3. zk., 2005eko urtarrilaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Osasun Saila
41
257/2004 DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofiziala sortzen duena.
Biozidak erregistratu, baimendu eta merkaturatzeko ebaluazio prozesua arautzen duen urriaren 11ko 1054/2002 Errege Dekretuak honako hau ezartzen du 27. artikuluan: biozidak fabrikatu eta/edo formulatzen dituzten lokalak eta instalazioak, erabilera profesionalerako baimena duten biozidak biltegiratu edo merkaturatzen dituztenak eta arauz izendatutako biozida zerbitzuen enpresak erkidego autonomo bakoitzeko Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatu behar dira, zeina osasun arloan eskumena duen agintaritzak kudeatuko baitu.
Errege Dekretu berorrek, 2. artikuluan, honako hau dio: substantzia aktiboak eta substantzia aktibo bat baino gehiago duten prestakinak —bezeroari hornitzen zaizkion eran aurkeztutakoak— eta helburutzat suntsitzea, indargabetzea, neutralizatzea, eragina saihestea, edo baliabide kimiko edo biologikoen bidez organismo kaltegarrien gain beste era bateko kontrola izatea. Horri dagokionez, V. eranskinean hogeita hiru produktu bioziden zerrenda zehatz-mehatza agertzen da, erabilpen eremutik bazter utziz nekazaritzarakoak edo fitosanitarioak diren pestizidak.
1054/2002 Errege Dekretuko lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen du, bere aldetik, 2000ko maiatzaren 14an hasi eta hamar urteko epean 3349/1983 Errege Dekretua (pestizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeko araudi tekniko sanitarioari buruzkoa) eta etorkizunean izan ditzakeen aldaketak aplikatu ahal izango direla dekretu horretan araututako nekazaritzarakoez besteko produktu pestizidetan (biozidak), baldin eta epe horretan merkaturatutako substantzia aktiboak badituzte.
Dekretu horiek diotenaren haritik halabeharrezkotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofiziala sortzea Osasun Sailaren menpe. Erregistro berri horrek gaur egungo Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistro Ofiziala —foru aldundietako Nekazaritza sailen menpe dagoena— berregituratu beharra ekarriko du; izan ere, ingurunean erabiltzeko pestizidak, elikagaien higienean erabiltzeko pestizidak eta Legionella tratatzeko baimena duten produktu desinfektatzaileak, euren kontzeptualizazioa dela-eta, biozidatzat jotzen dira 1054/2002 Errege Dekretuak ezarritako eran. Hortaz, pestizida kategoria horiekin jardungo duten establezimenduak eta zerbitzuak Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatu behar dira. Ondorio horretarako, dekretu honetan zehazten dena da Osasun Sailera lekuz aldatu behar direla nekazaritzarakoez besteko pestizida-enpresei eta –zerbitzuei (egun Establezimendu eta Zerbitzu Pestiziden Erregistroan inskribatutakoak) dagozkien espedienteak.
Bioziden kategoriak nekazaritzarakoez besteko pestizidak bere baitan hartzearekin apurtu egiten da pestizidaren hasiera bateko batasun kontzeptuala, 3349/1983 Errege Dekretuan eta bere aldaketetan taxututakoa, non Osasun Sailaren eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren jardun bateratua ontzat ematen baitzen.
Esandakoarekin bat, ingurunean erabiltzeko pestizidekin, elikagaien higienean erabiltzeko pestizidekin eta Legionella tratatzeko baimena duten produktu desinfektatzaileekin tratamenduak burutzea helburu duten prestaketa ikastaroen homologazioa Osasun Sailaren esku geldituko da. Indargabetu egingo da, ondorioz, 1995eko otsailaren 28ko Agindua (1995eko martxoaren 21eko EHAA, 56.zk.).
Dekretu hau ematen da, eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoak bere burua antolatzeko bereganaturik duen eskumen esklusiboaren indarrez, horixe jasotzen baitu Autonomia Estatutuko 10.2 artikuluak, baita barne osasuneko arloan Estatuaren oinarrizko legedia garatzeko eta exekutatzeko eskumenari dagokionean Estatutuaren 18.1 artikuluak dioenaren indarrez.
Dekretu honi aldeko irizpena eman diote foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Ondorioz, Osasun sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko abenduaren 21ean egindako bileran aztertu eta onartuz, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofiziala sortzen da, Osasun Sailari atxikita.
2. artikulua.– Biozidak fabrikatu eta/edo formulatzen dituzten lokalak eta instalazioak, erabilera profesionalerako baimena duten biozidak biltegiratu edo merkaturatzen dituztenak eta arauz izendatutako biozida zerbitzuen enpresak Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatu behar dira, biozidak erregistratu, baimendu eta merkaturatzeko ebaluazio prozesua arautzeari buruzko urriaren 11ko 1054/2002 Errege Dekretuaren arabera.
3. artikulua.– Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofiziala Osasun Publikoko Zuzendaritzak kudeatuko du, Osasun Sailaren lurralde zuzendaritzetako Osasun Publikoko zuzendariordetzen bidez.
4. artikulua.– Osasun sailburuaren aginduz emango dira Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialaren antolakuntza eta funtzionamendua arautzeko arauak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Espedienteak bidaltzea.
Dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatutako enpresen dokumentazioa bidaliko diote Osasun Sailari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, nekazaritzarakoez besteko pestizidak fabrikatu, formulatu, biltegiratu, merkaturatu eta/edo aplikatzeko jarduerak gauzatuko dituztenena, hain zuzen ere.
Bigarrena.– Nekazaritzarakoez besteko pestizida aplikatzaileen prestakuntza ikastaroak homologatzea.
Osasun Publikoko Zuzendaritzari dagokio ingurunean erabiltzeko pestizidak, elikagaien higienean erabiltzeko pestizidak eta Legionella tratatzeko baimena duten produktu desinfektatzaileak aplikatzea helburu duten prestakuntza ikastaroen homologazio espedienteak tramitatu eta ebaztea, indarrean dauden legeetan jasotakoaren arabera.
Hirugarrena.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 6ko 268/2001 Dekretua aldatzea.
Azaroaren 6ko 268/2001 Dekretuko 11 c artikuluak honelako erredakzioa izango du aurrerantzean:
c) Agintaritza sanitarioa den aldetik, indarrean dagoen legerian aurreikusitako ahalmen administratiboak erabiltzea kontrol sanitariorako, erregistrorako, arriskuen ebaluaziorako eta parte-hartze publikorako, ondoko kasuetan: elikagaien higiene eta segurtasunean, uren kontsumo publikoan, ingurunearen osasun-egoeran eta osasun publikoarekin erlazionatutako gainerako jarduketetan.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.– Establezimendu eta zerbitzu biozidak Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatzea.
Biozidak fabrikatu, formulatu, biltegiratu, merkaturatu eta/edo aplikatzea helburu duten jarduerak garatzeko establezimendu eta zerbitzuak arauz ezarritako irizpideekin bat etorriz inskribatuko dira. Aldez aurretik erabakia hartu beharko da erkidego mailan bioziden substantzia aktiboak 1054/2002 Errege Dekretuko I, IA eta IB eranskinetan sartzeaz, zertarako eta produktu biozidak Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatzeko, V. eranskinaren araberako helburuarekin.
1054/2002 Errege Dekretuko lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitako aldi baterako epeak dirauen artean, honako hauek inskribatu behar dira Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean: erabilera profesionalerako baimena izan eta nekazaritarakoez bestekoak diren pestizidak fabrikatu, formulatu, biltegiratu, merkaturatu eta/edo aplikatzeko jarduerak garatzen dituzten establezimenduak eta zerbitzuak, 2000ko maiatzaren 14a baino lehenago merkaturatutako substantzia aktiboak badituzte, betiere.
Bigarrena.– Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialaren funtzionamendua.
Harik eta 4. artikuluan aipatzen den agindua eman arte, Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistroaren funtzionamenduari, Dekretu honetan ezarritakoa urratzen ez badu, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1990eko martxoaren 8ko Agindua aplikatuko zaio, zeina, bestalde, Izurriak Hiltzeko Enpresa eta Zerbitzuen Erregistroan inskribatu eta jarduteko arauak ematen dituen 1995eko otsailaren 27ko Aginduz aldatu baitzen.
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Lehenengoa.– Indargabetu egiten da, nekazaritzarakoez besteko pestizidei dagokienez, Industri, Nekazaritza eta Arrantza eta Osasun sailburuen 1995eko otsailaren 28ko Agindua, izurri-hilkariekin tratamenduak burutzeko gaitasunaren egiaztapena arautu eta ikastaroak antolatzeko arauak ematen dituena.
Bigarrena.– Indargabetu egiten dira, halaber, nekazaritzarakoez besteko pestizidei dagokienez, Izurrikarietako Merkataldegi eta Zerbitzuen Errolda inskribatu eta jarduteko arauak ematen dituen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1990eko martxoaren 8ko Agindua, eta hori aldatzen duen 1995eko otsailaren 27ko Agindua. Indargabetze honek, bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, dekretu honetako 4. artikuluan jasotako aginduak indarra hartzerakoan izango du eragina.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko abenduaren 21ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Osasun sailburua,
GABRIEL Mª INCLÁN IRIBAR.