Jarduera sailkatuei buruzko proiektuak
Jarduera industrialak
Lizentzia eskaera
Lizentzia eskaerarekin batera proiektu teknikoa eta memoria deskriptiboa aurkeztu beharko dira. Bertan jardueraren ezaugarriak emango dira, kokatzen den guneko deskripzioa, eduki dezakeen ingurumenaren gaineko eragina y eta erabiltzea proposatzen diren neurri zuzentzaileak, euren eraginkortasun maila eta segurtasun bermea espresatuz.
Ahal den neurrian Jarduera Industrialen Proiektu Orokorrak Obra Proiektua ere barne hartzea. Kasu honetan Segurtasun Industrialari eta Ingurumenari buruzko alderdiez gain, indarrean dagoen Hirigintzako Araudian ezarritakoa betetzen dela ere jaso beharko da.
Jarduera industrialen proiektu orokorretan jaso beharreko eduki tekniko orientagarria.
A.- MEMORIA OROKORRA
- LOKALAREN DESKRIBAPENA. KOKALEKUAREN AZTERKETA
Eraikuntzako osagaien ezaugarriak. Lokalaren azalera adieraziko da eta argi zehaztuko da zein dagokion ekoizpen-prozesuari eta zein bulegoei, biltegiei edo eraikineko beste elementuei. Halaber, aldameneko pabiloietan jarduerarik eginez gero, aipatu egingo dira.
Kokaleku horrek, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko, ekainaren 25eko, 4/2015 Legeko I eranskinean jasotako lurzorua poluitu dezaketen jardueraren bat jasan duen adierazi beharko da. Baiezkoa balitz lurzoruaren kalitatea adierazten duen Ebazpenik igorri den adierazi beharko da. Ezarri nahi den jardueraren EJSN-93a adierazi beharko da, eta hau aipatutako ekainaren 25eko, 4/2015 Legeko I eranskinean jasota dagoen edo ez. Jarduera berria den edo lehenagotik funtzionatzen ari den adierazi beharko da. Bigarren kasu honetan,martxan jartzea otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu aurretik edo ondoren izan zen adierazi beharko da (2005eko maiatzak 16).
- JARDUERAREN LABURPENA
Jarduera zehatz-mehatz deskribatuko da eta tarteko prozesuak aipatuko dira; halaber, instalazioen azterketa ekonomikoa ere sartuko da (ekoizpen-gaitasunetik begiratuta) (Jarduera Industrialen Erregistro Orria).
2.1.- Lehengaiak
Lehengaiak azalduko dira eta bereziki ondorengoak adieraziko dira: lehengaien ezaugarri fisiko-kimikoak, aurreikusitako ekoizpen-gaitasunaren araberako urteko kontsumoa, biltegira daitekeen gehienezko stocka eta biltegiratze-baldintzak.
2.2.- Makineria eta instalazioak
Atal honetan, enpresako ekoizpen-makineriaren zerrenda sartuko da eta bereziki aipatuko da horietako bakoitzaren potentzia, elektrikoa edo beroarena (C.V. edo KW-tan). Halaber, prozesuan eragiten duten instalazioak ere zehaztuko dira (Goi eta Behe Tentsioa, Gas Naturala, GLP, Fuel-oila, Gasolioa, Lurruna, Aire Konprimitua, Instalazio Kriogenikoak eta abar).
2.3.- Prozesu industrialaren deskribapena
Prozesu industrial guztiaren deskribapena: tarteko prozesuak, erabilitako gehigarriak eta erreaktiboak (ezaugarri fisiko-kimikoak, zein fasetan erabiltzen diren, urteko kontsumoa). Prozesuaren fluxu-diagrama. Masa-balantzea. Halaber, urteko ekoizpen-gaitasuna ere adieraziko da eta baita aurreikusten diren bukatutako produktuen gehienezkoa ere.
Horrez gain, egindako produktuen ezaugarriak eta produktu horiek nahitaez segurtasun-araudirik, fabrikazio-betekizunik, kalitate-araudirik, homologaziorik, ziurtagiririk... bete behar duten ala ez ere zehaztuko da, eta baita enpresak nola daukan aurreikusita hori kontrolatzea eta produktua egokitzea.
2.4.- Instalazio osagarriak
Ekoizpen-prozesuan zuzenean eragin gabe, fabrikazioko instalazioarekin batera daudenak: berokuntza, gas naturala, petrolioaren gas likidotuak, hozteko instalazioak eta abar. Segurtasun Industrialaren alorrean indarrean dagoen araudiaren ezaugarriak, kokalekuak eta betetzearen justifikazioa.
2.5.- Erregaiak
Prozesuan eta instalazio osagarrietan erabilitako erregaiak. Aurreikusitako urteko kontsumoa, biltegiratze-sistemaren deskribapena eta biltegira daitekeen gehienezko stocka. Produktu erregaien biltegiratzeari buruzko indarrean dagoen Araudia betetzearen justifikazioa.
2.6.- Produktu kimikoak
Jardueran erabiltzen diren produktuen ezaugarri fisiko-kimikoak. Aurreikusitako urteko kontsumoa, biltegiratze-baldintzak eta biltegira daitekeen gehienezko stocka. Produktu Kimikoen Biltegiratzeari buruzko Araudia eta bat datorren gainerako araudia betetzearen justifikazioa.
2.7.- Balizko eraginak ingurugiroan
Jarduera ezartzeak eta garatzeak inguru hartzailean nolako eraginak dituen deskribatzea:
a) Zarata eta bibrazioak
Zaraten eta bibrazioen gune igorle nagusiak identifikatzea. Barneko igortze-mailak. Aurreikusitako isolamenduak eta arintze-sistemak. Instalazioaren mugetako, kanpoaldeko mailak. Zaraten mapa.
b) Igorpen poluitzaileak atmosferara
Gasak, partikulak eta abar igortzen dituzten guneak identifikatzea. Gune igorle bakoitzeko igorpenen karakterizazioa. Aurreikusitako arazketa-sistema eta hori ezarri ondorengo igorpen-mailak.
c) Hondakin-urak
Hondakin-uren prozesuak eta isurpen-guneak identifikatzea. Isurpenen karakterizazioa. Inguru hartzailea: hodi biltzailea, herri-ibilgua... Aurreikusitako arazketa-sistemak eta hori ezarri ondorengo isurpenaren ezaugarriak.
d) Hiriko hondakinen antzeko hondakin solidoak
Garbiketa-lanetan sortutako hondakinak, bilgarrien hondarrak, paletak eta abar. Hondakin horiek zenbatzea eta aurreikusitako gestioa (behin-behineko biltegiratze-sistema eta azken erabilera).
e) Hondakin inerteak eta hondakin toxiko eta arriskutsuak
Jardueran eragindako gainerako hondakinak identifikatzea. Hondakin horiek kualitatiboki eta kuantitatiboki karakterizatzea. Indarrean dagoen araudiaren arabera hondakin inerte edo hondakin toxiko eta arriskutsu gisa karakterizatzea. Hondakin horientzat aurreikusitako gestioa (behin-behineko biltegiratzea, aurreikusitako tratamendua eta azken erabilera; kentzeaz zein enpresa gestore baimendu arduratuko den ere aipatu).
- INSTALAZIOA EGIKARITZEA
Atal honetan industriaren instalazioa egikaritzeko, handitzeko edo lekualdatzeko programa zehaztuko da eta instalazioak eta ekoizpen-prozesuak abian jartzeko aurreikusitako datak adieraziko dira. Halaber, argi adieraziko da instalazioak nola jarriko diren abian, hau da, aldi berean edo pixkanaka, eta pixkanaka egin behar baldin bada, aurreikusitako egutegia adieraziko da.
- INSTALAZIOAK BETE BEHARREKO ARAUDIA
Atal honetan biltzen da aurreikusitako jarduerari eragiten dion segurtasun- eta/edo babes-araudia, ekoizpen fasean zein instalazioak egikaritzean, eta baita jardueraren amaieran ere.
- ARAUDIKO BALDINTZAK BETETZEKO HARTU BEHARREKO JOKABIDEAK
Aurreko puntuko araudietako punturen bat nahitaez betetzekoa baldin balitz, argi adieraziko da instalazioak nola egokituko diren araudi horretara, zein neurri dauden aurreikusita eta zein izapide egingo diren abian jartzeko. Ildo horretan, araudi horrek berariazko proiektua egiteko eskatzen baldin badu, proiektu hori egin beharra nabarmenduko du eta dagokion proiektu sektoriala erantsiko da; proiektu sektorial horretan lanak egikaritzeko aurreikusitako plana azalduko da eta horretarako beharrezkoak diren ekipoen eta instalazioen aurrekontuak ere bai, Instalazioen Proiektu Orokorrean sartuta ez baldin badaude, behintzat.
Proiektu sektoriala egitea beharrezkoa ez baldin bada, atal honetan araudiaren baldintzak nola beteko diren azaldu beharko du proiektugileak, bai neurri zuzentzaileen bidez, bai diseinua araudi horretara egokituz.
Ildo horretan, puntu honetako atal bakoitzean, balizko arriskuak ezabatzeko ekipoak zehaztuko dira, behar baldin bada izen komertziala ere esanez, instalazioen katalogoak erantsiz eta abar.
5.1.- Zaratak eta bibrazioak
zarata-mailak gehienezko onargarriak ez gainditzeko neurri zuzentzaileei buruzko Azterketa, ondorengo atalak biltzen dituena:
a) Aire-zarata
Jardueraren soinu-iturri nagusiak identifikatzea eta horien soinu-mailaren balorazioa (aurreikusitako Barruko Igorpen Maila).
Jardueran eragindako soinua jasotzeko gertuen dauden leku eta jardueren edo eraikinen kokalekua eta deskribapena, leku horietako zarata-igorpenen maila onargarriak aipatuz (jasotze-maila).
Aire-zarataren aurrean beharrezkotzat jotzen den gutxieneko soinu-isolamenduaren datuen balorazioa.
Proposatutako soinu-instalazioaren diseinua, erabilitako materialekin eta horien ezaugarriekin.
Proposatutako instalazioaren eraginkortasuna justifikatzeko kalkuluak.
b) Bibrazioak
Aukeratutako bibrazioen aurkako elementuen deskribapena eta instalatu ondoren bibrazioen ehuneko zenbat ezabatzen den justifikatzeko kalkuluak. Grafiko argitzaileak.
5.2.- Igorpen poluitzaileak atmosferara
Atmosfera kutsa dezaketen instalazioak katalogatzen dira urtarrilaren 28ko, 100/2011 Errege Dekretuan, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenak eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena. Poluitzaileak izan daitezkeen instalazio horietako bakoitzarentzat ondorengoak zehaztuko dira:
- a) Noiz jarriko den abian.
- b) Zein jarduera-motatan dagoen sartuta.
- c) Jardueren katalogoaren araberako sailkapena.
- d) Erabiltzen dituen lehengaiak eta erregaia (orduko eta urteko gehienezkoa).
- e) Poluzioa gutxiagotzeko eskura dauden baliabideak, bai teknologia garbia erabiltzeagatik, bai arazte-instalazioa erabiltzeagatik.
- f) Igorpen poluitzaileak neurtzeko eskuzko tresnak edo tresna automatikoak eta horien funtzionamendua.
- g) Tximiniarik baldin badago, altuera eta diametroa, eta baita justifikatzeko kalkuluak ere.
- h) Prozesu bakoitzeko igorpenen gehienezkoa eta batez bestekoa M3N/h-tan, eta baita arazte-instalazioetatik pasatu aurreko eta ondorengo poluitzaile-kontzentrazioa.
- i) Urteko funtzionamendu-orduak.
- j) Tximinietatik irtetean efluenteen abiadura eta tenperatura.
- k) Arazte-osagaietan atxikitutako produktu poluitzaileen kopurua eta erabilera.
5.3.- Hondakin-urak
Isurpenen ezaugarri kuantitatiboak eta kualitatiboak. Gutxi gorabeherako isurpen-emaria.
Arazte-instalazioen eta ustekabeko isurpenak saihesteko hartutako segurtasun-neurrien deskribapena. Etekinak. Hondakin-urak hodi biltzailera isurtzeari buruzko Araudia edo herri-ibilguetara isuriz gero Uren Legea betetzearen justifikazioa.
Saneamendu-sarearen deskribapen zehatza eta hondakin-urak zein puntu zehatzetan husten diren kokatzea, hondakin-uren eta euri-uren sareak zehaztuz eta isurpena udal-hodi biltzailera edo herri-ibilgura egiten den adieraziz. Saneamendu-sarearen eta euri-urak husteko sarearen planoa erantsiko da, 1:100 eskalan.
Lokatzak: aurreikusitako urteko kopuruak. Behin-behineko biltegiratze-sistemaren deskribapena. Toxiko eta Arriskutsu gisa katalogatuz gero zein tratamendu emango zaien. Zein enpresak kentzen dituen. Azken erabilera.
Isurpena kontrolatzeko beharrezkoak diren gailuen kokalekua eta ezaugarriak (kutxatila-erregistroa eta instalatutako kontrol-sistemak).
5.4.- Sortutako hondakinak
a) Hiriko hondakinen antzeko hondakin solidoak
Hondakinak (arriskutsuak eta ez arriskutsuak) sortzen dituzten prozesuen deskripzioa. Sortutako hondakinen identifikazioa, EHZ kodea adieraziz. EHZ kodean ispilu sarrera daukaten hondakinen karakterizazioa.
Jardueraren garapenean sortutako hondakin desberdinen behin behineko biltegiratzea, tratamendua, kudeaketa eta jomuga. Lehenetsi egin behar da hondakinen balorizazioa, euren deuseztatzearen aurretik, Hondakin-arriskutsuak jaso eta garraiatzeko kudeatzaile baimenak uztailako 28ko 22/2011 Legeak ezarritakoa betez.
Aurreikusitako multzokatzea, aurretratamendu eta “in situ” tratamenduen deskripzioa.
Erretiratuko dituen kudeatzaile baimendua.
Hondakin arriskutsuei dagokienez hondakinak sortzen dituzten prozesuen deskripzio xehea egin beharko da, sortutako hondakinen kantitatea adieraziz, baita euren konposizioa, ezaugarriko fisiko-kimikoak, eta identifikazio kodea Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko 20/1986 Oinarrizko Legea betetzeko araudia onartzen duen, uztailaren 20ko, 833/1988 Errege Dekretuko I. eranskinak ezarritakoaren arabera eta Hondakinei buruzko eta zenbait Zuzentarau indargabetzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. Eranskina ordezkatzen duen Batzordearen, 2014ko abenduaren 18ko, (UE) 1357/2014 Erregelamenduak ezarritakoaren arabera.
Jarduerarako beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu izanaren justifikazioa eta baita Babes Zibilaren gaian indarrean dagoen araudiak agintzen dituenak hartu izanarena ere.
5.5.- Suteen aurkako babesa
Lokala suteen aurka babesteko hartutako neurrien azterketa osoa, kasu bakoitzari ezar dakiokeen araudian oinarrituta. Itzaltzeko agente horiek zergatik aukeratu diren justifikatzeko kalkuluak (B.I.E.ak, su-itzalgailuak, hidranteak eta abar).
Halaber, berezko arrisku-mailaren kalkulua ere aurkeztu beharko da eta baita jarduerako banaketa- eta mugaketa-materialek suaren aurrean nola jokatzen duten ere.
Azkenik, ezbeharra gertatuz gero instalazioak nola hustuko diren azaldu eta kalkulatu beharko da; bertan, argi eta garbi jasoko dira kanpoaldera irteteko eta arriskutsurik ateratzeko ezarri diren ibilbideen egoerak, denborak, fluxuak eta baliabideak.
PLANOAK
Osaeran eta tolesteko eran bat etorriko dira DIN arauekin, eta gutxienez ondorengoak sartuko dira:
B.1.- Jardueraren posizioaren planoa
Norberaren eta aldameneko eraikinak eta lursailak zehaztuko dira, eraikin eta lursail horien erabilerak eta gertuen dauden herri-bideak.
B.2.- Jardueraren kokalekuaren planoa
Jarduera etxeekiko eta beste jarduerekiko nola dagoen adieraziko da, bai eraikin berekoekiko bai aldamenekoekiko.
B.3.- Instalazioen goitiko bista
Ondorengoak adierazi beharko dira: makineriaren kokalekua, larrialdi-irteerak, suteen aurkako babesa, instalazio elektrikoaren eta instalazio osagarrien banaketa eta lehengaiak, produktu bukatuak eta hondakinen behin-behineko biltegiratze-guneak. Horrez gain, bulegoak, aldagelak, biltegiak eta abar non dauden ere bai. 1:100 eskalan.
B.4.- Eraikina husteko planoa
Aurreikusitako ibilbideak, babesak eta baliabideak adieraziko dira.
B.5.- Instalazioen planoak
Proiektu sektorial bakoitzean, eragindako instalazio bakoitza behar bezala definitzeko plano eta eskemak sartuko dira.
B.6.- Ebakidurak
Instalazio bakoitzaren ebakidurak, 1:100 eskalan.
AURREKONTUAK
Atal honetan eranskinetako bakoitzaren zatikako aurrekontuen laburpena sartu beharko da, eta baita beharrezkoak izan litezkeen eta proiektu sektorialetan sartu ez diren neurri zuzentzaileak edo elementuak.
Nekazaritza eta abelzaintza
1. LOKALAREN DESKRIBAPENA. POSIZIOA. KOKALEKUAREN AZTERKETA
- Kokalekua (herri-guneetara, etxe isolatuetara, herri-ibilguetara, putzuetara eta horniketa-iturrietara dauden distantziak ere barne direla).
- Instalazioen azalera.
- Eraikuntzako osagaien ezaugarriak eta araudi urbanistikoa betetzearen justifikazioa. Inguruko eraikinen tipologiara eta inguruko paisaiara egokitzea. Mimetizazio naturalerako osagaiak, landaretza-hesiak..., eraikinen ikus-inpaktua ahalik eta gehien txikiagotzeko.
- Beste landetxerik edo elikagai-instalaziorik badagoen ere azaldu beharko da, eta horietatik zenbateko distantziara dagoen ere bai.
- Eskualde horretan zein norabidetako haizeak jotzen duen nagusiki.
2. USTIAPEN-SISTEMA
Animalia-kopurua eta ustiapen-mota (esnetarako abereak, haragitarakoak...). Elikadura-plana. Biltegira daitekeen pentsu, bazka eta abarrekoen gehienezko stocka eta biltegiratze-sistema. Aurreikusitako urteko kontsumoa.
3. INSTALAZIOAK
Makineria eta instalazioen zerrenda eta horien potentzia (C.V. edo KW-tan). Instalazioen deskribapena: instalazio elektrikoa, berokuntza, hozteko instalazioak, GLPren edo gasolioaren biltegiratzea eta abar. Horien guztien ezaugarri teknikoak eta Segurtasun Industrialeko Araudia betetzearen justifikazioa.
4. PRODUKTU FITOSANITARIOAK, PLAGIZIDAK ETA BESTE ZENBAIT PRODUKTU KIMIKO
Jardueran produkturik erabiliz gero, horien ezaugarri fisiko-kimikoak. Biltegiratze-sistema, gehienez ere biltegiratzea dagoen kopurua eta aurreikusitako urteko kontsumoa. Produktu Kimikoak Biltegiratzeko Araudian eta bat datozen gainerako araudietan ezarrita dagoena betetzearen justifikazioa, eta baita plagizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeari buruzko Osasun Araudia eta Araudi Teknikoa betetzearena ere.
5. HONDAKIN LIKIDO ORGANIKOAK, ISURKETA-URAK ETA EURI-URAK
Hondakin likidoak, euri-urak eta isurketa-urak ezabatzeko sistemaren deskribapena (kalkulu justifikatzaileak), herri-ibilguetara eta iturrietara zenbateko distantzia dagoen adieraziz, eta baita herri-guneetara eta horniketa-sare orokorretarakoa ere. Saneamendu-sarearen planoa erantsiko da, 1:100 eskalan.
Hondakin likidoak jasotzeko hobiaren neurriak eta eraikuntzako ezaugarriak, azaleko edo lur azpiko ibilguetara eta horniketa-sareetara zenbateko distantzia dagoen adieraziz. Ustiapenean sortutako hondakinen bolumenaren (estali gabeko patioen garbiketa- eta isurketa-urak barne direla) arabera aukeratutako edukieraren justifikazioa eta baita geroko gestioarena ere. Hobiaren goitiko bista eta bere ebakidura, 1:100 eskalan.
6. HONDAKIN SOLIDO ORGANIKOAK (SIMAURRA) ETA HILDAKO ANIMALIAK
Aurreikusitako urteko kopuruak. Behin-behineko biltegiratze-sistema, simaurtegiaren ezaugarriak eta neurriak, lixibiatuak biltzeko sistema ere azalduz. Ibilguetara, horniketa-sareetara, herri-guneetara... zenbateko distantzia dagoen.
Hildako animaliak ezabatzeko aurreikusitako sistema (baimendutako enpresa edo zerbitzuek kentzea, erretzea, karetan lurperatzea...). Proposatutako konponbidearen egokitasunaren justifikazioa, higiene-osasun aldetik eta ingurugiro aldetik.
Simaurra eta eragindako hondakin likidoak botatzeko lursailen justifikazioa, lursailen katastroko zenbakia eta azalera, topografia, labore-mota eta hondakinak zenbatero botako diren, lursailen hartze-gaitasuna kontuan izanik. Lursailon jabea ustiapenaren jabea izan ezean, lursailen jabeen baimena. Lursail horiek kokatu ahal izateko, 1:5.000 eskalako planoak erantsiko dira, eta bertan herri-gune, horniketa-sare, herri-ibilgu, putzu, iturri eta abarretara dauden distantziak azalduko dira.
7. BESTE ZENBAIT HONDAKIN
Hiri-hondakin solidoak eta asimilagarriak (HHSak): garbiketen ondoriozko hondarrak, plastikoak, kartoiak eta abar. Horiek identifikatzea eta zenbatzea. Behin-behineko biltegiratze-sistema. Aurreikusitako tratamendua: birziklatzea, baimendutako hondakindegira eramatea, udal-zerbitzuek eramatea, hirugarrenei ematea eta abar.
Produktu fitosanitarioen, zoosanitarioen eta beste zenbait produktu kimikoren hondakinak: ekoiztutako hondakinak zenbatzea, behin-behineko biltegiratzea eta azken erabilera (eramango duen baimendutako enpresaren izena jarri).
8. HIGIENE-OSASUN NEURRIAK
- Hobien eta zolen iragazgaitze-bermeak.
- Garbiketa-lanetarako uraren eskuragarritasuna.
- Garbiketa-lanak eta lan horien maiztasuna.
- Desinfekzioen eta arratoi-hilketen aldizkakotasuna.
- Intsektuak eta karraskariak saihesteko gailuak (sareak...)
9. SUTEEN AURKAKO BABESA
Kasu bakoitzari ezar dakiokeen araudian oinarrituta, instalazioak babesteko aurreikusita dauden neurrien azterketa. Hautatutako ekipoen justifikazioa (su-itzalgailuak, BIEak eta abar), beti ere kontuan izanik berezko arrisku-maila eta zatiketa- eta mugaketa-materialen ezaugarriak eta suteetan nola jokatzen duten, eta baita hirugarrenei balizko eragitea ere.
10. PLANOAK
10.1.- Instalazioen posizioaren planoa, ondorengoekiko distantziak adieraziz: herri-guneak, herri-ibilguak, putzuak, iturriak, horniketa-sareak eta beste hainbat puntu interesgarri. 1:5.000 eskalan.
10.2.- Jardueraren kokalekuaren planoa, gainerako lursail, jarduera, herri-bide eta/edo aldameneko etxeekiko.
10.3.- Goitiko bista. Ondorengoak azalduko dira: makineria eta instalazioak, bazka eta elikagaiak gordetzeko lekuak, esnetegiak, ukuiluak, simaurtegia, hobia eta abar. Halaber, suteen aurkako sistemak eta saneamendu-sarea ere islatuko dira. 1:100 eskalan.
10.4.- Instalazioen ebakidurak. 1:100 eskalan.
11. AURREKONTUAK
Zatikako aurrekontuak eta aurrekontu orokorra. Berez beharrezkoak izan litezkeen eta zatikako aurrekontuetan sartuta ez dauden neurri zuzentzaileen eta/edo elementuen balorazioa.