Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko otsailaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita 2019-2020 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko egutegi komuna; era berean, jarraibideak onartzen dira ikasleok onartzeko eta hezkuntza-maila horretan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1264
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/02/25
  • Argitaratze-data: 2019/03/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza arloko eskumena duen Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Dekretu horren 10. artikuluak xedatzen du ikasleak onartzeko prozedura bera erabiliko dela hezkuntza-etapa bakoitzeko ikastetxe guztietan, eta hezkuntza arloko eskumena duen sailburuak emandako aginduen bidez arautuko dela urtero.

Agindu horietan ezarriko dira eskabideak aurkezteko eta eskabide horiei buruzko erabakiak hartzeko epeak. Dekretuak ezarritakoari jarraituz, agindu horietan xedatuko da interesdunek, hala behar izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioa, onartze-prozeduran kontuan hartzekoak egiaztatu ahal izateko.

Hori dela eta, egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira jakiteko 2019-2020 ikasturtean nola jokatu Batxilergoko ikasleak onartzeko orduan Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoez eusten diren ikastetxeetan. Era berean, eta horren ondorioz, prozedura bat ezarri beharko da ikasleak hezkuntza-maila horretan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko. Hori guztia dela eta, honako hau

Agindu hau 2019-2020 ikasturtean aplikatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko prozesuan. Era berean, hezkuntza-maila horretako ikasleak matrikulatzeko prozesuan ere aplikatuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko publiko eta ikastetxe itunduetan, honako hau da Batxilergoa egiteko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko egutegia:

  1. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: maiatzaren 2tik 14ra, biak barne.

  2. Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: maiatzaren 28a.

  3. Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 4a.

  4. Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 11 arte, egun hori barne.

  5. Eskabideari uko egiteko: ekainaren 11 arte, egun hori barne.

  6. Behin betiko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 18a.

  7. Matrikula egiteko aldi arrunta: ekainaren 19tik uztailaren 5era, biak barne.

  8. Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: uztailaren 19a arte, egun hori barne.

    Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

Ikastetxe guztiek, uztailaren 8tik 10era, biak barne, Batxilergoko matrikulako aldi arrunteko estatistika-datuak balioztatu beharko dituzte Hezkuntza Sailak horretarako diseinatu duen informatika-aplikazioan.

Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko Estatistika Unitateek adierazi epean, matrikulazioari buruzko behin betiko estatistika-datuak balioztatu beharko dituzte aipatutako aplikazio informatikoan.

Halaber, Batxilergoa ematen duten ikastetxe guztiek ikasleen eskabide- eta matrikulazio-datuak gorde beharko dituzte Hezkuntza Sailak diseinatu duen dagokion aplikazio informatikoan. Hona horretarako egutegia:

  1. Aurkeztutako eskaera guztietako datuak gordetzeko: 2019ko maiatzaren 21a arte, egun hori barne.

  2. Baremazioa egitea beharrezkoa den ikastetxe eta kurtsoetan aurkeztutako eskaera guztietako baremazio-datuak gordetzeko: 2019ko maiatzaren 28a arte, egun hori barne.

  3. Aldi arruntean matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-datuak gordetzeko: 2019ko uztailaren 8a arte, egun hori barne.

Matrikula egiteko aldi arrunta bukatu eta gero leku librerik balego, 2019ko irailaren 30eko 24ak arte ikasleak matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak hezkuntza-itunak edo dirulaguntzak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.

Ohiz kanpoko matrikulazioak egiten badituzte, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrestea dagokion berariazko informatika-aplikazioan.

Aipatutako eguna pasatu ondoren ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoko ikasle berririk matrikulatu, Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzaren baimenik gabe.

Batxilergoko ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesua erabat amaituta egongo da 2019ko irailaren 30a.

  1. Agindu honen ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek administrazio-publikoarekin dituzten harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

  2. Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek euren jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, gai zerrendetan, aktetan, ziurtagirietan eta testu idatzietan oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

Ikasleak onartzeko prozedura hau izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategi batean sartuko dira, prozedura hau kudeatzeko eta prozesu horren garapenaren berri emateko, betiere bi lege hauek diotena beteta: abenduaren 5eko 5/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babesteko eta eskubide digitalak bermatzekoa; otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.

Fitxategi horren ardura duen organoa Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

Batxilergoko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedurari buruzko jarraibideak eta dagokion prozedura informatikoari buruzko jarraibide osagarriak onartzen dira. Agindu honen I. eta II. eranskinetan azaltzen dira jarraibideok.

Batxilergoa ematen duten ez-itunpeko ikastetxe pribatuek eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxeek sartu beharko dituzte, dagokion informatika-aplikazioan, ikastetxean matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2019ko irailaren 30ean bukatuko da.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.

2019-2020 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunduetan Batxilergoa egin nahi duten ikasleak urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak xedatutakoaren arabera onartuko dira; kontuan hartuko da, halaber, Hezkuntzako sailburuak emandako Agindua, eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak zehazten eta 2019-2020 ikasturterako ikasle horiek onartzeko jarraibide hauek onartzen dituena.

Bigarrena. Onartze-prozesuaren Berme Batzordeak.

  1. Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko egun diren lurralde-batzordeek beren egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 9ra arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horietako funtzioak.

  2. Aurreko atalean zehaztutako Berme Batzorde guztiak honela osatuko dira:

    1. Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.

    2. Etapa edo etapetako Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

    3. Etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

    4. Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat.

    5. Lau guraso, bi Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikokoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoreetako batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluko bi guraso izendatuko dute hango gurasoek.

    6. Lau irakasle, bi Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikokoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.

  3. Onartze-prozesuko berme-batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

    1. Ikasleen onartze-prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren egitekoak eta eskumenak errespetatuz.

    2. Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehazteko lanetan.

    3. Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egiten badu eta eskatzaileek aurkeztutako agiriak faltsuak direla frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

  4. Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udal-elkarteei, gurasoen elkarteei eta irakasleen sindikatuei beren ordezkariak izenda ditzatela batzorde horretarako. Organizazio horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko dituzte beren ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte hartzerik gabe.

  5. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, Hezkuntza Administrazioak Onarpena Bermatzeko Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako zuzendariak hautatzeko. Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.

    Hirugarrena. Eragin-eremuak.

  1. Batxilergoko ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte, ebazpen baten bidez, hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpena Bermatzeko Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako ikastetxeei eta udalei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.

  2. Eragin-eremuak eta horien mugak zehaztuko dira ikastetxean ematen den Batxilergo-modalitate bakoitzerako eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eremuen zehaztapenak jendearentzat eskuragarri egongo dira Hezkuntza Sailaren atarian, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus).

  3. Hezkuntzako ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.

  4. Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak finka ditzake Hezkuntza sailburuordeak, baldin eta hori egitea komeni bada, ikastetxeren batean ematen diren irakaskuntzak oso bereziak direnean edo hurbiltasun geografikoa dela-eta hala gomendatzen denean.

    Laugarrena. Batxilergo mota eta hizkuntza-eredu eskainiak.

    Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dira Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturtean emateko baimena eman dituen batxilergo motak.

    Ikastetxe pribatu itunduek zehaztuko dituzte hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dituzten batxilergo motak, betiere, azken horiek Hezkuntza Sailak baimenduak badira. Ikastetxe pribatu itundu batean Batxilergoko taldeak eskaintze hutsak ez dakar taldeon ituntze-bermea.

    Bosgarrena. Ikasleentzako plazak zehaztea.

    Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoei eta itunpeko ikastetxe pribatuei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen kurtso eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez ere, horietako bakoitzean.

    Seigarrena. Plazak gordetzea.

  1. Hezkuntza-prozesuan hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte zenbat plaza gorde beharko diren ikasle horiek eskolatzeko Hezkuntza Sailaren mendeko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Ikastetxeek, berriz, izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek.

  2. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek eskaerak egiteko epea hasi baino lehen jakinaraziko dizkiete erabaki horiek ikastetxeei.

    Zazpigarrena. 2018-2019 ikasturtean Batxilergoan ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuak.

  1. Ez da onarpen-eskaerarik egin behar izango Batxilergoko ikasleak ikastetxe, modalitate eta hizkuntza eredu berean jarraitzen duenean. Halere, baldin eta ikaslea Batxilergoko ikastetxe bateko modalitate eta hizkuntza eredu jakin batzuetan matrikulatuta badago eta hurrengo ikasturtean ikastetxe horretan jarraitu nahi badu, baina beste modalitate edota hizkuntza eredu batean, dagokion eskaera egin beharko du eta onarpen-prozesuan parte hartu, beste ikastetxe batzuetatik datozenekin batera.

  2. 2018-2019 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutako ikasleek ikastetxe eta hizkuntza eredu berean egin ahal izango dituzte Batxilergo ikasketak, onartzeko eskaera aurkeztu gabe, Arte Batxilergokoak salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan eredu batean eskolatutako ikasleek, ikastetxe horretan Batxilergoan ez badago eredu hori, badute matrikulatzerik Batxilergoko 1. mailan euren ikastetxean izandako ereduetan, eta ez dute egin behar horretarako eskatzen den onarpen-eskabiderik, Arte Batxilergoan matrikula egin nahi dutenek salbu.

  3. Ikastetxeek gorde beharko dute maila, hizkuntza-eredu eta Batxilergoko modalitate bakoitzean, aurreko bi paragrafoetan aipatu ikasleen eskubideak bermatzeko egoki deritzoten plazen kopurua.

  4. Batxilergoko ikastetxe baten onartze-prozesuetan, lehentasuna izango dute 2018-2019 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastetxe horri atxikitako batean egin duten ikasleek. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, Arte Batxilergorako salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Lehentasun-eskubide hori galduko dute ez atxikitako ikastetxe batean Zientzietako modalitatean edo Giza eta Gizarte Zientzietako modalitateko edozein bidean plaza bat eskatzen duten eskaeratik aurrera.

  5. Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta batxilergoko ikasketak batera ikasten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehaztutako Batxilergoko ikastetxeetan. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira. Lehentasun-eskubide hori galduko dute beste ikastetxe batean plaza bat eskatzen duten eskaeratik aurrera.

    Atal honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat aurreko atalean jasotzen diren eskubideak bete behar dira.

    Atal honetan aipatzen diren zentroak agindu honen III. eranskinean agertzen dira.

    Zortzigarrena. Onartze-prozesuari buruzko informazioa.

    Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:

    1. Ikasleak Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

    2. Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak.

    3. Eskabideak egiteko epea.

    4. Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak eta erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.

    5. Ikastetxeen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak, baremoaren azken atalean aplikatzeko. Horretarako, iragarki-taulan jarriko da aplikazio informatikoan sartutako dokumentua, puntuazio horiek emateko irizpideekin.

    6. Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

      Bederatzigarrena. Onarpen-eskabideak.

      1. Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada, eta legez emantzipatua ez badago, eskabidea ikaslearen aitak, amak, edo tutoreak aurkeztuko du. Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adinez nagusia bada edota legez emantzipatua badago, eskabidea ikasleak berak aurkeztuko du.

      2. Epetik kanpo ez da eskabiderik onartuko. Ikastetxeek epe barruan egindako matrikula-eskaera guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte eta, hala behar bada, barematu.

      3. Eskaera egitean edo, bestela ere, eskaerak egiteko ezarrita dagoen epearen barruan aurkeztuko dira barematzekoak diren egoerak egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak. Eskaerak onartzeko epea itxi ondoren ezin izango da beste dokumenturik aurkeztu.

      4. Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, dagozkien plazak gordetzeko eta beharrezkoa izan dezaketen laguntza berezia emateko.

      5. Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake 2019ko maiatzaren 2 eta 14 bitartean, biak barne. Ikastetxe batean edo gehiagotan eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

      6. Eskabidean, gehienez, hogeitalau eskaera egin ahal izango dira, lehentasunaren arabera antolatuta. Eskaera bakoitzean, ikastetxe, hizkuntza-eredu eta Batxilergo modalitate bana aukeratuko dira, zentroak hizkuntza-eredu hori eskaini ala ez.

      7. Ikastetxe batek ez badu eskaintzen eskakizuneko hizkuntza-eredu lehenetsia, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aztertuko du maila eta eredu horretako taldea sortzeko aukerarik baden ikastetxean bertan edo inguruan, beti ere behar adina eskabide badaude eta plangintzak posible egiten badu. Dena den, ikasleak parte hartuko du onartzeko prozesuan, eskaintzen diren ereduetan egin dituen gainerako eskaerekin.

      8. Maiatzaren 28an, zentroek eskatzaileen zerrenda argitaratuko dute, kurtso, modalitate eta hizkuntza- ereduen arabera antolatua.

        Gardentasuna eta onartzeko prozesuaren parte-hartzaileen datu pertsonalen babesa batzeko asmoz, zerrenda Hezkuntza Sailaren atarian jakitera emango da, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabidean adierazitako ikastetxeen zerrenda.

        Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.

      9. Ekainaren 11ra arte eskabideari uko egin ahal izango zaio. Uko egiteko idazkia idatziz gero, eskabidea aurkeztu zen ikastetxe berean aurkeztu beharko da, eta eskatutako aukera guztiei eragingo die. Ikastetxeak idazki hori artxibatuko du, bere egunean aurkeztutako eskabidearekin batera.

      10. Honako bi moduetako batean aurkeztu ahalko dira eskabideak:

        On-line, Hezkuntza Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez. Online eskabidea maiatzaren 13ko 24:00etara arte aurkeztu ahal izango da; ordutik aurrera, aplikazioa ez da aktibo egongo. Aplikazioan sartzeko, «Ikasgunea» ataria (https://ikasgunea.euskadi.eus) erabili beharko da.

        Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.

        Eskaera ikastetxe aukeratuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

        Eskaera on-line egiten badu, pertsona interesdunak, eskabidearekin batera, beharrezkoak diren dokumentuak erantsiko ditu, bai derrigorrezkoak, bai baremazio-prozesuan puntuak egiaztatzen dituztenak. Eskabidea bete, gorde eta gero, informatika -aplikazioak lehenengo eskatu den ikastetxearentzat eskuragarri ipiniko du, eta ikastetxe horrek bideratuko du. Eskatzaileak nahi duenean jaso ahal izango du eskabidearen frogagiria, eta zirriborrotzat hartuko da ikastetxeak izapideak egin arte.

        Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako derrigorrezko agiriak berekin ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera.

        Hamargarrena. Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

        Eskatzaileak eskabidea ikastetxe batean aurkezten badu, behin eskabideko datu guztiak sartu eta dagokion dokumentazioa egiaztatu eta gero, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari, zeinean ageriko diren eskatzailearen datu pertsonalak, eskaera gauzatuak, baremaziorako alegatu inguruabarrak eta agiri aurkeztuak.

        Eskatzaileak datu jasoak aztertuko ditu eta, datuak zuzen direla baderitzo, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko du inprimaki sinatuan eta aurretiaz sartu dituen datuak grabatuko ditu. Aurreko inprimakia izango da, behin sinatua eta zigilua jarrita, eskatzaileak egin eskaeren frogagiri eta egiaztagiri.

        Eskabidea sistema informatikoan grabatuta egonez gero, horren tramitazioa bi erara jarraitu ahal izango da: aurkeztu den zentroan, edo online.

        Hamaikagarrena. Eskabideko datuak aldatzea.

        Eskatzaileek 2019ko maiatzaren 14ra arte izango dute egun hori barne datu grabatuetakoren bat aldatzea edo zuzentzea eskatzeko. Egun horretatik aurrera ez da onartuko aldaketarik edo zuzenketarik.

        Eskaera on-line egin bazuen, behin eskabideari alta emanda, eta hautatutako ikastetxeak eskabidea hartu arte, eskatzaileak aukera izango du grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, informatika -aplikazio berberaren bitartez.

        Eskaera ikastetxe aukeratuan egin bazuen edo on-line egin bazuen baina hautatutako ikastetxeak eskabidea hartu badu, eskabidea aldatu nahi duen eskatzaileak ikastetxe horretan eskatu behar ditu aldaketak.

        Aldaketak gauzatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du eskaera egitean eman zitzaion jatorrizko inprimaki sinatu eta zigilatua. Behin zuzenketa egokiak gauzaturik, inprimaki berria emango zaio eskatzaileari. Egin beharreko zuzenketak egin eta gero, beste datu-orri bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; gero, zaharra apurtu, eta azkenean ikastetxeak datu berriak baliozkotu egingo ditu.

        Eskabideko datu berriak grabatzean ez da sekula aldatuko datuak estreinakoz grabatu ziren unean eskatzaileari ausaz esleitu zitzaion ordena-zenbakia.

        Hamabigarrena. Eskaerarekin emandako dokumentazioa.

        Eskabidearekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da:

        1. Derrigorrezko dokumentuak, ikaslearen adina edozein izanda ere:

          Ikaslearen NANaren edo AIZren fotokopia.

        2. Derrigorrezko dokumentuak, ikaslea adingabea bada:

          Familia-liburuan ikaslea azaltzen den orriaren fotokopia edo beste egiaztagiri ofiziala. Ikaslea familia-harreran egoeran badago, dokumentu horren ordez ikaslea familia-harreran egotearen ziurtagiria aurkeztuko da.

          Familia-liburuaren aita edo ama azaltzen den orriaren fotokopia, edo lege-tutorea izatearen ziurtagiria.

          Eskabidea egiten duen lagunaren NANaren edo AIZren fotokopia: aitarena edo amarena, edo legezko tutorearena.

          Hezkuntza Sailak ezarritako berezko protokoloa bete izanaren agiria (ezkontide ohiaren baimen-idazkia, ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, etab.), familia banandua edo dibortziatua bada.

          Halaber, baremoko edozein apartaturen puntuazioa eskatzen denean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Atal edo azpiatal batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da atal edo azpiatal hori. Horrek ez du eskaera baliogabetzen, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.

          Aurrez aurreko tramitazioan, dokumentazio guztia (bai derrigorrezkoa bai baremazioan puntuak lortzeko beharrezkoa dena) lehenengo eskatu den zentroan aurkeztuko da, beste edozein zentrok eman behar dituen baremazio-puntuak egiaztatzen duen dokumentazioa izan ezik. Hori zentro bakoitzaren idazkaritzan aurkeztu beharko da, lehenengo eskatu den zentroan eskabidea erregistratu ondoren. Horretarako, eskabidean adierazita egon behar dira puntuazioa eskatzen den zentro bakoitzaren baremoko apartatuak.

          Familia egoitzari edo lantokiari dagozkion puntuak egiaztatzeko, dagozkion ziurtagiriak lehenengo eskaeran aukeratutako zentroan aurkeztea aski izango da, eta eskaera guztietarako baliagarriak izango dira, puntuazioa guztietan alda daitekeen arren. Aplikazio informatikoak, eskaera bakoitzeko, puntuazio hoberena esleituko du ziurtagiriak kontuan hartuta. Udalak egindako familia helbidearen erroldagiriak hiru hilabeteko antzinatasuna izango du, gehienez ere.

          Internet bidezko tramitazioan, dokumentazio guztia eskaneatuko da eta, ondoren, eskabidearekin batera bidali beharko da Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazio telematikoaren bitartez.

          Hezkuntza Administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ekarri zaizkion dokumentuen benetakotasuna.

          Hamahirugarrena. Baremazioa.

          1. Ikastetxeak ez ditu eskabideak nahitaez baloratu beharko, horien lehentasun-ordena edozein dela ere, kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskaeren kopurua plaza eskuragarriena baino handiagoa ez bada.

          2. Kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskaeren kopurua, horien lehentasun-ordena edozein dela ere, plaza eskuragarrien kopurua baino handiagoa bada, ordea, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo itunpeko ikastetxeen titularrak, zentroaren eskola-kontseiluak gainbegiratuta, jasotako eskaerak barematuko ditu, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan aipatzen diren baremoaren eta hori aplikatzeko arauen zein jarraibide hauen arabera.

            Lehenengo eskatu den zentroak apartatu guztiak barematu beharko ditu. Bestalde, eskabidean aipatu diren beste zentroek baremoan agertzen diren b), c), g), eta h) apartatuak barematuko dituzte.

          3. Batxilergoan onartzeko baremoa honako hau da:

            1. Familia unitatearen urteko errenta (azpiataletako puntuak metagarriak dira, atalari dagokion gehieneko puntuazioa lortu arte):

              2017ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez baditu 9.906,40 euroak gainditzen: 0,5 puntu.

              2017ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren batura aipatutako kopurua baino gehiago bada: 0 puntu.

              Halaber, aurreko kasu guztietan, eskatzaileaz gain duen adin txikiko seme/alaba bakoitzagatik: 0,25 puntu.

              Atal honetako gehieneko puntuazioa: 1,5 puntu.

            2. Bizilekuaren gertutasuna (azpiataletako puntuak ez dira metagarriak).

              Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.

              Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.

              Eskatutako ikastetxea dagoen herrian izatea ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: puntu 1.

              Ikasleak bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, baina ikastetxea kokatuta dagoen udalerritik eta eragin-eremu zein eremu mugakideetatik kanpo: 0,5 puntu.

              Eskatutako ikastetxearen edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe bateko eragin-eremuan izatea ikaslearen lantokia edo haren aitaren, amaren edo lege-ordezkariaren bizilekua: 2 puntu (puntu hauek ezin dira batu ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezkeen puntuekin).

              Atal honetako gehieneko puntuazioa: 5 puntu.

            3. Ikastetxean lan egin edo ikasten duten familiartekoak izatea (azpiataletako puntuak ez dira metagarriak).

              Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.

              Aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean lan egitea: 7 puntu (puntu horiek ezin dira batu ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan lan egiteagatik eskuratu daitezkeen puntuekin).

              Atal honetako gehieneko puntuazioa: 9 puntu.

            4. Familia ugariko kide izatea.

              Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: puntu bat.

              Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.

            5. Familia-harreran egotea:

              Ikasle eskatzailea familia-harreran egoteagatik: puntu 1.

            6. Desgaitasuna (kontzeptu honengatik, 2 puntu, gehienez ere).

              Ikasle eskatzailearena baldin bada: 2 puntu.

              Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo anai-arrebaren batena baldin bada: puntu bat.

            7. Kooperatiba-bazkide izatea.

              Familia unitateko kideren bat eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide izateagatik: 0,5 puntu.

            8. Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak ezarritako beste egoera adierazgarri batzuk.

              Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez erabakitako irizpideak (aurrez adierazitakoak ere izan daitezke), eta ezartzeko irizpide publiko, objektibo eta ez-diskriminatzaileak erabiliko dira (ezingo da jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian edo bestelako inguruabar edo baldintza pertsonal edo sozialetan oinarritutako irizpide diskriminatzailerik onartu): 1 puntu, gehienez ere. Irizpide horiek ezagutzera emango dira eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen.

              Era berean, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du aplikazio informatikoan 2019ko apirilaren 12ko 24:00ak baino lehen. Dokumentu horretan zehaztuko ditu puntuazioa emateko irizpideak. Hala, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eduki ahal izango dute eskura. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da zentroko iragarki-oholean. Idatzi-zati honetan ezarritakoa betetzen ez duten zentroek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: zentroko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.

          4. Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 25. artikuluak xedatutako irizpideak aplikatuko dira berdinketak apurtzeko. Dekretu horrek ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza arloko eskumena duen Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Aipatutako artikuluak xedatzen duen arabera, baremazioan gertatutako berdinketak apurtzeko azken irizpidea honako hau izango da: hezkuntza arloko eskumena duen Sailak zehazten duen ausazko prozedura erabiliko da, eta, horretarako, ikasleen onarpen-prozesuan erabilitako aplikazio informatikoa erabiliko da.

            Xedapen hori betetzeko, eskabideko datuak balidatzeko unean, aplikazio informatikoak hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari, erabateko ausazkotasunez esleitu ere: 1 eta 999999ren arteko zenbaki oso bat, alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Kasu horretan, aplikazio informatikoak eskabide guztiak txikienetik nagusienera ordenatu, eta txikienari emango dio lehentasuna.

            Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea ez oztopatzeko, bi anai-arreba hezkuntza-maila berean daudenean eta baremo-puntuazio berdina dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerragoa lortu duen anai-arreba emaitza hobea atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.

            Eskabideko datuak aldatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz egin zenean ausaz esleitu zitzaiona.

            Hamalaugarrena. Familia-unitatearen errenta eta seme-alaben kopuruaren eragina barematzeko arauak.

          1. Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuko eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2017ko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, baturak ez du 9.906,40 euroko muga gainditu beharko. 2017ko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Ondorioz, puntu horiek lortu nahi izanez gero, eskatzaileek baimena eman beharko diote Hezkuntza Administrazioari datu horiek Foru Ogasunean egiazta ditzan.

          2. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileen kasuan, familia-unitatearen diru-sarrerak puntuatzeko eskubidea izateko, familia-unitateko kide guztiek aurkeztu beharko dute 2017ko errenta-aitorpenaren kopia edo, behar izanez gero, baterako aitorpena. Indarrean dagoen zerga-araudia dela eta, urte urretan familiako kideren batek errenta-aitorpena egin ez badu, Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du adierazteko ez duela errenta-aitorpena egin.

          3. Jarraibide honetako aurreko ataletan adierazitakoaren baitan, familia-unitateak izango dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan izaera horrekin araututakoak. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onarpen-eskaeraren helburu den adingabea, familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera, non eta ez den egiaztatzen, hitzarmen arautzaile bidez, adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatuta dagoela. Gehigarri modura, familia-unitatetzat hartuko da onartzeko eskaera egiten duen adingabea eta familia-liburuan azaltzen diren gurasoak, baldin eta hitzarmen arauemailearen bidez egiaztatzen bada, adingabearen jagoletzaren erantzukizun banandu bat dagoela.

            Ezkontzak desegiten badira, ezkontideak banantzen edo dibortziatzen edo izatezko bikoteen bizikidetza eteten bada, erabaki judizial irmoz edo hitzarmen arautzaile baten bidez, baremoa aplikatuko zaie ikaslearen zaintza duen pertsonaren errentei. Berdin jokatuko da tutoretza judiziala, familia-harrera edo antzeko babes-neurriak aplikatu behar badira eta adingabeko ikaslearen zaintza ez badago gurasoen esku. Ikaslearen zaintza Administrazio Publikoaren baten esku balego, puntuazio handiena emango da atal honetan.

            Gehigarri modura, familia-unitatetzat hartuko da onartzeko eskaera egiten duen adingabea eta familia-liburuan azaltzen diren gurasoak, baldin eta hitzarmen arauemailearen bidez egiaztatzen bada, adingabearen jagoletzaren erantzukizun banandu bat dagoela.

          4. Neba-arreben kopurua familia-liburuaren, jaiotza-agiriaren edo harreman hori egiaztatzen duten bestelako dokumentuen kopiarekin egiaztatuko da. Bakarrik adingabeko neba-arrebak hartuko dira kontuan.

            Hamabosgarrena. Bizilekuaren gertutasuna edota ikasle, guraso edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna barematzeko arauak.

          1. Atal honi dagokion puntuazioa bost azpiataletako bati soilik emango zaio. Eskatzaileek azpiatal horietako bat aukeratu beharko dute puntuak lortzeko.

          2. Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada, eta legez emantzipatua ez badago, ulertuko da ikaslea eta aita, ama edota legezko tutorea bizi diren etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, ikaslearen eta guraso edota tutoreen errolda-agiria aurkeztuko da familiaren bizilekua egiaztatzeko. Ziurtagiri horrek hiru hilabeteko antzinatasuna izango du, gehienez ere.

            Ikaslearen guraso izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen tutore izatea egiaztatzeko epaiaren kopia edota dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.

            Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adinez nagusia bada edota legez emantzipatua badago, ulertuko da ikaslea bizi den etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, familiaren bizilekua egiaztatzeko, dagokion Udalak emandako ikaslearen errolda-agiria aurkeztuko da. Ziurtagiri horrek hiru hilabeteko antzinatasuna izango du, gehienez ere. Ikaslea emantzipatua bada, horren ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar du.

          3. Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu jarraian adieraziko dena aplikatuta puntu horiek ez direla eman behar.

            Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.

            Ikastetxe edo maila bateko onartzeko prozesuan parte hartzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten badu hezkuntza-administrazioaren aurrean beste parte hartzaileren batek bizitokiaren gertutasunaren apartatuan jasotako puntuazioarengatik, erreklamazioan adieraziko ditu hori jartzeko arrazoiak edo zantzuak. Ondoren, hezkuntza-administrazioak, puntuazioan zalantzak dituenean, eskatzaileari dokumentuak edo bestelako elementuak aurkezteko eskatuko dio, bizitokia egiaztatzeko.

            Eskakizuna jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere eskakizunaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.

            Ebazpen horrek adieraziko du zehazki zer ziotan oinarritzen den, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.

          4. Ikaslearen, gurasoen edota legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, eskabidea aurkeztean eskatzaileak egoera hori kontuan hartzea aukeratu dezake, bizilekuaren gertutasuna kontuan hartu ordez.

            Kasu horretan, lantokia egiaztatzeko, besteren kontura ari diren langileak badira, enpresaren titularrak edo langileen arduradunak sinatutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Agiri horrek adierazi behar du ikasleak edo haren amak, haren aitak edo haren tutoreak enpresa horretan lan egiten duela.

            Jarduera norberaren kontura bada, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu behar da lantokia egiaztatzeko. Indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea legezko betekizuna ez bada, dagokion Udalak emandako irekitze-baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

          5. Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da.

            Zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

          6. Ikaslearen, gurasoaren edo tutorearen lantokia eragin-eremuaren eremu mugakide batean egotea ez da inolaz ere balioetsiko.

          7. Eskatzailearen, haren aitaren, amaren edota legezko tutorearen lantokiaren gertutasunagatik lortutako puntuak bateraezinak dira bizilekuaren gertutasunagatik lortzen diren puntuekin; eta, halaber, bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik lortzen diren puntuekin.

          8. Eragin-eremuan egoteagatik jadanik aipatutako egoerei dagokien punturik lortu ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek puntu bat lortuko dute atal honetan. Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan baina ikastetxea kokatuta dagoen udalerritik kanpo denean, atal honetan 0,5 puntu lortzeko eskubidea izango du eskatzaileak.

            Hamaseigarrena. Eskatutako ikastetxean lan egiten duten edo ikasten duten familiartekoak izatea barematzeko arauak.

          1. Atal honetako puntuazioa haren baitan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean. Zazpi puntu haren aita, ama edo lege-tutoreak eskatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean lan egiten duelako. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu. Atal honetako puntuazioa jaso ahal izateko, kontuan hartuko da bakar-bakarrik Hezkuntza Sailak araututako ikasleak onartzeko prozedurari jarraituz, mailaren batean neba-arrebak matrikulatuta izatea.

          2. Atal honi dagokion puntuazioa emateko, beharrezkoa da aipatutako egoera horietako bat ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatzea, hau da, 2018-2019 ikasturtean.

          3. Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

          4. Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak ere anaia-arrebatzat hartuko dira.

          5. Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

          6. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

            Hamazazpigarrena. Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.

          1. Minusbaliotasuna ikasleak berak badu, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko batek badu, puntu bat.

          2. Atal honi dagozkion puntuak emateko, aipatutako pertsona horietako batek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna izan behar du. Minusbaliotasuna bi pertsonak edo gehiagok badute ere, puntuak horietako bategatik bakarrik emango dira; beraz, gehienez, 2 puntu lortuko dira atal honetan, minusbaliotasuna ikasleak berak badu, eta puntu bat, minusbaliotasuna aipatutako familiarteko batek badu.

          3. Minusbaliotasuna egiaztatzeko, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuek edo estatuko antzeko beste organo eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar da. Minusbaliotasunaren aitorpen legala adierazi behar du ziurtagiri horrek eta minusbaliotasun gradua % 33koa edo gehiagokoa dela jakinarazi.

          4. Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

          5. Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak.

          6. Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

          7. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

            Hemezortzigarrena. Familia ugaria izatea barematzeko arauak.

            Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.

            Hemeretzigarrena. Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako egoerak barematzeko arauak.

          1. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenak eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluek ezar dezakete, hala nahi izanez gero, irizpide bat edo gehiago eskatzaileei puntu osagarriak emateko. Puntuazio gehigarri hori, gehienez, puntu batekoa izango da.

          2. Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Organo eskudunak onartuko ditu irizpide horiek.

            Era berean, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du aplikazio informatikoan 2019ko apirilaren 12ko 24:00ak baino lehen. Dokumentu horretan zehaztuko ditu puntuazioa emateko irizpideak. Hala, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eduki ahal izango dute eskura. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da zentroko iragarki-oholean.

          3. Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Hainbat arrazoirengatik ematen badira, puntuak banatzeko bi aukera daude: guztira eman daitezkeen puntuak arrazoi horien artean banatu edo, arrazoi horietako bat betetzen denean, puntu guztiak eman.

          4. Puntu osagarriak emateko irizpideak desberdinak izan daitezke kurtso edo hezkuntza-maila bakoitzean.

          5. Apartatu honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere puntu osagarri bat eman daitekeela.

          6. Apartatu honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ikastetxe bakoitzeko irizpideak balioztatu beharko ditu. Balioztatze hori egiteko epea 2019ko apirilaren 30ean bukatuko da. Ikastetxeak onartutako irizpide batek aurreko baldintzak betetzen ez ba ditu, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ikastetxeari irizpide hori aldatzeko eskatuko dio. Aldaketa hori egiteko eta ondoren Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak dokumentu berria balioztatzeko epea apirilaren 30ean bukatuko da.

          7. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluei dagokie zehaztea zein agiri aurkeztu behar diren atal honetan aintzat hartuko diren irizpideak betetzen direla ziurtatzeko.

          8. Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten zentroek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: zentroko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.

            Hogeigarrena. Errentako datuak egiaztatzea.

            Ikastetxeek eskabideak barematu behar badituzte, aurkeztutako datuak egiaztatu beharko dituzte. Harik eta datuak egiaztatu eta emaitzak lortu arte, honela jokatuko dute:

          1. Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, kontuan hartuko dira egiaztatzeko baimena eman duten lagunen puntuazioak. Dena den, datuak egiaztatu eta gero, puntuazioak aldatu ahal izango dira, onartu eta baztertutakoen zerrendak prestatzeko.

          2. Datuak egiaztatu eta horien emaitzak jaso eta gero, eta errenta baloratzeko, ontzat emango dira Ogasunak egiaztatutako datuak.

          3. Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasotzen badira, egoera hau kontuan hartuko da behin betiko zerrendak egitean.

            Hogeita batgarrena. Onartutako eta baztertutako ikasleen zerrenden esleipena eta argitalpena.

          1. Barematu behar ziren eskaerei baremoa ezarri ondoren, zentro bakoitzean jaso diren eskaera guztiak horrela ordenatuko dira:

            1. Lehenik, eranskin honen zazpigarren jarraibideko 4. eta 5. apartatuetan ezartzen diren lehentasunak betetzen dituztenak.

            2. Ondoren, beste eskaera guztiak.

              Aipatutako bi talde horietako bakoitzaren barruan, eskabideak ordenatuko dira lortutako puntuazioaren arabera eta, berdinketa badago, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 25. artikuluan zehazten diren berdinketa hausteko baldintzen arabera.

              Ordenazio horri jarraikiz, Hezkuntza Sailak esleipen orokorra egingo du, eta horren arabera esleituko dira plaza eskuragarriak. Esleipen horretan, jasotako eskaera guztiak aztertuko dira, ikastetxe, kurtso, modalitate eta hizkuntza-ereduen konbinazio guztietan, eta puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Gehienez plaza bat esleituko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskaeren ordena errespetatuz.

          2. Esleipena amaitu ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira eta erreklamazioak erabaki eta gero behin betikoak. Baremazioa ezartzea beharrezkoa izan den kasuetan, zerrendetan ikasleek baremoaren apartatu eta azpiapartatu guztietan lortu duten puntuazioa agertuko da.

            Zerrenda horiek jakitera emango dira Sailaren Interneteko atarian, Ikasgunea (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabideko eskaeretan adierazitako ikastetxe, modalitate eta hizkuntza-ereduen zerrenda. Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.

          3. Zerrenda horietan ezin dira agertu eskabideak egiteko epearen amaieran argitaratu den eskatzaile-zerrendan agertzen ez diren ikasleen eskabideak.

          4. Onartutako pertsonek zuzenean galduko dute jatorrizko zentroan zeukaten plaza. Egoera hau kontuan hartuko da esleipen-prozesuan.

          5. Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean plaza eskuragarririk ez dagoen ikastetxeetan, eskatutako plazarik lortu ez duten ikasleak edo lehentasun gutxiagoko plaza lortu dutenak itxarote- zerrendan sartuko dira. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskaera guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskaeretan jarritako ikastetxe, modalitate eta hizkuntza-ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira.

            Hogeita bigarrena. Erreklamazioak.

            Behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenean edo eskola-kontseiluan aurkeztuta, agindu honetan xedatutako epeetan. Erreklamazioa Hezkuntza Sailak abian jarritako plataformaren edo Interneten bidez egingo da, edo aurrez aurre. Aurrez aurreko erreklamazioaren kasuan, izapidea lehenengo eskaeran eskatutako zentroan (baremoaren edozein apartatutarako) egin ahal izango da, edo eskatutako beste edozein zentrotan (horri dagozkion baremoko apartatuetarako). Hori horrela izan arren, erreklamazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa ebazpena egin den zentroan entregatu beharko da.

            Ikastetxeak eskatzaileek aurkeztu erreklamazioak jaso beharko ditu dagokion aplikazio informatikoan. Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko, inprimaki hori izango delarik erreklamazio aurkeztuaren egiaztagiria.

            Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.

            Administrazioak aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eska ditzake.

            Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren erabakia ikaslea egoki eskolatu ahal izateko epean jakinaraziko da. Erabaki horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari.

            Hogeita hirugarrena. Matrikula formalizatzeko epeak.

            Ikastetxe batean onartuen behin betiko zerrendan nahiz prozesuan parte hartu beharrik gabe plaza gorderik zeukatenek (hots, ikastetxean matrikulaturik egon eta maila errepikatuko dutenek nahiz DBHko 4. mailatik Batxilergoko 1. mailara edo Batxilergoko 1. mailatik 2. mailara pasako diren ikasleek) matrikula formalizatu beharko dute ohiko matrikulatze-epean, hau da, 2019ko ekainaren 19tik uztailaren 5era bitartean, biak barne, halaxe xedatu baita agindu honen 2. artikuluan.

            Plaza edukitzeko eskubidea duen pertsona batek ez badu matrikula formalizatzen epe ezarrian, galduko ditu hari esleitu edo harentzat gordetako plazaren gaineko eskubide guztiak.

            Ikastetxeek egiaztatzen badute hasiera batean aurreikusi baino plaza huts gehiago dituztela (azkenean beharrezkoa zena baino plaza gehiago gorde izanagatik), ohiko epean matrikula ditzakete, baita ere, pertsona onartuen zerrendan ageri ez diren ikasleak, kontuan izanik matrikulazio ikastetxeak 2019ko uztailaren 5era arte bermatu behar duela arau honetako lehenengo paragrafoan aipatu pertsonek matrikulazioan lehentasuna edukitzeko duten eskubidea.

            Era berean, ikastetxeek aukera izango dute, behin ohiko matrikulazio-epea amaiturik plaza hutsak geratzen badira, 2019ko irailaren 30era arte hala eskatzen duten eta kasuan kasu eskatu baldintza akademikoak betetzen dituzten pertsonak matrikulatzeko, plaza huts guztiak bete arte.

            Onartuen zerrendan ez dauden pertsonak matrikulatzeari dagokionez, ikastetxeek plaza huts horiek eskaini beharko dizkiete, lehenik, itxarote-zerrendan ageri diren pertsonei, zerrendako hurrenkera ordenan.

            2019ko urriaren 1etik aurrera, ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoan inor libreki matrikulatu. Egun horretatik aurrera pertsonaren batek Batxilergoan matrikulatu nahi badu, baimena eskatu beharko dio dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde Buruzagitzari. Eskaera zuzenean egin dezake Ordezkaritzan bertan edo, bestela ere, matrikula egin nahi duen ikastetxearen bidez.

            Soilik behar bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan emango du Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde Buruzagitzak 2019ko urriaren 1etik aurrera Batxilergoan matrikulatzeko baimena. Ikastetxeek ezin izango dituzte pertsona horiek matrikulatu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aurretiaz baimenik eman ez badu.

            Hogeita laugarrena. Matrikula baieztatzea.

            Ikasle baten matrikula egin ondoren, ikastetxeak aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio. Inprimaki hori, behin zigilaturik, behin-behineko matrikula gauzatuaren egiaztagiri izango da.

            Hala ere, ikaslearen behin betiko matrikula egongo da modalitate edo hizkuntza-eredu horretako taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen gutxieneko kopurua lortzearen mende. Era berean, hasieran aukeratu dituen aukerako ikasgaietan (ardatzekoetan ala berariazkoetan) matrikulatu ahal izateko, lortu beharko da ikasgai jakin bakoitzeko taldea osatzeko beharrezkoa den ikasle kopuru minimoa.

            Ikasgairen batean ez bada lortu taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen kopuru minimoa, ikastetxeak ikasgai aipatua aukeratu duten pertsonekin hitz egin beharko du hasierako haien hautua aldatzeko. Ikastetxeak ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.

            Hogeita bosgarrena. Matrikula ezeztatzea.

            Eskolatzeko aurreikusitako urteak ez agortzeko, matrikula ezabatzeko eskatu ahal izango diote ikasleek ikasten duten ikastetxeko zuzendariari, egoera hauetako bat gertatzen denean: ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten gaixotasun, lanpostu edo pertsona- edo familia-izaerako obligazioak izatea.

            Eskabide horiek egiteko epea 2020ko apirilaren 30ean bukatuko da. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari egingo zaizkio eskaerak eta aurkeztu beharreko egiaztagiri guztiak erantsi beharko zaizkio.

            Ikaslea matrikulatuta dagoen Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak ebatziko du eskabidea, eta bakar-bakarrik onartuko du arestian adierazitako egoeraren bat gertatzen denean.

            Ebazpenaren berri jasoko da ikaslearen dokumentazio ofizialean. Ikastetxe pribatuen kasuan, ebazpen horren berri emango zaio ikastetxea atxikita dagoen Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoko zuzendariari.

Lehenengoa. Prozedura informatikoaren derrigorrezkotasuna.

Agindu honen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailak horretarako espresuki diseinatu duen prozedura informatiko zehatzaren bidez gauzatu beharra dago 2019-2020 ikasturterako Batxilergoko ikasleen harrera.

2019-2020 ikasturtean ikasketa horiek emango dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak derrigorturik daude hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera, betiere argibide hauetan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetan.

IKASTETXE, IKASTURTE, BATXILERGO-MOTA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEAN IZANGO DIREN PLAZEN ESKAINTZAREN DEFINIZIOA

Bigarrena. Eskaintzaren datu orokorrak sartzea.

Hezkuntza Administrazioak 2019ko apirilaren 26ko 24:00ak baino lehen sartuko ditu aplikazio informatikoan Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoen nahiz pribatu itunduen eskaintzari buruzko datuak, eta zehaztuko du Batxilergoko maila bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean ikastetxeak eskaintzen dituen batxilergo motak, baita maila bakoitzean eskainiko diren taldeen guztizko kopurua ere.

Datu horiek Hezkuntza Administrazioak soilik alda ditzake 2019ko maiatzaren 21eko 24:00ak arte.

Hirugarrena. Eskaintzaren banaketa, batxilergo-moten eta hizkuntza-ereduen arabera.

Talde kopuru maximoak zehaztuko du ikastetxe bakoitzaren hasierako plazen kopuru maximoa ikasturte bakoitzerako. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan 30 plaza izango ditu talde bakoitzak, eta ikastetxe pribatu itunduetan, ordea, 35.

Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko edo pribatu itundu bakoitzari dagokio ezartzea eta aplikazio informatikoan sartzea ikasturte bakoitzerako plazen guztizko kopuruaren banaketa, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzaren araberakoa. Horretarako, kontuan izan beharko du aipatu batxilergo-mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean den eskaera.

Laugarrena. Plazak gordetzea maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean.

Behin maila bakoitzeko plazen guztizko kopurua banaturik, ikastetxe bakoitzari dagokio aurreikustea eta aplikazio informatikoan sartzea batxilergo mota bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean gorde behar diren plazen kopurua ondoko talde hauentzako:

  1. Ikasle errepikatzaileak: Batxilergoko 1. eta 2. mailan egun matrikulaturik dauden eta hizkuntza-eredu eta modalitate berean ikastetxean maila errepikatuko dutela aurreikusten den ikasleak.

  2. Ikastetxeko ikasleak, aurreko mailatik datozenak:

    Egun ikastetxean DBHko 4. mailan matrikulaturik dauden eta ikastetxean bertan Batxilergoko 1. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, arte-batxilergoan izan ezik, gainerako beste guztietan. (Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bermatuko da ikasleek ikastetxean jarraitzea ikastetxean ematen diren ikasketak amaitu arte, arte-batxilergoaren kasuan izan ezik).

    Egun ikastetxean Batxilergoko 1. mailan matrikulaturik dauden eta hizkuntza-eredu eta modalitate berean ikastetxean Batxilergoko 2. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak.

    Halaber, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoek eta ikastetxe pribatu itunduek gorde beharko dute, izena aurrez emateko eta matrikulatzeko epea amaitu arte, hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak zehaztutako plaza-kopurua.

    Hezkuntza Administrazioari dagokio aplikazio informatikoan sartzea ikastetxe, ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean arrazoi horregatik gorde behar diren plazen kopurua.

    Aplikazio informatikoan sartu beharko dira, 2019ko maiatzaren 21eko 24:00ak baino lehen, mota eta hizkuntza-ereduen araberako eskaintzaren banaketari buruzko eta mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean gordetako plazei buruzko datuak.

    Bosgarrena. Eskaintzaren behin betiko egituraketa.

    Ikastetxe bakoitzean ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaintzen diren plazak kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharra dago: kendu behar zaio ikastetxeak modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskainitako plazei gordetako plazen kopurua (gordetako plazak dira: ikasle errepikatzaileentzako plazak + aurreko mailako ikasleentzako plazak + hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako plazak).

    Seigarrena. Plazen eskaintza berrestea.

    2019ko maiatzaren 21eko 24:00ak baino lehen, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek amaiera eman beharko diote eskaintzari nahiz plazak gordetzeari buruzko datuak sartzeari.

    2019ko maiatzaren 28ko 24:00ak baino lehen, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde Buruzagitzek berrikusi beharko dituzte haien Lurralde Historikoko ikastetxeek sartu dituzten datuak, eta zuzendu beharko dituzte ikastetxeak baimendua duenarekin bat ez datozen datuak. Zuzenketarik eginez gero, erasandako ikastetxea jakinaren gainean jarri beharko dute.

    IRAKASGAIEN BLOKEAK DEFINITZEA

    Zazpigarrena. Ikastetxeek zenbait irakasgai-bloke definitzeko aukera.

    Nahi duten ikastetxeek aplikazio informatikoan zehaztu ditzakete ikasgai zehatzez osatutako irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago. Zehaztapen hori guztiz aukerakoa izango da ikastetxeentzat, eta hizpide dugun zehaztapenaren xede bakarra izango da ikastetxeari erraztea ikasle bakoitzak egingo dituen irakasgaiei buruzko datuak sartzea.

    Horrela, datu horiek sartzen badira pertsona baten eskabidean edo azken horren matrikula formalizatzean, nahikoa izango da irakasgaien bloke aukeratua zehaztearekin bloke horretako ikasgai guztiak automatikoki jasotzeko, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izango horiek banan-banan zehaztea.

    Irakasgaien blokeak definitu nahi dituzten ikastetxeek aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte blokeok 2019ko uztailaren 5ak baino lehen.

    SARTZEKO ESKAERAK

    Zortzigarrena. Sartzeko eskabideak aurkeztea.

    Eskaera ikastetxe batean egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

    Bederatzigarrena. Pertsona eskatzailea bilatzea aplikazioaren datu-basean.

    Datuak sartzea errazte aldera, eskabideko datuak sartzen dituzten ikastetxeko langileek egiaztatu beharko dute pertsona eskatzailea aplikazio informatikoko datu-basean dagoen. Horretarako, pertsona hori bilatu beharko dute haren daturik bereizgarrienak oinarri harturik: NAN, izena, abizenak, jaioteguna eta sexua.

    Behin datuak sarturik, aplikazio informatikoak ekarriko du datu sartuekin bat datorren pertsonaren edo pertsonen zerrenda. Zerrendan ageri bada eskatzailearen izena, hura aukeratuko dute, eta ez da beharrezkoa izango datu-basean jasota dauden pertsona horren datuak berriz sartzea.

    Hala ez bada, hots, bilaketa egin eta aplikazio informatikoak ez badakar emaitzarik edo ekarri dituenak ez badagozkio pertsona eskatzaileari, erregistro berria zabaldu beharko da datu-basean ageri ez den eskatzaile horrentzat, eta haren datu guztiak sartu.

    Hamargarrena. Eskabideko datuak sartzea.

    Eskatzaileak edo bere eskaera jasotzen duen ikastetxeak aplikazio informatikoan sartu beharreko ditu, nahitaez, ondoko datu hauek:

  1. Eskatzailearen datu pertsonalak.

  2. Eskatzaileak egiten dituen eskaera guztiak, lehentasun hurrenkeran.

  3. Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.

  4. Eskatzaileak aurkeztu agiriak.

    Hamaikagarrena. Eskatzailearen datu pertsonalak.

    Datu hauek sartu beharko dira:

    Eskatzailearen Hezkuntzako Identifikazio Agiriaren zenbakia (HIA).

    Eskatzailearen NAN edo, eskatzaileak espainiar nazionalitatea ez badu, dagokion identifikazio-agiriaren zenbakia.

    Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzailearen nazionalitatea espainiarra ez bada eta bigarren abizenik ez badu, inguruabar hori jaso beharko da.

    Eskatzailearen sexua, jaioteguna, sorterria, helbidea eta telefono zenbakia.

    Eskatzailea eskabidea egin duen unean eskolatua dagoen ikastetxea, maila eta ikasturtea.

    Eskatzaileak hezkuntzako behar bereziren bat badu, inguruabar hori jasoko da.

    Eskatzailea adinez txikia bada, jasoko dira gutxienez pertsona arduradun baten datuak (aitarenak, amarenak edo legezko tutorearenak).

    Hamabigarrena. Pertsona eskatzailearen eskaerak, lehentasun hurrenkeran.

    Lehendabizi, aplikazio informatikoan sartu behar dira eskatzaileak ikasi nahi duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).

    Ondoren, eskatzaileak egin ditzake, gehienez ere, 24 eskaera, eta lehentasun hurrenkeran zenbakiak jarriko dizkie. Eskaera bakoitzean zehaztu beharko dira ikastetxea, ikasturtea, batxilergo mota eta hizkuntza-eredua. 2018-2019 ikasturtean batxilergoa ikasten ari direnek plaza eskatu ahal izango dute hurrengo ikasturtera pasatzeko edo egun ikasten ari diren maila errepikatzeko.

    Aurreko elementuetako batekin (ikastetxearekin, batxilergo motarekin edo hizkuntza-ereduarekin) bat ez datorren eskaera egiteko, eskaera berria egin beharra dago.

    Hamahirugarrena. Ikasgaiak aukeratzea.

    Hala nahi duten ikastetxeek sar ditzakete, eskatzaileak egiten dituen eskaeretatik lehenengoan, eskatzaileak egin nahi dituen aukerako ikasgaiei (ardatzekoei eta berariazkoei) buruzko datuak. Aplikazio informatikoan irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago aurretiaz definitu dituzten ikastetxeetan, irakasgaien bloke aipatuak erabil daitezke ikasgai aukeratuak sartzeko.

    Ikastetxeentzat guztiz borondatezkoa izango da datu aipatuak sartzea, egintza horren helburu bakarra izango delarik ikastetxeak aurretiaz edukitzea ikasle bakoitzak lehentasunez egin nahi dituen ikasgaiei buruzko informazioa. Datu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko plazak esleitzeko prozesuan.

    Eskatzaileak eskaera egiteko unean aukeratu dituen ikasgaiek ez dute eraginik izango azken buruan matrikulatuko dituen ikasgaien gain, ikasgaiak aukeratu behar baititu matrikula formalizatzeko unean.

    Hamalaugarrena. Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.

    Aplikazio informatikoan ondoko datu hauek sartu beharko dira:

  1. Baremoko A atalari buruzko datuak.

    Eskatzaileak alegatzen badu 2017. urteko errentaren aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez dituela gainditzen 9.906,40 euroak, ezaugarri hori jasoko da. Errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu bada, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena emango dio baieztapen horren egiazkotasuna egiazta dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunetan. Horretarako, egoki den laukia markatu beharra dago. Aitzitik, errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin bada, 2017. urteari dagokion aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharra dago, eta datu aipatua dagokion laukian markatu.

    Alegatuz gero eskatzaileak adinez txikiko neba-arrebarik duela, neba-arreben kopurua adierazi beharra dago.

  2. Baremoko B atalari buruzko datuak.

    Zehaztuko dira baremoko B ataleko puntuak lortzeko eskatzaileak alegatu dituen helbideak (eskatzailearen bizilekua edota aitaren, amaren, legezko tutorearen edo ikaslearen beraren lantokia).

  3. Baremoko C atalari buruzko datuak.

    Eskatzaileak baldin badu ikastetxe eskatuan edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulaturiko neba-arrebarik, marka jarri beharko da dagokion laukian.

    Bestetik, eskatzaileak alegatzen badu bere aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxe eskatuan lan egiten duela, marka jarri beharko da dagokion laukian.

  4. Baremoko D atalari buruzko datuak.

    Adierazi beharra dago eskatzailearen familia ugaria den ala ez. Haren familia ugaria baldin bada, zehaztu beharra dago familia ugari orokorra ala berezia den.

  5. Baremoko E atalari buruzko datuak.

    Adierazi beharra dago eskatzailea familia-harrera egoeran dagoen ala ez.

  6. Baremoko F atalari buruzko datuak.

    Eskatzaileak minusbaliotasunik badu, marka jarri beharra dago dagokion laukian.

    Eskatzailearen aita, ama, legezko tutorea edo neba-arrebetako bat minusbaliatua bada, marka jarri beharko da dagokion laukian.

  7. Baremoko G atalari buruzko datuak.

    Eskatzailearen familiako kideren bat baldin bada ikastetxe eskatuko bazkide kooperatibista, marka jarri beharko da dagokion laukian.

  8. Baremoko H atalari buruzko datuak.

    Zehaztu beharra dago Eskola Kontseiluak edo ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak libreki zehazturiko irizpideetatik zein alegatzen dituen eskatzaileak, eta irizpide horien arabera eskatzaileari zer puntuazio dagokion.

    Hamabosgarrena. Eskatzaileak aurkeztu agiriak.

    Marka bat jarriko da eskatzaileak entregatu agiri bakoitzari dagokion laukian.

    Hamaseigarrena. Eskabideetako datuak sartzeko epea.

    2019ko maiatzaren 21eko 24:00ak baino lehen, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek amaiera eman behar diote eskabideetako datuak sartzeari. Une horretara arte, ikastetxeek datu berriak sartu ahal izango dituzte aplikazio informatikoan, eta zuzendu ere bai.

    ESKAERAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA

    Hamazazpigarrena. Eskabideak barematzea.

    Maiatzaren 2tik aurrera, aplikazio informatikoaren bidez ikastetxeek aukera izango dute uneoro izateko maila, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen eskaeraren berri. Horrela, parada izango dute eskaeraren eta eskaintzaren banaketa alderatzeko, hau da, eranskin honetako bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren jarraibideetan ezarri prozeduraren arabera ikastetxeak zehaztu banaketa. Datu horiei esker, ikastetxeak -posible bada- eskaintzaren hasierako datuak alda ditzake eta hura benetan existitzen den eskaerari egokitu. Arestian zehaztu bezala, posible izango da aldaketa horiek egitea 2019ko maiatzaren 21eko 24:00ak arte.

    Une horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskaeren datuak aldatzeko epea itxita, aplikazio informatikoak zehaztuko du kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean aurkeztu eskabide guztiak onar daitezkeen ala ez. Onar badaitezke, ez da beharrezkoa izango eskabide aurkeztuen baremazioa gauzatzea.

    Aitzitik, ezin badaitezke denak onartu, hau da, kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu zehatz bateko eskaerak eskaintza gainditzen badu, ikastetxeak barematu beharko ditu dauden eskaera guzti-guztiak, eskatzaileek aurkeztu agiriak aztertu ondotik. Ikastetxeak baremoaren atal guztiak barematu beharko ditu eskatzailearen lehenengo aukera ikastetxe bera bada; eskatzailearen lehenengo aukera beste ikastetxe bat bada, baremoaren b), c), g) eta h) apartatuak besterik ez du barematuko.

    Ikastetxeak ezin izango du aldatu eskatzailearen familia-unitatearen errentaren aitorpenari dagokion atala, betiere, eskatzaileak Hezkuntza Administrazioari baimena eman badio datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunetan egiaztatzeko. Kasu horietan hezkuntza administrazioak aldatuko du baremazioaren atal aipatua, betiere, Ogasuneko datuek ez badute erakusten 2017. urteko errentaren aitorpeneko zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren batura 9.906,40 eurotik gorakoa ez dela.

    Bestetik, atal bakoitza barematzerakoan ikastetxeak aplikatu behar ditu agindu honetako II. eranskinaren zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren, hamabigarren eta hamahirugarren jarraibideetan ezarri baremazio-arauak.

    Baremazioa gauzatu behar duten ikastetxe guztiek prozesu hori amaitu beharko dute 2019ko maiatzaren 28ko 24:00ak baino lehen.

    Hemezortzigarrena. Plazak esleitzea.

    2019ko ekainaren 4a baino lehen, Hezkuntza Sailak abiaraziko du Batxilergoko maila bakoitzeko plazak esleitzeko prozesua. Aplikazio informatikoak gauzatuko du aipatu prozesua. Horretarako, kontuan hartuko ditu sartu diren datu guztiak eta aplikatuko du indarreko arauetan ezarritakoa, betiere, jarraian azalduko dugun prozedurarekin bat etorriz.

    Lehendabizi, aplikazio informatikoak agindu honen I. eranskineko zazpigarren jarraibideko 4. eta 5. ataletan xedatutako lehentasun-eskubideak hartuko ditu kontuan.

    Ondoren, aplikazio informatikoak eskaerak barematuko ditu agindu honetako II. eranskinean ezarri baremoaren arabera, eta eskaerok ordenan jarriko ditu oinarri harturik, batetik, guztizko puntuazio lortua eta, bestetik, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren bidez ezarri berdinketak hausteko irizpideak. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ere baldin bada berdindurik dirauen eskatzailerik, ordenan jarriko dira, txikienetik handienera, eskabideari ausaz esleitu ordena-zenbakiaren arabera. Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea ez oztopatzeko, bi anai-arreba hezkuntza-maila berean daudenean eta baremo-puntuazio berdina dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerragoa lortu duen anai-arreba emaitza hobea atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.

    Antolaketa horri jarraikiz, Hezkuntza Sailak esleipen orokorra egingo du, eta horren arabera esleituko dira plaza eskuragarriak. Esleipen horretan, jasotako eskaera guztiak aztertuko dira, ikastetxe, kurtso, modalitate eta hizkuntza-ereduen konbinazio guztietan, eta puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Gehienez plaza bat esleituko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskaeren ordena errespetatuz.

    ONARTUEN ZERRENDAK, EZ-ONARTUEN ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK

    Hemeretzigarrena. Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.

    Aplikazio informatikoak emango ditu pertsona onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.

    Baremaziorik egitea beharrezkoa izan ez den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordena alfabetikoan egongo da (lehen abizena, bigarren abizena eta izena).

    Baremaziorik egitea beharrezkoa izan den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordenan egongo da, baremoko guztizko puntuen kopuruaren arabera, handienetik txikienera, eta berdinketa hausteko irizpide ezarriekin bat. Zerrenda horretan zehaztuko da pertsona bakoitzak baremoko atal nahiz azpiatal guztietan lortu duen puntuazioa, baita berdinketak hausteko ausaz esleitu zaion zenbakia ere.

    Zerrenda horiek jakitera emango dira Sailaren Interneteko atarian, Ikasgunea (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabideko eskaeretan adierazitako ikastetxe, modalitate eta hizkuntza-ereduen zerrenda. Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.

    Hogeigarrena. Erreklamazioak aurkeztea.

    Eskatzaile batek erreklamazio bat aurkeztu duenean, ikastetxeak pertsona interesdunaren fitxara joko du, «Erreklamazioak» pantaila zabalduko du, eta bertan sartuko ditu, batetik, baremoko atala edo atalak zeinaren edo zeinen kontra eskatzaileak erreklamazioa aurkeztu duen eta, bestetik, kexa aurkeztu duen pertsonak aurkeztu dituen agiriak. Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko dio.

    Hogeita batgarrena. Erreklamazioak ebaztea.

    Ikastetxeak erreklamazio aurkeztu guztiak ebatzi beharko ditu 2019ko ekainaren 18a baino lehen.

    Horretarako, jo beharko du kexa aurkeztu duen pertsonari dagokion aplikazio informatikoko «Erreklamazioak ebaztea» pantailara. Pantaila horretan agertuko dira baremoko atalak zeinen kontra erreklamazioa egin den. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, guztiz ala partzialki. Horrela, kasu bakoitzean, markak jarri beharko ditu aplikazio informatikoko lauki egokietan eta, hala badagokio, aldatu beharko du baremoko atal edo azpiatal aipatuko behin-behineko puntuazioa.

    Erreklamazioa guztiz edo partzialki onartzen bada, aldatuko da erreklamazioa egin duen pertsonari dagokion baremoko puntuazioa.

    Hogeita bigarrena. Onartuen eta ez-onartuen behin betiko zerrendak.

    Aplikazio informatikoak emango ditu pertsona onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horiek ordenan egongo dira behin-behineko zerrenden modu berean eta jasoko dituzte azken horien zehaztapen berberak. Halaber, zerrenda horiek jakitera emango dira behin-behineko zerrenden modu berean.

    MATRIKULA FORMALIZATZEA

    Hogeita hirugarrena. Matrikula formalizatzea.

    Ohiko epean nahiz epe hori amaitu ondoren gauzatzen diren matrikulazio guztiak egin beharko dira Batxilergorako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, aplikazio horretan sartu beharko direlarik pertsona matrikulatuaren datu guztiak eta haren matrikularen baieztapena.

    Matrikulatuko den pertsona ez bada ageri aplikazioaren datu-basean, ikastetxeak erregistro berria ireki beharko du pertsona horrentzat, eta sartu beharko ditu, lehenik, haren datu pertsonalak eta, ondoren, matrikulazioari dagozkion datuak.

    Gehien-gehienetan, matrikulatuko den pertsona aplikazio informatikoaren datu-basean ageriko da, bai sartzeko eskabidea aurretiaz egin duelako, bai 2018-2019 ikasturtean ikastetxean edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxeren batean matrikulatua egon delako. Kasu horretan, sartu ahal izango dira soilik matrikulazioari buruzko datuak, hau da:

    Zer ikasturterako egin duen matrikula.

    Egingo duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).

    Hizkuntza-eredua.

    Zehaztu beharra dago eskatzaileak Lanbide Heziketako Teknikari edo Goi-mailako Teknikari titulua edo Dantza edo Musika ikasketa profesionaletako Teknikari titulua badu edo lor badezake (Bai ala Ez). «Bai» markatuz gero, bi aukeretako bat adierazi behar da.

    Pertsona batek Batxilergoko 1. kurtsoan matrikula egiten badu, zehaztu beharra dago pertsona horrek maila errepikatuko duen ala ez (Bai ala Ez).

    Matrikulatzen den batxilergo modalitatea zehaztu beharra dago (Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak: bidea Giza Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak: bidea Gizarte Zientziak ala Arteak).

    Zehaztu beharra dago, baita ere, ikaslea zer irakasgaien bloketan matrikulatzen den, eranskin honetako zortzigarren arauan xedaturikoa aplikatuz irakasgaien bloke aipatuak zehaztu dituzten ikastetxeen kasuan soilik. Irakasgaien blokea markatuz gero, pertsona automatikoki matrikulaturik egongo da bloke horretako ikasgai guztietan, eta ez da beharrezkoa izango banan-banan markatzea.

    Zehaztu behar dira ikaslea matrikulatu den ikasgai guzti-guztiak (komunak eta aukerakoak). Mailako ikasgai guztietan matrikulatuko diren pertsonak automatikoki matrikulatuko dira ikasgai komun guztietan, eta ez dira banan-banan markatu behar.

    Zehaztu beharra dago ikasleak ikastetxean bertan edo urrutiko ikaskuntzaren bidez gauzatuko dituen matrikulatu aukerako ikasgai guztiak (ardatzekoak eta berariazkoak). Azken aukera hori posible da soilik ikasleak ikasgai batean matrikulatu nahi badu eta ikastetxeak ezin badu eskaini, dela antolakuntzaren eraginez, dela dagokion taldea osatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua bildu ez duelako. Ikasleei ez zaie baimenik emango urrutiko modalitatean matrikulatzeko ikastetxean ematen den ikasgai batean.

    Batxilergoko 2. mailako ikasleen matrikuletan zehaztu behar dira, hala badagokio, gainditzeke dituzten 1. mailako ikasgai matrikulatu berriak.

    Hogeita seigarrena. Aurkeztutako agiriak.

    Ikastetxeak, halaber, aplikazio informatikoan jaso beharko du matrikula gauzatzean pertsona bakoitzak aurkeztu dituen agiriak.

    Hogeita zazpigarrena. Matrikula baieztatzea.

    Behin datu guztiak matrikulan sarturik, ikastetxeak matrikula gordeko du. Ondoren, aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio.

    Hasierako matrikulan aldaketarik egitekotan, aldaketa horiek aplikazio informatikoan jaso beharko dira berehala. Eta ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.

    Hogeita zortzigarrena. Batxilergoko ikasleen matrikulazioari buruzko datuak sartzea ikastetxe pribatu ez itunduetan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxeetan.

    Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxe pribatu ez itunduak eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko ikastetxeetan ez daude derrigorturik hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera ikasleak hartzeko prozesuan.

    Nolanahi ere, ikastetxe aipatuek aplikazio informatiko horretan sartu beharko dituzte ikastetxean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailan matrikulatu ikasleen datuak. Datu horiek sartzeko epea 2019ko irailaren 30ean amaituko da.

    MATRIKULA EZEZTATZEA

    Hogeita bederatzigarrena. Matrikula ezeztatzea.

    Matrikula ezabatzeko eskabide bat onartuz gero, ikastetxeak egoera hori jaso beharko du aplikazio informatikoan. Kudeaketa-lan hori egiteko epea 2020ko maiatzaren 6an bukatuko da.

    DATU ESTATISTIKOAK GORDETZEA

    Hogeita hamargarrena. Datu estatistikoak balioztatzea.

    Agindu honetako 3. artikuluan xedatu bezala, ikastetxeek 2019ko uztailaren 10a arte, egun hori barne, izango dute dagokion aplikazio informatikoan balioztatzeko Batxilergoko matrikulazioari buruzko datu globalak, matrikulazioaren ohiko epeari dagozkionak.

    Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko Estatistika Unitateek adierazi epean, Batxilergoko matrikulazioari buruzko behin betiko estatistika-datuak balioztatu beharko dituzte aplikazio informatiko aipatuan.

(Ikus .PDF)

GIPUZKOA

(Ikus .PDF)

BIZKAIA

(Ikus .PDF)

DANTZAKO IKASKETA ARAUTUAK IKASTEN DITUZTEN IKASLEEK SARTZEKO LEHENTASUNA DUTEN ZENTROAK

ARABA

(Ikus .PDF)