Arautegia
Inprimatu222/2003 DEKRETUA, irailaren 30ekoa, Euskal etxeei diru-laguntzak emateko deialdia arautzeko dena. Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko dira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 198
- Hurrenkera-zk.: 5451
- Xedapen-zk.: 222
- Xedapen-data: 2003/09/30
- Argitaratze-data: 2003/10/10
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Instituzional
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak 1. artikuluan ezartzen duenez, ordenamendu juridiko eta aurrekontuen baliabideen eremuan, bere helburuen artean dago Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren euskaldunei laguntza, asistentzia eta babesa ematea.
Halaber, legearen 8. artikuluan Euskal etxeei eman beharreko laguntzak zehazten ditu. Laguntza hauek, besteak beste, asistentzia beharretara zabaltzen dira eta, bereziki, egoera larrian dauden kideei zabaltzen zaizkie.
Euskal etxeetako kideez gain, legearen 3. artikuluak zehazten du kanpoko euskal gizataldeetako kide direla atzerrian bizi diren euskaldunak, baita kide horien ondorengoak ere —horiek Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 7.2. artikuluan aipatzen dira—; era berean, Euskadin jaio eta Espainiako gerra zibila zela eta Euskaditik kanpora joan eta oraindik atzerrian bizi diren euskaldunak ere kanpoko gizataldeetako kide gisa hartuko dira.
Elkartasuna asistentzia eta giza izaerakoak diren jardueren oinarrizko printzipioetako bat da. Elkartasunetik egoerak ulertzeko aukera dagoelako, egoera horiek arrazoizko eta bidezko laguntzak eskatzen dituztenean. Arrazoi historikoek eta giza sentimenduek, ahal den neurrian, justiziazko betebeharrei aurre egitera behartzen gaituzte.
Atzerrian dauden euskal gizataldeetako pertsona batzuk jasaten duten giza egoera larri horren arrazoiak asko dira: Iberoamerikako herrialde batzuetako oszilazio monetarioa eta urritasun ekonomikoarekin batera, adina, gabezia, osasun krisiak eta ezintasunak. Arazo eta zailtasun horiek oso ezagunak dira bai administrazioaren aldetik, bai Euskal etxeen aldetik, Euskal gizataldeetatik gertuen dauden unitateak baitira, eta Legearen 2. artikuluan taxutzen den legez, Euskal etxeak harreman biderik egokiena dira euskal gizataldeetako kide eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioaren artean. Beraz, Dekretu honek Euskal etxeen bidez, egoera larrian dauden gizabanakoei eman behar zaizkion laguntza ekonomikoak arautu nahi ditu.
Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez eta Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 30ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honen helburua Euskal etxeei emango zaizkien diru-laguntzak arautzea da. Diru-laguntza horiek dekretu honen 2. artikuluan ezarrita dauden baldintzak betetzen dituzten, Euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko dira.
1.– Laguntzak eskatzen dituzten Euskal etxeei emango zaizkie, eta laguntza horiek Euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan daudenentzako izango dira. Horretarako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Euskal gizataldeetako kidea dela akreditatzea, maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 3. artikuluan zehaztuta dagoen bezala.
b) Atzerrian bizitzea.
c) Asistentzia beharrei eta egoera larriei aurre egiteko ondasunik edo diru sarrerarik ez izatea. Horretarako familiak jasotzen dituen errenta guztiak kontuan izango dira; era berean, kontuan hartuko dira laguntza honen pareko laguntza publiko eta pribatuak. Diru sarrera horiek ez dira izango inola ere Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Oinarrizko Errenta baino handiagoak diru-laguntzen deialdia egiten den unean.
d) Etxebizitza partikularretan bizitzea eta inongo erakunde, elkarte edo instituzioren partaide ez izatea, erakunde hauetako arau edo estatutuak asistentzia emateko obligazioa badute.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek emandako ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
Aipaturiko laguntzak lehiaketa bidez emango dira, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusten den lehiaketaren bidez. Horretarako, diru-laguntzak emateko aurkeztu diren eskaerak konparatuko dira, eskaeren artean lehentasun-ordena ezartzeko Dekretu honen 4. artikuluan ezarrita dauden baldintzen arabera, eta laguntzak emango zaizkie aukeraketa fasean baloraziorik altuena lortu duten eskaerei; eta horrela egingo da laguntzetarako dauden kredituak bukatu arte.
1.-Diru-laguntzak emateko eskaeretan akreditatzen den egoeraren larritasuna aztertuko da, urteroko deialdiaren Ebazpenean ezarriko diren baldintzen arabera, eta gutxieneko aspektu hauek bete beharko ditu:
a) Familiaren egoera ekonomikoa herrialdearen batazbesteko errenta kontuan hartuta.
b) Osasun arazoaren larritasuna edo behar larriaren egoera.
c) Beharrei egokitutako eskaera.
2.– Aurreko aspektuez gain, laguntzak emateko urtero egingo den deialdian beste baldintza batzuk kontuan har daitezke balorazio irizpide gisa eta eskaerak aukeratzeko.
3.-Deialdiaren Ebazpenak erabiliko diren aukeraketa irizpideen haztapen zehatza ezarriko du.
1.– Zenbatekoaren kopuru zehatza eskaeraren balorazio eta aukeraketa fasean lortutako puntuazioaren arabera izango da.
2.-Emango diren diru-laguntzak eskatutakoaren ehuneko ehun (%100) artekoak izan daitezke, diru-laguntzen deialdia egiten denean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Oinarrizko Errenta muga izanik. Osasun arazoetarako emango diren diru-laguntzak ez dituzte muga horiek izango.
Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaritzaren bitartez, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza nagusiari dagokio diru-laguntza horiek kudeatzeko eginbeharrekoak egitea.
1.-Urtero egingo da Dekretu honetan araututa dauden diru-laguntzen deialdia Lehendakaritzako Idazkari Nagusiaren ebazpenaren bidez.
1.– Diru-laguntza horietara aurkezteko interesa duten pertsonek eskaerak tramitatzeko Euskal zentroetara jo beharko dute. Euskal etxeetako kideek beraien zentroetara jo beharko dute, eta euskal etxeetako kideak ez diren euskal gizataldeetako kideak beraien lurraldean dagoen edozein euskal etxetara jo dezakete, edo horrela ez bada beraien herrialdetako edozeinetara.
2.– Euskal etxeek eskaera egiteko interesa duten pertsonen eskaerak aurkeztuko dituzte, eta eskaerak izenpetuta egongo dira. Urteroko deialdiaren Ebazpenak eskari eredua, eskaria aurkezteko tokia eta epea zehaztuko ditu; eta eredu horrekin batera honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
a) Eskaera inprimaki ofiziala, interesa duen pertsonak eta bere tutoreak edo ordezkari legalak ere izenpetua, eta Euskal etxeak abalatua.
b) Familia unitatearen urteroko diru-sarreren ziurtagiria, edo aurkeztu ezin bada, agintari eskudunaren zinpeko aitorpena.
c) Familia unitateak dituen ondasun higiezinen txostena.
d) Euskal Gizataldeetako kideak direnen akreditazioa.
e) Interesa duen pertsonaren egoeraren txostena, Euskal etxeak emandakoa. Euskal etxeari dagokio eskaeraren tramitazioa.
f) Diru-laguntza erabiliz egingo diren gastuen aurrekontua.
g) Osasun laguntza eskatzen dutenek medikuen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, osasun egoeraren adierazleak eta egoera larrian daudela adierazten duten ziurtagiriak edota osasun asistentziagatik sortutako gastuen justifikantea.
1.– Diru-laguntza eskaerak ez badaude behar bezala beteta, edo ez badute aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkezten, euskal etxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean behar diren dokumentuak aurkeztea, argi adieraziz, hori horrela ez bada egiten eskaera atzera botako dela.
2.– Epe hori igaro ondoren, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, akatsak zuzendu gabe jarraitzen badu edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaera baztertuko da ebazpen bidez Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legearen 42. artikuluan ezarrita dauden terminoetan.
1.– Aurkeztutako eskaerak aztertzeko, Ebaluaketa Batzordea osatuko da eta honako hauek izango dira batzorde horretako kide: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko titularra, batzorde burua; Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria; Osasun eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailetako ordezkari bana, zuzendari mailakoak; eta Lehendakaritzako bi teknikari, hauetako batek idazkari lanak beteko ditu.
2.– Ebaluaketa batzorde honek, eskaeren balorazio eta aukeraketa irizpideetan oinarrituz eta laguntzaren kuantifikazio dela eta 5. artikulua aplikatuz, baremazioaren emaitza aktan jasoko du eta laguntza esleitzeko prozeduraren ebazpen proposamena dagokion organo eskudunaren aurrera jasoko du.
1.– Lehendakaritzako Idazkari Nagusiak, Ebaluaketa Batzordeak egindako proposamenaren aurrean, laguntzak esleitzeko prozedura erabakiko du. Ebazpenean Euskal etxe esleipenduna adieraziko da, kontuan hartutako eskaerak, jasotzailea eta diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziz.
2.– Ebazpena, bide administratiboa agortuko duena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ezagutarazteko eta euskal etxeei jakinaraziko zaie deialdiaren urteroko ebazpena indarrean jarri eta sei hilabete pasa baino lehen.
3.– Epe hori igarota ebazpenik ez bada argitaratu, diru-laguntza eskaera atzera bota dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz.
Dekretu honetan araututako diru-laguntzen euskal etxe esleipendunak honako baldintzak bete beharko dituzte:
1.– Eman den diru-laguntzaren xedea akreditatzea.
2.– Eusko Jaurlaritzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunak betetzeko, deialdi bakoitzean jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa ematea.
Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bera lortzeko eman ditzakeen beste laguntza batzuekin, beti ere, horrek gainfinantzatzerik ez badakar. Gainfinantzatzerik izanez gero, ahalik eta gehien gutxituko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
Laguntza hauen giza izaera dela eta, diru-laguntzak ordainketa bakarrean egingo dira esleipenak jakinarazi eta 15 eguneko epean, onuradunek errenuntziatu ez badute. Ordainketa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan araututako berme erregimena errespetatuz egingo da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.
1.– Jasotako diru-laguntza justifikatzeko, ordainketa egin eta sei hilabeteko epean, euskal etxeak jasotako diruarekin egindako gastuen justifikanteak bidaliko ditu Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusira (Nafarroa kalea, 2 Vitoria-Gasteiz). Originalak ezin badira aurkeztu, fakturen fotokopiak bidaliko dira; hala ere, originalak gorde beharko dira Eusko Jaurlaritzako edozein inspekziotarako.
2.– Justifikanteak onartzeko argi eta garbi adierazi beharko dira bertan honako hauek: gastua zerk eragin duen, gastua egin den aldia, edozein kasutan deialdia argitaratzen den aurrekontu ekitaldiaren barnekoa izango dena, eta dokumentua egin duen erakundearen izena eta jaso duenarena.
3.-Justifikatu diren kopuruen batuketarako ordainketa egiterako unean txanponak balio duena hartuko da kontuan.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, —beti ere, diru-laguntzaren helburua bete dela ulertuz gero— edota beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik helburu bera betetzeko bestelako diru-laguntzarik lortu bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du horrek. Horretarako, Lehendakaritzako idazkariak kitapen ebazpena emango du, eta bertan emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Dena delakoagatik, diru-laguntza jasotzen duten gastuak eskaeran ezarritako baldintzetan aurrera eramaterik ez balego, egoera horren berri eman beharko zaio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari. Horrelakoetan, eta esleipen ebazpena aldatzea egoki ez denean, Lehendakaritzaren idazkariak beste ebazpen bat emango du, egoki bada, emandako dirua itzultzeko.
1.– Egindako gastuak Dekretu honetan jasotzen denari jarraituz ez justifikatzeak, aurkeztutako datuak okerrak izateak, jasotako diru-laguntza eskabidean adierazitakoaz besteko helburu baterako erabiltzeak, edo Dekretu honetan edo deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak, ordurarte hartutako dirulaguntza guztia gehi legezko korrituak itzuli beharra ekarriko du berekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Orokorraren Araubidearen Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. Tituluan diru-laguntzak itzultzeko jardunbide orokorraz esaten denarekin bat eginez.
2.– Diru-laguntzok berekin dakartzaten betebeharrak ez betetzea, aurretik dagokion zigor-espedienteari hasiera eman bazaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Araubidearen testu bateratua onartu zuen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 62. artikuluan xedatutako arau-haustetzat hartuko da, eta 63. artikuluan adierazitako isunetako bat sor dezake, honelako diru-laguntzak hiru urtez, gehienez ere, jasotzeko gaitasuna galarazteko punturaino.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko irailaren 30ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (7)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko urriaren 23koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2024. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko ekainaren 1ekoa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2023. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia-faltan dauden pertsonei laguntzeko.
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko urriaren 18koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2022. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko.
- Ikus: EBAZPENA, 2018ko ekainaren 6koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez 2018. urteko deialdia egiten baita euskal etxeei diru-laguntzak emateko, zehazki, atzerrian dauden euskal gizataldeetako kide diren eta egoera larrian eta asistent
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko martxoaren 3koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2021. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko.
- Ikus: EBAZPENA, 2020ko apirilaren 2koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2020. urteko deialdia egiten baita, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia-faltan dauden pertsonei laguntzeko.
- Ikus: EBAZPENA, 2018ko abenduaren 19koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez, euskal etxeei diru-laguntzak emateko 2019. urteko deialdia egiten baita, atzerrian dauden euskal gizataldeetako kide diren eta egoera larrian eta asistentzia-faltan dauden pertsonei laguntzeko.