Segurtasun Sailak agindutako UPV/EHUren txosten batek xehetasunez biltzen eta aztertzen ditu Euskadiko gorroto-gorabeherak

2018.eko ekainak 04

Segurtasuneko sailburuak aurkeztu du azterketa, Jon Mirena Landa Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariarekin

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 4a

 

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariarekin batera, Eusko Legebiltzarrean agertu da, berak eskatua, Euskadin izandako gorroto-gorabeherei buruzko azterketa aurkezteko. Segurtasun Sailak Euskal Herriko Unibertsitateari agindutako azterketan jasotako 2016ko eta 2017ko datuek islatzen dute nolabait egonkor mantendu dela Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-maparen errealitate kriminologikoaren joera.

 

Txostenak esparru terminologikoa definitu du, lanean homogeneotasunari, doitasunari eta argitasunari eusteko, eta fenomenoaren agerpen publikoan zeharreko ibilbidea egiten du, arreta berezia jarriz Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko eta 2017ko datuetan.

Azterketatik ondorioztatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-maparen errealitate kriminologikoaren joera nolabait egonkor mantendu dela islatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-gorabeheren edo balizko gorroto-delituen 2016ko datu orokorrek (146 gorabehera; 124 delitu eta 22 arau-hauste administratibo) eta 2017ko datu orokorrek (143 gorabehera; 129 delitu eta 14 arau-hauste administratibo).

2016an gorroto-delituen ondoriozko 124 salaketa izan zen (97 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 12 Araban); 68 arrazismoaren/xenofobiaren ondoriozkoak izan ziren, 31 orientazio edo nortasun sexualaren ondoriozkoak, 17 orientazio politikoaren/ideologikoaren ondoriozkoak, 3 erlijio-sinesmen edo -jardunen ondoriozkoak, 3 desgaitasunen ondoriozkoak eta 2 aporofobiaren ondoriozkoak. 2016an, 88 pertsona erruztatu zituzten gorroto-delituen ondorioz

2017. urtean, gorroto-delituen ondoriozko 129 salaketa izan zen (88 Bizkaian, 31 Gipuzkoan eta 10 Araban). Tipologien analisiari erreparatuta, 71 arrazismoaren/xenofobiaren ondoriozkoak dira, 32 orientazio/nortasun sexualaren ondoriozkoak, 16 orientazio politikoaren/ideologikoaren ondoriozkoak, 7 erlijio-sinesmenen eta/edo -jardunen ondoriozkoak, 2 desgaitasunen/gaixotasunen ondoriozkoak eta 1 pobreziaren edo aporofobiaren ondoriozkoa. Aldi horretan, 126 pertsona erruztatu zituzten.

Kolektibo babestuei erreparatuta, gorroto-mapak hiru zutabeko egitura du: kolektibo etnikoa, jasotako delitu-gorabeheren % 70en jomuga, gutxi gorabehera; kolektibo sexuala, % 25 inguru hartzen duena; eta beste kolektibo batzuk biltzen dituen multzo heterogeneoa (gaixotasuna, desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duen pertsona, adina, aporofobia, egoera sozioekonomikoa eta familiakoa), oso hondarreko mailarekin. Kopuruak oraindik ere oso adierazgarriak ez diren arren, talde arabiarrak, beltzak eta ijitoak profilatzen ari dira gorroto-delitu gehienen hartzaile gisa.

Delitu-gorabeheren artean lesioak dira ugarienak (osotasunaren % 18 eta % 30 artean, 2016an eta 2017an, hurrenez hurren) eta, ondoren, mehatxuak eta gorrotoaren diskurtsoa, zentzu zorrotzean (zigor-kodearen 510. artikulua). Hiru taldeen batura delitu-gorabeheren % 60 baino gehiago dira, 2016an zein 2017an.

Gorrotoaren ondoriozko delitu-gorabeherak (lesioak, kalteak, indarra erabiliz egindako lapurretak), egintza bidez egindakoak (hate crime), gorabehera guztien % 35 dira 2016an eta 2017an. Hitz bidezko gorroto-gorabeherak (hate speech: gorrotoaren diskurtsoa), zentzu zabalean (zigor-kodearen 510. artikulua, mehatxuak, derrigortzeak, irainak, tratu degradagarriak…), % 60 inguru dira.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak aditzera eman zuenez, Ertzaintzak, 2013az geroztik, gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura bat du, 76 zenbakiko polizia-instrukzioa. Gorrotoaren edo diskriminazioaren ondoriozko indarkeria-egintzei buruzko datuak biltzeko sistema bat artikulatzen du, salaketak kontabilizatzeko, salaketen jarraipena egiteko, lortzen diren epaien informazioa lortzeko eta balizko prebentzio- eta borroka-planak prestatzeko.

“UPV/EHUk egindako azterketarekin, gorroto-delitu horien egituraketaren eta sailkapenaren esparru teorikoa eta kontzeptuala edukitzeko lan egiten jarraitzen dugu; gorrotoaren diskurtsoa, diskriminazioa eta gorroto gisa kalifikatzen diren jokabideen zigor- eta administrazio-munta”, adierazi du Segurtasuneko sailburuak.

 

Gomendioak

Agerraldian, Jon Mirena Landa UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariak Euskal Autonomia Erkidegoko gorroto-delituaren mapa aurkezteaz gain, honako gomendio hauek ere egin ditu:

  • Gorroto-gorabeherei buruzko txostenen urteko aldizkakotasunarekin jarraitzea, joerak identifikatzeko.
  • Polizia-kidegoaren prestakuntza areagotzea, etnikoaz edo sexualaz bestelako talde babestuen aurkako gorabeheren kopuru beltza murrizteko, eta diskriminazio-delituen gisako delitu-arloen kopurua murrizteko. Adierazpen-jokabideen arloko gorabeheren datu kopuruak ikusirik (gorrotoaren diskurtsoa, zentzu zabalean: zigor-kodearen 510. artikulua, mehatxuak, irainak…), gomendagarria da arlo horretako arreta espezifikoa eskaintzea prestakuntza-programetan.
  • Ziberkriminalitate moduan egindako gorabeherak hautemateko lan espezifikoa eta zeharkakoa egitea.
  • Polizia-lanari jarraipena ematea, zigor-prozedurak irekitzeko trazagarritasunean eta balizko zigorrean, betiere gorroto-gorabeheren mapa arlo horretako kriminalitatearen prebentziorako eta jazarpenerako tresna osoa izan dadin. Horretarako, hiru instantzien artean (poliziala, fiskala eta judiziala) informazioa aldian behin eta etengabe trukatzeko baterako taldeak sortzea sustatu beharko litzateke, instantzia bakoitzaren funtzioak eta autonomia-esparruak errespetatuta.
  • Arau-hauste administratiboak —guztiak kirolaren esparruko indarkeriaren eta arrazakeriaren arloan egiaztatuak (zentzu zabalean)— konplexutasun bereziko testuinguru kriminologikoa dira, esparru konparatzailean; izatez, larritasun txikikoak, ertainekoak edo oso handikoak izan daitezke, eta delitu-jokabide ere izan daitezke, baita kriminalitate antolatuan sartzeko modukoak ere. Horietan, bereziki zaila da bereiztea gorroto xenofoboaren, arrazakeria-gorrotoaren eta/edo gorroto ideologikoaren osagaia. Ikuspegi horretatik, eta etorkizunera begira, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoan duen bilakaeraren analisi zehatza egitea eta bereziki arreta ematea egileen profilari eta egintzak kolektibo etnikoen eta/edo ideologikoen kontrako gorroto-gorabehera gisa edo gorroto-delitu gisa identifikatzeari.