
157. zk., 2004ko abuztuaren 18a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Euskal Herriko Unibertsitatea
4551
ERABAKIA, 2004ko uztailaren 19koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoregoarena, Graduondoko berezko tituluei buruzko jardunbidea eta arauak (2004/2005 ikasturtekoak) argitaratzeko dena. Arau horiek doktorego batzordeak onartu zituen.
Gobernu Batzarrak 2000ko abenduaren 20ko bileran onartu zuen UPV/EHUko berezko tituluetara zuzendutako Graduondoko ikasketei buruzko arautegia (2001/03/22ko EHAA, 57 zenbakiduna). Arautegi horretako lehenengo xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Doktorego Batzordeari, arautegia garatuko duten arau osagarriak onartzeko.
Doktorego Batzordeak, 2004ko maiatzaren 26ko bileran, eta aipatu den xedapenean jasotakoa garatzeko, onartu egin zituen Graduondoko berezko tituluetarako 2004/2005 ikasturtean aplikagarri izango diren jardunbidea eta arauak.
2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn Euskal Autonomia Erkidegoko Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea. Lege horrek honela dio bederatzigarren artikuluko bigarren atalean:
"Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak era arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte."
Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemako 3/2004 Legeko bederatzigarren artikuluko bigarren atala betetzeko,
ONDOKOA ERABAKI DUT:
Bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea Graduondoko berezko tituluetarako 2004/2005 ikasturtean indarrean egongo diren jardupidea eta arauak, erabaki honen eranskinean jasotako moduan.
Leioa, 2004ko uztailaren 19a.
ERREKTOREA.
E.E. (2004ko ekainaren 17ko ebazpena, 2004/07/08ko EHAA).
Graduondoko Ikasketetako errektoreordea,
CARMEN GONZÁLEZ MURUA.
DOKTOREGO BATZORDEAK ONARTUTAKO JARDUNBIDEA ETA ARAUAK 2004/2005 IKASTURTEA
I. KAPITULUA
AURREINSKRIPZIOA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA
I. ATALA
AURREINSKRIPZIOA ETA HAUTAKETA
1. artikulua.– UPV / EHUk eskaintzen dituen graduondoko berezko tituluren bat burutu nahi duten ikasleek, aukeraturiko graduondoko titulua eskaintzen duten sail, institutu edo ikastegietako idazkaritzetan emango zaizkien aurretiko izen-ematearen inprimakia bete beharko dute, horietako bakoitzerako ezarriko den epearen barruan. Inprimaki hori eta kasu bakoitzean eskatzen den dokumentazioa emango dira idazkaritza horretan. I. eranskin moduan agertzen den eredua erabiliko da izen-ematea egiteko.
Batzuetan, izen-ematea egitean, tasa bat ordaintzeko eskatu ahal izango da. Tasa hori 90 eurokoa izango da titulazio guztietarako, eta 5. artikuluan aipaturiko edozein kontutan sartuko da.
Ikasleak izena emandako graduondokoa irakatsiko ez bada, edo ikaslea onartua ez bada, dirua itzuliko zaio, baldin eta interesatuak hori eskatzen badu.
Halakoetan, berezko tituluaren irakasle arduradunak horren berri eman beharko die ikasle guztiei. Graduondoko arduradunak izena emateko epea amaitu ondoren bost egunean buruan eman beharko du honen berri. Jakinarazpen horretan adieraziko da zeintzuk diren egin beharreko tramiteak ordaindutako diru-kopurua jasotzeko: Berezko Tituluen Bulegora zuzendutako idatzia, datu hauekin: ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NANa (ikaslea bera ez bada).
Graduondokoan matrikulatuko diren ikasle onartuei matrikularen preziotik kenduko zaie aurretik ordaindutako diru-kopurua.
Tasa horien bidez lortuko den dirua kasuan kasuko berezko tituluari dagokion BGGra joango da.
2. artikulua.– Onartua izateko baldintzak.
Berezko titulu bakoitzaren kasuan betebehar espezifikoak ezarri ahal izango badira ere, berezko tituluetara zuzenduriko graduondoko ikasketen inguruan Gobernu Batzarrak 2000/12/20an onartu zuen arautegiaren I. kapituluan izaera orokorrez adierazten diren baldintzak eta arau hauek bete beharko dituzte ikasleek.
Bigarren zikloko unibertsitate-titulazio bateko lehenengo zikloa gainditurik izatea ez da diplomaturaren baliokidea onartua izateko.
3. artikulua.– Ikasleak hautatzea eta zerrendak argitaratzea.
1.– Berezko titulu baten matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Hautaketa-irizpideek kasu guztietan errespetatuko dituzte lehen deskribatutako sarbide-baldintzak; irizpide horiek irakaskuntza-proposamenean ezarritakoak izango dira eta ikastegi, sail edo institutuetako iragarki-taulan egongo dira ikusgai denboraldi osoan.
Ikasleen eskariak ez badira heltzen titulua irakasteko beharrezkoa den gutxienezko ikasle-kopurura, beharrezkoa izango da Doktorego Batzordearen baimena titulua eman ahal izateko. Hori dela eta, matrikula egin baino lehenago, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, aurrekontu berria gaineratuz. Matrikulari ezingo zaio ekin, inolaz ere, Doktorego Batzordearen baimena izateke.
2.– Ikasleak hautatu ondoren, irakasle arduradunak gestio hauek burutu beharko ditu:
– Ikasle onartuen eta ez onartuen zerrendak argitaratzea, ikasleak onartzeko epea bukatu eta, gehienez ere, hamabost eguneko epean.
– Erreklamazioetarako epea ezartzea.
– Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea, bai eta graduondoko tituluaren ordutegia ere. Gobernu Batzarraren arautegiko 20. artikuluak dioenez, onartutako zerrenden kontra jarritako errekurtsoei erantzuteko Akademi Batzordeak egingo dituen erabakietan beren-beregi adierazi beharko da gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakiokeela errektoreari; eta horretarako epea hilabetekoa izango dela, behin betiko zerrendak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
– Matrikula egiteko epeak argitaratzea.
– Matrikula egiteko daten berri ematea Berezko Tituluen bulegoari, eta ikasle onartuen eta horietako bakoitzak ordaindu beharreko diru-kopuruaren zerrenda igortzea bertara, graduondokoan zein titulaziorekin sartu diren adierazita. II. eranskin moduan agertzen den eredua erabiliko da horretarako. Zerrenda hori matrikula egiteko epea hasi baino hamar egun lehenago bidali beharko da, gutxienez, Berezko Tituluen bulegora. Bertan adieraziko da, gainera, ikastaroa noiz hasiko den.
3.– Matrikula epea bukatzen denetik eskolak hasi arte, gutxienez 10 egun balioduneko epea izan behar da.
4.– Matrikula epea bukatu eta biharamunean, Graduondokoaren arduraduna Berezko Tituluen Bulegokoekin harremanetan jarri beharko da proposamenean zehaztutako gutxieneko matrikula kopurua bete dela jakiteko. Ez bada gutxieneko hori bete, araudiko 8. artikuluan zehaztutakoari jarraitu beharko dio.
Aipatutako baldintzak betetzen ez badira, baimena eskatu beharko zaio Doktoregoko Batzordeari aurrekontu berriarekin. Ezin izango da, inolaz ere, graduondokoa ematen hasi batzordearen baimenik gabe.
5.– Lehen mailako matrikula 5. artikuluan aipaturiko tokietan egin beharko da, nahitaez. Oro har, matrikula egiteko epea irailaren 13tik urriaren 29ra bitartekoa izango da, baina graduondokoaren irakasle arduradunak jarri beharko ditu matrikula egiteko egunak epe horren barruan eta, gehienera ere, bi aste egongo dira horretarako.
Bigarren eta/edo hirugarren mailako matrikula irailaren 1etik 10era egingo da.
6.– Ez da matrikularik onartuko behin matrikula egiteko epea bukatuta.
II. ATALA
MATRIKULA ETA TASAK
4. artikulua.– Plaza bat lortu duen ikasleak titulua eskuratzeko ezarri diren ikastaro guztietan egingo du matrikula. Ezin izango da ikastaro edo modulu solteetan matrikularik egin, unibertsitateko berezko tituluak lortzeko ez diren ikasketen matrikula Gobernu Batzarraren arautegiak unibertsitateko ikasketa osagarriei buruz ezarritakoari egokitu behar baita.
5. artikulua.– Matrikula egiteko bulegoak.
Ikasle onartuen matrikula Berezko Tituluen bulegoan egingo da (I. Ikasgelategia - Leioa) eta Arabako Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan, kasuan kasuko titulua eskaintzen duten ikastegiek, sailek edo institutuek adierazitako epeetan, agiri hauek aurkeztuz:
– Matrikula inprimaki normaldua irakasle arduradunaren baimen eta sinadurarekin. Matrikula hori behin-behinekoa izango da, arautegi honetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Homologatu gabeko titulu atzerritarraz sartuko diren ikasleek graduondokoan sartzeko eskaria ere aurkeztu beharko dute, horretarako dagoen eredua erabilita.
– NANaren fotokopia, edo pasaportearena (ikasle atzerritarrak).
– Graduondoko ikasketetarako sarrera-tituluaren fotokopia konpultsatua, edo fotokopia eta jatorrizkoa, biak parekatzeko, edo berori eskatu izanaren agiria.
– Homologatu gabeko titulu atzerritarra daukaten ikasleek ziurtagiri akademikoa ere aurkeztu behar dute.
– Karrera amaierako proiektua bukatu gabe edo gradu azterketa gainditu gabe duten ikasleek egindako ikasketen egiaztagiri akademikoa eta matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
– Tasak ondoko kontu hauetako batean sartu izanaren jatorrizko ordainagiria:
Álava:
UPV/EHU. Graduondoko Tasak
Vital Kutxa 2097 0178 12 0010960807 zk.
Bizkaia:
UPV/EHU. Graduondoko Tasak
Bilbao Bizkaia Kutxa 2095 0292 92 3239008657 zk.
Gipuzkoa:
UPV/EHU. Graduondoko Tasak
Gipuzkoa Donostia Kutxa 2101 0381 06 0003302783 zk.
– Tasen murrizketa edo salbuespenerako eskubidea izanez gero, hori egiaztatuko duten agiriak (7.1. artikuluan aipatuak).
Ikaslearen txartela nahi duten ikasleek, aurrekoez gain, ondoko hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Karnet tamainako argazkia, atzealdean bi deiturak eta izena idatzita.
– Kartazal tinbratua, ikaslearen helbidearekin.
– Kasuan kasuko tasak aipaturiko konturen batean sartu direla egiaztatzen duen ordainagiria.
3.– Matrikula aldatu nahi izanez gero, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta Doktorego Batzordeak beren-beregi baimendu beharko du.
6. artikulua.– Diru-kopurua eta ordainketa-era.
1.– Sartu beharreko diru-kopurua hau izango da: ikasleak egingo dituen ikastaroen kreditu-kopurua bider Gizarte Kontseiluak kreditu bakoitzerako ezarriko duen prezioa. Kopuru horri ikaslearen txartela egiteagatik ezartzen dena gehitu beharko zaio, txartel hori eskatzen duten ikasleen kasuan.
Titulua ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu bada, matrikula desberdina izango da urte bakoitzerako. Oraingo ikasturtean irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa ordaindu beharko da.
2.– Ikasleek bi epetan ordain dezakete matrikularen zenbatekoa, %50 bakoitzean. Lehenengoa matrikula egiterakoan burutuko da, eta bigarren epea otsaileko lehenengo astean. Ikaslearen txartela epe bakarrean ordaindu beharko da (matrikula egiterakoan).
3.– Berezko tituluetara zuzenduriko graduondoko ikasketen inguruan Gobernu Batzarrak 00/12/20an onartu zuen arautegiaren VI. kapituluan eta batzorde horretako arau zehatzetan ezarritako eran baliokidetuko dira kredituak. Ordaindu beharreko tarifak arautegi honetan ezarritakoak izango dira.
4.– Matrikula egiteko epea bukatu ondoren, ikasleek errektoreordetzetan aurkeztu duten dokumentazioa igorriko da Berezko Tituluen bulegora, ofizio batekin eta ikasleen izenen zerrendarekin batera. Berezko Tituluen bulegoak ikasleen matrikularen agiria bidaliko du berezko tituluren bat irakatsiko duen sail, ikastegi edo institutu bakoitzera, artxiba dezaten. Bestalde, honako hauen berri emango dute: matrikulagatik izango diren diru-sarrerak, jasotakoak eta unibertsitateari dagokion diru-kopurua gastu orokorrengatik.
7. artikulua.– Tasen murrizketa eta salbuespena.
1.– Tasen murrizketa eta salbuespena egiteko kasuak:
a) Graduondoko tituluaren antolaketak hala erabakitzen badu, titulu horretarako emandako dirulaguntzetan tasak sartu direlako.
b) Maila Berezietako familia ugarietako kideek salbuespen osoa izango dute eta maila Orokorreko kideek matrikularen %50 ordainduko dute.
Familia ugari bateko kide izatea aldundiak edo erakunde eskudunak emandako agiri ofizialaren fotokopia konpultsatu baten bidez edo fotokopia eta jatorrizkoaren bidez, biak parekatzeko, egiaztatuko da; agiri hori iraungi gabe egongo da. Iraungita badago, agiri hori berritzeko tramiteak egiten ari direla egiaztatzen dutenek jaso ahal izango dituzte familia ugariaren onurak.
c) Ekintza terroristen biktimek, eta euren ezkontide eta seme-alabek, salbuespen osoa izango dute.
Ekintza terroristen biktimek, izaera hori egiaztatzeko, Barne Ministerioko Hiritarrentzako eta Terrorismoaren Biktimei Laguntza Emateko Zuzendariordetza Orokorrak emandako agiria aurkeztuko dute.
d) Ikasle gutxitu edo ezinduek, organo eskudunak onartuta ezintasunaren maila %33tik gorakoa dutenek, ez dute tasarik ordaindu beharko.
Egoera hori aldundiak edo eskudun erakundeak emandako agiriaren bidez egiaztatu beharko da.
e) Gizarte Kontseiluak ezarritako beste salbuespen batzuk.
2.– Istripuetarako asegurua.
1.– Ikasketa hauetan matrikulatzen diren ikasleak ez dute eskola-aseguruaren babesik. Hori dela eta, irakasle arduradun bakoitzak polizak egin beharko ditu graduondoko berezko tituluaren aurrekontuaren kargura.
2.– Unibertsitateak erraztu egingo du istripuetarako asegurua egiteko prozedura. Horretarako, Berezko Tituluen Bulegoa harremanetan jarriko da erregistro, arrisku eta aseguruen teknikariekin, hark behar den informazio guztia bidal dezan EHUren aseguru-artekaritzara, eta, gero, handik, aseguru etxera.
Horrela egin ezean, titulazioko irakasle arduradunak polizaren kopia bidali beharko du Berezko Tituluen Bulegora abenduaren 30a baino lehen.
8. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.
Aurkeztutako matrikulak behin-behinean onartuko dira, Gobernu Batzarraren arautegiko I. eta II. kapituluetan jasotako baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko (II. kapituluan titulua irakasteko proposamenak bete behar dituen baldintzak zehazten dira). Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igarotzen badira Berezko Tituluen Bulegoak horren kontra ebatzi eta jakinarazpenik eman barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da, eta erabaki irmoa izango da ondorio guztietarako.
Matrikula bat atzera botatzen bada ebazpen arrazoitua eman beharko da, eta kasu horretan baino ez dira itzuliko interesdunak ordaindutako prezio publikoak. Matrikula atzera bota duen ebazpen horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdun guztiek UPV/EHUko Errektore jaunari, edo berak eskumenak emango dizkion agintariari.
Matrikula baliogabetu egingo da, prezio publikoak ez badira ordaindu 6.2. artikuluan adierazitako epeen barruan. Beste alde batetik, interesdunak horrela eskatuz gero baliogabetuko da matrikula, baina ordaindutako diru-kopurua ikastaroa oraindik hasi ez denean baino ez da itzuliko, edota ikastegi, sail edo institutu antolatzaileak berezko tituluetara zuzenduriko graduondoko ikasketen inguruan Gobernu Batzarrak onartu zuen arautegiaren 20. artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez duenean.
Matrikula egiteko eskatzen den betebeharren bat betetzen ez bada, aurkeztutako matrikula artxibatu egingo da, baina interesdunari eskaera egin eta gero. Interesdunak erantzunik ematen ez badu, matrikula-eskaera bertan behera utziko da, horretarako emango den ebazpenaren bidez.
Matrikula egin eta gero graduondokoaren antolatzaileek irakatsiko ez dela erabakitzen badute, berezko tituluaren irakasle arduradunak horren berri eman beharko die ikasle guztiei. Graduondoko arduradunak matrikula egiteko epea amaitu ondoren bost egunean buruan eman beharko du honen berri. Jakinarazpen horretan adieraziko da zeintzuk diren egin beharreko tramiteak ordaindutako prezioak jasotzeko: Berezko Tituluen bulegora zuzendutako idatzia, datu hauekin: ikaslearen datuak, bankuko kontua (20 digitu), kontuaren titularra eta titularraren NAN (ikaslea bera ez bada).
Doktorego Batzordeak erabakitzen badu graduondokoren bat ez dela irakatsiko matrikula egiteko epea bukatu eta gero, tituluaren irakasle arduradunak horren berri eman beharko die ikasle guztiei, bost eguneko epearen barruan erabakia jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordaindutako prezio publikoak jasotzeko egin beharreko tramiteen berri ere emango zaie ikasleei, aurreko atalean adierazitako moduan.
II. KAPITULUA
EKONOMI GESTIOA
I. ATALA
BEHIN-BEHINEKO BGG SORTZEA GRADUONDOKOEN GASTUAK GESTIONATZEKO
9. artikulua.– Berezko tituluen bulegoak, jakinda titulua irakatsi egingo dela, behin-behineko BGG irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko graduondokoaren gastuak gestionatzeko. Behin-behineko BGG hori BGG organiko baten menpe egongo da, titulua proposatu duen organoari dagokionaren menpe hain zuzen ere. Organo proposatzailea bat baino gehiago badira, antolatzaileek erabakiko dute zein BGG organikoren menpe egongo den behin-behineko BGG.
Tramite hori egiteko, III. eranskin moduan azaltzen den dokumentua bidaliko dio Berezko Tituluen bulegoak graduondokoaren arduradunari. Arduradunak inprimakiak bete eta bulego berera itzuliko du; bulegoak, egiaztapenak egin ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bideratuko du, BGG eta horri lotutako kontu korrontea irekitzeko.
BGGren lehen arduraduna berezko tituluaren irakasle arduraduna izango da. Irakasle arduradun bat baino gehiago badira, titulazioa proposatu zuen organoak erabakiko du zein izango den BGGren arduraduna.
BGGren bigarren arduraduna graduondokoaren zuzendaritza akademikoa izango duen saileko zuzendaria izango da. Sail bat baino gehiago badira, Akademi Batzordeko burua dagoen saileko zuzendaria izango da. Eta irakasle berberak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna saileko idazkaria izango da.
Irakasle arduraduna eta/edo saileko zuzendaria eta idazkaria aldatzen badira, Berezko Tituluen bulegoak horren berri emango dio Kontabilitate Zerbitzuari, beharrezko aldaketak egin ditzaten.
Kontabilitate Zerbitzuak jakinaraziko die Berezko Tituluen bulegoari eta sailari BGGren eta kontu korrontearen zenbakia.
Gobernu Batzarraren arautegiak dioen moduan, BBGak itxi egingo dira ikasketak desagertu direnean edota bi urte jarraian ez bada eskaerarik egiten graduondokoa luzatzeko. Edonola ere, BBGko dirua ezingo da erabili berezko titulua irakasten ez denean.
II. ATALA
UPV/EHUko IRAKASLEEN ORDAINSARIAK
16.3. artikuluan zehaztutakoa dela-eta, honakoa da jardunbidea:
Irakasleari BGGtik egiten zaizkion ordainketetan atxikipena zehazteko, honakoa izan behar da kontuan: kontratuan zehaztuta dituen eskola orduak osatzeko geratzen zaizkion kredituen ordainsarien erdia jaso behar du irakasleak. Horretarako, irakasleak graduondoko berezko tituluetan dituen irakats betebeharrak eta ikasturteko Irakats Plangintzari buruzko Eskuliburuaren arabera dituen soberakinak aztertu beharko dira. Irakasleei egin beharreko ordainsari guztiak irailaren 30a baino lehen egin beharko dira.
Irakats betebeharrak osatuta ez dituzten irakasleei unean-unean egindako atxikipenak zatikako behin-behineko kitapenak izango dira; ordainketak bukatu ondoren eta unibertsitateari dagokion kopurua kendu ondoren, behin-behineko kitapen osoa egingo da.
Eragindako irakasleei behin-behineko kitapen osoaren berri eman beharko zaie, eta 10 eguneko epea izango dute alegazioak egiteko. Epe hori igarota inork ez badu alegaziorik egin, edo egindakoei buruzko erabakirik eman ondoren, kitapena behin betikoa izango da.
III. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK. BALIOKIDETZAK
I. ATALA
IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK
10. artikulua.– Gobernu Batzarraren arautegiak honela dio hamabigarren artikuluan: proposamena onartu ondoren, edozein aldaketa egiteko baimena Doktorego Batzordeak eman beharko du beren-beregi. Graduondoko irakasleei buruzko aldaketak egiteko eskariak IV. eranskinari jarraiki egingo dira.
11. artikulua.–
1.– Berezko tituluetara zuzenduriko graduondoko ikasketei buruzko Gobernu Batzarraren arautegiaren 26. artikuluak ezartzen duen legez, graduondoko berezko titulu bati esleituriko kredituak eskuratzeko, titulu horri dagozkion ikasketak eta akademia-jarduerak gainditu beharko dira, kasuan kasuko ebaluazio-prozesuaren bidez. Ebaluazio-prozesu hori matrikulatzeko epea baino lehen eman beharko da argitara.
Kalifikazioa gai, ez gai ala aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo gainditze partzialetarako aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, baldin eta Doktorego Batzordeak horretarako beren-beregi ez badu baimenik ematen.
Ikasturte bat baino gehiago iraungo duten ikastaroen kasuan, eta jarraipena izango dutela ikusita, azken ebaluazioa egin ahal izango da ikasturtearen bukaeran. Ebaluazio hori gaindituko duten ikasleei kontuan hartuko zaizkie partzialki gainditutako kreditu horiek titulua eskuratzeko, ikasketa guztiak behar bezala gainditu eta gero eskuratuko dena.
Aktetan adieraziko diren kalifikazioak eskuz egin beharko dira eta berorien zuzendaritza akademikoa izan duten Akademi Batzordeko kideek eta saileko edo institutuko zuzendariak sinatu beharko dituzte, nahitaez. Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Izango balituzte, diligentziaturik egon beharko dute eta lehen aipaturiko pertsonek beren-beregi sinatuta.
Aktak bete eta gero, Graduondoko Berezko Tituluen bulegora igorriko dira, epea amaitu eta hilabetearen buruan gehienera.
Kalifikazioak, graduondoko titulua irakasten duen sail/institutu/ikastegi bakoitzeko iragarki-taulan emango dira argitara; erreklamazioak eta abarrak egiteko epeak argitaratze-egunean hasiko dira.
2.– Ikasle batek ez badu gai kalifikazioa lortzen, egin dituen ikastaro eta mintegien egiaztagiri akademikoa eska dezake. Egiaztagiri horiek V. eranskineko ereduaren arabera egingo dira eta titulua antolatu duen sail, institutu edo ikastegiko idazkaritzan emango dira. Era berean, irakasle arduradunak eta sail, institutu edo ikastegiko dekano edo zuzendariak sinatuko ditu.
Egiaztagiri horiek 17. artikuluan jasotakoaren arabera ordainduko dira.
12. artikulua.– Kalifikazioak berraztertzea.
Berezko tituluetara zuzenduriko graduondoko ikasketei buruzko Gobernu Batzarraren arautegiaren 10.7. artikuluak dioen bezala, ikasleen azken ebaluazio globala Graduondoko Akademi Batzordeak egingo du.
Graduondoko berezko tituluaren azken kalifikazioari dagozkion aktak argitaratuta, ikasleek erreklamazio idatzia bidali ahal izango diote UPV/EHUko Doktorego Batzordeari, kalifikazioa argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barruan.
Erreklamazioak ebatzi egingo dira eta horren berri emango zaie ikasleei, gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
Ikasleek gorako administrazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote UPV/EHUko Errektore jaunari Doktorego Batzordeak hartutako erabakiaren kontra, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektore jaunak txostena eskatuko die Akademi Batzordeari eta Doktorego Batzordeari, erreklamazioa ebazteko.
Une horretan ematen den erabakia behin betikoa izango da eta administrazio-bidea agortuko du.
II. ATALA
BALIOKIDETZAK
13. artikulua.– Ezin izango dira baliokidetu graduondokora sartzeko titulazioan egindako kredituak. Beste alde batetik, berezko beste titulu batzuetan egindako kredituak baliokidetzeari dagokionez, gehienezko kopuru hauek ezarri dira: "Unibertsitateko Espezialista" titulu batean egindako kredituak "Unibertsitateko Masterra" titulu batean baliokidetu nahi direnean, ikasketa-planeko %50 kreditu; eta %30, gehienera, "Unibertsitateko Masterra" titulu batean egindako kredituak "Unibertsitateko Espezialista" titulu batean baliokidetu nahi direnean. "Unibertsitateko Espezialista" edo "Unibertsitateko Masterra" titulu batean egindako kredituak "Unibertsitateko Espezialista" edo "Unibertsitateko Masterra" beste titulu batean baliokidetu nahi direnean, ikasketa-planeko %15 kreditu.
Inola ere ez dira baliokidetuko doktoregoko ikastaroak.
1.– Tramitazioa.
Ikasleak, matrikulaturik dagoeneko ikastegi, sail edo institutuan eskatuko du baliokidetzea, eredu normalduan. Hori egiteko azken eguna ikastaroa hasi eta hilabete igarotzen denean izango da.
Tituluko Akademi Batzordeak azaroaren 30a baino lehen ebatziko ditu baliokidetzak eta horien berri emango die kasuan kasuko ikasleei. Erabaki horretan honako hauek adieraziko dira: baliokidetutako kredituak eta, baleude, baliokidetu ez direnak, arrazoiak azalduta. Era berean, jakinaraziko da unibertsitateko Doktorego Batzordeari errekurtsoa aurkezteko aukera dagoela, eta epea zenbatekoa den zehaztuko da.
Baliokidetzan erabakia bukatu eta gero baliokidetzan akta bidaliko da Berezko Tituluen Bulegora, VI. eranskineko ereduari jarraiki.
2.– Baliokideturiko kredituen tasak.
a) Unibertsitate publikoetan buruturiko ikasketa ofizialengatik baliokideturiko kreditua: dohainik.
b) Titularitate pribatuko unibertsitateetan edo atzerriko ikastegietan buruturiko ikasketa ofizialengatik baliokideturiko kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren %25.
c) Unibertsitate honetako berezko titulu berean buruturiko ikasketengatik baliokideturiko kreditua: dohainik.
d) Unibertsitate honetako beste berezko titulu batean buruturiko ikasketengatik baliokideturiko kreditua: kredituari dagokion zenbatekoaren %25.
e) Unibertsitate publikoetan edo ez publikoetan egindako ikasketa ez ofizialengatik baliokideturiko kreditua: kreditu osoa ordaindu behar da.
IV. KAPITULUA
GRADUONDOKO BEREZKO TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA
I. ATALA
TITULUAK EMATEA
14. artikulua.– Graduondoko berezko tituluetara zuzendutako ikasketei buruzko Gobernu Batzarraren arautegiak, VII. atalean, titulu eta ziurtagiriak ematea arautzen du. Era berean, arautegia garatzeko arau osagarriak egiteko ahalmena ematen zaio batzorde honi.
Batzorde honek graduondoko berezko tituluak emateari buruzko zenbait erabaki hartu ditu hainbat bileratan. Berezko tituluak emateko jardunbidea osotasunean arautzea eta hartutako akordio guztiak dokumentu bakarrean jasotzea beharrezkoa denez, jarraian aipatzen diren jardunbidea eta arauak onartu dira. Unibertsitatearen graduondoko berezko titulu guztiei aplikatuko zaizkie arauok, martxan jarri zirenetik hasita.
15. artikulua.– Arau orokorra.
UPV/EHUren berezko tituluak Errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitatearen Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, Unibertsitatearen Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).
Tituluak jasotzen den ereduari jarraiki emango dira.
16. artikulua.– Jardunbidea.
1.– Tituluak emateko eskariak Berezko Tituluen bulegoan aurkeztuko dira, edota Gipuzkoako Campuseko eta Arabako Campuseko errektoreordetzetan. Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira eskariarekin batera:
a) Instantzia, eredu normalizatuan.
b) NANaren fotokopia.
c) Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan edo ekintza terroristen biktimen kasuan arautegi honetako 7.1. artikuluan jasotakoa beteko da.
Graduondoko berezko titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria bidaliko die Berezko Tituluen Bulegoak ikasleei. Ziurtagiri honek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte. Ziurtagiri horiek jasotzen den ereduari jarraiki emango dira.
2.– Tituluak ematea.
Interesdunak berak jaso beharko du titulua, inprimatu eta gero, Berezko Tituluen bulegoan. Interesduna bera joatea ezinezkoa balitz, baimena eman diezaioke beste pertsona bati (ahalorde notarialaren bidez), beronek jaso dezan bere izenean.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, eta Berezko Tituluen bulegoa dagoen herrian bizi ez bada interesduna, eskaria egin diezaioke idatziz bulego horri, bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Gipuzkoako Campuseko errektoreordetza, Arabako Campuseko errektoreordetza, probintziako Hezkuntza eta Kultura zuzendaritza, Hezkuntza bulegoa edo kontsuletxean.
Tituluak jasotzeko onartuta dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan. Arautegi honetako 4. atalak arautzen du bikoiztuak ematea.
Titulua eman eta bost urte pasatzen badira interesduna bere bila joateke, Berezko Tituluen bulegoak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako erabakiaren bidez, hilabeteko epea emango dio interesdunari titulua jasotzeko. Gainera, titulua baliogabetu eta hautsi egingo dela jakinaraziko du, epe horren barruan jasotzen ez bada. Akta batean adieraziko da titulua hautsi egin dela, eta Unibertsitatearen Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratuko da.
Ikasketak amaituta izanda titulua eskuratu baino lehenago hildako ikasleen kasuan, eta senideek eskaria egiten badute, titulua ematea egokia dela erabaki dezake unibertsitateko errektoreak. Diligentzietatik kasu honetan aplikagarria dena agertuko da inprimatuta tituluaren atzealdean, beheko tartean.
3.– Titulua lortu dutenen generora, maskulino edo femeninora, egokitzea tituluen izena.
Tituluen edo ziurtagirien izenak eta bestelako aipamenak, titulu hori lortu dutenen generoa, maskulinoa edo femeninoa, kontuan hartuta egingo dira.
Arautegi hau onartu baino lehen egindako titulu edo ziurtagiriak dauzkaten pertsonek horien bikoiztua eskatu ahal izango dute, kasuan kasuko ezarrita dagoen zenbatekoa ordainduta.
4.– Bikoiztuak ematea.
a) Bikoiztuak ematea, hondatu egin direlako edo zuzenketak egin behar direlako:
Tituluko datuak zuzendu behar badira edo titulua hondatu egin bada, akats horiek Unibertsitatearenak izan gabe, interesdunak bikoiztu bat eskatu beharko du. Interesdunak, bikoiztua zergatik eskatzen duen justifikatzen duten dokumentuekin batera, jatorrizko titulua aurkeztu beharko du, edota titulua identifikatzeko aukera eskain dezaketen jatorrizkoaren zatiak.
Interesdunak tasak ordaindu beharko ditu bi kasu horietan.
Unibertsitatearen akats baten ondorioz egin behar bada zuzenketa, bikoiztua emateko prozedurari ofizioz ekingo dio Berezko Tituluen bulegoak. Interesdunak ez ditu tasak ordaindu beharko kasu horretan.
Berezko Tituluen bulegoan hasiko da bikoiztuak emateko jardunbidea.
b) Bikoiztuak ematea, galdu edo lapurtu egin dituztelako:
UPV/EHUren berezko tituluen bikoiztuak eman behar direnean, jatorrizko titulua galdu egin delako, iragarkia jarri beharko da aurretiaz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Galtzearen berri eman beharko da iragarkian, erreklamazioak egin ahal izateko. Iragarkia argitaratu eta 30 egunera ez badago erreklamaziorik, bikoiztua emateko tramitea hasi ahal izango da. Lehen aipatutako iragarkiak argitaratzeko ekimena Berezko Tituluen bulegoari dagokio.
Bikoiztua egiteko tasa ordaindu beharko du interesdunak, bai eta aurreko paragrafoan aipatutako iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari dagokiona ere.
Titulua galdu edo lapurtu izana titulu hori eman zuen Unibertsitateari leporatu ahal zaionean, administrazioaren kabuz ekingo zaio titulu hori bikoizteko prozedurari. Interesdunak ez du ezer ordaindu beharko titulua berriz emateagatik.
Bikoizturik ematen bada, adierazi egin beharko da zergatik eman diren. Beraz, diligentzietatik kasu honetan aplikagarria dena agertuko da inprimatuta bikoiztuaren atzealdean, beheko tartean.
II. ATALA
ZIURTAGIRIAK EMATEA
17. artikulua.– 10.2. artikuluan araututako ziurtagiriez gain, berezko titulu bateko ikasketak gai kalifikazio globalarekin gainditzen duten ikasleek horren ziurtagiria eska dezakete Berezko Tituluen bulegoan eta Arabako Campuseko eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetzetan. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute (93/94 ikasturtetik aurrera matrikulatutako ikasleak):
– Behar bezala beteriko eskaria.
– Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Familia ugariko kideen kasuan edo ekintza terroristen biktimen kasuan arautegi honetako 7.1. artikuluan jasotakoa beteko da.
Aurreko ikasturte akademikoetan matrikulaturiko ikasleek, matrikulaturik egon diren ikastegi, sail edo institutuetako idazkaritzetan eskatu beharko dituzte ziurtagiri akademikoak, eta bertan adieraziko zaien dokumentazioa eman beharko dute.
18. artikulua.– Ziurtagiri eta tituluak ematearren ordaindu beharreko tasak.
Graduondoko berezko titulu eta ziurtagiriak ematearren ordaindu beharreko tasak, baldin eta Gizarte Kontseiluaren akordioa aldatzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritakoak izango dira.
Tasa horien ordainketa 5. artikuluan adieraziriko kontuetako batean egingo da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Doktorego Batzordeak aurretik onartu zituen jardunbide eta arauak indargabetu egin dira.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Arautegi hau 2004/2005 ikasturtean sartuko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Arautegi hau betetzen ez bada, Doktorego Batzordeak, bere kabuz, bertan behera utziko du graduondokoa.
I. ERANSKINA
BEREZKO TITULUETARA ZUZENDUTAKO GRADUONDOKO IKASKETETAN IZENA EMATEKO ESKARIA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASLE ONARTUEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ALDI BATERAKO BGU BAT SORTZEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
IRAKASLEA ALDATZEKO ESKARIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
BALIOZKOTZEEN AKTA
(Ikus .PDF)
RSS