Uztaileko eta abuztuko farmaziako fakturaren baterako ordainketaren eragin ekonomikoa 4.160.476,52 eurokoa izan da

2013(e)ko Irailak 21

Uztaileko eragin ekonomikoa 2.162.723,84 eurokoa izan zen eta abuztukoa, berriz, 1.977.752,68 eurokoa. Horietatik % 90,67 pentsiodunen ekarpenei dagozkie eta gainerako % 9,33, berriz, langileei.


2013ko uztailaren 1ean, farmaziako baterako ordainketa ezarri zen Euskadin, 16/2012 Errege Lege Dekretuan zehaztutakoa betez. Bi hilabete geroago, eta lehenengo datuak aztertu ondoren, nabarmendu behar da baterako ordainketa normaltasunez ezarri dela, eta herritarrek botikengatik dirua aurreratu behar ez izateko Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko farmazialarien elkargoek ezarritako sistema konplexuak behar bezala funtzionatu duela. Dirudienez, bada, hori izango da joera orokorra datozen hilabeteetan.

Ildo horretatik, Osasun Sailak egin duten informazio-lana eskertzen die Euskadiko farmazietako profesionalei, Osakidetzako osasun-zentroetako eta anbulatorioetako profesionalei eta «Zuzenean» herritarrak artatzeko Eusko Jaurlaritzaren telefonoko profesionalei.

Baterako ordainketa indarrean sartzearekin, egiaztatu denez, osasun-sistemako erabiltzaileek farmaziako gastuari egindako ekarpena % 12,38koa izan zen uztailean eta % 12,16koa, berriz, abuztuan.

2013ko lehendabiziko sei hilabeteetan, hots, urtarriletik ekainera, batez besteko ekarpena kostuaren % 5,10ekoa izan zen.

Hortaz, ekarpenaren ehunekoa zazpi puntu baino gehiago hazi da. Horra hor baterako ordainketa indarrean sartzearen lehen ondorioetako bat.

Uztailean, farmaziako baterako ordainketa berria ezartzearen eragin ekonomikoa 2.162.723,84 eurokoa izan zen eta, abuztuan, aldiz, 1.997.752,68 eurokoa. Horietatik % 90,67 pentsiodunen ekarpenei dagozkie eta gainerako % 9,33, berriz, langileei.

Lehendabiziko bi hilabete hauen datuen arabera, uztaileko eta abuztuko farmaziako fakturaren baterako ordainketaren eragin ekonomikoa 4.160.476,52 eurokoa izan da.

Lurraldearen arabera, Araban, 539.288,57 euroko eragina izan du; Bizkaian, 2.306.491,85 eurokoa; eta, Gipuzkoan, 1.314.696,10 eurokoa.

Lehendabiziko datu horiei jarraiki, dirudienez, baterako ordainketak diru-kutxa publikoetan izango duen eragin ekonomikoa Osasun Sailak espero eta estimatzen zuena izango da.


Abuztuko farmaziako gastua Euskadin


Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 36.665.772 euroko farmazia-faktura ordaindu zuen abuztuan Euskal Osasun Sistemako herritarrek kontsumitutako botiken, dietetiko produktuen, absorbenteen eta beste batzuen harira, eta, guztira, 2.885.567 errezeta egin ziren.

Guzti honetatik, 33.315.831,42 euro medikamentuei dagokie.

Hori horrela, administrazioak 12,71 euro ordaindu ditu batez beste errezeta bakoitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeei helduta, Araban, gastua 4,6 milioi eurokoa izan zen; Gipuzkoan, 11,3 milioi eurokoa; eta, Bizkaian, 20,7 milioi eurokoa.

Datu horien arabera, errezeta bakoitzeko kosturik handiena Bizkaikoa da: 12,91 euro errezeta bakoitzeko. Hau da, Gipuzkoan baino hogei zentimo gehiago eta Araban baino euro bat eta hamaika zentimo gehiago.

Egoera soziolaboralari dagokionez, abuztuko farmaziako kostuaren % 24,79 langileei dagokie eta gainerako % 75,21, berriz, pentsiodunei. Datu horiek agertzen dutenez, langileek eta beren familiek (Euskadiko populazioaren hiru laurden dira, gutxi gorabehera) farmaziako kontsumoaren laurden bat sortzen dute eta pentsiodunek, aldiz, kontsumoaren hiru laurden (eta populazioaren laurdena dira, gutxi gorabehera).


2012arekin alderatutako analisia

Zifra horiek agertzen dutenez, % 15,55 jaitsi da errezeta kopurua 2012ko abuztuaren aldean, eta % 12,61 farmaziako gastua. Nolanahi ere, errezeta bakoitzeko batez besteko kostua % 3,49 handitu da.

Historikoki, uztailean eta abuztuan urteko gainerako hilabeteetan baino gastu-zifra txikiagoak erregistratu izan dira. Nolanahi ere, aurtengo datuen arabera, beherakadak aurreko urteetan baino handiagoak izan dira.

Aldiz, aldaketok nabarmen txikitzen dira, pilatutako urteko errezeta-kopuruaren eta farmaziako gastuaren arteko alderaketa-analisia eginez gero. Hori horrela, aurtengo urtarriletik abuztura, 27.050.539 errezeta fakturatu dira; hots, % 7,96ko aldea, aurreko urtearen ondoan.

Alderaketa-analisiaren ikuspegitik, beharrezkoa eta garrantzitsua da adieraztea 2012ko irailean Espainiako Osasun Ministerioak 426 botika kendu zituela finantzazio publikotik. Neurri horrek nabarmen eragin zion Euskadiko farmaziako fakturari. Hilero, 305.000 errezeta baino gehiago finantzatzeari utzi zitzaion. Termino ekonomikoetan, bada, 1.270.000 aurreztu ziren batez beste hilean.

Neurri horren ondorioz, fakturatutako errezeta-kopuruak eta farmaziako gastuak behera egin zuten.

Hala, 2012ko urritik 2013 martxora, errezeta-kopurua murriztu egin zen; hain zuzen ere, 320.000tik gora errezeta gutxiago batez beste hilean. Hortaz, % 8,61eko jaitsiera erregistratu zen, aurreko urteetako aldi berarekin alderatuta. Gastu ekonomikoa, bestalde, % 6,27 murriztu zen.

Nolanahi ere, beherako joera hori eten egin zen 2013ko apiriletik ekainera. Aldi horretan, bada, errezeten beheraka % 1,33 murriztu zen, eta 49.000 errezeta baino gehiagoko murrizketa izan zen hilean, 2012ko aldi berarekin alderatuta. Are gehiago, aurtengo ekainean, 46.598 errezetako igoera erregistratu zen.

2013ko apirilaren eta ekainaren arteko farmaziako gastua murriztu egin zen, bai eta % 5,03 handitu ere aurreko urtearekin alderatuta; 2.243.000 euro batez beste hilean.

Datuek iradokitzen dutenez, baliteke botikak apirilean, maiatzean eta ekainean erosi izana, udan baterako ordainketa aplikatuko zela jakinda.

Dena dela, eta pertsona orok izan dezan botikak eskuratzeko aukera, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri ezarriko ditu gizarte-talde ahulenek botikak lortzen dituztela bermatzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zuen bezala.