Arautegia
Inprimatu2/2012 LEGEA, otsailaren 9koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 35
- Hurrenkera-zk.: 755
- Xedapen-zk.: 2
- Xedapen-data: 2012/02/09
- Argitaratze-data: 2012/02/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak otsailaren 9ko 2/2102 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea aldatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Euskal gizartearen egoerak agerian utzi du euskarak aurrera egin duela azken hamarkadetan, funtsean sustapen eta bultzada-neurriak erabiliz arlo desberdinetan. Aurrerapen horiek gizarteko alor gehienetan gertatu dira, baita herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen diren enpresa eta subjektuekiko harremanean ere.
Elementu polemiko bat izan zen artikulatzea mekanismo bat zeinak aukera ematen baitzuen zehapenak ezartzeko herritarrentzako ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen zituztenei, eskaintzaile horiek beren jarduerak garatzeko orduan ez betetzeagatik Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak ezarri zituen hizkuntza-betebeharrak.
Erakunde publikoei eta jarduera publikoarekin lotutako gainerako erakundeei hizkuntza-betebeharrak ezartzeaz harago, zeinak ezarri ahal izatea oinarrituta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen aurreikuspenetan eta hari jarraituz denborarekin erabaki diren neurrietan, hizkuntza-betebehar horien arabera sektore pribatuari zehapenak jarri ahal izateak gaitzespen bat eragin dezake, baita etorkizunean atzerapen bat ere euskararen erabilerak pixkanaka izan dituen aurrerapenetan.
Tankera honetako adierazpen bat egin zuen Eusko Legebiltzarrak 2010eko ekainaren 10eko osoko bilkuran, non Eusko Jaurlaritzari eskatu baitzion urtebeteko luzamendua ezar zezala jendeari zabalik dauden enpresa, erakunde eta saltokiei isunak aplikatzeko orduan, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legea aplikatzearen ondorioz. Eskaeraren xedea zen beharrezko arau-aldaketak sustatzea kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak babestu eta sustatu ahal izateko, hertsapen- eta zehapen-neurriak ezabatuz.
Nolanahi ere, euskararen erabileraren inguruan gizartea alor desberdinetan egiten ari den benetako aurrerapen horiek gero eta handiagoak izan daitezen, zehapen-mekanismoak ezabatzearekin batera beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrek aukera errazagoak eduki ditzaten alor horretan ere bi hizkuntza koofizialetako edozein erabiltzeko, sustapen-neurriak hartu beharra ezarriz norabide horretan aurreratze aldera.
Ondorioz, beharrezkoa da legearen eduki batzuk berrikustea, helburu horiek ezarri ahal izateko. Lehenik eta behin, 40.4 artikuluaren aldaketak helburutzat dauka diru-laguntzak jaso izanaren baldintza izatea laguntzok euskararekin lotutako alorretara bideratzea.
Bestetik, 41. artikuluaren berrikuspenak indartu egiten du etiketak jartzeko orduan hizkuntza-aniztasuna hautatzeko askatasuna, eta indartu egiten du euskararen erabileraren sustapena ere jatorrizko euskal produktuak, dagokion izendapenaren bidez horrela definituak, etiketatzeko orduan.
Era berean, 42. artikuluan, sustapen-jarduketa publikoari zuzendutakoan, egin den berrikuspenak areagotu egiten du sustapen-neurriak ezarri beharra, 6/2003 Legean jasotako hizkuntza-eskubideei dagokienez.
Azkenik, bigarren xedapen gehigarria erantsi da, zeinak lege honetan aurreikusitako zehapen-erregimenetik salbuetsita uzten baititu legearen II. tituluko VII. kapitulua garatzen duten arauak eta xedapen gehigarriak. Erregimen horren gainean eraiki zen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretuan garatutako zehapen-erregimena, baina orain eraginik gabe geratuko da dekretu horretako 18. artikulua.
Jendearentzat irekita dauden saltokien kasuan, baldin badira lan-harremanen eta jendearen arretaren alorrean euskara integratzera berariaz zuzendutako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeen saltokiak, edo interes orokorreko sektoreetako saltokiak, kasu horietan, 39. artikuluan jasotako betebeharrak betetzeaz gain, ahalmena eduki beharko dute kontsumitzaileei eta erabiltzaileei beraiek erabilitako hizkuntza ofizialean arreta eskaintzeko, zein ere den hizkuntza ofizial hori.
Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan banatutako ondasun eta zerbitzuei dagokienez kontsumitzaile eta erabiltzaileei ematen zaien informazioa, barruan sartuta etiketetan, ontzietan eta erabilera-jarraibideen inprimakietan jasotzen den informazioa ere, euskaraz, gaztelaniaz edo, aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz adieraziko da, eskaintzailearen nahiaren arabera, salbu eta kapitulu honetan berariazko erregimen bat aurreikusten den kasuetan. Hori guztia kalterik egin gabe aplikagarria den legeriak, osasuna eta segurtasuna babesteko arrazoiengatik, kasu berezietarako ezar dezakeenari.
Gobernuak sustapen-neurriak hartuko ditu euskara eta gaztelania batera erabil daitezen, 1. paragrafoan aipatutako ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioan. Jatorri-deitura edo kalitatezko izendapena duten euskal ondasunen kasuan, bai eta artisautza-produktuen kasuan ere, euskararen erabilera sustatuko da etiketatzeko orduan, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan erregulatutako produktuak badira.
Gobernuak egoki diren neurriak bultzatuko ditu eta beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, euskararen erabilera sustatze aldera kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen jarduketaren alorrean.
Sektoreko planei dagokienez, planen jarduketa-esparruak eragina baldin badu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzeko jardueretan, plan bereziak bultzatuko dituzte kapitulu honetan jasotako eskubideak sustatzeko. Nolanahi ere, Gobernuak laguntza-ildoak abiaraziko ditu herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten subjektuentzat, bi hizkuntza ofizialen presentzia erraztu dezaten beren jarduera gauzatzeko orduan, eta hizkera espezializatuko materialen zabalkundea bultzatuko du, eremu horretan euskararen erabilera errazteko.
Lege honen IV. tituluak aurreikusitako zehapen-erregimena ez zaio aplikatuko legearen II. tituluko VII. kapituluan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokienez egiten den erregulazioari, ez eta hura garatzen duten arauei eta xedapen gehigarriei ere.
Lege hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 13a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2012ko irailaren 10ekoa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen Akordioa, Kontsumitzaileen eta Er
- Ikus: EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 21ekoa, Lehendakaritzakok idazkari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Lankidetzarako Bitariko Batzordearen erabakia, Kontsumitzaile eta Erabiltzailee
- Aldatzen du: 6/2003 LEGEA abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena.