Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2019ko irailaren 3koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2019ko deialdia egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 170
  • Hurrenkera-zk.: 4121
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/09/03
  • Argitaratze-data: 2019/09/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (2019ko ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120 zk.) arautzen ditu ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak.

Dekretu horren 7 artikuluan xedatutakoarekin bat, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2019ko deialdia egin behar da.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2019ko uztailaren 9ko bileran, erabaki zuen zuzendariari proposatzea dirulaguntzerako deialdia abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Hori dela bide, honako hau

Ebazpen honen xedea da ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (2019ko ekainaren 26ko EHAA, 120. zk.) araututako laguntzen 2019ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko esku-hartzeak egiteko laguntzak arautzen dira, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleentzat, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.

Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbatekoa, guztira, 3.900.000 eurokoa izango da.

Esku-hartze mota bakoitzerako honako diru-zuzkidura hau ezarri da:

Ekintza humanitarioko proiektuak, ondoz ondoko lehia-prozeduraren bidez emanak: 1.000.000 euro.

Ekintza humanitarioko estrategiak, norgehiagoka-prozeduraren bidez emanak: 2.900.000 euro. Zuzkidura esleitzerakoan, lehentasuna emango zaie Afrikako kontinentean garatuko diren eskabideei. Dirulaguntza jaso dezaketen eskabideak badaude eta, norgehiagoka-prozeduraren ondoriozko hurrenkera dela-eta, ezin bazaio dirulaguntzarik esleitu Afrikan garatuko den estrategia bati, dirulaguntza emango zaio, lehenik eta behin, kontinente horretako dirulaguntzen artean puntuaziorik onena lortu duenari. Gainerako testuinguruetan egikaritu beharreko esku-hartzeen beheranzko hurrenkerari jarraituko dio laguntzen emakidak, modalitate honetako funtsak agortu arte.

  1. Eskabideak epe hauetan aurkeztu beharko dira:

    1. Ekintza humanitarioko proiektuak: 2019ko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala ere, dirulaguntza-lerro horretan esleitutako diru-zuzkidura agortzen bada, eskabideak aurkezteko epea amaitu egingo da, EHAAn horren berri ematen den egunean.

    2. Ekintza humanitarioko estrategiak: eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Deialdi honen babesean, gehienez ere laguntza bat emango zaio erakunde berari dirulaguntza-modalitate bakoitzeko. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, sarrera-erregistroaren arabera lehenengo aurkeztu zuen eskabidea bakarri onartuko zaio.

  3. Bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan («Tramiteak eta Zerbitzuak»; «Dirulaguntzak eta bekak» atala), edo, bestela, web-orri honetan: http://www.elankidetza.euskadi.eus, «Deialdiak» atalean.

  4. Eskabidea egiteko, eskabide normalizatua erabiliko da https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (deialdien atalean) eskuratu daiteke. Eskabide hori behar bezala betetzeko, web-orrian ezarritako formatu, jarraibide eta agirien arabera egin beharko da.

  5. Eskaera egin osteko izapideak helbide hauetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus

Aurreko artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

Bokala: M.ª Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honek hizpide dituen dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa betetzen dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 3a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.