Azken eguneratzea: 2006/04/05
Herri Kirolen Plan Estrategikoa (2006-2010)
Herri kirolak bultzatzeko eta alorrean alorreko plan estrategikoak egiteko legeak agintzen diona betez (alegia, Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legea eta Kirolaren Euskal Plana 2003-2007), Eusko Jaurlaritzak Herri Kirolen Plan Estrategikoa lantzeko erabakia hartu du.

1.- Planaren jatorria
 
Herri kirolak bultzatzeko eta alorrean alorreko plan estrategikoak egiteko legeak agintzen diona betez (alegia, Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legea eta Kirolaren Euskal Plana 2003-2007), Eusko Jaurlaritzak Herri Kirolen Plan Estrategikoa lantzeko erabakia hartu du. Lan horiek pasa den 2005eko ekainean hasi ziren, eta horretarako EUROGAP enpresaren zerbitzuak kontratatu genituen.

Aurrelan horiek hiru ardatzetan laburbiltzen dira: bat, egoeraren diagnostikoa; bi, herri kirolek mende hasi berri honetan euskal kirolen artean izan behar luketen tokiari buruzko hausnarketa estrategikoa, eta hiru, abian jarri beharreko jarduketa plana.
 
 
2.- Planaren helburuak
 
Bi dira Planaren helburu orokorrak: euskal gizarteak herri kiroletan parte hartzea, hurbiltzea eta inplikatzea, batetik, eta herri kirolen sustapena areagotzea, herri mailan, nazio mailan eta nazioartean, bestetik.

Helburu espezifikoagoak hauek dira:
 
" Euskal kulturak -orain eta lehen- herri kiroletan izan duen eragina ezagutzea, modu horretan bien arteko lokarri sozialak hobeto zehazteko.
" Herri kirol motak gaur egungo kirol eskaeraren arabera aztertzea, gizartea inplikatzeko bideak hobeto definitzeko.
" Abiapuntu estrategikotik begiratuta gertuen dauden entitate eta komunikabideak zeintzuk diren zehaztea, maila guztietan sustapen eraginkorra lortzeko.
 
 
3.- Lan metodologia
 
Ikerketa kualitatiboaren teknika erabili da batez ere, eta adituengana jo dugu informazioa lortzeko. Informazioa eta proposamenak jasotzeko fasean, 100etik gora lagunek parte hartu dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean. Gaiari buruzko barne-azterketari dagokionez, hainbat elkarrizketa sakon egin ditugu eta adituen arteko bateratze lana gauzatu dugu.

Kanpo-azterketa dela-eta, elkarrizketa luzeak egin dizkiegu komunikabideetako profesionalei, eta eztabaida-talde batzuk sortu ditugu. Gainera, zehazki aztertu dira lehiaketa asko eta asko.
Informazio guztia analizatzeko eta erabakiak hartzeko, lan-talde bat osatu dugu, Aldundien, federazioen eta Eusko Jaurlaritzaren artean.
 
 
4.- Barne azterketa
 
Ofizialki onartutako diziplinak hauek dira:
 
- aizkolariak
- idi probak
- asto probak
- zaldi probak
- giza probak
- harri zulatzaileak
- zaku lasterketa
- lasto botatzea
- orga joko
- lasto jasotzea
- harri jasotzea
- lokotx apustua
- ontzi eroatea
- segalariak
- sokatira
- trontza
- txingak
- ingudea
 
 
Gaur egun 58 klub daude Euskal Herrian: 18 Bizkaian, 16 Nafarroan, 11 Iparraldean, 9 Araban eta 4 Gipuzkoan. Federazio lizentziei dagokienez, 2004. urtean emandakoak 1.281 ziren, horietako %7 baino ez emakumeenak. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1994. urtean, 1.600 lizentzia zeuden, baina 2004an 845. Izan ere, 1.999. urtetik aurrera gainbehera egin zuen lizentzien kopuruak.

Lizentzia horietatik 44 epaile/arbitroenak ziren. 
 
Gaur egun 18 diziplina daude onartuta herrialde bakoitzean. Baina hain desberdinak izanik eta, batzuetan, parte hartzaile falta dela-eta, zaila da diziplina horietako guztietako lehiaketak antolatzea.

Diziplinen arteko alde handi horrek eta, bestalde, kopuru handiak zaila egiten dute behar bezalako aurrerapenez itxurazko egutegi bat egitea, eta, ondorioz, modu egoki batean kudeatzea.

Orain eskola kirol antolatua dago herrialde guztietan. Baina horietako batzuetan ez dago lehiaketarik kadete mailan. Horregatik, eten bat dago eskolen mailatik federatuen mailara pasatzeko. Udalak elkarlanean ari dira klubekin lehiaketa eta erakustaldiak antolatzeko.
Aldundiek euren lurraldeetako federazioekin dihardute lankidetzan, eskola kirolei buruzko programak antolatzeko eta instalazio egokiak eraikitzeko.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, bakoitza bere esparruan, Euskadiko Federazioarekin eta Nafarroakoarekin hurrenez hurren ari dira lanean, urteroko programak garatzeko.
Inpresioa da, oro har, erakundeen arteko kolaborazio nahikorik ez dagoela. Behar diren materialak direla-eta, diziplina asko "garesti" gertatzen dira, batik bat beste kirolekin konparatuta.

Kluben egoerari dagokionez, esan behar da gehien praktikatzen den diziplina soka tira dela. Baina arazoak dituzte parte hartzaile berriak bereganatzeko.
 
 
5.- Kanpo azterketa
 
Hiru dira, gaur egun, kirola egitera bultzatzen duten faktore nagusiak:
 
- osagai ludikoa, jolas, aisialdi edo denbora-pasa moduan hartuta
- osasunaren osagaia, bai osasun fisikoari begira bai mentalari begira
- osagai afektiboa, sentimenduzkoa, halako kolore edo ezaugarri batzuekin identifikatzera daramana
 
 
Gazteak kirola egitera bi arrazoi nagusik bultzatzen dituzte:
 
- Naturarekiko harremanak
- talde batean jarduteak, horrek taldeko partaide sentiarazten duelako
 
 
Kanpotik jendeak duen irudia, herri kirolak barrutik ezagutu gabe, oso estereotipatua da: jende helduak egiten duen kirola, batez ere nekazari girokoa, kirol gogorra, indar handia eskatzen duena, jatorria baserri-lanetan duena, herri-jaiekin eta apustuekin lotua, senitartekoen artean transmititzen dena. Euskal Herriaren kulturaren eta nortasunaren zati bat.
 
 
6. Azterketaren ondorio garrantzitsuenak
 
6.1. Alde onak: Euskal Herriaren ikurra da. Kirolaren esparrua gainditzen du eta gizartean txertatuta dago. Diziplina batzuk oso ikusgarriak dira. Ikuslego leiala du, bai eta borondate hutsez lan egiten duen jendearen inplikazio handia. 
 
6.2. Alde ahulak: federazioek diru- eta giza-baliabide gutxi dituzte. Kudeaketa zaila da, diziplina asko daudelako. Kirol-teknifikazioa falta da, bai eta teknikarientzako beharrezko prestakuntza ere. Materialak garestiak dira. Lehiaketen artean ez dago jarraitasunik. Klub gutxi daude. Lotuegi dago floklore eta jai giroko ekitaldiekin.
  
6.3. Aukerak: gizarte osoari eskaini ahal zaio herri kiroletan jarduteko egokiera: eskola kirolean, partaidetzakoan, errendimendukoan eta goi-mailako errendimendukoan. Euskal kulturari lotutako babes-eredu bat sortzea. Herri Kirolen Olinpiadaren kontzeptua suspertzea. Emakumearen parte hartzea areagotzea. Klubak indartzea eta irakaskuntza eta entrenatze zentroak sortzea. Eremu urbanoetara hurbiltzea. Nazioartekotzea bultzatzea. Lehiaketen antolamendua egoki zaintzea.
 
 
6.4. Arriskuak: kirolari kopuruaren gainbehera. Kirolarien adin altua. Lehia handia komunikabideek bultzatzen dituzten puntako beste kirolekin alderatuta. Komunikabideetako audientzia eskasa. Gizartearen kirol ohiturak ez datoz bat herri kirolen irudiarekin. Federazioetan eta ekitaldiak antolatzeko garaian boluntario gutxi dago. Apustuetako giro ez oso garbia.
 
 
7. Jarduketa-lerro hauek proposatu nahi ditugu
 
Kokaleku berria bilatu beharra dago, herri kirolen bereizgarritasuna Euskal Herriaren ezaugarria den aldetik interes biziagoa sor dezan.
Produktu erakargarriak eskaini behar ditugu, txukun eta egoki aurkeztuta.
Egitura federatiboak eta klubak indartu behar dira. Babes-eredu berriak bilatu behar ditugu, eraginkorragoak.
Herri kirolak berrindartzeko marka berria asmatu beharra dago, eta beste kokaleku batean ipini, ilusioa pizteko. Komunikabide alternatiboak erabiltzea proposatu nahi dugu, hedabide estandarrek arreta haindagoa jar dezaten. Zeresana ematen duten ekintzak sortu behar ditugu.
 
 
8. Ekintza plana
 
Jarraipen batzorde bat osatuko da, Plan Estrategikoko ekintzak gainbegiratzeko eta bultzatzeko. Batzordean Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta federazioak egongo dira, eta irekita egongo da interesa izan dezaketen beste agenteentzat.
 
 
Hauek dira datozen lau urteetako ekintzak:
 
1. Kokaleku berrirantz eragiteko eta bereizgarritasuna azpimarratzeko, "gure kirola" kontzeptua erantsiko diogu ohiko Herri Kirolak markari.
2. Produktuari begira, honakoak aurreikusten ditugu:
2.1. Diziplinak taldeka sailkatzea, hobeto ezagutzeko
2.2. Diziplinak egokitzea merkatuko gustuen eta kirol joera berrien arabera
2.3. Beharrezko prozedurak ezartzea, diziplina berriak geureganatzeko, euskal artzain txakurrak adibidez
2.4. Diziplinaak banan banan aztertzea, egin daitezkeen barne aldaketak zehazteko
2.5. Diziplinaen izendapen elebiduna homologatzea
2.6. Punta-puntako produktu bat sortzea, "Olinpiada" adibidez
2.7. Urteroko egutegia planifikatzea
2.8. Probei diuntasuna ematea eta ikusleentzat erakargarri bihurtzea
2.9. Federazioen bitartez lehiarik gabeko erakustaldiak kontratatzea
2.10.Ekimen pribatuen eta federazioen ekimenen arteko kolaborazioa bultzatzea
 
3. Kudeaketari dagokionez:
3.1. Helburu espezifikoak zehaztea kirol ibilbide ezberdinei begira: eskolakoa, partaidetzakoa, errendimendukoa eta goi-mailako errendimendukoa
3.2. Federazioen antolamendua hobetzea
3.3. Kirol-teknifikaziorako eta kirol-prestakuntzarako programak
3.4. Herri kirolen irakaskuntza eta entrenatze zentroak sortzea
3.5. Nazioarteko ekitaldiak antolatzea
3.6. Apustuen sistema araupetzea eta araudi berriak eskaintzen dituen aukerak baliatzea
3.7. Babes-eredu berria sortzea
 
 
4. Azkenik, marka berria sortu dugu eta korporazio-identitate berri baten diseinua egin dugu. Uste dugu "Herri kirolak", berez, egokia dela nortasuna adierazteko. Bestalde, 18 kontzeptua interesgarria da, eskuratu dugun informazioaren arabera jendeak ez baitaki zenbat diziplina dauden herri kirolen artean. Alde horretatik, 18 zenbakiak kirol honetan 18 diziplina daudela ohartarazteko balio du.
Marka berriarekin Herri Kirolak gaztetzeko ahalegina egin nahi dugu. Beharrezkoa dugu komunikazio modu modernoagoa erabiltzea, gazteen zaletasun eta joeretatik hurbilago, gazteak erakarri nahi baititugu herri kiroletan parte hartzera eta ikuskizunaz gozatzera. Erabiltzen diren siglek (H18K) modu egoki eta gogoratzeko erraz baten bidez transmititzen dute Herri Kirolen hasierako letrak. Koloreak ere beren-beregi aukeratu ditugu gazteen interesa bilatzeko.