Lurzoruen higadura hidrikoaren mapa

Xehetasunak

Lurzoruaren higaduraren definizioa ondorengo hau izan daiteke: faktore batzuek eraginda, lur azalak dituen osagaien galera, bat-batekoa edo etengabekoa.

Natur eragile nagusiak euria eta haizea dira, higadura hidrikoaz eta eolikoaz ari gara kasu horietan. Lurrazaletik dabilela, urak higadura sor dezake, laminarra zein errekastoetakoa deritzona; lurraren barrualdeko ebakiduretatik dabilela, ura bildu egiten da eta lubaki edo sakanetako higadura eragiten du; ibaietatik dabilela, ordea, arroetako higadura sortzen du. Higadura bat-batekoa bada lurzoruaren profilean ura geratzen delako, eta higadurak eragindakoa handia bada, lurra dena batera mugitzen dela esango dugu.

Euskal Autonomia Erkidegoko higaduraren mapak urak eragindako higadura laminarra ebaluatzen du. Higadura horren eragilea euri-ura da, eta lurzoruko partikulak astiro-astiro desagerrarazten ditu, baina eragina epe laburrean ez da agerikoa izango.

Euri-ura hegaletatik dabilela, ur-jarioa sortzen da. Ur-emari horrek partikulak arrastaka daramatza eta poliki-poliki desagerrarazten ditu. Ur-jarioa puntu zehatz batean biltzen denean eta hortik aurrera ubide naturaletik doanean, higadura ez da laminarra izango.

Higadura laminarra iragartzea eta zenbatekoa den jakitea oso inportantea da, horretaz ez baikara ohartzen higadura larria den arte. Lurzoruan eragina nabarmena denean, higadura handiagoa izan da eta horrek eragingo ditu gerora lubaki edo sakanak. Higadura laminarra iragartzeak prebentzio arloko politikak ezartzeko aukera ematen du.  Hala, lurzoru baliabidea ez da galduko degradazioaren aztarnak agerikoak ez direnean.

Urak eragindako higadura laminarra zein errekastoetakoa zenbatekoa den jakiteko  ezarritako eredua hauxe da: Lurzoruaren Galeren Ekuazio Unibertsala, bai 1978ko USLE eredua jatorrizko bertsioan, bai 1997ko RUSLE eredua berrikusitako bertsioan. Horren egile eta erreferentziako argitalpenak honako hauek dira:

  • USLE: Wischmeier, W.H. and D.D. Smith. 1978. Predicting rainfall erosion losses: A guide to conservation planning. Agriculture Handbook No. 537, US Dept. of Agric., Washington, DC.
  • RUSLE: Renard, K.G., G.R. Foster, G.A. Weesies, D.K. McCool, and D.C. Yoder (Coordinators). 1997. Predicting Soil Erosion by Water: A Guide to Conservation Planning With the Revised Universal Soil Loss Equation (RUSLE). USDA Agriculture Handbook No. 703.

Eredu honen erabilera erraza izateaz gain, oso hedatuta dago eta zientzialarien oniritzia du. Higadura iragartzeko sei faktore hartzen du kontuan: euriaren agresibitatea, lurzoruaren nolakotasuna, hegalaren luzera, aldapa, landare-estaldura eta lurzoruak babesteko lanak.

Emaitzen berri izateko lurzoruaren galeren ekuazio unibertsalaren bi ereduak erabiltzea erabaki da. Nahiz eta RUSLE eredua hobea eta askoz zehatzagoa izan, USLE eredua askoz gehiago erabili izan da eta aspaldidanik hainbat lan metodologia horri esker egin dira. Horregatik, azken hori erabili behar dugu emaitzak konparatzeko eta bilakaerak ikusteko.

Azterlanak urteko eta hektareako zenbat lur tona galtzen diren ebaluatzen du.

LURZORUAREN GALERAK INTERPRETAZIOA

0 (t/ha eta urteko)

Ez dago higadura prozesurik; adibidez, hiri eta herrietan, errepideetan, urtegietan, eta abarretan.

0tik 5era (t/ha eta urteko)

Higadura oso txikia da eta lurzoru galerak onargarriak dira. Ez dago higadura garbirik.

5etik 10era (t/ha eta urteko)

Higadura txikia da eta lurzoru galerak onartu ahal dira. Beharbada ez dago higadura garbirik.

10etik 25era (t/ha eta urteko)

Higadura arina da. Higadura egon badago, baina ez da agerikoa.

25etik 50era (t/ha eta urteko)

Higadura ertaina da. Higadura egon badago, baina baliteke ez izatea agerikoa.

50etik 100era (t/ha eta urteko)

Higadura larria da. Higadura agerikoa da.

100etik 200era (t/ha eta urteko)

Higadura oso larria da. Higadura oso nabaria da.

200etik gora (t/ha eta urteko)

Higadura latza da. Higadura nabarmena da.

Taula horretan higadura agerikoa dela esaten dugunean, ulertu behar dugu lurzoruaren azala irauli gabe dagoela. Bestela, nekazaritza lanak baldin badaude, higaduraren eragina ezkutatuta geratuko da.

Lurzoruaren galera hektareako eta urteko 10 tonakoa bada, lurzoruaren azalak milimetro bat galduko du urteko gutxi gorabehera. Baina galtzen den neurrian harri amatik material fina sortzen da -nahiz eta sorrera hori alda daitekeen faktoreen arabera-, hori dela eta, galerak eta sortutako partikula finak berdinduko dira eta oro har ezin dugu esan galera garbiak daudela.

Maparekin kalkulu-orri baten bidez dabilen programa informatikoa egin da. Programak higaduraren kartografiaren arazo estatikoari irtenbidea ematen dio. Higadura errealaren kartografiak egungo egoerarako ereduek aurreikusten dituzten baloreak zeintzuk diren erakusten du eta higadura potentzialaren kartografiak egoera berean higadura baloreak erakusten ditu, baina lurzorua landaredirik gabe.

Dena den, tarteko egoerak daude, lurralde kudeatzailearentzat interesgarriak izan daitezkeenak eta programak ebalua ditzakeenak. Kartografiarekin bakarrik egoera horiek ezin izango genituzke ebaluatu.

Programaren emaitzak sartutako baloreek baldintzatzen dituzte eta iragarpenak aztertu nahi dugun egoeraren faktoreak zenbat eta ondoen islatu, orduan eta hobeto erakutsiko du errealitea.

Programa ondo erabiltzeko higadura iragartzeko ereduak ezagutu behar dira. Bestela, eredu horiei buruzko bibliografia edo EAEko lurzoruen higaduraren maparen memoria -dagozkion atalak- aztertzea komenigarria da.

HIGADURA-MAPAREN MUGAK:

  • Urak eragindako higadura laminarra iragartzeko baino ezin da erabili. Ez du balio sakanetako eta ibilguetako lurzoruen galerak zein masako mugimenduak ebaluatzeko edo higadura eolikoa iragartzeko.
  • Jasotako emaitzak aztertu den lurraldean ezar daitezke, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, baina kontuan hartu behar da beste lurralde batzuetan, beharbada, ezin izango direla ezarri.
  • Ezarritako metodologia 1:25.000 eskalan erabili behar da. Maparen tamaina handitzeak, informatikoki egin ahal den arren, oker ulertzea eragin dezake.