247. zk., 2010eko abenduaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Osasun eta Kontsumo Saila
6393
337/2010 DEKRETUA, abenduaren 14koa, osasun arloko zenbait dekretu aldatzen dituena, Zerbitzuen Zuzentarauaren transposizioa egiteko arautegira egokitzeko.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/123/EE Zuzentarauak (2006ko abenduaren 12koa, barne-merkatuko zerbitzuei buruzkoa), Zerbitzuen Zuzentarau gisa ezagutzen denak, beharrezko jotako xedapen orokor batzuk ezarri zituen zerbitzua ematen dutenen establezimendu-askatasuna eta zerbitzuen zirkulazio askea gauzatzeko, aldi berean zerbitzu horien kalitate-maila handiari eutsiz.
Zuzentarau horren transposizioa egiteko estatu-eremuan, azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoa egin zen, bai eta abenduaren 22ko 25/2009 Legea ere, aurrekora egokitzeko zenbait lege aldatzen dituena. Horien atzetik erregelamendu-mailako Estatu-arauak egin ziren hainbat eremu eta sektoretan. Transposizio-prozesu hori eremu publiko guztietan dago zabalik; analisi sakona egin da, eta ondoren beharrezko arau-aldaketak erabaki dira.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, eta Osasun eta Kontsumo Sailari dagozkion gaietan, prozesu hori abian jartzeak lege-mailako izaera orokorreko xedapenetan izango du bere isla. Honetan, arautegi-mailako xedapenez ari gara, osasun arloak hartzen duen sektore-eremua kontuan hartuta.
Egindako azterketen ondorio gisa, eta Estatuak otsailaren 5eko 109/2010 Errege Dekretua, osasun-arloko omnibus izaerakoa, proiektatu zuela kontuan hartuta egin da dekretu hau. Dekretuaren edukiak beste batzuk aldatuko ditu, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko trabak eta oztopoak kentzeko ikuspegia duelako.
Antzeko egituradun zenbait suposizio azpimarratu dira, ezabatu egingo baitira prestakuntza-planak eta -programak egiteari eta emateari dagozkion zenbait zerbitzu-jarduerari eragiten dien murrizketak. Izan ere, aurretiko ikuskapen hau egiten zitzaien eta baldintzatzaile hau ezarri: zenbait jarduerari segurtasun hobea bermatu, etorkizunean garatzeko, osasun publikoa babestea kontuan hartuta. Horiek jarduera hauetan guztietan inplikatuta daude eta, zehazki, honako hauek dira: elikagaiak manipulatzea, biozidak aplikatzea, beltzaran-kolore artifiziala hartzea erradiazio ultramoreen bidez, eta kanpoko desfibriladore automatikoak modu ez profesionalean erabiltzea.
Horiek horrela, administrazio-aginte sanitarioek, aurrerantzean, ez die aurretiko ikuskapenik eta kontrolik egingo osasun publikorako egokia izan daitekeen jarduera garatzeari lotutako prestakuntzari, eta beste dinamika bat izango dute; hain zuzen, beste teknika batzuen bidezko administrazio-jarduera ikuskatzaileak hedatu beharko dira gerora; esate baterako, ikuskapenen bidezkoa. Eta hori guztia aurretik azaldutako Europako ildo estrategikoaren barruan, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasuna egon dadin baldintza irekiagoak eta malguagoak eskaintzeko, betiere, osasunaren ikuspuntutik saihestu ezin daitekeen mehatxu izan gabe.
Hala azaldutako jarduera hori honetan gauzatu da: osasun-eremuari eragiten dioten zenbait dekretu sistematikoki indargabetzean, edo indargabetzeko helburu hori bera izanik, zenbait dekretu aldatzean, eta gainera, kasu bakoitzaren arabera eta Europako helburuari men eginez, garatzeko, erreferentziatzat zuten Estatuko araudi-esparrua ere aldatu eta indargabetu egin zaie.
Azaldutakoagatik, eta bidezko izapideak egin ondoren, Aholkularitza Juridikoko Batzordeak esandakoarekin bat eginez eta Gobernu-kontseiluaren 2010eko abenduaren 14ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.- Urriaren 2ko 211/2001 Dekretua indargabetzea, elikagai-manipulatzaileen etengabeko prestakuntzari buruzko xedapen osagarriak ezartzen dituena, alegia (EHAA, 204. zk., 2001-10-22koa).
Indargabetu egiten da urriaren 2ko 211/2001 Dekretua, elikagai-manipulatzaileen etengabeko prestakuntzari buruzko xedapen osagarriak ezartzen dituena.
Bigarren artikulua.- Urriaren 28ko 265/2003 Dekretua aldatzea, erradiazio ultramoreen bidez beltzaran-kolore artifiziala hartzeko jarduera arautzen duena, hain zuzen (EHAA 222. zk., 2003-11-13koa).
Aldatu egiten da urriaren 28ko 265/2003 Dekretua, erradiazio ultramoreen bidez beltzaran-kolore artifiziala hartzeko jarduera arautzen duena, eta honela geratzen da:
Bat.- 1.c)., 3.1.b)., 9., 11. eta 12. artikuluak indargabetzen dira.
Bi.- 13. artikulua honela geratzen da idatzita:
«13. artikulua.- Prestakuntza egiaztatzea.
1.- Beltzaran-kolorea hartzeko zentroetako langileei prestakuntza ematen dien enpresek edo erakundeek UV-izpien tresnak erabiltzeko ezagutza eta gaitasuna eskuratu dutela egiaztatzen duen ziurtagiri bat eman behar diote ikasle bakoitzari.
2.- Prestakuntza-ziurtagiriak, gutxienez, informazio hau jaso behar du:
a) Ikaslearen izen-abizenak.
b) NANa.
c) Ikastaroa egin den eguna.
d) Prestakuntza-arduradunaren sinadura.
3.- Prestakuntza-egiaztagiriak bost urteko iraupena du; behin denbora hori igarotakoan birziklatu egin beharko du beste ikastaro bat eginez, alor honetako azken aurrerapen zientifiko eta teknikoak eskuratzeko».
Hiru.- 14. artikulua honela geratzen da idatzita:
«14. artikulua.- Prestakuntza-jardueren kontrola eta ikuskapena.
1.- Osasun Publikoko Zuzendaritzak kontrolatuko eta ikuskatuko ditu prestakuntza-jarduerak.
2.- Prestakuntza-programa, Dekretu honetan xedatutakoaren arabera, Osasun Publikoko Zuzendaritzari jakinarazten ez bazaio, edo prestakuntza-jarduerari buruz adierazitakoa egiazkoa ez dela edo zehatza ez dela egiaztatzen bada, dagokion zigor-araubidean aurreikusitako eran jardungo da».
Hirugarren artikulua.- Abenduaren 21eko 257/2004 Dekretua aldatzea, EAEko establezimendu eta zerbitzu bioziden erregistro ofiziala sortzeko dena, hain zuzen (EHAAren 3. zk., 2005-01-05ekoa).
Indargabetu egiten da abenduaren 21eko 257/2004 Dekretuaren, EAEko establezimendu eta zerbitzu bioziden erregistro ofiziala sortzeko denaren, bigarren xedapen gehigarria.
Laugarren artikulua.- Urtarrilaren 23ko 8/2007 Dekretua aldatzea, langile ez-sanitarioek kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeari buruzkoa, alegia (EHAAren 30. zk., 2007-02-12koa).
Aldatu egiten da urtarrilaren 23ko 8/2007 Dekretua, langile ez-sanitarioek kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeari buruzkoa, eta honela geratzen da:
Bat.- 4., 5., 6., 7., 8. eta 10. artikuluak eta I. eta II. eranskinak indargabetzen dira.
Bi.- 11. artikulua berria da, eta honelaxe dio:
«11. artikulua.- Kanpoko desfibriladore automatikoak instalatzea.
1.- Langile ez-sanitarioak kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeko gaituta daudela jotzen da, kontuan hartuta, erabilera hori bihotz-biriketako bizkortzearen oinarrizko eskemari gehituta dagoela, betiere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko emergentzia-zerbitzuen laguntza izanda; izan ere, horiekin harremanetan jarri beharko da jarduerei ekitean.
2.- Langile ez-sanitarioek erabiltzeko kanpoko desfibriladore automatikoa instalatu nahi duten pertsona fisikoek edo juridikoek, lehenengo, Osasun eta Kontsumo Sailari jakinarazi beharko diote, honako hauek adieraziz: zein tokitan instalatuko duten, eta desfibriladoreak zer ezaugarri tekniko dituen. Jakinarazpena dekretu honen I. eranskin gisa doan ereduaren arabera egingo da.
3.- Instalatzen duen pertsona izango da desfibriladorea mantentzeko eta zaintzeko arduraduna, betiere fabrikatzailearen jarraibideekin bat etorriz. Edonola ere, interesdunek eta enpresek edo instituzioek, aurretiko komunikazioarekin batera egiaztatu behar dute tresna erabiliko duten langileek badutela gutxieneko prestakuntza bihotz-birikako oinarrizko bizkortzean, eta hala ez bada, ez zaie instalatzeko baimenik emango.
4.- Osasun eta Kontsumo Sailari atxikirik, kanpoko desfibriladore automatikoa instalatuta duten pertsonen erregistroa egongo da. Erregistro hori Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak kudeatuko du, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren emergentzia-zerbitzuei lotuta egongo da».
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko abenduaren 14an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
ERANSKINA, ABENDUAREN 14KO 337/2010 DEKRETUARENA
KANPOKO DESFIBRILADOREA BADAGOEN JAKINARAZTEKO EREDUA
(Ikus .PDF)