Arautegia

Inprimatu

290/2005 DEKRETUA, urriaren 11koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 203
  • Hurrenkera-zk.: 5257
  • Xedapen-zk.: 290
  • Xedapen-data: 2005/10/11
  • Argitaratze-data: 2005/10/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Legebiltzarrean 2005eko ekainaren 22an egindako inbestidura-eztabaidan azaldu zuen Lehendakariak bere Gobernu Programa berria eta, ondoren, 2005eko ekainaren 27an, VII. Legealdiko Eusko Jaurlaritza osatzeko koalizio-hitzarmena sinatu zen. Gobernu berriaren administrazio-egitura dekretu honen bidez diseinatu zen: 8/2005 Dekretua, ekainaren 27koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena. Oinarrian, aurreko legealdian ezarritako Administrazioaren sail-egitura eta sailen arteko eskumen-banaketa berberak mantendu ziren.

Dekretu horren bidez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sail berria eratu zen desagertutako Nekazaritza eta Arrantza Sailak zituen sailburuordetza, zuzendaritza eta administrazio-unitateekin. Bertako sailburuak, Jaurlaritzari buruzko Legeko 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Lehendakariari proposatu behar dio bere sailaren egitura- eta antolaketa-proiektua, Gobernu Programan jasotako helburuei eta programa hori argitzen duten irizpideei egokituta eta lehen aipatutako ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuan adierazitako antolamendu-irizpideen arabera.

Aurrekoa kontuan hartuta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sail berria eratu da. Sail berriaren egitura aipatutako koalizio-hitzarmeneko edukiak arrakastaz aurrera eramateko modukoa da, batez ere "Aurrerabiderako Gobernua: hazkundea eta ongizatea sustatzeko Gobernua: lehen sektorea eta landa-munduaren garapena¿ epigrafeari dagokionez. Epigrafe horrek adierazten du gure herrian sektore ekonomiko tradizionala izateaz gainera, beste hainbat funtzio ere betetzen dituela nekazaritza eta abeltzaintza munduak: kalitatezko produktuen hornitzaile eta baserri-munduan populazioa mantentzeko bermatzaile izateaz gainera, natur ingurunearen eta biodibertsitatearen babesle ere badela. Era berean, bi helburu ezartzen ditu: batetik, baserri-giro eta arrantzale-tokien errespetuzko garapen integral eta iraunkorra lortzea, bertako herritarrei hiri-munduak gozatzen dituenen antzeko zerbitzuak eskura ezarriz, eta, bestetik, elikadura- eta nekazaritza-alorreko politika produkzio- eta transformazio-egituren modernizazioan eta belaunaldi berrietako gazteak sektore horretan sartzean oinarritzea.

Adierazitako hori gauzatzeko, koalizio-hitzarmenean jasotako ekintza hauek egingo dira: ¿ Nekazaritza eta Elikadura Politikaren Legea onetsi, nekazaritzarako lurraren defentsa, nekazal praktika onak eta kalitatea, eta nekazaritzaren iraupena segurtatuko duten gazteak sektore honetan sartuko direla bermatzeko; ¿ baserri-munduan emakumearen protagonismoa bultzatzeko ez ezik, ustiategien jabekidetasuna eta emakumeak sektorean beteriko eginkizuna ere aintzat hartuko dituen egintza positiboko plana onartu; ¿ nekazarien errentak bermatuko dituzten Nekazal Aseguruen Plana onetsi, egungo kalte-ordainen bidezko sistema hau pixkanaka ordezka dezan; ¿ arrantza-produktuen markak eta kalitateko labelak sustatu; ¿ 2007-2012 Nekazaritza Garatzeko Plan Iraunkor berria onetsi (NGPI), nekazari gazteak bultzatzeko, nekazaritza-lurra defendatzeko eta kalitatezko produktuak sustatzeko; ¿ arrantza sektorearentzat Plan Estrategikoa onetsi, ekonomiaren globalizazioaren eta baliabide biologikoen kudeaketaren iraunkortasunaren testuinguruan; ¿ arrantza-ontzi eta portuen modernizazioa sustatu; ¿ jarduera ekonomikoen garapenean arrantzale-udalerriei lagundu; eta ¿ elika-katearen kalitatea bermatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko berariazko programak lehenetsi.

Hori guztia dela-eta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari esleitutako eskumen eta egitekoak argi eta zehatz azaldu behar zaizkio euskal gizarteari, bera baita Administrazio honek eskainitako zerbitzu eta jardueren jasotzailea eta azken onuraduna. Gogoan har dezagun eskumen eta egiteko horien bitartez beteko duela sail honek objektibotasun eta eraginkortasunez bere eginkizun nagusia: euskal herritarrei zerbitzu egitea.

Alde horretatik, sailari esleitutako eginkizuna politikoki eta administratiboki eraginkortasunez burutzeko moduko egitura- eta egiteko-antolakuntza eratu da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek nekazaritzaren (nekazaritza bera, abeltzaintza eta basozaintza), arrantzaren, eta elikaduraren arloan dituzten beharrizan eta igurikapenei erantzuteko modukoa. Azken horri dagokionez, elikaduraren arloa gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan da sailaren egitekoen artean, eta orain sailaren oinordeko berria da. Ahalegin handia egin da gero eta kalitate-kontrol handiagoa ezartzeko nekazaritza eta arrantzako elikagaien produkzioan. Horretarako, kalitate-estandar altuak definitu eta exijitu zaizkie nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako produktuen produkzioari, eraldakuntzari eta merkaturatzeari, eta sektoreko industrien inbertsioei laguntza ekonomiko irmo eta oso garrantzitsua eman zaie.

Horrela, bada, batik bat azken boladako elikadura-krisien eraginez elikadura-gaietan zalantzarik gabeko erreferentzia-puntu bat izatearen inguruan herritarrek gero eta kezka eta eskakizun handiagoak adierazten dizkietenez administrazioei, sail berria eratu da, kezka eta eskakizun horiei erantzuteko. Saila elikadura-gai orokorretako erreferente garbia izango da herritarrentzat, eta espresuki beste sail eta organoei ez dagozkien elikadurarekin lotutako beste alderdiak ere beregain egongo dira eta modu erakargarrian jardungo du horiekin. Elikadura-gaiei emango zaien bultzada irmoak baldintzatuko du neurri handi batean sailak izango duen egituraren eta funtzioen antolamendua.

Bestetik, ezagun da Euskal Herriko landa-ingurunearen eta itsasertzekoaren garapenak ondorio garrantzitsu eta funtzioanitzak dakarzkiola euskal gizarte osoari. Eta garapen hori Euskal Herriaren diseinu sozio-ekonomikoaren eta hiri-ingurunearekiko harremanetako orekaren mendean ez ezik, inguru moderno, erakargarri eta emankorra egiteko eta, hala, bizilagun, jarduera eta inbertsio berriak erakartzeko behar diren egitura eta baldintzak eratu eta sortzeko ahalmenaren mendean egongo da. Zeregin zail eta neketsu hori Euskal Herriarentzako erronka da, eta aurre egingo bazaio, helburu eta xedetzat nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikadura dituen saila behar da.

Adierazitakoaren arabera, eta Jaurlaritzaren antolamendu-irizpide orokorrei jarraiki, dekretu honen bidez gaiak berrantolatu dira, eta desagertu diren Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordetza eta Arrantza Sailburuordetzaren ordez beste bi sailburuordetza sortu dira. Gainera, horietako baten barruan sartu dira I+G+Bren inguruko zereginak, lehen zuzenean sailburuaren menpe zegoen, eta orain desagertu den, zuzendaritza bati atxikita zeudenak.

Hortaz, alde batetik Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetza eratu da. Funtsean nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren lehen sektorea bultzatu eta antolatzearekin zerikusia duten gai eta zereginez arduratuko da, eta baita landa-ingurunearen eta itsasertzekoaren garapenaz eta dagokion eraketa sektorialaz ere.

Beste aldetik, berriz, elikagaien kalitateari eta bermeari eman nahi zaien bultzada politikoaren eraginez, Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetza eratu da. Honako hauekin zerikusia daukaten gai eta zereginez arduratuko da batik bat: elikagaien kalitatea eta segurtasuna; nekazaritza, arrantza eta elikagaien industriak; lehen sektoretik datozen produktuen eraldakuntza eta merkaturatzea; basoen, ehizaren eta arrantza kontinentalaren antolamendua; eta, sektoreko ikerketa eta garapen teknologikoa.

Esandakoaren arabera, izaera horizontaleko zuzendaritzak proposatu dira, zuzenean sailburuaren menpe daudenak: Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza, sailaren lege, aurrekontu eta langileen arloen ardura duena; eta, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza, sailburuari lagunduko diona sailaren gaiak politikoki bultzatzen. Bi organo horiek, hierarkiari eta eskumenei dagokienez, aurreko egituran zeuden bezala jarraituko dute.

Beraz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren proposamenez, aldez aurretik Lehendakariak onetsi eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko urriaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 17. artikuluaren edukiak garatzeko, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren jardun-arloak honako hauek izango dira:

  1. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren lehiakortasuna sustatzea.

  2. Nekazaritza, basozaintza eta abeltzaintzaren antolamendua.

  3. Landa-garapena eta landa-inguruneko jardun ekonomikoaren dibertsifikazioa.

  4. Animalien eta landareen ekoizpena eta osasuna.

  5. Euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren garapen iraunkor eta funtzioanitza bermatu eta sustatzea.

  6. Ehizako eta arrantza kontinentaleko ondasunak aprobetxatzeko araubidea.

  7. Nekazaritzako, abeltzaintzako, basozaintzako,elikagaigintzako eta arrantzako elkarte, erakunde eta korporazio profesionalak.

  8. Nekazaritzako eta landa-inguruneko prestakuntza.

  9. Nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta ozeanografiako ikerketa.

  10. Nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriak eta merkaturatzea.

  11. Basozaintzako lehen transformazioko industriak.

  12. Nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien kalitatea eta bermea.

  1. Jatorrizko deiturak, eta nekazaritzako eta arrantzako produktuen eta elikagaien kalitate eta bermearen bereizgarriak.

  2. Trazabilitatea eta elikagaien segurtasuna.

  3. Mahastizaintza eta enologia.

  4. EBko Nekazaritza Politika Bateratuak eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailea.

  5. Arrantzaren antolamendua, itsas arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura.

  6. Arrantzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko egituren plangintza eta sustapena.

  7. Nabigazioko eta arrantzako prestakuntza eta kirol-nabigazioko irakaskuntza.

  8. Urpekaritza profesionala.

  9. Arrantza-eskualdeen toki-garapena.

  10. Animalien babesa eta kontrola. Zoologia-guneak.

  11. Harakintzaren eta esnegintzaren antolamendua eta egituraketa.

Aurreko artikuluan aipaturiko jardun-arloetako eskumenak erabiltzeko, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak honako egitura orokor hau hartu du:

  1. Kide bakarreko organoak.

    1. ¿ Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua.

    1. ¿ Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

    2. ¿ Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza.

    1. ¿ Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetza.

    1. ¿ Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.

    2. ¿ Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza.

    3. ¿ Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    1. ¿ Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetza.

    1. ¿ Elikagaien Industriako Zuzendaritza.

    2. ¿ Elikagaien Kalitateko Zuzendaritza.

    3. ¿ Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritza.

  2. Kide anitzeko organoak.

    Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari kide anitzeko organo hauek atxiki zaizkio saila eratzeko arauetan zehaztutakoaren arabera:

    1. ¿ Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea.

    2. ¿ Arrantza Politikako Batzordea.

    3. ¿ Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala (1997ko maiatzaren 7ko Agindua).

    4. ¿ Arrantzako Aholku Mahai Nazionala (1996ko uztailaren 23ko Agindua).

    5. ¿ Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Kontratazio Mahaia (1999ko ekainaren 11ko Agindua).

    6. ¿ Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landa Errentamenduen Tartekaritza Batzak (apirilaren 25eko 94/1983 Dekretua).

    7. ¿ Izurri Hilkariei buruzko Arauteriaren Garapen eta Aplikazioko Batzorde Teknikoa (1990eko otsailaren 15eko Agindua).

    8. ¿ Euskal Herriko Bertako Abere Arrazen Kontseilua (abenduaren 26ko 373/2001 Dekretua).

    9. ¿ Nekazaritza Ekologikoaren Euskal Kontseilua (irailaren 24ko 229/1996 Dekretua).

    10. ¿ Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordea (otsailaren 13ko 31/2001 Dekretua eta 2002ko otsailaren 5eko Agindua).

    11. ¿ Landaberri (apirilaren 8ko 10/1998 Legea eta ekainaren 2ko 95/1998 Dekretua).

    12. ¿ Landa Garapeneko Kontseilu Aholkularia (apirilaren 8ko 10/1998 Legea eta ekainaren 2ko 95/1998 Dekretua).

    13. ¿ Euskadiko Animalien Elikadurarako Batzordea (apirilaren 12ko 90/2005 Dekretua).

  3. Administrazio instituzionala.

    Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari atxikita daude, halaber, honako baltzu publiko hauek:

    1. ¿ Mendikoi Nekazaritza Garapenerako Institutua, A.B., Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzaren bitartez.

    2. ¿ Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B., Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritzaren bitartez.

  1. ¿ Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari honakook dagozkio: batetik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkatutako eskumenak betetzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren indarrez Sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan, indarrean dauden legeek egozten dizkioten eskumenak betetzea, beti ere dekretu honetan ohartemandakoarekin bat etorriz.

  2. ¿ Saileko organo gorena denez, saileko organo eta jarduera guztien zuzendaritza, koordinazioa eta kontrola egingo ditu.

  3. ¿ Sailburuari dagozkio, halaber, honako egiteko hauek:

    1. Aukerako izendapeneko lanpostuak betetzea, eta aldi baterako langileak izendatzea.

    2. Saileko organoen artean eskuduntzei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea eta beste sail eta erakunde batzuekiko eskumen-arazoak azaltzea.

    3. Hitzarmenak eta akordioak onartzea eta sinatzea, sailari dagozkion gaietan, baldin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak aurretik onartu behar ez baditu.

    4. Berariaz esleitzen zaizkion egitekoak, edo/eta, Jaurlaritzako sailburuei orokorrean esleitutakoak izanik, komunak diren gainontzeko egitekoak.

Sailburuaren mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak eginkizun hauek beteko ditu:

  1. Behar duen laguntza eta aholkuak ematea sailburuari, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari esleitutako eskumenak betetzeko, bai eta eskumen horien inguruko irizpide eta jarduera-planak ezartzeko ere.

  2. Nekazaritza, elikadura, arrantza eta landa-ingurunea antolatu eta sustatzeko kontuetan, Sailak Europako erakunde publiko zein pribatuekin dituen solaskidetza eta, oro har, harremanak bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organo eskudunaren bitartez.

  3. Hierarkian sailburuordetzen mende ez dauden zuzendaritzek sailburuarekin eta Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetzarekin nahiz Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzarekin dituzten harremanak koordinatzea.

  4. Sailari dagozkion eskumenen barruan izanik, Europar Batasunaren helburuetan eragina duten programazio-agiri bakarrak eta bestelako planak diseinatzea.

  5. Sailaren organoen arteko harremanak koordinatzea, bai eta organo eskudunen bitartez sailak Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko edo Europako Erkidegoko beste administrazio eta organoekin dituen harremanak ere, beste organo batzuei berariaz esleitutakoak izan ezik.

  6. Europar Batasunaren arau eta politikak egin eta aplikatzeko lanetan Eusko Jaurlaritzak duen partaidetza garatzeko koordinazio-neurriak betetzea, indarrean dauden hitzarmen eta arauekin bat etorriz.

  7. Sailak gizarte-komunikabideekin dituen harremanak koordinatzea.

  8. Sailak Eusko Legebiltzarrarekin dituen harremanak bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako organo eskudunaren bitartez.

  9. Sailaren plan estrategikoen gertaketa eta plan horien jarraipen-txostenen gertaketa koordinatzea, saileko sailburuordetzekin lankidetzan.

  10. Informazio-sistemen, estatistikaren, eta azterketa eta analisien alorreko kudeaketa eta koordinazioa egitea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailari dagozkion eskumenak ezertan urratu gabe. Uztailaren 30eko 202/1996 Dekretuaren bidez araututako Sailaren Organo Estatistiko Espezifikoa ere zuzendaritza honi atxikita dago. Atxikipen horrek ez dio kalterik egingo Jaurlaritzaren Sailetako Estatistika Organo Espezifikoak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuari.

  11. Sailak Arartekoarekin dituen harremanak koordinatzea eta bideratzea, organo eskudunen bitartez.

  12. Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen barne-auditoria egitea, Europar Batasunaren arauen eremuaren barruan.

  1. Sailaren menpeko enpresa-talde eta fundazioen arteko harremanak koordinatzea eta lankidetza sustatzea.

  2. Sailak Informazioaren eta Jakintzaren Gizartearen sustapen eta garapenerako egin beharreko jarduerak diseinatu eta kudeatzea.

  3. Sailaren egitekoekin zerikusia duten ekintza instituzionalak sustatu eta kudeatzea.

  4. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako berdintasun-planean aurreikusitako neurriak gauzatu daitezen, saileko zuzendaritza eta arloak nahiz sailari atxikitako organismo, erakunde, elkarte eta organoak bultzatu eta koordinatzea, eta guztiekin lankidetzan aritzea.

  5. Aurreko idatz-zatietan aipatutako egitekoekin loturik, zuzendaritza honi eslei dakizkion beste egiteko guztiak.

Sailburuaren mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Sailburuari laguntza tekniko-juridikoa eta administratiboa ematea.

  2. Sailak Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin dituen harremanak koordinatu eta bideratzea.

  3. Saileko zerbitzu juridikoak egituratzea. Zerbitzu juridikoek saileko organoei aholkularitza juridikoa emango diete eta eskatzen zaizkion zuzenbideko txostenak egingo ditu, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak arlo horretan dituen eskumenak ezertan urratu gabe.

  4. Sailak emandako arauak koordinatzea, hala badagokio prestatzea, eta, kontrolatzea.

  5. Sailaren interesik prozedura judizialen batean sartuta egonez gero, delako interes horiei egin beharreko jarraipena egitea eta interes horien defentsan laguntzea, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako organo eskudunaren bitartez.

  6. Jaurlaritzaren Kontseiluari edo horren organo eskudunei aurkeztu beharreko espediente eta gaiak izapidetu eta kontrolatzea, eta baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu behar diren xedapen eta administrazio-egintzak ere.

  7. Sailaren kontratazio-organoa izatea.

  8. Sailaren aurrekontuaren aurreproiektua egitea, haren jarraipena koordinatzea eta, oro har, sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzea.

  9. Sailaren eskumen-arloetan, ikerketa eta txosten ekonomikoak programatzea, koordinatzea eta, hala badagokio, prestatzea.

  10. Europar Batasunaren Nekazaritza Politika Bateratuak eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen kontabilitateaz arduratzea, arau komunitarioen eremuaren barruan.

  11. Unean-unean indarrean dauden subentzio-egitarauekin bat etorriz, laguntza edo subentzioren baten banaketa sailaren ardura izanez gero, delako laguntza edo subentzio horren erabilera egokia bermatzeko behar diren ekintza guztien kudeaketa proposatu eta burutzea, saileko zuzendaritzekin lankidetzan.

  12. Sail guztiei orokorrean esleitutakoak eta, beraz, komunak izanik, indarreko legeen arabera Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari dagozkion eskumenen kudeaketa egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarekin, antolaketarekin eta informatikarekin lotutako gaietan.

  1. Sailaren jarduerarekin lotutako ondarezko erantzukizunei buruzko espedienteak ebaztea.

  2. Sailari atxikitako langileak administratu eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak horri buruz zehazten dituen eskumenak erabiliz eta dekretu honen 3. artikuluan aurreikusitako salbuespena eginda. Hori guztia Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunei dagozkien eskuduntzak ezertan urratu gabe ulertu behar da.

  3. Sailak langile-premiei buruz egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen plantillak eta zerrendak proposatzea.

  4. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea/Instituto Vasco de Administración Públicarekin (HAEE/IVAP) lankidetzan, langileen prestakuntza eta hobekuntzako planak eta programak sustatzea.

  5. Organo eskudunek langileei buruz lortutako akordioen eta hartutako erabakien berri zuzena ematea saileko zerbitzuei, jakinaren gainean egon daitezen, eta akordio eta erabakiok betetzen direnentz begiratzea.

  6. Lanpostuen banaketa fisikoarekin, ekipamenduarekin eta eraberritze-lanekin zerikusia duten saileko unitate guztien jardunak zuzentzea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailari gai honetan esleitutako eskumenak ezertan urratu gabe. Horrez gain, saileko bulegoen barne-araubidea zaindu eta babestuko du, eta sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamendua administratu eta iraunaraziko ditu.

  7. Saileko beste organoekin batera eta Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunekin batera koordinaturik, saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan-sistema eta metodoen barne-egituraketari, arrazoizko antolamenduari, kudeaketa digitalari eta informatizazioari buruzko proposamenak prestatzea.

  8. Saileko Erregistro Nagusia, Agiritegia, Liburutegia eta gainontzeko agiri-zentroak antolatu eta zuzentzea, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunei dagozkien eskuduntzak ezertan urratu gabe.

  9. Sailean kalitate-ereduak diseinatu eta garatzea.

  10. Administrazioaren eraberritze eta modernizazioko organo eskudunak bultzatutako ekimen eta irizpideak Sailaren barruan garatu eta gauzatzeko behar den euskarria bermatzea.

  11. Hiritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko zerbitzuen funtzionamendu ezin hobea bermatzea (2. eta 3. arreta-mailak), eta Zuzenean-Jaurlaritzaren Hiritarren Arretako Zerbitzuarekin harreman egokiak izatea, bere eskumen-arloko gaietan solaskide egokiak jarriz.

  12. Aurreko idatz-zatietan aipatutako egitekoekin lotuta, zuzendaritza honi eslei dakizkion beste egiteko guztiak.

Sailburuaren mendeko zuzen eta hierarkikoak izanik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuordeek bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Sailburuordetzaren jarduerak eta haren mendeko zuzendaritzen, organoen eta administrazio-atalenak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta ikuskatzea.

  2. Jarduteko politikak prestatu eta sailburuari proposatzea.

  3. Sailburuordetzaren mendeko zerbitzuei eta organoei eman beharreko jarraibide eta aginduak ematea, behar bezala jardun dezaten.

  4. Sailburuari laguntza teknikoa ematea, zeinek bere ardurapeko gaietan.

  5. Xedapen-proiektuetarako proposamenak egitea, ezarritako jardun-politikarekin bat etorriz.

  6. Sailburuordetzaren mendeko zuzendariek emandako erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

  7. Sailburuak haien esku uzten dituen egitekoak eta ahalmenak erabiltzea, Gobernuaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 39. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoaren arabera.

  8. Indarrean dagoen antolamendu juridikoak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak, edota, Jaurlaritzako sailburuordeei orokorrean esleitutakoak izanik, komunak diren gainontzeko egitekoak.

Dagokion sailburuordearen, edo, Sailburuaren Kabineteko zuzendari eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren kasuan sailburuaren mendeko zuzen eta hierarkikoak izanik, zuzendariek honako egiteko orokor hauek izango dituzte.

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat etorriz.

  2. Zuzendaritzako jarduerak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, goragoko organoak emandako jarraibideen arabera.

  3. Zeinek bere eskumen-eremuko planak edo jardun-programak proposatzea organo arduradunei.

  4. Esleituta dituzten eginkizunak betetzeko behar diren administrazio-egintzak ematea.

  5. Errekurtsoak ebaztea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.

  6. Aplikatu beharreko arautegi sektorialean aurreikuspen espezifikorik egon ezean, zigor-espedienteak ireki eta ebaztea, zeinek bere eskumen-eremuaren barruan.

  7. Indarrean dagoen antolamendu juridikoak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak, edota, Jaurlaritzako zuzendariei orokorrean esleitutakoak izanik, komunak diren gainontzeko egitekoak.

  1. ¿ Sailburuaren mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetzari ondoko jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea dagokio:

    1. Nekazaritzaren sustapena eta antolamendua.

    2. Nekazaritzako eta abeltzaintzako egituren erreforma.

    3. Merkatuetan esku hartzea, Erakunde Ordaintzaileak bere gain hartutako eskumenen esparruan.

    4. Ordainketak eta Europako laguntzak.

    5. Landa-garapeneko programen kudeaketa, sailaren eskumen-eremuaren barruan.

    6. Landa-garapenarekin eta nekazaritza-sektorearen funtzioaniztasunarekin zerikusia duten politika eta arautegi europarrak garatu eta kudeatzea.

    7. Erakunde eskudunei landa-garapeneko ekimenak proposatzea, Landa Garapeneko apirilaren 8ko 10/1998 Legean aurreikusitako helburuak lortzeko, eta Landaberriren baitan sortzen diren lan-taldeen jarduna bultzatzea.

    8. Landa Garapeneko Legearen arabera Landaberriren txostena behar duten gaiak prestatu eta bultzatzea.

    9. Mahastizaintzaren antolamendua eta araubidea, maiatzaren 7ko 5/2004 Legearekin bat etorriz.

    10. Animaliak eta zoologia-guneak babesteko eta kontrolatzeko araubidea, animaliak babesteko urriaren 29ko 6/1993 Legearekin bat etorriz.

    11. Nekazari-taldeak eta landa-garapeneko elkarteak sustatzea eta horiekin harremanetan egotea.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoko uretako arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura antolatzea, martxoaren 13ko 6/1998 Legearekin bat etorriz.

    1. Arrantza-egituren plangintza eta sustapena.

    2. Urpekaritza profesionala.

    3. Arrantzaleen kofradiak, arrantzako elkarte profesionalak eta arrantzako ekoizleen erakundeak.

    4. Arrantza-eskualdeen garapen sozio-ekonomikoa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren eskumenen barruan.

    5. Nekazaritzako, landa-inguruneko eta nabigazio eta arrantzako prestakuntza. Kirol-nabigazioko irakaskuntza.

  2. ¿ Hierarkikoki Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetzaren mende daude Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordearen mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Nekazaritzako ustiategien ekoizpen-egituren lehiakortasuna hobetzeko programak eta jarduerak egin eta koordinatzea, sustapenekoak barne.

  2. Landareen ekoizpen eta osasuneko eta abereen ekoizpen eta osasuneko programak eta jarduerak egin eta koordinatzea, ekoizpen integratua eta ekologikoa barne, lurralde historikoen eskumenei eragin gabe eta horiekin koordinazioan.

  3. Nekazaritzako produktuen Merkatu Antolaketa Komunari, prezioei eta konpentsazio-neurriei buruz Europar Batasunak egiten dituen politiken jarraipena eta haien inguruko proposamenak egitea, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzaren lankidetzaz.

  4. Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) kudeatzeko jardun-programak prestatu eta koordinatzea.

  5. Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritza-organoa izatea.

  6. Animaliak babesteko neurriak garatzea, urriaren 29ko 6/1993 Legearekin bat etorriz.

  7. Nekazaritza eta abeltzaintzako merkatuetan esku hartzeko eta merkatuok arautzeko jarduna kudeatzea.

  8. Natur baliabideen kutsadura saihestu edo gutxitzen duten laborantza-moduei buruzko programak egitea.

  9. Europar Batasunak animalien osasun eta ongizatearen inguruan daukan arautegiaren ezarpena sustatzea.

  10. Mintegiko hazien eta landareen antolamendu, kontrol eta ekoizpena.

  11. Nekazari Ganberekiko eta Landa Errentamenduen Tartekaritza Batzekiko harremanetarako organoa izatea.

  12. Eraldaketako nekazaritza-sozietateen eraketa, erregistroa eta kontrola kudeatzea.

  1. Martxoaren 30eko 84/1993 Dekretuan Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruz aurreikusten diren eginkizunak betetzea.

  2. Landa Errentamenduen Erregistro Berezia kudeatzea.

  3. Mahastizaintzako erregimena kudeatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazari-taldeak eta horien elkarteak aitortu, erregistroetan jaso eta sustatzea, urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuarekin bat etorriz.

Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordearen mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Arrantza-enpresen lehiakortasuna hobetzeko, diru-laguntzak dibertsifikatzeko programak diseinatu eta gauzatzea.

  2. Diru-laguntzen artikulazioa proposatzea eta jardun-arlo guztietako programak eta jarduerak prestatu eta betetzea, Europar Batasuneko arauekin bat etorriz.

  3. Itsaski-bilketa eta akuikultura antolatu, kudeatu eta sustatzea.

  4. Itsasoko kirol-arrantza antolatu eta kudeatzea, eta dagozkion baimenak luzatzea.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-flotari laguntza eta babesa ematea, hala egiteko eskatzen duen egoera berezirik suertatuz gero.

  6. Arrantza-sektorerako ezarritako tresna eta bermeekin loturiko neurriak kudeatu eta bultzatzea, arrantza-eskubideen erabilera kolektiboari eta antzerakoei dagokienean, batez ere.

  7. Arrantzako elkarte profesionalekiko, arrantzako ekoizleen taldeekiko eta ekainaren 25eko 16/1998 Legeak arautzen dituen arrantzaleen kofradiekiko harreman-organoa izatea.

  8. Arrantza-sektorearen beharrizan eta berezitasunentzako finantza-tresna egokiak aztertu eta sustatzea.

  9. Arrantzaren Orientazioko Finantza Tresna Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzea, eta Autonomia Erkidegoaren ordezkari izatea Jarraipen Batzordean.

  10. Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeak ezarritako lizentzia, baimen edo emakidak ematea, eta legean jasotzen diren erregistro eta gainontzeko tresnen ardura hartzea.

  11. Arrantza-ikuskapenaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak betetzea, Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuaren jardun eraginkorra bermatzeko behar diren jarduerak eginez.

  12. Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legearen 21.5 artikuluan aurreikusitako txostena egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren itsasoan isurketak egiteko baimenak emateko, baimen horiek aldi baterako indargabetzeko, aldatzeko edo iraungitzeko ebazpenak egin aurretik.

Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordearen mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Landa Garapeneko apirilaren 8ko 10/1998 Legean xedatutakoaren ondorioz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari dagozkion eskumen guztiak bultzatu, bete eta koordinatzea.

  2. Landaberriri behar duen laguntza tekniko eta administratiboa ematea.

  3. Landa-garapeneko jardun-programak prestatu eta koordinatzea, Europar Batasunaren arau eta ekimenen esparruan.

  4. Landa-garapenaren arloan Europar Batasuneko arau, plan eta programak garatzeko ezartzen diren batzorde eta kide anitzeko erakundeetan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari dagozkion ordezkaritza eta eginkizunak betetzea.

  5. Mendi-nekazaritzako eskualdeetarako eta alde behartsuetarako programak egin eta koordinatzea.

  6. Agente ekonomiko eta sozialek landa-garapeneko plan eta programetan parte hartzeko modua bultzatu eta garatzea.

  7. Landa-eremuetako jardun ekonomikoa dibertsifikatzeko jarduerak egitea eta landa-ingurunearen funtzioaniztasunari eustea.

  8. Landa-ingurunean enpresa txiki eta ertainak sortzeko erraztasunak eta laguntza ematea.

  9. Landa-garapeneko elkarteak sustatzea eta horiekin harremanetan egotea.

  10. Nekazaritzako eta landa-garapeneko prestakuntza antolatu eta sustatzea.

  11. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari nekazaritza-eta landa-gaietako heziketa arautuko ikasketa-programak proposatzea.

  12. Lana antolatzeko eredu berrien garapena proposatzea, informazioaren teknologia berriak aplikatuz, landa-inguruneko enpleguaren lan-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetu ahal izateko.

  1. Nekazalturismoari dagozkion jarduerak burutzea.

  2. Jardun-programak egin eta proposatzea, arrantza-eskualdeen gainbehera eragozteko, eta eskualde horiek Euskal Herriko gainontzeko eskualdeen parean jartzeko, garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari dagokionez.

  3. Arrantza-eskualdeetako azpiegitura eta zerbitzuak hobetzeko planak eta programak egin eta proposatzea.

  4. Nabigazio eta arrantzako prestakuntza antolatzea eta kudeatzea.

  5. Kirol-nabigazioko titulazio eta irakaskuntzak antolatzea eta kudeatzea.

  6. Urpekaritza profesionala.

  7. Herri-administrazioen politikak eta jarduerak koordinatzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko proposamenak egitea, politika eta jarduera horiek eraginik badute n) idatz-zatian jasotako helburuetan.

  8. Arrantza-eskualdeen garapenaren arloan Europar Batasuneko arau, plan eta programak garatzeko ezartzen diren batzorde eta erakunde kolegiatuetan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari dagozkion ordezkaritza eta eginkizunak betetzea, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  9. Mendikoi Nekazaritza Garapenerako Institutua, A.B. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari atxikitzearen ondoriozko eskumenak erabiltzea, eta landa-garapenaren arloan edo nekazaritza- eta landa-gaietako prestakuntza-arloan eginkizunen bat betetzen duten erakundeen jarraipen eta kontrola egitea, edo erakunde horien inguruan sailari esleitu zaizkion gainontzeko ahalmenak baliatzea.

  1. ¿ Sailburuaren mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari ondoko jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea dagokio:

    1. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien industriak sustatzea.

    2. Nekazaritza, arrantza eta elikagaigintzako produktuak merkaturatzea.

    3. Enologia, maiatzaren 7ko 5/2004 Legearekin bat etorriz.

    4. Nekazaritza eta arrantzako produktuen kalitatea sustatu eta horien alde egitea.

    5. Nekazaritza eta arrantzako produktuen jatorrizko deiturak eta kalitate eta bermearen bereizgarriak.

    6. Elikagaien segurtasuna bultzatzea.

    7. Teknologiak bultzatzea nekazaritza, arrantza eta elikagaien industrian.

    8. Ikerketa eta teknologiaren garapena.

    9. Ehiza.

    10. Baso-antolamendua.

  2. ¿ Hierarkikoki Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzaren mende daude Elikagaien Industriako Zuzendaritza, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritza eta Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritza.

Elikagai Politika eta Industriako sailburuordearen mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Elikagaien Industriako Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien industrien lehiakortasuna hobetzeko programak eta jarduerak prestatu eta gauzatzea.

  2. Nekazaritza eta Arrantzako Industrien Erregistroa kudeatzea, gainontzeko erregistro administratiboekin lankidetzan.

  3. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien industriak sustatzeko eta inbertsioak egiteko programak eta jarduerak prestatu eta gauzatzea.

  4. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien industriako proiektu berrien bilketa sustatzea.

  5. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien sektore eta enpresak finantzatzeko tresnak sustatzea.

  6. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien sektore jakin batzuen eraldaketa eta merkaturatzea antolatu eta sustatzeko programak prestatu eta gauzatzea.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien sustapen eta publizitateari buruzko programak eta jarduerak prestatu eta kudeatzea, edo halakoetan laguntzea.

  8. Euskal nekazaritza, arrantza eta elikagaien sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko azoka, erakusketa eta promozioetan parte har dezala sustatzea eta parte-hartze hori kudeatzea.

  9. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien merkaturatzearen eta eraldaketaren inguruko eta Euskal Autonomia Erkidegoko kalitate-bereizgarrien inguruko ekintza komunitarioen ondoriozko programak kudeatzea, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  10. Enologia.

  11. Ardo eta edari alkoholdunen botilatzaileen eta ontziratzaileen erregistroaren nahiz enologia-produktuen erregistroaren inguruko egitekoak gauzatzea.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien profesioarteko erakundeak aitortu, erregistroetan jaso eta sustatzea, maiatzaren 10eko 2/1996 Legearekin bat etorriz.

  1. Nekazaritza, arrantza eta elikagaien industriak eta banaketa-industriak topo egiteko foroak ezartzea.

  2. Basozaintzako lehen transformazioko industriak.

Elikagai Politika eta Industriako sailburuordearen mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Elikagaien kalitatea kontrolatzea ekoizpenean, eraldaketan, ontziratzean, biltegiratzean, garraioan eta handizkako zein txikizkako merkaturatzean.

  2. Pentsu eta ongarrien kalitatea kontrolatzea ekoizpenean, eraldaketan, ontziratzean, biltegiratzean, garraioan eta handizkako zein txikizkako merkaturatzean.

  3. Elikagaien ekoizpen-katean eta kontsumoan dauden arriskuak ebaluatzeko azterlanak egitea eta elikagaien bermearekin zerikusia duten gainontzeko alderdiez arduratzea.

  4. Elikagaien arloko krisiei aurre egiteko jardunbideak ezartzea arlo horrekin zerikusia duten sailen lankidetzarekin eta sail horiekin koordinatuta.

  5. Animalia-jatorriko azpiproduktuak kudeatzeko programak eta jarduerak prestatzea, arlo horretako instituzio-organoekin lankidetzan.

  6. Dekretu honetako 9.g artikuluan ezarritako eginkizunari dagokion ikuskaritzaz arduratzea.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko kalitate-bereizgarrien inguruko ekintza komunitarioen ondoriozko programak kudeatzea, Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  8. Jatorrizko deiturak eta elikagaien kalitatearen bereizgarriak ezarri eta kontrolatzea; sektoreko enpresak bultzatzea halakoak erabil ditzaten; eta kontseilu arautzaileak edota kudeaketa- eta kontrol-erakundeak sortu eta kontrolatzea.

  9. Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko kontseilu arautzaileetan parte-hartzea.

  10. Arauak egokitzearekin loturiko jarduerak zuzentzea, nekazaritza eta arrantzako produktuen eta elikagaien ekoizpenaren kalitate-ezaugarriak normalizatu, tipifikatu eta arautzeari dagokionean.

  11. Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko operadoreen erregistro-zerrendari eta Euskadiko ekoizpen integratuko operadoreen erregistroari buruzko egitekoak garatzea, bai eta dagozkien arauetan aurreikusitako gainontzeko egitekoak ere. Abere-elikaduraren sektorean erregistratuta eta baimenduta dauden establezimendu eta bitartekarien zerrenden kudeaketa koordinatzea.

  12. Nekazaritza, arrantza eta elikaduraren enpresei nahiz kontsumitzaileei zuzendutako sentsibilizazio-kanpainak planifikatu eta sustatzea, elikagaien bermea eta elikagaien arloko krisiei aurre egiteko jardunbideak bete daitezen.

  1. Nekazaritzako Elikagaien Kalitatea Zaintzeko eta Iruzurrak Kontrolatzeko Zerbitzua planifikatu eta zuzentzea, eta baita gai horretako zehapenak egiteko ahala ere.

  2. Kontsumitzaileen elkarteekin eta profesionalen elkarteekin lankidetzan aritzea, elikagaien ekoizpen-katean eta kontsumoan kalitate-kontrolak bermatzeko.

Elikagai Politika eta Industriako sailburuordearen mendeko zuzen eta hierarkikoa izanik, Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritzak bete beharreko egitekoak hauek dira:

  1. Nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta ozeanografiako I+G+Bren plangintza eta programazioa egitea, arlo horretako jardun-ildoak koordinatu, bultzatu eta kudeatuz, gainontzeko zuzendaritzekin batera, zeinek bere eskumen-eremuaren baitan.

  2. Animalien gaixotasunen aurkako ekintzei dagokienez, analitiken goreneko kontrol eta kudeaketa egitea.

  3. EAEn, elikagaien osasun- eta kalitate-baldintzak bermatzen dituzten ikerlanak, garapen-lanak eta berrikuntza-lanak diseinatzea, bultzatzea eta burutzea.

  4. Euskal Herriko bertako abere-arrazei buruzko ikerketak eta arrazon garapena bultzatzea.

  5. Nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta ozeanografiako ikerketen emaitzak ezagutaraztea, lehen mailako produkzio-sistemetan eta eraldaketakoetan aplikatzeari begira.

  6. Nekazaritza, arrantza eta elikaduraren arloko enpresekiko lankidetza bultzatzea I+G+Bko proiektuak sortzeko.

  7. Nekazaritza, arrantza eta elikaduraren gaietan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko ekintzak sustatzea.

  8. EAEko nekazaritza, arrantza eta elikadurako laborategien arteko lankidetza koordinatzea.

  9. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren gai eta egitekoekin lotutako organo edo erakundeetan parte hartzeko organo ordezkari eta parte-hartzailea izatea.

  10. Nekazaritza eta Abeltzaintzaren eta Nekazaritza eta Arrantzako Industrien Hondakinak Kudeatzeko Plana egitea, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzarekin eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  11. Ehizaren eta arrantza kontinentalaren aberastasunaz baliatzeko erregimena zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek dituzten eskumenen esparruan, azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritakoaren arabera. Ehizan eta arrantza kontinentalean aritzeko beharrezkoak diren baldintzak zehaztea eta beharrezko gaitasuna egiaztatzeko probak antolatzea.

  12. Sailak basozaintza arloan dituen eskumenak koordinatzea eta kudeatzea, bai eta sektoreko elkarte profesionalekiko harremanak ere.

  1. Iraunkortasun-irizpideen araberako basozaintza-kudeaketa bultzatzea.

  2. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala eta horrek ekarritakoak bultzatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

  3. Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari atxikitzetik etorritako eskumenez baliatzea eta sailaren egitekoekin lotutako funtzioak burutzen dituzten erakunde instituzionalei dagokienez sailari esleitutako gainontzeko eskumenak jarraitzea eta kontrolatzea.

  1. ¿ Sailaren planak eta jardun-programak egin eta proposatzea dagokio Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari, nekazaritzarekin eta elikadurarekin loturiko gaietan.

  2. ¿ Sailburuaren lehendakaritzapean, ondoko hauek izango dira batzordekideak: Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordea, Elikagai Politika eta Industriako sailburuordea, Sailburuaren Kabineteko zuzendaria, Zerbitzu Orokorren zuzendaria, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaria, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria, Elikagaien Industriako zuzendaria, Elikagaien Kalitateko zuzendaria, Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko zuzendaria, foru-aldundi bakoitzeko hiru ordezkari (zuzendari nagusiaren maila edo hortik gorakoa eduki behar dute) eta idazkari bat (sailburuak izendatuko du).

  1. ¿ Sailaren planak eta jardun-programak egin eta proposatzea dagokio Arrantza Politikako Batzordeari, arrantzarekin loturiko gaietan.

  2. ¿ Sailburuaren lehendakaritzapean, ondoko hauek izango dira batzordekideak: Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordea, Sailburuaren Kabineteko zuzendaria, Zerbitzu Orokorren zuzendaria, Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendaria, Elikagaien Industriako zuzendaria, Elikagaien Kalitateko zuzendaria, Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko zuzendaria, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hiru ordezkari (zuzendari nagusiaren maila edo hortik gorakoa eduki behar dute) eta idazkari bat (sailburuak izendatuko du).

  1. ¿ Nekazaritzako elkarte profesionalei entzuteko organoa da Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-politika taxutzean eta haren jarraipena egitean sektore profesionalak daukan parte-hartzea instituzionalizatzea da bere ardura. Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionalaren ondorioak ez dira ez aginduzkoak ez lotesleak Administrazioarentzat.

  2. ¿ Sailburuaren lehendakaritzapean, gutxienez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren, foru-aldundien, nekazaritzako elkarte profesionalen eta nekazaritzarekin loturiko erakundeen ordezkariak izango dira mahaikideak, arau bidez zehazten den eran, hain zuzen ere.

  3. ¿ Mahaiak, gutxienez, sei hilabeterik behin egingo du osoko bilkura, eta beharrezkotzat hartzen dituen batzordeak eratu ditzake bere baitan.

  1. ¿ Arrantzako elkarte profesionalei entzuteko organoa da Arrantzako Aholku Mahai Nazionala, eta Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-politika taxutzean eta haren jarraipena egitean sektore profesionalak daukan parte-hartzea instituzionalizatzea da bere ardura. Arrantzako Aholku Mahai Nazionalaren ondorioak ez dira ez aginduzkoak ez lotesleak Administrazioarentzat.

  2. ¿ Sailburuaren lehendakaritzapean, gutxienez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien, arrantza-sektoreko erakunde eta elkarte profesionalen eta arrantza-sektorearekin loturiko erakundeen ordezkariak izango dira mahaikideak, arau bidez zehazten den eran, hain zuzen ere.

  3. ¿ Mahaiak, gutxienez, sei hilabeterik behin egingo du osoko bilkura, eta beharrezkotzat hartzen dituen batzordeak eratu ditzake bere baitan.

Sailburuordetzetako eta haien mendeko zuzendaritzetako titularren postuak bete gabe egonez gero, edo titularrok kanpoan edo gaixorik egonez gero, hierarkian gorago dagoen hurrengoak beteko ditu aipaturiko titularrei esleitutako egiteko eta eskumenak, egoerak dirauen bitartean eta sailburuak bestelako erabaki berariazkorik eman ezean.

Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako titularraren postua bete gabe egonez gero, edo titular hori kanpoan edo gaixorik egonez gero, Sailburuaren Kabineteko zuzendaria izango da haren ordezkoa, eta, horren postua bete gabe egonez gero, edo titularra kanpoan edo gaixorik egonez gero, Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordea izango da bere ordezkoa.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatu zuen urriaren 29ko 256/2002 Dekretuaren arabera sektoreko arauetan eta diru-laguntzen programetan organo ezberdinei esleitutako egitekoak, oraingo dekretuaren arabera eskudun diren organoen esku geratzen direla ulertu beharko da.

Indarraldiaren jarraipena.¿ Dekretu honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean, eta dekretu hau garatzeko nahiz 16., 17., 18. eta 19. artikuluetan aipaturiko kide anitzeko organoak antolatzeko ematen diren arauak indarrean jarri arte, indarrean egongo dira ondoko xedapen hauek:

  1. Industria, Nekazaritza, eta Arrantza sailburuaren 1996ko uztailaren 23ko Agindua, Arrantzarako Aholku Mahai Nazionala arautzen duena.

  2. Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1997ko maiatzaren 7ko Agindua, Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala arautzen duena.

Urriaren 29ko 256/2002 Dekretua, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena finkatu zuena.

Indargabeturik daude, era berean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailarekin loturiko gaietan dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden gainontzeko xedapen guztiak.

Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan, eta zuzendaritzaren azpiko maila duten unitate organikoak elkartu, sortu edo ezaba ditzan, hala egiteak gastuaren gehikuntzarik ez badakar.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko urriaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (17)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.