Gizarte zerbitzuak, familia-ingurunea

Adingabeentzako egoitza-zentroak

Definizioa eta helburua

Adingabeen egoitza-harrerara bideratutako bizikidetza-zentroak dira, halakotzat hartuz ordezko zaintza- neurri bat, administrazioarena edo epailearena, eta neurri horren xedea da beharrizan material, afektibo eta hezkuntzakoak beren familietan (aldi batez behintzat) bete ezin dituzten haurren eta nerabeen erabateko arreta egoitza batean eskaintzea.

Egoitza-harrera normalki aldi baterakoa da, eta horrela, familia biologikora itzultzeko edo familiako harrera edo adopzioa bezalako alternatibetara bideratzen da, betiere, eta adingabearentzat kaltegarria ez bada, egoitza-harreran dagoenean familiako loturei eusteko lan eginez.

Oinarrizko helburua garapen afektibo, psikologiko, intelektual eta sozial egokia ahalbidetuko dion babesgune bat eskaintzea da. Eta horretarako, bere esparruan, ondoren azalduko diren eremuetan izan ditzaketen premiei behar bezala eta eraginkortasunez erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak lortzen lagundu behar da. Adierazitako eremuak honako hauek dira: osasuna; ongizate emozionala; elikadura; higienea eta norberaren itxura; loa; autonomia eta erantzukizuna; familia; gizarte-sarea; gizarte- eta kultura-arloko nortasuna; prestakuntza; lana; aisia; laguntza komunitarioa; eta premia bereziekiko arreta.

Zerbitzu motak

  1. Egoitzak. Jokabide-arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza intentsiboko programa espezializatua aplikatzen den zentroetan, zentroa eraikin independente batean kokatu behar da eta esklusiboki kolektibo horren arretan jardun behar du.

  2. Harrera-pisuak, lehentasunez etxebizitza arruntetan kokatuak.

  3. Emantzipaziorako prestatzeko zentroak.

  4. Emantzipazio-pisuak, lehentasunez etxebizitza arruntetan kokatuak.

Programak

Larrialdiko harrera. Oinarrizko orokorra. Emantzipaziorako prestatzeko. Emantzipazio-programa. Jokabide-arazoak dituzten nerabeei arreta emateko programa espezializatua. Jokabide-arazo larriak dituzten nerabeei laguntza intentsiboa emateko programa espezializatua.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza - Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea; arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala: tutoretza-ekintza.
  • Arreta pertsonala, adin txikiko haurrei arreta eskaintzen zaienean.

Osagarriak

  • Mantenua.
  • Ikuztegia eta garbiketa (prestazio horiek emantzipazio-programetan mugatuta daude, emantzipatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratzea ahalbidetzeko).

Hartzaileak

Egoera:

  1. Aitak, amak edo tutoretza duen pertsonak zirkunstantzia larrien ondorioz bere zaintza-eginkizunak aldi baterako bete ezin izateak eragindako premia-egoerak.

  2. Babesgabetasun-arrisku larriko egoerak.

  3. Babesgabezia-egoerak.

Adina:

Adingabeak. Salbuespen gisa, eta zaindutako pertsonak eta Foru Aldundi eskudunak adostu ostean, adin nagusi izan aurretik babes-sareko baliabide batean bizi ziren 18 urte edo gehiago dituzten gazteak izan daitezke egoitza-harrerako baliabideen erabiltzaileak emantzipazio-programaren esparruan,betiere 18 hilabeteko gehieneko aldian.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Egoitza-harrerako neurri administratibo edo judizial baten xede izatea, hala dagokion Foru Aldundiak gazteak eta nerabeak babestearen alorrean tutoretza egikaritzearen esparruan, nola Administrazio horrek zaintza bere gain hartzeko neurri baten esparruan.

Premiazkoak

  1. Bere aita, ama edo tutoreak, zirkunstantzia larrien ondorioz, hura aldi baterako zaindu ezin izatea.

  2. Haurraren edo nerabearen zaintza dagokion Foru Aldundiari esleitu izana erabaki judizial baten bitartez.

  3. Adingabea erantzukizun penalaren eremuan ezarritako neurri judizialei lotuta ez egotea, neurri horiek egoitza batean sartzea direnean edo hezkuntza-talde batekiko bizikidetza-neurri bat direnean, azken kasuan salbu, adingabea lehendik babesaren eremuko hezkuntza-talde batean baldin bazegoen adingabeen epaileak emandako epai penala baino lehen.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan eta/edo arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hauek harreman-prestazioen multzo bat dira, familia-unitateei edo bizikidetza-unitateei gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza eta/edo arlo psikosozialeko laguntza ematera bideratuta daudenak, honako helburu hau izanik:

  • Ohitura, portaera, iritzi, sentimendu eta jarrera desegokien ordez ohitura, portaera, iritzi, sentimendu eta jarrera egokiagoak izaten laguntzea, baita bizikidetza egokia izateko eta/edo kargura dituzten pertsonak behar bezala zaintzeko beharrezkoak diren gaitasunak (jarrerak, jakintzak, irizpideak, jarraibideak, trebetasunak) hartzen edo garatzen laguntzea, eta hala badagokio, gurasoen, ahaideen eginkizunak eta erantzukizunak nahiz bizikidetza-arlokoak behar bezala gauzatzea eragozten duten alderdiak aldatu egingo dira.
  • Bizikidetza-testuinguruaren narriadura handiagoa izateko aukera prebenitzea; horretarako, portaera desegokiak edo krisi-egoerak geldiarazi egingo dira eta ekin egingo zaie.

Eginkizun horiek gauzatzeko, zerbitzuak banako, familiako eta taldeko esku-hartzeak antola ditzake, eta esku-hartze horiek familiako etxebizitzan (etxeko hezkuntza eta familiako hezkuntza) nahiz etxebizitzatik kanpo gara daitezke, arlo psikosozialeko esku-hartzeen bitartez eta/edo, hala badagokio, esku-hartze terapeutikoaren bitartez. Bereziki Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 55.3 b) artikuluan aurreikusitako programen bitartez: a) arazoak dituzten familietan esku-hartze terapeutikoak egiteko zerbitzuak; b) tratu txarrak, abandonua edo esplotazioa dauden egoeretan –lan-esplotazioa barnean izanik– esku hartzeko zerbitzuak; c) sexu-abusuak daudenean esku hartzeko zerbitzuak.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea; arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala.
  • Bitartekaritza – bitartekotza.

Osasun-sistemarenak

Laguntza psikologikoa (terapia psikologikoa).

Hartzaileak

Egoera: Babesgabetasun larriko egoeran dauden adingabeak edo adinekoak dituzten familia-unitateak edo bizikidetza-unitateak, genero-indarkeriako egoerei aurre egiten dietenak barne.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

  1. Gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea eta arlo psikosozialeko esku-hartzea adingabeen babesgabetasun larriko egoeretara bideratzen denean, ez da aurretiazko erroldatzealdirik behar izango.

  2. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3. artikuluan aurreikusitako titulartasun-baldintza orokorrak aplikatuko dira gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea eta arlo psikosozialeko esku-hartzea helduen babesgabetasun-egoeretara bideratzen denean.

  3. Ez zaie inolako administrazio-baldintzarik genero-indarkeriaren biktimei (Emakumeak eta horien guraso-ahalaren, zaintzaren eta jagoletzaren mende dauden seme-alaba adingabeak).

Premiazkoak

Honako hauek biltzen dituen familia- edo bizikidetza-unitate bat izatea: a) babesgabetasun-egoera larrian dagoen adingabe bat edo batzuk, eta gizarte- eta hezkuntza-arloko eta/edo arlo psikosozialeko laguntza behar izatea familia- bizikidetza eta guraso-trebetasunak hobetzeko; b) edo babesgabetasun-egoeran dauden heldu batek edo batzuk, eta gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza eta/edo arlo psikosozialeko laguntza behar izatea familia-bizikidetza hobetzeko eta kide kalteberenak zaintzeko eta arreta egiteko eginkizunak eta erantzukizunak hobeto gauzatzeko.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Familia-harrera sustatzeko eta teknikoki babesteko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuan txertatuta dago eta honako eginkizun orokor hauek ditu:

  1. Familia-harrera sustatzea, familia hartzaileak erakartzeko zabalkunde-kanpainen bitartez (gizarte osoari zuzenduta egongo lirateke kanpaina horiek).

  2. Familia hartzaile izateko izangaiak hautatzea, haurra edo nerabea hartzea eskatu duten pertsonen edo familia-unitateen zirkunstantziak balioetsiz, haurraren edo nerabearen premiak betetzea bermatzeko egokiak ote diren eta ezarritako lege-betebeharrak betetzen ote dituzten zehazteko.

  3. Familia hartzaileen zerrenda eguneratu bat izatea.

  4. Familia-harrerari buruzko informazioa ematea: prozedura, harrera gauzatzea eta harreraren ondorioak edo eragina.

Eta familia-harrera bat formalizatu den haur edo nerabeei bereziki zuzendutako beste batzuk:

  1. Familia hartzaileei laguntzea, beren gain hartzen dituzten eginkizunak gauzatzeari nahiz orientatzeari dagokionez, eta hala badagokio, harrera-aldia amaitzen denean edo adin-nagusitasuna amaitu ondoren bizikidetzak jarraitzen duenean, laguntzea.

  2. Eratutako familia-harrerak aldian behin gainbegiratzea, hartutako haurraren edo nerabearen premietara eta interes handienera egokituz garatzen ari ote diren zehazteko.

  3. Familia-harrerarekin lotutako gastuak konpentsatzeko laguntza ekonomikoak izapidetzea.

  4. Familia biologikoari laguntza ematea.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea (familientzako prestakuntza); arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Prestakuntza.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Adingabeak, betiere horientzat familia-harrera babes-alternatiba egokitzat jotzen bada, administrazio-erabaki edo erabaki judizialen bati erantzuten dionean nahiz arrazoi larriak direla-eta borondatezko zaintza-eskaeraren bati erantzuten dionean.

  2. Haur edo neraberen bat hartu nahi duten familia- edo bizikidetza-unitateak, dagozkien egokitzapen-baldintzak betetzen badituzte.

Adina:

  1. 18 urtetik beherako pertsonak, hartutako pertsonen kasuan.

  2. 18 urte edo gehiago dituzten pertsonak, hartzaileen edo izangaien kasuan.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Hautatua izateko eta familia hartzaileen zerrendan egoteko:

  1. Familia-harrera eskatu duen Lurralde Historikoko udalerriren batean erroldatuta egotea eskaera egiteko eta familia-harrera formalizatzeko uneetan. Eta EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea eta legez eta egiaz udalerri horretan bizitzea edo eskaera-dataren aurreko 12 hilabeteetan jarraian EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea. Bi kasuetan, hartutako haur edo nerabearen interesak beste autonomia-erkidego batean bizi den familia zabal batean edo besteren familia batean harrera egitea gomendatzen duenean salbu.

  2. Familia-harrera eskatzea.

Laguntza- eta jarraipen-zerbitzuak eskuratzeko, familia-harrera formalizatuta egotea.

Premiazkoak

Hautatua izateko eta familia hartzaileen zerrendan egoteko Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 73. artikuluan aurreikusitako egokitzapen-irizpideak betetzea.

Laguntza- eta jarraipen-zerbitzuak eskuratzeko:

  1. Familia-harrerako egoeran edota familia-harreraren formalizazioaren aurreko edo prestaketarako faseetan dagoen adingabea izatea.

  2. Familia hartzaileren bateko kidea izatea, familia-harrera formalizatu denean nahiz aurreko edo prestaketako faseetan dagoenean.

  3. Hartutako adingabearen familia biologikoa izatea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Adopzioa sustatzeko eta teknikoki babesteko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuan txertatuta dago eta eginkizun orokor berdinak ditu:

  1. Adopzioa –bereziki, premia bereziak dituzten haurrena– sustatzea, orokorrean biztanleria osoari zuzendutako kanpainen bitartez, dibulgazioko eta familiak erakartzeko kanpainen bitartez, hain zuzen.

  2. Familia adoptatzaile izateko izangaiak hautatzea, haurra edo nerabea adoptatzea eskatu duten pertsonen edo familia-unitateen zirkunstantziak balioetsiz, haurraren edo nerabearen premiak betetzea bermatzeko egokiak ote diren eta ezarritako lege-betebeharrak betetzen ote dituzten zehazteko.

  3. Familia adoptatzaileen zerrenda eguneratu bat izatea.

  4. Adopzioaren inguruan informatzea: prozedura, adopzioa gauzatzea eta adopzioaren ondorioak edo eragina.

Eta adopzio bat formalizatu den haur edo nerabeei bereziki zuzendutako beste batzuk:

  1. Familia adoptatzaileei laguntzea, adopzio-prozeduran aholkatzeko.

  2. Eratutako familia-adopzioak aldian behin gainbegiratzea, adoptatutako haurraren edo nerabearen premietara eta interes handienera egokituz garatzen ari ote diren zehazteko.

  3. Adoptatuari laguntza eta babesa ematea bere jatorriari buruzko informazioa bilatzeko prozeduran.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea (familientzako prestakuntza); arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Prestakuntza.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Adingabeak, betiere horientzat adopzioa babes-alternatiba egokitzat jotzen bada.

  2. Haur edo neraberen bat adoptatu nahi duten familia- edo bizikidetza-unitateak, dagozkien egokitasun-baldintzak betetzen badituzte.

  3. Adoptatutako adinekoak, beren jatorriaren bila dabiltzanak.

Adina:

  1. 18 urtetik beherako pertsonak, adoptatutako pertsonen kasuan.

  2. 18 urte edo gehiago dituzten pertsonak, adoptatzaileen edo beren jatorria bilatzen ari diren adoptatuen kasuan.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Ahaide adoptatzailea edo izangaia izateko:

  1. Adoptatzailea edo adoptatzaileak adopzioa eskatu duen Lurralde Historikoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera egiteko eta adopzioa formalizatzeko uneetan.

  2. Egokitasun-deklarazioa eskatzea.

  3. Adopzio-prozedura hastea.

Premiazkoak

Ahaide adoptatzailea izateko, haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 83. artikuluan adopziorako aurreikusitako egokitasun-irizpideak betetzea.

Laguntza- eta jarraipen-zerbitzuak eskuratzeko:

  1. Adopzioko egoeran edota adopzioaren formalizazioaren aurreko edo prestaketarako faseetan dagoen adingabea izatea.

  2. Familia adoptatzaile bateko kidea izatea, adopzioa formalizatu denean nahiz aurreko edo prestaketako faseetan dagoenean.

  3. Adoptatutako adinekoa izatea, eta bere jatorriaren bila dabilena.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunea – FE

Definizioa eta helburua

Adingabeen eta horien bizitza-unitatea osatu duten pertsonen (aita eta/edo ama, anai-arrebak, eta abar) eta beste ahaide batzuen (bereziki aitona-amonak) eta tutoreen edo zaintzaileen eta beste hurbileko batzuen arteko harremanak bermatzera eta ahalbidetzera zuzendutako aldi baterako zerbitzua da, horien arteko elkargunea ahalbidetuz, erabateko segurtasun- eta ongizate-bermeekin, gune neutral eta egoki batean.

Zerbitzu hori egitura independente batean edo beste gizarte-zerbitzu batzuekin partekatutako egitura batean kokatu ahal izango da; nolanahi ere, kasu guztietan behar diren neurriak hartu beharko dira irisgarritasun- eta pribatutasun-baldintzak bermatzeko elkargunean sartzean. Zerbitzu horrek diziplina anitzeko talde tekniko baten laguntza du; talde hori zerbitzuarena soilik izan daiteke edo beste gizarte-zerbitzu batzuekin partekatu ahal izango da.

Bisitak egiteko hainbat formula eskain ditzake:

  • Tutoretzapeko bisitak Familia Elkargunean, Familia Elkargunean egingo direnak zerbitzuko langileen presentziazko eta etengabeko gainbegiratzea izanik.
  • Gainbegiratzerik gabeko bisitak Familia Elkargunean, Familia Elkargunean gauzatuko direnak zerbitzuko langileen zuzeneko gainbegiratzerik edo etengabeko presentziarik gabe.
  • Familia Elkargunetik kanpo egindako tutoretzako bisitak, puntualki egingo direnak, eta ahal dela, gainbegiratzerik gabeko bisitak egin aurreko egokitzeko tarteko fasea izango direnak.
  • Elkartrukeak, Familia Elkarguneak haurrak eta nerabeak hartu eta jasotzen direla gainbegiratzeko bakarrik erabiliko direnak; bisita zerbitzutik kanpo egingo da.
  • Lagun egiteak, adingabeari profesionalek lagun egingo diote Familia Elkargunetik adingabearen aita edo ama, tutorea edo zaintzailea, beste ahaide batzuk edo beste hurbileko batzuk dauden espetxera, ospitalera edo egoitza-establezimendura, betiere horien guztien arteko harremana baimenduta badago eta pertsona horiek ezin badira Familia Elkargunera bertaratu. Aurrekoa bazter utzi gabe, lagun egiteak beste gizarte-zerbitzu batzuetako profesionalek ere egin ditzakete, betiere profesional horiek adingabeak zaintzeko eta babesteko eremuan jarduten badute.

Honako helburu hauek ditu:

  1. Adingabeen segurtasuna eta ongizatea bermatzea bisita-erregimenak irauten duen bitartean.

  2. Haurren eta/edo nerabeen eta horien aitaren, amaren, amonen, aitonen eta bestelako ahaideen edo beste hurbileko batzuen arteko harremanei eustea.

  3. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak hobetzea.

  4. Hazteko eta/edo harremanetarako trebetasunak eskura daitezen ahalbidetzea.

  5. Akordioetara iristea haurren eta nerabeen garapenari eta ongizateari dagokionez.

Eskaintzen dituen prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Gizartearen eta hezkuntzaren arloko esku-hartzea.
  • Gainbegiratzea, hala badagokio.

Osagarriak

Segurtasuna (zaintza).

Hartzaileak

Egoera

  1. Bisita-eskubidea bermatuta ez daukaten edo segurtasun- eta ongizate-baldintzei dagokienez bermatuta ez daukaten adingabeak.

  2. Bisita-eskubideari lotutako helduak.

Adina:

  1. 18 urtetik beherako pertsonak.

  2. 18 urte edo gehiago dituzten pertsonak, bisita-eskubideari lotuta daudenak.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Adingabea edo, hala badagokio, zaintza edo tutoretza gauzatzen duen pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea eta benetan bizi izatea zerbitzua eskuratzen denean, eta ez da aldez aurreko erroldatzealdirik eskatuko.

Familia Elkargunea erabili behar dela agintzen duen ebazpen judiziala egotea.

Premiazkoak

  • Adingabea bikotearen hausturaren gatazkak eta bisita-erregimena ez betetzearekin lotutako arazo larriak dituen familiako kide izatea.
  • Edo, bikotearen hausturaren gatazkak izatea eta etxeko tratu txarren egoeretan biktima urruntzeko eta babesteko neurri bat indarrean edo izapidetzen hasita egotea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Familia-bitartekaritzako zerbitzu integrala

Definizioa eta helburua

Familia-bitartekaritza borondatezko prozedura da. Prozedura horretan profesional batek edo gehiagok laguntza eta orientabidea jartzen dute gatazkan dauden alderdien eskura, haien familia-gatazka konpontzeko irtenbide onargarriak aurkitzeko elkarrizketa-prozedurari dagokionez. Profesional horiek bitartekaritzan prestakuntza izango dute, inpartzialak izango dira eta ez dute erabakiak hartzeko ahalmenik izango. Esparru horretan, honako hau hartzen da familia-bitartekaritza integraltzat: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gainerako zerbitzuekiko eta gizarte-babesera bideratutako beste sistema publiko batzuekiko jardun koordinatua familia- edo bizikidetza-unitate bateko kideen arteko gatazkei erantzuteko beharrezkoak diren eremu guztietan.

Honako hauek izan daitezke familia-bitartekaritzako zerbitzu integralak arreta egindako gatazkak:

  • Bikotearen hausturaren ondorioz sortutako gatazkak, honako hauekin lotuta daudenak: seme-alaben zaintza eta babespea esleitzea; babespe partekatuaren esparruan adostu beharreko alderdiak zehaztea; babespea ez duen gurasoarentzako edo beste ahaide batzuentzako bizikidetza-denborak; mantenu-pentsioak; etxebizitzaren erabileraren esleipena; konpentsaziozko pentsioa; eta bitartekaritzaren bitartez landu daitezkeen hezkuntza- nahiz bizikidetza-jarraibideekin eta seme-alabei arreta egiteko jarraibideekin eta abarrekin lotutako edozein alderdi.
  • Bikotearen hausturarekin lotuta ez dauden familia-gatazkak, honako hauekin lotuta daudenak: adin nagusiko seme-alabekin izandako bizikidetza-arazoak; mendetasun-arriskuan edo -egoeran dauden adin nagusikoei ahaideek arreta egitea eta zaintzea; belaunaldien arteko gatazkak, bizikidetza-arlokoak izan edo ez; bitartekaritzaren bitartez landu daitezkeen beste familia-egoera batzuk.

Familia-bitartekaritzatik kanpo geratzen dira bikotekidearen, seme-alaben edo familia-unitateko edozein kideren gaineko indarkeria edo tratu txarrak dauden kasuak, edo ez-zilegi penaltzat har daitekeen beste edozein jardun.

Honako helburu hauek ditu:

  1. Gune neutrala eskaintzea, familia-gatazkaren protagonistak diren pertsonen arteko elkarrizketa ahalbidetuko duena.

  2. Familia-gatazkan sartuta dauden pertsonei ardura ematea beren jardunen ondorioei buruzko kontrola izan dezaten eta gatazkaren protagonista diren aldetik konpromiso handiagoa har dezaten, erabakiak hartzeko gaitasuna eta erantzukizuna hirugarren pertsonen esku utzi ordez.

  3. Haustura-prozesuetan adostutako erabakiak hartzen laguntzea eta baterako gurasotasuna sustatzea.

  4. Haustura onartzeko prozesua eta egoera berrira egokitzeko aukera ahalbidetzea.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Bitartekotza.
  • Jarraipen-balioespena.

Hartzaileak

Egoera:

Familia- edo bizikidetza-gatazkako egoeran dauden pertsonak.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

  1. Familia-gatazkan sartuta dauden pertsonen artetik gutxienez bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea.

  2. Gatazkan sartuta dauden pertsonen artean ezkontza-lotura edo horren antzeko loturaren bat, edo odol-ahaidetasunezko laugarren mailarainoko familia-lotura bat, adopzioa edo ezkontza-ahaidetasuna izatea.

Premiazkoak

  1. Zuzenbide pribatuko arlo jakin batzuei buruzko familia- edo bizikidetza-gatazka izatea. Arlo horiei dagokienez, indarreko antolamendu juridikoak prestasun librea, edo, hala badagokio, judizialki homologatuak izateko aukera onartu behar die interesdunei.

  2. Erabakiak hartzea ahalbidetuko duen eta bide judizialera jo behar izatea saihestuko duen esku-hartze profesionala eskatzea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.