Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2020ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4490

36/2020 DEKRETUA, 2020ko urriaren 26koa, lehendakariarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak, birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, gure inguruko herrialdeek modu sistematikoan horietara jo izanak egiaztatutako erabilgarritasunarekin, hori guztia Osasunaren Mundu Erakundeak eta beste batzuek adierazitakoarekin bat etorriz.

Testuinguru horretan, eranskinean azken asteotan hartutako neurriak eguneratuko dituen adierazpen orokor batez gain, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Euskadiko Lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. Artikulua.– Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzea.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak adierazitako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan gaueko ordutegian dauden pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugaren hasiera-ordua 23:00ak izango da, eta muga horren amaiera-ordua 06:00ak.

2.– Aurreko puntuan ezarritako ordutegian, pertsonek erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik zirkulatu ahal izango dute soilik urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko:

a) Sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

c) Albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

g) Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

i) Gasolindegietako edo gasolina-zerbitzuguneetako errepostajea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean sartzeko eta bertatik irteteko mugak ezartzen dira.

2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egindako joan-etorriak baino ez dira baimenduko, behar bezala justifikatuta badaude:

a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.

h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

j) Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.

k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoaz gain, mugatu egiten da bizilekua finkatuta duten udalerriko mugarte bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, aurreko zenbakian aurreikusitako salbuespenekin, eta mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimentzeari kalterik egin gabe, ohiko igarobidean, banakako gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko. Salbuetsita daude, halaber, eranskinaren 14.1 atalean baimendutako kirol-lehiaketetarako beharrezkoak diren lekualdatzeak.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatzekoak diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.

3. artikulua.– Pertsona-taldeak espazio publiko eta pribatuetan egotea mugatzea.

1.– Pertsona-taldeak erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalekoetan, nahiz erabilera pribatuko espazioetan egoteko, ezinbestekoa izango da gehienez ere sei pertsona egotea, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak.

2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen direnak ere.

4. artikulua.– Prebentzio-neurri espezifikoak.

Dekretu honen aurretik hartutako neurriak indarrean jarraituko dute eta aplikatuko dira. Eranskinean jasotzen dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Dekretu honetan eta haren eranskinean ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arau eta egintza guztiak, eta, bereziki, indargabetuta geratzen dira Osasun sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko eta urriaren 22ko aginduak, osasun publikoaren arloko prebentzio-neurri espezifikoak hartu zituztenak.

azken xedapenetako lehenengoa

Dekretu honetan aurreikusitako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira.

azken xedapenetako BIGARRENA

Dekretu hau 2020ko urriaren 27ko 06:00etan jarriko da indarrean.

azken xedapenetako HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urriaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

ERANSKINA
OSASUN PUBLIKOAREN ARLOKO NEURRI ESPEZIFIKOAK

1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.

COVID-19aren goranzko joera itzularazteko eta horren eragina ahalik eta gehien gutxitzeko, herritarrek ezinbestez parte hartu behar dute.

Horretarako, herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.

Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu daitekeenean. Salbuespen izango dira agindu honetan aurreikusitako kasuak, bai eta COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuak ere.

Lantokietan ez da maskara nahitaez erabili beharko langileak beren lanpostuetan eserita daudenean. Dena den, haien artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia egon beharko da. Baina maskara nahitaezkoa izango da baldin eta langileak beren lanpostuetan eserita ez badaude eta espazio komunak partekatzen badituzte, korridoreetatik badabiltza, bileretara badoaz edo antzeko edozein egoeratan badaude, non elkarrengatik hurbil egon bailitezke elkarrekin bizi ez diren langileak. Ez da halakorik eskatuko lan-osasuneko zerbitzuek lanaren tipologia edo baldintza bereziek direla-eta gomendatzen badute maskara ez erabiltzea.

Desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasuna edo arnasa hartzeko zailtasuna dela-eta aipatutako 21/2020 Errege Lege Dekretuan oinarrituta maskara erabiltzetik salbuetsita dauden pertsonen kasuan, gorabehera hori dokumentatu ahal izango dute, behar den moduan, desgaitasun- edo mendetasun-maila egiaztatzen duen dokumentu baten bidez, edo mediku-ziurtagiri baten bidez, zeinaren ordez aurkeztu ahal izango baita eraginpeko pertsonaren edo haren tutorearen erantzukizunpeko adierazpen bat. Hori ez da eragozpen izango erantzukizunak eskatzeko, adierazpenaren zehaztasunik ezagatik.

Bizikideak ez diren pertsonen kasuan, espazio pribatu irekietan zein itxietan egindako bileretan edo sortutako taldeetan maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

Nahitaezkoa da maskara erabiltzea erabilera komuneko espazio pribatuetan, hala nola eskaileretan, urbanizazioetako lorategi pribatuetan, solariumetan, zabaltzetan edo antzeko lekuetan.

Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere sei lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.

Derrigor maskara behar bezala erabili behar da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (barne) estaliz.

Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta dagoen erabilera profesionaletan.

Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.

Jarduera guztietan eskatuko diren higiene- eta prebentzio-neurriak.

Oro har, ezartzen diren berariazko arau edo protokoloei kalterik egin gabe, higiene- eta prebentzio-neurri hauek aplikatuko zaizkie establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei:

Jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeen zuzendariak edo arduradunak ziurtatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla dekretu honetan aipatzen diren establezimendu, lokal, instalazio edo espazioen ezaugarrietarako eta erabilera-intentsitaterako.

Txartelarekin edo gailuen arteko kontaktu fisikorik eragiten ez duten beste bitarteko batzuekin ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.

Ezin izango da erre bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan, ezin bazaio pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantziari eutsi. Tabakoa arnasteko beste edozein dispositiboren erabilerari ere aplikatuko zaio muga hori, hala nola zigarreta elektronikoei, lurrungailuei, ur-pipei, pipei edo antzekoei.

2.– Talde espezifikoetako PCR baheketak.

Agerraldi epidemikoren bat izanez gero, edo egoera epidemiologikoak hala egitea gomendatzen duenean, PCR proben bidezko baheketak egingo dira arriskuko biztanlerian eta arriskupean egon daitekeen biztanlerian (adibidez: zentro soziosanitarioetan, transmisio komunitarioko auzoetan, ikastetxeetan, eraginpeko etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan, etab.).

3.– Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.

3.1.– Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta edukiera horretan langileak ere jasoko dira. Haien barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin.

Pertsonen zirkulazioa antolatzeko eta espazioak banatzeko orduan, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko ahalegina egin beharko da. Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta eremu jakin batzuetan pilaketak saihesteko, bai barrualdean bai kanpoan, eta haien arteko kontaktua saihesteko. Bi ate edo gehiago daudenean, erabilera desberdina ezarriko da sarrerarako eta irteerarako, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko.

3.2.– Hori kontuan hartuta, erabilera publikoko establezimenduak eta tokiak ahalik eta sarrien aireztatu beharko lirateke, eta nolanahi ere, egunean 3 aldiz gutxienez.

3.3.– Debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 20:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Hori guztia, ostalaritzako eta jatetxeetako lokalen kasuan izan ezik; horiek irekitzeko eta ixteko ordutegi espezifikoa eranskin honetan ezarri da. Debekatuta dago alkohola bide publikoan kontsumitzea, ostalaritza-zerbitzuei lotutako terrazetan izan ezik.

4.– Beilak eta ehorzketak.

4.1.– Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.

4.2.– Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada. Gainera, hala badagokio, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko dagokion konfesioko kultu-ministroak edo antzeko pertsona batek ere parte hartu ahal izango du. Leku itxian egiten bada, gehienez ere 10 pertsona izan ahalko dira, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.

4.3.– Kasu guztietan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea denbora guztian.

5.– Kultu-lekuak.

Kultu-lekuetan ezingo da edukieraren ehuneko 50eko kopurua gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia egon beharko da. Kulturako erabiltzen den espazioko ikusteko moduko toki batean erakutsi beharko da gehieneko edukiera.

6.– Merkatuak.

Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan, –azoka txiki gisa ezagutzen direnak– ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, aldameneko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea izan beharko da eta bezeroen joan-etorria mugatuko da, halako moduz non pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko baitzaio. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantziari eutsiko zaio.

7.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera.

7.1.– Hezkuntza-jarduera, prestakuntza-jarduera eta aurrez aurreko ikerketa-jarduera oro, araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila desberdinak barne, eta goi-mailako hezkuntzari dagokienez, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerei dagokienez ere, eranskin honetan jasotako arauen arabera garatuko da, eta, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Koronavirusaren (SARS-CoV-2) aurka jarduteko protokolo orokorraren arabera, 2020-2021 ikasturtean, Hezkuntza Sailak egina.

7.2.– Euskal Unibertsitate Sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gainerako unibertsitate-zentroek, beren autonomia kontuan hartuta, beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

7.3.– Halaber, ikerketa-arloan jarduerak egiten dituzten zentroek, laborategiek, ikerketari eta administrazioari laguntzeko zerbitzuek beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

7.4.– Aurrez aurreko hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera oro prebentzio-, osasun- eta higiene-arauak errespetatuz egingo da, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz, eta maskarak erabiliz.

8.– Euskaltegiak, akademiak, autoeskolak, eskolak eta arautu gabeko prestakuntza-zentroak.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera, halakoak dagokien erregistroan inskribatuta baitaude, presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den.

9.– Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

9.1.– Barruan baimendutako gehieneko edukieraren % 50eko edukiera baimentzen da, eta mahaien eta, hala badagokio, mahai-multzoen arteko 1,5 metroko distantzia fisikoa ziurtatu beharko da, barruan zein kanpoan. 1,5 metroko distantzia hori mahaietatik gertuen dauden pertsonen artean neurtuko da. Mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko gehienezko taldea 6 pertsonakoa izango da, barruan zein kanpoan.

9.2.– Kontsumoa mahaian eserita egingo da beti. Barran kontsumitzea debekatuta dago. Bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantendu beharko da beti, eta denbora guztian eserita egon beharko dute. Koktelak eta buffetak egin daitezke, gehienez ere 6 laguneko taldeetan.

9.3.– Maskara nahitaez erabili beharko da une oro, kontsumitzeko berariazko unean izan ezik.

9.4.– Ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruz indarrean dauden osasun-jarraibideekin bat etorriz, egungo egoerak eta dekretu honen indarraldiak irauten duten bitartean, ez da ordutegiak luzatzeko baimen berririk emango jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren euskal erregelamenduaren 37. artikuluaren babesean, eta eman direnak ondoriorik gabe utziko dira.

9.5.– Ostalaritza eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuek, terrazek barne, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, barne hartuko da bezeroak ateratzea, 23:00etan zirkulazioa mugatu baino nahikoa lehenago. Lokala itxita egon beharko da jendearentzat eta ezin izango da berriro ireki 06:00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.

9.6.– Aurreko puntuan ezarritako ordutegi-mugak ez zaizkie aplikatuko erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneetako ostalaritza-zerbitzuei. Zerbitzuguneen titularrek bermatuko dute instalazioetako komun- eta ostalaritza-zerbitzuak eskuragarri egongo direla garraio profesionaleko zerbitzuak ematen ari diren pertsonentzat soilik. Zerbitzu horien artean, honako hauek egongo dira: sukaldea duten establezimenduetako catering-zerbitzuak (sukaldea irekita egon ahal izango da); ostalaritza-zerbitzuak; edo prestatutako janaria saltzeko makinak. Zerbitzu horietan ezin izango da alkoholdun edaririk saldu, eta ezin izango dute beste zerbitzurik eskaini aurreko puntuan adierazitako ordutegi-mugaren barruan; horrez gain, gehienez ere hamar laguneko edukiera izango dute.

9.7.– Debekatuta dago txokoetan, elkarte gastronomikoetan eta lonjetan edozer jarduera mota egitea, eta itxita egon beharko dute.

10.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako gune komunak.

10.1.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera % 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.

10.2.– Gehienez ere 6 pertsonako taldetan egin daitezke cocktail-ak eta buffetak, barne-lokal bakoitzeko edo behar bezala mugatutako kanpo-eremu bakoitzeko. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuta, maskara erabiliz.

10.3.– Animazio-jarduerak edo talde-eskolak gehienez ere 6 lagunentzako edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira. Jardueran parte hartzen duten pertsonen arteko eta horien eta animatzailearen arteko distantzia errespetatu beharko da, edo, bestela, babes fisikoko neurriak erabili. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

10.4.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako kirol-instalazioen kasuan, hala nola igerilekuen edo gimnasioen kasuan, horietarako berariaz ezarritako neurriak aplikatuko dira.

11.– Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak.

11.1.– Taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida barne, eta instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

11.2.– Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren % 50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).

12.– Azoka-esparruak.

12.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko azoka-esparruek beren jarduera nagusiarekin lotutako azokak egin ahal izango dituzte; eta areto edo espazio bakoitzeko edukiera baimenduaren ehuneko 50eko edukiera izango dute gehienez ere. Azoka-jarduera horri lotutako ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari dagokionez, agindu honen 8. puntuan ezarritako mugak eta baldintzak bete beharko dira.

12.2.– Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

12.3.– Azoka-esparruek ezinbesteko mekanismo guztiak izan beharko dituzte bisitari, erakustoki, antolatzaile, hornitzaile eta langileei ingurune segurua ziurtatzeko, higiene- eta osasun-berme handienekin. Era berean, protokolo zorrotz bat eduki beharko dute honako hauei buruz: sarbideen kontrola, edukieren prebentziozko kudeaketa, pertsonen trafikoaren eta urruntze sozialaren kontrola eta monitorizazioa; instalazioen higienizazioa, kalitatea eta ingurumen-segurtasuna; osasun-agintari eta -zerbitzuekiko koordinazioa eta komunikazioa; eta kasu susmagarrien aurreko jarduerak eta horiei dagozkien laguntza-planak.

13.– Kultura-jarduerak eta -ikuskizunak.

13.1.– Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta).

13.2.– Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren % 50eko gehieneko edukiera baimenduarekin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

14.– Kirol-instalazioak eta kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egitea.

14.1.– Taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola. Salbuetsita daude gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak, betiere maskara erabilita, bai eta lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak ere.

Talde federatuen edo eskolakoen kirol-entrenamenduak baimenduta daude, seiko taldeetan.

Eten egiten da profesionala edo erdi-profesionala ez den talde federatuen lehiaketa, bai eta 2007. urtean eta hurrengoetan jaiotako ikasleek parte hartzen duten eskola-kiroleko lehiaketak ere, hau da, eskola-orduetatik kanpo eta eskolatze-aldian (16 urtera arte) ikastetxeetan, kirol-instalazio publikoetan edo pribatuetan (kirol-klubetan, esaterako) egiten diren kirol-jarduera antolatuak.

14.2.– Kirol-instalazioetan, baimenduko den gehieneko edukiera izango da instalazioaren edukiera baimenduaren % 50. Taldean ematen diren eskoletan, gehienezko parte-hartzaile kopurua 6 lagunekoa izango da talde bakoitzeko, eta eskola ematen den espazioan puntu honetan ezarritako gehieneko edukiera errespetatuko da.

14.3.– Espazio itxietan egiten diren lehiaketek, ekitaldiek eta kirol-ikuskizunek arriskuak murrizteko plan bat izan beharko dute, eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatuko du plan hori. Nolanahi ere, baimendutako edukieraren % 50eko edukiera izan dezakete, gehienez ere 400 pertsonakoa. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da.

14.4.– Aire zabalean egiten diren lehiaketek, ekitaldiek eta kirol-ikuskizunek arriskuak murrizteko plan bat izan beharko dute, eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatuko du plan hori. Nolanahi ere, baimendutako edukieraren % 50eko edukiera izan dezakete, gehienez ere 600 pertsonakoa. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik; horiek ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da.

14.5.– Aire zabaleko kirol-lehiaketak publikoarekin egiteko, hala nola arraunketa, atletismoa, bideko txirrindularitza, automobil-rallyak eta antzekoak, arriskuak murrizteko plan bat eduki beharko da, Osasun Publikoko Zuzendaritzak ebaluatuko duena. Dena den, ekitaldia gauzatuko den espazioa edo ibilbidea aurrez mugatuko da, eta espazio edo ibilbide bakoitzean gehienez ere 600 pertsona baimenduko da. Bertaratzen diren edo parte hartzen duten pertsonen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantenduko da, eta maskara nahitaez erabili beharko da.

15.– Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak.

Gida erabiltzen duten jarduerak gehienez ere 6 lagunekin osatutako taldeetan egingo dira. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

16.– Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak.

Taldeen bisitak gehienez ere 6 pertsonakoak izango dira; jarduera egiten den bitartean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskarak une oro erabili beharko dira.

17.– Zezen-plazen, -esparruen eta -instalazioen jarduera.

Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztietan egiten diren ohiko ikuskizunen, ikuskizun orokorren edo bestelakoen zezen-jarduerak arriskuak murrizteko plan bat izan beharko du, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatuko duena. Nolanahi ere, aurrez esleitutako besaulkiak izan beharko dituzte, baimendutako edukieraren % 50 gainditu gabe, gehienez ere 600 pertsonarekin, eta banaketa homogeneoa izango da esparruan. Inola ere ezin izango da prestatze-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin.

18.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

Joko eta apustuetarako establezimendu eta lokalek 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, barne hartuko da bezeroak ateratzea, 23:00etan zirkulazioa mugatu baino nahikoa lehenago. Lokal horiek itxita egon beharko dute jendearentzat, eta ezin izango dira berriro ireki 06: 00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan aplikatuko dira, jaiegunak barne.

19.– Aire zabaleko jarduera fisikoa.

Banaka edo taldeka egin daiteke, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere 6 pertsonako taldeetan.

20.– Ibilgailuen okupazioa eta erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko lurreko eta itsasoko garraioan.

20.1.– Okupazioa bidaiarien garraioan.

20.1.1.– Lurreko garraioa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osorik garatzen diren bidaiarien lurreko garraioetan (trenbidea eta errepidea), garraio horiek publiko erregularrak, eskatu ahalakoak zein garraio osagarri pribatuak izan, eta hiri-eremukoak, hiriartekoak eta autonomia-erkidegoen, foru-aldundien zein toki-erakundeen eskumeneko hiri ingurukoak izan, ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei bai zutikako plazei dagokienez.

Gidariak barne bederatzi eserleku bitarte dituzten ibilgailuekin egiten diren pertsonen garraio publiko, pribatu partikular eta pribatu osagarrietan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona joan ahal izango dira, gidariaren plazaren ondokoa barne.

Dekretu honen datan unitaterako sarbidea tarteko edo atzeko ateetatik finkatuta duten bidaiarien errepideko garraioek erabiltzaileei aurreko atetik sartzen uzteko modua berreskuratu ahal izango dute. Manparak jartzea gomendagarritzat joko da, baldin eta ezinezkoa bada gidari-postua publiko orokorretik isolatzea. EAEko lurralde historikoak baino eremu txikiagoetako eta edozein motatako garraio publikoei abiatzeko azken ordu hau ezarriko zaie: 24:00. Debeku horretako salbuespena izango dira taxi-garraioa eta ibilgailu gidariduneko garraioa.

EAEko garraio publiko guztietan, bidaiek 2 ordu baino gutxiago irauten badute, debekatuta dago jatea; ez, ordea, edatea.

20.1.2.– Kable bidezko garraioa. Kable bidezko garraioetan, funikularretan eta zerbitzu publikoko igogailuetan, bagoiak zein bidaiari-kabinak osorik okupatu ahal izango dira baimendutako edukiera guztia osatu arte, betiere maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanik.

20.1.3.– Itsas garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren bidaiarien itsas garraioko zerbitzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetako puntu edo portuekin loturarik izan gabe, ontziak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazei, bai zutikako plazei dagokienez.

20.2.– Txartelen aldez aurreko salmenta.

Bidaiarien lurreko garraioetan, kable bidezkoetan eta itsas garraioetan, erreserba edo eserlekua esleituta dutenean, txartelak aldez aurretik saltzeko kanalen bidez erostea sustatuko da. Ezinezkoa denean, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira bidaiariek elkarren artean ezarritako tartea mantentzen dutela eta espaloiaren ohiko zirkulazioa oztopatu gabe modu ordenatuan jartzen direla ziurtatzeko. Horretarako, seinaleak eta eremu mugatuak jarriko dira, erabiltzaileak bertatik ordenan ibil daitezen garraiobidera sartu arte. Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten probintziarteko lurreko garraioaren konpainia operadoreek informazioa bildu beharko dute bidaiari guztiekin harremanetan jartzeko, eta bidaiaren ondoren gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiari-zerrendak. Halaber, zerrenda horiek osasun-agintariei eman beharko dizkiete, kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen zaizkienean.

20.3.– Erabiltzaileak eta edukieraren kontrola.

Lurreko, kable bidezko eta itsasoko garraiobide guztietarako, mugikortasun urriko pertsonentzako edo lehentasunez erabiltzeko legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti. Erabiltzaileek erraztuko dute pilaketarik ez egotea, garraio-unitateen sarrera- eta irteera-distantziak errespetatuz. Operadoreek izendatutako profesionalek ahalmena izango dute edukiera kontrolatzeko eta unitate bat noiz dagoen osaturik zehazteko, osasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz.

20.4.– Maskarak nahitaez erabili beharra.

Guztiz nahitaezkoa eta ezinbestekoa da sei urtetik gorakoentzako maskarak erabiltzea, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, bidaiariak garraiatzeko adierazitako garraiobideetako edozein erabiltzen denean, dekretu honen 1.3.1 puntuan aipatutako kasuetan izan ezik; kasu horietan, 1.3.3 puntuan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko da. Gainera, sei urtetik beherakoentzat komeni da maskarak erabiltzea, ahal den guztietan. Garraio pribatuan maskarak erabiltzea ez da exijitu behar izango, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako beren lanleku propioa edo babes-manpara baten bidez bereizitako leku bat ez badute.

21.– Igerilekuak.

Aire zabaleko edo estalitako igerilekuetan, kirol- edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren % 50eko muga errespetatu beharko da, bai sarbideari dagokionez, bai kirol- edo jolas-jardueretan zehar. Muga horietatik salbuetsita daude erabilera pribatuko familia bakarreko igerilekuak.

Igerilekuak erabiltzean, dagozkion segurtasun- eta babes-neurriak erabili beharko dira, eta bereziki, pertsona arteko segurtasun-distantzia zaindu beharko da erabiltzaileen artean; maskararen erabilera eranskin honetan ezarritakoaren arabera arautuko da.

Igerilekuetan egoteko gehieneko denbora 3 ordukoa izango da pertsonako eta eguneko.

Igerilekuetako egonlekuetan, espazioen banaketa bat ezarriko da lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileek pertsonen arteko segurtasun-distantzia bete ahal izan dezaten.

22.– Ehiza- eta arrantza-jarduera.

Ehiza-jarduera mota guztiak baimentzen dira, beti ere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den.

Ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza mota guztiak baimentzen dira, beti ere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den.

23.– Aire zabaleko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak.

Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1.

Udalei dagokie espazioa antolatzea, baita garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea ere.

24.– Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

Establezimendu hauen itxiera deklaratzen da: Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen badute eta dagokion udal-baimena badute.


Azterketa dokumentala