Arautegia

Inprimatu

46/2020 DEKRETUA, martxoaren 24koa, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1744
  • Xedapen-zk.: 46
  • Xedapen-data: 2020/03/24
  • Argitaratze-data: 2020/03/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeak eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak nolabaiteko xehetasunez ezartzen dituzte lurralde-antolamenduko planak egiteko edo berrikusteko eta aldatzeko prozesuei dagozkien prozedurak lehenengo legearen kasuan, eta hirigintza-planei buruzkoak bigarrenaren kasuan.

Aipatutako prozeduren inguruan garatutako esperientzia handia denez eta lurralde-antolamenduaren eta hirigintza-antolamenduaren arteko lotura edo komunikazioa estuak denez, biak ia erabat osatu baitira Euskadiko funtzio-eremu eta udal-mugarte guztietan, komenigarria da biak arautegi-arau berean sartzea. Arautegi-arau horrek aipatu diren lege-xedapenen arau-garapena elkartuko du eta arau-garapen hori aurreko garapen ugarietatik eratorritako hobekuntzekin osatuko da.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea aldatzen duen abenduaren 5eko 9/2018 Legearen zioen azalpenean ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioaren prozesua hirigintza-prozeduretan sartu nahi da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/52/EB Zuzentarauaren zentzuan, prozesu hori «administrazio-prozedura instrumentaltzat» hartuta planak eta programak onesteko edo hartzeko edo proiektuak baimentzeko prozedura substantibo sektorialari dagokionez. Hau da, administrazio-izapide multzo bat, planak eta programak prestatzeko, onesteko edo baimentzeko beste prozedura zabalago baten barnean sartuta dagoena.

Lurralde- eta hirigintza-plangintza onesteko prozedura substantibotik abiatuta, egoki da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura zehaztea eta prozedura substantibo horren barnean sartzea, oinarri hartuta arrazionalizazioaren, prozedura-sinplifikatzearen eta izapideen aldiberekotasunaren printzipioak.

Bestalde, prozedura horietan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta edo sinplifikatua, kasuen arabera, pixkanaka sartzearen ondorioz, eta prozedura horiek lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko planak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan sartzearen ondorioz, beharrezkoa da aipatutako prozedurak elkartzea. Horretarako, ahalik eta erregulazio argiena behar da, ahalik eta segurtasun juridiko handiena emango diena prozedura horietan esku hartzen duten eta prozedura horiek behar dituzten erakundeei eta operadoreei; horrela, gai horri buruz sortu diren interpretazio-zalantza ugariak argituko dira.

Dekretu honek, hain zuzen ere, erregulazioa argia eta segurua izateko helburu horri erantzuten dio; lurralde-plangintza egiteko, izapidetzeko eta onesteko ez ezik, aldatzeko eta berrikusteko ere administrazio-prozedura guztiak garatzen ditu (lurralde-antolamenduaren gidalerroak; lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak), bai eta hirigintza-antolamenduko tresna guztiak ere. Azken horiei dagokienez, hain zuzen ere, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak berak, III. tituluko II. kapituluan (59. artikulutik 74.era), argiro bereizten ditu, batetik, plantzat hartu behar direnak -eta, hortaz, ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaienak-, eta, bestetik, «hirigintza-antolamenduko gainerako tresna» gisa definitzen dituenak (xehetasun-azterlanak, hirigintza- eta eraikingintza -ordenantzak eta babes-katalogoak); izan ere, dekretu honetan argitzen denez, azken horiek ez daukate planen berezko izaera, eta, hortaz, ez zaie aipatutako ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar.

Azken horietan izan ezik, antolamenduko gainerako tresna guztietan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari eta sinplifikatuari dagozkien dokumentuak eta izapideak elkartzen dira; litekeena da kasu batzuetan beharrezkoak ez izatea, uste delako ingurumenean ezin dutela ondorio nabarmenik eragin (adibidez, epeak kontuan hartzen dituzten aldaketak, haztapen-koefizienteak edo eraikuntzako edo etxegintzako elementu jakin batzuk).

Prozedura horiek guztiak, berez konplexuak direnak eta, era berean, lurraldean eragiten duen araudi sektorial zabal-zabal batetik eratorrita egon litezkeen baldintzatzaile guztiekin lotuta daudenak (baldintzatzaile fisikoak eta teknikoak nahiz juridikoak), dekretu honetan proposatzen dira izapideen eta epeen aldiberekotasunaren printzipiotik abiatuta. Gaia konplexua denez, betiere konplexutasun hori kalitatearen sinonimotzat hartuta, administrazio-ahalegin handiagoa egin da behar da izapidetze arrunteko gehiegizko luzapeneko denborak, behintzat, saihesteko edo murrizteko plangintzan.

Bestalde, dekretu honek aztertzen du, halaber, nolako ondorioak dituen administrazio-isiltasunak hirigintza-plangintza onartzeko orduan. Plan orokorrak behin betiko onartuta daudela joko da, erantzunik jaso gabe hiru hilabete igaro badira kasuan kasuko foru-aldundira helarazi zirenetik, betiere organo horri badagokio plan horiek behin betiko onartzea; plan berezien eta plan partzialen kasuan, berriz, epe hori bi hilabetekoa izango da.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 24an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onetsi ondoren, hau

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek egiten edo onesten duten lurralde- eta hirigintza-plangintza onesteko prozedura arau bidez erregulatzea, Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzeko.

Lurralde- eta hirigintza-plangintza onesteko eta plangintza hori ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurarekin txertatzeko prozedurek honako printzipio hauek bete beharko dituzte:

  1. Arrazionalizazioa, prozedura-sinplifikazioa eta izapideen aldiberekotasuna, ingurumen-alderdiak lurralde- eta hirigintza-plangintza onesteko prozeduretan sartuz, plangintza prestatzeko lehenengo faseetatik hasita, eta modu koordinatuan plangintza amaitu arte.

  2. Lurralde- eta hirigintza-plangintza izapidetzeko eta onesteko eskumena duten administrazioen eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura izapidetzeko eskumena duten administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa, eta ebaluazio-prozeduran esku hartzen duten administrazio-organoen elkarlan aktiboa, eskatzen zaien beharrezko informazioa emanez.

  3. Herritarrek parte hartzea eta informazio publikoa ematea, gardentasuna eta parte-hartze publikoa eta pribatua sustatuz, plangintza-prozesuaren gaineko informazio erabatekoa eta fidagarria epe egokietan emango dela ziurtatuz.

  4. Genero-ikuspegia txertatzea dekretu honetan araututako prozeduretan.

  1. Lurralde- edo hirigintza-antolamenduko edozein figura formulatu, berrikusi edo aldatzeko hasierako erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, parte hartzeko programa bat egin beharko da. Plan horretan, behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eskubidea izan dezaten.

  2. Herritarrek parte hartzeko delako programa oso-osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion lurralde historikoko aldizkarian; administrazio publiko sustatzailearen arabera; informazio-teknologia berrien bitartez hedatuko da, eta, parte hartzeko mekanismo hauek izango ditu, gutxienez:

    1. Parte hartzeko gida bat, herritarrek parte hartzeko prozesuaren jarraibideak eta edukiak ez ezik, xehetasunak ere deskribatuko dituena; horretaz gain, parte hartzeko abiapuntu gisa erabiliko diren edukien laburpena bilduko da gida horretan.

    2. Jendaurreko bilkurak, non azalduko baitira ekimenaren edukia eta espedientea izapidetzean aurkeztutako alternatiba posibleak.

    3. Dibulgazio-materiala: legediak eskatutako dokumentuekin batera prestatu beharko da, dokumentu horiek hedatzen eta ulertzen laguntzeko.

  3. Halaber, zazpi mila biztanletik gorako udalerriek, udal-plangintzaren aholku-batzordearen erregelamendurik ez badute, erregelamendu hori prestatu eta onartuko dute, plan orokorra formulatzen hasteko udal-erabakia hartu aurretik edo harekin batera. Batzorde horrek plangintza orokorrari buruzko txostena egin beharko du gutxienez.

Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-planak onesteko edo aldatzeko prozeduretan, derrigorrezkoa izango da zerbitzu elektronikoak erabiltzea, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen oinarrizko araudian ezarritakoaren arabera, eta herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoaren araudi erregulatzailean onetsitako eskubideei guztiz men eginez gauzatuko da.

  1. Lurralde-antolamenduaren plangintza onesteko, berrikusteko edo aldatzeko prozeduretan, prozedura horiek jendaurrean jartzeko, iragarkiak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Euskal Autonomia Erkidegoko egunkari zabalduenetako bitan gutxienez.

    Halaber, izapidetzeko eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

  2. Hirigintza-planen onespena, berrikuspena eta aldaketa jendaurrean jartzeko izapidean, dagozkion iragarkiak argitaratuko dira dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, hala badagokio, lurraldean hedapen handiena duen edo gehien saltzen den egunkarian eta dagokion udalaren edo aldundiaren edo, hala badagokio, Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan.

    Udalek ere bidezko iragarkiak eta jendaurrean jarri behar den dokumentazioa argitaratuko dituzte beren egoitza elektronikoetan, jendaurrean jartzeko legez aurreikusitako epeetan, eta informazio hori behin betiko onetsi arte edukiko dute.

  3. Plangintza aldatzeko espedienteetan, aipatutako planak eta tresnak biltzen dituen dokumentazioaz gain, aurreko paragrafoan azaldu dugun bezala, honako gai hauek azaltzen dituen egikaritze-laburpen bat jarri beharko da jendaurrean:

    1. Proiektatutako antolamenduak indarrean dagoena zer eremutan aldatzen duen zedarriztatzea, kokalekuaren plano bat emanez eta aldaketaren norainokoa adieraziz. Egungo egoera eta antolamenduak aurreikusitako etorkizuneko irudia konparatzeko aukera emango duten informazio grafikoko tresnak eta toponimiaren erreferentzia ere sartuko dira.

    2. Hala badagokio, hirigintza-antolamendua edo egikaritzeko prozedurak eteten diren eremuak, eta etendura horren iraupena.

  4. Ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien planetan, jendaurrean jarri behar den dokumentazioak ingurumen-azterketa estrategikoaren laburpen ez-tekniko bat ere bilduko du.

  5. Jendaurrean jartzeko epean argitaratzen diren iragarkietan, hirigintza-tresnen izapidetzean, kokapen-erreferentziak sartu beharko dira, eraginpeko eremua identifikatzea ahalbidetuko dutenak, eta eremu horren kokalekua edo kokapena eta antolamenduaren xede diren areak, sektoreak edo unitateak zehaztuko dira gutxienez.

  1. Lurralde-antolamenduko eta hirigintza-antolamenduko planak, plan horien berrikuspenak eta aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren mende jarri beharko dira, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintzetan.

    Dagozkien eskumenen arabera, Eusko Jaurlaritzako edo, hala dagokionean, dagokion Foru Aldundiko ingurumen-organoa izango da aipatutako araudian aurreikusitako baldintzetan xedatuko duena plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren edo sinplifikatuaren mende jarri behar den.

  2. Ez dira ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren mende jarri behar ez xehetasun-azterlanak, ez eraikingintza- edo hirigintza-ordenantzak, ez arkitektura- edo hirigintza-ondarea babesteko katalogoak, ez baitira plantzat hartzen, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera. Gainera, prozedura hori ez da beharrezkoa, halakoak garrantzi txikikoak baitira eta ez baitute batere gaitasun berritzailerik, hirigintza-antolamenduaren ikuspegitik.

  1. Lurralde- eta hirigintza-plangintzaren behin betiko onespenean gutxienez honako hauek sartuko dira:

    1. Aipatutako ebazpenaren eduki osoa.

    2. Antolamendu-arauak edo, hala badagokio, hirigintza-arauak.

    3. Zehaztapenak aplikatzeko arauak lurralde-antolamenduaren gidalerroen kasuan.

  2. Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendeko planen kasuan, plan horiek behin betiko onesteko eskumena duen organoak iragarki bat argitaratu beharko du, honako alderdi hauek bilduko dituena:

    1. Laburpen bat, alderdi hauek jasoko dituena:

      1. Nola integratu diren planean ingurumen-arloko alderdiak.

      2. Planean nola hartu diren kontuan ingurumen-azterketa estrategikoa, jendaurreko informazioaren emaitzak eta kontsulten emaitzak, barnean hartuta, hala badagokio, mugaz gaindiko kontsultak eta ingurumen-arloko adierazpen estrategikoa, bai eta prozesuan sortutako desadostasunak ere, halakorik izan bada.

      3. Aukeratutako hautabidea hautatzeko arrazoiak, aintzat hartutako gainerako hautabideekin alderatuta.

      4. Zer helbide elektronikotan jarriko duen jendaurrean organo substantiboak planaren eduki osoa.

    2. Planaren aplikazioak ingurumenean izandako eraginen jarraipena egiteko hartu diren neurriak.

  3. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren mende jarritako planen kasuan, argitalpenean, plan horien behin betiko onespenaren eduki osoa eta antolamendu-arauak biltzeaz gainera, erreferentzia egingo zaio ingurumen-txosten estrategikoa argitaratu den aldizkari ofizialari.

Ezin izango da behin betiko onetsi ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren mende jarri den plan-aldaketa bat edo plan bat, baldin eta aurretik ingurumen-adierazpen estrategikoa egin ez bada, edo, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren kasuan, ingurumen-txosten estrategikoa egin ez bada.

1. ATALA

PRESTATZEA ETA ONESTEA

  1. Lurralde-antolamendua egiteko prozedurari hasiera ematea erabakitzen duen Eusko Jaurlaritzaren erabakiak barnean hartu behar ditu antolamendu hori justifikatzen duten kausak, lortu nahi diren helburuak eta antolamendua egiteko kalkulatzen diren epeak.

    Hasiera emateko erabakia udalei jakinaraziko zaie, udalerrien elkarteen bitartez, bai eta foru-aldundiei eta Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzari ere.

  2. Lurralde-antolamenduaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren organoak azterketak egingo ditu eta gidalerroen aurrerapena idazteko beharrezkotzat hartzen dituen datuak eta informazioak eskatuko dizkie administrazio publikoei, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluaren 2. eta 3. lerrokadetan aurreikusitako epe eta baldintzetan.

    Halaber, herritarrek parte hartzeko prozesu bat gauzatuko da dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan, eta kontsulta publikoa egingo da Eusko Jaurlaritzaren web-atarian, epe berean. Kontsulta horretan, herritarren eta eraginpean egon litezkeen ordezkaritza handieneko erakundeen iritzia bilduko da konpondu nahi diren arazoei, lortu nahi diren helburuak arautzeko aukerari eta ordezko irtenbideei buruz.

  1. Jarraian, Lurralde-antolamenduaren gidalerroen aurrerapena egingo da, eta, horrekin batera, dagokion hasierako dokumentu estrategikoa idatziko da; ondoren, honako izapide hauek gauzatuko dira:

    1. Aurrerapena Lurralde Politikako Aholku Batzordera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera bidaliko da, txostenak egin ditzaten hiru hilabeteko epean, gehienez, aipatutako dokumentazioa jasotzen denetik hasita.

    2. Aldi berean, ingurumen-ebaluazioaren prozedura «hasteko eskabidea» prestatu eta formulatuko da, eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoari helaraziko zaio, aurrerapenarekin eta hasierako dokumentu estrategikoarekin batera. Organo horrek ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin eta haren berri eman beharko du, hiru hilabeteko epean, aipatutako eskabidea jasotzen duenetik hasita. Aipatutako hiru hilabeteko gehieneko epearen barnean, ingurumen-organoak eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsultapean utziko dut espedientea, ingurumen-ebaluazioaren legerian aurreikusitakoaren arabera. Administrazio publikoek eta pertsona interesdunek hilabeteko epea izango dute iritzia emateko, irismen-dokumentuaren eskabidea jasotzen dutenetik hasita.

  2. Lurralde-antolamenduaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren organo erantzuleak, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenak bideratu ondoren, aurrerapena igorriko du, hasierako dokumentu estrategikoarekin batera, administrazio eta erakunde publiko eta pribatu interesdunetara, hiru hilabeteko epean oharrak edo ekarpenak egin ditzaten, betiere Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluaren 5. lerrokadan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Irismen-dokumentua jaso ostean, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak gidalerroen hasierako onespenaren dokumentua egingo du, eta, aldi berean, dokumentu horren ingurumen-azterketa estrategikoa idatziko du.

  2. Egindako dokumentua, hasiera batean, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailaren titularraren agindu baten bidez onetsiko da, eta jendaurreko informazioaren izapidearen mende jarriko da, 45 egun baliodunean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia-erkidegoko bi egunkari zabalduenetan gutxienez iragarrita. Dokumentua, aldi berean, honako izapide hauen mende jarriko da:

    1. Entzunaldiaren izapidea emango zaie, dokumentua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo bi hilabeteko epean, Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzari, foru-aldundiei eta, Udalerrien Elkarteen bitartez, udalei. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.

    2. Kontsulta-izapidea, berrogeita bost egun balioduneko epean, eragindako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egokitzat hartzen dituzten oharrak eta iradokizunak egin ditzaten. Horretarako, gidalerroen dokumentazioa ikusgai jarriko da, lurralde historiko bakoitzean horretarako ezartzen den lekuan.

  1. Jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko epea amaitu ondoren, eta emaitza kontuan hartuta, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak gidalerroak behin-behinean onesteko dokumentua egingo du eta, ondoren, honako hau egingo du:

    1. Lurralde Politikako Aholku Batzordera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaliko du, batzorde horiek txostenak egin ditzaten hiru hilabeteko epean.

    2. Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientea osorik bidaliko du ingurumen-organora, eta organo horri eskatuko dio ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezala, bi hilabeteko epean, eskaera jasotzen duenetik aurrera.

  2. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak, aurreko apartatuan aipatu diren izapideak aintzat hartuta dokumentuan beharrezkoak diren aldaketak egin ondoren, behin-behinean onetsiko du, sailaren titularrak emandako agindu baten bitartez.

  3. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen organoak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren emaitza lurralde-antolamenduaren Gidalerroetan txertatuko du, eta nahitaezko gainerako txostenekin batera, espedientea Gobernu Kontseilura igorriko du, behin betiko onar dezan. Gidalerroak behin betiko onetsi ondoren, dekretuaren bitartez, argitaratu egingo dira, dekretu baten bidez, dekretu honetan adierazitako baldintzen arabera.

  1. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari edo foru-aldundiei dagokie, lurralde-plan partzialak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko ekimena, salbu eta planak eraginpean hartzen baditu lurralde historiko desberdinetako udalerriak; kasu horretan, ekimena Eusko Jaurlaritzarena izango da beti. Udalerriek eskatu ahal izango dute aipatutako ekimena egikaritzea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera.

  2. Ekimena hartzen duen autonomia-erkidegoko edo foruko administrazioak aurreikuspenei eta programei buruz beharrezkotzat hartzen duen informazio orokorra eta espezifikoa eskatuko dio beste administrazioari eta informazio egokia lortuko du eraginpeko udalerrietatik, eta Arabako Lurralde Historikoaren kasuan, eraginpeko udalbatzetatik. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren Ordezkaritzari Estatuko jarduketa- eta inbertsio-programei eta aurreikuspenei buruzko informazioa eskatuko dio, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren bitartez.

Informazioa bildu ondoren, organo sustatzaileak planaren eta hasierako dokumentu estrategikoaren aurrerapena egingo du, eta hori egindakoan, espedientea honako izapide hauen mende jarriko da aldi berean:

  1. Eusko Jaurlaritzak edo ekimenaren sustatzaile den foru-aldundiak interesa duten gainerako lurralde-administrazio publikoei bidaliko die planaren aurrerapena, beren oharrak, iradokizunak, hautabideak eta proposamenak egin ditzaten bi hilabeteko epean.

  2. Halaber, aurrerapena herritarrek parte hartzeko programa baten mende jarriko da; programa hori dekretu honetan aurreikusitako baldintzen arabera egindakoa eta argitaratutakoa izango da.

  3. Ingurumen-organo eskudunari eskabide bat bidaliko zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren irismen-dokumentua egin dezan, eta, eskabidearekin batera, hasierako dokumentu estrategikoa eta aurrerapena helaraziko zaizkio. Ingurumen-organoak hasteko eskaera jasotzen duenetik hiru hilabeteko epea izango du ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egiteko eta haren berri emateko. Aipatutako hiru hilabeteko gehieneko epearen barnean, ingurumen-arloko organoak eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek kontsultatzeko utziko du espedientea, ingurumen-ebaluazioaren legerian aurreikusitakoaren arabera. Administrazio publikoek eta pertsona interesdunek hilabeteko epean erantzun beharko dute irismen-dokumentuaren eskaera jasotzen dutenetik hasita.

  1. Autonomia Erkidegoko administrazio edo foru-administrazio sustatzaileak lurralde-plan partziala onesteko hasierako dokumentua egingo du ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, eta espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen nahitaezko txostenaren mende jarriko du.

  2. Autonomia Erkidegoko administrazio edo foru-administrazio sustatzaileak jendaurreko informazioaren mende jarriko dituzte hasieran onetsitako plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa, berrogeita bost egun balioduneko epean, eta, aldi berean, honako izapide hauek egingo dira:

    1. Lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei entzungo zaie, epe horretan bertan planari buruzko oharrak eta iradokizunak egin ditzaten; horretarako, plana igorriko zaie.

      Planak Arabako Lurralde Historikoko udalerriak hartzen baditu eraginpean, izapide horrekin batera, lurraldeari dagokionez eraginpean hartzen diren administrazio-batzarrei hasierako onespenaren berri emango zaie.

    2. Planari buruz kontsulta egin zaie, halaber, eraginpeko administrazio publikoei eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran aurretik kontsulta egin zaien pertsona interesdunei, berrogeita bost egun balioduneko epe horretan bertan.

  1. Aurreko izapideen emaitza ikusi ondoren, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo dagokion foru-administrazioaren organo eskudunak behin-behinean onesteko erabakia hartuko du, hala badagokio, eta honako hauei bidaliko die espediente osoa:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari, nahitaezko txostena eman eta jakinaraz dezan hiru hilabeteko epean.

    2. Ingurumen-organoari, ingurumen-adierazpen estrategikoa eman eta jakinarraz dezan bi hilabeteko epean.

  2. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak ingurumen-adierazpen estrategikoaren edukia gehituko du, hala badagokio, eta nahitaezkotzat hartzen diren gainerako txostenekin batera, Gobernu Kontseiluan aurkeztuko du proposamena, behin betiko onar dezan dekretu baten bitartez. Dekretu hori argitara emango da, dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Lurraldean eragina duten lurralde-plan sektorialak egiteko eta izapidetzeko ekimena Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako foru-organoek daukate.

  2. Lurralde-plan sektorialak sustatzen dituzten administrazio autonomikoaren edo foru-administrazioaren organoek beren proposamenari buruzko kontsulta egingo diote arlo horretan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 17. artikuluan ezarrita dago zein den den organo hori. Hartara, hasieratik bermatuko da planak behar bezala txertatzen direla lurralde-antolamenduaren gidalerroek eta lurralde-plan partzialek definitutako lurralde-esparruan.

  3. Lurralde-plan sektorialak aplikatzekoa zaien legeria sektorialaren arabera egin eta izapidetuko dira, eta horrelako legeriarik ez badago, lurralde-plan partzialetarako ezarritako legeriaren arabera.

    Kasu horretan, lurralde-plan sektorialen onespena aurreko artikuluan aipatutako prozedurari jarraikiz integratuko da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduran.

  4. Eusko Jaurlaritzako sailek egiten dituzten lurralde-plan sektorialei buruzko txostena egin beharko dute lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak. Plan horiek, aipatutako txostenekin batera, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, behin betiko onar ditzan, sail interesdunaren titularrak eta lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen saileko titularrak batera egindako proposamenari jarraituz.

  5. Era berean, eta behin betiko onetsi aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak nahitaezko txostenak egin beharko ditu lurralde historikoetako foru-organoek beren eskumenak betez egin eta behin betiko onesten dituzten lurralde-plan sektorialei buruz.

    2. ATALA

    ALDAKETAK

  1. Honako hau hartzen da funtsezko aldaketatzat: hasiera batean hautatutako eta onetsitako plangintza-ereduaren aldaketa oro, baldin eta aldaketa hain handia bada ezen pentsa daitekeen eredua berria dela eta ez soilik desberdina alderdi zehatzetan eta bigarren mailakoetan.

  2. Lurralde-antolamenduko tresnen funtsezko aldaketek aldaketa horiek egiteko dekretu honetan aurreikusitako izapide berari jarraituko diote.

  3. Lurralde-antolamenduko tresnak aldatzeko ekimena hartzeko eskumena duten organoen ustez ezinbestekoa bada aldaketa bat egitea, baina aldaketa hori bigarren mailako alderdi zehatz batzuei buruzkoa bada, espresuki eta modu arrazoituan adierazi beharko dute aldaketa hori ez dela funtsezkoa.

  1. Gobernu Kontseiluak erabakiko du, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, egokia ote den lurralde-antolamenduaren gidalerroak aldatzea. Erabakia arrazoitu egin beharko da, aldaketa horiek justifikatuko dituzten kausak adieraziko ditu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta autonomia-erkidegoko bi egunkari zabalduenetan gutxienez argitaratuko da.

  2. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Sailari dagokio aldaketa idaztea. Sail horrek aldaketa ahalik eta hobekien egiteko beharrezkotzat hartzen dituen datuak eta informazioak eskatu ahal izango dizkie Eusko Jaurlaritzako Sailei eta gainerako Administrazioei. Aurreko eskaerari hilabeteko epean erantzun beharko diete sailek eta gainerako administrazioek, eskaera egin eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Aurreko artikuluan aurreikusitako jarduketak egiaztatu ostean, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien lurralde-antolamenduaren gidalerroetan funtsezkoak ez diren aldaketak egiteko, honela jardungo du lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak:

    1. Gidalerroak aldatzeko dokumentua prestatuko du eta Lurralde Politikako Aholku Batzordeari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeari eskatuko die haren gaineko txostenak egiteko hiru hilabeteko epean.

    2. Aldi berean, hasierako dokumentu estrategikoa idatziko du, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren araudiak eskatzen duen edukiarekin; gainera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren irismen-dokumentuaren eskabidea egin, eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoari helaraziko dio.

  2. Ingurumen-organoak eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsultapean utziko du espedientea, hilabeteko epean, eta ingurumen-azterketaren irismen-dokumentua egin eta haren berri emango dio organo substantiboari; hori guztia, hiru hilabeteko epean, organo horrek hasteko eskabidea jasotzen duenetik hasita.

  3. Jarraian, Eusko Jaurlaritzako lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak ingurumen-azterketa estrategikoa egingo du, eta aldaketa onetsiko du hasieran, sailaren titularraren agindu baten bidez. Ondoren, jendaurrean jarriko da aldaketa, eta, aldi berean, kontsulta eta entzunaldia egingo zaie eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, berrogeita bost egun balioduneko epean.

  4. Entzunaldiko eta jendaurreko informazioaren izapideak egin ondoren, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak dagozkion aldaketak egingo ditu hasierako onespen-dokumentuan; ondoren, dokumentu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari eta Lurralde Politikako Aholku Batzordeari igorriko die, aldi berean, nahitaezko txostenak egin ditzaten hiru hileko epean, eskaera jasotzen dutenetik hasita; ondoren, behin-behinean onetsiko da.

  5. Halaber, eta espedientea aurreko apartatuan aurreikusitako moduan bidaltzearekin batera, espedientea ingurumen-organora bidaliko da. Organo horrek hiru hilabeteko epea izango du, espedientea osorik jasotzen duenetik hasita, ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko.

  6. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak ingurumen-adierazpen estrategikoaren edukia gidalerroen aldaketaren behin betiko dokumentuan edo proiektuan txertatuko du, eta aldaketa-dokumentua Gobernu Kontseilura igorriko du, nahitaezko gainerako txostenekin batera, behin betiko onar dezan dekretu baten bidez.

  1. Lurralde-antolamenduaren gidalerroetan funtsezkoak ez diren aldaketak egiteko, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren mende badaude, aurreko artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera beharrezkoak diren datuak eta informazioak bildu ostean, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak aldaketa-dokumentua idatziko du. Dokumentu hori Lurralde Politikako Aholku Batzordearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen nahitaezko txostenen mende utziko du. Era berean, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko eskabidea idatziko ditu.

  2. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskabidea eta ingurumen-dokumentu estrategikoa eta aldaketaren proiektua jaso ondoren, ingurumen-organoak kontsulta egingo die eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta administrazio eta pertsona horien eskura jarriko du espedientea, hilabeteko epean erantzun dezaten, txostenaren eskabidea jasotzen dutenetik hasita. Ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa egingo du, gehienez hiru hilabeteko epean, eta, kontsulten emaitza kontuan hartuta, erabakiko du lurralde-antolamenduaren gidalerroen aldaketak ingurumenean ondorio nabarmenak dituen edo ez.

  3. Ingurumenean ez badu ondorio nabarmenik, ingurumen-txosten estrategikoa hartuko da kontuan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10. artikuluan ezarritako izapidetzearekin jarraituko da.

  4. Bestela, txostenak xedatuko du aldaketa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri beharra dagoela. Ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egingo du eta haren berri emango dio lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailari. Sail horrek dekretu honen 20. artikuluan aurreikusitako izapidetzearekin jarraitu beharko du.

  1. Lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saila edo foru-aldundiak dira lurralde-plan partzialen aldaketak egiteko eta izapidetzeko organo eskudunak, salbu eta planak eraginpean hartzen baditu lurralde historiko desberdinetako udalerriak; kasu horretan, ekimena Eusko Jaurlaritzarena izango baita beti. Udalerriek eskatu ahal izango dute aipatutako ekimena egikaritzea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera.

  2. Ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien aldaketen kasuan, organo substantiboak, beharrezkotzat hartzen dituen datuak eta informazioak lortu ondoren, aldaketa-proiektua idatziko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera igorriko du bere txostena egin dezan hiru hilabeteko gehieneko epean; horrez gain, ingurumen-ebaluazio arruntaren irismen-dokumentua eta hasierako dokumentu estrategikoa ere egingo ditu aldi berean.

  3. Ingurumen-organoak eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek kontsultak egiteko derrigorrezko izapidetzearen eraginpean jarriko du espedientea hilabeteko epean eta ingurumen-azterketaren irismen-dokumentua egingo du eta jakinaraziko du.

  4. Jarraian, organo substantiboak ingurumen-azterketa estrategikoa egingo du eta, plana aldatzeko dokumentuarekin batera, onetsi egingo da hasiera batean lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailaren titularraren agindu baten bidez.

  5. Ondoren, jendaurreko informazioaren izapidearen eta administrazio publikoen entzunaldiaren izapidearen mende jarriko da, berrogeita bost egun balioduneko epean; epe hori igarotakoan, dagozkion aldaketak sartuko ditu, halakorik badago, eta behin-behinean onetsiko du plana aldatzeko dokumentua, eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera bidaliko du espedientea, txostena egin dezan hiru hilabeteko epean; halaber, ingurumen-organora bidaliko du, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan bi hilabeteko epean.

  6. Ingurumen-organoak ingurumen-adierazpen estrategikoa egin ondoren, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako edo foru-aldundiko sailak plana aldatzeko proiektuan sartuko du ingurumen-adierazpen estrategikoaren edukia, eta Gobernu Kontseilura bidaliko du, behin betiko onar dezan dekretu baten bidez.

  1. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten zaien lurralde-plan partzialetan funtsezkoak ez diren aldaketak egiteko prozeduretan, beharrezkoak diren datuak eta txostenak lortu ondoren, organo substantiboak aldaketa-proiektua idatziko du, eta aldi berean bidaliko du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera eta ingurumen-organora; kasu honetan ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskaera-dokumentuarekin eta ingurumen-dokumentu estrategikoarekin batera.

  2. Ingurumen-organoak eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egingo die, espedientea haien eskura jarriko du, iritzia eman dezaten hilabeteko epean, eskaera jasotzen dutenetik hasita, eta ingurumen-txosten estrategikoa egingo du, hiru hilabeteko epean, hasiera emateko eskabidea jasotzen duenetik hasita, edo erabakiko du planak ez duela ondorio nabarmenik ingurumenean, hala badagokio.

  3. Ingurumenean ez badu ondorio nabarmenik, ingurumen-txosten estrategikoa hartuko da kontuan, eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako izapidetzearekin jarraituko da.

  4. Bestela, txostenak xedatuko du aldaketa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar dela. Ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egingo du, eta lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailari jakinaraziko dio. Sail horrek dekretu honen 22. artikuluan aurreikusitako izapidetzearekin jarraitu beharko du.

  1. Ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien lurralde-plan sektorialen funtsezkoak ez diren aldaketak onesteko prozedurak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiten zaien lurralde-plan partzialen aldaketei buruzko prozedurak jarraitzen dituen izapide berak beteko ditu, artikulu honetan ezartzen diren berezitasunekin.

  2. Arlo honetan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari kontsulta-izapidea egingo zaio aldaketa-proposamenari buruz Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago izapide hori, eta, horrela, hasieratik bermatuko da aldaketa behar bezala txertatzen dela lurralde-antolamenduaren gidalerroek eta lurralde-plan partzialek definitutako lurralde-esparruan.

  3. Aldaketa Eusko Jaurlaritzako sailen batek egin badu, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak nahitaezko txostena egin beharko du, eta Gobernu Kontseiluan aurkeztu beharko da behin betiko onesteko, sail interesduneko sailburuak eta lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailekoak elkarrekin proposatuta.

  4. Aldaketa lurralde historikoetako foru-organoek egiten dutenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak nahitaezko txostena egin ondoren, aipatutako foru-organoek behin betiko onetsiko dute.

  1. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten zaien lurralde-plan sektorialetan funtsezkoak ez diren aldaketek dekretu honetan ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten zaien lurralde-plan partzialen funtsezkoak ez diren aldaketetarako aurreikusitako izapidetze berari jarraituko diote, artikulu honetan dauden berezitasunekin.

  2. Aldatzeko proposamena gai horretan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren kontsulta-izapidearen mende jarriko da Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago izapide hori, eta, horrela, hasieratik bermatuko da aldakea behar bezala txertatuko dela lurralde-antolamenduaren gidalerroek eta lurralde-plan partzialek definitutako lurralde-esparruan.

  3. Aldaketa Eusko Jaurlaritzako sailen batek egin badu, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailak nahitaezko txostena egin beharko du, eta Gobernu Kontseiluan aurkeztu beharko da behin betiko onesteko, sail interesduneko sailburuak eta lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailekoak elkarrekin proposatuta.

  4. Aldaketa lurralde historikoetako foru-organoek egiten badute, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen nahitaezko txostena egin ondoren, aipatutako foru-organoek behin betiko onetsiko dute.

1. ATALA

PRESTATZEA ETA ONESTEA

  1. Plan orokorra egitea eta izapidetzea udalari dagokio, eta zazpi mila biztanle baino gehiagoko udalerrietan, plan orokorra behin betiko onesteko eskumena ere badagokio. Biztanle gutxiago dituzten udalerrietan, dagokion foru-aldundiak izango du plan orokorra behin betiko onesteko eskumena.

  2. Plan orokorra egiten hasteko akordioarekin batera herritarrek parte hartzeko programa bat egin beharko da, dekretu honetan aurreikusitako baldintzen arabera.

  3. Plan orokorraren idazkuntza erabaki ondoren, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 90. artikuluaren 1. eta 2. lerrokadetan aurreikusitako informazioa eta txostenak eskatuko dira. Txosten horiek bi hilabetetik gorakoa ez den epean egingo dira.

  4. Udal-administrazioak, ondoren, aurrerapena eta planen ingurumen-ebaluazio estrategikoari buruzko araudian aurreikusitako hasierako dokumentu estrategikoa egingo ditu aldi berean.

  5. Udalak, aldi berean, honako izapide hauek beteko ditu:

    1. Aurrerapena jendaurrean jartzea gutxienez bi hilabeteko epean, eta dagokion iragarpena argitara ematea dagokion lurralde historikoaren aldizkari ofizialean, udal-mugartean tirada handiena duen egunkarian eta baliabide elektroniko propioetan

    2. Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentuaren eskabidea aurkeztea Eusko Jaurlaritzako edo dagokion foru-aldundiko ingurumen-organoan (zazpi mila biztanle baino gehiagoko edo gutxiagoko udalerriak diren kontuan hartuta) hasierako dokumentu estrategikoarekin eta planaren aurrerapen-dokumentuarekin batera.

  6. Ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egingo du eta haren berri emango dio udalari azterketa egiten hasteko eskaera jasotzen duenetik aurrera hiru hilabeteko gehieneko epean. Aipatutako hiru hilabeteko gehieneko epearen barnean, ingurumen-arloko organoak eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsultapean utziko du espedientea, ingurumen-ebaluazioaren legerian aurreikusitakoaren arabera. Administrazio publikoek eta pertsona interesdunek hasiera emateko eskaera jasotzen dutenetik hilabeteko epean erantzun beharko dute. Irismen-dokumentu hori ingurumen-organoaren eta udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

  7. Udalak irizpideak eta helburuak onartuko ditu, eta horiek erabiliko dira plan orokorraren hasierako onespen-dokumentua idazteko.

  8. Hasierako onespen-dokumentua idaztearekin batera, udalak ingurumen-azterketa estrategikoa idatziko du, irismen-dokumentua kontuan hartuta.

  1. Udalak hasiera batean onetsiko du plan orokorraren hasierako onespen-dokumentua eta jendaurrean jarriko du, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, berrogeita bost egun balioduneko epean, iragarkia dagokion lurralde historikoaren aldizkari ofizialean argitaratzen denetik aurrera; horrez gain, udal-mugarteko egunkaririk zabalduenetako batean edo batzuetan argitaratuko du. Udalak, halaber, bere egoitza elektronikoan eta egokitzat jotzen dituen beste hedabide batzuetan ere argitaratuko du, informazioa emateko soilik. Sektoreko eskumenak dituzten administrazio publikoei ere emango zaie hasierako onespenaren berri, ezagutu dezaten eta txostena egin dezaten. bai eta, Arabako udalen kasuan, udalerriko administrazio-batzarrei ere.

  2. Jendaurrean jartzearekin batera, udalak hasierako onespen-dokumentua eta ingurumen-azterketa estrategikoa bidaliko dizkie aldez aurretik kontsulta egin zaien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, aurreko apartatuan ezarritako epe berean txostenak eta egokitzat hartzen dituzten alegazioak egin ditzaten.

  1. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza ikusi ondoren, udalak plan orokorraren proposamena egingo du plan hori behin-behinean onesteko egokitzat hartzen diren aldaketekin. Hala ere, aldaketa horiek hasieran aurreikusitako egitura-antolamenduan aldaketa handia egitea eskatzen badute, udalak berriz ere hasierako onarpena ematea eta jendaurrean jartzeko beste aldi bat irekitzea erabakiko du behin-behineko onarpena eman aurretik.

    Arabari dagokionez, udalak behin-behineko onespenaren erabakiaren berri emango die udalerriko administrazio-batzarrei, eta, horretarako, erabakiaren edukia bidaliko die.

  2. Hiri-antolamenduko plan orokorraren dokumentua behin-behinean onetsi ondoren, udalak aldi berean igorriko du:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordera, txostena egin dezan hiru hilabeteko epean.

    2. Ingurumen-organora, espedientearen kopia oso batekin, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan eskatuz. Adierazpen hori bi hilabeteko epean egin beharko da, espediente osoa jasotzen denetik hasita.

  3. Dagokion udalari zuzenean jakinaraziko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak bere txostenaren berri, plana izapidetzen jarraitzeko.

  1. Zazpi mila biztanle baino gehiagoko udalerrietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren emaitza ikusi ondoren, udalak, hala badagokio, behar diren aldaketak egingo ditu, eta hiri-antolamenduko plan orokorra behin betiko onesteko erabakia hartuko du. Zazpi mila biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, foru-aldundiak onetsiko du behin betiko plan orokorra, hiru hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak egindako txostenetik eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduraren emaitzatik eratorritako baldintzekin.

  2. Plan orokor bat ezin izango da behin betiko onetsi, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak txostena eman ez badu edo hori egiteko epea amaitu ez bada.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak baldintzak ezartzen baditu, espresuki adieraziko du ezinbestekoa ote den, baldintzak bete ondoren, planaren txostena egitea berriro, edo plana izapidetzen jarraitu ote daitekeen.

  3. Plan orokorra behin betiko onesteko ebazpena emateko eskumena duen organoak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 91. artikuluan prozedura amaitzeko aurreikusitako edozein ebazpen hartu ahal izango du

  4. Plan orokorra behin betiko onetsi ondoren, behin betiko onesteko eskumena duen organoak plana dagokion Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea aginduko du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70. artikuluan aipatzen diren baldintzen arabera. Dagokion udal-administrazioaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da, eta onesteko iragarpena lurralde historikoan hedapen handiena duen edo duten egunkarian edo egunkarietan txertatuko da. Plan orokorraren kopia oso bat dagokion foru-aldundiko plangintzaren erregistrora igorriko da.

  1. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 63. eta 92. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, eraginpeko udalek haien lurraldeetako zona mugakideetarako bateragarritze-plan bat prestatzea erabaki dezakete, eta plan horri behin betiko onespena emateko eskumena, plan orokorraren behin betiko onespenerako erabilitako erregela berberaren araberakoa izango da.

  2. Akordiorik lortu ezean, eraginpeko edozein udalek eskatu ahal izango du Foru Aldundiko edo Eusko Jaurlaritzako organo eskudunaren esku-hartzea, azken kasu horretan, bateragarritzeak lurralde historiko bat baino gehiago ukitzen dituenean.

  3. Sektorizatze-planaren izapidetzeak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 93. eta 94. artikuluetan ezarritakoa errespetatuko du, eta udal-administrazioaren aurretiko baimena beharko du plana egiteko; baimena lortu ondoren, dekretu honetan hiri-antolamenduko plan orokorrerako aurreikusitako onespen-prozedura hartu beharko da kontuan.

  1. Plan partziala egitea udalei dagokie edota edozein pertsona fisiko edo juridiko publikori edo pribaturi; kasu horretan, udal-administrazioak, betiere arrazoiak emanda, erabaki edo ukatuko du planaren hasierako onespena proposatutako dokumentuaren hutsuneek plana baldintzatzen badute eta hutsune horiek ezin badira plana izapidetu bitartean konpondu.

  2. Ekimen partikularreko plan partzialen kasuan, ekimenaren sustatzaileak udalean aurkeztuko du plan partziala, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hasierako eskabidearekin batera, eta ingurumen-ebaluazio estrategikoari buruzko araudian aurreikusitakoaren arabera osatutako ingurumen-dokumentu estrategikoarekin batera. Udal-ekimeneko plan partzialen kasuan, udalak idatziko du dokumentazio hori, eta zuzenean bidaliko du ingurumen-organora.

  3. Bai ekimen partikularreko plan partzialen kasuan bai administrazio publiko eskudunak ofizioz egiten dituenen kasuan, ingurumen-txosten estrategikoa egin eta ingurumen-organoak hura jaso aurretik, hasierako onarpena eman ahal izango zaie plan partzialei, bai eta jendaurrean jartzeko izapidea bete dela egiaztatu ere. Halakoetan, plana hasieran onartzeko erabakiak adieraziko du onarpena ingurumen-txosten estrategikoaren emaitzaren baitan dagoela.

  4. Baldin eta ingurumen-organoak erabakitzen badu ez dela aurreikusten plan partzialak ingurumenean ondorio nabarmenik izango duenik, planaren izapidetzeak aurrera egingo du, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 95. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  5. Bestela, txostenak xedatuko du plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eraginpean jarri behar dela. Ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egingo du eta dokumentu horren berri emango dio udalari, edo hala badagokio, udalari eta sustatzaileari, eta haiek jarraitu beharko dute ondorengo apartatuetan aurreikusitako izapideak egiten:

    1. Udalak, edo, hala badagokio, sustatzaileak plan partzialaren hasierako onespen-dokumentua eta ingurumen-azterketa estrategikoa egingo ditu irismen-dokumentua kontuan hartuta, eta plan partzialaren hasierako onespena gauzatuko du.

    2. Ondoren, udalak, onespen horrekin batera, jendaurreko informazioaren nahitaezko izapidearen mende jarriko du plana, berrogeita bost egun balioduneko epean, iragarkia dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratzen denetik aurrera; plana, era berean, tirada handieneko egunkarian edo egunkarietan argitaratuko da; horrez gain, eta aldi berean, eraginpeko administrazio publikoen eta aldez aurretik kontsulta egin zaien pertsona interesdunen kontsulta-izapidearen mende ere jarriko du plana.

    3. Udala, aurreko izapideen alegazioak kontuan hartuta, behin-behingoz onetsiko du, eta espedientea ingurumen-organora bidaliko du ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko. Adierazpen hori bi hilabeteko epean egin eta jakinarazi beharko da, eta epe horretan egiten ez bada, izapideak egiten jarraitu ahal izango da.

  6. Hiru mila biztanleko edo gutxiagoko udalerriak direnean, behin-behineko onespena emateko erabakia hartu ondoren, hamar eguneko epea egongo da erabakia hartu denetik espedientea dagokion foru-aldundira bidaltzeko, behin betiko onar dezan.

  7. Plan partzialaren behin betiko onespena Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 96. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera ebatziko da.

  1. Plan bereziak dekretu honetan plan partzialetarako ezarritakoaren arabera egin eta onetsiko dira.

  2. Eusko Jaurlaritzako edo foru-administrazioko sailen bati dagozkion sektore-eskumenetan oinarritzen diren plan bereziak, hain zuzen Eusko Jaurlaritzako edo foru-administrazioko organo eskudunak egin, izapidetu eta onetsiko ditu, eta sustatzaileak aurkeztuko du, organo substantiboa den aldetik, ingurumen-ebaluazio estrategikoari hasiera emateko eskabidea eta dagokion dokumentazioa, ingurumen-organoaren aurrean.

    Hasierako onespena eman ondoren, planari buruzko txostena egin beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak eta eraginpean hartutako udal eta kontzejuek, eta bi hilabeteko epea izango dute horretarako. Izapide horrekin batera ingurumen-ebaluazio estrategikoari dagokion izapidea egingo da.

  3. Lurralde-antolamenduko tresna baten zehaztapenak garatzeko egiten diren plan bereziak sektoreko organo eskudunak egingo ditu, horretarako plan orokorrik egon ez arren, plangintza onesteko aurreikusitako prozeduraren arabera. Aipatutako plan berezia eraginpeko toki-erakundeek egin behar dutenean, artikulu honen aurreko zenbakian aurreikusitako prozedura berbera jarraituko da.

  4. Bai birgaitze- eta berritze-plan berezien kasuen, bai hiria berroneratzeko plan berezien kasuan, bai monumentu-multzo edo higiezin kalifikatuak babestu eta kontserbatzeko plan berezien kasuan, hasierako onespena eman ondoren, kultura- eta etxebizitza-arloko eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek txostena egingo dute, hilabeteko epean. Epe hori amaituta, jarraitu ahal izango da izapideekin. Kultura-arloko eskumena duen sailaren txostena loteslea izango da kultura-intereseko higiezinen abiarazte-ebazpenetan edo behin betiko kalifikazio-ebazpenetan ezarritako babes-araubideari dagokionez.

  5. Lurzoru urbanizaezinei eragiten dieten plan bereziei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak txostena egin beharko du planoi buruz.

  6. Hiri-berroneratzerako plan bereziak izapidetzean, finkatutako auzoak ukitzen badituzte, eta ukitutako biztanleriaren gainean eragina badute, formulazioa abiarazteko udalaren erabakiarekin batera, herritarrek parte hartzeko programa bat egon beharko da.

  1. Xehetasun-azterketen onespenak Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 98. artikuluan aurreikusitako izapideak errespetatuko ditu.

  2. Urbanizatzeko eta eraikitzeko udal ordenantzen onespena Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 99. artikuluak ezarritako izapidetzera egokituko da.

  3. Katalogoen onespena Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 100. artikuluan ezarritako izapidetzera egokituko da. Jendaurreko erakustaldiaren izapidearen barnean, dagokion foru-aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kultura-ondare gaietako departamentu eskudunei txostena eskatuko zaie, eta hilabeteko epea igaro ostean txostena egin ez bada, prozedurarekin jarraitu ahal izango da.

    2. ATALA

    BERRIKUSTEA ETA ALDATZEA

  1. Hirigintza-antolamenduko planen edukia aldatu ahal izango da planak berrikusiz, edo planetan aldaketak eginez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 102. artikulutik 107.era bitartean eta dekretu honen ondorengo artikuluetan araututako baldintzetan.

  2. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 107. artikuluan aurreikusitako aldaketak jasan dituzten planen bertsio oso eta eguneratuak onesteko, nahikoa izango da horiek dagokion udalak onestea, beste inolako prozeduraren beharrik gabe.

  3. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 103.4 artikuluarekin bat etorriz, eta han aurreikusitako ondorioetarako, hirigintza-plangintza edozein unetan aldatu ahal izango da. Aldaketa plangintza orokorreko zehaztapenei edo elementu propioei buruzkoa denean, planean bertan berrikusteko aurreikusitako kasuak edo inguruabarrak gertatzen direnean edo epeak amaitzen direnean, aldaketa egin ahal izango da berrikusteko lanak hasteko erabakia hartzen denean, betiere Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 90.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Egiturazko hirigintza-antolamenduaren aldaketa plan orokorrak aldatzeko prozedurari jarraikiz egingo da, eta, plangintza egokitzeko, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoari jarraituko zaio.

  2. Antolamendu xehatua aldatzeko, berriz, plan partzialaren edo plan bereziaren figura hartuko da eta haien prozedurari jarraituko zaio, kasu bakoitzean dagokionaren arabera, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 95. 96. eta 97. artikuluetan eta dekretu honetan dagozkion artikuluetan ezarritakoa betez.

  1. Plangintza berrikusteko eta aldatzeko, plangintza onesteko Dekretu honetan aurreikusitako prozedura berari jarraituko zaio, eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta edo sinplifikatua gehituko da, dagokionaren arabera, ingurumen-ebaluazioari buruzko araudiaren arabera.

    Jendaurrean dokumentazio bera jarri beharko da, jendaurreko informazioaren izapidea egiteko gutxieneko dokumentazio gisa. Gainera, onetsitako aldaketa justifikatzeko memoria eman beharko da, eta araudian ukitutako artikuluen testu osoa, artikulu horien barruan aldatutako zatiak nabarmenduta.

  2. Aurreko lerrokadan ezarritakoa alde batera utzi gabe, plangintza orokorraren aldaketetan, aurrerapena egitea hautazkoa izango da.

  3. Plan orokorraren aldaketak aurrerapena egin gabe onesteko, honako izapide hauek egin beharko dira:

    1. Udalak ingurumen-ebaluazioari hasiera emateko eskabidea eta ingurumen-dokumentu estrategikoa idatzi, eta ingurumen-organora bidaliko ditu, plan orokorraren aldaketarekin batera.

    2. Ingurumen-organoak eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsulten mende jarriko du espedientea, iritzia eman dezaten hilabeteko epean, eskaera egiten denetik hasita, ingurumen-ebaluazioari buruzko oinarrizko araudi sektorialean aurreikusitako baldintzetan.

    3. Ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoa egingo du, bi hilabeteko epean, espediente osoa jasotzen duenetik hasita, eta, kontsulten emaitza kontuan hartuta, erabakiko du planaren aldaketak ingurumenean ondorio nabarmenak dituen edo ez.

      1. Ondorio nabarmenik ez badu, aldaketa hasiera batean onetsiko da, txostenak berak ezartzen dituen baldintzetan, eta dagokion izapidearekin jarraitu ahal izango da.

      2. Bestela, txostenak xedatuko du aldaketa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar dela. Ingurumen-organoak ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egingo du eta udalari jakinaraziko dio. Udal horrek dekretu honen 27. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako izapidetzearekin jarraitu beharko du.

        3. ATALA

        ADMINISTRAZIO-ISILTASUNA

  1. Plan orokorraren behin betiko onespena foru-aldundiei dagokienean, hiru hilabete igaro badira udalak espedientea foru-erakundeari bidali zionetik, eta epe horretan aldundiak ebazpenik jakinarazi ez badio behin-behineko onespena eman zuen udalari, plana isiltasun administratibo positiboaren bitartez onartu dela ulertuko da.

  2. Hala ere, ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak 105.7 artikuluan araututako kasuetan, egiturazko antolamenduan lehendik sartuta zeuden berdegune eta espazio libreetarako lurzoruei eragiten dioten plan orokorren aldaketei behin betiko onespena emateko gehieneko epea etenda geratuko da, helburu horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak eman edo ukatu behar duen baimena eskatzen denetik. Aipatutako errekerimendutik hiru hilabete igaro badira eta ez bada inolako ebazpenik jakinarazi, ulertu ahal izango da aldaketaren behin betiko onespena ezetsi dela.

  3. Hiru mila biztanleko edo gutxiagoko udalerrien kasuan, plan partzialaren edo bereziaren behin betiko onespena foru-aldundiei dagokienean, ebazpena emateko epea bi hilabetekoa da, espedientea dagokion foru-organoaren erregistroan sartzen denetik. Epe hori igaro ondoren, udalak ulertu ahal izango du onespena administrazio-isiltasunaren bitartez baietsi dela.

  4. Partikularrek eskatuta egindako plan partzialen edo berezien kasuan, hasierako onespena erabakitzeko epea hiru hilabetekoa izango da, planak osorik dagokion udalaren dokumentuen erregistroan aurkezten direnetik aurrera. Aipatutako plana behin-behinean edo behin betiko onesteko, sei hilabeteko epea izango da gehienez ere, hasierako onespena eman zaionetik aurrera. Aipatutako epeak igaro badira, eta ez bada horri buruzko ebazpenik jakinarazi, ulertuko da planaren onespena ezetsi egin dela administrazio-isiltasun negatiboaren bitartez.

  5. Partikularrek eskatuta egindako xehetasun-azterketak behin betiko onesteko epea hiru hilabetekoa da hasierako onespenetik zenbatzen hasita, eta epe hori igarotzen bada, eta ez bada dagokion ebazpena ematen, interesdunak edo interesdunek ulertu ahal izango dute ezetsi egin dela.

  6. Hirigintzako plangintzaren figura bat izapidetzean, testu bategin bat edo dokumentazio berriren bat aurkeztea eskatzen duen erabaki bat ematen bada, plangintza-tresna hori behin betiko onesteko legez aurreikusitako epe berean eman beharko da organo eskudunaren hurrengo ebazpena. Epe hori igaro ostean egintza espresurik jakinarazi ez bada, testu bategina administrazioaren isiltasun positiboaren bidez behin betiko onetsi dela ulertuko da, edo espedientea behin betiko osatu dela, aurkeztutako dokumentazioarekin.

  7. Ezin izango da administrazio-isiltasun positiboa aplikatu ordenamendu juridikoa urratzen denean, eta zehazki kasu hauetan:

    1. Planean ez badaude sartuta dagokion plan motari zuzenean aplikatzekoak zaizkion aginduen bitartez ezarritako zehaztapenak eta dokumentuak.

    2. Planean goragoko hierarkiako legeen edo planen aurkakoak diren zehaztapenak badaude.

    3. Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura izapidetu ez bada, nahitaezkoa denean, edo izapidetu bada ere, ez badu ebaluazio-prozedura amaitu.

Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien hirigintza-antolamenduko plan orokorretan, plangintza orokorra bateragarri egiteko planetan, sektorizatze-planetan, plangintzako arau subsidiarioetan eta plan partzial eta berezietan, prozedura-jarraibide hauek bete beharko dira:

Lehenengoa. Aurrerapen-dokumentua duten plan eta arau subsidiarioetan, dokumentu horren gainean egingo dute udal-zerbitzu teknikoek «hizkuntza-azterlanaren irismenari buruzko txostena», aipatutako 179/2019 Dekretuaren 53.2 artikuluan aurreikusitakoa. Aurrerapen-dokumenturik ezean, planaren edo arau subsidiarioen proiektuaren gainean egingo da hizkuntza-azterlanaren irismenari buruzko txostena.

Bigarrena. Beharrezkoa baldin bada 179/2019 Dekretuaren 54. artikuluan aurreikusitako «hizkuntza-inpaktuaren azterlana» egitea, planaren edo arau subsidiarioen hasierako onespenaren proiektuarekin batera prestatuko da, eta azterlanaren ondorioak proiektu horretan txertatuko dira; gainera, jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko izapideak batera egingo zaizkio proiektuaren hasierako onespenari eta azterlan horri.

Hirugarrena. 179/2019 Dekretuaren 56. artikuluan aurreikusitako «Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioari buruzko txostena» hasierako onespenaren jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidearen ondoren egingo da; hartara, behin-behinean onartutako plan edo arauen dokumentuari erantsi ahal izango zaio txosten hori, edo, bestela, behin betiko onespenaren plangintza zehatzari.

Indargabetuta geratzen dira: 206/2003 Dekretua, irailaren 9koa, Lurraldearen antolamendurako gidalerroetan, lurralde-plan partzialetan eta lurraldearen arloko planetan funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duena; urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 13.5 artikulua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena, ingurumen-memoria Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri beharreko espedientean sartzeari dagokionez; ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 31.2 artikulua, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten presako neurriei buruzkoa, eta dekretu honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 24an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.