Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2002ko maiatzaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2576

87/2002 DEKRETUA, apirilaren 16koa, Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailearen zati arautzailea onartzen duena.

Apirilaren 11ko 240/1995 Dekretuaren bidez, Aiako Harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartu zen, eta horren ostean, apirilaren 11ko 241/1995 Dekretuaren bidez, parke natural izendatu zen Aiako Harria aldea.

Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duen ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 27. artikuluak xedatzen du gune bat parke natural izendatu ondoren, parke horren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailea egin beharko dela, eta plan horrek dekretuan jasotako edukia izan beharko duela eta dekretuan araututako prozeduraren arabera egin beharko dela.

Era berean, 16/1994 Legearen 29. artikuluak xedatzen duenez, eskumena duen foru organoak parkearen helburu zehatzak garatzeko programak egiteko arauak eta parkea kudeatzeko arau, irizpide eta jarraibideak onartzeaz gain, plana Nekazaritza eta Arrantza Sailera bidaltzeaz arduratu beharko da. Hori dela eta, 2001eko irailaren 4an Gipuzkoako Foru Aldundiak Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailea onartu zuen behin betiko izaerarekin; eta parkearen helburu zehatzak garatzeko programak egiteko arauak eta parkea kudeatzeko arau, irizpide eta jarraibideak onartzeaz gain, plana Nekazaritza eta Arrantza Sailera bidali zuen, planaren zati arautzailea Eusko Jaurlaritzaren Dekretu bidez onartua izan zedin.

Bestalde, baliabide naturalen antolatzeko jardun-arloa orain arte Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskumena izan bada ere, egun Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak hartu du bere gain, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua aldatzekoa den irailaren 17ko 19/2001 Dekretuaren 14. artikuluak.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko apirilaren 16an egindako bilkuran aztertu onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailearen zati arautzailea onartzea. Zati arautzailea honako artikuluetan dago jasota: 2; .3.2; 4.3; 5.2; 6.2.; 7.3; 8.2; 9.1.2; 9.3.2; 9.4.2; 9.5.2; 9.6.2: 9.7.2; 9.8.2; 9.9.2; 11.1.2; 11.2.2.; eta III. eranskina.

2. artikulua.– Aiako Harriko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailearen testu osoa argitaratzea Dekretu honekin batera. Testua Dekretuari atxikitako eranskinean dago jasota.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko apirilaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Ale Gehigarri bereizian argitaratzen dira
aipatutako zerrendaren Eranskinak
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala