134. zk., 2007ko uztailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
3903
AGINDUA, 2007ko maiatzaren 18koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena. Honen bitartez, abelgorrien erregistro liburua ezartzen da.
Europar Batasuneko arauek, abeltzainei, euren jarduerako hainbat alderdiri buruzko erregistroak egiteko betebeharra ezartzen die. Erregistro horietako bat, espezifikoki, abereak identifikatu eta erregistratzeko erregistroa da. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EE 1760/2000 Arautegian ezarrita dago abelgorriak identifikatu eta erregistratzeko sistema izan behar dela.
Abereak identifikatu eta erregistratu beharra eta hori egoki aplikatu beharra, orobat, funtsezko baldintza da Europar Batasuneko laguntzak kudeatzeko. Baldintza hori ez betetzeak, laguntza horiek gutxitzea edo ezeztatzea eragin dezake.
1760/2000 Arautegia aplikatuz, abelgorriak identifikatu eta erregistratzeko sistema gaur egun ezarrita dago Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde historiko bakoitzean. Hala ere, beharrezko jotzen dugu espezifikoki arautzea identifikatze eta erregistratze sistema horren zati bat; zehazki, abeltzaintzako ustiategietan izan beharreko erregistro liburuari buruzko zatia. Helburua da liburu hori Euskal Autonomia Erkidegoko beharretara egokitzea.
Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintzako ustiategietan erregistro liburua izan beharra ezartzen da, eta liburu horrek hiru lurralde historikoetan egitura bera izan beharra. Orobat, abelgorrien erregistro liburuaren gutxieneko edukia adierazten da, foru aldundi bakoitzak haren forma zehatz dezan.
Agindu honek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EE 1760/2000 Arautegian xedatutakoa aplikatzen du, bai eta 1980/1998 Errege Dekretuan (1377/2001 Errege Dekretuak aldatua) xedatutakoa ere.
Agindu hau, Euskadiko Autonomia Estatutuko 10. artikuluko 9. eta 25. idatz-zatietan gai honetarako ezartzen den eskumena erabiliz eman dugu. Agindu hau taxutzean, abeltzaintza arloan foru aldundietan eskumenak dituzten sailekin hitz egin dugu, bai eta abeltzaintza sektorea ordezkatzen duten erakunde eta elkarteekin ere.
Horregatik guztiagatik,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Abelgorrien erregistro liburua.
Abelgorrien erregistro liburua ezartzen da. Halako abereak dituztenek eraman beharko dute, garraiolariek izan ezik.
Liburuan jasoko dira, behar bezala antolatuta, ustiategian den edo azken hiru urtean ustiategian izan den abelgorri bakoitzaren identifikazioari buruzko agiriak.
2. artikulua.– Liburuaren edukia.
Liburuak informazio atal hauek izango ditu:
1.– Ustiategian diren abereak.
2.– Ustiategitik irten diren abereak.
3.– Bestelako agiriak.
3. artikulua.– Ustiategian diren abereak.
Artxibo unitate horrek ondorengo agiri hauek izango ditu:
1.– Ustiategian diren abereen zerrenda, foru aldundiak bidalia, urte horretako urtarrilaren lehenari dagokiona. Gutxienez ere, datu hauek edukiko ditu:
a) Identifikazio kodea.
b) Jaioteguna.
c) Sexua.
d) Arraza edo ilajea.
2.– Urtero eguneratzeko agiriak:
a) Sarrerak:
– Abereen Jatorri eta Osasun Agiria, edo lekualdaketetako osasun agiriak.
– Hirugarren herrialdeetako abelburuen sarrera egiaztatzeko agiria.
– Jaiotza, jaioteguna eta belarritakoa jarri zitzaion eguna jakinarazi izana egiaztatzeko agiria, lurralde historiko bakoitzean identifikatze eta erregistratzea kudeatzen duen erakundeak emana.
b) Irteerak:
– Abereen Jatorri eta Osasun Agiria, edo lekualdaketetako osasun agiriak, bai helmugan bizirik jarraitzekoa bada, bai hiltzekoa bada.
– Operadore baimenduak hilotza jaso duela egiaztatzen duen agiria; edo, hilotza operadore baimendu batek jaso ez badu, titularraren zinpeko adierazpena, edo kausak adierazten dituen albaitari egiaztagiria.
3.– Ustiategian diren abereen Abelgorrien Identifikazio Agiriak.
4. artikulua.– Ustiategitik irten diren abereak.
Artxibo unitate horrek ondorengo agiri hauek izango ditu:
1.– Azken hiru urtean irten direnen zerrenda. Urte bakoitzeko lehenengo hamabost egunean emango du dagokion foru aldundiak. Gutxienez ere, 3.1 artikuluan adierazitako datuak eta ustiategiko sarrera eta irteera egunak jasoko ditu.
2.– Azken hiru urtean ustiategitik irten diren abereen Abelgorrien Identifikazio Agiriaren bigarren zatia, behar bezala beteta. Bereizi egingo dira ustiategian bertan hildako abereak eta saldutako abereak.
3.– Aurreko 3.2 artikuluan aipatu diren urtero eguneratzeko agiriak, azken hiru urteetakoak.
5. artikulua.– Bestelako agiriak.
Artxibo unitate horrek ondorengo agiri hauek izango ditu:
1.– Belarritakoa galtzea jakinarazi izana eta belarritakoa berriz jarri zitzaion eguna egiaztatzen duten agiriak.
2.– Erregistro liburuaren kontroletako fitxak. Gutxienez ere, kontrol eguna eta kontrola egin duenaren identifikazioa zehaztuko dituzte.
3.– Araudi bidez ezartzen diren gainerakoak.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da agindu honen indarraldia.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko maiatzaren 18a.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.