.
3.- 18 hilabeteko gehienezko epea amaitu eta, bitartean, funtzionarioak baliaezintasun iraunkorren bat eskatu badu, aurreko lerroaldean adierazitako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du medikuaren alta jaso arte, baliaezintasuna onartuta edo onartu gabe, edo zendu arte. Baliaezintasun iraunkorra onartzen bazaio honelako mailetan: guztizko baliaezintasun iraunkorra, erabateko baliaezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia; aipaturiko eskubidea GSINen erabakiaren dataren aurreko egunera arte luzatuko da.
Hori dela-eta, eskubide hori gauzatzeko eskaera hilabeteko epe luzaezinean aurkeztu behar da, epea altaren egunetik edo baliaezintasun-maila onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik edo, hala badagokio, baliaezintasuna ukatzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik edo heriotzako egunetik hasita.
Baliaezintasuna 18 hilabeteko epea bukatu ondoren eskatzen bada, gorago aipatutako zenbatekoa jasotzeko eskubidea eskaera egiten den egunetik aurrera baizik ezin izango zaio aitortu.
4.- Gaixotasun edo istripuagatiko baimenarekin dagoela, langileak norbere edo beste inoren konturako lanak egiten baditu, aurreko puntuan ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galduko du, eta, arrazoi horregatik diru-kopururen bat jaso badu ordurako, itzuli egin behar dio Administrazioari hilabeteko epean, ireki dakiokeen diziplinako espedientearen kaltetan gabe.
5.- Gaixoaldia edo istripu-aldia borondatez eta arrazoirik gabe luzatzen duen langileak diziplinazko erantzukizuna izango du, besteak beste, eta bigarren atalean ezarritako zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galduko du.
37. artikulua.- Erditze, edoskitze, adopzio eta umea hartzeagatiko lizentzia.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko emakume langileek, erditzeagatik, dagokien baimena hartzeko eskubidea dute. Hamazazpi asteko iraupena izango du baimenak eta, erditze anizkoitza izanez gero, bi aste gehiago luza daiteke bigarrenetik aurrerako seme-alaba bakoitzeko. Interesdunak aukeratuko du denboraldia nola banatu, baina umea egin eta berehala sei aste hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aitak baimen osoa edo, hala badagokio, geratzen den baimen-zatia erabili ahal izango du.
Hala ere, erditu ondorengo asteetan amak nahitaez gorde behar dituen atseden-egunez gain, aitak eta amak lan egiten baldin badute, amak aukera du erditu osteko atsedenaldiaren zati bat etenik gabe aitari lagatzeko, dela amaren baimenarekin batera, dela ondoz ondo, salbu eta eskubide hori egikaritzean ama lanean hastea arriskutsua bada. Atsedenaldiak aldi berean gozatuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreikusitako hamazazpi asteak gainditu edo seme-alaba bat baino gehiago erdituz gero dagozkionak gainditu.
Baimenaren iraupen osoa agortutakoan, emakume langileak bere lanera ohiko eran itzultzea eragozten dion osasun-arazorik baldin badu, aldi baterako ezintasun-baxa hartuko du. Horretarako, manuzko izapideak bete beharko ditu.
2.- Sei urtetik beherako haurren adopzio edo harrera kasuetan, hala adoptatu aurreko harreran nola behin betiko harreran, langileak eskubidea izango du etenik gabeko hamazazpi asteko baimena hartzeko. Haur bat baino gehiago adoptatuz gero, adoptatutako haur bakoitzarengatik bi aste gehiago hartzeko aukera izango du, interesdunak nahi duenetik zenbatzen hasita, dela administrazioaren nahiz epaitegiaren harrera-ebazpena ematen denetik aurrera, dela adopzioa eratzen duen epaitegiaren ebazpena ematen denetik aurrera. Halaber, baimenaren iraupen-aldia hamazazpi astekoa izango da adingabea sei urtetik gorako ezindua edo elbarria denean, edo bere inguruabar pertsonalak eta esperientziak direla eta, edota atzerritarra izateagatik, gizarteratzeko eta familiaren baitan toki izateko zailtasunak baldin baditu, gizarte-zerbitzu eskudunak hala egiaztatuta. Aitak eta amak lanean badihardute, baimena interesdunek aukeratutako moduan banatuko da, hau da, aldi berean edo ondoz ondo, betiere etenik gabe. Atsedenaldiak aldi berean gozatuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreikusitako hamazazpi asteak gainditu edo seme-alaba bat baino gehiago adoptatzeagatik edo harreran hartzeagatik dagozkionak gainditu.
Nazioarteko adopzioko kasuetan, aitak edo amak adoptatutako haurraren sorterrira aldez aurretik joan behar dutenean, kasu bakoitzerako artikulu honetan aurreikusitako baimena adopzioa eratzen deneko ebazpena eman baino lau aste lehenago har daiteke, gehienik jota.
3.- Aurreko paragrafoetan araututakoaren arabera aitak, gutxienez, baimeneko lau aste hartzen baditu, orduan, bi aste gehiago hartzeko eskubidea ere izango du.
4.- Oporraldia eta baimen-aldia (erditze, edoskitze, adopzio eta umea hartzeagatikoa) batu ahal izango ditu langileak, baita eta oporraldiari dagokion urtea amaitu bada ere.
5.- Era berean, emakume langileak lanean ordubeteko etenaldia egiteko eskubidea du hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba bakoitzeko; denbora hori bi zatitan bana dezake bularra edo biberoia emateko. Emakumeak, hala nahi badu, eskubide horren ordez ohiko lanaldia ordubetez murritz dezake, helburu bererako bada. Edoskitzea artifiziala denean, lan-jardunaldian etenaldia egiteko edo lanaldia gutxitzeko eskubidea aitari pasatu ahal zaio, aitak eskatzen badu, eta, amak lan egiten duela egiaztatu ondoren, amak baimena hartzeko eskubideari uko egiten diola edo ezin dela baimenaz baliatu ziurtatzen badu.
Emakume langileak aurreko paragrafoan azaldutako baimenari eustea edo denbora hori erditzeagatiko baimenari gehitzea izango du aukeran. Dena dela, horretarako kontuan har daitezkeen orduak benetako lanegunetakoak dira. Hori dela-eta, funtzionarioak, baimena eskatzerakoan, hamabigarren hilabetea bete artean geratzen den garaian, baimenak, oporrak edo eszedentziak hartzeko asmoa duen adierazi behar du, tarte horiek guztirakotik kendu ahal izateko.
6.- Administrazioak laguntza osagarriak ordainduko ditu emakume langileak lansarien % 100 jaso dezan amatasuneko bajan dagoen bitartean.
7.- 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, honako baimen hauek onartuko dira (iraupenak ere zehaztu dira):
a) Erditzeagatiko baimena.
Erditzeagatik, emakume langileek etenik gabeko 18 asteko baimena izango dute, eta bi astez gehiago luzatuko da, seme-alabaren desgaitasunaren kasuan eta, erditze anizkoitzaren kasuan, bigarrenaren ondorengo seme-alaba bakoitzeko.
Administrazioak langileari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazio ekonomikoaren osagarri bat ordainduko dio, erditzeagatiko baimenean ordainsarien % 100 jaso dezan.
b) Adopzioagatiko edo harreragatiko baimena.
Langileak etenik gabeko 18 asteko baimena izango du adingabeak adoptatzeagatik edo harreran hartzeagatik, adopzio aurreko harrera nahiz iraunkorra edo soila izan, betiere urtebete baino gutxiagorako ez bada azken kasu horretan.
Administrazioak langileari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazio ekonomikoaren osagarri bat ordainduko dio, adopzioagatiko edo harreragatiko baimenean ordainsarien % 100 jaso dezan.
38. artikulua.- Aitatasun-baimena.
1.- Aitak edo beste gurasoak etenik gabeko 21 egun naturaleko baimena hartzeko eskubidea izango du jaiotza, adopzio edo harreragatik. Baimen hori, nolanahi ere, haurra jaiotzen denetik edo ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena ematen denetik hasiko da, lanaldi osoan. Baimen hori etenik gabeko lau astera luzatuko da, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera.
2.- Administrazioak langileari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazio ekonomikoaren osagarri bat ordainduko dio, aitatasuneko baimenean ordainsarien % 100 jaso dezan.
39. artikulua.- Norberaren edo senideen ezkontzagatiko baimena.
1.- Langileak 20 egun naturaleko baimena izango du ezkontzeagatik. Ezkontza ospatu baino lehen edo ospatu ostean hartu ahal izango da, baina edonola ere, ezkontzaren eguna epealdiaren barruan geratuko da.
Baimen hau oporraldiarekin batera har daiteke, aurretik edo atzetik gehitzeko aukera dagoela, 15 egun aurretiaz zerbitzu-zuzendariari adierazita.
2.- Baimen hori hartzeko eskubidea izango dute, era berean, izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean jasotako baldintzetan izatezko bikotea eratzen duten enplegatuek, baldin eta EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroak emandako ziurtapenaren bidez egiaztatzen bada.
Akordio honek indarra hartu eta gero bizikidetza egonkorrean hasten diren langileentzat baino ez da izango baimen hau.
Ezkontza edo bizikidetza egonkorra dela-eta, ezin izango da beste baimen bat hartu 6 urte igaro arte eta inolaz ere ez bikoteko kideak berberak direnean.
3.- Ezkontza langilearen guraso, aita-amaginarreba, neba-arreba, suhi-errain, seme-alaba, iloba edo aitona-amonenak direnean, ezkontza-eguna izango du libre, baina ospakizuna langilearen bizilekutik 150 kilometro baino urrutirago egiten bada, hiru egun natural emango dira libre joan-etorria errazteko.
40. artikulua.- Bataio eta jaunartzeetarako baimena.
Seme-alaben edo biloben bataioaren edo jaunartzearen kasuan, aitak, amak eta aiton-amonek aipatutako ekitaldia gertatuko den egunean baimen ordaindua izateko eskubidea izango du, lanegun antolatuarekin bat badator edo bezperan gaueko txanda planifikatu bada.
Beste erlijio-konfesio batzuen antzeko ospakizunei ere aplikatuko zaie baimen hori, baldin eta Espainiako Estatuak lankidetza-hitzarmena izenpetuta badauka haiekin.
41. artikulua.- Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko baimena.
1.- Langileak arrazoi honegatik har dezakeen baimenaren iraupen-aldiak honako hauek dira: ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara artekoen heriotzagatik, 3 lanegun eta senar-emazte, bizikide edo seme-alaben egiaztaturiko gaixotasun larriagatik edo heriotzagatik, 5 lanegun. Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara artekoen egiaztaturiko gaixotasun larriagatik, bi lanegun.
2.- Aipaturiko baimen-aldiei 2 egun natural gehituko zaizkie gertakizunak langilearen ohiko bizilekutik 150 kilometro baino urrutirago gertatzen badira.
3.- Ezkontza edo odol bidezko ahaidetasunaren 2. mailara arteko ahaideen edo, bizikidetzako kasuan, urrunagora artekoen gaixotasun larriaren kasuetan, egiaztatuta, langileak, lehenengo baimena amaitu eta 30 egun igaro ostean, epealdi berdineko beste baimen bat hartzeko eskubidea izango du, baina bizilekutik urrun gertatzeagatik ez du oraingo honetan egun-gehitzerik izango.
4.- Batzorde Paritarioak ezarriko ditu gaixotasun larria zer den zehazteko irizpideak. Zalantzak daudenean, Prebentzio Zerbitzuko Arlo Medikoak larritzat hartzen dituen gaixotasunak joko dira horrelakotzat.
5.- Artikulu honetan araututako baimenetarako ezarritako lanegunak horiek emateko arrazoi diren kasuak gertatzen diren egunetan hartu beharko dira.
6.- Lehen paragrafoan aipatutako baimen-aldiei hiru egun gehitu ahal izango zaizkie, jasotako egoera guztien kasuan. Erabilitako denbora errekuperatu egin beharko da hiru hilabeteko epean.
42. artikulua.- Lanaldiaren murrizketa lehen mailako senideen gaixotasun oso larriagatik.
Lehen mailako senidea zaintzeko -edo, elkarrekin bizi izanik, maila horrez gaindikoak zaintzeko-, gaixotasun oso larria badauka, langileak lanaldia % 50eraino murrizteko eskubidea izango du, ordainduta eta hilabeterako gehienez ere.
43. artikulua.- Nahitaezko betebehar publikoak edo norberaren betebeharrak betetzeko baimena.
1.- Nahitaez bete behar diren eginbehar publikoak edo norberaren eginkizunak betetzeko baimen ordaindua izango dute langileek, eta horretarako behar beste denbora izango dute, baldin eta lanorduetatik kanpo egiterik ez badago.
2.- Akordioaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira derrigorrezko eginkizun:
a) Epaitegien, komisarien eta beste administrazio-organo batzuen zitazioak.
b) NANa, pasaportea, eta gidabaimena eskuratzeko edo berritzeko azterketa.
c) Odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideei, minusbaliotasun psikiko edo fisikoren bat badute, beren egoerari dagozkion izapide zehatzak egiten laguntzea. Halakotzat hartuko dira artikulu honetako a eta b idatz-zatietan adieraziak.
d) Hautetsi moduan (hala nola, zinegotzi, ahaldun, batzar nagusietako kide edo legebiltzarkide) kide diren gobernu-organoen edo haien mendeko batzordeen bileretara joatea.
44. artikulua.- Ohiko etxebizitza aldatzeko baimena.
Langileak, ohiko etxebizitza aldatzeagatik, 2 laneguneko baimena izango ditu horretarako, behar bezala frogatzen badu.
Erroldatze-ziurtagiriaren bidez justifikatuko da, eta erroldatze-datatik 15 egun naturaleko epean hartuko da.
45. artikulua.- Sindikatuen edo langileen ordezkari-lanak egiteko baimena.
1.- Sindikatuen edo langileriaren ordezkari-lanak egiten dituztenek dagokion baimena izateko eskubidea izango dute, hitzarmen honetan jasotako xedapenen eta indarrean dagoen araubidean ezarritako egoera, epe, baldintza eta aginduen arabera.
2.- Edonola ere, hitzarmena negoziatzeko mahaian parte hartzen duten langileek baimen ordaindua hartzeko eskubidea dute, mahaiko idazkariak dei egindako bileretara joateko, negoziazio kolektiboa burutu bitartean. Hori dela eta, lanera ez doan langileak horren berri eman behar dio aurretiaz hurbileneko buruari.
46. artikulua.- Desgaitasunen bat duten adin txikikoak edo gaixorik dauden senitartekoak zaintzeko baimena.
Langileak bere kontura gorputz-, adimen- edo zentzumen-elbarria, hamabi urte baino gutxiagoko neska edo mutila edo larriki gaixotuta dagoen odol zein ezkontza bidezko ahaidetasunaren 2. mailara edo, bizikidetzako kasuan, urruneragokora artekorik badauka, eta horren legezko zaintzaren arduradun bada, laneguna murrizteko baimena eskatu ahal izango du. Murrizketa hori lanegunaren zortzirenekoa, bostenekoa, herenekoa edo erdikoa izan daiteke eta horrek lansariaren atal guztietan heineko beherapena ekarriko du bere baitan.
47. artikulua.- Gaixotasun kronikoren bat edo mugitzeko arazoak dituzten senideei laguntzeko baimena.
Bigarren gradura arteko odolkidetasuneko zein ezkontza-ahaidetasuneko senideak zaindu behar dituen langileak edo, berarekin batera bizitzeagatik urrunagoko graduko senitartekorik zaindu behar duen langileak, dela mugitzeko arazoak izateagatik dela osasun-txostenaren bitartez egiaztatutako gaixotasun larria eta jarraitua jasateagatik, ordaindutako 50 orduko baimena izateko eskubidea izango du urtean. Oro har, ordu-kreditu hori erabiltzeko egunean har daitekeen denbora bi ordu izango dira gehienez, eta ordu horiek lanera sartzearekin edo lanetik irtetearekin batera erabili beharko dira.
48. artikulua.- Kontsulta, tratamendu eta azterketa medikoetara joateko baimena.
1.- Langileek eskubidea dute lanaldiaren barruan kontsulta, tratamendu eta mediku-araketak egitera joateko, bertaratu direla behar bezala frogatzen bada eta osasun-zentro horietan bestelako kontsulta-ordurik ez badute, langilea lanorduetatik at joateko.
2.- Iraupena, eskuarki, lau ordukoa izango da gehienez, behar bezala frogatutako kasu berezietan izan ezik. Baimen hori ordaindutakoa izango da.
3.- Umea jaio orduko azterketak egin eta erditzea prestatzeko teknikak ikastera joateko beharrezko denbora guztirako baimena izango du haurdunaldian dagoen emakumeak, eta ordaindu egingo zaio. Horretarako, egiaztatu egin beharko da jarduerak lanaldiaren barruan egin behar direla eta benetan bertara joan behar dela.
4.- Hala berean, langileek lagundu ahal izango diete medikuen kontsultetara, tratamenduetara eta azterketetara odol edo ezkontza bidezko ahaidetasunaren 2. mailara edo, bizikidetzako kasuan, urrunagokora artekoei, pertsona horiek behar izanez gero, baldin eta joan beharreko mediku-zentroek ez badute kontsulta-ordurik langilearen lanorduz kanpo. Horretan erabilitako denbora hilabetean errekuperatu beharko da.
49. artikulua.- Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoan zein Estatuko gainerako beste lurraldeetan dauden prestakuntzako ikastegi ofizialetan onartzen diren langileei baimena eman ahal izango zaie lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko.
2.- Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) antolatzen dituen ikastaldi eta ikastaroetarako onartu izana egiaztatu beharko da eta Zerbitzu Zuzendaritzaren baimena lortu. Estatuko beste ikastegi batzuen kasua denean aipatutako erakundeak emango du bere iritzia.
3.- Baimen honen epealdia ezin izango da ikasturteari dagokiona baino luzeagoa izan.
4.- Baimen honek araudiz ezarritako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak eskuratzeko eskubidea emango du.
50. artikulua.- Lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia ez duten ikasketak egiteko baimena.
Langileek lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusirik ez duten ikasketak egiterakoan, behar besteko baimena izango dute ikastetxe ofizial edo homologatuetan azterketak egiteko; horretarako egin behar den azterketa bakoitzeko, ohiko zein aparteko deialdietan, egun bat emango zaie eta, edozein kasutan, dagokion frogagiria aurkeztu beharko dute. Baimen hori bi egutegi-egunez luzatuko da, azterketa-lekua azterketa egiten duenaren ohiko bizilekutik 150 kilometro baino urrunago baldin badago. Baimen hau ordainduta egongo da.
51. artikulua.- Zientzia, teknika edo lanbideko ekitaldietara joateko baimena.
1.- Era berean, biltzar, ikastaldi, ikastaro, mintegi, sinposio, topaketa, lehiaketa, elkarrizketa, hitzaldi, bilera, jardunaldi eta beste edozelako zientzia, teknika edo lanbideko ekitalditara joateko baimen ordaindua eman ahal izango zaie langileei, zerbitzuaren beharrizanak kontuan izanik eta dagokion Zerbitzu Zuzendaritzak aurretiaz baimendu ondoren.
2.- Langileak berak eskatu beharko du baimen hori, eta ordaindua izango da lehenengo bost egunetan, baina muga horretatik gorakoak ez dira ordainduko. Bestalde, ez dio inolako kalte-ordainik ekarriko, eta bidaia-sariak, gastuak, egonaldiak edo izena ematea doakionaren konturakoak izango dira.
52. artikulua.- Hautetsien eginkizunak betetzeko baimena.
Instituzioetan hauta bidezko kargudun diren langileek beren egoeratik eratorritako funtzioak betetzeko baimena izango dute, 43.2.d artikuluko kasuetakoak kanpo, horretarako behar den denboran, beti ere, guztira urteko lanaldiaren ehuneko 10 gainditzen ez bada.
Baimen honen ondorioz hartutako denborak ez du inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen, eta denbora hori errekuperatu egin beharko da.
Egoera horretan dauden langileek, baimen horren ordez, ohiko lanaldiaren murrizketa eskatu ahal izango dute, baina lansariaren kontzeptu guztiak murrizketaren hein berean gutxituko zaizkie. Murrizketa zortziren batekoa, bosten batekoa, heren batekoa edo erdikoa izan daiteke.
53. artikulua.- EAEko Administrazio Orokorraren sarbide-probetara joateko baimen ordaindua.
Baimen ordaindua emango zaie aldi baterako lan-kontratudunei EAEko Administrazio Orokorrean sartzeko deialdietan beren lan-kategoriako hautaprobetako azterketak egiteko. Baimen hau lan-kontratu finkodunei ere emango zaie barne-sustapenaren bitartez beste lan-kategoria batera pasatzeko azterketatara joateko. Saio horietara joan ahal izateko behar den besteko denborarako emango da baimen hori.
54. artikulua.- Norberaren gauzetarako baimena.
1.- Norberaren gauzetarako baimena, oso arrazoi borobilagatik ez bada, jardunean hasi edo lanera itzuli eta urtebete igaro arte ezin izango da eskatu.
Norberaren eginkizunetarako baimen-aldietan ez da ezer ordainduko, gainera, baimen-aldia oporrei kenduko zaie hein berean. Iraupena guztira ezin izango da lau hilabetekoa baino luzeagoa izan urte bitik behin. Bi urteak baimen-aldia hartzen den lehenengo egunetik hasiko dira zenbatzen; hori horrela, ondoz ondoko lau hilabeteko aldirako ematen bada, ezin izango da beste bat eman bi urte igaro arte, lehenengoaren hasiera-egunetik kontatzen hasita. Aldi laburragoetan, halaber, hasiera-egunetik hasiko da zenbatzen, baina bi urteko epearen barruan beste baimen batzuk eman ahal izango dira, lau hilabeteak osatu arte.
Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen bada, urtero eman ahal izango da, behingoz bakarrik, elkarren segidako lau hilabete gehienez.
Ikasketa ofizialak egitearren lanaldia zortziren batean, bosten batean edo heren batean murriztu daiteke, hala erabakitzen bada; soldatak, halaber, hein berean murriztuko dira.
Norberaren kontuetarako baimenaren iraupena, garatzeko bidean dauden herrialdeetan eginkizunen bat egiteko eskatzen bada, eta, betiere, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen babespean bada, aldi guztiak batuta, ezin izango da 2 urtetik gorakoa izan, bost urterik behin, eta gutxieneko aldia lau hilabetekoa izango da.
Hala berean, sei hilabeteko edo urtebeteko baimena, ordaindu gabea, eskatu ahal izango dute lan-kontratu finkodunek. Baimen hau jasoz gero, ezin egingo da jardun ordaindurik. Ezin izango da horrelako beste eskaririk egin baimena amaitu eta bost urteko benetako zerbitzuan aritu arte.
2.- Edozein herri-administraziotan sartzeko hautaprobetara joateko errekuperatu beharreko baimena.
Administrazioen eta erakunde publikoen kidego eta eskaletan sartzeko deialdietan aurreikusitako hautaprobei dagozkien ariketak egiteko baimena emango zaie langileei. Baimen hori probetan parte hartzeko behar adina denborarako emango da.
Libre hartutako denboragatik ez da inolako ordainketarik jasotzeko eskubiderik izango, eta, zerbitzu-zuzendaritzek hortaz xedatu dezatenarekin bat etorriz, orduak errekuperatu beharra ere gerta daiteke, zerbitzuaren premiei erantzun behar zaienean.
3.- Lan-kontratu finkodunek, bestalde, lan-orduak heren batean, bosten batean, zortziren batean edo erdian gutxitzea eska dezakete, lansari guztiak hein berean gutxituta, hirurtekoak barne. Lan-orduak gutxitu, eta beste edozein jarduera betetzea, biak hala biak bateraezinak dira, gutxitutako ordutegiaren barruan egitekoa bada jarduera hori; berdin da ordaindutakoa, zein ordaindu gabea izatea delako jarduera hori.
Eskaera urtebeterako izango da gutxienez. Baimen horren gozamena amaitu eta gero, ezingo da beste halako baimenik eskatu, harik eta gozamena amaitzen denetik hiru urte igaro arte. Jarduneko zerbitzuan hasita, edo horretara itzulita, bi urte igaro beharko dira baimena eskatzeko.
4.- Baimen hori, betiere, laneko beharren arabera emango da. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak eman beharko dira.
55. artikulua.- Lan-harremana etetea, lanpostuaren erreserbarekin.
Langileek kontratua eteteko eskubidea izango dute, lanpostua gordeta eta antzinatasuna gehituz, kasu hauetan:
1.- Langileari askatasuna kentzea.
Askatasuna galdu izanagatik lan-harremana etenda duen langileak bere lanpostua gordeta edukitzeko eskubidea izango du epai kondenatzailea jasotzen ez duen bitartean. Egoera horretan dagoen bitartean ez du inolako diru ordainik jasoko.
2.- Baliaezintasuna aitortzea, lanpostuaren erreserbarekin.
Lan-harremanak etenda jarraituko du, GSINaren baliaezintasunaren hasierako ebazpenean, 2 urte edo hortik beherako epea ezartzen denean berrazterketa eskatu ahal izateko, interesdunaren egoeraren balizko hobekuntza dela-eta.
56. artikulua.- Eszedentziak.
1.- Borondatezko edo nahitaezko eszedentziarako eskubidea dute hitzarmen honek hartzen dituen langile finkoek. Nahitaezkoak lanpostua gordetzeko eta kasuan kasuko aldia antzinatasunerako kontatzeko eskubidea emango dio, eta kargu publikoren baterako hautatu edo izendatu izanagatik eta, ondorioz, lanera etorri ezinagatik emango da. Kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barruan eskatu beharko da lanera itzultzea. Nahitaezko eszedentzian zehar, kargu publikorako izendatu edo hautaturiko langileak lan-kontratudun langile gisa onarturik dauzkan hirurtekoak jasotzeko eskubidea izango du.
2.- Ordezkaririk gehien duten sindikatuetako zuzendaritza probintzialeko, autonomikoko edo estataleko organoetan karguren bat betetzen duen edo beteko duen langileak nahitaezko eszedentziarako eskubidea edukiko du. Gorde egingo zaio lanpostua eta antzinatasuna ere kontatuko zaio karguan dagoen bitartean. Kargu horri utzi eta hurrengo hilabetean itzuli beharko da lanera berriro.
3.- Edozein herri-administraziotara edo sektore publikoko, organo edo erakundetara mugagabeko eran lan egitera aldatzen den langile finkoak borondatezko eszedentziako egoera aitor diezaioten eskubidea izango du, sektore publikoan zerbitzuak emateagatik.
Funtzionarioak egoera horretan jarrai dezake, harik eta eszedentziako egoera sortarazi zuen zerbitzu-harremanak dirauen artean. Behin harreman hori etenda, berriro itzultzeko eskatu behar du gehienez hilabeteko epean; osterantzean, norberaren eginkizunetarako borondatezko eszedentzian dagoela ulertuko da.
4.- Indarrean dagoen legerian eskatzen den antzinatasuna egiaztatzen badu, langileak borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea izango du, norberaren eginkizunetarako. Eszedentziak lau hilabetekoa izan behar du gutxienez, eta beste bat hartzeko, lau urte igaro beharko dute derrigorrez aurrekoa amaitu zenetik.
5.- Langile finkoek gehienez hiru urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai norberarena zein adoptatua izan, bai behin betiko harrerako moduan edo adopzio-aurreko egoeran hartu, umearen jaiotza-egunetik hasita, edo epaileen edo administrazioaren erabakiaren egunetik hasita.
Bi urtebetetik gorakoa izango ez den eszedentzia hartzeko eskubidea izango du, halaber, bere kargura dagoen familiakoren bat zaindu behar duen langileak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, baldin eta familiakoa, adinagatik, istripuren bat izan duelako edo gaixorik dagoelako, bere kabuz baliatu ezin bada, eta ordaindutako jarduerarik betetzen ez badu.
Paragrafo honetan azaldutako eszedentzia langile guztien banako eskubidea da. Hitzarmen honen eragin-esparruko bi langilek eszedentziarako eskubidea badute egitate kausatzaile berarengatik, administrazioak mugatu egin dezake eskubide hori batera erabiltzeko aukera, zerbitzuen funtzionamenduari lotutako arrazoi justifikatuak direla-eta.
Beste eszedentzia bat hartzeko bidea ematen duen gertaera bat sortuz gero, eszedentzia berriak amaitu egingo du ordura arte gozatzen zena.
Paragrafo honetan ezarritakoaren arabera harturiko eszedentzia zenbatu egingo da antzinatasunari begira. Lehenengo urtean langileak lanpostua gordetzeko eskubidea izango du. Epe hori igaro ostean, erreserba, lanbide-talde bereko edo kategoria baliokideko lanpostuaren erreserba izango da.
6.- 3. eta 4. puntuetan arauturiko borondatezko eszedentziaren modalitateek ez dute inoiz lanpostua gordetzea ekartzen. Langileak, lanera itzultzen denean, lehentasunezko eskubidea izango du soilik, hutsik geratu edo geratuko diren antzeko kategoriako plazetan sartzeko. Egoera horretan emandako denbora ez da kontuan hartuko sustapen, antzinatasun edo eskubide pasiboei dagokienez.
VII. TITULUA
LANGILEENTZAKO LAGUNTZAK
57. artikulua.- Gizarte Aurreikuspena.
1.- Itzarri BGAEaren sustatzaile eta kide babesle da Eusko Jaurlaritza.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publikoetako langile guztientzat izango da Itzarri BGA Erakundea, eta enpleguko eta ekarpen mugatuko gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema bat kudeatzeaz arduratuko da.
Aldeen nahia da gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema hau zabaldu eta finkatzea, bai etorkizunean erosteko ahalmena mantentzeari begira, bai epe luzerako aurrezpenak sortzeari begira, gero inbertsioetan erabili ahal izateko. Horregatik bada, kide babesleen ekarpenak lansaritzat joko dira baina, horretaz gain, alderdiek komenigarri ikusten dute sustatzea bazkide osoen borondatezko ekarpenak Itzarri BGAEra, horretarako prozedurak ezarriz.
58. artikulua.- Aurrerakinak eta nomina aurreratzeak.
1.- Aurrerakinak.
Jardunean dauden langileek, indarrean diren aurrekontuetako diru-izendapenen barruan, beren hileko soldata garbiaren % 100erainoko aurrerakinak, interesik gabe, jasotzeko eskubidea izango dute, beren kontratu-harremana hilaren azkena baino lehenago bukatzen ez bada. Aurrerakin hori eskatu den hileko nominan konpentsatuko da.
Era berean, hileko hainbesteko bat kentzen zaienentzako ere, eskatu dezaketen diru-aurrerakinaren gehienezko kopurua hileko soldata garbiaren % 100 izango da, aipaturiko kenketa kendu ondoren.
2.- Nomina-aurreratzeak.
Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren langileek, jardunean badaude, eskubidea izango dute, hitzarmena argitaratzen denetik aurrera, nomina-aurrerapena eskatzeko ondoren zehazten den araudiaren arabera:
Nomina aurreratzea, eginkizun dagoen lan bati dagokion soldata aldez aurretik ordaintzea da.
1.- Nomina-aurrerapena jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da bosgarren paragrafoan premia larritzat jotako egoeretako batean egotea. Kasu desberdinetan emango diren nomina-aurrerapenen gehienezko zenbatekoa Jaurlaritzaren Kontseiluaren akordio bidez zehaztuko da, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu ondoren. Dena den, paragrafo horretako e), f), g), h), i), j), k), eta l) egoeretan, emango den kopurua, gehienezko mugaren barruan, aurkeztu beharreko gastuen egiaztagirien araberakoa izango da. Egiaztagiri horiek eskatzaileak aurkeztu behar ditu eskabidearekin batera, eskaera premiazkoa dela frogatzeko.
2.- Itzultzeko gehienezko epea hogeita lau hilekoa izango da. Aurrerapen horiek ez dute inolako interesik sortzen, eta gehienezko epea amaitu baino lehen ere itzuli ahal izango dira.
3.- Ezin izango da beste nomina-aurrerapenik eman harik eta lehenagotik hartutako antzeko konpromisoak kitatu arte. Era berean, sei hilabete igaro behar dira, gutxienez, nomina-aurrerapen bat kitatzen denetik beste bat eskatu ahal izan arte. Hala ere, f) idatz-zatian aipatzen diren arrazoiengatik, aurrerapen bakarra eskatu ahal izango da hamar urteko aldian. Ibilgailuak erosteko kasuan, berriz, ezin izango da arrazoi berberagatik beste aurrerapen bat eskatu harik eta aurrekoa kitatu zenetik 5 urte igaro arte.
Nomina-aurrerapena jaso duten onuradunen administrazio-egoera aldatzen bada, eta, horren ondorioz, sei hilabetetik gorako epean nominan bajan egon behar badute, aldez aurretik, jasotako nomina-aurreratze osoa itzuli eta kitatu beharko dute erabat.
4.- Kreditu bizien gehieneko saldoa soldata-masaren % 2 izango da.
5.- Premia larriak.- Egoera hauetatik sortutakoak izango dira:
a) Eskaera egin duen pertsona ezkontzea, edo, egiaztagiriaren bitartez frogatuz gero, modu iraunkorrean bikotekidearekin bizitzen hastea.
b) Eskatzailea dibortziatzea, banantzea edo bere ezkontza deuseztatzea.
c) Ezkontidea edo seme-alabaren bat hiltzea.
d) Seme-alabak jaiotzea, edo umeak adoptatu edo etxean hartzea.
e) Gaitz larria edo ebakuntza: eskatzailearena, bere ezkontidearena, bizilagunarena, seme-alabena edo hartuta dituen adin txikikoena.
f) Ohiko bizilekua erostea eta ohiko bizilekua erosteko hartutako banku-kredituak amortizatzea. Horrelakoetan, itzultzeko epea 48 hilabetekoa izango da, gehienez ere.
g) Ohiko etxebizitza zaintzeko beharrezkoak eta nahitaezkoak diren lanak egitea.
h) Lantokia dagoen herrira bizitzera joatea.
i) Ohiko etxebizitza atontzeko altzariak erostea.
j) Ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko eskatzaileak, ezkontideak, bizilagunak, seme-alabek edo bere ardurapeko pertsonek ordaintzen dituzten matrikula-gastuak ordaintzea.
k) Ibilgailua erostea. Ibilgailua lanean ere erabiltzeko erosten bada, horren beharra saileko Zerbitzu Zuzendaritzak justifikatuko du aldez aurretik, eta itzultzeko gehienezko epea 36 hilekoa izango da.
l) Premia larritzat jotzen dituen antzeko beste egoera batzuk.
6.- Izapideak.- Nomina-aurrerapena eskatzeko epea bi hilekoa izango da, aurrerapenaren arrazoi den egintza gertatzen denetik. Hala ere, aparteko kasuetan, aurrerapenaren arrazoi den egintza gertatu aurreko hilean datatutako eskabideak ere baimendu ahal izango dira, betiere, nomina-aurrerapena eman eta bi hilabeteko epean justifikazio-agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen bada, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik. Agindu hori ez betetzeak besterik gabe baliogabetuko du aurrerapena.
Nomina-aurrerapenetarako eskabideak Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio eskatzailearen saileko zerbitzu-zuzendaritzaren bitartez. Zerbitzu-zuzendaritzak, aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko, eskabidean jasota utziko du eskabidea zein egunetan egin den. Gainera, zerbitzu-zuzendaritzak txosten bat emango du, aldez aurretik, eskabideen bidezkotasunari buruz.
59. artikulua.- Istripu, bizitza eta erantzukizun zibilaren asegurua.
Administrazioak istripu-aseguruen polizari dagozkion estaldurak handituko ditu, ondorengo kopuruen arabera:
- Heriotza: &&&...........&&&&.. 33.000 euro.
- Erabateko baliaezintasun iraunkorra: . 33.000 euro.
- Guztizko baliaezintasun iraunkorra: 33.000 euro.
- Partezko baliaezintasun iraunkorra: . 33.000 euro arte, baremoen arabera.
Hitzarmen honen eraginpeko langileak erantzukizun zibileko polizarekin aseguratuta daude. Poliza hori Autonomia Erkidegoko administrazioak izenpetu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta bere erakunde autonomoen, ordezkarien, langileen eta menpekoen alde, beren eginkizunetan nahiz lanbidezko jardunean ari direnean. Ezbeharragatiko kalte-ordainaren muga 3.000.000 eurotan egongo da. Urteko muga osagarria 10.000.000 eurokoa izango da, kalte-ordainak, kostuak, fidantzak eta gastuak barne, eta azpimuga, berriz, 1.200.000 eurokoa biktimako, kalte pertsonalei eta horien ondorioei dagokienez. 3.000.000 euroko azpimuga ezartzen da, ezbehar eta urte bakoitzeko, aldez aurreko kalte materialaren eta/edo gorputzeko kaltearen ondorio ez diren kalte ekonomikoetarako.
Administrazioak handitu egingo du bizitza-aseguruari eta erabateko baliaezintasun iraunkorreko aseguruari dagokion poliza, estalduraren guztizkoa 33.000 eurokoa izan arte.
60. artikulua.- Borondatezko erretiroagatiko kalte-ordainak.
1.- Langileak 65 urte betetzen dituenean gertatuko da nahitaezko erretiroa, baldin eta ordainsariren bat eskuratzeko eskubidea izateko beharrezko den gutxieneko kotizazio-aldia edo gabezialdia beteta badu.
2.- Borondatezko erretiroagatiko kalte-ordaina eskuratzeko eskubidea izango dute langileek, prestazio pasiboei ekarriko dien gutxitzearen konpentsazio gisa. Eskala honen arabera ezarriko da kalte-ordainaren zenbatekoa:
Adina Hilabete-kopurua
60 urte 21 hilabete
61 urte 17 hilabete
62 urte 13 hilabete
63 urte 9 hilabete
64 urte 6 hilabete
Eskatzaileak, kalte-ordain horietarako eskubidea izateko, azken 10 (hamar) urteak jarduneko zerbitzuan emanak izan behar ditu edo lanpostua gordeta eduki bere administrazio-egoeran.
Aipatutako eskalaren arabera kasu bakoitzari dagozkion lansari-hilabeteak zehazteko, borondatezko erretiroa gertatzen den egunean langileak duen adina hartuko da kontuan.
Kalte-ordaina osatzen duen hileko soldata bakoitza, bestalde, erretiroko dataren aurreko azkeneko urtean interesdunak benetan jaso duen urteko lansari gordinaren hamabigarren zatiaren baliokidea izango da.
Interesdunak erretiroa hartzeko aukeratutako data baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera.
Borondatezko erretiroaren berri ematen duen aginduan ezarritako kalte-ordaina interesdunak bere erretiroa eta erretiroaren ondorioetarako data jasotzen dituen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena aurkeztu ondoren ordainduko da. Halaber, Ebazpenarekin batera, interesdunak baliaezintasuneko espedientea hasi ez zaiola egiaztatzen duen GSINen ziurtagiria ere aurkeztu behar du.
61. artikulua.- Gizarte Funtsa.
Funts horren helburua titulu honetan azaltzen ez diren gizarte-mailako arreta-motak eta ohikoak ez diren beste zenbait gauza finantzatzea izango da. Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakiko du funts horren zenbatekoa, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren.
Batzorde tekniko batek barematuko ditu eskabideak eta laguntzak emateko proposamenak egingo ditu. Batzordea paritarioa izango da eta administrazioak eta EAEko Administrazio Orokorreko Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatuek osatuko dute. Batzorde tekniko horrek erabaki beharko du, batetik, egon daitezkeen eskabideei erantzun ahal izateko, oinarritzat hartu beharreko kalte ekonomikoaren zenbatekoa, eta, bestetik, funtsa banatu eta gero, gerakinik badago, gerakinekin zer egin.
Laguntza-funtsaren finantzaketatik kanpo geldituko dira, sorospenen artean, Gizarte Segurantzak edo prebentzioko beste sistema publikoren batek medikuntzako eta farmaziako sorospenaren barruan betetzen dituen tratamenduak eta esku-hartzeak. Baina, biziki larriak eta lehenbailehen bete beharrekoak salbuespen izan daitezke, eta artikulu honetan aurreikusitako batzordeari dagokio horiek erabakitzea.
62. artikulua.- Ezgaitasunen bat duten langileak.
Eskumena duten erakundeek hala egiaztatuta, langileak bere lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko ezgaitasunen bat badu, lehentasuna izateko eskubidea izango du bere egoera fisikoarekin (Prebentzioko Zerbitzuen Mediku Arloaren txosten bidez egiaztatuta, nahiz eta alde biko txostena espedientean sartu ahal izango den) eta lan-gaitasunekin (dagokion postua barne-sustapenean betetzeko gainditu beharreko proba berak gainditzearen bitartez egiaztatu beharko dira) bateragarri den lehen lanpostu hutsa betetzeko, betiere lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen baditu. Langileak betetzen duen postuaren lansariak jasoko ditu.
63. artikulua.- Prestakuntza-ekintzak.
1.- Prestakuntza deituko diogu plangintza bidez ikasteari, ezagutzak, jokabideak, jarrerak eta baloreak eskuratu, gorde eta eskueran jartzeko, hain zuzen ere zerbitzu publikoa eta langilearen garapena hobetzeko asmoz.
2.- Langile guztiek jasoko dute prestakuntza berdintasun-printzipioaren arabera. Zenbait irizpide objektiboren arabera arautuko da prestakuntza, eta kontuan hartuko da langile bakoitzaren ikaskuntza-ekintzen aprobetxamendua.
3.- Aldez aurretik planifikatuko dira prestakuntza-ekintzak, prestakuntza beharrak aztertu eta helburuak eta lehentasunak finkatu ondoren. Nolanahi ere, prestakuntza-planek sailkapeneko talde guztiei zuzendutako prestakuntza-ekintzak edukiko dituzte, eta 2. idatz zatian ezarritakoaren arabera, langile guztiek prestakuntza hori aukera berdintasunez jaso ahal izatea bermatu beharko da.
Prestakuntza-jarduerak HAEEk antolatu eta homologatuko ditu, indarrean diren betekizunen eta prozeduraren arabera. Halaber, prestakuntza-jardueren bilakaera ebaluatu egingo da, bai ikasleen asetasun-maila neurtzeko, bai prestakuntza-egitarauen kalitatea aztertzeko eta eskuratutako ezagutzen eta trebetasunen maila zehazteko.
4.- Administrazio Orokorrean lanean diharduten langileen prestakuntzara zuzendutako jardueren artean, honako hauek bereizten dira:
a) Nagusiki, egungo lanpostuko zereginak hobeto betetzeko birziklatzera eta hobetzera zuzendutako prestakuntza, eta lanpostuari ezarritako eginkizunei loturikoa. Prestakuntza mota honetan emandako denbora lanean igarotako denboratzat hartuko da.
b) Bestelako prestakuntzaren helburua da egun betetzen ari den lanpostua ez den beste edozein betetzeko trebatzea. Prestakuntza horren oinarrian ahalegin partekatua egongo da; batetik eskatzaileen interesa dugu, eta, bestetik, Administrazioaren lehentasunak eta baliabideen eskuragarritasuna. Ahalegin partekatuaren printzipioak esan nahi du prestakuntza horretarako ematen den denboraren zati bat hartuko dela lanalditzat.
5.- Egun indarrean dagoen Prestakuntza Dekretua aztertu eta berrikusiko da, hala badagokio.
6.- Administrazioak hitz ematen du urtean prestakuntzako 40 ordu ziurtatuko dizkiela langileei, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, herri-administrazioko eskolek eta erakundeek edo ospe handiko beste erakunde batzuek ematen edo antolatzen dituzten ikastaroetan, baldin eta ikastaro horiek zerikusia badute lanpostuaren edo kidegoaren zereginen edukiarekin.
2010eko lehenengo hiruhilekoan, batzorde bat bilduko da; paritarioa izango da, eta, bertan, Administrazioak eta hitzarmen hau sinatu duten sindikatuek parte hartuko dute, eta hor erabakiko dira ospe handiko erakunde horiek zehazteko irizpideak eta erakundeen zerrenda.
7.- Karrera-ereduak diseinatze-prozesuan dauden bitartean, HAEEk antolatuko ikastaroetan, karrerarako ziurrenik baliodunak izango diren eduki horizontalei buruzkoa izango da prestakuntzaren % 20. Prestakuntza hori ahalegin partekatuan oinarrituko da: batetik, eskatzaileen interesa, eta, bestetik, Administrazioarena. Printzipio horrek esan nahi du prestakuntza horretarako ematen den denboraren heren bat hartuko dela lanalditzat.
VIII. TITULUA
LANSARIAK
64. artikulua.- Lansariak.
1.- Mailakako lansariak 22. artikuluan ezartzen den urteko lanaldia ordaintzeko dira, eguneko lanaldia nolakoa den (jarraitua zein zatitua) kontuan hartu gabe.
Lansari-multzoak I. eranskinean jasotakoak dira.
Etxea erosteko dirulaguntza kendu denez gero, oraindik ere laguntza hori jasotzen duten langileei dirulaguntza kentzeagatik ezarri zen zenbatekoaren hiru heren kenduko zaizkie jasotzen duten laguntza horretatik, 1992-1994 urteetarako Hitzarmenean ezarritakoa betetzeko.
Araututako lanaldiarekin homologaturik ez dauden langileei lansari horien horrenbesteko bat ordainduko zaie, lan egindako orduen arabera. Beren urteko lanaldia zehazteko, administrazioak eta sindikatuek 1990eko abenduaren 21ean hitzartutako formula erabiliko dugu.
2.- Lanpostuen zerrenda berria onartzearen ondorio izango diren eragin ekonomikoak 2010eko urtarrilaren 1era atzeratuko dira. Zerrenda berria hitzarmen honen indarraldiarekin batera hasiko da, eta 2010eko azaroaren 1a baino lehen onartuko.
Lanpostuen zerrenda berria onartzearen ondorio izango diren ordainsariek indarrean dauden ordainsari-araubideei dagozkien ordainsari guzti-guztiak xurgatuko dituzte, osagarri pertsonalak eta iragankorrak barne.
Lanpostuen zerrenda indarrean sartzean orain arte kobratzen aritu diren ordainsari finko eta aldizkakoak gutxiturik ikusten dituzten lan-kontratudun langileek, betiere, osagarri pertsonal eta iragankor bat jasotzeko eskubidea izango dute aldeagatik, harik eta beren borondatez beste lanpostu bat hartzen ez duten arte.
Aipatutako osagarri pertsonal eta iragankorra, lanpostuen zerrenda berria onartzearen ondorioz gertatutako ordainsari-aldearen gainean kalkulatuko da, hau da, hurrengo atalean jasotako antolaketa-azterlanaren osagarria aplikatu aurretik.
3.- Osagarriak:
- Araututako eta zatitutako lanaldiaren osagarria.
Hitzarmen honetako 23. artikuluan ezarritako edozein lanaldi-motatan diharduten langileei ordainduko zaie.
- Antolaketa-azterlanagatik.
2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, ordainsari-osagarri bat ordainduko da, antolaketa-azterketaren ondorio izango den egitura-arrazionalizatzeari dagokiona. Osagarri hori, betiere, azaroaren 29ko 398/2005 Dekretuak onartutako EAEko Administrazioaren zerbitzuko lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren 69. artikuluan ezartzen zen deskribapen funtzionaleko lehenengo osagarriaren kopuru berdinekoa izango da.
Hilero ordainduko da eta ez da hori jasotzeko baldintza berezirik ezartzen.
- Lanaldi luzeagoa.
Fisikoki lanean egin beharreko lanaldia 2010ean 1680 ordukoa edo gehiagokoa eta 2011n 1656 ordukoa edo gehiagokoa duten lanpostuei esleituko zaie osagarri hau. Osagarria jasoz gero, ez da beste inolako konpentsaziorik jasoko.
65. artikulua.- Hirurtekoak.
1.- Hirurteko bakoitzari dagokion zenbatekoa, hirurtekoa bete eta hurrengo hileko lehen egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
2.- Honi dagokionez, Hitzarmen honetan jasotako langileak taldeka sailkatu dira, II. eranskinean zehaztuta dagoen moduan.
3.- Hitzarmen honen eragin-esparruan dauden langileek, finkoek zein aldi baterakoek, hirurtekoak osatzeko, edozein administrazio publikotan lanean egindako denbora guztia hartuko da kontuan, bai karrerako edo bitarteko funtzionario modura baita administrazio- nahiz lan-kontratuko bitarteko kontratatu modura ere.
Goragoko lan-maila batera iritsi den langileak lan-maila berriari dagokion zenbatekoa jasoko du antzinatasun gisa.
66. artikulua.- Xedapen komunak.
Lanaldi luzeagoarengatiko osagarria lanpostu-zerrendan adierazi beharko da, eta zerrenda horretan agertzen den egunetik aurrera ordainduko da. Era berean, osagarriak lanpostu-zerrendatik desagertzen direnetik aurrera ez dira berriro ordainduko.
67. artikulua.- Soldataren beste osagarri batzuk.
1.- Honako Hitzarmen hau indarrean sartu aurretik aitortuta zeuden osagarriek bere horretan jarraituko dute; III. eranskinean daude zehaztuta.
2.- Baliabide Orokorretako Zuzendaritzako mantenimenduko langileek betetzen dituzten zereginak eta sailetako auto-gidarienak oso bereziak direnez, ohiko ordu eta egunetatik kanpo lan egin behar izaten baitute, arautu egingo dira prestasun-osagarria eta ardura- eta erantzukizun-osagarri berezia.
Prestasun-osagarria Mantenimendu Zerbitzuko langileek jaso ahal izango dute, ohiko ordutegitik kanpo erabateko prestasuna behar duten lanpostuak dituztenean eta eskatzen zaienean arazoak konpontzeko betebeharra dutenean. Osagarri hori jasoz gero, urteko lanalditik gora lan egindako lehen hamar orduengatik ezin izango da bestelako inolako saririk jaso (ez diruz, ez denboraz); denbora horretatik gora lan egindako ordu bakoitzagatik, berriz, ordu eta erdi emango da.
Erantzukizun eta ardura bereziagatik jasotzen den osagarria jaso ahal izango da mantenimendu-arduradunen lanpostuetan, baldin eta lanak lanaldi berezia eskatzen badu eta aparteko zailtasunak baditu (pertsona-bilagailua eramatea aldean, ohiko lanegun eta lanorduetatik kanpo). Erantzukizun eta ardura bereziagatik osagarria jasotzen duen pertsonak berak zuzenean parte hartu behar badu arazoa edo eragozpena konpondu behar den tokira joaten bada, urteko ohiko lanalditik gora egindako ordu bakoitzeko, ordu eta erdi emango zaio saritzat.
Era berean, erantzukizun eta ardura bereziagatik jasotzen den osagarria jaso ahal izango dute sailetako gidariek ere, lanpostu horien ezaugarriak kontuan hartuta, erabateko prestasuna behar baitute ohiko ordutegitik kanpo joan-etorriak egin ahal izateko (ohiko ordutegitik kanpo egin beharreko zerbitzuak aldez aurretik programatuta egongo dira; lanaldi barruan egin beharreko joan-etorriak, berriz, programatu gabeak izan daitezke).
Bai prestasun-osagarria bai erantzukizun eta ardura bereziagatik jasotzen den osagarria lanpostuen zerrendan adieraziko dira, eta zerrenda horretan agertu ondoren hasiko dira osagarri horiek ordaintzen. Era berean, lanpostuen zerrendatik kentzen direnean, ez dira jasoko osagarri horiek. Ezin dira bi osagarri horiek aldi berean eta lanpostu berean batu.
Arazoak konpontzera joanda lan egin behar den kasuetan, zerbitzuagatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea sortuko da, zerbitzuagatik jasotzen diren kalte-ordainak arautzeko Dekretuan ezarritakoari jarraituta.
IX. TITULUA
EUSKALDUNTZEA ETA ALFABETATZEA
68. artikulua.- Erabilera-planak.
Euskara, gaztelaniarekin batera, Administrazioan modu normal eta ohikoan erabil dadin, Administrazioak erabilera-planak garatuko ditu.
Plan horietan parte hartuko dute:
a) Nahitaez, derrigortasun-data igarota edukirik, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten langileek.
b) Borondatez, derrigortasun-data igarota ez eduki arren, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten langileek.
69. artikulua.- Lanorduetan euskara-ikastaroetara joateko emandako baimenen lehentasun-irizpideak.
HAEEk lanorduetan euskara-ikastaroetara joateko emandako baimenen lehentasun-irizpideak honako hauek izango dira:
1.- Derrigortasun-datadun hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta oraindik egiaztatu ez duten langileak.
2.- Derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta oraindik egiaztatu ez duten langileak.
3.- Derrigortasun-datadun hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta dagoeneko egiaztatuta duten langileak.
4.- Derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu batean aritu eta dagoeneko egiaztatuta duten langileak.
Edonola ere, kontuan izango da langile guztiek, berdin dio langile finkoa zein bitartekoa izan, lanorduetan hizkuntza-ikasketekin jarraitzeko aukera izan dezatela derrigortasun-datako hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan.
Era berean, lanorduetan hizkuntza-prestakuntza jasoko duten langile guztiek banan banako prestakuntza-plana izan beharko dute. Banan banako plana hizkuntza-ikasketen planaren zerbitzura dagoen tresna denez, aurretiazko baldintza da euskara ikasteko ikastaroetara joan ahal izateko baimenak emateko. Ondorioz, ez da baimenik izapidetuko baldin eta eskabidearekin batera banan banako prestakuntza-plana aurkezten ez bada.
Hala badagokio, baimena ematerakoan, kontuan izango da eskatzaileak aurretiaz eskatutako hizkuntza-ikasketen aprobetxamendu-maila.
Langileak bermatuta izango du banan banako prestakuntza-planaren arabera hasitako hizkuntza-prestakuntzarekin jarraitzea nahiz eta bere lanpostuaren ezaugarriak aldatu, dela beste lanpostu batera joan delako, dela beste edozein arrazoirengatik.
70. artikulua.- Ikastaroen eskaintza, eskabideen kudeaketa eta euskara-ikastaroekin zerikusirik duten gainerako kontuak.
1.- Kasu guztietan, HAEEk HABErekin izenpetutako hitzarmenean jasotako bideen barruan, lau prestakuntza-modu eskainiko ditu, aurrekontuak uzten dizkion aukerak kontuan izanda:
a) Barnetegietako ikastaro trinkoak edo bost orduko ikastaro trinkoak, egunerokoak, astelehenetik ostiralera artekoak. Ikastaro horiek dirauten artean, langileak ez du lanera joan beharrik izango, baina edozer dela ere, astelehena eta ostirala bitarteko lanegunen batean ez badago ikastarorik, lanera joan beharko du.
b) Egunean 2-3 ordukoak.
c) Funtzio publikoan euskararen erabilera sustatzeko berariazko ikastaroak. Horretarako, lan-tresna eta kontsulta-bide egokiak eskainiko zaizkie langileei lanpostuari atxikitako eginkizunak hizkuntza bietan gauza ditzaten. Horrelako ikastaroek gai hauek jorratuko dituzte: administrazio-hizkera, testuen idazketa eta zuzenketa, idazteko teknikak, ahozko mintzaldiak eta abar.
Hizkuntza norberak bakarrik ikasteko aukera, hau da, irakaslearen presentziarik gabe, soilik ahalbideratuko da paragrafo honen b) puntuan eskaintzen diren ikasgelako klaseetara joateko ezintasun jarraitua behar bezala frogatzen denean.
2.- Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den tokia lantokitzat hartuko da. Beraz, aurreko paragrafoetan aipatutako ikastaroetara huts eginez gero edo berandu iritsiz gero, langileak bere saileko Zerbitzu Zuzendaritzan justifikatuko du huts-egitea.
3.- Sailek beharrezko ikusten dituzten ordezkapen-kontratazioak izapidetuko dituzte, lanorduetan euskara ikasteko emandako baimenen arabera.
4.- Interesatuek kasuan kasuko zerbitzu-zuzendaritzan aurkeztuko dituzte euskara-ikastaroetara joateko eskabideak eta zerbitzu-zuzendaritzak onartu edo baztertu egingo ditu, artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak deialdiaren testuinguruan berariaz jakinaraziko dituen epeetan eta moduan. Langile bakoitza bere zerbitzu-zuzendaritzarekin jarriko da harremanetan eta zerbitzu-zuzendaritzek HAEErekin koordinatuko dituzte antolaketa eta administrazio-garapena. Horretarako, sail bakoitzak solaskide bat izendatuko du HAEErekiko harremanak bideratzeko.
Euskara-ikastaroetan berandu hasiz gero edota dagoeneko hasita daudenean aldi baterako utziz gero -dela gaixotasunagatik, dela behar bezala egiaztatutako eta interesaturi egotzi ezin zaizkion bestelako zioengatik-, interesdunak HAEEri eska diezaioke ikastaroetan berriz hastea Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez. Bi kasu horietan, ezinbestekoa izango da ikastaroetan berandu hastearen berri eta gaixotasunagatiko bajaren berri HAEEri eman izana Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez. Kasu horietan, HAEE saiatuko da interesduna ikastaroetan sartzen, baina, betiere, aukera hori baldin badago.
5.- Sailek bermatu egin beharko dute euskara-ikastaroetan matrikulatuta dauden pertsonek beren oporrak ikastaroen egutegira egokitzen dituztela, huts egiterik gerta ez dadin.
6.- Administrazioaren ardura izango da ikastaroen berri ahalik eta gehien zabaltzea. Horretarako, HAEEk iragarkiak eta komunikazioak bidaliko dizkie Funtzio Publikoko Zuzendaritzari, sailetako zerbitzu-zuzendaritzei eta sindikatuei Lan Harremanen Zuzendaritzaren bidez.
7.- Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta lanpostuei hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak esleitzeko prozedura sindikatuekin negoziatuko da.
71. artikulua.- Ahalegin partekatuaren printzipioaren araberako euskalduntzea.
1.- Lanalditik kanpo euskarazko ikastaroetan parte hartzen duten langileei, HAEEk matrikula-gastuak eta, hala badagokio, barnetegikoak ordainduko dizkie, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna dena dela. Erregimen horretan jarraitu ahal izateko, langileek aprobetxamendu jakin bat atera beharko diote ikastaroari, hain zuzen ere HAEEk, hala badagokio, jarriko eta neurtuko duena. HAEEk duen aurrekontuak uzten duen mugaren barruan, eskarien artean lehentasunak jartzeko, hitzarmen honetako 70. artikuluan jasotakoak hartuko dira kontuan.
2.- Ordaindutako baimena eskuratzeko eskubidea izango dute lanalditik kanpo honako prestakuntza-jarduera hauetakoren bat egiten dutenek:
a) Urteko gutxienez 190 orduko ikastaroak.
b) Barnetegietako ikastaro trinkoak edo 5 orduko ikastaro trinkoak, egunerokoak, astelehenetik ostiralera artekoak.
c) Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikastaroak.
d) Urteko gutxienez 190 orduko autoprestakuntzako ikastaroak, kasuan kasuko aprobetxamendu-egiaztagiria eskuratuz gero.
Kasu guztietan, baimen horren iraupena ikastaroko bertaratze-portzentajearekiko proportzionala izango da. Baimena 37 ordu eta 30 minutukoa izango da 190 orduko edo gehiagoko ikastaro baterako. b) idatz-zatiari dagokionez, baimenaren iraupena kalkulu horrekiko proportzionala izango da. Baimen hau dela eta, ezin izango dira 5 egun baliodun baino gehiago hartu urtean. Muga hori bera aplikatuko da ondoz ondoko hainbat ikastarotara joateagatik baimen bat baino gehiago hartzen denean.
Urtebetetik beherako aldietarako kontratatutako langileei ere baimen hori hartzeko eskubidea aitortuko zaie, ikasturtean zehar egindako zerbitzualdiarekiko iraunaldi proportzional baterako. Ikasturtea, hain zuzen ere, urrian hasten da, eta hurrengo urteko irailean, bukatzen. Baimenaz gozatzeko aldia izendapenaren iraupenarekiko proportzionala izango da, betiere baimena hartzeko sei hilabeteko aldiaren aldean.
Baimen hori eskuratzeko, langileek aprobetxamendu jakin bat atera beharko diote ikastaroari, hain zuzen ere HAEEk jarriko eta neurtuko duena. Hizkuntza Eskola Ofizialean ikasi bada, ikastaroko frogak gainditzea izango da aprobetxamendu hori.
Ezingo da halako baimenik eman, harik eta, ikastaro bakoitza amaitu eta gero, aprobetxamenduari buruz ezarritako irizpideak lagun bakoitzak nola bete dituen jakinarazteko informazioa HAEEk eman arte.
Baimena euskara-ikastaroa amaitu ondorengo seihilekoan hartuko da. Horretarako, zerbitzu-zuzendaritzek Lan Harremanen Zuzendaritzari jakinaraziko diote beren sailari atxikitako zein langilek har dezaketen baimena eta noiz hartuko duten.
Edozein kasutan, baimena hartzeko erregimena zerbitzuaren beharren mende egongo da.
3.- Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduarekin bat etorriz, ordu-kredituaren saldoa agortu gabe lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileek, euskalduntzearekin jarraitzea eska dezakete, egiaztatutakoaren ondorengo hizkuntza-eskakizuna egiaztatu arte, banan banako prestakuntza-plana jarraituz eta ahalegin partekatuaren printzipioaren arabera. Horrela bada, lanorduetan euskara ikasteko izango duten denbora, aurreko paragrafoan zehaztutakoaz gain, lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzerakoan zeukaten ordu-kredituaren saldoaren bi halako izango da. Lan-denboraren zati hori prestakuntza-prozesuan zehar banatuko da; prozesu hori, berriz, hurrengo hizkuntza-eskakizuna lortzeko ordu-kredituaren saldoa jasotzen duen banan banako plan batean adieraziko da. Denbora horretaz baliatzeko, langileek aprobetxamendu jakin bat atera beharko dute, HAEEk jarri eta, hala badagokio, neurtu ere egingo duena.
72. artikulua.- Derrigortasun-daten epemugak.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilpena arauzkotzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 43.1 artikuluan xedatutakoa, derrigorrezkotasun-epeen epemugari dagokiona, honako hauei aplikatuko zaie:
a) Sindikatuen edo langileen ordezkaritza-eginkizunak egikaritzen aritzegatik lizentzia duten langileei, egoera horretan diharduten bitartean.
b) Senitartekoak zaintzeko eszedentzian dauden langileei, egoera horretan diharduten bitartean.
VIII. TITULUA
LAN-OSASUNA ETA LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA
73. artikulua.- Eskubideak eta betebeharrak.
1.- Langile guztiei aitortzen zaie laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra izateko duten eskubidea, bai eta eskubide hori ahalbidetzeko beharrezko bitarteko ekonomiko eta gizatarrak ezartzeko betebehar korrelatiboa ere.
Administrazioak bermatuko du Prebentzio Zerbitzuaren eraketa eta funtzionamendua egokiak izango direla langileen lan-arriskuen prebentzioaren alorreko babes eraginkorrerako eskubidea bermatzeko.
Administrazioak bere hierarkia-maila eta jarduera guztietan sartuko du lan-arriskuen prebentzioa. Horretarako, Lan Arriskua Prebenitzeko Plan egokia ezarriko du, genero-ikuspegia ere kontuan hartzen duena.
2.- Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen esparruan, sindikatuei kontsulta egin ondoren, Prebentzio Zerbitzua eratu da.
Zerbitzu hori arduratuko da Administrazioari dagokion babes eraginkorreko betebeharra betetzeaz, horretarako Administrazioari, langileei eta horien ordezkariei aholkua eta laguntza emanda, bai eta ordezkaritza-organo espezializatuei ere.
3.- Langileek lantokiko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra jasotzeko duten eskubidearen barruan sartuta daude, hain zuzen: informazio- eta kontsulta-eskubidea, parte hartzeko eskubidea, arriskuen prebentzioari eta osasuna zaintzeari buruzko prestakuntza jasotzeko eskubidea eta arrisku larria eta berehalakoa egotekotan lana bertan behera uzteko eskubidea.
4.- EAEko Administrazio Orokorrak honako araudiotan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu: lanbideko arriskuei aurrea hartzeko indarrean dagoen araudian, hitzarmen honetan eta maiatzaren 16ko 78/2000 Dekretuan, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Prebentzioko Zerbitzuaren antolamendu eta funtzionamenduari buruzkoan, ezarritakoak.
74. artikulua.- Kontsulta eta parte-hartzea.
Langileen batzarreko kideek eta sindikatuetako ordezkariek prebentzioko arloan kontsultak egin eta parte hartuko dute, Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak dituen aginpideak ahaztu gabe.
75. artikulua.- Prebentzioko ordezkariak.
1.- Honako hauek izan ahal izango dira prebentzioko ordezkari: langileen ordezkari edo sindikatuen ordezkari izan gabe ere, Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean ordezkaritza duten sindikatuek izendatutako langile publikoak. Ezartzekoa den legediak finkatutako kide kopurua errespetatu beharko da.
2.- Prebentzioko ordezkariek laneko arriskuen prebentzioaren arloan lanean egindako denbora ordezkaritzako eginkizunetan emandako denboratzat hartuko da, hilero erabiltzeko eta ordaindutakoak diren orduez baliatzea dela eta. Ezartzekoa den legedian eta Sindikatuen Eskubideei buruzko Abiaburuko Hitzarmenean dago jasota orduen kreditu hori. Dena den, Segurtasun eta Osasuneko Batzordeak egindako bileretan parte hartzea eta arriskuen prebentzioaren arloan administrazioak deitutako beste edozein bileratan parte hartzea lanean emandako denboratzat hartuko da, eta ez da lehen aipatutako orduen kreditutik kenduko.
3.- Prebentzioko ordezkariei prebentzio-alorreko beharrezko baliabideak eta prestakuntza eskaini beharko dizkie administrazioak, beren eginkizunak aurrera eramatea izan dezaten. Prestakuntza jasotzen emandako denbora lanean igarotako denboratzat hartuko da, ondorio guztietarako.
76. artikulua.- Segurtasun eta osasuneko unitateak.
1.- Sail eta Administrazio Orokorraren erakunde autonomo bakoitzean segurtasun eta osasuneko unitateak sortuko dira, maiatzaren 16ko 78/2000 Dekretuaren, Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen Prebentzioko Zerbitzuaren antolamendu eta funtzionamenduari buruzkoaren, 11. artikuluari jarraiki.
2.- Prebentzioko ordezkariek sortuko diren segurtasun eta osasuneko unitateetan parte hartu ahal izango dute, 78/2000 Dekretuaren 12. artikuluaren 3. puntuan ezarritako baldintzetan.
77. artikulua.- Segurtasun eta Osasuneko Batzordea.
1.- Segurtasun eta Osasuneko Batzordea kide anitzeko organo paritarioa da, eta erakunde publikoetan arriskuei aurrea hartzeko egingo diren plan eta programen proposamen, kontsulta eta ebaluaketa ere egingo du, aldian-aldian eta modu erregularrean erakunde autonomoetan.
2.- Administrazioak zainduko du emakumeek eta gizonek ordezkaritza orekatua izan dezaten laneko segurtasun eta osasuneko batzordeetan. Batzorde horietako sindikatu-ordezkaritza, bestalde, proportzionaltasun-printzipioaren arabera erabakiko da. Betiere, sektore honetan ordezkaritza nahikoa duten sindikatu guztiak bertan egotea ziurtatuko da.
3.- Lantoki arteko Segurtasun eta Osasunerako Batzordeak erabakiko du lurraldeetan eta lanlekuetan sortuko diren gainontzeko batzordeak nola antolatu, nola abian jarri eta zeintzuk eginkizun izango dituzten.
4.- Segurtasun eta osasunerako zentroarteko batzordeak indarrean dagoen araudiaren arabera dagozkion eginkizunak beteko ditu; halaber, hitzarmen honen eremuko lan-arriskuei aurrea hartzeko kudeaketa integratuaren sistema ezartzetik dagozkionak ere beteko ditu.
78. artikulua.- Ordenadore-pantailaren aurreko lana.
1.- Ordenadore-pantailaren aurrean lan egin behar dutenek mediku-azterketak egiteko eskubidea izango dute. Azterketa bat lanean hasi aurretik egingo da, eta hortik aurrera urtean beste bat. Garrantzi berezia emango zaie ikusmenari, mugitzeko gaitasunari eta arazo psikologikoei.
2.- Prebentzioko Zerbitzuaren eta segurtasun eta osasuneko unitateen ardurapean egongo da ordenadore-pantailak dituzten lanpostuen egoera zaintzea. Arreta berezia jarri beharko dute baldintza ergonomikoetan (pantailen kokapena, mahai-motak, aulkiak,&) eta giro egokirako baldintzetan (argia, aire-berritzea, zarata,&).
3.- Pantaila aurreko lanak eragiten dituen gaixotasunen sintomaren bat agertuz gero, lanpostua bera aztertuko da, mediku-azterketa egiteaz gain.
4.- Denbora osoan ordenadore-pantaila aurrean lan egin behar dutenen lanpostuak zehatz-mehatz aztertuko dira. Prebentzioko Zerbitzuak txostena egin ondoren, egon daitezkeen arazoak konpontzeko neurriak hartuko dira, esate baterako, atsedenaldiak edo beste zerbaitetan jarduteko aukera.
Dena dela, Jarraipen Batzordeari dagokio aurreko idatz zatietan adierazitakoak betetzen ote diren jakiteko jarraipena eta kontrola egitea.
79. artikulua.- Lan-jazarpena eta arrisku psikosozialak.
Prebentzioko Zerbitzuak langileen arrisku psikosozialak antzemateko prozedura jarriko du martxan, eta jarduteko prozedura lan-jazarpeneko salaketak badira. Prozedura horiek aldez aurretik jakinarazi beharko zaizkio Segurtasun eta Osasuneko Batzordeari. Halaber, Jarraipen Batzordeari dagokio aurreko idatz zatietan adierazitakoak betetzen ote diren jakiteko jarraipena eta kontrola egitea.
80. artikulua.- Lan nekagarriak, pozoigarriak eta arriskutsuak.
Lanak nekagarriak, pozoigarriak edo arriskutsuak diren ala ez erabakitzeko, gai horren inguruan indarrean den legedia izango da kontuan.
81. artikulua.- Mediku-azterketak.
Hitzarmenaren baitan diren langileei mediku-azterketak egingo zaizkie aldian behin, honako azpiatal hauetan erabakitakoaren arabera:
1.- Lanean hasi aurreko azterketa: derrigorrez egin beharko da langilea administrazioaren zerbitzupean onartu baino lehen.
2.- Berariazko arrisku batzuen pean dauden taldeentzako urteko aldizkako azterketak. Talde horiek Prebentzioko Zerbitzuaren Mediku Arloak definituko ditu, Lantoki arteko Segurtasun eta Osasunerako Batzordeari jakinarazi ondoren.
Eskatzen duten langile guztiei egingo zaie mediku-azterketa.
3.- Hiru urtetik behin egingo den mediku-azterketa: hitzarmenaren baitan diren langile guztiei egin beharko zaie, beren osasuna arriskuan izan ala ez.
Urteroko eta hiru urteroko azterketa arruntak borondatezkoak izango dira, legezko araubide orokorra ezartzearen kaltetan gabe. Araubide hori ezarriz gero, Lantoki arteko Segurtasun eta Osasunerako Batzordeari jakinarazi beharko zaio aurretiaz.
Emaitzak langileari jakinaraziko zaizkio beti. Hori baino lehenago, hala ere, zer nolako probak egin beharko diren langileei eta Lantoki arteko Segurtasun eta Osasunerako Batzordeari jakinarazi beharko zaie.
Eginkizun horiek Prebentzioko Zerbitzuen Mediku Arloak beteko ditu. Horretarako, lurralde historiko bakoitzeko Lan Istripuetako Mutua Patronalen laguntza eskatu ahal izango dute, beren instalakuntzak eta osasun-zerbitzuak erabili ahal izateko.
82. artikulua.- Lanpostua egokitu edo aldatzeko prozedura.
Administrazioak berariazko prozedura bat prestatuko du, eta Lantoki arteko Segurtasun eta Osasunerako Batzordean negoziatuko da, eta hor arautuko da zer jarduera egin behar diren enplegatuaren osasuna dela eta lanpostua egokitzeko edo aldatzeko egiten diren eskaerak izapidetzeko, langileen eskakizun psikofisikoak bakoitzaren lanpostura egokitzeko.
XX. TITULUA
EMAKUMEEN ETA GIZONEN TRATU-BERDINTASUNA. LAN- ETA SEXU-JAZARPENAREN ETA GENERO-INDARKERIAREN AURKAKO NEURRIAK
83. artikulua.- Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana.
EAEko Administrazioaren eremurako berdintasun-plana prestatuko da, Berdintasunari buruzko Legearen 46. artikuluan ezarritako baldintzetan, hitzarmenaren indarraldian zehar. Helburuak, estrategiak eta praktikak diagnostikatzeko, aztertzeko eta finkatzeko lana egingo da, bai eta jarraipeneko eta ebaluazioko sistemak ezartzeko ere.
84. artikulua.- Lan- eta sexu-jazarpenaren eta genero-indarkeriaren aurkako neurriak.
1.- Administrazioak lan- eta sexu-jazarpena saihesten dituzten lan-baldintzak sustatuko ditu. Era berean, lanean lan-jazarpena eta sexu-jazarpena prebenitzeko prestakuntza-ekintzak sarraraziko ditu prestakuntza-planetan enplegatu publikoentzat.
2.- Genero-indarkeriaren biktima diren enplegatu publiko emakumezkoek honako eskubide hauek izango dituzte babesa eraginkor bihurtzeko:
a) Epaileak emandako babes-aginduak irauten duen bitartean lanaldia murrizteko eskubidea, ordainsaria ere dagokion proportzioan murriztuta; betiere, ezarriko diren irizpideen arabera gauzatuko da eskubide hau.
b) Ordutegia egokituz, ordutegi-malgutasuna aplikatuz edo beste sistema alternatibo batzuk erabiliz lanaldia berrantolatzeko eskubidea; betiere, ezarriko diren irizpideen arabera gauzatuko da eskubide hau.
c) Genero-indarkeriaren biktima diren enplegatuak biolentzia hori dela eta lanpostutik aldentzen badira, hutsegite horiek -osoak edo partzialak- justifikatutzat joko dira, eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak zehaztuko ditu hutsegite justifikatu horiei dagozkien denbora eta baldintzak.
d) Dauden aukeren arabera, lantokiz aldatzeko eskubidea.
e) Eszedentziarako eskubidea, aldez aurretik zerbitzuak ematen gutxieneko epe batean egon beharrik gabe eta eszedentzian egoteko epeak aplikatu gabe. Eszedentziaren lehenbiziko sei hilabeteetan, eskubidea izango dute betetzen duten lanpostua erreserba dakien, eta epe hori kontuan hartuko da mailaz igotzeko, hirurtekoetarako eta eskubide pasiboetarako.
Nolanahi ere, biktimak babeserako duen eskubideari dagozkion babes judizialeko ekintzek eskatzen badute, eszedentzian egonik lanpostua erreserba dakion eskubidea izateko epea hiru hilabetez luzatu ahal izango da, hurrenez hurren, gehienez ere hemezortzi hilabetera arte, betiere aurreko lerroaldean zehaztutako ondorio berberekin.
XI. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUDIA
85. artikulua.- Laneko hutsegiteak eta zigorrak; zehatzeko prozedura
1.- Langileek Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren diziplina-erregimena eta hori garatzeko emandako funtzio publikoko legeak bete beharko dituzte. Arau horietan aurreikusten ez denerako, lan-arloko legeetara edo hitzarmen honetara joko da.
Zerbitzu Zuzendaritzak langileei zehapenak ezar diezazkieke, dagokion unitateko buruak hala proposatuta, laneko hutsegiteak direla-eta hala dagokionean, betiere, honako Hitzarmen Kolektibo honetan ezarritako hutsegite eta zehapenen mailaketaren arabera.
2.- Zehapen horiek ezin dira izan, inola ere, langileei oporraldia laburtzea, edo, oro har, langileak atseden hartzeko dituen eskubideak murriztea.
3.- Langileak, bere lana egiten ari dela edo lan horren ondorioz, egindako hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke, era honetara sailkatuta.
4.- Hutsegite arinak dira honako hauek:
a) Bezeroekin, lankideekin eta menpekoekin modu egokian eta behar bezala ez jokatzea.
b) Atzerapena, arduragabekeria edo utzikeria erakustea bere zereginak betetzerakoan.
c) Aurretiaz, denbora-tarte nahikoa utzita, langileak ez jakinaraztea arrazoi justifikatuengatik ez dela lanera joango; hori jakinaraztea ezinezkoa ez bada, behintzat.
d) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, lanera ez joatea hilean behin edo birritan.
e) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, lanera berandu etortzea hilean hiru edo bost egunean.
f) Zerbitzuetako egoitzak, bitartekoak eta dokumentuak behar bezala ez zaintzea, arduragabekeriaz jokatuta.
g) Oro har, betebeharrak ez betetzea, barkagarri diren utzikeriaz eta arduragabekeriaz jokatuta.
5.- Hutsegite larriak dira honako hauek:
a) Lanean diziplinarik ez izatea edo begirunerik eta errespeturik ez erakustea nagusi, lankide eta menpekoekin.
b) Nagusiek emandako aginduak ez betetzea eta lanpostuak dituen betebehar konkretuak ez betetzea, edo zerbitzuari kalte larriak ekarri dizkion edo ekar liezazkiokeen arduragabekeriaz jokatzea.
c) Osasun- eta higiene-arloan ezarrita dauden arauak eta neurriak haustea edo ez betetzea, era horretara, arriskua sortuz, bere osasunean edo integritatean zein gainerako langileenean.
d) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, lanera ez joatea hilean hiru egunean.
e) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, lanera berandu etortzea hilean bost egunetik gora, baina hamar egunetik behera.
f) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, lana uztea.
g) Langilea gaixorik dagoela edo istripua izan duela itxurak egitea.
h) Inoren hutsegiteak ezkutatzearren zerbait egitea, alegia, beste langile batzuk lanera berandu joan direla, edo ez direla lanera joan edo lanetik irten direla ezkutatzearren.
i) Ohiko lan-errendimendua edo hitzartutako lan-errendimendua txikitzea, eten gabe eta nahita.
j) Arduragabekeriaz jokatzea, zerbitzuetako egoitzetan, bitartekoetan edo dokumentuetan kalte larriak eraginda.
k) Lan-jardunak burutzea, pribatuak zein publikoak, aurretiaz bateragarritasun-baimenik eskatu gabe.
l) Administrazioan lan egiten duelako jakin dituen datuak edo gaiak okerreko eta bidegabeko moduan erabiltzea edo zabaltzea.
m) Hiru hilabeteko denbora-tarte batean behin baino gehiagotan hutsegite arinak egitea, nahiz eta era berekoak ez izan, baldin eta langileari zehapenak jarri bazaizkio.
6.- Hutsegite oso larriak dira hauek:
a) Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, leial ez izatea eta inoren konfiantzaz baliatzea, edo, era berean, engainuzko delitu den beste edozein jokaera izatea.
b) Banan-banan zein taldean, nabarmen ez betetzea agindutakoa.
c) Zerbitzuko datuak eta informazioa nahita faltsutzea.
d) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, lanera ez joatea hilean hiru egunetan baino gehiagotan.
e) Justifikatutako arrazoirik izan gabe, behin eta berriz lanera berandu etortzea, hilean hamar egunean edo hortik gora, edo, bestela, hiru hilean, hogei egunetan baino gehiagotan.
f) Sei hilabeteko denbora-tarte batean behin baino gehiagotan hutsegite larriak egitea, nahiz eta era berekoak ez izan, baldin eta langileari zehapenak jarri bazaizkio.
g) Lapurtzea edo ebastea Administrazioari berari, edo lankideren bati, edo edozein pertsonari, bai Administrazioaren egoitzen barruan, baita, lanorduetan egonda, kanpoan ere.
7.- Hutsegiteen kalifikazioaren gorabeheran ezar daitezkeen zehapenak hauexek dira:
a) Hutsegite arinak direla eta:
- Idatzizko ohartarazpena.
- Gehienez bi egunetan enplegua eta soldata etetea.
- Zuritu gabeko bertaratze edo puntualtasun ezagatik lan egin gabe utzitako denborari dagokiona deskontatzea lansaritik.
b) Hutsegite larriak direla eta:
- Bi egun eta hilabete bitartean enplegua eta soldata etetea.
c) Hutsegite oso larriak direla eta:
- Hilabete eta hiru hilabete bitartean enplegua eta soldata etetea.
- Gehienez bi urtez gora egiteko gaitasunik gabe uztea.
- Kaleratzea.
8.- Hutsegite larriak eta oso larriak direla-eta ezartzen diren zehapenak ezarri baino lehen, zigorbidezko espedientea izapidetu behar da. Espediente horren hasiera langileen ordezkaritzari eta interesdunari jakinaraziko zaie. Interesdunari entzunaldia aitortuko zaio, eta langileen ordezkariei ere entzun egingo zaie.
9.- Legean ezarritako preskripzio-epeak eten egingo dira instruitzen den espedientearen edozein egintzaren kariaz, baldin eta, osotara, espedientea sei hilabete baino gehiago luzatzen ez bada espedientatutako langileak errurik izan gabe.
10.- Hutsegiteagatik kaleraturiko pertsonari lanpostura itzultzeko eskubidea bermatzen zaio, kaleratze hori bidegabetzat jotzen badu lan-agintari eskudunak.
XII. TITULUA
SINDIKATUEN LANA
86. artikulua.- Sindikatuen lana.
1.- Hitzarmen honen eragin-esparruan dauden langileen sindikatu-lana garatzerakoan, aintzakotzat hartuko dira, bai indarrean dagoen lege-araudian ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio barruan sindikatu-lana burutzeko eskubideei buruz Abiaburuko Hitzarmenean jasotakoa ere.
2.- Administrazioa eraberritzeko ezinbesteko tresna, alderdi bien ustetan, langileen partaidetza da, horretantxe datza ahalegin guztien gakoa.
Hori dela eta, sindikatuekiko harremanak eta partaidetza bideratzeko, Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzak proposatzen dituen neurriak, langileekin zerikusia dutenak, eztabaidatuko ditu Administrazioak sindikatuekin. Neurri horien berri ematea eta ondorengo negoziazioa Funtzio Publikoaren ardura izango da, horixe baita Administrazioaren eta sindikatuen arteko berezko bitartekoa.
XIII. TITULUA
ZUZENBIDE OSAGARRIA
87. artikulua.- Zuzenbide osagarria.
Honako Hitzarmen honetan aurreikusi ez diren gaietan oinarritzat hartuko dira Langileen Estatutuan ezarritakoa eta erabilgarri izan litezkeen gainerako lege- edo arau-xedapenak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Hitzarmen honi lotutako aldi baterako langileek betetzen dituzten zereginak eta funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko Hitzarmenaren eragin-esparruko langileei dagozkien zereginak antzekoak badira, bitarteko funtzionario gisa egindako lana baloratzeko erabiltzen diren irizpide horiexek berak erabiliko dira Hitzarmen honi lotutako aldi baterako langileentzat ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan langileak hartzeko, aurrerantzean egingo diren prozeduretan.
Bigarrena.- Xedapen hau, Justiziako Administrazioan lanean dihardutela, honako Hitzarmen honen eragin-esparruan sartzen diren langileentzat izango da erabilgarri.
1.- Lanaldi partziala duten langileei ordu gehiago lan egiteko aukera ematea.
Lanaldi partziala duten langileek lanordu gehiago egiteko aukera izango dute, baldin eta lan-zentro berean beren lanpostuaren berdin-berdina hutsik geratzen bada; hutsik dauden lanpostu horietan pertsona batek gehienez egin dezakeen lana bi ordukoa izango da, eta, eguneroko lanaldia, berriz, 7 ordukoa gehienez jota; dena den, sistema hori erabilita, hutsik dauden lanpostu horietako ordutegiak erabat beteta geratu behar dira nolanahi ere. Era berean, ordu gehiago egin ahal izateko sistema honek kontuan izan beharko du ea egoitzak egunez zein antolamendu funtzional duen, eta ea zeregin ezberdinak dituzten langileak leku berean eta une berean pilatzen direnentz.
Era berean, langileren bat lanera joan ez denean edo zerbitzuan premia handiko beharrizanak daudenean, lantokiko beste langile batek egin ahal izango du ordezkapena orduak batzeko, betiere, aipatutako irizpideak aintzat hartuta. Ez da izango ez ordezkapenik ez ordu-pilaketarik bajak lau egunetik beheragokoak badira edo langileak oporraldian edo jai-zubian badaude.
Arestian aipatutako ordu-metaketa egiteko aukera, behin-behinekoa zein behin betikoa, zentro berean eskaera hori egin duten langileen artean esleituko da antzinatasunaren arabera. Pertsona bakoitzak gehienez meta dezakeen kopurua bi ordukoa izango da; salbuespen izango da zentro horretan beste inori ez zaionean interesatzen, edo lan-tokiko zeregin-antolamendua dela-eta besterik ezin denean egin. Pertsona batek ordu horiek metatuta dituenean, bera izango da, ondorio hauetarako bakar-bakarrik, lan-tokian antzinatasunik txikiena duena.
2.- Lekuz aldatzea.
2.1.- Zerbitzuan dauden beharrizanak direla eta, lan-zentroa lekuz aldatzen bada, baina lan-baldintzak sakon aldatzen ez badira edo/eta bizilekua aldatu beharrik ez badago, ez da leku-aldaketatzat hartuko. Leku-aldaketa egingo da, betiere, langileak duen lanbide-mailak diru edo lanbide aldetik ekar litzakeen eskubideen aurka joan gabe.
Langile bakoitzak duen lanpostu-gunearen esparrua udala izango da. Dena den, ondoren aipatuko diren lanpostuetan diharduten langileek hauetako edozein izan dezakete lantoki Euskal Autonomia Erkidego osoan: epaitegiak, organo judizialak, fiskaldegiak, auzietako medikuen klinikak, auzietako anatomia-institutuak, erakunde teknikoak:
- Garbitzaile-burua.
- Psikologoa, hezitzailea eta gizarte-langilea.
- Itzultzaile-interpretea.
- Peritua.
2.2.- Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ondorioz gerta litekeen leku-aldatzea, betiere, zerbitzu-beharrizanek eragindakoa izango da; horrez gainera, Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak erabakiko du hori, aldez aurretik langileen ordezkariei horren berri emanda eta dagokienei idatziz jakinarazita.
2.3.- Langileak lan non egiten duen, lurralde historiko horretan egongo da lan-tokia, eta ezin izango da mugiarazi beste lurralde historiko batean dagoen lan-toki batera; salbuespen bakarra izango da erabaki hori hartzeko arrazoiak egotea, teknika, antolamendu edo ekoizpen aldetik. Dena den, aldaketa horiek justifikatu egin behar dira, Enpresa Batzordeak edo langileen ordezkariek aldez aurretik txostena eginda, eta dagokion lan-aginteak ere horretarako baimena eman behar du. Nahitaezko leku-aldatzeak eraginda, bizitokia ere aldatu behar bada, ordaindu beharreko kalte-ordainak Justiziako Administrazioan diharduten langileentzat arauz ezarritakoak izango dira.
Lanpostu berri batean lanean hasteko epea hogeita hamar egunekoa izango da. Lekuz aldatutako pertsona ezkonduta badago edo, hala egiaztatuta, bizilaguna badu, eta ezkontide edo bizilagun hori Hitzarmen honi atxikitako langilea bada, azken horren leku-aldatzea adostuko da, ahal dela, maila eta zeregin berberak dituen lanpostu batera joan dadin. Leku-aldatze hau borondatezkoa izango da, eta, beraz, ez da kalte-ordain osagarririk jasotzeko eskubiderik izango.
2.4.- Artikulu honetan ezarritako arrazoiak direla-eta nahitaez lekuz aldatutako pertsonak lehentasuna izango du aurreko lantokia zegoeneko udalean bere lan-maila berean hutsik geratzen den lehen lanpostua betetzeko; hori egiteko, hutsik geratutako lanpostua eskaintzen den leku-aldatzeko lehiaketan parte hartu beharko da.
Hirugarrena.- Saileko gidariak, mantentze-lanetako arduradunak eta teknikariak.
2010eko maiatzaren 1a baino lehenago, saileko gidarien, mantentze-lanetako arduradunen eta teknikarien oraingo egoera aztertuko da, eta, sindikatuekin negoziatu ondoren, dotazioetako bakoitzean aritzeko baldintzei buruzko homogeneizazio- eta eguneratze-proposamena prestatuko da.
ALDIBATERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa.- Etxebizitza erosteko diru-laguntza.
Etxea erosteko diru-laguntza kendu denez gero, oraindik ere laguntza hori jasotzen duten langileei diru-laguntza kentzeagatik ezarri zen zenbatekoaren hiru heren kenduko zaizkie jasotzen duten laguntza horretatik, 1992-1994 urteetarako akordioa onartu zuen urriaren 27ko 294/1992 Dekretuan ezarritakoa betetzeko.
Bigarrena.- Nominan gehienez aurreratu ahal izango diren zenbatekoak eta gizarte-funtsaren 2010 eta 2011. urteetarako zenbatekoa.
Nominan gehienez aurreratu ahal izango diren zenbatekoak, 58. artikuluan zehaztutakoak, eta 61. artikuluan zehaztutako gizarte-funtsaren zenbatekoak, Gobernu Kontseiluaren akordio bidez ezarriko dira, sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren. Hala eta guztiz ere, hitzarmen hau indarrean sartu eta gero, kontzeptu horiengatiko zenbatekoak hauek izango dira 2010 eta 2011rako:
Nominan gehienez aurreratu ahal izango diren zenbatekoak:
a) 10.300 euro beharrean, 12.000 euro ohiko etxebizitza erosi eta horrek sortutako maileguak amortizatzeko.
b) 6.200 euro beharrean, 7.500 euro ibilgailua erosteko, lanerako beharrezkoa bada.
c) 4.800 euro beharrean, 6.000 euro gainontzeko kasuetarako.
Funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen gizarte-funtserako zenbatekoa gehituko da, 265.000 eurora iritsi arte.
I. ERANSKINA
LANBIDE-TALDE ETA -KATEGORIAK
Hitzarmen honetan jasotako sailkapena azalpen gisakoa baino ez da; hau da, ez da premiazkoa guztiek izatea talde eta kategoria horiek.
17. taldea.-
16. taldea.-
15. taldea.- HTZko mediku arduraduna
Laborategiko arduraduna
EAEko talde psikosozialeko koordinatzailea
14. taldea.- HABEko ikuskatzailetzako arduraduna
LHko talde psikosozialeko koordinatzailea
13. taldea.- HABEko ikuskatzaile koordinatzailea
HABE-HAEEren koordinatzailea
Egitarau berezien arduraduna
Kiroletako teknikari kudeatzailea
Psikologoa
12. taldea.- HABEko ikuskatzailea
Hazien eta mintegiko landareen zerbitzuko laborategiko arduraduna
Gai kimikoetako teknikaria
Lege-aholkularitza
Itzultzaile-koordinatzailea
11. taldea.- Departamentuko buru den irakaslea
Jendarteko harremanetako teknikaria
Obretako teknikari zaindaria
Perituen koordinatzailea
Itzultzailea
10. taldea.- Arrantzako ikuskatzailetzako taldeburua
Teoriako irakaslea
Irudi-teknikaria
Herri-ikastetxeetako kudeaketako A mailako teknikaria
Aparejadorea
Hezitzailea
Gizarte-langilea
Peritu judiziala
Goi-mailako teknikaria
9. taldea.- Mantentze-lanetako arduraduna
Inprimategiko arduraduna
Praktiketako irakaslea
Jagolea
Egitarau esperimentaletako teknikari laguntzailea
8. taldea.- Sarea kudeatu eta mantentzeko arduraduna
Arrantzako ikuskatzailea
Segurtasuneko langileen burua
Delineatzaile proiektu-egilea
7. taldea.- Mekanikari gainbegiralea
Erdi-mailako teknikaria
Uren Zuzendaritzako administraria
Uren Zuzendaritzako administrari laguntzailea
Topografoa
6. taldea.- Mantentze-lanetako teknikaria
Sukaldeko arduraduna
Taldeburua
Analisi-egilea
Teknikari laguntzailea
Departamentuko gidaria
Mekanikari argiketaria
A mailako Administraria
Doako laguntza juridikoko batzordearen laguntzailea
Liburutegiko arduraduna
Herri-ikastetxeetako administraria
Klinikako laguntzailea
Obra-arduraduna
Obra-kontramaisua
Elektronikako espezialista
5. taldea.- Ontziaren arduraduna
Mekanikari ikuskatzailea
Segurtasuneko langileak
Teknikari laguntzailea
Laborategiko laguntzailea
Lehen mailako ofizial administraria
Obra-zaindaria
Ibai-zaindari nagusia
EHEko jantokiko eta sukaldeko arduraduna
Industriako lurralde-bulegoko A mailako administrari laguntzailea
Lurralde-zerbitzuko administraria
Herritarra hartzeko zerbitzuko administraria
Administraria
4. taldea.- Inprimategiko laguntzailea
Laborategiko B mailako laguntzailea
Autopsietako laguntzailea
Lehen mailako ofiziala
Jagolea
Gidaria
Lehen mailako ofizial gidaria
Funikular-gidaria
Bigarren mailako ofizial administraria
Ibai-zaindaria
Lehen mailako ofizial ur-neurtzailea
Ibilgailuen arduraduna
Herri-ikastetxeetako arduraduna
Industriako lurralde-bulegoko B mailako administrari laguntzailea
3. taldea.- Sukaldaria
Bigarren mailako ofiziala
Peoi gaitua
EHEko sukalde eta jangelako langilea
Administrari laguntzailea
Artxiboko laguntzailea
EATko laguntzailea
2. taldea.- Langile berezia
Mantentze-lanetako ordenantza
Iraunarazlea
Herri-ikastetxeetako menpekoak
EHEko peoia
Laguntzailea
Gidariaren laguntzailea
Lantegiko laguntzailea
EHEko Ikuztegiko laguntzailea
Garbitzaileen burua
1. taldea.- Zerbitzaria
Kutxazaina
Biltegiko ordenantza
Ordenantza
Garbitzailea
Peoia
Menpekoa
II. ERANSKINA
LANBIDE-MAILAK ETA -TALDEAK, ANTZINATASUNAREN ONDORIOETARAKO SAILKATUTA.
I. taldea: HTZko mediku arduraduna; HTZko laborategiko arduraduna; EAEko talde psikosozialeko koordinatzailea; HABEko ikuskatzailetzako arduraduna; LHko talde psikosozialeko arduraduna; HABEko ikuskatzaile koordinatzailea; HABE-HAEEren koordinatzailea; psikologoa; hazien laborategiko arduraduna; gai kimikoetako teknikaria; lege-aholkularia; itzultzaileen koordinatzailea; itzultzailea; herri-ikastetxeetako A mailako kudeaketa-teknikaria; goi-mailako teknikaria.
II. taldea: Egitarau berezien arduraduna; kiroletako teknikari kudeatzailea; HABEko ikuskatzailea; departamentuko buru den irakaslea; jendarteko harremanetarako teknikaria; obretako teknikari zaindaria; perituen koordinatzailea; arrantzako ikuskatzailetzako taldeburua; teoriako irakaslea; aparejadorea; hezitzailea; gizarte-langilea; peritu judiziala; egitarau esperimentaletako teknikari laguntzailea; erdi-mailako teknikaria.
III. taldea: Irudi-teknikaria; mantentze-lanetako teknikaria; inprimategiko arduraduna; praktiketako irakaslea; kabu jagolea; sarea kudeatzeko eta mantentzeko arduraduna; segurtasuneko langileen burua; delineatzaile proiektu-egilea; mekanikari gainbegiralea; Uren Zuzendaritzako administraria; topografoa; sukaldeko arduraduna; taldeburua; analisi-egilea; mekanikari argiketaria; A mailako administraria; mantentze-lanetako teknikaria; doako laguntza juridikoko batzordearen laguntzailea; liburutegiko arduraduna; herri-ikastetxeetako administraria; obra-arduraduna; obra-kontramaisua; elektronikako espezialista; ontziaren arduraduna; lehen mailako ofizial administraria; obra-zaindaria; ibai-zaindari nagusia; lurralde-zerbitzuko administraria; administraria.
IV. taldea: Arrantzako ikuskatzailea; Uren Zuzendaritzako administrari laguntzailea; klinikako laguntzailea; mekanikari ikuskatzailea; segurtasuneko langileak; teknikari laguntzailea; laborategiko laguntzailea; Industriako lurralde-bulegoko A mailako administrari laguntzailea; herritarra hartzeko zerbitzuko administraria; inprimategiko laguntzailea; laborategiko B mailako laguntzailea; autopsietako laguntzailea; lehen mailako ofiziala; jagolea; departamentuko gidaria; lehen mailako ofizial gidaria; funikular-gidaria; bigarren mailako ofizial administraria; ibai-zaindaria; lehen mailako ofizial ur-neurtzailea; herri-ikastetxeetako administrari laguntzailea; Industriako lurralde-bulegoko B mailako administrari laguntzailea; sukaldaria; bigarren mailako ofiziala; administrari laguntzailea; artxiboko laguntzailea; administrari laguntzailea; EATko laguntzailea.
V. taldea: EHEko jantokiko eta sukaldeko arduraduna; EHEko jantokiko eta sukaldeko langilea; peoi gaitua; langile berezia; mantentze-lanetako ordenantza; iraunarazlea; herri-ikastetxeetako menpekoa; EHEko peoia; laguntzailea; gidariaren laguntzailea; lantegiko laguntzailea; EHEko ikuztegiko laguntzailea; garbitzaileen burua; zerbitzaria; kutxazaina; biltegiko ordenantza; ordenantza; gidaria; ibilgailuen arduraduna; garbitzailea; peoia; menpekoa.
III. ERANSKINA
BESTE LANSARI OSAGARRI BATZUK
1.- Zenbait lanpostutan dauden inguruabarrak aintzakotzat izanik, eta honako Hitzarmen hau indarrean sartu zenerako kolektiboek aitortuta zituztela kontuan hartuta, ondoren aipatuko diren lansari-osagarriak bere horretan izango dira aurrerantzean ere:
I) Murgilketa-osagarria.
Dagokien titulazioa dutela, murgilketak egin behar dituzten portuetako lan-kontratudun langileek, murgilketa-lanak egiten dituztenean, ordainsari osagarria jasoko dute murgilketa egiten den egun bakoitzeko 2001. urtean.
Murgilketa-aldiak hiru ordutik gora irauten badu, dagokion sariaz gainera, langileak beste osagarri bat jasoko du hiru ordutik gora egindako ordu bakoitzeko; kasu horretan, murgilketa-ordu bakoitza, aparteko ordu modura ordainduko da.
II) Osagarria, gauez edo txandaka lan egiteagatik.
Portuetako langileek, 22:00etatik 06:00etara lan egiten dutenek, «gaueko lana» izeneko sari osagarri bat jasoko dute; osagarri hori langilearen lanbide-mailari dagokion oinarrizko soldataren % 25ekoa izango da. Gauez lan egindako denbora-tartea 4 ordutik beherakoa denean, gauez lan egindako denborari dagokion osagarria baino ez da ordainduko; gauez lan egindako denbora 4 ordutik gorakoa denean, berriz, lanaldi osoari dagokion osagarria ordainduko da.
Laneko hiru txanda daudenean, gaueko txandan lan egiten duten langileek osagarria jasoko dute, aurreko idatz-zatietan ezarritakoaren arabera. Eguneko txandan diharduten langileek, berriz, oinarrizko soldataren % 15eko osagarria jasoko dute. Edonola ere, ulertu behar da hiru lan-multzo horietako langileak multzoz multzo dabiltzala txandaka.
Lanpostu batean, beti edo noizean behin, lan handia pilatzen dela eta, bi txandatan lan egitea beharrezko dela ikusten badu Zuzendaritzak, eta horrela egiten bada, ordutegia aldatu behar izan duten langileek % 10eko gehigarria jasoko dute aurreko lerrokadan ezarritakoan oinarrituta.
III) Asteko atsedenaldia.
Salbuespen modura, antolaketa-arrazoiak edo arrazoi teknikoak direla-eta, portuetako langileek ezin badute dagokien jaieguna edo, hala badagokio, igandeko atsedenaldia gozatu, Administrazioak ordaindu egin beharko dio, asteko lanari dagozkion lansariez gainera, jaiegunean edo asteko atsedenaldian lan egindako orduei dagokien kopurua, gutxienez, % 75 gehituta, edo, bestela, ordezko beste atsedenaldi bat eman beharko dio.
IV) Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea indarrean sartu arte funtzionarioentzat gordeta egon, eta Lege horretatik aurrera lan-kontratudun langileen lanpostu-zerrendetan sartutako lanpostuetan diharduten langileei dagokienez, interesatuak lanpostu-zerrendaren izaera juridikoa aldatzeko legez duen aukera erabili badu behintzat, Hitzarmen hau indarrean sartzerako onartuta zituen osagarriak, finkatutako ordainsari orokorren gainetik dituenak, orain arte egon diren baldintza eta egoera berberetan egongo dira aurrerantzean ere.
IV. ERANSKINA
FUNTZIONARIO BIHURTZEA
Alde batekoek zein bestekoek ikusten badute interesgarria dela langileak funtzionario bihurtzeko prozedura bati ekitea, legez egoki diren aldaketa guztiak egin eta gero, lan-talde bat osatuko da lan-kontratudun langile finkoak funtzionario nola bihurtu aztertzeko, betiere, Administrazioaren egitura arrazionalizatzeko ikuspegitik begiratuta.
Lan-talde horrek lan-kontratudun langileentzat gordetako lanpostuen sailkapena aztertuko du, lanpostu bakoitzak dituen ezaugarriak eta zereginak aintzat hartuta, funtzionarioentzako lanpostuen zerrendan sar litezkeen lanpostuak zeintzuk diren zehazteko. Azterketa hori egindakoan, lan-kontratudun langileak funtzionario bihurtzeko prozedura negoziatuko da, bere lanpostua sailkatzerakoan, bere lanpostu-zerrendako izaeraz bestelakotzat jo badute.
Lan-talde horretan bertan begiratuko da, eta, hala badagokio, aldatu, lanbideen sailkapena egiteko gaur egun dagoen sistema ere.
V. ERANSKINA
LANALDI ZATITUA, 2010
Astelehenetik ostegunera 8 ordu eta 10 minutu
Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez
Ostirala 7 ordu
Asteko lanaldia 39 ordu eta 40 minutu
Udako eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu
Uda 17 aste
Oporrak 22 egun
Aste Santua eta Gabonak 7 egun
Norberaren gauzetarako baimena 6 egun
Bestelako baimenak 2-3 egun, gutxi gorabehera
2010. urtea.
- Lanaldi zatituaren egitura mantenduko da.
- Astelehenetik ostegunera, eguneko lanaldia 8 ordu eta 10 minutukoa izango da. Bazkaltzeko etenaldiaren ezaugarri eta ordutegiak orain arte bezala mantenduko dira.
- Ostiraletako lanaldia 7 ordukoa izango da.
- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.
- Aste Santu eta Gabonetako baimenak mantenduko dira, guztira 7 egun izango direlarik.
- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.
- Horrez gain, 2-3 eguneko (gutxi gorabehera) baimena aitortzen da, lanaldia doitzearen ondoriozkoa.
LANALDI ZATITUA, 2011
Astelehenetik ostegunera 8 ordu
Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez
Ostirala 7 ordu
Asteko lanaldia 39 ordu
Udako eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu
Uda 17 aste
Oporrak 22 egun
Aste Santua eta Gabonak 7 egun
Norberaren gauzetarako baimena 6 egun
Bestelako baimenak 1-4, lan-egutegiaren arabera
2011. urtea.
- Lanaldi zatituaren egitura mantenduko da.
- Astelehenetik ostegunera, eguneko lanaldia 8 ordukoa izango da. Bazkaltzeko etenaldiaren ezaugarri eta ordutegiak orain arte bezala mantenduko dira.
- Ostiraletako lanaldia 7 ordukoa izango da.
- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.
- Aste Santu eta Gabonetako baimenak mantenduko dira, guztira 7 egun izango direlarik.
- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.
- Horrez gain, 1-4 eguneko baimen gehigarria aitortzen da, lan-egutegiaren araberakoa izango dena (2011n 4 egun izango dira).
LANALDI MISTOA, 2010
Astearte eta ostegunak 8 ordu eta 10 minutu
Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez
Astelehen eta asteazkenak 7 ordu eta 10 minutu
Ostirala 7 ordu
Asteko lanaldia 37 ordu eta 50 minutu
Udako eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu
Uda 17 aste
Oporrak 22 egun
Aste Santua eta Gabonak -
Norberaren gauzetarako baimena 6 egun
Bestelako baimenak 2-3 egun
2010. urtea.
- Asteko lanaldi mistoa da; 2 egunetan lanaldi zatitua egingo da eta beste bi egunetan jarraitua, ostiraletan iraupen laburreko lanaldia mantenduko delarik.
- Astearte eta ostegunetan 8 ordu eta 10 minutuko lanaldi zatitua egingo da, egungo ezaugarri eta ordutegi bereko bazkaltzeko etenaldiarekin.
- Astelehen eta asteazkenetan 7 ordu eta 10 minutuko lanaldi jarraitua egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.
- Ostiraletan, 7 orduko lanaldia egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.
- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.
- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.
- Horrez gain, 2-3 eguneko baimena aitortzen da: Araban, 72 ordu eta 15 minutu, Gipuzkoan, 77 ordu eta 40 minutu, eta Bizkaian, 79 ordu eta 25 minutu.
LANALDI MISTOA, 2011
Astearte eta ostegunak 8 ordu
Bazkaltzeko etenaldia 30 minutu gutxienez, 2 ordu gehienez
Astelehen eta asteazkenak 7 ordu eta 10 minutu
Ostirala 7 ordu
Asteko lanaldia 37 ordu eta 20 minutu
Udako eguneko lanaldia 6 ordu eta 30 minutu
Uda 17 aste
Oporrak 22 egun
Aste Santua eta Gabonak -
Norberaren gauzetarako baimena 6 egun
Bestelako baimenak 1-4 egun (lanaldi-doitzea)
2011. urtea.
- Asteko lanaldi mistoa da; 2 egunetan lanaldi zatitua egingo da eta beste bi egunetan jarraitua, ostiraletan iraupen laburreko lanaldia mantenduko delarik.
- Astearte eta ostegunetan 8 orduko lanaldi zatitua egingo da, egungo ezaugarri eta ordutegi bereko bazkaltzeko etenaldiarekin.
- Astelehen eta asteazkenetan 7 ordu eta 10 minutuko lanaldi jarraitua egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.
- Ostiraletan, 7 orduko lanaldia egingo da, 20 minutuko atsedenaldiarekin.
- Udako lanaldiak 6 ordu eta erdikoa izaten jarraituko du, 17 astez.
- Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da eta 6 egunekoa izango da.
- Horrez gain, 1-4 eguneko baimen gehigarria aitortzen da, lan-egutegiaren araberakoa izango dena.