Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Gizakiaren beste barne ingurune mota batzuk

1. Irudia: A) Sistema linfatikoa. B) Gongoil linfatiko baten xehetasuna.<br>

LABURPENA: Odolaz gainera barne ingurunearen osagarri diren beste isurkari batzuk ere agertzen dira giza gorputzean, esaterako linfa, isurkari zefalorrakideoa, begiko humore beirakara eta urtsua, eta gorputzeko zenbait barrunbetako isurkariak, hezur giltzaduretakoa (sinobia isurkaria), pleurakoa, perikardikoa eta peritoneokoa adibidez. Isurkari hauetan guztietan linfa da antolaketa maila handiena duena, sistema linfatikoa osatzen baitu, hainbat kalibreko hodiekin eta organo linfoideekin; barne inguruneko gainerako isurkarien helburua labaingarri izatea da, baina linfak zeregin gehiago ere baditu, babesarekin eta garbiketarekin zerikusia duten zereginak adibidez.

 

Sarrera

Atal batean animalietan barne inguruneak duen garrantzia azpimarratu da, ingurune hori baita zelulek behar dituzten elikagaiak eta gasak organismoari eskaintzen dizkiona, eta ingurune horretan zehar iristen baitira gorputzera mezulari kimikoak eta kanporatzen baitira zelularen metabolismoaren hondakinak. Barne inguruneko medio garrantzizkoena odola da, baina ez da bakarra: beste isurkari batzuk ere badira, linfa, isurkari zefalorrakideoa, begiko humore beirakara eta humore urtsua, sinobia isurkaria eta pleura isurkaria adibidez.

 

Sistema linfatikoa

Sistema linfatikoa zain sistemaren antzekoa da elkarri loturiko hodiz osatua den aldetik; hartan ez bezala, ordea, sistema linfatikoko hodiak ehunetan itsu hasten dira, eta ez dute zirkuitu jarraitu bat osatzen. Sistema linfatikoaren osagaiak hauek dira: kapilar eta hodi linfatikoak (garraioa) eta organo linfoideetan –gongoil linfatikoak, nodulu linfatikoak, timoa, barea– antolaturiko isurkari linfatikoak; organo linfoideetan bereizten edo kontzentratzen dira infekzioak deusezteko eta inmunologia erantzuna emateko zeregina betetzen duten zelulak.
Kapilarrak eta hodiak: organoen ehunetako zelula arteko gune gehienetan sortzen diren pareta meheko hodiez osaturiko sare bat da; zelula arteko guneetan jaiotzen dira, kapilar linfatiko oso-oso txikien modura, odoleko kapilarrarena baino diametro apur bat handiagoa edo paretsukoa dute, eta harreman estua dute bai kapilarrekin eta bai zein ehunetan dauden ehun horretako gainerako zelulekin ere (2. irudia).
Kapilar linfatikoak oso irazkorrak dira eta zatiki handiei eta proteinei barnera sartzen uzten diete; isurkari betegarriaren eta plasmaren antzeko osaera duen isurkari batez beteta daude. Kapilar hauek beste kapilar handiago batzuekin bat egiten dute, eta horrela hodi linfatiko gero eta handiagoak eratzen dituzte. Bi hodi handitan biltzen dira azkenik: eskuineko hodi linfatikoa, gorputzaren goiko koadranteko linfa drenatzen duena eta hodi torazikoa, Pequeten zisterna deituriko sabelaldeko gongoil handi batetik abiatzen dena eta gorputzeko gainerako ataletako linfa drenatzeko zeregina duena. Hodi horiek odol zirkulazioan husten dira jugular barneko zainak eta subklabia zainak gorputzaren alde banatan (ezker-eskuin) bat egiten duten gunean.
Linfa hodien egitura zainen egituraren antzekoa da, baina linfa hodien paretak askoz ere meheagoak dira, eta balbula gehiago dituzte. Hodi handiek hiru geruza dituzte: ehun konektibozko kanpoaldeko geruza, gihar ehun leun batzuekin; gihar leunezko tarteko geruza, eta gihar elastikozko endoteliozko barne geruza. Balbula sail batek isurkariari atzera egitea eragozten dio, linfa ez dadin lehengo lekura itzuli.
Gongoil linfatikoak: egitura txiki biribil edo obalatuak dira, hodien ibilbidean zehar gune askotan, hodi txikiek bat egin eta hodi handiagoak eratzen dituzten lekuan batez ere, agertzen direnak. Gorputz guztian zehar barreiatuta daude, baina ugariagoak dira gune jakin batzuetan, lepoan, galtzarbeetan edo izterrondoan adibidez. Ehun harrozko masa txiki batzuk dira, ataletan zatituak eta makrofagoez eta linfozitoez beteak. Gongoil horietara hodi linfatiko aferenteak iristen dira eta hodi linfatiko eferenteak ateratzen dira horietatik. Gongoil bakoitzak erdigune edo muin bat, linfa noduluez osaturiko gune kortikal bat eta sinu linfatiko batzuk ditu; ehun konektiboz inguraturik dago.
Hodi aferenteetatik sartzen da gongoilera linfa, eta sinu linfatiko suprakapsularrean husten da; barrunbe horretan linfa garbitzen duten zelula fagozitario asko daude.
Hemendik aurrera, linfak gongoilean zehar aurrera egiten du, eta barrunbeetan zehar igaro ahala gero eta linfozito gehiago eransten zaizkio. Azkenik, hodi aferenteek muin sinuekin bat egiten dute, eta barrunbe horietatik irteten da linfa hodi linfatiko eferenteetara.
Fagozitosi jarduera oso bizia da, gongoileko makrofagoei eta zirkulazioaren bidez iristen direnei esker.
Hodiek beren edukina zainetan hustu aurretik gongoiletan zenbait zatiki arrotz, zelula hil eta zelula hondakin zirkulaziotik baztertzen direnez, edozein zirkuitu linfatikok gongoil horietako batetik igaro behar du odolera isuri aurretik, linfa behar bezain garbi irits dadin.
Nodulu linfatikoak: esfera itxurako guneak dira, linfa ehunez osatuak; kanpoarekin harremana duten hodietako epitelioaren azpian daude kokatuta, arnasbideetan edo txegoste hodian adibidez. Babes lerro baten gisara jokatzen dute bakterien, birusen, polenaren, etab. aurrean. eta beraz, gongoil linfatikoen antzeko zeregina dute. Aipagarriak dira talde honetan faringeko amigdalak eta ahosabaiko amigdala.
Barea: organo linfoide handiena da. Irazketa gune oso eraginkorra da linfozitoekin.
Urdailaren atzean dago, diafragmaren azpian. Noduluak bezala, mami gorriz eta zuriz beteriko barrunbeetan banatuta dago.
Gorriak odol zelulak eta zelula makrofagoak ditu; giza umekietan odol zelulak sortzeko gune bat osatzen du.Timoa: guruin endokrinoa da, linfozitoen jarduerarekin zerikusia duten hormonak jariatzen dituen aldetik; horrez gainera, organo horretan ugaltzen, bereizten eta heltzen dira linfozito batzuk eta garrantzi handia du erantzun inmunologikoan. Beste atal batzuetan sakonago aztertuko da, baina aipagarria da antigeno arrotzetatik babestua dagoela, eta gainerako linfa organoak, aldiz, haien erasoaren mende daudela beren eremu ia guztian.SarreraSistema linfatikoaHumore beirakara eta urtsua

 

Sistema linfatikoaren zeregina

Ehunetako jario gehiegia odol zirkulaziora itzularazten du, eta kapilarretatik irtendako proteina kopuru txikiak ere zirkulaziora eramateko ahalmena du. Hori ulertzeko, kontuan izan behar da odola kapilarretatik zelula arteko espazioetara ateratzen denean presiorik ia batere gabe ateratzen dela, eta hori dela eta, odol gutxi itzultzen dela kapilarrera behin zelulen elikaduran eta haiek sorturiko hondakinak deuseztean bete beharreko zeregina bete ostean. Sistema linfatikorik ezean, ehunetan gero eta jario gehiago pilatuko litzateke, eta horrek ehunak hazi eta azkenik hondatu egingo lituzke.
Sistema hau da, orobat, txegoste hodiak xurgaturiko gantzak garraiatzen dituena.
Berebiziko garrantzia du organismoa infekzio eta zaurietatik babesteko; noduluetan “arazten” da linfa zatiki arrotz, zelula hondakin eta infekzio eragile guztietatik.

 

Sistemaren mugimendua

Sistema linfatikoa isurkaria drenatzen duten hodi itsuetatik abiatzen da, eta beraz, jatorrian, linfak ez du presiorik; eta ez du bihotzak duen ponpa tankerako mekanismorik isurkaria hodietan zehar bultzatzeko.
Zer indarrek higiarazten du, orduan, linfa? Gorputzeko eskeleto giharrek betetzen dute zeregin hori. Gihar horietan zehar igarotzen dira hodiak, giharrek kapilarrak estutzen dituzte eta gihar ponpa baten tankerako efektua eragiten dute, isurkaria bultzatzeko.
Balbula sistemaren eginkizuna linfari atzera egitea eragoztea eta behar den noranzkoan garraiatzea da. (Animalia batzuetan –anfibio, narrasti eta arrain eta hegazti batzuetan–, bihotz linfatikoak daude linfa eta zain sareen arteko lotuneetan). Linfa jarioa handitu egiten da zerbaitek gorputzeko ehunak estutzen dituenean, giharrak uzkurtzen direnean edo arteriak sakatzen direnean (bihotz taupadaren ondoriozko uhinak transmititzen dituzte), linfa hodietan presioa handiagoa egiten baita orduan.

 

Sistema linfatikoaren gorabeherak

Edemak sistema linfatikoan hodiak ixten direlako isurkari betegarri gehiegi pilatzen denean agertzen diren hanturak dira; edemak zaurien, ebakuntzen edo bizkarroiek gorputzari egindako erasoen ondorioz sortzen dira. Bizkarroiak dira kalte ikusgarrienak eragiten dituztenak. Linfa hodietan, gongoilen inguruan edo barrunbean kokatzen den 8-10 cm-ko nematodo bat izaten da edemak sorrarazten dituen bizkarroia; denborarekin elefantiasia edo gorputzeko organo edo atal baten handitze neurriz gaindikoa eragin dezake. Bizkarroiaren larbak eltxo jakin baten ziztadaren bidez transmitizen dira; eltxoak ziztatzean egitean larbak, eltxoaren tronpan egoten direnez, ziztada gertatzen den gunetik hurbil gelditzen dira, gero handik gorputzera sartzen dira hodi eta gongoil linfatikoetara, eta han heltzen dira.

 

Isurkari zefalorrakideoa

Isurkari zefalorrakideoaren sistema entzefaloko edo bizkarrezur muineko barrunbe isurkariz beteez –edo garun bentrikuluez– osatua da; bizkarrezur muinekoari hodi ependimario edo ependimo esaten zaio. Isurkari zefalorrakideoa meningeen artean, entzefaloa eta bizkarrezur muina inguratzen dituzten mintzen artean, ere agertzen da.
Bere zeregina amortiguatzaile mekaniko batenaren antzekoa da, isurkariz beteriko barrunbe bat eratzen baitu, nerbio guneek ornoen eta burezurraren kontra jo ez dezaten; entzefaloa barrunbeko isurkarian igeri dago. Isurkari zefalorrakideoa bentrikuluetan eratzen da etengabe, kapilar ugariz osaturiko gandor itxurako egitura txiki batzuen bidez (plexu koroideoak) eta odolak berriro xurgatzen du nerbio sistema zentralean zehar ibili ondoren. Bentrikuluetan sortu ondoren, gune subaraknoideora igarotzen da zenbait irekiunetan zehar, gorantz igotzen da garunaren goialdeko guneetatik eta handik zain sinuetara xurgatzen dute ile araknoideoek, sinuetan dauden irekiune balbuladunek.Isurkari koloregabea eta gardena da, gatz inorganikoez eta proteina gutxiz osatua; zelula edukin txikia du, babes zeregina duten linfozito batzuk baino ez ditu izaten.
Isurkari zefalorrakideoan mikroorganismoak –bakteriak (meningokokoak) edo birusak adibidez– sartzean meningitisa sortzen da.
Infekzioak eragiten duen narritaduraren erantzun gisa, organismoak isurkari gehiago jariatzen du, eta isurkariak leukozito asko jasotzen ditu ehun periferikoetatik eta odoletik.
Entzefaloa eta bizkarrezur muina hezur barrunbeetan “itxita” daude, eta horrenbestez, isurkari kopurua handitzeak presioa handitzea eta nerbioak zapaltzea dakar. Presioa asko igotzeak kalteak eragin ditzake nerbio zentroetan, eta heriotza ere ekar dezake. Presioa jaisteko gerriko ziztada izeneko metodoa erabili ohi da zenbaitetan; ornoen arteko espazioan orratz bat sartzen da hodi ependimarioraino.

 

Beste gune batzuk

Gorputzean badira beste gune batzuk labaingarritasuna bideratzeko zeregina dutenisurkari oso likatsuz beteak; labaintze zeregin horri esker higitzen dira behar bezala erraiak eta hezurrak. Espazio potentzialak dira gune horietan nagusiak, eta bi ehun elkarren kontra labaintzen diren guneetan agertzen dira.
Espazio pleurala biriken eta bularraldearen paretaren artean dagoena da; espazio perikardikoa bihotzaren eta zaku perikardikoaren artekoa; espazio peritoneala hestearen eta gorputzeko paretaren artekoa; eta azkenik, espazio artikularrak hezurren artikulazio edo giltzaduren artean eratzen direnak dira (3. irudia). Espazio artikularretan isurkari sinobiala dago; isurkari horren zelula edukina giltzaduraren eta animalia motaren araberakoa izaten da.
Isurkari betegarriaren osagai nagusia azido hialuronikoa da (%1-2), isukariari likatasuna ematen dion mukopolisakarido bat hain zuzen. Gune hauen eta inguruko ehunetako kapilarren artean isurkari trukea gertatzen da; gune irazkorrak dira proteinentzat eta isurkarientzat, eta horrela isurkariak aise igarotzen dira gune potentzialetan eta odol kapilarrez hornituriko inguruko ehunetako guneetan zehar.
Isurkari hauek betetzen dituzten espazioak aski txikiak izan arren, garrantzi handia dute. Garrantzi horren erakusgarri izan daiteke isurkari sinobialaren jarioak giltzaduretan eragin dezakeen kaltea; izan ere, giltzatuta dauden hezurrek elkar jotzen dute, eta horrek, mugimendua oztopatzeaz gainera, periostioko nerbio bukaerak aktibatzen ditu eta oinaze bizia eragiten du.
Isurkari pleurala ezinbesteko isurkaria da toraxaren mugimenduarekin batera birika mugiarazteko eta airez hustu eta betetzeko.
Pleura isurkaria ugaritzean (antzina pleuresia esaten zitzaion gertaera honi) birikaren edukiera txikitu egiten da eta ez da behar bezala mugitzen. Antzera gertatzen da pleura hautsi eta isurkaria galtzen denean; kasu horretan toraxaren mugimenduak ez dira behar bezala transmititzen eta birika ez da behar lukeen bezala puzten eta husten.

 

Humore beirakara eta urtsua

Begiko isurkariak bi barrunbe bereizitan zatituta daude (2. irudia); aurrealdean barrunbe bat dago humore urtsuaz betea, eta atzealdean beste barrunbe bat, humore beirakara duena. Humore urtsua etengabe eratzen da gorputz ziliarraren prozesuen ondorioz; gorputz ziliodunak irtenune txikiak dira, guruin tankerakoak, kristalinoaren alde banatan daudenak.
Bi humore hauek garrantzi handiko zeregina betetzen dute ikusmenean. Alde batetik argiaren izaerak ez du gorabeherarik jasan behar haietan zehar igarotzean, hala ez izatekotan erretinan eratzen den irudia lausoa izango baita. Bestalde, begiaren barne egituren kokaera mantentzen laguntzen dute; humore beirakarak eragozten du, adibidez, erretina “askatzea”.