Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

58. Xemeingo Andre Mariaren eliza (Markina-Xemein)

5. ETAPA: MARKINA-XEMEIN • GERNIKA-LUMO

Markinako hiribilduaren jatorria

Oraingoz datu zehatzik ez badugu ere, pentsatzekoa da Xemeingo elizaren antzinatasuna Goi Erdi Arora atzeratzen dela gutxienez, Euskal Herriko eta Mendebaldeko Europako Behe Erdi Aroko parrokia gehienekin gertatzen den bezala.

Villaviciosa de Marquinari 1355ean eman zitzaion foruak adierazten du errealitate juridiko-politiko berri hori, hau da, hiria, gauzatzeko zenbait lursail edo orube erabilgarri zituen leku bat aukeratu zela. Haraneko landa ingurutik zetozen eta hala nahi zuten kapareak etorriko ziren bertara. Hala, dokumentuan zehazten denez, Xemeingo Andre Mariaren eliza erabil zezaketen beren zerbitzu erlijiosoetarako. Hala ere, Barroetatarren eta Ugartetarren artean parrokiako patronatuarengatik izandako liskarrek, hiribildua eliza berri bat eraikitzera eraman zuten bere perimetroaren barruan, Elizabarriako San Pedro bezala ezagutzen dena (gaur egun desagertua).

Erdi Aroan, Bandoen Borrokan aurrez aurre jarri ziren fakzioak garrantzi handiagoko edo txikiagoko familiek osatzen zituzten, elkarren artean mendekotasun eta elkartasun harremanak zituztenak. XIII., XIV. eta XV. mendeetan zehar, leinu guztiek ez zuten beren boterea mantendu, eta, aitzitik, beste batzuk gizarte-nagusitasunera igo ziren estrategia desberdinen bidez. Horietako bat parrokia-eliza baten gaineko pribilegioak lortzea izan zen.

Patronatuak hainbat gauza esan nahi zuen. Alde batetik, beste auzokoen aldean estatus sozial altuagoa aitortzen zen: erlijio-komunitatearekiko figura paternalista zen. Patroiak elizako kultua ziurtatu behar zuen, eta, trukean, zenbait eskubide aitortzen zitzaizkion, hala nola, tenpluko tokirik nabarmenetan lurperatzea eta esertzea, edo leinuaren armarria tenpluko toki goren batean kokatzea. Bete beharreko baldintzen artean, elizgizon baten edo batzuen presentzia ordaintzea zegoen, eliztarren kopurua kontuan hartuta behar besteko kultua egin ahal izateko. Horretarako hamarrenak jasotzen zituen, patroi bezala apaizen artean banatzeko (normalean berak aukeratzen zituenak). Hala ere, hori oso gutxitan gertatzen zen, jaun horiek ondasun horiek euren onurarako erabiltzen zituztelako eta elizgizonentzako baliabide gutxi uzten zutelako.

Patronatu osoa lortu ez zuten arren, Aro Modernoan kontzejuak eta bi familiek pribilegio hori banatu zuten: erdi bat herriarentzat eta beste bi laurdenak Barroetatar eta Ugartetarrentzat, hurrenez hurren. Azkenik, Antzinako Erregimenaren amaieran, Peñafloridako kondea zen bi maiorazgo horien titularra, eta, beraz, Xemeingo Andre Mariaren gaineko patronatuaren erdiaren jabea.

Kontraste handiko eliza bat

Kanpoaldeko itxura prismatikoa, itxia eta gotorleku antzekoa duen harrizko bloke handi batena bada ere, barrualdea espazio ireki handi bat da, areto-oinplanokoa eta abside nabarmenekoa, non koloma zilindriko soilek 3 habearteak banatzen dituzten eta altuera handia ematen dioten. Soiltasun horren aldean barne-estalkia osatzen duten ganga konplexuak daude; ganga horien nerbio gurutzatuek motibo izartuak osatzen dituzte; giltzarri landuetan elkartzen direnak. Eraikinaren zatirik handiena Berpizkundean egina dago, sabaia XVII. mendearen bigarren erdialdean amaitu zen arren, besteak beste Lucas de Longa maisu ospetsuaren eskutik.

Barruan erretaula nagusi bat eta lau alboko (XVII. eta XVIII. mendeak) daude, alde banatan bi. Absidekoa da nabarmenena, Juan de Ayalak 1527an egina, estilo errenazentistakoa. Modu miresgarrian, erretaulak Ama Birjinaren bizitzari buruzko hainbat eszena zehazten ditu erliebe bidez.

Kanpoaldean, nabarmentzeko modukoa da eraikinaren oinaldean dagoen altuera handiko sarrera gangaduna, bai eta hormei eusten dieten kontrahormetako bakoitzaren gainean dauden pinakuluak ere.

Partekatu

unesco