Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendarien ebaluazio-prozesuari buruzkoa. Zuzendari horiek lau urterako izendatzen dira, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak xedatutako prozedurari jarraikiz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 2752
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/05/25
  • Argitaratze-data: 2012/06/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 139. artikuluko 3. atalean xedatzen du unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendarien ebaluazioa egin behar dela haien agintaldiaren amaieran.

Xedapen berbera Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 33 sexies artikuluko 3. atalean jasota dago, horrelako idazkera baitu lege horren bigarren aldaketarako ekainaren 13ko 3/2008 Legearen bederatzigarren artikuluan.

Aipatutako lege horietan xedatutakoa garatzearren onetsi zen otsailaren 3ko 22/2009 Dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko prozedurari buruzkoa.

Dekretu horren 18. artikuluak xedatzen du ebaluatu egingo direla dagokion aukeraketa-prozesuaren bidez hautatutako eta lau urtez karguan jarduteko izendatutako zuzendariek betetzen duten kargua eta egiten dituzten jarduerak, beti ere izendapenaren aginte-aldia betetzen badute. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren dagokion aginduak ezarriko du ebaluazio-prozesu hori arautuko duen oinarrizko arautegia. Ebaluatzeko garaian ikastetxeko taldeko aginte-organoen iritzia hartuko da kontuan, goian aipatutako ebazpenak ezarriko dituen baldintzetan.

Xedapen hori betetzearren, Agindu honen bidez, lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten zuzendarien ebaluazio-prozesua arautzen da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 151. artikuluak Hezkuntzako Ikuskaritzari esleitzen dizkio, beste eskumen batzuen artean, zuzendaritza-funtzioa ikuskatzea, eta hezkuntza-sistemaren eta sistema hori osatzen duten elementuen ebaluazioan parte hartzea.

Amaitzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, VI. Tituluaren bidez, Hezkuntza Sistemaren ebaluazioa arautzen du. Haren xedeen artean zehazten du hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea hobetzen laguntzea; eta 141. artikuluan mugatzen du ebaluazioaren eremua, zuzendaritza-funtzioa ere barne hartzen duena, ikastetxeen funtzionamendua hobetzea helburutzat hartuta. Halaber, helburu horretan laguntzea da agindu honen xedea, hain zuzen ere, zuzendaritza-jarduera hobeto bete dadin ahalegintzea, eta, horren ondorioz, ikastetxeen funtzionamendua hobetzea.

Ondorioz, eta eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

Agindu honen xedea da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendarien lanbide-jardueraren ebaluazioa egiteko prozedura arautzea.

Agindu hau aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako zuzendari guztien ebaluazio-prozesuetan, baldin eta otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan xedatutako aukeraketa-prozesua gauzatu ostean kargua lau urtez betetzeko izendatuak izan badira.

  1. Agintaldian zuzendari-kargua nola bete den aztertzen duen ebaluazioaren helburu orokorra da zuzendaritza-jarduera etengabe hobetzea, eta, horren ondorioz, dagokion ikastetxeko hezkuntzaren kalitatea handiagotzea.

  2. Halaber, ebaluazioak berariazko helburu hauek ditu: gaia horri buruzko arautegiak xedatzen duenari jarraikiz, merezimendu-lehiaketaren bidez izendatuak izan diren eta balorazio positiboa lortzen duten zuzendariei aginte-epea berritzeko aukera ematea, eta Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak 33. sexies artikuluan aipatzen duen aintzatespen pertsonala eta profesionala bideratzea, gaia horri buruzko arautegiak xedatzen duena betez.

  1. Zuzendari-karguan egindako jardunaren ebaluaziorako prozedura da informazio garrantzitsua biltzeko eta aztertzeko prozesua. Prozesu horren helburua da zuzendaritza-funtzioaren garapena ezagutzea, haren praktika hobetzeko bultzada eta orientazioa ematea eta egindako jardunaren balorazioa gauzatzea.

  2. Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako zuzendarien ebaluazio-prozesua derrigorrezkoa da.

  3. Ebaluazio hori egiteko erreferentzia hauek aintzat hartuko dira: indarrean dagoen legedia, ebaluatutako pertsonak aurkeztutako zuzendaritza-proiektuan xedatutako helburuak zenbateraino gauzatu diren urtero, eta ikastetxeko jarduera planifikatzeko eta antolatzeko gainerako baliabideak. Ebaluazioa egiteko kontuan hartuko dira Agindu honen eranskinean zehaztutako dimentsioak eta irizpideak.

  4. Ebaluazio-irizpide guztiek launa maila izango dituzte (1. maila, 2. maila, 3. maila eta 4. maila), zuzendaritza-funtzioa betetzeko egoeren mailak deskribatzeko, irizpide horri dagokionez. Ebaluazio-prozesuaren aurretik, lau maila horiek jaso eta deskribatuko dituen dokumentu bat egingo du Hezkuntzako Ikuskaritzak, eta ebaluatu behar diren zuzendari guztiei ezagutaraziko die; dokumentu horretan, ebaluazio-irizpide guztiek dituzten lau maila horiek deskribatuko dira.

Dimentsio bakoitzak lehentasunezko irizpide batzuk izango ditu, eta irizpide horien kopuruak adieraziko du dimentsio bakoitzaren haztapena ebaluazioan.

Agindu honen Eranskinean agertzen diren irizpide guztien artean honako hauek izango dira lehentasunezkoak, garrantzi berezia dutela eta:

  1. dimentsioari dagozkion irizpideen artean, 1.2 eta 1.4 irizpideak.

  2. dimentsioari dagozkion irizpideen artean, 2.2 eta 2.4 irizpideak.

  3. dimentsioari dagozkion irizpideen artean, 3.1, 3.2 eta 3.3 irizpideak.

  4. dimentsioari dagozkion irizpideen artean, 4.1 eta 4.2 irizpideak.

  5. dimentsioari dagozkion irizpideen artean, 5.2 irizpidea.

  1. Zuzendariaren agintaldian zehar, ebaluazioa egiteko talde batek bere jarduerak aztertuko ditu eta nola betetzen duen kargua baloratuko du. Talde honetako kideak dagokion Ikuskaritzako Lurralde Unitateko bi Hezkuntzako ikuskariak izango dira. Haien artean derrigorrez egon behar da dagokion ikastetxearen erreferentziazko ikuskaria.

    Dagokion Lurralde Historikoko Hezkuntzako Ikuskaritzako buruak izendatuko ditu lantalde bakoitzeko kideak eta zuzendari bakoitzari bere ebaluazioa egiteko taldearen osaera jakinaraziko dio. Hezkuntzako Ikuskaritzako buruak saiatu behar du ebaluazioa egiteko talde bakoitzean gizonen eta emakumeen proportzioa orekatua izatea.

  2. Prozesu horren ondorioak jakinaraziko zaizkio interesatuari, dagokion aldaketak egiteari ekin diezaion, haren lanbide-jarduera hobetzeko.

  3. Zuzendaritza-kargua betetzeri buruzko azterketa- eta ebaluazio-prozesuan, ebaluatu behar diren zuzendariek aurretik ezagutu egiten dituzten tresnak eta metodologia erabiliko dira. Ebaluazio-taldeak eta ebaluatu behar den zuzendariak etengabe elkar eragiteko prozesu bat ekarriko du metodologia horrek. Prozesu honetan ebaluazioa egiteko taldeak nahitaez egin behar ditu jarduera hauek:

    1. Zuzendariaren egoeraren hasierako ebaluazioa, zuzendari-lanak egiten dituen ikastetxearen ingurua aintzat hartuta eta, txosten bat egitea, hobetzeko proposamenak planteatzen dituena.

    2. Kargua betetzeko jardunaren etengabeko ebaluazioa, zuzendariaren agintaldi guztian gauzatuko dena. Ebaluazioaren ondorioz, dagozkion txostenak egingo dituzte, egin beharreko hobekuntzak eta aldaketak jasotzeko, eta zuzendariari orientazioa emateko, haren funtzioak betetzeko jardunean.

  4. Aurreko ebaluazioak egiteko, ebaluazioa egiteko ardura duen taldeak ikastetxeko taldeko aginte-organoen iritzia eskatuko du, berariazko galdetegien bidez, eta kontuan hartu behar du. Halaber, ikastetxearen jarduera planifikatzeko eta antolatzeko baliabideak aztertu behar ditu.

    Halaber, ebaluazioa egiteko ardura duen taldeak eska diezaieke informazioa ikastetxeko pertsona bakarreko beste gobernu-organoei, hezkuntza-komunitateko beste sektore batzuei eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zuzendaritzen Lurralde-Burutzei, beharrezkoa dela iritziz gero.

  1. Zuzendariek, indarrean dagoen araudian xedatutako baldintzak bete eta lau urteko beste agintaldi baterako izendapenaren berritzea eskatu nahi badute, dagokion Lurralde Historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari idazki bat bidali behar diote, berariazko eskaera eginez, agintaldia bukatzen duen ikasturteko azaroaren 10a baino lehen.

  2. Eskatzaileek betetzen badituzte izendapenaren berritzea eskatzeko baldintzak, indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek horren berri emango diete ebaluazioa egiteko ardura duten taldeei.

  3. Eskatzaileek betetzen ez badituzte izendapenaren berritzea eskatzeko baldintzak, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek ezezkoa emango diote eskaerari, eta erabaki hori jakinaraziko diete interesatuei. Ezezko horren aurka, gora jotzeko helegitea jar dezakete interesatuek, Hezkuntzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epea agortu baino lehen, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita.

    Eskaerari uko egiteak ez du inolako ondoriorik eragingo zuzendariaren ebaluazio-prozesuan, eta prozesu horrek aurrera jarraituko du, aldaketarik gabe.

Azken ebaluazioa hasiera emateko, agintaldiko azken urteko apirilaren 10a baino lehen, ebaluatu beharreko zuzendariek dokumentazio hau bidali behar diote haien ikastetxearen erreferentziazko ikuskariari, azken ebaluazioan aintzat har dezaten, kasu bakoitzari dagokiona kontuan hartuta:

  1. Lau urteko beste agintaldi baterako izendapenaren berritzea eskatu ez duten zuzendariek, eskaera egiteko jarritako epea agortu baino lehen, edota eskaera egin eta ezezkoa eman badiete, indarrean dagoen araudian xedatutako baldintzak betetzen ez dituztelako, memoria bat aurkeztu behar dute, agintaldian gauzatutako zuzendari-karguko jardunari buruzkoa. Memoria horretan sartu behar dira, besteak beste, agintaldian erdietsitako lorpenen ebaluazioa, zuzendaritza-proiektua zenbateraino gauzatu den adierazten duen ebaluazioa, eta sortutako zailtasunen eta jasotako laguntzen deskribapena.

  2. Bestelako zuzendariek zuzendaritza-proiektu eguneratua aurkeztu behar dute. Proiektu berri horretan, aurreko atalean aipatutako memorian jaso beharreko elementu guztiez gain, hobetzeko proposamenak ere zehaztu behar ditu, eta zuzendariaren hurrengo agintaldirako helburu berriak ere bai, halakorik balego.

  1. Zuzendariaren agintaldiko azken urtearen maiatzaren 15a baino lehen, ebaluazioa egiteko ardura duen taldeak ebaluazioaren azken txostena egingo du. Horretarako kontuan hartuko ditu aurrean aipatutako memoria ala zuzendaritza-proiektua eta prestakuntza-ebaluazioaren prozesuan zehar egindako tostenak. Azken txostenak agintaldi guztiari buruzko balorazio-proposamena jasoko du. Balorazio hori jakinaraziko da «positiboa» edota «ez-positiboa» dela adieraziz. Txostena behin betiko idatzi aurretik, ebaluazioaren azken proposamena helaraziko dio interesdunari ebaluazio-taldeak, horrek alegazioak egin edo aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean.

  2. Balorazio positiboa lortzeko, ebaluatu behar den pertsonak gutxienez 2. maila lortu beharko du Agindu honen 5. artikuluan lehentasunezkotzat jotzen diren irizpide guztietan eta, gainerako irizpideetan, 2. maila lortu beharko du edo ebaluatzeko prozesuan argi geratu beharko da aurrerapenak egin dituela.

  1. Ebaluazioa egiteko ardura duen taldeak bidaliko dio ebaluazioaren azken txostena dagokion Hezkuntzako Lurralde-ordezkariari, prozesuari buruzko agiri guztiekin batera.

  2. Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hartuko du prozedura amaitzeko banan-banako erabakia, ebaluazioa egiteko ardura duen taldeak egindako proposamenari jarraikiz, funtsezko edo prozedurazko lege-hausterik ez badakarte. Azken kasu horretan, jardueren atzeraeragina aginduko du, prozedurazko irregulartasuna zuzentzeko.

  3. Ekainaren 15a baino lehen, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek erabakiak jakinaraziko dizkiete banan-banan ebaluatutako zuzendariei. «Balorazio ez-positiboa» erabakitako kasuetan, erabaki horren arrazoiak adierazi behar dira.

  4. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek emandako erabakiek balorazio positiboa ukatzen badiote zuzendariren bati, erabaki horiek ez dira inolaz ere publikoki jakitera emango.

  5. Ezezko horren aurka, gora jotzeko helegitea jar dezakete interesatuek, Hezkuntzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epea agortu baino lehen, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita.

  1. Zuzendariek, izendapenaren berritzeko baldintzak indarrean dagoen araudian xedatuak betetzen badituzte, dagokion eskaera egin badiote Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, Agindu honen 7. artikuluan xedatutako epeak eta xehetasunak betez, eta aurreko agintaldian gauzatutako jardueraren balorazio positiboa lortu badute, ikastetxearen zuzendari izendatuko dituzte lau urteko beste agintaldi baterako.

    Dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariak egingo ditu izendapenak, eta izendapen horiek eragina izango dute dagokion urtearen uztailaren 1etik aurrera.

  2. Kargua betetzeko jardunaren balorazio positiboa izan duten zuzendariek aukera izango dute zuzendari-karguaren berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat eskuratzen jarraitzeko, dagokion arautegiak ezarritako baldintzetan.

  3. Kargua betetzeko jardunaren balorazio positiboa izan duten zuzendariek aurkeztu ahal izango dute balorazio hori, bai eskakizun modura bai merezimendu modura, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketak deitutako beste prozesu batzuetan, hala balegokio, dagozkien arautegietan eta deialdietan xedatutakoaren arabera.

  4. Kargua betetzeko jardunaren ebaluazio positiboa izan duten zuzendariek bestelako aitormen pertsonalak eta profesionalak jasoko dituzte, kasuan kasu aplikatu beharreko arautegiak ezarritako baldintzetan.

Lehenengoa. Bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea.

Agindu honetan araututako prozeduran, zuzendariek nahi duten hizkuntza ofiziala ahoz nahiz idatziz erabiltzeko, eta informazioa hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

Bigarrena. Hezkuntzako Ikuskaritzaren jarduerak.

  1. Ikastetxe publikoetako zuzendarien ebaluazio-prozesuek eragindako jarduerak, Hezkuntzako ikuskarien zereginetan ondorioak dituztenak, lehentasunez aintzat hartuko dira Hezkuntzako Ikuskaritzaren urteroko planetan.

  2. Zuzendarien ebaluazio-prozesua amaitu ostean, Hezkuntzako Ikuskaritzak txosten bat egingo du, eta txosten horretan zehatz-mehatz aztertuko ditu bai prozesuaren emaitzak, bai ikastetxe publikoen pertsona bakarreko organo horien funtzionamendua hobetzeko beharrezkotzat jotako neurriak.

    AMAIERAKO XEDAPENA

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean agindu hau.

    Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 25a.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

    MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.