42. zk., 1996ko otsailaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza
1070
2/1996 DEKRETUA, urtarrilaren 9koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Iharduerarako Araudia onartzeko dena.
<FONT FACE="Courier New" SIZE=3><P>Dekretu honen bidez, Zuzendaritza Nagusiari beste antolaketa exekutibo bat ematen zaio eta ondorioz, aldatu egiten da Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legea garatzeko den azaroaren 2ko 417/1994 Dekretuan Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari ezarritako egitura funtzionala.
Aldaketa horrek dekretua funtsean aldatzen duenez gero -III. idazpurua goitik behera aldatzen du-, komenigarritzat jo da osatutako beste testu berri bat idaztea, jatorrizko dekretua eta oraingo aldaketak bateratuko dituena.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari azaroaren 2ko 417/1994 Dekretuaren bidez ezarri zitzaion Arautegia aldatzea komenigarritzat jo da, erakundearen barne antolaketa, exekutiboa alegia, poliki-poliki herri administrazioei sortzen ari zaizkien eskakizunetara egokitzeko.
Gaur egun eskakizun horiek Jaurlaritzaren iharduketa-neurri multzo batzuetan daude jasota, "Euskal Administrazio Publikoa Arrazionalizatzeko eta Hobetzeko Estrategia"n, hain zuzen ere. Oraingo aldaketa honekin neurri horietako bat aplikatu nahi da Osalanen eremu espezifikoan.
Horrela, programak eta inbertsioak ebaluatzea erreztu eta baliabideak izendatzeari begira, erakundearen oinarrizko antolaketa funtzionala ezartzen da iharduketa programa eta egitarauen inguruan, horien emaitzak ikusi eta erabilitako bideak ebaluatu ahal izateko.
Bestalde, administrazio mailan lurralde-egitura propioa jarri eta eratzeari uko egiteak Osalanen funtzioak malgutasun handiagoz gauzatzea bideratzen eta errazten du. Funtzioen gauzatzea baliabide propio nahiz itundutakoen bidez egingo da, baliabide propioak jarriko diren programei estu-estu lotuz.
Ildo horretan, Osalanek, beste erakunde publiko batzuekin eduki behar den lankidetza bultzatzeko, behar diren akordioak izenpetuko ditu interes amankumunen alor edo esparruetan. Lankidetza hori lehentasunez Unibertsitatearekin eta Hezkuntza eta Ingurugiroaren ardura duten sailekin egingo da, baina funtzio publikoak dituzten beste erakunde eta instituzio batzuekin ere egingo da, irakaskuntza, ikerketa, osasuna edo gizarte segurantzaren esparruetan.
Aldi berean, administrazioa erabiltzaileen zerbitzura dagoenez gero, Osalanen kasuan komenigarria da oinarrizko antolaketa bat izatea enpresasektoreen inguruan, sektoreok Osalanen iharduketetan hitza duten berezko partaide diren aldetik. Antolaketa hori sektore horietan dauden antolamenduak aprobetxatuz egingo da, eta azken hartzailetan, hau da, enpresekiko iharduketetan, sinergia egoteko egingo da. Hori guztiagatik, programak batez ere sektorialak izango dira, programen zehaztea eta jartzea arian-arikoa eta malgua izango den arren, enpresamundura hobeto egokitzeko.
Dekretu honek ez ditu aldatzen, egokitzapen teknikoren bat salbu, atalburu hauek: II. atalburua -Kontseilu Nagusia-, IV. atalburua -Ekintzen Lege Araubidea-, V. atalburua -Osalaneko Langileak- eta VI. atalburua -Ondarea, Baliabideak, Aurrekontuak eta Kontabilitatea-.
I. atalburua, Osalanen xede, egiteko eta antolaketari buruzkoa, berdintsu geratuko da, aldaketa hauekin:
* Erakundearen egoitza aldatu egingo da, antolakuntzan egin diren aldaketekin bat etortzeko. Hartara, Jaurlarizaren eta Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailarena eta Osasun Sailarena leku berean egongo dira eta progamazio prozesuan komunikazioa erosoagoa izango da. Komunikazioa da, hain zuzen ere, erakundearen iharduketa guztien oinarri.
* Iharduteko eremuari buruzko 2. atalean 1. idazati bat sartzea, Osalanen egintzak langile guztien segurtasuna eta osasuna zaintzeko izango direla zehazteko.
* Iharduketa moduari buruzko 3. atalean b) idazati bat sartzea, erakundeak agente sozialak sustatzeko eta koordinatzeko izaera duela nabarmentzeko.
* Funtsezko aldaketak III. atalburuan egin dira eta Zuzendaritza Nagusiaren menpe dauden organoen egitura eta funtzioei buruzkoak dira. Organo horiek lau areetan banatuta geratzen dira: eragilea, sustatzailea, antolamendua eta giza baliabideena eta ekonomiko-administratiboa. Bestalde, area eragilearen menpe dauden organoak sektore mailan daude egituratuta eta ez lurralde mailan. Organo horiek autonomi elkarteko sektore produzitzaile homogeneoen inguruan eratuko dira.
Azkenik, hainbat sektore hartuko dituzten programak aurrikusten dira, lan-osasunarena edo prestakuntzarakoa, esaterako.
Ondorioz, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, Osalaneko Kontseilu Nagusiak aldeko txostena egin duenez, Lan-Harremanetarako Konstseiluari eta interesik duten gainerako organo aholkulariei entzun ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Egitura eta Iharduerarako Araudia onartzeko zen azaroaren 2ko 417/1994 Dekretua indargabeturik geratzen da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 1996ko urtarrilaren 9an.
Lehendakaria,
JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.
Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
RAMÓN JÁUREGUI ATONDO.
ERASKINA
OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN EGITURA ETA IHARDUERARAKO ARAUDIA
I. ATALBURUA
SALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN XEDEA, EGITEKOAK ETA ANTOLAKETA
1. atala.- Izaera, izena eta egoitza.
1.- Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea erakunde administratibo bat da, autonomiaduna, nortasun juridiko propioa eta iharduteko erabateko gaitasuna duena. Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita dago eta bere helburua, laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren alorrean Euskal Autonomi Elkarteko herriagintariek ezartzen dituzten politikak kudeatzea da, laneko ingurugiroak berez dituen arriskuen iturburua errotik kendu edo gutxitu ahal izateko.
2.- Osalanen egoitza Vitoria-Gasteizko Udalerrian dago (Araba Lurralde Historikoa).
2. atala.- Iharduteko eremua.
1.- Osasuna babestu eta sustatzeko eskubidea eta ez diskriminatzeko eskubidea Konstituzioan jasota daudenez gero, eta politika sozialaren printzipio bat laneko segurtasuna eta higienea zaintzea denez gero, laneko osasunaren alorrean egiten diren ekintza publiko eta pribatuak langile guztiengana hel daitezen arduratuko da beriziki Osalan.
2.- Administrazio publikoak barne direla, langile enplegatuak dauden ekonomi iharduera guztietan ihardungo du Osalanek. Lankide-kooperatibetan eta gainontzeko kooperatibetako lanbazkideentzat ere ihardungo du.
3.- Norbere kontura lana burutzen duten langileentzat ere, arriskuei aurrea hartzea sustatzeko ekintzak burutuko ditu.
4.- Dekretu honetan langileak aipatzen direnean, inorentzako lana egiten dihardutenak ez ezik, euskal administrazio publikoetako funtzionarioak eta euskal kooperatibetako bazkide langileak eta lan-bazkideak ere langiletzat hartuko dira. Enpresariak aipatzen direnean, bestalde, euskal administrazio publikoak eta euskal kooperatibak barne sartuko dira.
3. atala.- Iharduketa modua.
a) Zerbitzuak kudeatuko ditu iharduketarako programa eta proiektuen bidez. Programa eta proiektuok, beren baliabideak eraginkortasunez erabiltzea eta kudeaketan langileen partehartzea dute oinarri.
b) Laneko segurtasun eta osasunean ari diren agente sozialen iharduketak bultzatu eta koordinatu egingo ditu ondorioak hobeak izan daitezen, erabil daitezkeen baliabide guztiez egoki baliatuz.
c) Enpresei, langileei, enpresen elkarteei, kooperatiben federazioei, sindikatuei eta administrazio publikoei aholkuak emango dizkie.
d) Laneko arriskuak, egoera arriskutsuen mailak eta langileengan eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko behar diren aurre-hartze neurriak hartzea sustatuko du.
e) Aurreko iharduketei kontrolak eta ebaluaketak egingo dizkie aldizka, sortzen diren beharren eta iharduketen eraginkortasunaren arabera egokitzapenak egiteko, uneoro.
f) Laneko segurtasun eta osasunari buruzko txostenak egin beharko ditu eskuduntzadun agintariek, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak eta Lan Harremanetarako Kontseiluak eskatuz gero.
g) Laneko segurtasunean eta osasunean eragina duten araudi edo aholku teknikoak ematen edo berrikusten duten foroetan parte hartuko du.
4. atala.- Egitekoak.
1.- Osalanek, besteak beste, egiteko hauek edukiko ditu:
a) Laneko istripu eta gaixotasunen arrazoiak eta eragileak aztertu eta ikertzea, aurre-hartzeari buruzko ikerketak eginez eta neurri zuzentzaileak proposatuz. Egindakoaren berri emango zaio Lan-Agintaritzari. Industri segurtasunari buruzko irizpenak emango ditu, eskuduntzadun agintariek eskatuz gero.
b) Laneko estatistikei buruzko argibideak eta datuak aztertu, landu eta prestatzea eta estatistikak egin, aztertu eta baloratzea Autonomi Elkartean, Euskal Autonomi Elkarteko Estatistika Legean ezarritakoaren arabera. Era berean, Estatuan eta Europako Elkartean laneko segurtasun eta osasunaren arloan datuak biltzeko proiektatzen diren bateratutako informatikaprogramak garatzen eta prestatzen lagunduko du.
d) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko metodoak eta teknikak ikertzeko programak egin, sustatu eta garatzea.
e) Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, laneko segurtasun eta higieneari eta metodo ergonomikoei buruzko arauak, teknika aldetik araubidea aldatzeko ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztea administrazioei, eta ikastunen, adineko langileen eta haurdunaldian edo ugatzaldian dauden emakumeen laneko baldintzei buruzko gomendioak ematea.
f) Langileen osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen neurrian, lanpostuen, lokalen, lantokien, lehengaien, tarteko eta azken produktuen inguruko azterketak eta txostenak egitea eta aholkuak ematea.
g) Indarrean dauden arauekin bat etorriz, lanen baldintza teknikoei, kontzentrazioen kopuruei, onartu litezkeen kutsatzaile-mugei eta horiek denak baloratzeko moduei buruzko azterketak, ikerketak, txostenak eta proposamenak aurkeztea Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta, hala badagokio, industri segurtasunaren ardura duten agintariei.
h) Laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratzea.
i) Laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna sustatzeko ezagupenak eta arau praktikoak jakinaraztea lan-emaileei eta langileei.
j) Enpresetako segurtasun eta higienearen mailei buruzko kontrol orokorrak eta arlokakoak programatu eta garatzea, maila horiek igotzeko egin behar diren zuzenketetarako aholkuak emanez enpresetako legezko ordezkariei eta langileei.
k) Laguntza eta aholku teknikoa emantea enpresei, langileei, langileen elkarteei eta herri-agintariei.
l) Enpresek edo horko langileek, norbanakoaren osasunerako, zein osotasun fisikorako galgarri izan daitezkeen laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak larriki, zein behin eta berriro urratzen dituztenean, Lan-Agintaritzari jakinaraztea.
m) Enpresetako organo teknikoei aholkuak eman eta horien iharduna ebaluatzea, laneko segurtasun, higiene eta osasunaren arloaren inguruan.
n) Laneko materialen eta erabiltzaileen arteko lotura aztertzea.
ñ) Makineria, tresneria, lan-orduak eta lanaren antolaketa langileen gaitasun fisikoei, mentalei eta sentimen-gaitasunei egokitzeari buruzko azterketak egitea.
o) Ekoizpeneko eragiketak eta prozesuak eta lan-erritmoak edo iharduketa-mailak langileen gaitasun fisikoei, mentalei eta sentimen-gaitasunei egokitzeari buruzko azterketak egitea eta irizpenak ematea.
p) Emakume langileen haurdunaldian eta ugatzaldian kaltegarriak edo osasunaren kalterakoak izan daitezkeen laneko baldintzak aztertu eta zaintzea, hala behar izanez gero, emakumeen lana epealdi horietako beharretara egokitzeko.
q) Langileen osasunerako ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen lan-mikroklimaren eragileak zehaztea eta horiei aurrea hartzea.
r) Osasun-agintariek emandako norabideekin edo programekin bat etorriz, langileen osasuna zaintzea, horien osasunean eraginik izan dezaketen arrisku- eta kalte-eragileak goiz aurkitu eta banakatzeko.
s) Osasun-agintariek emandako norabideen edo egitarauekin bat etorriz, aurre-hartzeko politikaren plangintza egiteko tresna izango den laneko arriskuen mapa egitea.
t) Enpresetako mediku-zerbitzuen osasun-baimen, -ikuskapen eta -kontroleko aginpideak erabiltzea.
u) Estupefazienteak, alkoholak eta tabakoak ere, laneko segurtasun eta osasunean duten eraginari buruzko azterlan eta txostenak eginez, lanaren eremuko drogamenpekotasunak zaintzea.
v) Laneko segurtasuna, higienea eta osasuna sustatzeko eta horien inguruan aurre-hartzeko neurriak hartzeko beharrezkoak diren egiteko guztiak burutzea.
2.- Atal honetan adierazitako egitekoak, OsasunAgintaritzarekin, Lan-Agintaritzarekin eta laneko eta segurtasun eta higienearen arloko baldintzak ikuskatzeko eta kontrolatzeko organoekin koordinatuz beteko dira. Drogamenpekotasunaren gaietarako Euskadiko Idazkaritza Nagusiaren txostenak ere kontutan hartuko dira lanaren eremuan.
3.- Beren egitekoetan, enpresen lanlekuetara sartzea dakarten funtzioak dituzten Osalaneko langile teknikoak herri-agintaritzaren langiletzat joko dira, eta lantokietako titularrek bertara sartzen utzi beharko diete, inolako trabarik jarri gabe. Enpresariek eta langileek lagundu egin beharko diete Osalaneko langileei beren egitekoak ondo burutu ditzaten.
1.- Kontseilu Nagusia izango da parte hartzeko eta kontrolatzeko organoa. Araudi honen II. atalburuan arautzen da.
2.- Zuzendaritza Nagusia izango da Osalaneko zuzendaritza eta burutze organoa. Araudi honen III. atalburuan arautzen da.
II. ATALBURUA
KONTSEILU NAGUSIA
6. atala.- Kontseilu Nagusia.
1.- Kontseilu Nagusia osatuko dutenak hauek izango dira:
a) Lehendakari: Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko sailburuordea, gai horretan aginpidea duenez gero.
b) Lehendakariorde: Osasun Saileko sailburuordea, gai horretan aginpidea duenez gero.
c) Bokal:
- Gizartearen aldetik, sindikatuetako lau ordezkari, sindikatuen hauteskundeetan lortutako ordezkatze-mailaren arabera.
- Enplegu-emailearen aldetik: Autonomi Elkartean ordezkatuta dauden enpresarien elkarteetako bi kide, bata, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusia ordezkatuz, eta bestea, Eusko Jaurlaritzak izendatuta, udaletxeei eta foru aldundiei hitza eman ondoren.
- Gaian aginpidea dutenez, bi kide Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ordezkatuz, horietako bat lehendakari izango dela, eta beste bi Osasun Saila ordezkatuz, horietako bat lehendakariorde izango dela.
2.- Idazkaria.
Kontseiluko idazkariaren egitekoak kontseiluak berak izendatutako lagun batek beteko ditu, Kontseiluko kidetzat jo daitekeela edo ez. Izendatutako idazkaria ez bada Kontseilu Nagusiko kidetzat jotzen, hitza baino ez du izango.
3.- Zuzendari nagusia Kontseilu Nagusiko bilkuretan izango da, eta hitza izango du, ezingo du boturik eman, ordea.
4.- Kontseilu Nagusiko bokalak Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aginduz izendatuko eta kargugabetuko dira, eraginpean dauden erakunde eta administrazioek proposatuta.
Atal honen 1 zenbakia duen puntuaren c) idazatiaren bigarren lerroaldian aurrikusitako ordezkaritzarako, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarako alegia, proposamena egitea Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari dagokio.
5.- Karguan inor ez egotea, karguduna kanpoan nahiz gaixorik egotea edo legez jasotako beste gorabehera batzuk gertatuz gero, lehendakaria ordezkatuko duena, hurrenez hurren, lehendakariordea izango da, gero Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren beste ordezkaria edota Osasun Saileko beste ordezkaria.
Karguan inor ez egotea, karguduna kanpoan nahiz gaixorik egotea edo legez jasotako beste gorabehera batzuk gertatuz gero, lehendakariordea Osasun Saileko beste ordezkariak ordezkatuko du.
6.- Karguan inor ez egotea, karguduna kanpoan nahiz gaixorik egotea edo legez jasotako beste gorabehera batzuk gertatuz gero, idazkaria Kontseilu Nagusiak izendatzen duenak ordezkatuko du.
7.- Atalburu honetan agindu ez den guztirako, HerriAdministrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. idazpuruko II. atalburuan organo kolegiatuentzat ezarritakoa erabiliko da.
7. atala.- Egitekoak.
Hona hemen Kontseilu Nagusiaren egitekoak:
a) Laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta formazioaren alorrean Zuzendaritza Nagusiak proposatzen duen iharduketa programa onartzea.
b) Osasun Sailak laneko osasunaren arloan proposatzen duen iharduketa-programari buruzko informazioa ematea.
c) Zuzendaritza Nagusiak proposatzen dion Osalaneko Plan Estrategikoa buruzko informazioa ematea, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu baino lehen.
d) Osalanen plangintza eta programaketa ekintzak bultzatzea.
e) Programak gauzatzeari eta zerbitzuak kudeatzeari buruzko kontrola eta zaintza; Zuzendaritza Nagusiak behar diren argibide guztiak emango dizkio egiteko hori burutzeko.
f) Osalanen aurrekontuen aurregitasmoa proposatzea Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari.
g) Urteko txostena onartzea, urteko lehen hiruhilabetekoan Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari bidaltzeko.
h) Proposamenak eta eskariak aurkeztea Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta Osasun Sailari.
i) Barne-iharduerari buruzko araudia onartzea.
8. atala.- Lehendakaria.
Hona hemen Kontseilu Nagusiko lehendakariaren egitekoak:
a) Kontseiluaren ordezkaritza organikoa edukitzea.
b) Ohiko bilkura eta ezohikoetarako deialdia erabakitzea eta eguneko gai-zerrenda ezartzea, beti ere, Kontseiluko kideek, aldez aurretik eta denbora nahikoaz, egindako eskariak kontutan hartuta.
c) Bilkuretan lehendakaritza lanak egitea, eztabaidak bideratzea eta, arrazoiak egonez gero, etetzea.
d) Berdinketarik egonez gero, bere botuaz erabakitzea.
e) Kontseiluaren ekintzak eta akordioak ikuskatzea.
f) Hartzen diren akordioak bete eta gauzatzen diren zaintzea.
g) Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eta Osasun Sailari Kontseiluan hartutako akordioen berri ematea.
h) Kontseiluko lana antolatzeko behar diren erabakiak eta neurriak hartzea.
i) Kontseiluko lehendakari izateagatik bete behar dituen gainerako egitekoak.
9. atala.- Eraketa eta bilerak.
1.- Lehenengo deialdian Kontseilu Nagusiak balioa izan dezan, kontseiluko kideen erabateko gehiengoaren quoruma beharko da, beti ere, bertan badaude edota ordezkatuta badaude, edota, gutxienez, kontseiluan ordezkatuta dauden erakunde eta antolakunde bakoitzeko kide bat badago.
2.- Bigarren deialdian, aldiz, quoruma kideen herenak bete beharko du, bertan daudela edo ordezkatuta.
3.- Dena dela, Kontseilua eratzeko lehendakariak eta idazkariak egon beharko dute, edota beren ordezkariek.
10. atala.- Bilkuretarako deia.
1.- Lehendakariak, idazkariaren bitartez, Kontseiluko kide guztiei dei egingo die, gutxinez, ohiko bilkura egin baino hamar egun lehenago eta ezohiko bilkura egin baino hiru egun lehenago.
2.- Jakinarazpenean lehenengo eta bigarren deialdiak, eguneko gai-zerrenda eta horko gaiei buruzko agiriak jaso beharko ditu.
Lehenengo deialdiaren eta bigarren artean gutxienez ordu bateko tartea jarri beharko da.
3.- Berariaz eta idatziz bokalen batek beste helbideren bat adierazi eta lehendakariak hori onartzen duenean salbu, Kontseiluan ordezkatuta dauden erakunde edo antolakundeen helbide ofizialetan jakinaraziko dira deialdiak.
11. atala.- Akordioak hartzea.
1.- Kontseilu Nagusiaren akordioak, araudi honetako beste atal batzuetan jasotako kasu berezietan ezik, bilerara joandako edo ordezkatutako kideen gehiengoz hartuko dira eta gai bakoitzeko bozketa bat egingo da. Berdinketarik egonez gero, lehendakariak erabakiko du bere botuaren bidez.
2.- Gai zerrendan jasotzen ez den gairik ezingo da aztertu edo erabaki, bai, ordea, Kontseilu Nagusiko kide guztiak bertan daudela, gehiengoaren batuaz gai hori presazkoa dela erabakitzen den kasuetan.
12. atala.- Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia.
1.- Hona hemen idazkariaren egitekoak:
a) lehendakariaren aginduz, bilkuretarako deia egitea eta Kontseiluko kideei zitazioak egitea.
b) Kideek Kontseilu Nagusiari egindako komunikazioak jasotzea, eta ondorioz, jakinarazpenak, datu eskariak, zuzenketak edo bere ardurapeko gainontzeko idazkiak.
c) Kontseiluko bilkurak prestatzea eta bilkuretako aktak idaztea.
e) Kontseiluko akordioekiko segimendua egitea.
f) Onartutako akordio, kontsulta eta diktamenei buruzko egiaztagiriak egitea.
g) Kontseiluari administrazio eta teknika mailako laguntza ematea.
h) Idazkari izateagatik dituen gainerako egitekoak, edo berariaz delegatzen zaizkionak.
2.- Idazkariak, Kontseilu Nagusiaren bilkuren ondoren, akta bat idatzi beharko du, hau jaso beharko duena:
a) bilkuran egon diren lagunen izenak, eguneko gai zerrenda, bilkura non eta noiz egin den, azterketaren puntu nagusienak, bozketa nola egin den eta emaitza eta hartutako akordioen edukina.
b) Dauden ordezkaritzek egindako adierazpenak, laburtuta. Hartzen den akordioarekin ados ez dauden kideek botu partikularra eman ahal izango dute idatziz, 48 orduko epean. Hartutako erabakiari erantsiko zaio hori.
c) Bilkura noiz bukatu den.
d) Zerbaitegatik bilkurarik egiten ez bada, idazkariak, berak eta lehendakariak izenpetuta, jaso egingo du hori, zergatik egin ez den azaldu beharko du, eta, beharrezkoa bada, bertaratu direnen izena eta agertu ez izanaren arrazoiak azaldu dituztenen izenak ere aipatu beharko ditu.
3.- Aktak orduan bertan edo hurrengo bilkuran onartuko dira eta baimena idazkariak emango du, lehendakariaren oniritziaz.
4.- Aktak, onarpena eta baimena emanda, akten liburuan sartuko dira.
13. atala.- Batzorde zientifiko-teknikoak.
1.- Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 4.4. atalean xedatutakoarekin bat etorriz, batzorde zientifikoteknikoak sor daitezke, Kontseilu Nagusiko kideen erabateko gehiengoak erabakitzen badu. Erabakian batzorde bakoitzaren zertarakoa eta iraupena zehaztuko dira.
3.- Laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren alorrean, erakundearen helburuak ahalik eta ondoen lortzeko Kontseilu Nagusiak egokitzat jotzen dituen ikerketa eta analisi espezifikoak egin beharko dituzte batzorde horiek.
4.- Kontseilu Nagusiari, batzorde zientifikotenikoen berri izan dezan, batzordeen iharduketari buruzko txosten bat bidaliko dio Kontseiluko idazkariak.
14. atala.- Kontseilu Nagusiko Batzordeak.
1.- Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 8. atalean xedatutakoarekin bat etorriz, Kontseilu Nagusiak batzorde bereziak sor ditzake bere helburuak hobeto lortzeko.
2.- Batzordeak eratzeko erabakian nortzuk osatuko duten zehaztuko da, lege horretako 6. atalean jarritako hautaketa eta ordezkaketak egiteko irizpideen arabera. Kontseilu Nagusiaren esanetara egongo da batzordeon iharduketa.
3.- Lurralde historiko bakoitzeko, batzorde bat era daiteke, Kontseilu Nagusiak ematen dituen jarraibideen pean egongo dena. Bere egitekoa Osalaneko iharduketa programak eta helburuak tokian tokiko lurralde historikoan betetzen diren zaintzea izango da.
4.- Lurralde batzorde horietako kideak Kontseilu Nagusiak izendatuko ditu, sindikatuek, enpresen elkarteek, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak, administrazio publikoek, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta Osasun Sailak proposatuta.
5.- Lurralde batzordeek Kontseilu Nagusiari kontuak emango dizkiote eta, gutxienez, seihilabetean behin, txosten bat aurkeztu beharko diote, programak kasuan kasuko lurralde historikoan zenbateraino gauzatu diren azaltzen duena. Txostena Kontseilu Nagusiak onartuko du.
6.- Batzorde horien jardunbidea eta bazkideen eskubideak eta betebeharrak Kontseilu Nagusiak arautuko ditu.
15. atala.- Kontseilu Nagusiko kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.- Kontseilu Nagusiko kideek, beren ihardueran, eskubide hauek dituzte:
b) Bilkuretako gaietan parte hartzeko.
c) Bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eta botuaren zentzua azaltzeko. Halaber, Kontseiluko kideren bat gehiengoak hartutako erabakiarekin ados ez badago, botu partikularra emateko eskubidea edukiko du, araudi honen 12. ataleko 2 zenbakiko b) idazatian jasotakoaren arabera.
d) Kontseiluko lehendakariaren bitartez, kontseiluak ez dituen datu eta agiriak, bere egitekoak burutzeko beharrezko dituenak, eskatu eta lortzeko.
e) Erreguak eta galderak egiteko.
f) Kontseiluko kide izateagatik ez da ordainduko. Dena dela, bere egitekoak burutzean sortzen diren gastuengatik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea edukiko da.
g) Bilerara joaterik ez daukan kideak Kontseiluko beste kide bati delega diezaioke botua, lehendakariari horren berri idatziz eman ondoren.
h) Kontseiluko kide izateagatik dagozkion gainerako prerrogatibak izateko eskubidea.
2.- Hona hemen Kontseilu Nagusiko kideek bete beharrekoak:
a) Bileretara joatea, halabeharrezko kasuetan salbu edo justifikatutako beste arrazoi batzuengatik denean salbu. Bileretara joatea ezinezkoa denean lehendakariari adierazi beharko zaio idatziz eta aurretiaz, denbora nahikoaz.
b) Kontseiluaren iritziz isilpekoak diren gaiak ez kaleratzea.
3.- Kontseiluko kideren bat, justifikatu gabe, bost biletara jarraian agertzen ez bada, lehendakariak interesdunari bere agertze ezak justifika ditzala eska diezaioke, eta egiten ez badu, dagokien erakundeei kide hori bere ordezkaritzatik ken dezala eska diezaieke.
III. ATALBURUA
ZUZENDARITZA NAGUSIA
1. SEKZIOA.- XEDAPEN OROKORRAK.
16. atala.- Horniketa.
1.- Osalaneko Zuzendaritza Nagusiko buru zuzendari nagusia izango da, Eusko Jaurlaritzan goi kargua eta zuzendari maila duena. Eusko Jaurlaritzaren dekretu-bidez izendatu eta kargugabetuko da, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposatuta eta Kontseilu Nagusian ordezkatuta dauden erakundeei kontsulta egin ondoren.
2.- Karguan inor ez egotea, karguduna kanpoan nahiz gaixorik egotea edo legez jasotako beste gorabehera batzuk gertatuz gero, Osalaneko zuzendari nagusia, bere eskuduntza guztiez, dekretu honen 18. atalean adirazitako areen arduradunek ordezkatuko dute, aipatzen den hurrenkerari jarraituz.
17. atala.- Egitekoak.
1.- Osalan sortzeko Legean jarritako egitekoak burutu beharko ditu, bai eta indarrean dauden legeetan ezartzen zaizkionak ere. Zehazki, egiteko hauek edukiko ditu:
a) Erakundearen zentru, zerbitzu eta unitate guztien jarduera zuzentzea, jarduera hori programa eta proiektuetako helburuak lor daitezen bultzatuz eta Osalaneko helburuak bete daitezen bideratuz, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak emandako jarraibideen arabera eta Kontseilu Nagusiaren akordioen arabera.
b) Osalaneko langilearen buruzagitza gorena izatea, langileengan ekimena eta partehartzea eraginez, eta erakundearen helburu eta jardunetan eurek ere erantzunkizun proporzionala har dezatela eraginez. Langileen prestakuntza jarraikorra zaintzea eta euren lanbidean gora egin dezatela erraztea.
c) Osalaneko aurrekontuen aurregitasmoa egitea eta idaztea, Kontseilu Nagusiari eta Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari aurkezteko.
d) Osalanen gastuei baimena ematea eta ordainketak agintzea, bai eta erakundearen ekonomia-eskubideak administratzea, kudeatzea eta gauzatzea ere, dagozkion arauetan ezarritakoaren arabera.
e) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen kontratazio organo legez aritzea.
f) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea legez ordezkatzea.
g) Osalaneko programak betetzeko, Kontseilu Nagusiari nahitaez irizpena eskatuta, hitzarmenak eta akordioak izenpetzea erakunde publiko eta/edo pribatuekin, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioan ezarritako arau orokorren esparruan.
h) Ekintzen urteko txostena gauzatzea, urteko lehen hiruhilabetekoan Kontseilu Nagusiari bidaltzeko.
i) Urtero, Osalanen jarduketarako plana prestatzea, Kontseilu Nagusiari aurkezteko, Erakundearen estrategiako programak eta proiektuak oinarri hartuta.
j) Laneko osasunaren alorrean Osasun Sailak proposatutako jarduketarako programa onartzea, aurkezten denetik hasita bi hilabeteko epean eta Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren.
k) Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, Osasun Sailari eta Kontseilu Nagusiari beren egitekoak betetzeko behar duten adina argibide ematea.
L) langileen osasunerako galgarri izan daitezkeen laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak larriki edo behin eta berriro urratuz gero, Lan-Agintaritzari jakinaraztea.
m) Proposamenak hasierazi eta izapidetzeko ardura duten unitateetatik datozen proposamenei erabakia ematea, Erakundearen egitekoei buruzko espediente administratiboetan. Dekretu honetako gehigarrizko xedapenetatik bigarrenean agindutakoa salbuespen izango da.
n) Osalaneko langileei baimena ematea foru, batzorde edo erakunde aholkularietan parte hartzeko, partaidetza horrek Erakundearen maila baldin badauka.
o) Osalani jarritako helburuak betetzeko beharrezkoak izanda, beste organoren batzuei izendatu ez zaizkien aginpideak gauzatzea.
2.- Halaber, zuzendari nagusiak, erakunde administratiboen artean lankidetza egon dadin zainduko du, bereziki Lan eta Osasun Agintaritzen artean eta Lan, Gizarte Segurantza eta Osasun Ikuskaritzaren artean.
2. SEKZIOA.- ORGANO ADMINISTRATIBOAK
18. atala.- Egitura.
Osalaneko Zuzendaritza Nagusiak lau area dauka: Area Eragilea, Area Sustatzailea, Antolakuntza eta Giza Baliabideen Area eta Area Ekonomiko-Administratiboa
19. atala.- Zuzendaritza Batzordea.
Zuzendari nagusia buru dela, Zuzendaritza Batzorde bat egongo da, aholkulari moduan, Erakundea kudeatzerakoan lagunduko diona. Bere osaera zuzendari nagusiak zehaztuko du Erakundearen langileen artean.
Bere egitekoak zuzendari nagusiak ezarriko ditu eta, koordinazio eta lankidetzaren bidez, Erakundearen kudeketa indartzeko eta Osalanen helburuak lortzeko eraginkortasuna sendotzeko bideratuko dira. Halaber, bere egitekoen artean egongo da Erakundearen harremanak hobetzea, barrukoak nahiz barnekoak, eta Erakundearekiko iritzia hobetzea.
20. atala.- Area Eragilea
1.- Area honen egitekoen artean, Osalaneko Zuzendaritzak izenda diezazkiokeenaz gain, hauek daude:
a) Enpresen, bertakoen edo kontratatuen lan-osasunerako organo prebentiboen jarduera indartzea, teknika eta administrazio mailako laguntzaz.
b) Laneko sektore eta esparruetan dauden arrisku-gune nagusienei buruz ezagupen efikaza lortu eta mantentzea.
c) Ikerketak, txostenak eta aholkulanak egitea, langileen osasunerako arriskutsu izan daitezkeen lanpostu, lokal eta lanlekuei buruz, bai eta, lehengai, produktu berri, tarteko produktu eta azken produktuei eta teknologia berriei buruz, laneko gaien osagaien eta horiek erabiltzen dituzten langileen arteko erlazioa aipatuko delarik.
d) Laneko istripu eta gaixotasunen arrazoiak eta eragileak aztertu eta ikertzea, eta prebentziorako neurriak eta zuzentzaileak jartzea eta Lan-Agintaritzari jakinaraztea.
e) Lanaren eremuan drogamenpekotasuna kontrolatzen eta gutxitzen laguntzea, Droga Gaietarako Idazkaritzak emandako jarraibideen eta Osasun Sailaren proposamenen arabera.
f) Lan-emaile eta langileei informazioa eta prestakuntza ematea, laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna babesteko ezagupen eta gaitasunen inguruan.
g) Enpresetan segurtasun eta higiene mailei buruzko kontrolak egitea eta sustatzea. Enpresariei, langileei eta ordezkariei aholkuak ematea maila horiek hobetzeko neurriei buruz.
h) Makineria, tresneria, lan-orduak eta lanaren antolaketa langileen gaitasun fisikoei, mentalei eta sentimen-gaitasunei egokitzeari buruzko azterketak egitea eta sustatzea, ekoizpen eragiketak eta prozesuak sartuz eta lan erritmoak eta jarduera mailak sartuz.
i) Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, eta, behar izanez gero, aginpidea duten beste agintaritza batzuei analisi, azterketa eta txostenak egitea, langileen baldintza teknikoen gainean eta langileek laneko arriskuetan aritzeko mugen gainean.
j) Enpresetan, aplika daitezkeen aurre-hartzeko arau teknikoak, hitzarmenekoak zein Elkarte edo Estatukoak, jartzen laguntzea.
k) Urteko Planetik burutzea dagozkion programa eta proiektuak gauzatzea.
l) Laguntza teknikoa ematea beste organo administratibo batzuei, industriasegurtasunaren gainean eskuduntza duen agintaritzari eta Agintaritza Judizialari. Enpresei, langileei eta bere erakundeei laguntza eta aholku teknikoa ematea.
2.- Area honen menpe egongo dira unitate sektorialak eta laborategia.
21. atala.- Area Sustatzailea
Area honen egitekoen artean, Osalaneko Zuzendaritzak izenda diezazkiokenaz gain, hauek daude:
a) Egon daitezkeen aldaera esanguratsu guztiak kontutan hartuta, Lan-Osasunean prebentziorako informaziorako sistema estrategiko bat taiutu, ezarri eta mantentzea eta sistema hori etengabe egokitzea, egoera sozial eta lanekoaren eboluzioaren arabera.
b) Laneko istripuei buruzko informazioa eta datu estatistikoak prestatzea, eta gero, ikertu, baloratu eta argitaratzea, Euskal Autonomi Elkarteko estatistika-planekin lankidetzan aritzeaz gainera. Estatistikak egiten laguntzea Estatuan eta Elkartean.
c) Laneko osasun, higiene eta segurtasunerako metodo eta teknikei buruzko ikerketak bultzatzea, egitea, laguntzea eta garatzea.
d) Enpresentzat, laneko osasun, higiene eta segurtasunari buruzko prestakuntza ikastaro eta planak programatu eta garatzea.
e) Enpresetan Laneko Osasunean prebentziorako kultura sartzea, enpresako kalitaterako estrategia eta planetan erabateko garrantzia duenez gero, prebentzio ezak dakartzan kanpora-jotzeak kontutan hartuta.
f) Osalanen plan estrategikoa egitea eta planaren ezartzea kontrolatzea. <P>g) Osalaneko programa sektorialei eta proiektu espezifikoei metodologiak eta euskarri teknikoa ematea.
h) Batez ere segurtasun, higiene eta metodo ergonomikoei buruz, zaintzarako protokoloak eta araudia ezartzen lankide izatea Elkarteko edo Estatuko beste erakunde publiko batzuekin. Haurdunaldi eta ugatzaldian dagoen emakume langilearen eta ikastun eta langile helduen lan-baldintzei buruzko aholkuak ematea. Banakoaren eta taldearen lan-osasuna hobetzeari begira, agente sozialekin eta erakunde zientifiko eta irakaskuntzako erakundeekin foroetan lankide izatea, kultura zientifiko-laborala hedatu eta sakontzeko.
i) Osalaneko zuzendari nagusiari prebentziorako zerbitzuetarako baimena eta kreditazioa proposatzea, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta zerbitzuon jarduera kontrolatzea eta ebaluatzea.
j) Lanean sortutako gaixotasunetarako epidemiologiazaintzarako sistema eraginkor bat jartzea eta mantentzea, langileen osasunari egindako ebaluazioak arrisku eragileekin erlazionatuz.
k) Langileen osasunerako kalteak ekar ditzaketen laneko mikroklimaren eragileak detektatu eta prebenitzea.
l) Langileen osasuna zaintzea, arrisku eta hondatze eragileak goiz detektatzeko, batez ere haurdunaldian edo ugatzaldian dagoenean emakumeak dituen lan eta ingurugiro baldintzei arreta jarriz, eta beharrezkoa izanez gero, emakumearen jarduera aldi baterako egokitzea bultzatuz.
m) Administrazio publikoetako, kooperatibetako eta enpresetako Laneko Osasun Zerbitzuei osasun mailako ikuskaketa eta kontrola egitea, bai eta laneko gaixotasun eta istripuetarako mutualitateei eta indarrean dagoen legeriaren arabera sor daitezekeen gainerakoei ere. Halaber, zerbitzu horietarako behar den baimena proposatuko dio
Osalaneko zuzendari nagusiari.
n) Osasun-protokolo espezifikoak egin eta onartzea, langileen osasuna zaintzeko jardueretarako irizpideak ezartzeko. Osasun Sailari, zuzendari nagusiaren bidez, bere ardurapeko gaietarako araudia era dezala proposatzea.
o) Osasun Sailak emandako jarraibideen arabera, laneko arriskuen mapa egitea, prebentzioaren plangintza egiteko tresna den aldetik.
p) Lan munduan dagoen drogamenpekotasunari buruzko azterketak egitea, osasunean eta lan jardueran duen eragina neurtuz eta Droga Gaietarako Idazkaritzak egindako txostenak kontutan hartuta. Prebentziorako eta birgaitzeko neurriak ere proposatu beharko ditu.
22. atala.- Laneko Osasun Unitatea
Laneko Osasun Unitatea Area Sustatzailearen menpe egongo da. Unitate hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 11. atalean dago jasota.
Organikoki Osalanen sartuko bada ere, funtzionalki Osasun Sailaren menpe egongo da. Bere egitekoak burutzean, Osasun Agintaritzaren izaera edukiko du.
Unitate honen zeregina Osasun Sailak osasun publikorako dituen osasun-politikekin lotune izatea da eta Laneko Osasunaren alorrean Osasun Sailak aurkeztutako jarduketa programa betetzen den zaintzea.
Bere egiteko espezifikoak aurreko atalean, j) hizkitik p) hizkira bitartean adierazitakoak izango dira.
23. atala.- Antolakuntza eta Giza Baliabideen Area
Area honen egitekoen artean, Osalaneko Zuzendaritzak izenda diezazkiokeenaz gain, hauek daude:
a) Osalaneko giza-baliabideak behar den moduan erabiltzeko bideak ezartzea eta jarraibideak formulatzea.
b) Osalanen kultura enpresariala kudeatzea, inguruko baldintzetara egokituz.
c) Erakundeko arduradunei barne kudeaketarako metodoak eta prozedurak eskuratzea, helburuak lortzea errazteko.
d) Erakundearen helburuekin eta antolakuntzarekin langileak ahalik eta gehien integratzeko, feed-back bidezko informaziorako eta elkarrizketarako bideak eta prozedurak ezartzea.
e) Kalitaterako modulo bat taiutu, ezarri eta mantentzea, Erakundeak ematen dituen zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzeko beharrezko diren tresnak eskura diezazkien unitate eta zerbitzuei.
24. atala.- Area Ekonomiko-Administratiboa
a) Osalaneko ekonomia-baliabideak kudeatzea, gastuaren legezkotasuna, zerbitzuen errentagarritasuna eta zerbitzuon kostea ahalik eta gehien hobetzearen printzipioak oinarritzat hartuta.
b) Erakundearen jarduerarako beharrezkoak diren zerbitzuak eta ondasunak erostea proposatzea.
c) Osalanen azpiegituraren mantentzea ahalik eta ondoen hobetzea eta egitura hori Osalanen egitekoetara etengabe egokitzea.
d) Programa eta proiektuei jarraipena eta ekonomia-ebaluazioa egitea helburuak bete direnentz jakiteko, beren kostea hobeto ezagutzeko eta horien ardura dutenei erabakiak hartzea errazteko.
3. SEKZIOA.- UNITATEAK
25. atala.- Unitate Sektorialak
Osalanen oinarri dira sustatze ihardueretan eta aholku eta kontrol lanetan. Beren egitekorik nagusiena zerbitzua bideratzea da zerbitzua erabiltzaileengana hurreratuz eta programak eta proiektuak gauzatzeko behar diren balidabideak kontzentratuz.
Laguntza Teknikorako Zentruetan kokatzen dira eta Osalaneko zerbitzuen erabiltzaileentzat erreferentzia unitateak dira.
26. atala.- Sektoreak
Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio sektoreak sortu eta mugatzea. Lan jardueraren esparru jakin batzuk dira eta arrisku maila nahiko homogenoa edukitzeagatik eta nahiko garrantzitsuak izateagatik, programa sektkorial bat egitea eta martxan jartzea justifikatzen dute.
Programa sektorialaren organo kudeatzaileak sektoreko programa guztiak eta Sektoreko Programa, osotasunean hartuta, burutzeko behar dituen baliabide guztiak edukiko ditu.
4. SEKZIOA.- PLANAK, PROGRAMAK ETA PROIEKTUAK
27. atala.- Plan estrategikoa
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Plan Estrategikoak laneko arriskuen egoeraren diagnostikoa, prebentziorako zerbitzuak eta langileen osasunean zerbitzuok duten eraginaren mailak hartuko ditu bere gain.
Helburu estrategiko batzuk aukeratuko ditu eta horiei lehentasuna emango die, Erakundearen egitekoekin bat etorriz eta egitekook garatzeko.
Azkenik, jarduera estrategikoetarako jarraitu beharreko bidea zehaztuko du, ikusitako egoera eta joeren arabera eta dauden baliabideen arabera.
Dena dela, aurrikusitako helburuak zenbateraino lortu diren ebaluatzeko beharrezkoak diren kontrol-indikatzaileak ere sartuko dira.
28. atala.- Programa sektorialak
Osalanen jarduera espezifikoa programa sektorialetan antolatuko da batez ere eta prozesu, produktu, instalazio eta arriskuen homogeneotasunean oinarritutako sektoreei atxikiko zaizkie.
Beren ezaugarririk nagusiena orientazio multidiziplinarra edukitzea izango da, programaren helburuak lortzeari begira garrantzitsuak diren aspektu guztiak kudeatu ahal izateko.
Definizioa, zehaztapena eta garapena Osalanen urteko planen bidez egingo dira, inguruaren eboluziora eta helburuak lortzera egokitu beharko direla.
Salbuespen modura, sektorialak ez diren programak egin ahal izango dira, Erakundeak eraginkortasun handiagoa izan dezan.
29. atala.- Proiektuak
Osalanen jarduera guztiak programei atxikitako proiektuetan batuko dira, jarduketarako jardunbideak, burutzeo epeak, giza baliabideak, baliabide materialak eta lortu beharreko helburuak ezarrita badituzte eta prozesutan antola badaitezke.
Urte baterako ezarriko dira eta urteko planari erantsiko zaizkio, kasuan kasuko programaren bidez.
Proiektuak antolaketarako oinarrizko esparruak dira, Osalaneko langileek Erakundearen helburuak lortzen aktiboki parte har dezaten.
5. SEKZIOA.- PREBENTZIORAKO PROZESUAK
30. atala.- Sistemak
Lanean ingurugiro osasuntsu bat lortzen, enplegu-emaileak eta langileak
protagonista eta lehen mailako agente direla oinarri hartuta, Osalanek prebentziorako prozesuak jartzen, mantentzen eta etengabe hobetzen lagunduko du bere jardueraren bidez. Prozesu horiekin, enpresen ekoizpen prozesuei estu-estu lotuta baitaude, laneko arriskuen eragina gutxitzeko babes-sistemak sortuko dira.
Prozesu eta sistema horiek indarrean dagoen legerian eta gaur egun dauden ezagupen zientifiko eta sozialetan oinarrituta daude eta enpresen helburuen barruan, produktibitate eta lehiakortasuneko programen barruan egon beharko dute, bai eta enpresen ondasun eta zerbitzuen kalitatean.
6. SEKZIOA.- BESTE ERAKUNDE EDO INSTITUZIO PUBLIKO BATZUEKIN EDO EGITEKO PUBLIKOAK DITUZTENEKIN LANKIDETZA
31. atala.- Beste erakunde batzuekin lankidetza.
Osalanek behar diren akordioak izenpetuko ditu interes amankumunen alor edo esparruetan, beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea beharrezkoa da eta.
IV. ATALBURUA
EKINTZEN LEGE ARAUBIDEA
32. atala.- Zuzendari nagusiaren erabakiak.
1.- Idazkaritza Nagusia da erabakiak hartzeko eskuduntzadun organo bakarra.
2.- Zuzendari nagusiaren erebakiek amaiera jarriko diote administrazio bideari.
33. atala.- Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.
Zuzendari nagusiaren erabakiaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek. Dena dela, errekurtsoa aurkeztu aurretik, organo hari jakinarazi beharko diote, hala agintzen du-eta Herri-Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 110.3. atalak.
34. atala.- Ofizioz berraztertzea.
Osalaneko zuzendari nagusiak, ofizioz edo alderen batek eskatuta, Osalanen ekintzak eta erabakiak ofizioz berrazter ditzake, administrazioaren ihardunbideari buruz lege orokorrek agintzen dituzten kasuetan eta ihardunbidea erabiliz.
35. atala.- Bide judizial zibil edo laboralaren aurretiazko erreklamazioa.
Administrazio zuzenbideari loturik ez dauden Osalaneko ekintza eta akordioen aurka, bide judizial zibil edo laboralaren aurretiazko erreklamazioa egin ahal izango zaio Osalaneko zuzendari nagusiari eta berak emango dio ebazpena erreklamazioari, Herri-Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 120. ataletik 124. atalera bitartean xedatutakoarekin bat etorriz.
V. ATALBURUA
OSALANEKO LANGILEAK
36. atala.- Osalaneko langileak.
Hauek dira Osalaneko langileak:
a) Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko plantiletako edo kidegoetako herri funtzionarioak izanik erakundean lan egiten dutenak.
b) Estatutupeko langileak.
c) Lan-hitzarmena duten langileak, finkoak edo aldi baterakoak.
1.- Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen gehigarrizko xedapenetatik lehenengoan agindutakoaren arabera, erakunde horri atxikiko zaizkio abenduaren 18ko 2557/1985 Erregeren Dekretuaren bidez Euskal Autonomi Elkarteari eskualdatutako laneko segurtasun eta higienerako lurraldeko kabinete teknikoen ondasunak eta zerbitzuak, bai eta egun horretatik erakunde hau sortu bitartean eskuratutakoak ere.
2.- Erakundearen helburuak lortzeko beharrezkoak diren ondasunak ere atxikiko zaizkio.
3.- Atxikitzerakoan, ondasuna nahiz eskubidea herri-ondasun bihurtuko da, Euskadiko ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 24. atalaren arabera.
38. atala.- Osalanen baliabideak.
Baliabide hauek edukiko ditu:
a) Euskal Autonomi Elkartearen aurrekontu orokorretan izendatutako kredituak.
b) Osalanen titularitatepean dauden edo berari atxikitako ondasunak eta eskubideak, eta horien produktu eta etekinak.
c) Ikerketa, teknika edo prestakuntzako iharduerak gauzatzerakoan, behar den moduan baimendutako zerbitzuetatik eratorritakoak, kasuan kasuko xedapenen arabera.
d) Aitor dakiokeen beste edozein baliabide.
39. atala.- Aurrekontuak.
1.- Osalaneko kudeaketa urteko aurrekontuari lotuta egongo da. Aurrekontua onartzea Eusko Legebiltzarrari dagokio.
2.- aurrekontuen egitura Euskadiko aurrekontuen jaurbidea osatzen duten araudira eta erregeletara egokitu beharko da, dirusarrerak eta gastuak sailkatzeari, zehaztasun graduari, horiek burutzeari eta likidatzeari dagokienez.
40. atala.- Kontabilitatea eta kontuhartzea.
Osalaneko Kontabilitaterako, kontuak aurkeztu eta kontuhartzeko jaurbidea Euskal Autonomi Elkarteko kontabilitate eta ekonomi kontrolerako berariazko araudian ezarritakoa izango da.
Lehenengoa.- Enpresari eta langileei burzko aipamenak.
Gizarte ordenako lege-hauste eta zigorrei buruzko legerian enpresariak aipatzen direnean, euskal kooperatibak eta laneko osasun unitateak termino horren barruan sartuko dira, Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen azkeneko xedapenetatik hirugarrenean jasotako ondorioetarako. Langileak aipatzen direnean, bestalde, euskal Laneko Osasun Unitateetako langileak eta euskal kooperatibetako langileak eta lan-bazkideak barne sartuko dira.
Bigarrena.- Zigor-espedientea hasiarazi eta tramitatzea.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean eta Osalanen iharduketa-eremuan sartutako gaiei buruz indarrean dauden arauetan agindutakoa aplikatzearen ondorioz egindako zigorespedienteak hasiaraztea eta izapidetzea, erakunde autonomiadunaren zerbitzuei dagozkie. Zerbitzuok erabaki proposamena aurkeztuko diote Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko agintedunei.
<FONT SIZE=2>