Arautegia
Inprimatu3/2007 LEGEA, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 89
- Hurrenkera-zk.: 2618
- Xedapen-zk.: 3
- Xedapen-data: 2007/04/20
- Argitaratze-data: 2007/05/10
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Eusko Legebiltzarrak 3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortu eta Arautzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei
Elkarren mendekotasuna gero eta handiagoa duen mundu globalizatu honetan, Euskadi ezin da izan bere baitan itxita dagoen herrialde bakartu bat; aitzitik, mundura irekita egon behar du eta, kulturen arteko harremanak bultzatu eta haien alde egiteaz gain, bere berezitasuna erakusi behar du.
Gure kanpoko presentzia iraunkor eta aktiboak Euskadiren irudi positiboa islatu behar du munduan, hartara, ezagutza soiletik haratago joanez, nortasun eta identitate propioak dituen etorkizuneko herrialde gisa nazioartean onartua izan dadin.
Alderdi horretatik, euskarak eta euskal kulturak, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, gure identitatearen ezaugarririk sakonenak biltzen dituzte eta hizkuntza- eta kultura-ondarea gordetzen dute. Ondare hori gure mugetatik kanpoko beste komunitate eta herrialde batzuekin partekatzen dugu.
Euskara, euskal kulturaren ondare den aldetik, Euskal Herriaren identitatearen funtsezko elementua da, eta belaunaldiz belaunaldi gugana iritsitako milaka urteko legatua osatzen du. Hori dela eta, euskal gizarteari eta, bereziki, botere publikoei dagokie ondare horri bizirik eusteko erantzukizuna, komunikazio- eta harreman-tresna bezala erabilita, gaur egungo hizkuntza modernoa izan dadin eta etorkizuneko mundu eleaniztunean ateak zabalik izan ditzan. Orain arte ezezagunak zituen hainbat erabilera-gunetara iritsi denez gero, euskarak azken urteetan ospea eta presentzia lortu du gure gizartean; aurrerantzean, berriz, ospe eta presentzia hori Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eraman behar da eta, horrela, sustapen unibertsalaren bidez, euskal hizkuntzaren onespenari bide eta bultzada emango zaio nazioartean ere.
Ildo horretatik, kanpoko kultura-aniztasunari eta unibertsaltasunari irekita agertzeaz gain, euskal komunitatea bere identitate kulturalari eutsita proiektatuko da kanpora, bere adierazpen eta agerbide guztietan.
Asmo horiek kontuan hartuz, lege honen xedea Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzea eta arautzea da. Helburu nagusi hau izango du: gure inguruko instituzio ospetsuen antzera, euskara eta euskal kultura sustatzea, hedatzea eta kanpora proiektatzea. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izateak bere helburuak betetzeko behar adinako autonomiaz baliatzeko aukera emango dio.
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, eta jarduera horiek beren lana kanpora proiektatzen duten organoek eta administrazio publikoek egindakoekin koordinatuko ditu, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako edozein instituziok egindakoekin ere, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeenekin.
Azkenik, bere helburuak betetzeko, batik bat ildo hauek jorratuko ditu: euskara ikertzea eta irakastea, bereziki unibertsitateetan eta goi-mailako ikasketetako zentroetan; kultura zabaltzeko jarduerak gauzatzea, Estatuko eta nazioarteko erakundeekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek eskaintzen diguten ahalmen handiaz baliatzea, bai euskara eta euskal kultura hedatzeko, bai horren guztiaren gastua murrizteko.
Laburbilduz, euskara eta euskal kulturarekiko interesa zabaltzea da Etxepare Euskal Institutuaren asmoa, eta, oro har, gure herrialdeko errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara eta hainbat herritarrengana hurbiltzea, herritar horiek euskal komunitateak dituzten herrialdeetan bizi direlako edo haien herrialdeekiko harreman historiko, kultural edo komertzialen garrantziak hala aholkatzen duelako.
Lege honek Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzea eta arautzea du helburu, euskara eta euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko.
– Etxepare Euskal Institutua nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna du eta kultura arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikita dago.
– Lege honek, antolakuntza- eta jarduera-araudiak eta garapen-xedapenek arautuko dute Etxepare Euskal Institutua. Bere jarduerak gauzatzean zuzenbide pribatuari jarraituko dio, baina Administrazioaren ahalak baliatzen dituenean –zuzeneko esleipenaren bidez edo eskuordetzaren bidez– zuzenbide publikoari lotuko zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren gaiei dagokienez, espresuki aplikatzekoak zaizkion xedapenei jarraituko die eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, zuzenbide pribatuari.
– Etxepare Euskal Institutuaren mendeko zentroak ez dira administrazio-organotzat hartuko; hala ere, Administrazioaren ahalak baliatzean, administrazio-organoen araubide juridikoaren arabera jardungo dute egintzak eratzeari eta kanporatzeari dagokien guztian.
Etxepare Euskal Institutuaren helburuak hauek dira:
Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz.
Euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.
Gure herrialdeko errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara eta hainbat herritara hurbiltzea, herri horietan euskal komunitateak dituztelako edo herri horiekiko harreman historiko, kultural edo komertzialen garrantziak hala aholkatzen duelako.
Euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatu eta sustatzea.
Bere jarduerak hedatzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.
Halaber, euskal kulturari buruzko ikerketa sustatzea, bereziki unibertsitate eta goi-mailako ikerketarako erakundeetan.
– Bere helburuak betetzeko, Etxepare Euskal Institutuak jarduera hauek egin ahal izango ditu, bere ekimenez edo hirugarrenekin elkarlanean:
Euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatzea.
Euskararen ezagutza egiaztatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onartuta dituen probak antolatzea, indarrean dagoen araudi erregulatzaileak ezartzen duenarekin bat etorriz.
Hainbat ekintza sustatzea eta aurrera eramatea, hala nola euskara hedatzea helburu dutenak, bereziki sare telematiko nahiz informazioaren teknologia berriez eta hedabide eta ikus-entzunezkoez baliatuta; irakasleak prestatzera zuzendutakoak, eta euskararen irakaskuntzan laguntzeko materiala argitaratzera bideratutakoak.
Irakurletzak ezar daitezen laguntzea eta euskalariei eta atzerriko ikerketa-zentroei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko organo gisa jardutea.
Euskal kulturaren sortze-lana kanpoan sustatzeko ekintzak eta estrategiak gauzatzea, artisten eta artelanen kanpoko zirkulazioa bultzatzea eta euskal ondare artistikoaren ezagutza zabaltzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz.
Erakunde publiko eta pribatuei, institutuaren helburuak betetzera zuzendutako jarduerak aurrera eramaten dituztenean, diru-laguntzak ematea.
Kultura zabaltzeko jarduerak Estatuko nahiz nazioarteko beste erakunde batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egitea.
Hizkuntza, hezkuntza eta kultura jendarteratzeko azoka eta erakusketetan parte hartzea.
Unibertsitate eta beste erakunde batzuekin –publikoak nahiz pribatuak, Estatukoak nahiz atzerrikoak– hitzarmenak eta, hala dagokionean, elkarlanerako protokoloak sinatzea.
Hizkuntza eta kultura zabaltzeko jarduerak erakunde hauekin gauzatzea eta koordinatzea: gaztelania, euskara bezala Euskadiko hizkuntza ofiziala, katalana eta galegoa sustatu eta kanpoan zabaltzea helburu duten erakundeekin, bai eta euskal hizkuntza eta kultura sustatzen jarduten duten euskararen gainerako lurraldeetako erakundeekin ere.
Institutuaren helburuak betetzera zuzendutako beste eginkizun eta jarduera batzuk gauzatzea.
– Etxepare Euskal Institutuak arreta berezia jarriko dio, bere jardueretan, euskal komunitate linguistikoaren herrialde eta herrietako hizkuntza- eta kultura-ondare komunari.
– Etxepare Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetzako eta elkarlanerako harreman egonkorrak izaten saiatuko da, eta jarduera horiek administrazio publikoek egindakoekin koordinatuko ditu, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako edozein instituziok egindakoekin ere, bereziki euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako instituzioenekin.
– Etxepare Euskal Institutuaren egoitza Donostian egongo da.
– Etxepare Euskal Institutuak zentro-sare bat eduki ahal izango du bere helburuak betetzeko. Horretarako, beharrezkoa denean, merkataritza-sozietateak, fundazioak edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak sortu ahal izango ditu eta haietan parte hartu, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik horretarako baimena emanda.
– Etxepare Euskal Institutuaren organo artezkariak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria dira.
– Organo horiek esleiturik dituzten eginkizunak betetzeko ematen dituzten administrazio-egintzetan amaituko da administrazio-bidea.
– Patronatuko ohorezko lehendakaritza lehendakariari dagokio.
– Patronatuaren lehendakaritza exekutiboa institutua atxikita dagoen sailaren titularrari dagokio. Patronatuak beste kide hauek ere izango ditu:
Kanpoko ekintza, kultura, hezkuntza, hizkuntza-politika eta ogasun eta herri-administrazioaren arloetan eskudunak diren sailak ordezkatzen dituzten bost kide.
Foru-aldundietatik kide bana, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetako foru-aldundietako bakoitzaren ordezkari gisa.
Euskal letrak, filologia eta kultura, bereziki Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskal unibertsitateak eta beste gizarte-erakunde batzuk, ordezkatzen dituzten hamabost kide. Kide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, euskal komunitate linguistikoa osatzen duten lurralde guztien euskal kulturari egindako ekarpenak kontuan hartuta.
Kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten bost kide. Kide horiek Eusko Legebiltzarrak proposatuta izendatuko dira.
Institutuko zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, eta hitza izango du baina botorik ez.
– Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudiak zehaztuko du nor izango den berezko kide karguaren arabera. Gainerako kideak lau urterako izendatuko dira, eta, epe hori igarotakoan, beste lau urterako ere izendatu ahal izango dira berriz, baina beste behin bakarrik.
– Patronatua, gutxienez, urtean behin bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:
Institutuak egin beharreko jardunen artean lehentasunak proposatzea.
Urteko aurrekontua, aurreko aurrekontuaren betekuntza, institutuaren jarduera-plan orokorrak eta urteko memoria ezagutzea eta, onartu aurretik, horiei buruzko iritzia ematea.
Institutuaren funtzionamendua hobetzen eta haren helburuak betetzen lagun dezaketen ekimenak proposatzea.
Antolakuntza- eta jarduera-araudiari buruz Zuzendaritza Kontseiluak proposatutako aldaketak ezagutzea eta horiei buruzko iritzia ematea.
Antolakuntza- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.
– Zuzendaritza Kontseiluko kideak hauek dira:
Kontseiluko lehendakaria. Institutua atxikita dagoen sailaren ordezkari batek beteko du kargu hori eta, gutxienez, sailburuorde-maila izango du.
Kanpoko ekintza, hizkuntza-politika eta ogasun eta herri-administrazioaren arloetan eskudunak diren sailak ordezkatzen dituzten hiru kide; gutxienez, zuzendari-maila izango dute.
Gobernu Kontseiluak izendatutako bi kide, Patronatuak proposatuta Patronatuaren beraren ordezkari gisa. Kargu hori lau urterako izango da, eta beste behin bakarrik berritu ahal izango da epe hori igarotakoan.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, eta hitza izango du baina botorik ez.
– Zuzendaritza Kontseilua, gutxienez, urtean bitan bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:
Etxepare Euskal Institutuaren jarduera-plan orokorrak onartzea.
Laguntzen eta diru-laguntzen programak onartzea, baita horiek emateko oinarrizko irizpideak ere.
Urteko aurrekontuaren aurreproiektua onartzea.
Urteko memoria onartzea.
Plantillak eta langileen ordainsari-araubidea onartzea, aplikatzekoak diren lege-baldintzen arabera.
Gobernu Kontseiluari Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudiaren aldaketa proposatzea.
Hitzarmenak eta protokoloak sinatzeko oinarrizko irizpideak zehaztea.
Etxepare Euskal Institutuaren jardueren prezioak finkatzea.
Helburuak hobeto betetzeko beharrezkoa denean, merkataritza-sozietate, fundazio edo irabazi-asmorik gabeko erakundeak sortzea edo haietan parte hartzea onartzea, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik baimenduta.
Institutuaren mendeko zentroak sortzea edo kentzea onartzea, Gobernu Kontseiluak aldez aurretik horretarako baimena emanda.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izendatzeko proposamena ezagutzea eta horri buruzko iritzia ematea.
Antolakuntza- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.
– Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Gobernu Kontseiluak izendatuko du, institutua atxikita dagoen sailaren titularrak halaxe proposatuta.
– Zuzendariari dagokio:
Institutua eta institutuko langileak zuzentzea.
Institutuaren plan estrategikoa eta kudeaketa-planak eta Patronatuaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiak proposatu eta gauzatzea.
Etxepare Euskal Institutuaren ohiko ordezkaria izatea.
Etxepare Euskal Institutuaren jardueren urteko memoria egitea eta institutuaren aurrekontuaren aurreproiektu-proposamena eta likidazioa Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea.
Hitzarmenak eta protokoloak formalizatzea.
Institutuaren izenean kontratazioak egitea, bai eta gastuen erabilera baimentzea eta ordainketak agintzea ere, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
Etxepare Euskal Institutuak eman beharreko laguntzak eta diru-laguntzak esleitzea.
Antolakuntza- eta jarduera-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.
Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudiak zehaztuko du bere jarduerak zein ekintza-arlotan antolatuko diren.
– Etxepare Euskal Institutuaren ondasunak eta baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:
Institutuaren ondarea osatzen duten ondasunak eta balioak, bai eta ondare horretatik eratorritako produktuak eta errentak ere.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero esleitzen zaizkion diru-izendapenak eta transferentziak.
Zerbitzuak emateagatik izaten dituen diru-sarrerak, bai eta, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, jaso behar dituenak eta bere jardueren ondorioz sortzen direnak ere.
Pertsona publikoek edo pribatuek institutuari ematen dizkioten diru-laguntzak, borondatezko ekarpenak, dohaintzak, jaraunspenak eta legatuak.
Lege- edo araudi-xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.
– Etxepare Euskal Institutuaren kontrol ekonomikoa iraunkorra izango da eta arlo ekonomiko-finantzarioan nahiz kudeaketan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoaren arabera, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion kontrola alde batera utzi gabe.
– Institutuaren kontratu-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion lege-xedapenetara egokituko da, eta ekintza-arlo horretako egitekoak eta eskumenak antolakuntza- eta jarduera-araudian zehaztuko dira.
– Etxepare Euskal Institutuko langileak Lan Zuzenbidearen araupean arituko dira, eta, hala dagokionean, kontratazioa egiten den herrialdeetan indarrean dagoen araudipean.
– Langileak merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioen arabera hautatu beharko dira.
– Etxepare Euskal Institutuaren mendeko irakasleek euskara irakasteko titulazio eta prestakuntza didaktiko egokia izan beharko dute.
Etxepare Euskal Institutuak txosten bat bidaliko dio urtero Eusko Legebiltzarrari bere jardueraren emaitzak, jarduera-plan orokorrak eta horien egikaritzea azaltzeko, bai eta erakunde publiko horren urteko memoria ere.
– Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartu eta gero, Jaurlaritzari dagokio institutua abian jartzea eta jardueren hasiera zehaztea.
– Etxepare Euskal Institutuko organo artezkarietako kideen izendapena nahiz organo horien eraketa jardueren hasiera baino lehen egingo dira.
Jardueren hasiera eta dagokion Aurrekontuen legea indarrean sartzea batera gertatzen ez badira, Gobernu Kontseiluak onartuko ditu institutuaren ustiapen- eta kapital-aurrekontuak, baita institutuaren jarduerak hasten diren ekonomia-ekitaldiari dagozkion finantza arloko behin-behineko egoera-orriak ere, eta horren berri emango dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari, 15 eguneko epean. Horretarako, aurrekontuen arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari baimena ematen zaio aurrekontuok osatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko, baina aldaketa horiek ezin dute handitu institutuaren jardueren hasieran indarrean zeuden Aurrekontu Orokorretako partidetan izendatutako zenbateko globala.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean edo haren mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen dituzten lan-kontratuko langileek, Etxepare Euskal Institutuak –lege honi, institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudiari eta ezartzen diren arauei jarraituta– bere gain hartutako funtzio batzuk betetzen badituzte, erakunde publiko horretan sartuko dira aplikagarri den lan-legeriarekin bat etorriz.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean edo haren mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioek, Etxepare Euskal Institutuak –lege honi, institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudiari eta ezartzen diren arauei jarraituta– bere gain hartutako eginkizun batzuk betetzen badituzte, honako aukera hauek izango dituzte:
Etxepare Euskal Institutuan lan-kontratuko langile gisa sartzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko antzinatasunak dituen ondorio guztiak onartuta, eta administrazio horretan borondatezko eszedentzia-egoeran gelditzea.
Etxepare Euskal Institutuan funtzionario-egoerari eustea eta erakunde publiko horretan desagertuko den lanpostu bat betetzea. Lanpostu hori desagertuko da funtzionarioak behin betiko beste plaza bat lortzen duenean edo lanpostua gordetzera behartzen ez duten arrazoiengatik hutsik gelditzen denean.
Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, Administrazio orokorreko sailen eta erakunde autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Etxepare Euskal Institutuari lege honetan eta antolakuntza- eta jarduera-araudian zehaztutako helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar diren giza baliabideak esleitzeko eta egoki iritzitako ondasun eta baliabide materialak atxikitzeko.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko apirilaren 26an.
Lehendakaria,