Gizarte zerbitzuak, babesgabetasuna / babesgabetasun-arriskua

Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean babesteko harreman-prestazio indibidual, familiako edo taldeko batzuetan datza. Prestazio horiek familiaren bizilekuan (etxeko hezkuntza, familiaren gaineko oinarrizko esku-hartzea) zein ingurune komunitarioan (kaleko hezkuntza, gizarte- eta kultura-arloko bitartekaritza) gara daitezke.

Zerbitzu honen helburuak dira erabiltzaileek:

  1. autonomiaz moldatzea, gizarteratzea eta familia- eta komunitate-inguruneko bizikidetza egokia bultzatuko duten gaitasun pertsonalak, familiakoak edo taldekoak (jarrerak, gaitasunak, jakintzak, irizpideak, jarraibideak, trebetasunak) eskuratzea eta garatzea;

  2. ohitura, portaera, pertzepzio, sentimendu eta jarrera desegokiak beste egoki batzuekin ordezkatzea.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea:
  • Jarraipen-balioespena.
  • Lagun egite soziala.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Bazterkeria-arriskuan dauden pertsonak.

  2. Mendetasun-arriskuan dauden pertsonak.

  3. Babesgabetasun-arriskuko egoera arinean edo neurrizkoan dauden adingabeak; babesgabetasun-arriskuko egoera larrian dauden adingabeak edo helduak zerbitzu honetatik kanpo geratuko dira, pertsona horiek artatzea Familiekin Gizarte- eta Hezkuntza-arloan eta/edo arlo psikosozialean Esku hartzeko Zerbitzuari dagokiolako (2.7.3.1).

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Ezin izango dira eskatu Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3. artikuluan aipatzen diren titulartasun-baldintza orokorrak esku-hartzea adingabeei eragiten dieten babes- gabetasun-arriskuko egoera arinak edo neurrizkoak artatzera bideratzen bada.

Premiazkoak

Hezkuntza-arloko babesa eta/edo laguntza psikosoziala behar izatea honako helburu hauetako batekin: a) familia-bizikidetza hobetzea; b) familiako kideen arreta eta zaintzarako trebetasunak hobetzea; c) eta/edo autonomiaz moldatzeko aukera erraztea edo ahalbidetzea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Adingabeentzako egoitza-zentroak

Definizioa eta helburua

Adingabeen egoitza-harrerara bideratutako bizikidetza-zentroak dira, halakotzat hartuz ordezko zaintza- neurri bat, administrazioarena edo epailearena, eta neurri horren xedea da beharrizan material, afektibo eta hezkuntzakoak beren familietan (aldi batez behintzat) bete ezin dituzten haurren eta nerabeen erabateko arreta egoitza batean eskaintzea.

Egoitza-harrera normalki aldi baterakoa da, eta horrela, familia biologikora itzultzeko edo familiako harrera edo adopzioa bezalako alternatibetara bideratzen da, betiere, eta adingabearentzat kaltegarria ez bada, egoitza-harreran dagoenean familiako loturei eusteko lan eginez.

Oinarrizko helburua garapen afektibo, psikologiko, intelektual eta sozial egokia ahalbidetuko dion babesgune bat eskaintzea da. Eta horretarako, bere esparruan, ondoren azalduko diren eremuetan izan ditzaketen premiei behar bezala eta eraginkortasunez erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak lortzen lagundu behar da. Adierazitako eremuak honako hauek dira: osasuna; ongizate emozionala; elikadura; higienea eta norberaren itxura; loa; autonomia eta erantzukizuna; familia; gizarte-sarea; gizarte- eta kultura-arloko nortasuna; prestakuntza; lana; aisia; laguntza komunitarioa; eta premia bereziekiko arreta.

Zerbitzu motak

  1. Egoitzak. Jokabide-arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza intentsiboko programa espezializatua aplikatzen den zentroetan, zentroa eraikin independente batean kokatu behar da eta esklusiboki kolektibo horren arretan jardun behar du.

  2. Harrera-pisuak, lehentasunez etxebizitza arruntetan kokatuak.

  3. Emantzipaziorako prestatzeko zentroak.

  4. Emantzipazio-pisuak, lehentasunez etxebizitza arruntetan kokatuak.

Programak

Larrialdiko harrera. Oinarrizko orokorra. Emantzipaziorako prestatzeko. Emantzipazio-programa. Jokabide-arazoak dituzten nerabeei arreta emateko programa espezializatua. Jokabide-arazo larriak dituzten nerabeei laguntza intentsiboa emateko programa espezializatua.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza - Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea; arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala: tutoretza-ekintza.
  • Arreta pertsonala, adin txikiko haurrei arreta eskaintzen zaienean.

Osagarriak

  • Mantenua.
  • Ikuztegia eta garbiketa (prestazio horiek emantzipazio-programetan mugatuta daude, emantzipatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratzea ahalbidetzeko).

Hartzaileak

Egoera:

  1. Aitak, amak edo tutoretza duen pertsonak zirkunstantzia larrien ondorioz bere zaintza-eginkizunak aldi baterako bete ezin izateak eragindako premia-egoerak.

  2. Babesgabetasun-arrisku larriko egoerak.

  3. Babesgabezia-egoerak.

Adina:

Adingabeak. Salbuespen gisa, eta zaindutako pertsonak eta Foru Aldundi eskudunak adostu ostean, adin nagusi izan aurretik babes-sareko baliabide batean bizi ziren 18 urte edo gehiago dituzten gazteak izan daitezke egoitza-harrerako baliabideen erabiltzaileak emantzipazio-programaren esparruan,betiere 18 hilabeteko gehieneko aldian.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Egoitza-harrerako neurri administratibo edo judizial baten xede izatea, hala dagokion Foru Aldundiak gazteak eta nerabeak babestearen alorrean tutoretza egikaritzearen esparruan, nola Administrazio horrek zaintza bere gain hartzeko neurri baten esparruan.

Premiazkoak

  1. Bere aita, ama edo tutoreak, zirkunstantzia larrien ondorioz, hura aldi baterako zaindu ezin izatea.

  2. Haurraren edo nerabearen zaintza dagokion Foru Aldundiari esleitu izana erabaki judizial baten bitartez.

  3. Adingabea erantzukizun penalaren eremuan ezarritako neurri judizialei lotuta ez egotea, neurri horiek egoitza batean sartzea direnean edo hezkuntza-talde batekiko bizikidetza-neurri bat direnean, azken kasuan salbu, adingabea lehendik babesaren eremuko hezkuntza-talde batean baldin bazegoen adingabeen epaileak emandako epai penala baino lehen.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Etxean tratu txarren biktima izan diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta emakumeentzako beste egoitza-zerbitzu batzuk

Definizioa eta helburua

Bizikidetza-arazo larriak dituzten emakumeei (bereziki emakumeen osotasun fisikoa edo emozionala arriskuan jartzen duten etxeko tratu txarren egoerak) eta kausa sozioekonomiko eta pertsonalekin lotutako egoera kritikoan dauden emakumeei kasu batzuetan urgentziazko arreta eta bizitokia eta egonaldi laburreko bizitokia eta, beste kasu batzuetan, egonaldi ertaineko bizitokia eskaintzen dieten zentroak dira.

Intentsitate ertain eta handiko laguntza eskaintzen dute, eta honako esku-hartze hauek biltzen dituzte: a) lehen harrerako esku-hartzeak egunaren 24 orduetan –balioespena, diagnostikoa, orientabidea eta urgentziazko bizitokia barne–; b) lehenengo harreraren ondoko esku-hartzeak, bizitokia eta arlo psikosozialeko esku-hartzearen nahiz gizarte- eta hezkuntza-arloko eta gizarte-laguntzako esku-hartzearen inguruko laguntza intentsiboak emateko direnak; nolanahi ere, laguntza horiek emateko teknikari espezializatuen presentzia nahitaezkoa izango da.

Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartze horiek genero-ikuspegitik eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen duen ikuspegiarekin egiten dira.

Honako helburu hauek ditu:

  1. Bizikidetza-arazo larriei, eta bereziki etxeko tratu txarren egoerei lotutako premia-egoera larriei erantzutea berehala.

  2. Egoera kritiko horietan egotearen ondorioz, ohiko bizilekurik ez duten edo bizilekua uztera behartuta egon diren emakumeei eta normalki beraiekin bizi diren eta haien mende dauden pertsonei (haien ardurapeko seme-alabak –adin txikikoak direnak zein ez direnak– edo haien mende dauden helduak) aldi baterako bizitokia ematea.

  3. Beren egoera pertsonalean, ekonomikoan eta familia-egoeran beharrezkotzat edo egokitzat hartzen dituzten aldaketak egiteko, eta horretarako erabakiak hartzeko astia eta babes egokiak, ingurune seguru batean, izateko aukera eskaintzea.

  4. Beren egoerari egokiro aurre egiten laguntzea, eta, horretarako, beharrezkoa den aholkularitza, informazioa eta laguntza eskaintzea eta babes-baliabiderik egokienak eskuratzeko aukera ematea.

  5. Autoestimua eta konfiantza pertsonala ez ezik, bizitza autonomoa garatzeko eta gizarteratzeko ibilbidea bideratzeko norberaren gaitasunak edo trebetasunak ere mantentzen, berreskuratzen eta/edo garatzen laguntzea.

  6. Premietara egokitutako lagun egite sozial eta gizarte-babes trinkoa ematea.

  7. Segurtasun-sentimendua ahalbidetzea.

Zerbitzu motak

  1. Berehalako harrera-zerbitzuak, egonaldi laburrekoak –eguneko 24 orduetan,urteko egun guztietan, balia daitezkeenak–, etxean tratu txarren biktima izan diren emakumeak berehala eta baliabide egokienera bideratu aurretik haien premiak balioesteko behar den denboran hartzen dituztenak.

  2. Egonaldi ertaineko harrera-zentroak, honako hauen babes- eta ostatu-eskaerei erantzutera bideratuta daudenak:

    • Emakumeak eta haien guraso-ahalaren, zaintzaren eta jagoletzaren mende dauden seme-alaba adingabeak, etxeko eremuan tratu txarren biktima izan direnak eta esku-hartze espezializatu integrala behar dutenak.
    • Bakarrik dauden, laguntza intentsiboa behar duten eta baliabide pertsonalik eta gizarte- eta familia- laguntzarik ez duten emakumeak –haurdun daudenak edo babesgabetasun-eta/edo bazterkeria-arrisku handiko egoeran dauden seme-alaba adingabeak ardurapean dituztenak–. Laguntza hori gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzeetan eta arlo psikosozialeko esku-hartzeetan datza batez ere.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena. Eta lehen motan, premien hasierako balioespena.
  • Diagnostikoa.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea.
  • Lagun egite soziala.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Segurtasuna (zaintza), hala badagokio.

Osagarriak

Hala badagokio: Mantenua. Ikuztegia. Zona komunen garbiketa.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Etxean tratu txarren biktima izan diren eta babesgabetasun-egoeran dauden emakumeak.

  2. Babesgabetasun- eta/edo bazterkeria-egoeran dauden beste emakume batzuk, bereziki bakarrik eta haurdun dauden edo babesgabetasun- eta/edo bazterkeria-arrisku handiko egoeran dauden seme-alaba adingabeak ardurapean dituzten eta baliabide pertsonalik eta gizartearen nahiz familiaren laguntzarik ez duten emakumeak.

  3. Bizikidetza-unitateari eusteko, aurreko taldeetan aipatutako emakumeez gain, emakume horien ardurapean dauden eta normalean haiekin bizi diren pertsonak (adingabeak edo adin nagusikoak diren kontuan izan gabe) baita haien ardurapean dauden beste heldu batzuk ere balia daitezke zerbitzu honetaz.

Adina:

  1. 18 urte edo gehiago dituzten emakumeak.

  2. Emantzipatutako emakume adingabeak.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

1 motan ez da inolako baldintzarik eskatuko preskripzio teknikoaz gain, eta zerbitzu hori gizarte-premiazko zerbitzutzat hartuko da, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, baita zuzenean lortzeko zerbitzutzat ere.

2 motan, inolako baldintza gehigarririk ez. Eta etxeko eremuan tratu txarrak jasaten dituzten biktimen kasuan, inolako baldintzarik ez, preskripzio teknikoaz gain.

Premiazkoak_

  1. Segurtasun-baldintzetan bizitzeko etxebizitza alternatiborik ez izatea, edo berehala erabili ezin izatea.

  2. Gizarte-zerbitzuen sarearen berezko horniduren aukeretatik edo hedaduratik kanpoko osasun-laguntza espezializatua eta/edo iraunkorra behar ez izatea.

  3. Jokabide-nahasterik ez izatea eta/edo zerbitzuaren funtzionamendua edo zerbitzuko bizikidetza normala larriki nahas dezakeen edota pertsonarentzat berarentzat, beste erabiltzaile batzuentzat edo esku har dezaketen profesionalentzat arriskutsua izan daitekeen portaerarik ez agertzea.

  4. Gaixotasun infekzioso eta kutsakor bat eta/edo gaixotasun mental bat izanez gero, dagokion tratamendua ez baztertzea.

    1. motan, urgentziazko esku-hartze bat behar izatea.
    1. motan, iraupen ertaineko laguntza intentsiboa, integrala eta espezializatua behar izatea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Pertsona heldu ezinduentzako tutoretza-zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau bizitzako eremu batzuetan edo guztietan beren erabakiak hartzeko gaitasunik ez duten eta judizialki ezindutzat hartu diren edo ezintasun-prozesuetan dauden helduentzat da; zerbitzu honen helburua pertsonaren eskubideak babestea ez ezik, eskubideak egiaz baliatzen direla sustatzea eta ahalbidetzea ere izanik.

Ezinduen mesederako gauzatu behar ditu beti bere eginkizunak, ezintasuna ematen duen ebazpen judizialean definitutako mugekin. Subsidiarioki soilik esku hartzen du, hots, dagokion pertsonak bere gizarte- eta familia-arloko babes-sarean ez duenean tutoretzako eginkizun horiek bere gain har ditzakeen pertsonarik.

Ezintasuntzat jo aurreko eginkizunak garatzen ditu:

  1. Ezindutzat jo dezaten bultzatzea behar duten pertsonen kasuan.

  2. Pertsonaren balioespena egitea jarduteko gaitasunean, hau da, dagozkion eskubideak baliatzeko eta defendatzeko gaitasunean dituen mugak ezartzeko.

  3. Ezindutzat hartzeko prozedurari eta tutoretzako eginkizunak gauzatzeari buruzko informazioa eta aholkuak ematea Kode Zibilaren arabera ezintasun-prozedurari hasiera eman diezaioketen ahaideei.

  4. Informazioa eta aholkuak ematea heldu bati buruzko tutoretza gauzatzen duten ahaideei, familia-unitatearen osaera dela-eta aurreikusten bada ahaide horiek hiltzen direnean tutoretza-erakunde batek hartu beharko duela heldu horren tutoretza.

  5. Defentsa judiziala.

Eta beste batzuk dagoeneko ezinduta dauden helduentzat:

  1. Tutoretza, hau da, ezindutzat hartutako pertsona ekintza guztietan ordezkatzea, betiere ezintasun-epaiaren arabera pertsona horrek ezin baditu ekintza horiek bere kabuz egin, bai ekintza horiek esfera pertsonala hartzen badute eraginpean, bai haren ondasunak administratzeko ekintzak badira.

  2. Kuradoretza, hots, dagokion pertsonaren ondasunak administratzea eraginpean hartzen duten ekintzetan laguntzea pertsona, epaiak pertsona bere bizitzaren esfera honetan soilik ezgaitzen duenean.

Tutoretzapeko pertsonei dagokienez, bere helburuak honako hauek dira:

  1. Zaintzea arlo guztietan (osasuna, hezkuntza, lana, etxebizitza, aisia eta astialdia, eta abar) ahalik eta laguntza hoberenak izan ditzan, baita behar dituen baliabide ekonomikoak izan ditzan ere.

  2. Behar diren ekintza eta jarduera guztietan ordezkatzea eta bere eskubide guztiak baliatzea eskubide horiek defendatuz (dagokion ebazpen judizialean kasu bakoitzean ezartzen diren mugen arabera eta horien barnean).

  3. Bere ondasunen administrazioan laguntzea leialtasun eta gardentasun osoz, agintaritza judizial eskudunak emandako mandatuaren arabera.

  4. Garapen pertsonal handiena lortzea, bere bizitzan eragina duten erabakiak hartzerakoan bere parte-hartze aktiboa erraztuz ahal den guztian.

  5. Bere gizarteratzea eta komunitate-inguruneko bizitzan erabateko parte-hartzea sustatzea.

Eta heldu ezinduen familiei dagokienez: a) ezinduarekiko legezko erantzukizuna gauzatzen laguntzea; b) lasaitasuna ematea bere ahaidearen etorkizuneko zaintzari buruz.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Orientabidea.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Arreta soziojuridikoa (tutoretza eta kuradoretza gauzatzea).

Hartzaileak

Egoera: Beren eskubideak defendatzeko eta baliatzeko eta beren erabakiak hartzeko gaitasunik ez izateagatik babesgabetasun-egoeran dauden pertsonak.

Adina: 18 urte edo gehiago dituztenak

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

  1. Tutoretzako eta kuradoretzako zerbitzuak egikaritzeko: ezintasun-epaia, eta eginkizun horiek bere gain har ditzakeen ahaiderik ez duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

  2. Balioespena egiteko, informazioa emateko eta aholkularitzako eginkizunak gauzatzeko: ezintasun-prozedura bat abian jarrita egotea edo prozedura hastea aurreikusita egotea.

Premiazkoak

  1. Tutoretzako eta kuradoretzako zerbitzuak lortzeko: interesdunak ez izatea bere eskubideak defendatzeko eta baliatzeko eta bere erabakiak hartzeko gaitasunik. Hori ematen duen epai judiziala izatea, baita tutoretza edo kuradoretza zerbitzuari esleitzen diona ere. Tutoretza- edo kuradoretza-eginkizunak bere gain har ditzakeen ahaiderik edo bestelako hurbilekorik ez izatea.

  2. Informazio- eta aholkularitza-zerbitzuak lortzeko: Ezintasun-prozeduraren xede izan daiteken heldua izatea. Edo Kode Zibilaren arabera, ezintasun-prozedura bati hasiera eman diezaiokeen ahaide bat izatea.

Baterako ordainketa

Baterako ordainketari lotutako zerbitzua (ondare-egoera kontuan hartuta).

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan eta/edo arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hauek harreman-prestazioen multzo bat dira, familia-unitateei edo bizikidetza-unitateei gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza eta/edo arlo psikosozialeko laguntza ematera bideratuta daudenak, honako helburu hau izanik:

  • Ohitura, portaera, iritzi, sentimendu eta jarrera desegokien ordez ohitura, portaera, iritzi, sentimendu eta jarrera egokiagoak izaten laguntzea, baita bizikidetza egokia izateko eta/edo kargura dituzten pertsonak behar bezala zaintzeko beharrezkoak diren gaitasunak (jarrerak, jakintzak, irizpideak, jarraibideak, trebetasunak) hartzen edo garatzen laguntzea, eta hala badagokio, gurasoen, ahaideen eginkizunak eta erantzukizunak nahiz bizikidetza-arlokoak behar bezala gauzatzea eragozten duten alderdiak aldatu egingo dira.
  • Bizikidetza-testuinguruaren narriadura handiagoa izateko aukera prebenitzea; horretarako, portaera desegokiak edo krisi-egoerak geldiarazi egingo dira eta ekin egingo zaie.

Eginkizun horiek gauzatzeko, zerbitzuak banako, familiako eta taldeko esku-hartzeak antola ditzake, eta esku-hartze horiek familiako etxebizitzan (etxeko hezkuntza eta familiako hezkuntza) nahiz etxebizitzatik kanpo gara daitezke, arlo psikosozialeko esku-hartzeen bitartez eta/edo, hala badagokio, esku-hartze terapeutikoaren bitartez. Bereziki Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 55.3 b) artikuluan aurreikusitako programen bitartez: a) arazoak dituzten familietan esku-hartze terapeutikoak egiteko zerbitzuak; b) tratu txarrak, abandonua edo esplotazioa dauden egoeretan –lan-esplotazioa barnean izanik– esku hartzeko zerbitzuak; c) sexu-abusuak daudenean esku hartzeko zerbitzuak.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea; arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala.
  • Bitartekaritza – bitartekotza.

Osasun-sistemarenak

Laguntza psikologikoa (terapia psikologikoa).

Hartzaileak

Egoera: Babesgabetasun larriko egoeran dauden adingabeak edo adinekoak dituzten familia-unitateak edo bizikidetza-unitateak, genero-indarkeriako egoerei aurre egiten dietenak barne.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

  1. Gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea eta arlo psikosozialeko esku-hartzea adingabeen babesgabetasun larriko egoeretara bideratzen denean, ez da aurretiazko erroldatzealdirik behar izango.

  2. Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 3. artikuluan aurreikusitako titulartasun-baldintza orokorrak aplikatuko dira gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea eta arlo psikosozialeko esku-hartzea helduen babesgabetasun-egoeretara bideratzen denean.

  3. Ez zaie inolako administrazio-baldintzarik genero-indarkeriaren biktimei (Emakumeak eta horien guraso-ahalaren, zaintzaren eta jagoletzaren mende dauden seme-alaba adingabeak).

Premiazkoak

Honako hauek biltzen dituen familia- edo bizikidetza-unitate bat izatea: a) babesgabetasun-egoera larrian dagoen adingabe bat edo batzuk, eta gizarte- eta hezkuntza-arloko eta/edo arlo psikosozialeko laguntza behar izatea familia- bizikidetza eta guraso-trebetasunak hobetzeko; b) edo babesgabetasun-egoeran dauden heldu batek edo batzuk, eta gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza eta/edo arlo psikosozialeko laguntza behar izatea familia-bizikidetza hobetzeko eta kide kalteberenak zaintzeko eta arreta egiteko eginkizunak eta erantzukizunak hobeto gauzatzeko.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Familia-harrera sustatzeko eta teknikoki babesteko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuan txertatuta dago eta honako eginkizun orokor hauek ditu:

  1. Familia-harrera sustatzea, familia hartzaileak erakartzeko zabalkunde-kanpainen bitartez (gizarte osoari zuzenduta egongo lirateke kanpaina horiek).

  2. Familia hartzaile izateko izangaiak hautatzea, haurra edo nerabea hartzea eskatu duten pertsonen edo familia-unitateen zirkunstantziak balioetsiz, haurraren edo nerabearen premiak betetzea bermatzeko egokiak ote diren eta ezarritako lege-betebeharrak betetzen ote dituzten zehazteko.

  3. Familia hartzaileen zerrenda eguneratu bat izatea.

  4. Familia-harrerari buruzko informazioa ematea: prozedura, harrera gauzatzea eta harreraren ondorioak edo eragina.

Eta familia-harrera bat formalizatu den haur edo nerabeei bereziki zuzendutako beste batzuk:

  1. Familia hartzaileei laguntzea, beren gain hartzen dituzten eginkizunak gauzatzeari nahiz orientatzeari dagokionez, eta hala badagokio, harrera-aldia amaitzen denean edo adin-nagusitasuna amaitu ondoren bizikidetzak jarraitzen duenean, laguntzea.

  2. Eratutako familia-harrerak aldian behin gainbegiratzea, hartutako haurraren edo nerabearen premietara eta interes handienera egokituz garatzen ari ote diren zehazteko.

  3. Familia-harrerarekin lotutako gastuak konpentsatzeko laguntza ekonomikoak izapidetzea.

  4. Familia biologikoari laguntza ematea.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea (familientzako prestakuntza); arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Prestakuntza.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Adingabeak, betiere horientzat familia-harrera babes-alternatiba egokitzat jotzen bada, administrazio-erabaki edo erabaki judizialen bati erantzuten dionean nahiz arrazoi larriak direla-eta borondatezko zaintza-eskaeraren bati erantzuten dionean.

  2. Haur edo neraberen bat hartu nahi duten familia- edo bizikidetza-unitateak, dagozkien egokitzapen-baldintzak betetzen badituzte.

Adina:

  1. 18 urtetik beherako pertsonak, hartutako pertsonen kasuan.

  2. 18 urte edo gehiago dituzten pertsonak, hartzaileen edo izangaien kasuan.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Hautatua izateko eta familia hartzaileen zerrendan egoteko:

  1. Familia-harrera eskatu duen Lurralde Historikoko udalerriren batean erroldatuta egotea eskaera egiteko eta familia-harrera formalizatzeko uneetan. Eta EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea eta legez eta egiaz udalerri horretan bizitzea edo eskaera-dataren aurreko 12 hilabeteetan jarraian EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea. Bi kasuetan, hartutako haur edo nerabearen interesak beste autonomia-erkidego batean bizi den familia zabal batean edo besteren familia batean harrera egitea gomendatzen duenean salbu.

  2. Familia-harrera eskatzea.

Laguntza- eta jarraipen-zerbitzuak eskuratzeko, familia-harrera formalizatuta egotea.

Premiazkoak

Hautatua izateko eta familia hartzaileen zerrendan egoteko Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 73. artikuluan aurreikusitako egokitzapen-irizpideak betetzea.

Laguntza- eta jarraipen-zerbitzuak eskuratzeko:

  1. Familia-harrerako egoeran edota familia-harreraren formalizazioaren aurreko edo prestaketarako faseetan dagoen adingabea izatea.

  2. Familia hartzaileren bateko kidea izatea, familia-harrera formalizatu denean nahiz aurreko edo prestaketako faseetan dagoenean.

  3. Hartutako adingabearen familia biologikoa izatea.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Adopzioa sustatzeko eta teknikoki babesteko zerbitzua

Definizioa eta helburua

Zerbitzu hau haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuan txertatuta dago eta eginkizun orokor berdinak ditu:

  1. Adopzioa –bereziki, premia bereziak dituzten haurrena– sustatzea, orokorrean biztanleria osoari zuzendutako kanpainen bitartez, dibulgazioko eta familiak erakartzeko kanpainen bitartez, hain zuzen.

  2. Familia adoptatzaile izateko izangaiak hautatzea, haurra edo nerabea adoptatzea eskatu duten pertsonen edo familia-unitateen zirkunstantziak balioetsiz, haurraren edo nerabearen premiak betetzea bermatzeko egokiak ote diren eta ezarritako lege-betebeharrak betetzen ote dituzten zehazteko.

  3. Familia adoptatzaileen zerrenda eguneratu bat izatea.

  4. Adopzioaren inguruan informatzea: prozedura, adopzioa gauzatzea eta adopzioaren ondorioak edo eragina.

Eta adopzio bat formalizatu den haur edo nerabeei bereziki zuzendutako beste batzuk:

  1. Familia adoptatzaileei laguntzea, adopzio-prozeduran aholkatzeko.

  2. Eratutako familia-adopzioak aldian behin gainbegiratzea, adoptatutako haurraren edo nerabearen premietara eta interes handienera egokituz garatzen ari ote diren zehazteko.

  3. Adoptatuari laguntza eta babesa ematea bere jatorriari buruzko informazioa bilatzeko prozeduran.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Jarraipen-balioespena.
  • Bitartekaritza – Bitartekotza.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartzea: hezkuntza-arloko esku-hartzea (familientzako prestakuntza); arlo psikosozialekoa.
  • Lagun egite soziala.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Prestakuntza.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Adingabeak, betiere horientzat adopzioa babes-alternatiba egokitzat jotzen bada.

  2. Haur edo neraberen bat adoptatu nahi duten familia- edo bizikidetza-unitateak, dagozkien egokitasun-baldintzak betetzen badituzte.

  3. Adoptatutako adinekoak, beren jatorriaren bila dabiltzanak.

Adina:

  1. 18 urtetik beherako pertsonak, adoptatutako pertsonen kasuan.

  2. 18 urte edo gehiago dituzten pertsonak, adoptatzaileen edo beren jatorria bilatzen ari diren adoptatuen kasuan.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Ahaide adoptatzailea edo izangaia izateko:

  1. Adoptatzailea edo adoptatzaileak adopzioa eskatu duen Lurralde Historikoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera egiteko eta adopzioa formalizatzeko uneetan.

  2. Egokitasun-deklarazioa eskatzea.

  3. Adopzio-prozedura hastea.

Premiazkoak

Ahaide adoptatzailea izateko, haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 83. artikuluan adopziorako aurreikusitako egokitasun-irizpideak betetzea.

Laguntza- eta jarraipen-zerbitzuak eskuratzeko:

  1. Adopzioko egoeran edota adopzioaren formalizazioaren aurreko edo prestaketarako faseetan dagoen adingabea izatea.

  2. Familia adoptatzaile bateko kidea izatea, adopzioa formalizatu denean nahiz aurreko edo prestaketako faseetan dagoenean.

  3. Adoptatutako adinekoa izatea, eta bere jatorriaren bila dabilena.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.

Babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeentzako informazio-zerbitzua

Definizioa eta helburua

Haurrei eta nerabeei eskainitako orientabideko, aholkularitzako eta informazioko zerbitzua da, telefono bidez edo modu telematikoan eskaintzen dena,anonimoa eta isilpekoa, babesgabetasun-egoerekin lotutako edozein zalantzaren edo arazoren gainean hitz egin nahi duten, informazioa eta/edo aholkularitza eta/edo orientabidea jaso nahi duten haur eta nerabe guztientzat.

Egon litezkeen haurren edo nerabeen babesgabetasun-egoerei buruzko informazioa jaso nahi duten eta/edo kasu horietan gauzatu beharreko jardunei buruzko orientabidea behar duten heldu guztiei ere arreta egiten zaie. Zerbitzu horretan babesgabetasun- edo babesgabezia-arriskua egon litekeela atzematen diren kasuak dagozkion agenteei jakinaraztea biltzen da, agente horiek balioespena egin dezaten.

Zerbitzu hori diziplina anitzeko talde espezializatu batek ematen du urteko 365 egunetan. Eta honako helburu hauek ditu:

  1. Haurrei eta nerabeei entzutea behar dutenean.

  2. Informazio egokia, argia eta erabilgarria ematea.

  3. Kontsulta egin duen pertsona baliabide egokienetara bideratzea pertsona horrek daukan premiari erantzuteko.

  4. Egon litezkeen babesgabetasun-egoerak atzematea.

  5. Haurrei eta nerabeei orientabidea eta aholkuak ematea eta lagun egitea.

Prestazioak

Gizarte-zerbitzuenak

  • Informazioa.
  • Orientatzea, eta hala badagokio, bideratzea.
  • Premien hasierako balioespena eta jarraipen-balioespena.
  • Arlo psikosozialeko esku-hartzea: emozioei eustea.

Hartzaileak

Egoera:

  1. Babesgabetasun-egoerekin lotutako arazoak edo egoerak direla-eta informazioa orientabidea eta aholkularitza jasotzeko premia duten haurrak eta nerabeak.

  2. Haurren edo nerabeen babesgabetasun-egoeren berri dutela uste duten eta/edo jarduteko moduari buruzko orientabidea behar duten helduak.

Adina: Adin-mugarik gabe.

Lortzeko baldintzak

Administraziokoak

Ez da inolako administrazio-baldintzarik eskatuko preskripzio teknikoaz gain. Zuzenean lortzen den zerbitzua da.

Premiazkoak

Ez dago baldintza osagarririk.

Argibide gehiagorako, jarri dagokizun oinarrizko gizarte-zerbitzuarekin harremanetan.