142. zk., 1998ko uztailaren 29a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingoa
3495
168/1998 DEKRETUA, uztailaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan arautua, garatzen duena.
Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren bidez arautu da. Lege horretan adierazi da polizi indarrek nola erabili behar dituzten irudiak eta soinuak grabatzeko sistemak bide eta gune publikoetan, aurrearretazko helburuetarako eta bake publikoa eta herritarren elkarbizitza bermatzeko. Lege Organiko horrek, ordea, ez ditu jasotzen polizi jardunean irudiak grabatzeko aparatuen balizko erabilera guztiak; gune publikoetan herritarren segurtasuna zaintzea xede duten erabilerak baino ez ditu barruan hartzen. Lege horretako arauek, euren ezarpen-eremukoak diren polizi jarduketei dagokienez, argiro adierazten dute legezkotasunaren printzipioa, eta aldi berean herritarrentzako bermeen erregimena osatzen dute.
Goian aipatu dugun Lege Organikoaren gehigarrizko lehenengo xedapenean badago zaintza-klausula bat, zenbait autonomia erkidegok, Euskal Herrikoa tartean, pertsona eta ondasunen babesaren arloan dituzten eskurantzak zaintzeko. Horren arabera, autonomia erkidegook behar beste xedapen eman ahal izango dituzte ondoko hauek arautzeko: euren polizi indarrei eta euren lurraldeetako toki korporazioen menpe dihardutenei bideokamerak erabiltzeko baimena ematea, bideokameren erabilera, grabazioen zainketa, grabazioei ezartzen zaien xedearengatiko erantzukizuna, eta grabazioak eskuratzeko edo baliogabetzeko eskaerak.
Dekretu honetan Lege Organikoaren zenbait alderdi garatuko dira, hark ezarri duen baimen, erabilera eta berme erregimena gauzatu ahal izateko osatu behar diren alderdiak, hain zuzen. Horrela, eskudun organoak eta agintaritzak zeintzuk diren azalduko da; Bideozaintza eta Askatasunen Batzordea sortuko da Lege Organikoan dauden printzipioen arabera; eta bideokamera finkoak instalatzeko eta bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimenen erregimena garatuko da.
Abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak, bestalde, gehigarrizko zortzigarren xedapenean erregimen berezia aurreikusten du trafikoaren eta bide segurtasunaren erregulazio, kontrol eta disziplina lanetan bideokamerak eta irudien grabaketarako beste tresna batzuk erabiltzeko; erregimen hori, ordea, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko printzipioen esparru berean sartu da, kontuan izanik gure Antolamenduaren arabera segurtasun indarren eginkizuna dela trafikoa eta bide segurtasuna zaindu, erregulatu eta kontrolatzea, eta bai bide publikoetan babesa eta laguntza ematea ere. Ildo horretan, Lege Organikoak ez du trafikoa bera arautu, poliziak trafikoa antolatzeko eskura dituen bitarteko teknikoen erabilera baizik.
Alabaina, arlo horretan ezar daitekeen erregimena Lege Organikoan dagoen erregimen orokorretik bereiztu beharra dago, grabatzeko tresnak zernolako ingurunean erabiltzen diren aintzat hartuz gero: alde batetik filmagaiaren berezitasuna, zeren bide eta errepideen erabilerak berez badu arriskua, motoredun ibilgailuak gidatzeak dakarrena; bestetik, horrelako tresnak bide-sareko trafikoa antolatzeko helburuarekin erabiltzeak eragin txikia izatea norbanakoen eremu pribatuetan. Aurrekoa gora-behera, Lege Organikoak aurreikusten duenez, erabilera hori berak ezarritako «erabilpen printzipioen esparruan» gauzatu behar da. Printzipio horien funtsa Legearen 6. atalean dago. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari dagokio trafikoa zaintzeko polizi eginkizunak betetzea eta trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko Estatuko legeria betearaztea. Horregatik beharrezkoa da dekretu honetan Lege Organikoaren aurreikuspenak gauzatzeko modua ezartzea, erkidegoaren eskumenen eremuan, trafikoa eta bide segurtasuna zaintzeko helburuarekin grabazio tresnak erabiltzeari dagokionez. Aurreikuspen hori dekretu honen gehigarrizko hirugarren xedapenean dago.
Ondorioz, Estatu Kontseiluarekin bat etorriz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzak 1998ko uztailaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
I. ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. atala.– Xedea.
1.– Euskal Herriko Poliziak bideokamerak erabil ditzake herritarren elkarbizitza eta bide eta gune publikoen bakezko erabilera ziurtatzen laguntzeko, indarkeria baztertzeko eta herri segurtasunarekin zerikusia duten delitu, hoben eta lege-urratzeak eragozteko. Dekretu honen bitartez bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena arautu behar da, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan xedatu dena garatu eta betearazteko.
2.– Dekretu honek bideokamera, kamera finko eta kamera eramangarriei buruz dioenak berdin balio du antzeko bitarteko tekniko guztietarako eta dekretu honetan arautzen diren grabazioak egitea ahalbidetzen duten sistemetarako, oro har.
3.– Bideokamerak erabiltzeko baimena emateaz eta haien erabileraz dekretu honetan ezarri den erregimena Euskal Herriko polizi guztiei ezarriko zaie.
2. atala.– Eskumena duten agintariak.
1.– Segurtasun sailburuordeari dagokio:
a) Ertzaintzari eta Euskal Herriko Poliziako udaltzaingoei bideokamera finkoak instalatzeko baimena ematea.
b) Bideokamera finkoak instalatzeko baimenen erregistroa eramatea, dekretu honen 7. atalean aipatzen den eran.
c) Hamabost egunean behin Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari informazioa ematea bideokamera eramangarrien erabileraz, eta egindako grabazioen euskarria berari igortzea, hori egiteko eskatzen duenean. Bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimena emateko eskumena duten organoek edota grabazioen zaintza eta artapenaren arduradunek behar diren agiriak igorri behar dizkiote, eginkizun hori bete ahal izan dezan.
d) Ertzaintzak egiten dituen grabazioak zaintzeko betebeharra betearazteko arduradun gorena izatea. Helburu horrekin dekretu honen 14. atalean aipatzen diren ikuskapenak egingo dira.
e) Ertzaintzak irudi eta hotsen grabazioak egin eta interesatuek horiek eskuratzeko edo baliaogabetzeko eskatzen dutenean eskaerak ebaztea.
f) Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari txostenak eskatzea bideokamera finko edo eramangarrien bidez lortutako irudi eta soinu grabazioen legezkotasunaz.
g) Dekretu honetan ematen zaizkion gainerako eginkizunak.
Segurtasun sailburuordeak Segurtasun sailburuordearen Kabineteko zuzendariaren laguntza jasoko du dekretu honetan eman zaizkion eskurantzak egikaritzeko. Zuzendaritzaren bitartez beteko ditu eskurantzen ondorio diren egintza materialak, prestakuntzakoak, instrukziokoak eta ikuskaritzakoak.
2.– Bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimena, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 5.2. atalean xedatu denarekin bat etorriz, Herrizaingo Saileko zuzendariek eman ahal izango dute, herritarren segurtasuna zaindu eta gaizkintzari aurrea hartzeko ardura dutenek, hain zuzen ere. Zuzendariok eginkizunak eskuordetu ahal izango dizkiete euren menpeko hierarkikoak izan eta gutxienez lurralde historiko batean eskurantzak dituzten polizi arduradunei.
3.– Polizi zerbitzu eta atalen arduradunak, premia eta larritasun handiko aldietan edota Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 5. ataleko 2. idazatian aurreikusten den baimena sasoiz lortzerik ez dutenean, bideokamera eramangarriez baliatu ahal izango dira irudi eta soinuak grabatzeko.
3. atala.– Bideozaintza eta Askatasunen Batzordea.
1.– Bideozaintza eta Askatasunen Batzordea deritzon aholku-organoa sortuko da. Batzordeak pribatutasuna babestu behar du eta herritarrek norberaren irudia, intimitatea eta duintasuna zaintzeko daukaten eskubidearen bermea sendotu behar du, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeari dagokionez. Horregatik eginkizun hauek izango ditu: a) Bidokamera finkoak instalatzeko baimenak eman aurretik manuzko txostenak ematea.
b) Bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimena emateko erabakiak hartzea eta behar izanez gero grabazioen euskarri fisikoa eskatzea, txostena egiteko.
c) Presa handiko kasuetan edo baimena sasoiz lortzerik ez dagoenean bideokamera eramangarriak erabiltzeari buruzko txostena jasotzea, zio eta guzti.
d) Hamabostean behin bideokamera eramangarrien erabilerari buruzko informazioa hartzea, eta horrelako tresnez egindako grabazioen euskarria eskatzea behar den guztietan.
e) Bere arioz, egoki deritzonean, txostenak ematea bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimenei buruz, eta bai hauei dagozkien grabazioei buruz ere.
f) Bideokamerez grabatutako irudi eta soinuen erregistroak bideokamerak erabiltzeko legezko printzipioei zenbateraino egokitzen zaizkien argitzeko txostenak ematea, eskudun organoek eskatuz gero.
g) Bere eginkizunak betetzeko behar duen informazioa eskatzea Administrazioko eta Poliziako agintari arduradunei.
h) Indarrean dirauen Lege Antolamenduan ezartzen zaizkion gainerako eginkizun guztiak.
2.– Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeak 6 kide izango ditu:
a) Batzordeburua: Euskal Herriko Justizi Auzitegi Nagusiko lehendakaria edo beraren ordezkoa.
b) Fiskaltzaren ordezkari bat, Euskal Herriko Justizi Auzitegi Nagusiko fiskalburuak aukeratu beharrekoa.
c) Zuzenbide arloko izen handiko profesional bat, funtzionarioa ez dena eta Administrazioarekin lan harremanik ez duena. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak aukeratuko du bere gaitasuna kontuan harturik.
d) Hiru batzordekide. Herrizaingo sailburuak aukeratuko ditu, euren lanbide ardurak edo trebetasuna kontuan harturik.
Batzordearen idazkari gisa Herrizaingo sailburuak izendatuko duen Herrizaingo Saileko teknikari batek jardungo du. Hizpidea izango du baina hautespiderik ez.
Batzordeko ordezko kideak izendatzeko baldintzak berak izango dira eta izendatutakoen kopurua ere bera izango da, kide titularren kategoria bakoitzerako.
3.– Batzordeak erabakiak har ditzan batzordekideen gehiengoak baiezko botoa eman behar du. Batzordeburuaren botoak hainbanakoak ebatzi ahal izango ditu erabakiak hartzeko.
4.– Batzordekideek kalteordainei buruzko indarreko arautegian ezarrita dauden kalteordainak jasoko dituzte Batzordearen bileretara joateagatik.
5.– Udal agintariek Batzordearen bileretan parte hartzeko eskubidea izango dute, hizpidearekin baina hautespiderik gabe, kasuan kasuko udaltzaingoak bideokamerak instalatzea aztergai den aldietan. Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeak egoki den eran deituko ditu horrelako bileretara.
II. ATALBURUA
BIDEOKAMERA FINKOAK INSTALATZEKO
BAIMENAK EMATEKO ERREGIMENA
4. atala.– Aurretiazko administrazio-baimena.
Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 3. atalean xedatuta dagoenez, bideokamera finkoak instalatu aurretik administrazio-baimena eskuratu behar da. Baimena Lege Organiko horren 4. atalean dauden irizpideen arabera eman behar da.
5. atala.– Prozedura.
1.– Segurtasun sailburuordeak bere arioz hasi ahal izango du Ertzaintzaren bideokameren instalazio finkoetarako baimena emateko prozedura, dela bere ekimenez, dela Eusko Jaurlaritzako Herritarren Segurtasunerako zuzendariak zioak azalduz eskaturik.
Sailburuordeak prozedura bere arioz hasteko ematen duen erabakiari instalazioari buruzko azterlanak eta gainerako agiriak batu ahal izango zaizkio. Hori egin ezik, agiriok beste edozein kontsulta-tramite edo txosten baino lehenago espedienteari eransteko agindu behar da prozedura hasteko erabakian bertan.
2.– Era berean, alderdiren batek Segurtasun sailburuordeari eskatuz gero hasi ahal izango da prozedura. Ondokoak dira lege bidez eskaera aurkez dezaketenak:
a) Alkateak, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 7ko 4/1992 Legearen 27. artikuluaren arabera udaltzaingoei dagozkien eginkizunen esparruan.
b) Kasuan kasuko lurralde historikoko eskudun organoa, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 7ko 4/1992 Legearen 109. atalean Ertzaintzako Miñoi, Mikelete eta Foralen sekzioei eman zaizkien eginkizunen esparruan.
Alderdiren batek prozedura hasteko eskatzekotan, Segurtasun sailburuordeari aurkeztuko dion eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu behar ditu instalazioari buruzko agiriak.
3.– Instalazioari buruzko agiriek, aurreko lerrokadetan aipatu direnek, behar bestean bidezkotu beharko dute bideokameren instalazioa eta egokiro azaldu beharko dituzte helburuak, grabatu ahal izango den gunea, tresnaren zehaztapen teknikoak eta erabakian kontuan hartu beharreko beste zehaztasun guztiak.
Aurreko lerrokadako xedapena Herrizaingo sailburuaren Agindu baten bidez garatzen denean adieraziko da zehatz-mehatz zein agiri aurkeztu behar diren.
4.– Segurtasun sailburuordeak eskatzaileari esan ahal izango dio aurkeztutako agirien hutsak ongitzeko, nahi izanez gero hobetzeko edo osatzeko, Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio-Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. atalean ezarritakoarekin bat.
5.– Prozedura instruitzen den bitartean beharrezko edo komenigarritzat jotzen diren txostenak eskatu ahal izango dira, prozeduraren erabakia zuzena izango dela ziurtatzeko.
6.– Administrazio-erabakia eman aurretik espedientea Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari igorriko zaio, eta honek manuzko txostena emango du hilabeteko epearen barruan.
Batzordeak, bere eskurantzak behar bezala egikaritu ahal izateko beharrezkoa izanez gero, eskatzaileari informazio osagarria eskatu ahal izango dio, erakunde edo norbanako gaituei txostenak egiteko eskatu ahal izango die, eta bere txostenetan aztergai dituen gune, lokal eta instalazioak ikuskatu ahal izango ditu.
Batzordearen txostenak proposamen edo eskabidearen zertzelada eta baldintza guztiak jorratu ahal izango ditu, eta lotaraztekoa izango da, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 3. ataleko 3. idazatian ezarrita dagoen mugaraino.
7.– Prozedura ebazteko epea bost hilekoa izango da. Epe hori igarotakoan arabakia eman gabe badago, eskabideari gaitziritzi zaiola uste ahal izango da.
6. atala.– Baimena emateko erabakia.
Segurtasun sailburuordearen erabakiak zioen azalpena izango du, eta kasuan kasu bideokamerez zaindu beharreko toki publiko jakinera mugatuko da. Erabakian aipatu egingo dira Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 4. artikuluko 4. idazatian dauden zehaztapenak.
7. atala.– Bideokamera finkoak instalatzeko baimenen erregistroa.
1.– Bideokamera finkoak instalatzeko baimenen Erregistroa sortu da eta Herrizaingo Saileko Segurtasun Sailordetzari atxiki zaio.
2.– Baimenak Sailordetzaren arioz inskribatuko dira erregistroan. Inskripzioan datu hauek azalduko dira: baimenaren data eta indarraldia, bideokameraz zainduko diren guneen gutxi gora-beherako kokaera, eta grabazioak zaintzeaz eta haiek eskuratzeko edo baliogabetzeko eskaerak ebazteaz arduratuko den organo eta agintaritzaren izena. Ez da azalduko kameren kokaleku zehatza.
3.– Erregistroko datuen atzipena Herri Administrazioen Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatu denarekin bat etorriz egingo da.
8. atala.– Publizitate motak.
1.– Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 9. atalean xedatu dena betetzeko, jendeari argiro eta etengabe ohartaraziko zaio bideokamera finkoen instalazioaz, non dauden zehatz jakinarazi gabe, eta horien gaineko eskumena daukan agintaritza zein den jakinaraziko zaio.
2.– Era berean, eskumena daukan organoak aintzat hartzen dituen herri intereseko arrazoiak tarteko direnean, baimena emateko erabakia labur bildurik Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango da. Laburpenean zehaztasun hauek azalduko dira: baimenaren data, indarraldia, kamerez zainduta egongo diren tokien kokaera orokorra, kamerak non dauden zehaztu gabe, eta kamerak zaintzeaz eta grabazioak eskuratzeko edo baliogabetzeko eskaerak ebazteaz arduratuko diren organoa eta agintaritza.
III. ATALBURUA
BIDEOKAMERA ERAMANGARRIAK ERABILTZEKO BAIMENA EMATEKO ERREGIMENA
9. atala.– Prozedura.
1.– Bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimena dekretu honen arabera emango dute organo eskudunek, bai beren ekimenez, bai haien menpeko zerbitzu eta polizia unitateetako arduradunek eskaera arrazoitua eginez.
2.– Zerbitzu eta polizia unitateetako arduradunek organo eskudunei bideokamera eramangarriak erabiltzeko eskatu behar dietenean, eskaera arrazoitua egin beharko diete, eta bertan bideokamerak erabali beharra eta haren egokitasuna bidezkotu, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 5 eta 6. ataletan baimenez eta erabilpenaz bildutako abiaburuekin bat etorriz.
Lehenengoa.– Udaltzaingoen espezialitateak.
1.– Euskal Herriko udaltzaingoek bideokamera eramangarriak erabiltzeko baimena Eusko Jaurlaritzako Herritarren Segurtasuneko Zuzendaritzak emango ditu.
Udaltzaingoek bideokamera eramangarriak baimenik gabe erabiliz gero, hau da, abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 5. atalean xedatutako balizkoetan, polizia arduradunek horren berri eman beharko diote Eusko Jaurlaritzako Herritarren Segurtasuneko Zuzendariari txosten arrazoituaren bidez, eta hark hirurogeita hamabi ordu igaro baino lehen jakinarazi beharko die Segurtasun sailburuordeari eta Zaintza eta Askatasunen Batzordeari.
2.– Udalerriko organo edo agintariek ondoko eskumenak izango dituzte beren menpeko polizi zerbitzu edo kidegoek bideokamera finko edo eramangarriak erabiltzearen arloan:
a) Irudi eta soinuen grabazioak eskuratu edo baliogabetzeko eskaerak ebatziko dituzte.
b) Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari txostena eskatuko zaio grabatzen diren irudi eta soinu guztien egokitasunaz.
c) Grabazioen zaintzaren eta artapenaren erantzukizuna berenganatuko dute; horretarako, bideo-artxibategiak ikuskatu, egiaztatu eta eguneratuko dituzte, eta jarduera horien berri emango die Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari.
Bigarrena.– Poliziak besteren instalazioak erabiltzea.
1.– Euskal Herriko Poliziak besteren bideokamera-instalazio finkoak erabili ahal izango ditu, publikoak zein pribatuak, baldin eta bidezkoa bada herritarren segurtasunari buruzko legeriak agintariei eta norbanakoei ezarri dien laguntzeko betebeharra dela bide.
2.– Aurreko lerrokadan aipatu diren erabilera bereziak Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan bideokamera eramangarriak erabiltzeko ezarritako erregimenak eta honako dekretu honek eraenduko dituzte, baldin eta poliziak erabat kontrolpean badu irudiak eta soinuak grabatu, ikusi eta zaintzeko prozesu osoa.
Hirugarrena.– Bideokamerak trafikoaren zaintzan, kontrolean eta disziplinan eta bide-segurtasunean erabiltzeko aplika daitekeen erregimena.
1.– Herriko bideetako trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta disziplinarako irudiak grabatu eta erreproduzitzen dituzten kamerak eta bestelako bitarteko guztiak instalatu eta erabiltzeko, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren gehigarrizko zortzigarren xedapenean eta dekretu honetan aipatutako arautegiari lotu beharko zaio.
2.– Ondokoak dira aurreko lerrokadako tresnak instalatu eta erabiltzeko agintzeko eskumena duten agintariak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko herri bideetan, trafikoaren erregulazioa udalerriei iratxikita ez dutenetan, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Bidezaingo eta Ibilgailuteriaren Zuzendaria.
b) Trafikoaren erregulazioa iratxikita duten udalerrietan, kasuan kasuko agintaritza eskuduna.
3.– Tresna horiek erabiltzean kontuan izan beharko da proportzionalitatearen abiaburua, bai egokitasuna, bai gutxieneko eskuhartzea, Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren gehigarrizko zortzigarren xedapenean ezarritakoarekin bat etorriz.
Horretarako, tresnon erabilerak bideen sarearen ezagutza, erabilera, zirkulazioa eta segurtasuna optimizatzen ote dituen haztatuko da, bai eta bide-segurtasunari buruzko legeria bermatzen eta haren urratzeen berri ematen duen ere. Hori dela eta, aintzat hartuko dira ondoko irizpideok: bide edo errepidearen ezaugarriak, ibilgailuen fluxuaren eta pilaketaren maila, istripu indizeak, klimatologia, eta bidearen edo bide-tarte jakinen beste inguruabar berezi batzuk.
4.– Grabatzeko tresnen instalazioa eta erabilera arautuko dituen erabakian era orokorrean aipatuko dira grabatu ahal izango diren herri bideak edo bide-tarteak; indarrean dauden lege-xedapenak betearazteko eta grabazio edo erregistroen eskuragarritasuna, bapestekotasuna eta integrabilitatea zaintzeko neurriak, eta grabazioak zaintzearen eta haiek eskuratu edo baliogabetzeko eskaerak ebaztearen ardura duen organoa. Erabakiak indarrean iraungo du epemugarik gabe, bera eragin zuen egoera aldatzen ez den artean.
Erabakia dekretu honen 3. atalean aipatu den Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinaraziko zaio. Batzordeak, beharrezko baderitzo, txostena eman ahal izango du, erabakia Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan ezarri diren erabilpen-printzipioei zenbateraino egokitzen zaien argitzeko.
5.– Irudiak eta soinuak grabatzeko bitartekoak, aurreko lerrokadetan aipatu ditugunak, motoredun ibilgailuen abiadura zehaztasun egokiaz eta trafikoaren disziplina zaintzeko helburuaz neurtzeko tresnen osagarriak direnean, bitarteko horiek kasuan kasuko arau metrologikoetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
6.– Tresnak instalatu eta erabiltzeko agintzen duen erabakian bertan zehaztuko da zeintzuk organo arduratuko diren grabazioen zaintzaz eta artapenaz eta beroriek eskuratzeko eta baliogabetuak izan daitezela eskatzeko eskubideak ebazteaz. Eusko Jaurlaritzako Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzak agintzen badu instalazioa, organo horiek lurraldeetako bidezaingo zerbitzuen arduradunak izango dira, edo bestela, hala denean, erabakian xedatzen denaren arabera trafikoa kontrolatu eta kudeatzeko sortuko diren zentruen arduradunak.
Grabazioak artatu eta zaintzeko erregimena eraenduko duten printzipioak hauek dira:
a) Bide-segurtasuna edo herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duen zigor arloko legez aurkako egintza edo administrazio-urratzea izan litekeen egintzaren bat grabatzen denean, grabazioa berehala epai agintaritzari edo eskumena daukan administrazio-organoari igorriko zaio.
b) Euren kargua dela-eta grabazioak eskura dituzten pertsonek zuhurtziaz, bapestekotasunez eta kontuz erabili beharko dituzte, baldin eta grabazio horietan ezagunak diren edo izan daitezkeen pertsonen irudiak azaltzen badira.
c) Ukituek grabazioak eskuratzeko eta baliogabetuak izan daitezela eskatzeko daukaten eskubidearen egikaritza Dekretu honen 15. ataleko xedapenek eraenduko dute.
d) Grabazioak egin eta beranduenik handik hilabetera ezabatuko dira, trafiko edo bide-segurtasunaren arloko zigor- zein administrazio-urratzeekin, aribideko polizi ikerketaren batekin edo hasita dagoen epai edo administrazio prozeduraren batekin zerikusia dutenak izan ezik. 7.– Irudiak grabatu eta erreproduzitzeko tresna eramangarriak trafikoari buruzko arauak betearazteko eta bide-segurtasuna zaintzeko erabiltzen direnean ez da beharrezkoa izango aurreko idazatian aipatu den erabakia. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Bidezaingo eta Ibilgailuen Zuzendaritzak tresna horiek erabiltzeko jarraibideak eta gidalerroak eman ahal izango dizkio trafikoa zaintzen diharduten Ertzaintzako unitateei.
Tresna eramangarri horien bidez irudiak grabatzen direnean, xedapen erantsi honen 3, 5 eta 6. ataletan erabileraz eta artapenaz aipatutako abiaburuak beteko dira. Grabazioak bidezaingoko polizia unitateen arduradunek artatuko dituzte, eta haiek erabiltzeko eta baliogabetzeko eskubideak Bidezaingo eta Ibilgailuteriaren Zuzendaritzaren edo kasuan kasuko udal organoaren aurrean gauzatu ahal izango dira.
8.– Herrizaingo Sailak errepide eta herri bideen titularrak diren herri administrazioekin hitzarmenak egitea sustatuko du, gehigarrizko xedapen honetan aipagai diren instalazioen ezarpen, mantenimendu eta ustiapenean elkarri lagun diezaioten, zeinek bere eskumen-eremutik.
Era berean, Herrizaingo Sailak bidezaingo eta bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten beste herri administrazio batzuekin hitzarmenak egitea sustatuko du, bide sareetako trafikoari buruzko informazioa trukatzeko eta trafikoa kudeatzeko zentruen arteko konexioak bideratzeko.
Laugarrena.– Bideokamerak trafikoa eta herritarren segurtasuna aldi berean zaintzeko erabiltzen direnean bete behar den erregimena.
Bideokamera finkoak trafikoa eta herritarren segurtasuna aldi berean zaintzeko instalatzen direnean ere Dekretu honen ataletan ezarri den erregimen orokorra bete beharko da.
ALDIBATERAKO XEDAPENA
Segurtasuneko Indarrek eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa indarrean jarri zenean toki publikoetan lehendik instalaturik zeuden bideokamera finkoak Lege horretan eta Dekretu honetan ezarritakoari egokitu behar zaizkio. Horretarako, haiek instalatuta edukitzeko baimena eskatu beharko da, Dekretu honen azken xedapenetako bigarrenean aipatuko den Herrizaingo sailburuaren Agindua argitaratu eta handik hilabeteko epean.
Lehenengoa.– Ahalmena eman zaio Herrizaingo sailburuari Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko, eta bereziki bideokamera finkoak eta eramangarriak instalatzeko baimena emateko eta haiek erabiltzeko prozedurari, irudi eta soinuen artapen, tratamendu eta ezabaketari, eta herritarrek grabazioak eskuratzeko eta baliogabetuak izan daitezela eskatzeko daukaten eskubidea egikaritzeko prozedurari dagozkionak.
Bigarrena.– 1.– Dekretu honen bidez sortu den Bideozaintza eta Askatasunen Batzordea hiru hileko epean eratu behar da, Dekretu hau indarrean jartzen den egunetik zenbaturik. Batzordearen eraketa jendaurrean iragarriko da Herrizaingo sailburuak eman eta EHAAn argitaratuko den Aginduaren bitartez. Dekretu honetan Batzordearen eginkizunei buruz eman diren xedapenak Agindua argitaratzen den egunetik aurrera aplikatuko dira.
2.– Dekretu hau indarrean jartzen denetik Bideozaintza eta Askatasunen Batzordea eratzen den artean bideokamerak instalatu edo erabiltzeko ematen diren baimenak Batzordeari jakinaraziko zaizkio.
Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 1998ko uztailaren 21ean.
Lehendakaria,
JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.
Herrizaingo sailburua,
JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.