29. zk., 2007ko otsailaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Garraio eta Herri Lan Saila
852
12/2007 DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo autoz garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen Legearen Erregelamendua aldatzeko dena.
Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo autoz garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen ekainaren 29ko 2/2000 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eskaintzen den mota horretako zerbitzuen araubide juridikoa ezartzen du, eta ekonomia-arlo horri Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako behar eta eskakizunetara egokitutako arau propioak eskaintzen dizkio.
Legeak udalei ematen die, hiriko garraioaren barruan, zerbitzuen plangintza, ikuskapen eta zehapenen ardura, eta, bestetik, ezartzen du zerbitzua eskaintzekoan zorrotz bete beharko dela arau bidez finkatzen diren ordutegi, txanda, opor eta etenaldien araubidea.
Urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren bidez, lege horren Erregelamendua onartu zen. 41. artikuluan zerbitzuak emateko ordutegi eta egutegiak finkatzeko era arautu zen, eta zehazki honela dio: "Zerbitzua ondo koordinatu ahal izateko eta zerbitzu jarraitua eskaintzeko, udalek, bakoitzak bere udalerrian, lizentzien titularren ordutegi, egutegi, atseden eta urteko oporren araubidea finkatu ahal izango dute, lan arloko eta gizarte segurantzako legeak errespetatuz eta lurralde horretan ordezkaritza duten taxi arloko elkarteen iritzia entzun ondoren. Udal-ordenantzen bidez, goian aipatutako elkarteei entzun ondoren, zerbitzua antolatu ahal izateko lizentzien titularrek zerbitzua zenbat denborarako eten behar duten arautuko da".
Erregelamenduaren 32. artikuluak taximetroa eta modulua arautzen ditu, eta lehenengo idatz-zatian zehazten du ezen herri barruko garraiorako lizentziaren eta herriz kanpoko garraiorako baimenaren titularrak, lizentzia edo baimenarekin lotutako ibilgailuan taximetro bat eta modulu bat jarriko dituela, unean indarrean dauden tarifak aplikatzeko eta behar bezala ikusteko. Artikulu horretan bertan esaten du taximetroa karrozeriaren aurreko aldeko erdiko herenean jarri beharko dela, taxiaren barrualdean, bidaiariak garraioaren prezioa zenbatekoa den ikus ahal izan dezan, eta martxan dagoenean beti piztuta egon beharko duela.
Baina lanaldia mugatu duten udalek benetan muga hori taximetroaren bidez betearazi ahal izan dezaten, ezinbestekoa da aparailuaren inguruko arau-esparrua aldatzea, lanaldia kontrolatzeko aukera ere sartuz.
Ondorioz, Garraio eta Herri Lan sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urtarrilaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo autoz garraiatzeko zerbitzu publikoaren Legearen Erregelamenduaren, urriaren 15eko 243/2002 Dekretu bidez onartua, 32.1 artikuluan ezarritakoa aldatu eta honela uztea:
"1.– Herri barruko garraiorako lizentziaren eta herriz kanpoko garraiorako baimenaren titularrak, lizentzia edo baimenarekin lotutako ibilgailuan taximetroa eta modulua jarri beharko du, unean indarrean dauden tarifak aplikatzeko eta behar bezala ikusteko, eta halakorik bada, lanaldia kontrolatzeko.
Taximetroa karrozeriaren aurreko aldeko erdiko herenean jarri beharko da, taxiaren barrualdean, bidaiariak eta ikuskapen-zerbitzuek erraz ikusi ahal izan dezaten garraioaren prezioa eta lanaldia amaitzeko zenbat falta den, eta taxia martxan dagoenean beti piztuta egon beharko du. Taximetroak gutxienez lau tarifa erabili ahal izateko balio beharko du, eta bidaia-txartelak inprimatzeko gailua izan beharko du.
Garraio-zerbitzuaren prezioa modu elektronikoan ordaintzeko sistemen instalazioa Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuaren agindu bidez arautuko da."
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko urtarrilaren 30ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Garraio eta Herri Lan sailburua,
NURIA LÓPEZ DE GUEREÑU ANSOLA.