Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2005eko abenduaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
6237

AGINDUA, 2005eko azaroaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena. Agindu honen bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

16/1983 Legeak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari buruzkoak) hainbat helburu ezarri zizkion erakunde horri; horien arteko bat hauxe: azaroaren 24ko 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) agintzen duena betetzeko, erakunde horri dagokio euskara herri-administrazioan sartu, hedatu, aplikatu eta normalizatzea, bai eta administrazio-hizkera zehaztea ere.

Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, "Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz."

Eusko Legebiltzarreko Erakunde eta Herrizaingo Batzordeak 1989ko maiatzaren 17an onartutako Ebazpenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, toki-administrazioko hizkuntza-normalizazioaren prozesuaren kostuak toki-administrazioaren gain bakarrik gera ez daitezen, azter ditzala prozesu horren finantzaketa-formulak, eta, ondoren, sar ditzala formulok dagokion araudian.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako hizkuntza-normalizazioaren lehenengo plangintza-aldia hasi zenetik bertatik, alegia, 1990etik bertatik, HAEEk lankidetza-hitzarmenak izenpetu izan ditu Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeekin, batetik, herri-erakunde horietan diharduten langileen hizkuntza-prestakuntza bermatzeko, eta, bestetik, toki-administrazioko langile horiek euskara-eskoletara joateagatik egin beharreko ordezkapenen dirulaguntza-erregimena zehazteko.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 1990eko otsailaren 26ko Ebazpenak finkatu zuen HAEEren eta toki-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenen lehenengo eredua; hitzarmenon arloa zen administrazio horietan diharduten langileen hizkuntza-prestakuntza. Geroago, HAEEko zuzendariaren 1992ko urriaren 5eko Ebazpenak argitara eman zuen HAEEk eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeek arlo horretan izenpetu beharreko hitzarmen-ereduaren aldaketa.

86/1997 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) Azken Xedapenetatik Lehenengoak ezarri zuenez, HAEEk eguneratu egin beharko zuen erakunde honen eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeen arteko hitzarmen-eredua. Ereduan, halaber, ordu-kredituak ere egokitu egin beharko ziren dekretu horren Aldi baterako Laugarren Xedapenean aipatutako banan-banako prestakuntza-planetara.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskaini beharreko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautu zuen, bai eta euskarako ikastaroetara joaten diren udal-administrazioen zerbitzuko langileen ordezkapenerako dirulaguntzen araudia ezarri ere; halaber, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeen artean egin beharreko hitzarmenaren eredu berria ezarri zuen.

Bestalde, martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzekoak, erakunde horretan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana arautu behar duten oinarriak ezarri zituen.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko herri-langileak euskalduntzeko ordu-kredituak nola aplikatu behar diren finkatu du, eta, horretarako, lan-orduetan hizkuntza-prestakuntza jaso ahal izateko gehienezko ordu-kredituak zeintzuk diren zehaztu du, haste-maila bakoitzari dagokion hizkuntza-eskakizuna gainditze aldera hartu beharreko hizkuntza-prestakuntzaren gehienezko ordu-kredituak zeintzuk diren, alegia. Agindu horretan zehazten diren aurreikuspen eta neurrien bidez, hizkuntza-eskakizun jakin bakoitza apurka-apurka egiaztatzeko bidea erraztu egiten da, eta, era horretan, lagundu egiten da jasotako prestakuntza hori baliagarri izan dadin plangintza-aldi bakoitzean iritsi beharreko hizkuntza-helburuetara hurbiltzeko.

HAEEk Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskaintzen dizkien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak arrazionalizatze eta bateratze aldera, eguneratu egin behar da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Agindua, honako hauek guztiak jaso ditzan: hizkuntza-eskakizunak gainditzeko ordu-kredituen sistema berria, ordu-kreditu berrien gehienezko denborak eta euskara-ikastaroetara joaten diren udal-administrazioetako langileak ordezkatzeko diru-laguntzen zenbateko berriak.

Era berean, komenigarritzat jotzen da ikastaroen eskaintza aldiroko ikastaro-deialdien bitartez egitea, ikasturte batetik bestera egin behar izaten diren egokitzapenak jaso ahal izateko. Horrekin lortu nahi da sistemari malgutasuna eman eta unean-unean sortzen diren beharrei egokitzeko modukoa izatea. Halaber, aginduari eta berak ezartzen duen lege-esparruari iraunkortasuna eman nahi zaio, bete-betean indarrean egoten jarraitu dezan denboran zehar.

Halaber, agindua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arauen arabera egokitu behar izan da.

Bestalde, 2005eko azaroaren 22an egindako bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak Hitzarmen Eredua onartu zuen, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeen artean izenpetzekoa. Hitzarmen hau agindu honen II. eranskinean argitaratzen da, aipatutako bilkuran erabakitakoa betez eta guztien ezagutzarako.

Azkenik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretu horrek, Azken Xedapenetatik Bigarrenean, ahalmenak ematen dizkie Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari eta Kultura sailburuari, zeinek bere eskumenen arloan, dekretua garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Horren guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:
I KAPITULUA
HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO
ZERBITZUAK

1. artikulua.– Hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuen arauak.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) jasotako aurreikuspenen arabera, HAEEk Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dizkien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak agindu honetan ezarritakoari lotuko zaizkio beti. Horrez gain, HAEErekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeentzako euskara-ikastaroen urtean urteko deialdietan ezarritakoari ere lotuko zaizkio zerbitzuok.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua eta zerbitzuok jaso ahal izateko betekizunak.

1.– Hona hemen agindu honetan araututako hizkuntza-zerbitzuak nortzuek jaso ditzaketen: Euskal Autonomia Erkidegoko udal-administrazioak eta foru-administrazioak eta beren erakunde autonomiadunak; Osakidetza, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Lan Harremanen Kontseilua, Euskal Herriko Unibertsitatea, Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

2.– Agindu honetan araututako zerbitzuak jaso ahal izateko, aurreko paragrafoan aipatutako herri-erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.– Hizkuntza-normalizaziorako plana onartuta izatea, beti ere, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskaren erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen Dekretuaren arabera eta Osakidetzari dagokionez, ordea, martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan (Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzekoan) ezarritakoaren arabera.

2.2.– HAEErekin lankidetza-hitzarmenaren eredu berria izenpetuta izatea. Hitzarmena egiteko eredu berria agindu honetako II. eranskinean dago jasota.

3. artikulua.– Ikastaroaren helburuak eta hartzaileak.

1.– Agindu honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuen lehentasunezko helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeetan diharduten karrerako funtzionarioek eta lan-kontratu finkoko langileek dagokien hizkuntza-gaitasuna lortzea, baldin eta beren lanpostuek derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izendatuta badute.

2.– Aurreko hori gorabehera, herri-erakundeetako gainontzeko langileei ere eskainiko die HAEEk hizkuntza-prestakuntza, betiere, agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta langileen erakundeak kasuan-kasuan ezarritako lehentasunen arabera.

3.– Kapitulu honetan ezarritako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuek muga bat izango dute, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako izendatutako aurrekontu-kopuruak. Agindu honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak finantzatzeko diru-baliabideak nahikoak ez badira, lehentasun hurrenkera honen arabera onartuko dira eskaerak:

3.1.– Karrerako funtzionarioak eta lan-kontratu finkoa duten langileak, baldin eta beren lanpostuak derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna badute.

3.2.– Karrerako funtzionarioak eta lan-kontratu finkoa duten langileak, baldin eta beren lanpostuak ez badute derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik.

3.3.– Karrerako funtzionarioak eta lan-kontratu finkoa duten langileak, baldin eta beren lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizunetik gorako euskalduntze- edo alfabetatze-maila lortu nahi badute.

3.4.– Bitarteko funtzionarioak eta aldi baterako lan-kontratua duten langileak, harik eta betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna lortu arte. Atal honetan lehentasuna izango dute lanpostu hutsa bete arte bertan dihardutenek.

4.– Edozein modutan ere, ordu-kredituei dagokienez, hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuek agindu honen seigarren artikuluan ezarritako mugak izango dituzte.

4. artikulua.– Euskara-ikastaroen finantzaketa.

1.– Agindu honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuei dagokienez, HAEEk euskara-ikastaroen matrikularen kostua hartuko du bere gain. Halaber, ikastarook barnetegian egiten badira, ostatu- eta mantenu-gastuak ere bere gain hartuko ditu HAEEk.

2.– Langileen hizkuntza-prestakuntzako prozesuak sortutako bestelako gastuak, horien artean, euskaltegira joateak eta material didaktikoa erosteak eragindako gastuak, ez dira HAEEren kontura izango.

5. artikulua.– Euskara-ikastaroetarako deialdiak.

1.– HAEEk urtero-urtero egingo ditu bidezko diren euskara-ikastaroetarako deialdiak agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren herri-erakundeetako langileentzat, agindu honen bigarren eta hirugarren artikuluetan zehazten denaren arabera. Deialdi horiek HAEEko zuzendariaren ebazpen bidez egingo dira eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

2.– Deialdi horietan, HAEEk honako xehetasun hauek emango ditu, gutxienez:

2.1.– Ikastaroen eskaintza.

2.2.– Ikastaroetan parte hartzeko eskabideak: nola eta noiz egin.

2.3.– Euskara ikasteko eskolen antolaketa: taldeak eratzea, matrikula-orriak…

2.4.– Bertaratzeen eta aprobetxamenduaren gaineko arauak euskara ikastaroetan. Ikastaroak hastea eta uztea.

2.5.– Datu pertsonalak babesteko behar diren neurriak, honako arau hauek betetze aldera: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta datu pertsonalak dauzkaten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriei buruzko araudia, ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuak onartua.

6. artikulua.– Ordu-kreditua.

1.– Ordu-kredituen sistema berria ezartzen da. Horren bidez finkatzen da HAEEk gehienez zenbat ordu finantzatuko dituen hizkuntza-eskakizunak hurrenez hurren egiaztatzeko agindu honetan araututako hizkuntza-prestakuntzaren barruan.

2.– Ordu-kredituaren definizioa.

2.1.– Ordu-kreditua da hizkuntza-eskakizun bakoitza lortzeko herri-administrazioak finantzatuko duen prestakuntza-orduen gehienezko kopurua, hasiera-maila jakin batetik abiatuta.

2.2- Agindu honetako I. eranskinean dago jasota hasiera-maila bakoitzetik abiatuta hizkuntza-eskakizun bakoitzerako ezarritako ordu-kopurua zein den.

3.– Herri-administrazioko langile bakoitzari dagokion hasierako ordu-kreditua finkatzea.

3.1.– Pertsona bakoitzari dagokion hasierako ordu-kreditua bi elementu hauen arabera finkatuko da:

a) Eskatzaile bakoitzak duen euskara-maila. 2006-2007 ikasturtearen hasieran ikasle bakoitzak hasi behar duen euskalduntze edo alfabetatze maila da, edo kasuan kasu, arau hau indarrean sartzen den momentutik euskara eskoletara lehenengo aldiz joaten den ikastaroaren hasiera-egunean duena. Hasierako maila horren arabera finkatuko dira ikasleak bere prestakuntza-prozesu osoan zehar egiaztatu beharko dituen hizkuntza-eskakizunen ordu-kredituak.

b) Egiaztatu beharreko hurrengo hizkuntza-eskakizuna: egiaztatu den azkenaren ondorengoa da, edo bat ere ez bada egiaztatu, 1. hizkuntza-eskakizuna.

3.2.– Egiaztatu beharreko hizkuntza-eskakizun bakoitzerako ordu-kreditu jakin bat edukiko du pertsona bakoitzak, hizkuntza-prestakuntzako bere prozesuan zehar, eta, unean-unean, egiaztatu behar duen hurrengo hizkuntza-eskakizunari dagokiona egongo da indarrean.

4.– Ordu-kredituaren kalkulua eta saldoa.

4.1.– Ordu-kreditua agortuz joango da ikasturtea aurrera joan ahala, eta hilean-hilean taldeari emandako ikastorduak zenbatuko dira horretarako. Pertsona horren taldean ematen den lehenbiziko eskola-egunetik hasiko da zenbaketa eta ikasturtea amaitu arte edo, hala balegokio, ikasturtean behin betiko baja ematen zaion arte egingo da.

4.2.– Pertsona bakoitzak saldo bat edukiko du uneoro bere ordu-kredituan, eta saldo hori honela neurtuko da: egiaztatu beharreko hurrengo hizkuntza-eskakizunari dagokion ordu-kredituari, hasierako mailatik abiatuta kontsumitu dituen prestakuntzako ikastorduak kenduko zaizkio, aurreko paragrafoan adierazi bezala zenbatuta.

4.3.– Hizkuntza-eskakizun bat egiaztatu eta goragoko hizkuntza-eskakizuna lortzeko hizkuntza-prestakuntza hartzen jarraitu behar denean, ordu-kreditu berria izango da. Ordu-kreditu hori egiaztatu beharreko hurrengo hizkuntza-eskakizunaren araberakoa izango da, eta saldoa berriro kalkulatzeko, ordu-kreditu berriari kenduko zaio hasiera mailatik kontsumitutako prestakuntza-denbora.

5.– Aldeko saldoa ordu-kredituan.

5.1.– Euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituan aldeko saldoa edukitzea. Ikastaroan zehar saldoa agortu egiten bada, ikastaroa amaitu arte jarraitu ahal izango da.

5.2.– Edonola ere, saldoa agortu denetik aurrera kontsumitu diren ikastorduak berdin zenbatuko dira ordu-kreditua eguneratzean 4. artikuluan xedatutako ondorioetarako, betiere hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen bada, eta hizkuntza-prestakuntza jasotzen jarraitu behar badu hurrengo hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ahal izateko.

6.– Ordu-kreditua agortzea.

6.1.– Ordu-kreditua hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe agortzen bada, ikasleari ez zaio beste eskaerarik onartuko agindu honen arabera finantzatutako euskara-ikastaroetan.

6.2.– Dagokion hizkuntza-eskakizuna gaindituz gero, agindu honen arabera finantzatutako euskara-ikastaroak egiten jarraitu ahal izango du, baina betiere unean-unean indarrean dagoen deialdiaren arabera. Horrelakoetan, ordu-kredituaren saldoa eguneratu egingo da artikulu honen 4. puntuan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA
EUSKARA-IKASTAROETARA JOATEN DIREN

LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

7. artikulua.– Dirulaguntzen helburua eta esleipena.

1.– Kapitulu hau osatzen duten manuen helburua da euskara-eskoletara doazen langileak ordezkatzeko dirulaguntzak nola esleituko diren arautzea, alegia, nola emango zaizkien dirulaguntzak udal-administrazioei, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan egonik eta partzialki edo guztiz liberatuta egonik hizkuntza-eskakizun hori eskuratu arte euskara-ikastaroetara joaten diren langileak ordezkatzeko kostua finantzatzearren.

2.– Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan izendatutako dirua erabiliko da, zehazki Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea erakunde autonomiadunari dagokiona. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran dirulaguntzak emateko izendatutako diru-kopurua HAEEko zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

3.– Ekonomia-ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen bolumen osoak ez du izendatutako dirua gaindituko. Halaber, indarrean dagoen legediaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, laguntzen bolumen osoak ezin izango du horrela eguneratutako kopurua gainditu. Eguneratze horren berri ere HAEEko zuzendariaren ebazpen bidez emango da argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera ordaindu beharreko dirulaguntzen kantitate osoa handiagoa bada aurrekontuan horretarako izendatutako diru-kopurua baino, orduan, banaketa proportzionala egingo da herri-erakundeen artean, beti ere era honetan:

4.1.– Lehenengo aldian, alegia, urtarriletik ekainera bitartekoan, ordaindu beharreko kantitatea handiagoa bada Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan izendatutako kopurua baino, orduan, aldi horretan banaketa proportzionala egingo da herri-erakundeen artean, eta aurrekontua agortutzat joko da. Kasu horretan, ez da dirulaguntzarik emango bigarren aldian.

4.2.– Bigarren aldian, alegia, uztailetik abendura bitartekoan, ordaindu beharreko kantitatea handiagoa bada horretarako izendatutakoa baino, orduan, aldi horretan banaketa proportzionala egingo da herri-erakundeen artean; eta horrek ez du eraginik izango lehenengo aldian emandako kantitatean.

8. artikulua.– Dirulaguntzak lortzeko betekizunak eta dirulaguntzen onuradunak.

1.– Udal-administrazioak izan ahalko dira agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

1.1.– Hizkuntza-normalizaziorako plana onartuta edukitzea, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

1.2.– Aurretiaz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta izatea, beti ere, agindu honetako eranskinean jasotako ereduaren arabera.

1.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Dirulaguntza jasotzeko beharrezkoa izango da, gainera, honako betekizun hauek betetzea:

2.1.– Dirulaguntza eman ahal izateko, ezinbestekoa izango da ordezkatutako langileak karrerako funtzionario edo lan-kontratuko langile finkoa izatea.

2.2.– Dirulaguntzak eman ahal izateko, ezinbestekoa izango da ordezkatutako langileen lanpostuak derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izatea.

2.3.– Ordezkatutako langilearen lanpostuak ezarrita duen derrigortasun-data dagoeneko igarota badago ordezkapena egiteko orduan, ordezkoak egiaztatuta eduki beharko du dena delako hizkuntza-eskakizun hori, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak ezarritako moduetako edozeinetan (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du). 4. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuen kasuan, ordezkatutako langilearen lanpostuak ezarrita duen derrigortasun-data dagoeneko igarota badago ordezkapena egiteko orduan, ordezko langileak 3. hizkuntza-eskakizuna izateko posibilitatea onartzen da.

2.4.– Ordezkapenagatik eman beharreko dirulaguntza lanpostuak ezarrita daukan hizkuntza-eskakizuna gainditu artean emango da. Baldin eta pertsona batek HAEEk finantzatutako ikastaro batean zehar egiaztatzen badu lanpostuak ezarrita daukan hizkuntza-eskakizuna, badago dirulaguntzak ikastaro hori amaitu artean ematen jarraitzea, beti ere artikulu honetan ezarritako gainerako betekizunak betetzen badira. Hurrengo ikastaroetarako ez da dirulaguntza gehiagorik emango pertsona horren ordezkapenarengatik; hala ere, agindu honen arabera finantzatutako euskara-ikastaroetara joaten jarraitu ahal izango du, hala balegokio.

2.5.– Ordezkatutako langileak gutxienez % 80 baino bertaratze handiagoa izan behar du ikastaroan zehar, ordezkapenak irauten duen hilabeteetako bakoitzean. Hori dela-eta, ez zaio dirulaguntzarik bat ere emango bertaratzea hori baino txikiagoa izan den hilabeteengatik.

2.6.–. Diru-laguntza lortzeko beharrezkoa izango da ordezkatutako pertsonaren ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea dirulaguntza eman ahal zaion hilabete bakoitzean.

9. artikulua.– Diruz lagundu ahal daitezkeen jarduerak.

1.– Honako ordezkapen-modu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Bitarteko funtzionarioaren edo aldi baterako lan-kontratuko langilearen izendapena, lanpostuaren izaeraren arabera.

– Administrazio-kontratua (Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren babesean egindakoa), baldin eta kontratuaren ondorioz ordezkatutako langilearen lanpostuaren berezko eginkizunak bete behar badira.

2.– Erabilitako ordezkapen-modua edozein dela ere, ordezkapen bakoitzarekin zenbait langileren bertaratzeak bete ahal izango dira. Horrelakoetan, metatu egingo dira ordezkapen bakoitzari dagozkion dirulaguntzak, baina gehienez ere lanaldi osoko liberazioko moduluaren mugaraino, agindu honetako hamalaugarren artikuluan ezarritakoraino, alegia.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

Kasuan kasuko udal-administrazioak egiaztatu egin beharko du prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen duten pertsonak ordezkatuta daudela. Hori egiteko, dagokion dirulaguntza-eskabidearekin batera, hainbat agiri bidali beharko ditu ordezkatze-modalitate bakoitzeko.

1.– Bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratuko langileak izendatzen direla-eta egiten diren ordezkapenetarako, hauexek:

– Ordezkoen zerrenda eta, horrekin batera, bakoitzak ordezkatzen duen/dituen langilearen/langileen izenak ere bai.

– Bitarteko funtzionarioaren izendapenaren edo egindako lan-kontratuaren fotokopia, bertan izendapenaren edo kontratuaren iraunaldiak agertu behar duelarik.

– Ordezkatua euskara-ikastarora joan den bitartean izendapena edo kontratua indarrean egon dela frogatzen duen agiria.

– HAEEk bere kabuz begiratuko du hizkuntza-eskakizunen egiaztapenerako erregistroan, ordezkoek agindu honen 2.3 artikuluaren zortzigarren paragrafoan ezarritako betekizuna betetzen duten ikusteko. Erregistro horretan egon ezik, bete behar duen lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ziurtagiria eskatuko du, baldin eta lanpostuaren derrigortasun-data igarota badago ordezkapena egiterako orduan.

2.– Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bateratua onartu zuen ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren babesean egindako administrazio-kontratuen bidez egin beharreko ordezkapenetarako, hauexek:

– Ordezkatutako langilearen edo langileen izena, lanpostuen izenak eta dagozkien eginkizunak.

– Eginkizun horiek egiteko kontratatutako enpresaren izena.

– Klausula administratibo eta teknikoen pleguen fotokopiak eta kontratuaren fotokopiak.

– Kontratua txikia denean, kontratuaren eta pleguen fotokopiaren ordez, ezinbestekoa izango da, batetik, fakturaren fotokopia eta, bestetik, udal-idazkariaren ziurtagiria, hain zuzen ere, egiaztatuko duena gastua onartuta dagoela eta egindako kontratu hori zein eginkizun betetzeko egin den.

3.– Kasu bietan, helburu berberarekin eskatutako edo emandako beste dirulaguntzei buruzko agiriak aurkeztu beharko dira.

4.– Epeak. Kasuan kasuko organoak izenpetutako dirulaguntza-eskabidea HAEEri bidali beharko zaio, dagozkion frogagiriekin batera, honako epeen barruan:

– Urtarriletik ekainera bitarteko dirulaguntzetarako: uztailaren 1etik 31ra bitartean.

–Uztailetik abendura bitarteko dirulaguntzetarako: urriaren 1etik azaroaren 10era bitartean, biak barne. Izendapena edo kontratua ordezkatze-aldian indarrean egon dela frogatzeko agiria abenduaren 15a baino lehenago igorri beharko da.

5.– Baldin eta eskatutako agiriren bat ezin bada adierazitako epemugak baino lehenago igorri, bidaltzeko moduan dauden gainerakoak HAEEri bidali beharko zaizkio ezinbestez, ezarritako epearen barruan. Bidaltzen diren agiriokin batera, memoria bat gehituko da, eta bertan zehaztu zein arrazoi dauden gainerakoak ez igortzeko. Kasu horietan, HAEEk agiri guztiak jaso arte ez da dirulaguntzarik ordainduko.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Euskararako Zuzendariordetzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean akatsak zuzentzea.

Euskararako Zuzendariordetzak akatsen bat edo zehazgabetasunen bat antzematen badu aurkeztutako eskabide-orrian, eskatzaileari jakinaraziko dio, bai eta adierazi ere hamar eguneko epea izango duela akatsa zuzentzeko. Epea igaro eta artean ez bada akatsa zuzendu, eskabidea, beste tramiterik gabe, artxibatu egingo da.

13. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta dirulaguntzak ordaintzeko irizpideak.

1.– Euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, honako dirulaguntza-modulu hauek ezartzen dira hilabeteko:

– Asteko 25 ikastorduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa: gehienez ere 1.700,00 euro hilabeteko.

– Asteko 15 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 636,00 euro hilabeteko.

– Asteko 10 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 421,00 euro hilabeteko.

– Asteko 8 ikastorduko ikastaroa: gehienez ere 339,00 euro hilabeteko.

Dirulaguntza hilabete oso bati baino aldi txikiagoari dagokionean, dirulaguntzaren kalkulu proportzionala egingo da. Horretarako oinarria 30 eguneko hilabetea izango da.

2.– Horiek ez bezalako ordu-moduluak ere, HAEEk agindu honen bosgarren artikuluan ezarritakoari jarraituz deialdiak egin baititzake eta deialdi horietan ezarritakoaren arabera onartu bestelako ordu-modulu horiek, diruz lagundu ahal izango dira, eta dirulaguntzaren kalkulu proportzionala egingo da.

3.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko, alegia, mila biztanletik beherako lurralde-esparruetako administrazioetako laguntza bereziei buruz dioena betetzeko, astean 25 orduko ikastaroetara edo barnetegira joaten den idazkari-kontuhartzailearen lanpostuko titularra ordezkatzeko dirulaguntza-modulua hilean 2.550,00 euro arte gehituko da. Hori egin ahal izateko, ingurumari hauek agertu behar dute:

– Idazkari-kontuhartzailearen lanpostuak derrigorrezko laugarren hizkuntza-eskakizuna izatea.

– Idazkari-kontuhartzailearen lanpostuko titularra salbuetsita ez egotea lanpostuko hizkuntza-eskakizuna betetzetik.

– Idazkari lanpostuko titularrak liberazio osoa izatea hizkuntza-prestakuntzako ikastaroetara joateko; eta, halaber, ordezkatzea agindu honen hemezortzigarren artikuluan ezarritako lehenengo ordezkapen-moduaren arabera egitea.

Dagokion dirulaguntza eskatzean, baldin eta ingurumari horiek agertzen badira, agindu honen hemezortzigarren artikuluko lehenengo paragrafoan eskatutako agiriez gain, udalak errolda-ziurtagiria ere igorri beharko du, mila biztanletik behera dituela egiaztatu ahal izateko.

Udal bi edo gehiago elkartuta dauden kasuetan, dirulaguntza udalen artean banatuko da.

4.– Ordezkatutako langileen ordu-kreditua agindu honetako I. eranskineko taularen arabera kalkulatuko da, eta aldeko saldoa izan beharko du. Beraz, ordu-kreditua ahitzen den hilabetea izango da dirulaguntza jasotzeko azkena.

5.– Lanpostuaren hizkuntza-eskakizunean aldaketarik badago, herri-erakundeari dagokion Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du indarra aldaketa horrek eta, hartara, ondorioak izan ditzake ordezkapen-dirulaguntzan.

14. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntzekin edo laguntzekin.

Dirulaguntza hauek bateragarriak izango dira beste dirulaguntzekin edo laguntzekin, nahiz eta helburu berbererako beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emanak izan baina beti eta horren ondorioz gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza guztien artean lortutako diru-kantitate osoa handiagoa bada egindako ordezkapenaren kostua baino, orduan, neurri horretantxe urrituko da agindu honen arabera emango den laguntzaren zenbatekoa.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeko zuzendariak emango du agindu honetako dirulaguntzak emateko ebazpena. Ebazpena honela emango da: urtarriletik ekainera bitarteko dirulaguntzen gaineko ebazpena urriaren 31 baino lehenago egingo da. Uztailetik abendura bitarteko dirulaguntzen gainekoa, berriz, urte horretako abenduaren 31 baino lehenago.

2.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta esleipendunei jakinaraziko zaizkie.

3.– Baldin eta ez bada berariazko ebazpenik ematen epe horien barruan, eskaera gaitzetsitzat jo beharko da, horrela ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Hala eta guztiz ere, administrazioak eman egin beharko du berariazko ebazpena.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte beti:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Honi dagokionez, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik (jakinarazpena eskuratzen denetik) hamabost eguneko epean herri-erakundeek idatziz eta berariaz uko egiten ez badiote, onartutzat joko da dirulaguntza.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunak betetzeko eskatzen duten informazio guztia ematea agindu honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

17. artikulua.– Dirulaguntza-aldiak.

1.– Aurrekontu-ekitaldi batean eman beharreko ordezkapen-dirulaguntzek bi aldi izango dituzte: lehenengoa, urtarriletik ekainera bitartekoa izango da; bigarrena, berriz, uztailetik abendura bitartekoa.

2.– Aldi horietako bakoitzean emandako dirulaguntzak epe hauen barruan ordainduko dira: urtarriletik ekainera bitarteko aldikoa abenduaren 31 baino lehen eta uztailetik abendura bitarteko aldikoa hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako edozein aldatzen bada, beti ere dirulaguntzaren helburua betetzat jo denean, edota dirulaguntza horrekin batera beste edozein erakunde publiko edo pribatutik bestelako dirulaguntza batzuk jaso badira helburu berbererako, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Ondorio horietarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak eta, horren ondorioz, hasiera eman beharko zaio kantitateak itzultzeko prozedurari, hala balegokio.

19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntzak emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, administrazio interesatuek itzuli egin beharko dizkiote Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko korrituak, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako legegintza dekretu horretan jasotzen da.

III. KAPITULUA
DATU PERTSONALEN ERABILERA
AGINDU HONETAN ARAUTUTAKO
JARDUERETAN

20. artikulua.– Datu pertsonalak nola erabili.

Agindu honetan araututako jarduerak kudeatze aldera, ezinbestekoa da jarduera horietan parte hartzen duten pertsonen datu pertsonalak fitxategi batean bildu eta prozesatzea eta datu pertsonal horiek bidezko denean dagokionari lagatzea. Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz bildutako datu pertsonalak arau hauen arabera kudeatuko dira: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta datu pertsonalak dauzkaten fitxategi automatizatuen segurtasunari buruzko neurrien araudia, ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bitartez onartua.

21. artikulua.– HAEEk eta herri-erakundeek datu pertsonalen arloan bete behar dituzten arauak.

Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioz, hala HAEEk nola jarduera hauetan parte hartzen duten herri-erakundeek honako arau hauek bete behar dituzte datu pertsonalak kudeatzeari dagokion arloan:

1.– HAEEk euskarako prestakuntza jasotzen duten langileen eskabideei, bertaratzeei eta ebaluazioari buruz egokiak, bidezkoak eta gehiegizko ez diren datu pertsonalak jaso, kudeatu eta biltegiratuko ditu, bai eta ordezkapenengatik ematen diren dirulaguntzak tramitatzeko beharrezkoak diren agirietan ageri diren datuak ere. Segurtasun-neurriak begiratu beharko ditu beti, fitxategi-mota bakoitzerako eskatu ohi den segurtasun-mailarekin bat datozenak, hain zuzen ere. Era berean, dagokion herri-erakundearen esku utziko ditu ikastaroetan parte hartzen duten langileen bertaratze eta ebaluazioari buruzko datuak. Era berean, Kultura Saileko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari lagako dizkio datu horiek, normalizazio-plana zein neurritaraino bete den ebaluatzeko txostena egin ahal izan dezan (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Orobat, HABEri (Helduak Alfabetatzeko eta Euskalduntzeko Erakundeari) lagako zaizkio datu horiek (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betetze aldera). Ikasleei buruzko datuak "Funtzionarioak Euskalduntzea" izeneko fitxategian egongo dira jasota; fitxategi hori Datuak Babesteko Bulegoan egongo da erregistratuta; eta datuok ikusteko, aldatzeko edo ezabatzeko eskubideak HAEEren Idazkaritza Nagusiaren aurrean erabiliko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Agindu honetan araututako jardueretan parte hartzen duten herri-erakundeek bete egin beharko dute Datu Pertsonalak Babesteko apirilaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan ezarritakoa. Horregatik bada, jarduera horietan parte hartzeko eskabide egiten dutenei nahiz ordezko izango direnei aditzera eman beharko zaie egokiak, bidezkoak eta gehiegizko ez diren datu pertsonalak eskatuko zaizkiela eta horiek jaso egingo direla, eta datu horiek fitxategi batean sartuko direla, hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua eta langileak ordezkatzeagatik ematen diren dirulaguntzak kudeatu ahal izateko erabili egingo den fitxategi batean, alegia; orobat, kudeaketa hori datu pertsonalak babesteari buruzko legediaren pean egingo dela emango zaie aditzera, bai eta bidezkoak eta gehiegizko ez diren datu horiek HAEEri, HABEri, Kultura Saileko Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari eta euskaltegiei lagako zaizkiela, hala balegokio, eta lagatze horren xedea dela agindu honetan araututako jarduerak behar bezala gauzatzea. Horrez gain, datu horiek erabiltzeko ardura izango duenaren nortasuna eta helbidea agertuko zaie, haren aurrean erabili ahal izango baitute datuak ikusi, ezabatu, haien aurka egin eta zuzentzeko eskubidea.

Herri-erakunde horiek kontu handiz ibiliko dira goian aipatutako horiek guztiak jardueretan parte hartuko dutenei aditzera emateko orduan, eta datu pertsonal horiek nortzuei eskatzen dieten, pertsona horien baimena beharko dute, berariazkoa eta erabatekoa, baimenik ez emateak ekar ditzakeen ondorioen berri eman ondoren.

Langileak ordezkatzeko administrazio-kontratuaren modua erabiltzen denean, alderdiek isilekotasun-klausulak izenpetuko dituzte kontratua dela-eta jakin daitezkeen datu pertsonalak babestearren.

Herri-erakundeek datu pertsonalen mota bakoitzerako eskatzen den segurtasun-maila begiratu beharko dute, eta datu horiei dagozkien fitxategiak Datu Pertsonalak Babesteko Bulegoan erregistratuta egongo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Agindu honen bigarren eta zortzigarren artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeek beren arteko hitzarmena izenpetu beharko dute, bien arteko harreman juridikoa bideratzeko. Hitzarmen-ereduak, bestalde, atal berezi bat izango du zenbait arlotako lankidetzari buruz. Hona hemen arlo hauek: terminologia juridiko-administratiboa eta euskarazko administrazio-materialak egin eta erabiltzea.

Bigarrena.– Hitzarmen-ereduan, agindu honen bigarren eta zortzigarren artikuluetan ezarritakoaren arabera Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Erakundeen arteko harreman juridikoa bideratzeko erabili beharrekoan, zenbait klausula egongo dira sartuta, alderdiek agindu honen III. kapituluan ezarritako betebeharrak beteko dituztela berariaz hitz eman dezaten.

Hirugarrena.– Agindu honetan araututako jarduerak eta hitzarmenak luzeago iraun dezaten, agindu honen hamahirugarren artikuluan ezarritako dirulaguntza-moduluak eguneratu egingo dira urtero, urtearen hasieran, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako gehitze bera gehituko zaie indarrean dauden kantitateei. HAEEk eguneratze horien bidez ateratzen diren dirulaguntza-moduluen kantitateak ebazpen bidez jakinaraziko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bitartez argitaratu zen lankidetza-hitzarmenaren ereduan ezarritako ordu-kredituak baliorik gabe geratuko dira 2006ko irailaren 30ean. Hortik aurrera, langile bakoitzari egokituko zaizkion ordu-kredituak agindu honen seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutakoak izango dira.

Bigarrena.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen zenbatekoak 2005eko urriaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean. Hala eta guztiz ere, lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraiki, ordu-kreditu berriak 2006ko urriaren 1ean indarrean sartu arteko dirulaguntzak une honetan indarrean dauden ordu-kredituen arabera emango dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetua geratzen da Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Agindua, baita orain arte indarrean egon den horretan ere. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak. Indargabetuta geratzen dira, era berean, agindu honek xedatuaren aurkako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, HAEE eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeen artean sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredu berria, agindu honen II. eranskinean doana, aurretik HAEErekin hizkuntza-prestakuntzarako eta -normalizaziorako lankidetza-hitzarmen bat sinatuta duten herri-erakunde guztiei igorriko zaie, sina dezaten. Hitzarmen-eredu hori igortzearekin batera, HAEEk aurretik sinatutako hitzarmena bertan behera uzteko nahia jakinaraziko die, hitzarmen horretan ezarrita dagoen eran jakinarazi ere, baldin eta herri-erakundeak ez badu agindu honetan proposatutako hitzarmen-eredu berria sinatzen dagokion jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 30a.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

I. ERANSKINA
ORDU-KREDITUEN TAULA

			1. HE/PL1	2. HE/PL2	3. HE /PL3	4. HE/PL4	

	Euskalduntzea	101	1.210	1.770	2.430	 2.730	

	Euskaldunización	102	1.030	1.600	 2.210	2.510	

		103	890	1.330	2.020	2.320	

		104	770	1.150	1.810	2.110	

		105	550	930	1.530	1.830	

		106	490	760	1.210	1.510	

		107	380	610	1.190	1.490	

		108	320	490	880	1.180	

		109	210	420	730	1.030	

		110	160	370	590	890	

		111	110	210	470	770		

		112	60	160	340	640	

	Alfabetatzea	201	320	350	500	800	

	Alfabetización	202	-	320	370	 670	

	4. HE/PL4	401	-	-	-	300	

II. ERANSKINA

(Hitzarmenaren eredua, 2005eko azaroaren 22ko Jaurlaritzaren Kontseiluan onartua)

Hitzarmen eredua, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-erakundeen artekoa, hizkuntza-prestakuntza eta normalizazioaren arloan izenpetzekoa

Hitzarmena, _________________(r)en eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artekoa.

Parte hartzen dute:

Alde batetik, ______________ jaunak/andreak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari eta ordezkari gisa, eta

Bestetik, ____________________ jaunak/andreak, _____________(e)ko ___________________ eta ordezkari gisa.

Adierazi dute:

I.– 10/1982 Legeak (Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legeak) aitortzen du herritar orok eskubidea duela euskara nahiz gaztelania erabiltzeko herri-administrazioarekiko harremanetan, eta, ondorioz, administrazioari agintzen dio eskubide hori gauza dezan.

II.– 6/1989 Legeak (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak), hizkuntza-normalizazioari buruzko tituluan, 10/1982 Legean ezarritako printzipio eta tresnak biltzen ditu. Legeak, halaber, hizkuntza-eskakizunaren figura sortzen du; horrela, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako lanpostuak betetzeko prozesuetan eta, oro har, hautaketa-prozesuetan, irizpide objektiboak izango dira euskara-maila baloratzeko.

III.– Urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituenak) 15.1 artikuluan ezartzen duenez, erakunde horri dagokio, Euskalduntze Zerbitzuaren bitartez, "Euskadiko administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasuna sustatu, antolatu eta ebaluatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta horren garapeneko arauetan ezarritako moduan, hartara euskal administrazio publikoetan, beroriekin lankidetzan arituz, euskararen erabilera normalizatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hizkuntzaren normalizaziorako ezarritako planekin bat etorriz."

IV.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak) testu bakar batean biltzen ditu euskararen administrazio-erabilerari buruzko hainbat xedapen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza-prozesuaren antolamenduari buruz Eusko Jaurlaritzak zenbait dekretutan emandako xedapenak.

(Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren eta HAEEren artean izenpetzekoa den hitzarmenean, IV. atala honela geratuko da:

IV.– Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzekoak, erakunde horretan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana arautu behar duten oinarriak ezarri zituen).

V.– __________k onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana, beti ere apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du).

(Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren eta HAEEren artean izenpetzekoa den hitzarmenean, V. atala honela geratuko da:

V.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak onartuta dauka hizkuntza-normalizaziorako plana 67/2003 Dekretuaren arabera, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzekoa dena).

VI.– Hori guztia ikusita, ______________ k Herri Arduralaritzaren Euskal erakundearen lankidetza eskatzen du indarrean dauden xedapenen arabera bete behar dituen hizkuntza-helburuak lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta _________k erabaki dute lankidetzan aritzea azken erakunde horren hizkuntza-normalizazioko lanetan. Horretarako, hitzarmen hau adostu dute, ondoko printzipioak eta jarduteko ildoak abiapuntu dituela.

HITZARMENAREN HELBURUA

Lehenengoa.– Hitzarmen honen bidez finkatu nahi da zein nolako harreman juridikoa izango duten Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta ____ _______________________k beren artean, Ogasun eta Herri administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan ezarritakoetatik aplikagarriak direnei dagokionez. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bigarrena.– Aurreko klausula horrek aipatzen duen harreman juridikoak honako jardute-esparruak izango ditu:

– Euskara-ikastaroak antolatzea: euskalduntze/alfabetatzeko eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagokion hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak.

– Dirulaguntzak: euskara-ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko (udal-administrazioentzako baino ez).

– Terminologia juridiko-administratiboa.

– Euskarazko administrazio-materiala prestatu eta erabiltzea.

EUSKALDUNTZE/ALFABETATZEKO ETA

4. HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEKO

HIZKUNTZA-PRESTAKUNTZAKO IKASTAROAK

Hirugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak _________(r)en esku jartzen ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren I. kapituluan jasotako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Laugarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio Sailburuaren 1998ko ekainaren 9ko Aginduaren bidez argitaratutako hitzarmen-eredua aplikatuz ezarritako ordu-kredituak 2006ko irailaren 30era arte izango dute balioa. Hortik aurrera, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren seigarren artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako parametroen arabera zehaztutako ordu-kreditua izango du langile bakoitzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

Bosgarrena.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

Seigarrena.– __________k, hitzarmen hau izenpetzearen ondorioz, onartu egiten ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduko hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuak jaso ahal izateko baldintzak. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

EUSKARA-IKASTAROETARA DOAZEN

LANGILEAK ORDEZKATZEKO DIRULAGUNTZAK

(UDAL-ADMINISTRAZIOENTZAKO

BAINO EZ)

Zazpigarrena.– 1.– Udal-administrazioetako langileak euskara-ikastaroetara joatea errazagoa izan dadin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak dirulaguntzak emango ditu ikastaroetara doazen langileak ordezkatzeko, baldin eta ordezkapen horiek beharrezkoak badira.

2.– Dirulaguntzak horiek Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. kapituluan ezarritakoari egokituko zaizkio; Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen toki-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak.

3.– Alderdi biek ezagutzen dituzte 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren III. kapituluan datu pertsonalak babesteari buruz aipatzen diren xedapenak, eta hitz ematen dute bete egingo dituztela.

TERMINOLOGIA JURIDIKO-ADMINISTRATIBOA

Zortzigarrena.– Administrazio-hizkera finkatzeko eskumena HAEEri dagokiola-eta, erakunde horrek Euskalterm datu-base terminologikoaren barruan bateratuz eta onartuz doazen termino juridiko-administratiboak jarriko ditu hitzarmen hau izenpetzen duten herri-erakundeen esku.

_____________k, HAEEk hala eskatzen dionean, bere eguneroko kudeaketan ohikoak diren administrazio-agirietan erabiltzen diren termino eta unitate lexikalak aurkeztuko ditu.

______________k, idazten dituen administrazio-agirietan, HAEEk Euskalterm izeneko datu-base terminologikoan onartutako terminologia juridiko administratiboa erabiliko du.

EUSKARAZKO ADMINISTRAZIO-MATERIALAK PRESTATU ETA ERABILTZEA

Bederatzigarrena.– ___________k, HAEErekin elkarlanean, behar diren maiztasun-azterketak egingo ditu bere agirietan, eta, horrela, herri-erakunde horrek gehien erabiltzen dituen administrazio-agiri eta -espedienteak zein diren zehaztuko da. Ekimen horren bidez jakingo da zein idazki diren herritarren eta _____________ren arteko idatzizko harremanetan premia handiena dutenak euskara aldetik egokitzeko.

_____________k administrazio-agirien egokitzapenean antzematen dituen behar orokor eta zehatzak jakinarazi ahal izango dizkio HAEEri; horrelakoetan, bada, hizkuntza aldetik egokitzeko hautatu diren administrazio-agiri zehatzak eskuratuko dizkio. HAEEk, berriz, administrazio-idazki horien ereduak prestatuko ditu, eta __________(r)i bidaliko aztertu eta balora ditzan.

Administrazio-idazkien behin betiko proposamen guztiak, diren aurreko lerroaldean aipatutako bidez egindakoak nahiz HAEEk bere kabuz egindakoak, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen duten herri-erakunde guztiei igorriko zaizkie.

KLAUSULA OROKORRAK

Hamargarrena.– Hitzarmen honek, sinatuz gero, aurreko lankidetza-hitzarmena ordezkatuko du, dena delako herri-erakundeak hizkuntza-prestakuntzaren eta -normalizazioaren arloan HAEErekin sinatuta leukakeen hitzarmena, esan nahi da.

Hamaikagarrena.– Hitzarmen honek urtebeteko iraupena izango du, eta berez luzatuko da urtez urte, aldeetako batek ere ez badu berariaz adierazten bertan behera utzi nahi duela.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau bertan behera uzteko nahia adieraz lezake aldeetako edozeinek, bere aldetik, eta, hala eginez gero, bermatu egin beharko da hasitako jarduerak amaitu egingo direla. Nahi hori adierazi eta handik hiru hilabetetara amaituko da hitzarmenaren indarraldia.

Eta adostasun frogatzat, alde biek sinatzen dute hitzarmen hau, Vitoria-Gasteizen, …................….(e)ko …………..aren ……….(e)an.

Herri Arduralaritzaren Euskal 	Herri-erakundearen aldetik

Erakundearen aldetik	

Por el Instituto Vasco de	Por el Ente Público

Administración Pública	

__________________________	____________________________

__________________________	 ____________________________


Azterketa dokumentala