Arautegia

Inprimatu

82/2018 DEKRETUA, maiatzaren 29koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzeko dekretua: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 108
  • Hurrenkera-zk.: 2943
  • Xedapen-zk.: 82
  • Xedapen-data: 2018/05/29
  • Argitaratze-data: 2018/06/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Informazio etak komunikazioak; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

2016. urtearen hasieran argitaratu zen 20/2016 Dekretua, otsailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak. Dekretu horretan jasotzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen laguntza-erregimenen aldaketa ezarri zuten erregelamendu guztiak eta Nekazaritza Politika Erkidea Espainiako estatuan aplikatzeko argitaratu ziren Errege Dekretu guztiak.

Otsailaren 16ko 20/2016 Dekretua aplikatzean, agerian geratu da disfuntzio batzuk zuzendu behar direla eta aipatutako dekretuaren manu batzuk aldatu behar direla, zehazki, honako hauei dagokienez: batetik, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistemako (SIGPAC) datuak aldatzeko prozeduren eta epeen arauketa; eta, bestetik, nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokien 6. arauan estatuko oinarrizko araudiak baimentzen dituen salbuespen batzuen aplikazioa, honekin lotuta: materia organikoaren mailari eustea lurzoruan lan egokiak eginez. Euskal Autonomia Erkidegoan, orografia malkartsua da, eta larre iraunkorrak ez dira handiak. Horren ondorioz, mindak aplikatzea zailagoa da, eta, gainera, minda lurperatu behar duten makinentzat zailagoa da tokira iristea. Horren ondorioz, arrazoizkoa da mindak barreiatzeko debekua ez aplikatzea larre iraunkorrak eta belardiak dituzten lurzatietan; eta satsa lurperatzeko betebeharra ez aplikatzea larre eta labore iraunkorretan, zuzeneko ereintzaren edo gutxieneko lur-lantzearen bidez eginiko laboreetan, eta sats solidoa azalean botatzen denean, laborea dagoeneko jarrita dagoenean.

Halaber, zenbait aldaketa izan dira Europako eta estatuko araudian, eta komeni da aldaketa horiek jasotzea. Era berean, arau-proiektu honen xedea da 20/2016 Dekretuan aldaketa batzuk sartzea, araua hobeto egokitu dadin laguntza-erregimen konplexu hauek eskatzen dituzten prozedura eta helburuetara.

Dekretu hau prestatzerakoan, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta nekazaritza-sektoreko elkarte eta erakunde profesionalei.

Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko maiatzaren 29an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Bereziki, honako hauei buruzko garapen- eta aplikazio-arauak ezartzen dira:

    1. Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketaren erregimenerako eskubideak esleitzea.

    2. Europar Batasuneko laguntza-erregimen hauek:

      Oinarrizko ordainketa.

      Klimarako eta ingurumenerako jardunbide onuragarriak aplikatzeko ordainketa.

      Nekazaritza-jardueran hasten diren nekazari gazteentzako ordainketa osagarria.

      Ordainketa elkartuak.

      Nekazari txikientzako erregimen sinplifikatua.

  1. Lagatzaileak dagokion foru-aldundiari emango dio laguntza-eskubidearen lagapenaren berri, eta foru-aldundiak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bideratuko du. Aipatutako jakinarazpenarekin batera, lagatzaileak beharrezkoak diren dokumentuak entregatuko ditu, aukeratutako lagapen motaren arabera, hura egiaztatzeko. Jakinarazteko epea azaroaren 1ean hasiko da, eta hurrengo urteko maiatzaren 31n amaituko da.

  1. Honako betekizun hauek betetzen dituzten nekazariek pertsona fisikoak zein juridikoak izan izango dute nekazari gazteentzako ordainketa osagarria jasotzeko eskubidea:

    1. Ordainketarako eskubidea izatea oinarrizko ordainketaren erregimenaren arabera, eta dagozkion ordainketa-eskubideak aktibatu izana.

    2. Nekazaria pertsona fisikoa bada:

      1. Gehienez 40 urte izatea oinarrizko ordainketa-eskubideen lehen eskaera aurkezten duen urtean.

      2. Nekazaritzako ustiategi batean lehenengo aldiz ezartzea ustiategi horren arduradun gisa, edo oinarrizko ordainketaren erregimenaren babesean egindako eskaera lehenengo aldiz aurkeztu baino bost urte lehenago ezarri izana ustiategi horretan. Ustiategiaren kudeaketari, etekinei eta finantza-arriskuei lotutako erabakiei dagokienez epe luzerako kontrola ezartzen duenean ulertuko da nekazari gazte bat ustiategiko arduraduna dela. Apartatu horren xedeetarako, lehen ezarpena zein den zehazteko, Gizarte Segurantzan dagokion nekazaritza-jardueraren erregimenean alta hartu duen eguna hartuko da aintzat.

      3. Landa Garapenerako Programaren esparruan lehen ezarpenerako laguntza emateko aldeko espediente bat izatea, edo nekazaritzarako nahikoa gaitasun-maila duela egiaztatzea; hori zehazteko, kontuan hartuko dira ikaskuntzekin eta esperientzia profesionalarekin lotutako irizpideak, Nekazaritza-ustiategiak modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 4.1.b) artikuluan ezartzen den bezala, betiere 2015-2020 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Programan eskatutakoekin bat etorrita.

    3. Nekazaria pertsona juridikoa edo pertsona fisikoek edo juridikoek osatutako talde bat bada, alde batera utzita forma juridikoa:

      1. Nekazari gazteentzako ordainketa osagarria eskatzen duen pertsona juridikoaren gaineko epe luzerako kontrol eraginkorra egokitzea nekazari gazte bati, zeinak b) apartatuan jasota dagoena beteko baitu pertsona juridikoak oinarrizko ordainketa-eskubideen lehenengo eskaera aurkezten duen urtean. Esan daiteke nekazari gazte batek edo nekazari gazte talde batek pertsona juridikoaren gaineko kontrol eraginkorra duela pertsona juridiko horren baitan erabakitzeko ahalmena duenean; horretarako, eskatzen zaio pertsona juridikoaren kapital sozialean kapital sozialaren erdia baino gehiagoko partaidetza eta boto-eskubideen erdia baino gehiago izatea.

      2. Zenbait pertsona fisikok, nekazari gazteak ez diren pertsonak barne, pertsona juridikoaren kapitalean edo kudeaketan parte hartzen badute, nekazari gaztea epe luzerako kontrol eraginkorra egiteko moduan egongo da, banaka edo beste nekazari batzuekin elkarlanean. Pertsona juridiko bat, banaka edo beste batzuekin batera beste pertsona juridiko baten kontrolpean badago, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak pertsona juridiko hori kontrolatzen duen edozein pertsona fisikori aplikatuko zaizkio. Xede horretarako, b) apartatuan ezarpena aipatu dugunean, pertsona juridikoa kontrolatzen duten nekazari gazteen ezarpena adierazi nahi izan dugu.

  1. Erregimen horretan parte hartzen duten pertsonek ez dituzte aplikatu beharko klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 19. artikuluan ezarrita daudenak, ez zaie baldintzei buruzko kontrolik egingo, eta ez zaizkie aplikatuko ustiatze-azalera guztiak ez aitortzeagatik aurreikusita dauden zigorrak ere. Halaber, erregimen sinplifikatuari heldu ostean, nekazari txikiek ez dute bete beharko nekazari aktiboaren baldintza, eta ez dute egin beharko nekazaritza-jardueraren aurretiazko kontrola; horrez gain, erregimen honetan parte hartzen dutenen izenak ez dira argitaratuko laguntza zuzenen onuradunen zerrendan.

  1. Lehenengo puntuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, komunean erabiltzen diren larre-azaleren aitorpena (titulartasun publiko edo komunaleko lursailak, onura publikoko mendiak izan edo ez, zeinetan ganaduak larreen aprobetxamendu komuna egiten baitu) egingo da Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) ezarritakoez bestelako identifikazio-erreferentzietan oinarrituta.

  1. SIGPAC esparru baten titularra edo esparru hori erabiltzeko eta haren aprobetxamenduaz baliatzeko gaitasuna egiaztatzen duen pertsona oro ez badago ados esparru horri buruz SIGPACen erregistratuta dagoen informazioarekin, lurraldearen errealitatearekin bat ez datorrelako, informazio hori berrikusteko eskatu beharko du; horretarako, dagokion aldaketa-eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala arrazoituta eta dokumentu bidez justifikatuta.

    Aurrekoa eragotzi gabe, dagokion esparruko katastro-lursailari buruzko informazio grafikoa eta alfanumerikoa aldatzeko eskatzen bada, lursaila dagoen probintzian higiezinen Katastroa kudeatzeko eskumena duen agintaritzan aurkeztu beharko da eskaera.

  2. Alegazioak, beharrezko agiriekin batera, honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: eskualde-bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako tokietan eta hor zehaztutako eran.

  3. Interesdunek edozein unetan egin ahal dizkiote alegazioak SIGPACen edukiari; horretarako, 1. apartatuan aipatzen den aldaketa-eskaera aurkeztu beharko dute. Alabaina, alegazio horiek kontuan hartu ahal izateko, laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko urtearen azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.

  1. Larre-esparruak aitortuz gero, aitortuko den azalera guztizko azalera izango da, larreen onargarritasun-koefizienteak aplikatu aurretik (azalera gordina). Komunean erabiltzen diren larreak direnean (titulartasun publiko edo komunaleko lursailak, onura publikoko mendiak izan edo ez, zeinetan ganaduak larreen aprobetxamendu komuna egiten baitu), azaleren aitorpena egingo da Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) ezarritakoez bestelako nekazaritza-lurzatien identifikazio-erreferentzietan oinarrituta. Kasu horietan, larrea kudeatzen duen agintariak esleitu dion azalera garbia aitortuko du nekazariak, hau da, azalera onargarria, dagokion larreen onargarritasun-koefizientea aplikatu ondoren.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskatzaileek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute banakako lurzatiak edo banakako ordainketa-eskubideak gehitzeko, betiere kasuan kasuko laguntza-erregimenean ezarritako baldintzak betetzen badira.

  1. Dekretu honetan laguntzak emateko jasotzen diren baldintzak betetzen direla bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera, foru-aldundiek kontrol-plan bat ezarriko dute, Europar Batasuneko erregelamenduarekin eta Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak prestatutako kontrol-plan nazionalarekin bat etorriz.

  2. Lurralde historiko bakoitzeko kontrol-planean, laguntzen eskaeren inguruko kontrolak administrazio-kontrolak nahiz tokian bertan egindakoak egiteko beharrezkotzat jotzen den alderdi oro bildu beharko da. Era berean, kontrol horiek barne hartuko dituzte bai eskatutako laguntzen onargarritasunari buruzko alderdiak bai baldintzak eta trazadura-sistema (SITRAN-EAE).

  3. Lurralde historiko bakoitzeko kontrol-plana jakinarazi beharko zaio Eusko Jaurlaritzako nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko zuzendaritza eskudunari, zeinak horren berri eman beharko baitio egiaztapen-erakundeari.

  4. Organo eskudunei dagokie dekretu honetan araututako laguntza-kontrolen ardura. Euskal Autonomia Erkidegoan, lurralde historikoetako foru-aldundiak dira kontrolen organo eskudunak.

  1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz, ez zaie zuzeneko ordainketarik eta bestelako laguntza zuzenik emango pertsona fisiko eta juridikoei, baldin eta egiaztatzen bada laguntza horiek lortzeko eskatzen diren baldintzak artifizialki sortu dituztela.

  2. Zuzeneko ordainketak Europar Batasuneko edo estatuko erregelamenduan aurreikusitako zigorren menpe egongo dira. Ustiategi-azaleran egin beharreko nekazaritza-jarduerari buruz eskaera bakarrean aitorpen faltsua egitearen ondorioz ere zigorrak ezarriko dira.

  1. Hurrengo apartatuan ezarritako epeetan esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Oro har, zuzeneko ordainketak egingo dira hurrengo urte naturaleko abenduaren 1aren eta ekainaren 30aren artean. Urriaren 16aren eta abenduaren 1aren artean, agintaritza eskudunak aurrerakinak ordaindu ahal izango ditu, Europako Batzordeak baimendutako ehunekoraino.

  1. NIBE. Materia organikoaren mailari eustea lurzoruan lan egokiak eginez, uztondoak erretzeko debekua barne, salbu eta arrazoi fitosanitarioak direla medio erretzen badira.

    Ezin izango dira uztondoak erre, salbu eta arrazoi fitosanitarioak direla medio agintari eskudunak horretarako baimena ematen badu; kasu horretan, suteen prebentzioari buruzko arauak bete beharko dira, eta bereziki, zerrenda perimetralaren gutxieneko zabalerari buruzkoak, lurrak baso-lurren mugakide direnean.

    Belarki-laboreen uzta-hondarrak eta zurezko laboreen inausketa-hondarrak deuseztatzen direnean, ezarritako araudia bete beharko da.

    Nekazaritza-azaleretan, minda ezin izango da banatu plater, haizemaile edo kanoi bidez. Halere, debeku hori ez da aplikatuko larre iraunkorrak eta belardiak dituzten lurzatietan. Halaber, otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 33. artikuluan jasotako aginduaren bidez, debeku hori salbuetsi egin ahal izango da beste azalera batzuetan agindu horren xede den kanpainarako, behar bezala justifikatutako salbuespenezko baldintzak ematen direnean.

    Sats solidoak, aplikatu ostean, ahalik eta azkarren lurperatu beharko dira. Alabaina, EAEn, betebehar horretatik salbuetsita daude larre eta labore iraunkorrak, zuzeneko ereintzaren edo gutxieneko lur-lantzearen bidez eginiko laboreak, eta sats solidoa azalean botatzen denean, laborea dagoeneko jarrita dagoenean.

EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau. Aurrekoa gorabehera, dekretu hau 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko maiatzaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.