Arautegia

Inprimatu

195/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1822
  • Xedapen-zk.: 195
  • Xedapen-data: 2013/04/09
  • Argitaratze-data: 2013/04/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak aldatu zuen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 12. artikuluak honako egiteko eta jardun-arloak esleitzen dizkio Osasun Sailari (20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  1. Sanitatearen plangintza eta antolamendua.

  2. Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

  3. Zainketa epidemiologikoa.

  4. Farmazia-antolamendua.

  5. Kontsumoa.

  6. Droga-menpekotasunak.

  7. Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.

  8. Legeek eta araudiek ematen dizkioten gainontzeko eskumenak.

    Egitura berriak erakusten duen lehendabiziko aldaketa Sailaren gaztelerazko izenari berari dagokiona da. «Sanidad» izatetik «salud» izatera pasa da, eta horrekin lortu nahi izan da lotura handiagoa ezartzea Sailaren izenaren eta bere erantzukizun-eremuaren artean. Lotura hori, ezbairik gabe, pertsonen osasuna zaintzera eta babestera eta asistentzia sanitarioa ematera bideratutako zerbitzuak antolatzea baino gehiago da. Beraz, ikuspegi zabalago bat lortu nahi da, herritarren osasun-mailan eta euren ongizate-mailan eragina duen oro kontuan hartzen duen ikuspegia.

    Ikusmolde horrek honako hau aitortzera garamatza: osasungintzak Sailaren beraren eremua gainditzen du, eta sektore arteko lana eta konpromisoa, baita herritarrena ere, osasungintza garatzeko giltzarrietako bat dira.

    Bestalde, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren azken xedapenen 2. paragrafoari jarraikiz, egiten diren antolamendu-aldaketak egiturak murrizteko eta lautzeko dira, baina horrek ez dio eragiten osasun-politikak betetzeari. Ildo horretatik, Sailaren egitura nagusiak Sailburuordetza kopurua murriztu du eta egitura periferikoari dagokionez, berriz, lurralde-zuzendaria lurralde-ordezkariak ordezkatu du. Proposatzen den neurria bat dator lehengo Lurralde Zuzendaritzen erantzukizun-eremuaren bilakaerarekin, bereziki, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea indarrean jarri zenez geroztik. Bat dator, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusia osatzen duten sail guztien lurralde-erantzukizunak bere gain hartzen dituzten zuzendaritza-organoen ereduarekin.

    Dekretuak dakarren beste antolamendu-neurri bat da droga-menpekotasunen arloari dagokiona; izan ere, droga-menpekotasunei ez zaie jadanik trataera berezitua ematen, osasun publikoaren barruko jardun-eremu batean sartzen baitira, eta zuzendaritzaren beraren izena izango da Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

    Azkenik, azpimarratzen da ezen, proposatzen diren antolamendu-aldaketa horiekin, besteak beste, honako helburu hauek lortu nahi direla:

  1. Osasun-ikuspegia politika guztietan sartzea, eta osasuna sustatzen duen kultura bat bultzatzea.

  2. Osasun-sistema birdefinitzea, bere iraunkortasuna bermatzeko.

  3. Pertsonen beharrei eraginkortasunez erantzutea, Osasun Planaren helburuak eguneratuta.

  4. Herritar guztientzako estaldura sanitarioa, Antolamendu Sanitarioaren Legean xedatutako moduan.

  5. Medikamentuak modu arrazionalean erabiltzeko estrategiak garatzea.

  6. Arreta pertsonalizatuagoa eta gertukoagoa bultzatzea, arreta horretara iristen lagunduko duten informazio-sistemak sustatuz.

  7. Pertsonei beren osasun-egoera ezagutzeko, prebenitzeko eta kudeatzeko inplikazio handiagoa izaten lagunduko dieten mekanismoak sustatzea.

  8. Herritarren parte-hartzea eraginkortasunez sartzea erabaki-eremuetan.

  9. Profesionalek zentroen kudeaketan eta erabakiak hartzen parte har dezaten bultzatzea.

  10. Osasun-sistemaren euskalduntzean sakontzea.

  11. Ikerketa bultzatzea, eta horren emaitzak osasun-sisteman aplikatzea.

  12. Droga-menpekotasunen aurkako borrokan laguntzea, bereziki, familia- eta eskola-eremuan.

  1. Kontsumitzaileak aktiboki defendatuak izan daitezen sustatzea, informazio- eta prestakuntza-ekintzen bitartez, eta, halaber, kontsumo arduratsua bultzatzea eta jardun desegokiak kontrolatzea.

    Ondorioz, Osasuneko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

i. KAPITULUA

ANTOLAMENDU OROKORRA

Osasun Sailari dagozkio Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko 12. artikuluan zehazten diren egitekoak eta jardun-arloak (20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  1. Osasun Sailak, aurreko artikuluan adierazitako eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu:

    1. Organo nagusiak:

    1. Osasuneko sailburua.

      1. Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

      2. Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza.

    2. Osasun Sailburuordetza.

      1. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

      2. Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritza.

      3. Farmazia Zuzendaritza.

      4. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritza.

      5. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

    1. Organo periferikoak:

      1. Lurralde Ordezkaritzak:

      Araba.

      Bizkaia.

      Gipuzkoa.

  2. Legez eta kasu bakoitzaren arabera, Osasun Sailarekiko menpekotasun- edo lotura-egoeran daude honako erakunde hauek:

    1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeaz sortua.

    2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoa, ekainaren 29ko 9/2007 Legeaz sortua.

    3. Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa, 2002ko uztailaren 16ko Jaurlaritzaren Kontseiluko Erabakiaren bidez sortua.

    4. Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala, 2002ko irailaren 25eko Jaurlaritzaren Kontseiluko Erabakiaren bidez sortua.

    5. Baita estatutuen arabera Sailarekiko menpekotasuna duten guztiak ere.

  3. Halaber, Osasun Sailari atxikita daude kide anitzeko organo hauek:

    1. Euskadiko Sanitate Kontseilua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Barrutietako Kontseiluak, ekainaren 22ko 260/1999 Dekretuaz sortuak.

    2. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua, apirilaren 5eko 69/2011 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

    3. Droga-menpekotasunen Aholku Batzordea eta Droga-menpekotasunen Sailen arteko Batzordea, droga-menpekotasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko ekainaren 25eko 18/1998 Legeaz sortua.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseilua, maiatzaren 2ko 79/2001 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

    5. Osasun Publizitatea Kontrolatzeko Batzordea, osasun-publizitatea araupetzen duen urriaren 15eko 550/1991 Dekretuaren arabera sortua.

    6. Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaz sortua.

    7. Agiri klinikoak baloratzeko, aukeratzeko eta garbitzeko batzordea (AKBAGABA), martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaz sortua (38/2012 Dekretua, historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa).

    8. Ospitale Altaren Xehetasunen Gutxieneko Oinarrizko Bildumaren ezarketarako Jarraipen Batzordea, azaroaren 3ko 303/1992 Dekretuaz sortua.

    9. Sorospenerako Etika Batzordeak Akreditatzeko Batzordea (Etika Batzorde horiek otsailaren 7ko 143/1995 Dekretuaren bidez arautu ziren).

    10. Euskal Autonomia Erkidegoko Ikerketa Klinikoetarako Batzorde Etikoa, urtarrilaren 11ko 3/2005 Dekretuaz sortua.

    11. Euskadiko Bioetika Batzordea, irailaren 11ko 139/2007 Dekretuaz sortua.

    12. Edateko Uraren Kontrol Sanitarioko Batzorde Iraunkorrak, Lurralde Historikoetakoak, uztailaren 16ko 178/2002 Dekretuan xedatutakoak.

    1. Larrialdietako Osasun Garraioaren Sarea Aztertzeko eta Arrazoibideratzeko Batzordea, uztailaren 11ko 173/1983 Dekretuaren arabera sortua.

    2. Minbiziari buruzko Informazio Sistemaren Koordinazio Batzordea, Minbiziari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio Sistemaren martxoaren 29ko 66/2011 Dekretuaz sortua.

Zuzendaritza Kontseiluak laguntza emango dio sailburuari Sailaren politikaren ikuskapena eta jarraipena egiten, haren jardueren plangintza orokorra prestatzen, eta agindutako beste gai guztietan.

Zuzendaritza Kontseilua honela dago osatua betiere, sailburua buru duela: Osasuneko sailburuordea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusia eta Sailburuaren Kabineteko zuzendaria.

Halaber, Zuzendaritza Kontseiluan parte hartuko dute sailburuak landu behar diren gaien arabera zehaztutako beste batzuek.

  1. Osasun Saileko sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak erabiltzea, baita Osasun Sailari dagozkion jardun-arloen eta egitekoen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

  2. Saileko organo goren gisa, sailburuari dagokio Sailari atxikitako erakunde publiko, erakunde autonomo eta gainerako organoak zuzentzea, koordinatzea eta kontrolatzea.

  3. Sailburuari dagozkio, era berean, honako hauek:

    1. Sailari 250.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren Kontseiluaren eskumenak.

    2. Izendapen libreko lanpostuak betetzea, aurretiaz deialdi publikoa eginda, baita aldi baterako pertsonala aukeratzea ere.

    3. Sailaren barruko organoen arteko eskumen-gatazkak ebaztea, eta bere planteamendua egitea, beste sailei dagokienez.

    4. Ondare-erantzukizuneko espedienteen ebazpena, hargatik eragotzi gabe Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren estatutuen 5.3. artikuluan xedatutakoa.

    5. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurriak hartzea, betiere, zehapenak ez badira.

Sailburuaren Kabinetearen Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

  1. Sailburuari laguntzea, dituen egitekoak gauzatzen.

  2. Zuzendaritzaren helburuak programatzea, bultzatzea, zuzentzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

  3. Bere Zuzendaritzari atxikita dauden langileen antolakuntza, segimendua eta zuzendaritza, bai eta lan-sistemak antolatzea ere.

  4. Sailaren komunikazio-politika koordinatzea, baita Sailak komunikabide sozialekin, informazio-agentziekin, eta, oro har, prentsarekin dituen harremanak ere.

  5. Sailburuaren agendaren plangintza eta segimendua.

  6. Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste erakunde batzuekiko harremanak bideratzea, hargatik eragotzi gabe Herri Administrazio eta Justizia Sailari dagozkion eskumenak.

  7. Sailak Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldeen arteko Batzordearekin izaten dituen harremanak bideratzea.

  8. Sailak Europar Batasuneko Erakundeekiko harremanetan izan behar duen partaidetza bideratzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkion eskumenak.

  9. Sailaren egintza publiko eta ofizialak antolatzea.

  10. Sailaren argitalpen- eta publizitate-jarduera zuzentzea eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion eskumenak.

  11. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzako zuzendariei oro har esleitzen zaielako.

  1. Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Lege Aurreproiektuen eta izaera orokorreko xedapenen lanketa zuzentzea, bultzatzea eta koordinatzea, Osasun Sailari eta horren menpeko nahiz horri atxikitako edo loturiko erakundeei dagozkien gaietan.

    2. Azterketak eta txosten juridikoak lantzea, Osasun sailari dagozkion gaietan.

    3. Jaurlaritzaren Kontseiluaren eta Jaurlaritzaren Ordezko Batzordeen pean ezarri behar diren gaiak koordinatzea eta tramitatzea; eta argitaratu beharreko xedapen edo egintza administratiboak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan jartzea.

    4. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluaren pean ezarri behar diren gaiak koordinatzea eta tramitatzea.

    5. Ebazpen-proposamenak eta txostenak lantzea, Saileko organoen ebazpenen aurka formulatzen diren errekurtsoei dagokienez.

    6. Txostenak, eta, behar izanez gero, ebazpen-proposamenak lantzea, bide judizialera jo aurreko erreklamazioei dagokienez.

    7. Sailari atxikitako fundazio, elkarte eta gainerako entitateen administrazio-segimendua.

    8. Sailari eta horren menpeko nahiz horri atxikitako edo loturiko erakundeei eragiten dieten prozedura judizialen segimendua egitea, eta haien ordezkaritzan eta defentsa judizial zein estrajudizialean kooperatzea, betiere, beharrezkoak diren gaikuntzak egin ostean.

    9. Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak irekitzea eta bideratzea.

    10. Saileko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzeko, sarreren eta gastuen egoera koordinatzea eta lantzea, eta Sailari segimenduaren eta ekonomia- zein aurrekontu-kudeaketaren arloan dagozkion jarduerak gauzatzea.

    11. Indarreko legedian ezarritakoaren arabera, Sailaren gastuak, 250.000 eurora artekoak, baimentzea.

    12. Sailari atxikitako langileen buruzagitza eta kudeaketa, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 10. artikuluak ezartzen dituen eskumenak erabiliz, eta, betiere, dekretu honen 4. artikuluan xedatzen den salbuespenarekin.

    1. Saileko organoek langileen premiei buruz egiten dituzten aurreikuspenak ebaluatzea, eta proposamenak egitea, plantillak dimentsionatzeko eta lantzeko, eta lanpostu-zerrendak egiteko.

    2. IVAPekin lankidetzan, langileen prestakuntza eta hobekuntzarako plan eta programak sustatzea.

    3. Saileko langileei jakinaraztea beraiei buruz edozein organok bidaltzen dituen edozein motako akordio, arau eta zirkularrak, eta horiek guztiak betetzen direla egiaztatzea.

    4. Giza baliabideen eta lan-sistema eta -metodoen antolaketa eta arrazionalizaziorako proposamenak lantzea.

    5. Teknologia berrien ezarpen eta aprobetxamendurako proposamenak lantzea.

    6. Osasun Sailari sistema informatikoen arloan dagokion kudeaketa administratiboa zuzentzea eta koordinatzea, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekiko harreman-tresnen harpidetza eta segimendua barne hartuta.

    7. Sailaren eremuan, informazioaren teknologia berriak eta administrazio-prozesuen digitalizazioa bultzatzea eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren beste sail batzuei dagozkien eskumenak.

    8. Sailaren eremuan, izaera pertsonaleko datuen babesa koordinatzea.

    9. Sailaren eremuan, honako jarduera hauek zuzentzea: Sailaren unitateek gauzatzen dituztenak, lanpostuen banaketa fisikoarekin eta ekipamenduarekin, eta erreforma- zein hobekuntza-lanekin lotura dutenak. Halaber, Sailaren guneen barne-araubidea zaintzea, eta Sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratzea eta kontserbatzea.

    10. Erregistro Orokorreko eta Artxibategiko bulegoak antolatzea eta zuzentzea.

    11. Sailaren Laneko Segurtasun eta Osasunerako Unitatearen jarduerak zuzentzea eta antolatzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskumenak.

    12. Euskara Unitatearen bitartez, langileen euskalduntze-prozesua eta hizkuntza-normalkuntza sustatzeko politika zuzentzea eta koordinatzea, baita euskararen erabileraren sustapena ere.

    13. Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean xedatutako neurriak betearaztea bultzatzea eta koordinatzea, eta, horretarako, lankidetzan jardutea Saileko zuzendaritza eta arloekin eta Sailari atxikitako erakunde autonomo, entitate eta organoekin.

    14. Bere eskumenen eremuan, zehapen-ahalmena erabiltzea, eta arin eta larri gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, betiere, aplika daitekeen legediaren arabera.

    15. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzako zuzendariei oro ohar esleitzen zaielako.

  2. Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariari dagozkio Sailaren kontratazio-organo izateak berekin dakartzan egiteko guztiak, hargatik eragotzi gabe dekretu honek Saileko beste organo batzuei arlo honetan eta berariazko kontratazio-organo gisa esleitzen dizkien eskumenak.

    Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioren bat hitzartzeko negozio juridikoak egin ahal izango ditu. Arlo publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.

  3. Artikulu honetan esleitzen zaizkion egitekoak era egokian bete ahal izateko, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak koordinatuko ditu funtzionalki Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren zerbitzu juridikoak.

  1. Osasuneko sailburuordeak, oro har, honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Sailburuordearen organo eta jarduera guztiak koordinatzea, bultzatzea, programatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 12.1 artikuluak e) idatzi-zatian izan ezik xedatzen dituen arloetan (20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

    2. Enpresa, entitate eta korporazioekin akordioak edo hitzarmenak harpidetzea, baldin eta bakoitzari dagozkion eskumenen erabilpena beste organo baten esku utzita ez badago.

    3. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ezagutu eta ebaztea, baita, hala dagokionean, organo periferikoek emanikoen aurka jarritakoak ere, baldin eta hierarkikoki euren gainetik badago.

    4. Erakunde sanitario publikoak gobernatzeko etika eta zuzentasuna bultzatzera eta ezartzera bideratutako lanen gidaritza.

    5. Zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta oso larri gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, eskumen hori espresuki beste organoren bati esleitzen zaionean izan ezik.

    6. Indarrean dagoen antolamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkionak, eta komunak direnak, sailburuordeei oro har esleitzen zaizkielako.

  2. Osasuneko sailburuordeari dagokio, halaber, bere eskumeneko arloetan, honako egiteko hauek gauzatzea:

    1. Euskadiko Osasun Plana zuzentzea, koordinatzea, gauzatzea eta ebaluatzea.

    2. Programa-kontratua izenpetzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko erakunde zentralarekin.

    3. Programa-kontratuak izenpetzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko zerbitzu sanitarioko erakundeekin, baldin eta beren jarduera-eremua Autonomia Erkidegoa bada.

    4. Berariazko kontratazio-organo gisa dagozkion egitekoak gauzatzea, prestazio sanitarioen arloan, betiere, prestazio horiek, oro har, Osasun Barruti batera baino gehiagotara bideratzen badira. Kontratazio horien izapideak egiteko ardura izango du aurrekontuaren aldetik kontratuak gehien eragin dion Osasun Barrutiko Lurralde Ordezkaritzak.

    5. Zerbitzu-zorroko prestazio sanitarioak kontratatzea helburu duten larrialdi-espedienteak onartzea.

    6. Osasun-ikerketa eta -berrikuntza bultzatzea.

    7. Euskadiko sistema sanitarioko pazientearentzako kalitate- eta segurtasun-politikak.

    8. Bikaintasun klinikoa eta teknologia sanitarioen ebaluazioa.

    9. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak tramitatzen dituen zehapen-prozeduren ebazpena, laneko osasunaren jarduera-eremuan eginiko arau-hauste sanitarioei dagokienez.

    10. Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Eskolak burututako jarduera zaintzea.

  3. Honako Zuzendaritza hauek egongo dira Osasun Sailburuordetzaren menpe, hierarkikoki:

    1. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

    2. Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren Zuzendaritza.

    3. Farmazia Zuzendaritza.

    4. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritza.

    5. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

  1. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Euskadiko Osasun Planeko osasun-helburuetarako proposamenak lantzea, baita horiek gauzatzeko estrategiak eta segimendua egiteko adierazleak ere, eta betetze-mailei buruzko ebaluazio-txostenak lantzea, hargatik eragotzi gabe dekretu honek arlo horiei dagokienez beste organo batzuei esleitutako egitekoak.

    2. Osasuna babesteko politikak garatzea, gauzatzea eta ebaluatzea, batez ere, ingurumen, elikadura eta uren arloko segurtasun eta osasunarekin zerikusia daukaten programa guztiak, arrisku fisiko, kimiko zein biologikoei dagokienez.

    3. Osasunaren eta horren determinatzaileen zainketa eta analisi epidemiologikoa, baita gaixotasunek populazio-taldeetan daukaten eragin eta banaketari dagokienez ere.

    4. Gaixotasunen prebentzioa eta osasunaren sustapena, dela programa bertikalak diseinatuz eta gauzatuz, dela helburu horietara zuzenduriko asistentzia-zerbitzuetan hainbat jarduera sartuz.

    5. Droga-menpekotasunei dagokienez, prebentzioa, laguntza, gizarteratzea, ikerketa eta prestakuntza garatu eta sustatuko dituzten jarduerak bultzatzea.

    6. Herritarren artean osasun- eta ekitate-maila altuagoak lortzeko diren politikak eta esku-hartzeak bultzatzea, bai Jaurlaritzako beste sailetan, bai erakunde publikoetan, bereziki, udalerrietan.

    7. Sailaren jarduerak koordinatzea, hartutako giza-immunoeskasiaren birusa prebenitzeko arloan.

    8. Sanitatearen arloko agintari gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze publikoak, elikadura-higiene eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, bioziden arloan, eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jarduera guztiak.

    9. Laneko segurtasunaren arloko jarduera-programa lantzea, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak gauzatu ahal dezan.

    10. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasunaren Unitatearen koordinazio funtzionala.

    11. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak lan-arriskuen mapa egiterakoan jarraitu behar dituen ildoak zehaztea.

    12. Zuzendaritzaren jardun-arloetan eragina duten gaietan, baimen administratibo-sanitarioak ebaztea, hargatik eragotzi gabe Lurralde Ordezkaritzei dagozkien eskumenak.

    1. Jarduera sanitarioen koordinazioa, osasun publikoaren eremuko alerta-egoera ororen aurrean.

    2. Osasun publikoaren laborategia koordinatzea, programatzea eta zuzentzea, dituen egoitza guztietan.

    3. Zuzendaritzaren arloetan, establezimenduak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurriak hartzea, betiere, zehapenak ez badira.

    4. Droga-menpekotasunen arloko euskal politika integrala definitzea, eta eremu horretako jardunetan sailen arteko eta erakundeen arteko bultzada gauzatzea, tartean dauden gainerako sektore-eremuekin lankidetzan.

    5. Droga-menpekotasunen Sailen arteko Batzordea zuzentzea eta sustatzea, Droga-menpekotasunen Aholku Batzordea babestea eta laguntzea, baita Droga-menpekotasunen Euskal Behatokia zuzentzea ere. Behatoki hori 1997ko otsailaren 4ko Aginduaren bidez sortu zen, arlo horretako ikerketa-, informazio- eta dokumentazio-zerbitzu gisa.

    6. Droga-menpekotasunen arloko arriskuak eta kalteak gutxitzeko ekimenak bultzatzea.

    7. Espetxean eta espetxetik kanpo drogaren menpeko direnei laguntza eta tratamendua emateko beharrezko baliabideak ematen laguntzea, osasun-arloan eskumena duten organoekin eta espetxe-instituzioekin koordinatuta.

    8. Droga-menpekotasunak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatzea eta horiei eustea.

    9. Gizarte-erakundeek, hedabideek eta, oro har, herritarrek droga-menpekotasunen arloko prebentzioan, laguntzan eta gizarteratzean parte har dezaten bultzatzea.

    10. Zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin eta larri gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

    11. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarreko antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzaren zuzendariei oro har esleitzen zaielako.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren menpe egongo dira, funtzionalki.

  3. Zuzendaritzak, bere egitekoak gauzatzeko eta lurralde-jarduerak koordinatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren laguntza izango du.

    Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari honako hauek dagozkio:

    1. Lurralde Zuzendariordetzei esleitutako baliabide materialak, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatzea eta gainbegiratzea.

    2. Zuzendaritzarenak eta Lurralde Zuzendariordetzarenak diren egitekoei buruzko prozesuen kudeaketa koordinatzea eta gainbegiratzea.

  1. Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Aseguramendu sanitario publikoaren eremuko estrategiaren definizioa, baita osasun-txartel indibidualaren zehaztapenen definizioa eta kudeaketa ere, aseguramendu publikoaren egiaztagiria den aldetik.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko aseguramendu sanitario publikoaren erregistro nagusia kudeatzea, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera (114/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa).

    3. Zerbitzu sanitarioen arloko erosketa-estrategiaren definizioa, eta asistentzia-eskaintzaren efikazia eta eraginkortasuna lortzea, betiere, mugatzat hartuz dauden baliabide ekonomikoak eta herritarren osasun-premiak. Nolanahi ere, ez dira hargatik eragotziko dekretu honetan beste organo batzuei esleitu zaizkien egitekoak.

    4. Ildo eta irizpide nagusiak lantzea, zerbitzu sanitarioen kontratazioa egiteko, berauen definizio estrategikoaren arabera. Horretarako, irizpide bereiziak proposatuko ditu, helburu eta baliabide ekonomikoak esleitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei programa-kontratuen bitartez eta beste agente sanitario batzuei kontratazio-ereduen bitartez, eta erosketa-plan orokorrak ere ezarriko ditu, hala eskatzen duten prestazioei dagokienez.

    5. Kontratazio sanitarioari ezar dakiokeen prezioen oinarrizko politika proposatzea.

    6. Zerbitzu sanitarioen kontratazio publikoa gauzatzea eta ebaluatzea, Osasun Sailaren eskumen-eremuan eta Saileko gainerako organoekiko koordinazio estuan.

    7. Zerbitzu sozialetan erantzukizuna daukaten erakunde eta instituzioekiko lankidetza-akordioak bultzatzea eta proposatzea, herritarrentzako balioaren bilaketara bideraturiko kontratazio integratuko ereduen definizioaren esparruan.

    8. Asistentzia-planak lantzea, euskal osasun-sisteman pixkanaka ezarri ahal izateko.

    9. Osasun Sailaren eskumenen eremuan, Ezintasun Iragankorraren kudeaketari dagokion egitekoa zuzentzea, bultzatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, eta euskal sistema sanitario publikoaren erreferente izatea, prestazio horren kontrolean inplikatutako gainerako erakundeekin koordinatuta (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Lan Istripu eta Gaixotasun Profesionaletako Mutualitateak).

    10. Prestazio sanitarioei dagokienez, ikuskaritzak barne hartzen dituen egitekoak koordinatzea eta irizpideak ezartzea, Saileko beste organo eskudun batzuekin koordinaturik.

    11. Asistentzia sanitarioagatiko gastu-itzulketaren eta aurre-baimenen arloan, homogeneoki interpretatzeko eta aplikatzeko irizpideak ezartzea.

    12. Bide judizialera jo aurreko erreklamazioak, aurre-baimenen eta gastu-itzulketaren arloan egiten direnak, ebaztea, eta, bereziki, 25.000 eurotik gorako gastu-itzulketarako eskabideak ebaztea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Material Ortoprotesikoaren Katalogo Orokorra lantzea, homogeneoki interpretatzeko eta aplikatzeko irizpideak ezartzea prestazio ortoprotesikoaren arloan, eta sektorearekin lankidetza-hitzarmenak egiteko proposamenak lantzea.

      Izaera bereziko material ortoprotesikoaren espedienteak edo 10.000 eurotik gorako espedienteak ebazteko, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak berariaz horretarako izendatua izango den batzorde baten laguntza izan ahalko du.

    2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ondare-erantzukizuneko espedienteen aditu-txostenak lantzea.

    3. Euskadiko sistema sanitarioari atxikitako baliabide sanitarioen kudeaketaren hobekuntzara bideraturiko azterketak eta jarduera-proposamenak lantzea.

    4. Zerbitzu sanitarioei dagokienez, euskal sistema sanitario publikoan aseguraturiko pertsonen eskubide eta betebeharren konplimendua zaintzeko mekanismoen azterketa, erregulazio-proposamena eta antolaketa.

    5. Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa kudeatzea, eta herritarrek adierazitako aurretiazko borondateak euren historia klinikoan sartzeko prozesuen erantzule izatea.

    6. Sistema sanitario publikoko herritar, erabiltzaile eta pazienteen iritzi-azterketak planifikatzea eta gauzatzea, eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea.

    7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin eta larri gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

    8. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarreko antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzaren zuzendariei oro har esleitzen zaielako.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzak Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren Zuzendaritzaren menpe egongo dira, funtzionalki.

  3. Zuzendaritzak, egiteko horiek gauzatzeko eta lurralde-jarduerak koordinatzeko, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren Zuzendariordetzaren laguntza izango du.

    Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioaren Zuzendaritzari honako hauek dagozkio:

    1. Lurralde Ordezkaritzei Zuzendaritzaren eskumenekoak diren gaietan esleitutako baliabide materialak, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatzea eta gainbegiratzea.

    2. Zuzendaritzarenak eta Lurralde Ordezkaritzenak diren egitekoei buruzko prozesuen kudeaketa koordinatzea eta gainbegiratzea.

Farmazia Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

  1. Bai arreta farmazeutikoko zerbitzuen eta establezimenduen, bai albaitaritzako medikamentuak banatzeko eta emateko zerbitzuen eta establezimenduen antolaketarekin zerikusia duten administrazio-jarduerak gauzatzea.

  2. Farmazia-produktuei buruzko legedia betearaztearekin zerikusia duten administrazio-jarduerak gauzatzea.

  3. Zuzendaritzaren jardun-arloei dagozkien gaietan, baimen administratibo-sanitarioak ebaztea, hargatik eragotzi gabe Lurralde Ordezkaritzei dagozkien eskumenak.

  4. Medikamentuen Informazioko Euskal Zentroa (MIEZ ) zuzentzea.

  5. Medikamentuen ebaluazio-txostenak eta medikamentuak modu egokian erabiltzeko gomendio espezifikoak lantzea, eta Sendagaien Informazio eta Ebaluazio Batzordeen Sarearen funtzionamendua koordinatzea.

  6. Medikamentuei buruzko hezkuntza sanitarioko programak jendeari, oro har, zuzendutakoak lantzea.

  7. Farmakozaintzarekin eta produktu sanitarioen zainketarekin zerikusia duten jarduerak zuzentzea eta koordinatzea.

  8. Medikamentuen eta produktu sanitarioen ikerketa klinikoarekin edo antzeko esku-hartzeekin zerikusia duten jarduerak gauzatzea eta koordinatzea, baita medikamentu eta produktu sanitarioen ikerketaren arloko legedia betearaztearekin zerikusia duten administrazio-jarduerak ere.

  9. Medikamentuen, produktu sanitarioen eta dietoterapikoen zentzuzko erabilera sustatzea.

  10. Prestazio farmazeutiko eta dietoterapikoaren kalitate- eta eraginkortasun-adierazleak lantzea eta ebaluatzea, hornitzaile sanitarioekin izango diren harremanetarako; batez ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin programa-kontratuen bidez izango diren harremanetarako.

  11. Prestazio eta laguntza farmazeutikoaren arloan, farmazia-bulegoekin hitzarmenak eta akordioak egitea eta horiek kudeatzea.

  12. Medikamentuak, dietoterapikoak eta efektu eta osagarriak preskribatzeko eta banatzeko informazio-sistemak garatzea eta kudeatzea. Errezeta elektronikoaren ezarpena bultzatu eta gidatuko du, baita preskripzioen oniritziaren aplikazioa ere, finantziazio-irizpideak landuta.

  1. Farmakoekonomiaren arloko jarduerak zuzentzea eta koordinatzea.

  2. Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziaren Ikuskapen Batzorde Teknikoan parte hartzea.

  1. Sailburuari proposatzea antolamendu farmazeutikoaren arloan establezimenduak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurriak har ditzan betiere, zehapenak ez badira, ekainaren 17ko 11/1994 Legeko 44. artikuluan xedatzen denaren arabera.

  2. Zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin eta larri gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

  3. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarreko antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzako zuzendariei oro har esleitzen zaielako.

    1. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzak Farmazia Zuzendaritzaren menpe egongo dira, funtzionalki.

  1. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-politika programatzea, eta horren lehentasunak zehaztea.

    2. I+G+B arloan, Sailaren jarduerak bultzatzea, zuzentzea eta ebaluatzea.

    3. Euskadiko sistema sanitarioaren ikerketa-egitura diseinatzea.

    4. Ikerketa eta berrikuntza sanitarioa planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

    5. Osasunaren arloan, ikerketaren kultura sustatzea.

    6. Osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-azpiegiturak sortzearekin, ezartzearekin eta antolatzearekin zerikusia duten jarduerak proposatzea, eta horietan parte hartzea.

    7. Ikertzaileak prestatzea eta erakartzea bultzatzea.

    8. Ikerketa eta berrikuntza sanitarioari buruzko planak, azterketak, txostenak eta proposamenak lantzea.

    9. Osasun-eskumenen eremuan, kalitate eta bikaintasun klinikoaren planak eta programak planifikatzea, sustatzea, ezartzea eta ebaluatzea, eta jardun klinikoaren gidak eta jardun onaren kodeak lantzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Kalitatearen Unitatearekin koordinatuta.

    10. Berrikuntza sanitarioaren arloan, sentsibilizazioko, zabalkundeko eta prestakuntzako planak egitea.

    11. Osasun Sailak zehaztutako helburu estrategikoak lortzera bideratuta dauden osasun-zerbitzuetako berrikuntza-esperientziak sustatzea eta ebaluatzea. Eta esperientzia onak ahalik eta azkarren ohiko jardun asistentzialera eramaten laguntzea.

    12. Sailaren liburutegia eta gainerako dokumentu-zentroak antolatzea eta zuzentzea, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion eskuduntzak.

    1. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarreko antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzaren zuzendariei oro har esleitzen zaielako.

  2. Halaber, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari dagokio Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren menpeko Fundazio eta Elkarteen bidez egingo den ikerketa eta berrikuntza zuzentzea, planifikatzea eta koordinatzea, bereziki, BIOEF-Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren eta ZIZN-Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren bidez.

  3. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, bere egitekoak gauzatzerakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzarekin koordinatuta jardungo du.

  1. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Plangintza eta zonifikazio sanitarioa egitea; horretarako, beharren mapa bat landu eta eguneratuko da, etengabe (azpiegitura sanitarioak barne).

    2. Zerbitzu, zentro eta establezimendu sanitario publiko zein pribatuen antolamendu teknikoa, ikuskapena, erregistroa eta homologazioa.

    3. Administrazio sanitarioari dagokion antolamendu tekniko eta profesionala, aseguru libreko erakundeek, mutualitateek, erakunde laguntzaileek, laneko arriskuen prebentzioko zerbitzuek eta beste hainbat zentro sanitariok ematen dituzten zerbitzuen arloan.

    4. Baimen administratibo-sanitarioak ebaztea, Zuzendaritzaren jardun-arloei eragiten dieten gaietan, baldin eta dekretu honek Sailaren Lurralde Ordezkaritzei esleitutakoak ez badira. Zehazki, honako hauentzako baimenak izango dira: ospitale edo barneratze-zentro gisa sailkatutako zentro sanitarioak, zentro polibalente gisa sailkatutakoak, laguntza bidezko giza ugalketarako, haurdunaldiaren borondatezko eteterako eta kirurgia handi anbulatoriorako kontsulta eta zentro espezializatuak, biobankoak eta ikerketa biomedikoko ikerketa-zentroak, eta, oro har, legezko alderdi espezifikoak eta bereiziak dituztenak; baita lan-istripu eta gaixotasun profesionaletako mutualitateetako zentro eta zerbitzu asistentzialak eta gizarte segurantzako erakunde laguntzaileak ere.

    5. Euskal sistema sanitarioaren lanbide-plangintza, eta Euskal Autonomia Erkidegoko oraingo zein etorkizuneko osasun-sistemak beharko dituen lanbide guztien baliagarritasun egokia lortzen ahalegintzea.

    6. Osasun Profesionalen Euskal Erregistroa kudeatzea, zaintzea eta garatzea.

    7. Asistentzia sanitarioaren kalitate, segurtasun eta berrikuntzara bideraturiko lanbide-eskumenak gauzatzea, lanbide sanitarioen antolakuntzaren esparruan.

    8. Egiaztapen teknikoa eta lanbide-egiaztapena.

    9. Osasun-publizitatea kontrolatzea.

    10. Zerbitzu sanitarioetara ekartzea ebidentzia zientifikoa, berrikuntza eta asistentzia- zein antolakuntza-jardunik onenak, eta, horretarako, erakunde profesionalak, elkarte zientifikoak eta profesional adituak eremu horietara ekartzea sustatzea.

    11. Prozesu eta teknologia sanitarioen ebaluazioa eta kontu-ikuskapena kudeatzea.

    12. Prestazio sanitarioen zorroari buruzko eta herritarren osasun-beharrei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideei buruzko ildo eta irizpide estrategikoak proposatzea.

    1. Osasunaren arloko irakaskuntza eta prestakuntza zuzentzea, planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

    2. Erregistro, informazio eta estatistika sanitarioko sistemak planifikatzea, kudeatzea, ebaluatzea eta optimizatzea. Ofizialki ezarritako sistemak izango dira; besteak beste, honako hauek: minbiziaren erregistroa, hilkortasun-erregistroa, ospitaleko alten erregistroa, haurdunaldiaren borondatezko etetearen erregistroa eta toxikomanien informazio-sistema.

    1. Azterketak egitea, euskal osasun-sistemako eragileei erabakiak hartzen lagunduko dienak, osasunaren biztanleria-ikuspegi batetik.

    2. Osasun-sistemaren emaitzak ebaluatzea, eta sistema horren azterketa, txosten eta estatistikak lantzea. Ereduak eta sistemak proposatuko dira, euskal osasun-sistemako eragileek (profesional, gestore, finantzario eta erregulatzaileek) emaitzak ezagutu eta erabil ditzaten, etengabeko hobekuntzarako.

    3. Sailburuari proposatzea zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurriak har ditzala, Zuzendaritzaren arloetan, betiere, zehapenak ez badira.

    4. Neurrira egindako produktu sanitarioen fabrikazioarekin lotutako jarduerei dagokienez, administrazio-jarduerak antolatzea.

    5. Erradiodiagnostikoko, erradioterapiako eta medikuntza nuklearreko instalazioetako kalitate-irizpideak betetzen direla zaintzea.

    6. Zerbitzu, zentro eta establezimendu sanitarioen eremuetan, bezeroa zaintzeko eta haren segurtasunerako jarraibideak antolatzea eta kontrolatzea.

    7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin eta larri gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

    8. Oro har, beste edozein egiteko, baldin eta indarreko antolamendu juridikoak esleitzen badio, edo komuna bada, Jaurlaritzako zuzendariei oro har esleitzen zaielako.

  2. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari atxikitzen zaio Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia, azaroaren 28ko 238/2000 Dekretuan arautua.

  1. Lurralde Ordezkaritzak Osasun Sailaren organo periferikoak dira, eta horien jarduera-eremua Autonomia Erkidegoko Osasun Barruti bakoitzari dagokio.

  2. Lurralde Ordezkaritza bakoitzak buru edo ordezkari bat izango du, zeina Osasun Sailak Lurralde Historikoan izango duen ordezkari gorena izango baita.

    Osasun Sailburuordetzaren menpe egongo da hierarkikoki, eta, funtzionalki, berriz, Osasun Saileko zuzendarien menpe egongo da, betiere, gaiaren arabera.

  3. Lurralde Ordezkaritzak, artikulu honetan xedatzen diren egitekoak burutzeko, honako jardun-arlo hauetan egituratzen dira:

    1. Zerbitzu Orokorren Arloa.

    2. Antolamendu eta Kontratazio Sanitarioaren Arloa.

    3. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arloa.

  4. Zerbitzu Orokorren Arloari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Ordezkaritzako langile guztiak administratzea eta zuzentzea, organo eskumendunek ezarritako arauen arabera, eta Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  2. Ordezkaritzaren jarduerak programatzea, bultzatzea, zuzentzea, koordinatzea eta kontrolatzea, jasotako jarraibideen arabera.

  3. Ordezkaritzaren aurrekontua administratzea eta kudeatzea, organo eskumendunek ezarritako arauei jarraikiz.

  4. Ordezkaritzari berari dagozkion gaietan aholkuak ematea eta txosten juridikoak eta irizpenak egitea, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  5. Ordezkaritzaren sistema informatikoak administratzea eta kudeatzea.

  6. Erregistro Orokorra, dagokion Lurralde Ordezkaritzari atxikitako Erregistro Laguntzaileak eta Herritarrentzako arreta zerbitzuak antolatzea, zuzentzea eta kudeatzea.

  7. Arau-hauste sanitarioak direla-eta, aurretiazko jarduerak burutzea eta zehapen-espedienteen hasiera proposatzea, eta zehaztea nortzuk arduratuko diren horien instrukzioaz, eta, behar izanez gero, idazkaritzaz. Behin organo eskumendunek espedienteei hasiera ematen dietenean, beraiei dagokie espediente horien instrukzioa eta tramitazioa, harik eta ebazpen-proposamena egiten den arte, eta, behar izanez gero, beharrezkoak diren neurri prebentibo edo kautelazkoak proposatuko dituzte, establezimenduak ixtea eta horien jarduera etetea barne.

  1. Antolamendu eta Kontratazioaren Arloak honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Asistentzia-planak lantzea Osasun Barrutiaren eremuan, organo eskumendunak zerbitzu sanitarioen kontrataziorako onarturiko ildo estrategikoak eta irizpide orokorrak oinarritzat hartuta.

  2. Sailak ezartzen dituen ildo eta irizpideekin bat etorriz, zerbitzu, zentro eta establezimendu sanitarioen aurretiazko homologazioa, eta kontratazio-organo gisa dagozkion egitekoak gauzatzea, zerbitzu-zorroko zerbitzu sanitarioen prestazioa kontratatzeari dagokionez, betiere, zerbitzu horiek berari dagokion Osasun Barrutira zuzendutakoak badira.

  3. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko zerbitzu sanitarioetako erakundeekin egiten diren programa-kontratuak tramitatzea, izenpetzea, horien gaineko intzidentziak ebaztea, horien segimendua egitea eta horiek ebaluatzea, Sailean ezartzen diren ildo eta irizpideei jarraikiz.

  4. Lankidetza-akordioak ezartzea arreta soziosanitariorako zerbitzu sozialetan erantzukizuna daukaten Osasun Barrutiko erakunde eta instituzioekin, eta akordio horien ondoriozko lan operatiboak gauzatzea, baita horiek ebaluatzea ere.

  5. Zerbitzu sanitarioen kontratazio-espedienteen tramitazioa, segimendua eta ebaluazioa egitea, baldin eta espediente horiek ebaztea Osasun Sailburuordetzari badagokio. Nolanahi ere, Sailburuordetzak ematen dituen jarraibideen arabera egin beharko da hori.

  6. Zerbitzu-sanitarioen hedadurari buruz eta erabiltzaileek zerbitzu sanitarioak erabiltzeari eta horietara sartzeari buruz beharrezkoak diren azterlanak egitea, dagokion osasun-barrutian, baita informazioa biltzea eta osatzea ere, jendearen gogobetetze-mailaren eta zerbitzu sanitario publiko nahiz itunduetan tramitatu diren kexa eta erreklamazioen berri izateko.

  7. Aseguramendu sanitario publikoaren erregimenean dauden altak eta bajak tramitatzea eta ebaztea, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera (114/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa).

  8. Aldi baterako ezintasuneko prozesuen ikuskapen, kontrol eta segimendu sanitarioa egitea.

  9. Errezetei oniritzia emateko eskabideak ebaztea, baldin eta oniritzia eskatzen duten errezetak badira.

  10. Aurretiazko baimenen eta asistentzia sanitarioko gastuen itzulketen espedienteak tramitatzea, eta 25.000 eurorainoko zenbatekoa duten eskabideak ebaztea.

  11. Administrazio-prozedura hauek kudeatzea eta ebaztea: Euskadiko sistema sanitarioaren kontura larriak ez diren eta programatuta dauden prozedura kirurgikoak egiteko gehieneko epeen araudia aplikatzearen ondoriozkoak, eta 230/2012 Dekretuaren ondoriozkoak (230/2012 Dekretua, kardiologiako eta onkologiako kontsultetarako eta proba osagarri ez urgenteetarako sarbidea izateko epe gehienekoak ezartzen dizkiona Euskadiko Osasun Sistemari).

  12. Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen ikuskapena, kontrola, segimendua eta ebaluazioa.

  13. Baimen administratibo-sanitarioko prozedurak ebaztea honako hauentzat: barneratze gabeko asistentziaren hornitzaile gisa sailkaturiko zentro sanitarioentzat (dekretu honetan espresuki beste organo batzuei esleitu zaizkienak salbu), erakunde ez sanitarioren batean integratuta dauden zerbitzu sanitarioentzat, eta optika, ortopedia eta audioprotesietako establezimendu sanitarioentzat.

  14. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari atxikitakoen artean sartzen ez diren establezimendu zein zentro sanitarioak eta zentro polibalenteak baimentzea eta ixtea.

  15. Farmaziako programak eta jarduerak burutzea eta ebaluatzea, eta arreta farmazeutikoko zerbitzu eta establezimenduak ikuskatzea, Farmazia Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  16. Prestazio ortoprotesikoari eta farmazeutikoari dagozkien espedienteak tramitatzea eta ebaztea.

  17. Euskadiko sistema sanitarioan bigarren iritzi medikoa izateko eskubidea erregulatzen duen araudiaren aplikaziotik eratorritako administrazio-prozedurak kudeatzea eta ebaztea.

  18. Eta, oro har, jardun-arlo horretan esleitzen zaizkion gainerako egitekoak.

  1. Lurralde Ordezkaritza bakoitzak Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde bat izango du, zeina Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren menpe egongo baita funtzionalki, eta Lurralde Ordezkaritzaren egituran sartuko baita, honako egiteko hauek gauzatzeko:

  1. Osasun Publikoaren eta Adikzioen gaineko programak eta jarduerak gauzatzea. Horretarako, beharrezkoak diren jarduera materialak gauzatuko ditu, ikuskapen eta kontrol sanitarioari dagokionez.

  2. Osasun Planerako helburuen proposamenak egitea, baita hori gauzatzeko estrategiak eta segimendurako adierazleak ere, eta ebaluazio txostenak egitea, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari aurkezteko.

  3. Osasun Publikoko Eskualdeen koordinazioa.

  4. Elikagaien Erregistro Orokor Sanitarioan inskribatu beharrik ez daukaten elikadura-establezimendu, jarduera eta industrien baimen administratibo-sanitarioak ebaztea.

  5. Osasun Publikoaren eta Adikzioen gaineko espedienteen berri ematea, eskabideak jasotzea eta tramitatzea.

  6. Eta, oro har, Osasun Publikoaren eta Adikzioen arloan esleitzen zaizkion gainerako egitekoak.

Dekretu honek aipatzen dituen organoetako titularrak ez badaude edo gaixorik badaude, edo haien karguak hutsik badaude, ordezkapenak honako arau hauei jarraituz ebatziko dira:

  1. Osasuneko sailburuordea Sailburuordetzaren menpeko zuzendariek ordezkatuko dute, dekretu honen 2.b. artikuluan daukaten hurrenkeraren arabera.

  2. Hurrenkeran aurretik dagoen zuzendariak ordezkatuko ditu zuzendariak, eta hurrenkeran lehena dagoen zuzendaria, berriz, Sailburuordetza horretako titularrak ordezkatuko du.

  3. Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak eta Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzak elkar ordezkatuko dute.

  4. Lurralde ordezkariak dagokien Osasun Barrutiko Osasun Publikoko zuzendariordeek ordezkatuko dituzte.

Dekretu hau indarrean jartzen denean izapideetan dauden espedienteak bertan ezartzen denaren arabera eskumena duten organoek ebatziko dituzte.

Indargabetu egiten da azaroaren 3ko 579/2009 Dekretua, Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (20)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.