Arautegia

Inprimatu

Dekretu proiektua: EAEko adingabeko arau-hausleei gizarte- eta heziketa-atentzioa eskaintzen dieten erakunde laguntzaileak baimendu, homologatu, ikuskatu eta erregistratzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 5745
  • Xedapen-zk.: 163
  • Xedapen-data: 2008/09/30
  • Argitaratze-data: 2008/10/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 45.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, «Autonomia Erkidegoek eta Ceutak eta Melillak euren eskumenekoak diren neurriak betearazteko beharrezkotzat jotzen dituzten lankidetza-hitzarmenak edo akordioak egin ahal izango dituzte beste erakunde batzuekin, betiere, euren zuzeneko gainbegiradapean; erakunde horiek izan daitezke bai publikoak Estatu Administraziokoak, Toki Administraziokoak edo beste Autonomia Erkidego batzuetakoak, bai irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak. Baina horrek ez du esan nahi titulartasunik lagatzen denik, ez eta betearazpen horren ondoriozko erantzukizunik dagoenik ere».

Eusko Legebiltzarrak, 2005eko otsailaren 18an, 3/2005 Legea eman zuen, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa. Lege horren helburua zen Euskal Autonomia Erkidegoari erreferentzia-esparru orokor bat ematea haur eta nerabeen zaintza eta babesaren eremuan.

Legearen 109. artikuluan legelariak Administrazioari agintzen dio erregelamendu bidez ezar ditzala arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskainiko dieten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizun zehatzak, hain zuzen ere, ondoko neurriak aplikatzen elkarlanean aritzeko gaituak izan daitezen: adingabeen epaileek ezarritako neurriak Legearen 88. artikuluaren araberakoak eta kalteak konpontzeko eta biktimarekin adiskidetzeko aldez aurretik hartu beharreko neurriak.

Erregelamendu honen bidez, lege-agindu hori beteko da, eta eskakizun horiek ezarriko dira erakunde laguntzaileen baimen, homologazio, ikuskapen eta erregistroa burutze aldera.

Horregatik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, organo aholku-emaile interesdunei entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko irailaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko erakunde laguntzaileak antolatzeko arauak ezartzea da.

  2. Helburu horretarako, ondoko jarduerak arautu dira:

    1. Arreta egokia bermatzeko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituzten erakunde laguntzaileei administrazio-baimena ematea.

    2. Erakunde laguntzaile horien homologazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin hitzarmenak egiteko aurrez bete beharreko baldintza den aldetik.

    3. Erakunde laguntzaile horiek ikuskatzea.

    4. Erakunde laguntzaile horiek erregistratzea.

Aurreko artikuluan zehaztutako jarduera horien berri izan behar du Eusko Jaurlaritzan gazteen justiziako neurriak aplikatzeko eskumena duen Sailak.

  1. Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan diharduten erakunde laguntzaileen jarduera arautzen du, bere lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa ahaztu gabe.

  2. Adingabeen Epaitegiek emandako neurri judizialak betearazteko zereginean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin lankidetzan diharduten erakundeei aplikatuko zaie Dekretu hau.

Erakunde laguntzaile gisa aritzeko baimena gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak bakarrik eman ahal izango du. Sail horrek egiaztatu egingo du erakunde eskatzaileak ezinbestekoak diren baldintzak betetzen dituela, hain zuzen ere, adingabeei ezarritako neurri judizialen betearazpenean erakunde laguntzailetzat jo ahal izateko.

Ondokoak dira neurri judizialen betearazpenean erakunde laguntzaile izateko baimena lortzeko baldintzak:

  1. Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea, legearen arabera eratutakoa eta dagokion erregistroan inskribatutakoa; eta adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzea helburu duen erakundea dela jaso beharko da bere estatutuetan.

  2. Egoitza Autonomia Erkidegoan izatea, edo, bestela, lurralde horretan zehar establezimenduak zabalik edukitzea; azken kasu horretan, baimena establezimendu horiek bakarrik izango dute.

  3. Bere estatutuetako egitekoak burutzeko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta ekipo teknikoak izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

  4. Adingabeentzako gizarte- eta hezkuntza-arretaren eremuan prestakuntza eta/edo eskarmentu bidez kualifikatuta dauden pertsonek zuzendutako eta administratutako erakundea izatea.

  5. Bere jarduerak adingabeentzako gizarte- eta hezkuntza-arretaren eremuan aplikatu beharreko nazioarteko, estatuko eta erkidegoko araudiaren araberakoak izatea.

  6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, gaiari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera.

  7. Erakundearen laguntzaile eta kontratatuak euren egitekoekin lotutako delituengatik kondenatuta ez egotea; salbuespen izango dira, ordea, aurrekariak deuseztatuta dituztenak edo deuseztatuta eduki behar lituzketenak.

  8. Sexuagatiko diskriminazioa dela-eta, edo beste edozein arrazoi dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin hitzarmenak egitea debekatzen dion zehapenik jaso ez izatea.

  1. Baimena lortzeko, eskabidea egin behar da lehenik, eta espediente bati hasiera emango zaio ondoren. Espediente hori ohiko prozeduraren arauen arabera izapidetuko da, salbuespenak salbuespen.

  2. Erakunde laguntzaile gisa baimena lortu nahi duten irabazi asmorik gabeko erakundeek dagokion eskabidea aurkeztu behar dute, euren legezko ordezkariak sinatuta; gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailari zuzenduko zaio eskabide hori.

  3. Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Eskabidea sinatzen duena legezko ordezkaria dela egiaztatzen duen ziurtagiria, ahalordea edo beste edozein agiri.

    2. Dagokion elkarte edo fundazioaren estatutuen edo oinarrizko arauen kopia frogagarria.

    3. Bere izaerako erregistroetan inskribatuta dagoela egiaztatzen duten agiriak.

    4. Burutzen dituzten jarduerak deskribatuko dituen memoria.

    5. Estatutuetako egitekoak burutzeko dituzten bitarteko materialen eta pertsonalen zerrenda.

    6. Adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko erakundeak dituen langileen zerrenda, gai horretan duten prestakuntza eta esperientzia justifikatuta.

    7. Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

    8. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatearen egiaztagiriak.

    9. Erakundearen zinpeko aitorpena, ondokoa aitortzen duena: erakundearen laguntzaile eta kontratatuen artean ez dagoela bere egitekoekin lotutako delituengatik kondenatutakorik, eta baldin badago ere, aurrekari horiek deuseztatuta dituztela edo deuseztatuta eduki behar lituzketela.

    10. Zinpeko aitorpena, sexuagatiko diskriminazioa dela-eta, edo beste edozein arrazoi dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin hitzarmenak egitea debekatzen dion zehapenik ez dela jaso adierazten duena.

  4. Erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena ematen duen ebazpena eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean emango da. Epea ebazpenik eman gabe igaro bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

  5. Baimenak bi urterako balioko du, eta epemuga heltzen denean, beste bi urtez luzatu ahal izango da adierazi beharrik gabe, baldin eta baliogabetzen ez bada.

Baimena emateak ondoko ondorioak izango ditu:

  1. Erakunde laguntzailetzat aitortzea.

  2. Gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak egintza horren berri eman ahal izango du.

  3. Gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailari jakinarazi egin behar zaio baldin eta eskabidean jaso den eta garrantzia duen daturen bat aldatu bada.

Emandako administrazio-baimena ondoko arrazoi hauengatik baliogabetuko da:

  1. Erakunde laguntzailearen nortasun juridikoa iraungitzea edo galtzea.

  2. Jarduera etetea.

  3. Baimena aitortzea ahalbidetu zuten baldintza material eta funtzionalak funtsean ez betetzea.

  4. Zehapena ezartzea, arau-hausle adingabeen justiziako neurriak aplikatzeko dagoen araudia ez betetzeagatik.

  5. Erakundeak hala eskatzea.

Baimena baliogabetzeko prozedura gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak gauzatu eta ebatziko du; horretarako, lehenik, espediente bat bideratuko da eta erakunde interesdunari entzungo zaio.

  1. Homologazioa gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak egingo du: plangintzaren arabera, erakunde laguntzaile bat arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko sistema publikoarekin lankidetzan jarduteko egokia dela aitortuko du, eta Zentro, Programa edo Zerbitzu zehatz bat kudeatzeko gaituko du erakunde hori. Horretarako, ebazpen arrazoitu bat emango du.

  2. Homologazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioekin hitzarmenak egingo dituzten erakunde laguntzaileak gaituko ditu, hain zuzen ere, gazteen justiziako neurrien aplikazioarekin zuzenean lotuta dauden jarduera eta egiteko guztiak edo batzuk egiteko.

  3. Erakunde homologatutzat joko dira, euren sorrera-arauaren arabera, adingabe eta gazteak kontrolatzea eta laguntzea helburu duten entitate eta erakunde publikoak.

Homologazioa lortzeko, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte aurrez erakunde laguntzaileek:

  1. Erakunde laguntzaile izateko baimena, Dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitakoa, eskuratua izan behar dute.

  2. Zentro, Zerbitzu edo Programa baterako homologazioa lortu nahiko dutenez, Zentro, Zerbitzu edo Programa zehatz horren Hezkuntza Proiektua eduki beharko dute, eta bertan behar bezala bermatuko dira hauek:

    Nazioarteko zuzenbidearen, estatuko zuzenbidearen eta zuzenbide autonomikoaren arauetan adingabeei aitortzen zaizkien eskubideekiko begirunea.

    Adingabeari ikuspegi integral batetik laguntzea.

    Gizarte-arretako gainerako eremuekiko koordinazioa: hezkuntza, kultura, osasuna eta gizartea.

    Zentro batean sartzeko neurriak hartu behar direnean erregimen irekian, erdi-irekian eta itxian, astebukaerako egonaldia edo sartze terapeutikoa, behar izanez gero, zentroaren barne-araubideko erregelamendua Hezkuntza Proiektuari egokitzea.

    Gazteen justiziari buruz indarrean dagoen Planaren printzipioetara egokitzea.

  3. Titulazio ofiziala duten langile gaituak izan behar dituzte bai plantillakoak, bai boluntarioak, eta, behar izanez gero, Dekretu honen helburua betetzeko egitekoak burutzeko Elkargo Profesional batek gaituak izan behar dute.

  4. Adingabeentzako gizarte- eta hezkuntza-arretaren eremuan urtebeteko eskarmentua dutela egiaztatu behar dute, programaren edo zerbitzuaren berritasunak hori eragozten duen kasuetan izan ezik.

  1. Erakunde laguntzaile gisa homologatuak izan nahi duten pertsona juridikoek dagokion eskabidea aurkeztu beharko diote gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailari, eta eskabidearekin batera, aurreko artikuluko baldintzak betetzen direla behar bezala egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

  2. Behin homologazioa eskatuta, gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak ikuskapen-bisita egingo du.

  3. Gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak, eskatzaileak aurkeztutako agiriak egiaztatu eta horri buruzko txosten teknikoa eta ikuskapen-akta ikusi ondoren, homologazioa ematea ala ez ematea ebatziko du. Hiru hilabeteko epea izango du horretarako, eskabidea aurkezten den egunaren biharamunetik aurrera, eta eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada.

  4. Ebazpenak homologazioa ukatzen badu, gutxienez sei hilabete igaro beharko dira ebazpena eman zenetik edo homologazioa ukatutzat jo zenetik aurrera erakundeak berriro ere homologazioa eskatu ahal izateko.

Homologatzen bada, ondoko betebeharrak izango dituzte erakundeen titularrek:

  1. Urtero jardueren memoria eta burututako esku-hartzeen ebaluazioa aurkeztea.

  2. Langileen plantillako aldaketak kuantitatiboak eta kualitatiboak gertatzen diren unean bertan jakinaraztea, baita zerbitzuari eta lan-txandei nola eragiten dieten ere. Kasu horretan, erakundeak beste zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, Dekretu honen 6.3.i) artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Aurreko ekitaldiari dagokion kontu-ikuskaritza aurkeztea, hurrengo ekitaldiko lehen hiruhilekoan zehar.

  4. Erakundearen urteko aurrekontuak aurkeztea, onartu eta hamabost eguneko epean.

  5. Burututako zerbitzu edo programarekin zerikusia duten ikuskatze-jardueretara makurtzea eta zeregin horretako arduradunei laguntzea.

Bi urterako izango da homologazioa, eta urteka luzatuko da, baldin eta erakunde laguntzaileak baja eskatzen ez badu; aldi bat amaitu baino sei hilabete lehenago egin beharko da, gutxienez, baja-eskaera. Kasu horretan, eskabidea egin aurretik hasita zituen jarduera eta egiteko guztien izapideak amaituta izan beharko ditu.

Erakunde laguntzaileek ondoko arrazoi hauengatik galduko dute homologazioa:

  1. Erakunde laguntzailearen nortasun juridikoa iraungitzea edo galtzea.

  2. Jarduera etetea.

  3. Homologazioa aitortzea ahalbidetu zuten baldintza material eta funtzionalak funtsean ez betetzea.

  4. Zehapena ezartzea, arau-hausle adingabeen justiziako neurriak aplikatzeko dagoen araudia ez betetzeagatik.

  5. Erakundeak hala eskatzea.

Ebazpen batek adieraziko du homologazioaren galera, behin erakunde interesdunari entzun ondoren. Ebazpen horrek erakundeak zehaztutako egunetik aurrera izango ditu ondorioak, burutzen ari diren programak kontuan hartuko baitira, betiere, laguntza jasotzen ari diren adingabeei kalterik ez eragiteko.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da homologatutako erakunde laguntzaileen zerrenda, bai eta homologazio horri dagozkion jarduera eta egitekoen zerrenda ere.

  2. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da homologazioa ukatu zaien erakunde laguntzaileen zerrenda, baita homologaziorako jarduera edo egitekoak murriztu zaizkien erakundeena ere.

  1. Administrazioak, ikuskatzeko ahalmena erabiliz, gazteen justiziako neurriak aplikatzeko dagoen araudia nola betetzen den zaintzen, kontrolatzen eta egiaztatzen du, erakunde laguntzaileek eskainitako zerbitzuen kalitatea bermatze aldera.

  2. Ondoko printzipioen arabera ikuskatuko da:

    1. Arau-hausle adingabeen eskubideekiko begirunea zaintzea eta horixe bera izatea irizpide nagusia ezarri beharreko arauak interpretatzerakoan.

    2. Tresna kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiltzea, erakundea zerbitzu mota bakoitzari arauz ezartzen zaizkion betebehar material eta funtzionaletara nola egokitzen den egiaztatzeko.

    3. Ikuskapena egiterakoan, arau-hausle adingabeen eta euren legezko ordezkarien parte-hartzeari eta euren funtzionatzeko moduari arreta handiz jarraitzea, eta eurek adierazitako kexak aztertzea.

    4. Ikuskapenari izaera ebaluatzaile eta pedagogikoa ematea, hain zuzen ere, erakunde laguntzaileetako profesionalak bultzatuko dituena erakundeen funtzionamenduaren eta laguntzaren kalitatea hobetzeko neurrien azterketan parte hartzera.

    5. Ikuskapen-bisita osatzeko, ebaluazio kualitatiboko sistemak aplikatzea; horren emaitzek laguntza ematerakoan hartu beharreko norabideak argituko dituzte.

Ikuskapen-lana honetan datza:

  1. Gaian aplikatu beharreko araudia betetzea zaintzea.

  2. Arau-hausle adingabeen eskubideekiko begirunea bermatzea eta eskubide horietaz baliatzeko bide eraginkorrak daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.

  3. Zerbitzu mota bakoitzari arauz ezartzen zaizkion baldintza materialak eta funtzionalak betetzen direla egiaztatzea.

  4. Beren jardueretarako erakundeei eman zaizkien funts publikoen zertarakoa eta erabilera gainbegiratzea.

  5. Ikuskapen-lanak burutzerakoan, erakundeei, profesionalei eta arau-hausle adingabeei beren eskubide eta betebeharren eta horiek erabiltzeko bide eraginkorren berri ematea eta aholkularitza eskaintzea.

  6. Ikuskapen-bisiten ondorioz arloko araudiari egokitzen ez zaizkion baldintza materialak eta funtzionalak definitzeko txostenak egitea, bete ez diren aginduak zehaztuz eta betetzeko epea ezarriz. Txosten horiei, ebaluazio-sistemak aplikatzearen ondorioz, araudiaren araberakoak izanda ere hobetu daitezkeen alderdiak erantsiko zaizkie, kasuan kasuko gomendioekin batera.

  7. Gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen administrazioari aholkularitza ematea ondoko honi buruz: erakundeen betebehar material eta funtzionalak arau-hausle adingabeen benetako beharretara eta laguntzaren kalitatearen hobekuntzara zenbateraino egokitzen diren.

  8. Jardunbide profesional egokiak atzematea eta horren berri ematea zabalkundea izan dezan, eta laguntza-jarduera txarrak atzemateko adierazleak zehaztea, ikuskapen- eta ebaluazio-ahaleginak ordezkatzen dituzten erakundeetan kontzentra daitezen.

  9. Homologazio-prozeduraren baitan, ikuskapen-bisita egitea, txosten teknikoa lantzea eta arau-haustearen akta egitea (12. artikuluko 2. eta 3. paragrafoen kasua).

  10. Dekretu honek ematen dizkion gainerako funtzioak betetzea.

Beste administrazio-instantzia batzuk eta Ministerio Fiskalak ikuskapenaren alorrean dituzten eskumenei kalterik eragin gabe egingo da ikuskapena.

Gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak egingo du ikuskapena, bere egitura organikoan zehaztu den administrazio-atalaren bitartez.

  1. Ikuskapen-lanak egiten dituzten langileak agintaritzaren agenteak izango dira, eta askatasunez egingo dute euren lana, betiere, hierarkikoki gainetik dituenen aginduak beteta.

  2. Ikuskatzaileek, euren lana egiteko, ikuskatzaile gisa identifikatzen dituen egiaztagiria izan behar dute, eta bertan ondokoak jasoko dira: zein unitate organikokoa den, izen eta abizenak, argazkia eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia. Lana burutzerakoan agiri hori erakutsi beharko dute.

  3. Ikuskatzaileek euren lana egiteko beharrezkoa den ezagutza izango dute; hala ere, egin beharrekoari buruzko ezaguerak dituzten kanpoko pertsonek ere lagundu ahal izango diete euren jardunean.

Ikuskapen lanak ofizioz hasiko dira beti, eskumena duen organoaren ekimenez, gainetik dagoenak aginduta, beste organo batzuek egindako eskabide arrazoituaren bidez edo salaketa bidez.

  1. Ikuskatzaileek legezkotasun, ekonomia, bizkortasun eta eraginkortasun printzipioen arabera jardungo dute, eta ikuskapena egin beharreko erakunde, zerbitzu edo zentroko langile eta zuzendaritzekiko erabat aske jardungo dute.

  2. Arau-hausle adingabeen eskubideak bermatu ahal izateko, ikuskatzaileak erakunde laguntzaile guztietara edozein unetan joan ahal dira, baldin eta behar bezala identifikatuta badaude, eta beharrezkotzat jotzen badute, ez dute zertan aurretik jakinarazi edo abisatu.

  3. Ikuskapen-bisitak erakundearen titularraren edo arduradunaren, edo hori ez badago, bere ordezkoaren aurrean egin beharko dira.

  4. Ikuskatzaileek honako hauek egin ahal izango dituzte: erakunde laguntzaileko gela guztietara sartu; mota guztietako egiaztapenak egin materialak, dokumentalak, erregistrokoak eta kontularitzakoak; profesionalekin eta erabiltzaileekin, edo horien legezko ordezkariekin, elkarrizketa pribatuak izan; edo ekintzak hobeto ezagutzeko beharrezkoak diren jarduerak burutu.

  5. Ikuskatzailea saiatuko da ikuskatzen ari den zerbitzuarentzat nahasterik ez eragiten.

  6. Nolanahi ere, ikuskatzaileek isilpean gordeko dituzte arau-hausle adingabeen intimitateari dagozkion datu pertsonalak, euren jardunaren ondorioz horien berri badu.

  7. Arau-hausle adingabeekiko eta, oro har, publikoarekiko errespetuz eta kontsiderazioz jardungo dute ikuskatzaileek, eta, gazteen justiziako neurrien aplikazioan dagoen araudiaren arabera, euren eskubide eta betebeharren eta horiek bideratzeko eginbideen berri emango diete, eskubide eta betebehar horiek behar bezala betetze aldera.

Erakundeetako arduradunak, horien ordezkariak eta euren zerbitzura diharduten langileak ikuskapen-lanak erraztera behartuak daude. Hau guztia ahalbidetu behar dute: bulegoetarako eta instalakuntzetarako sarbidea; agiri, erregistro, liburu eta estatistika-datuen azterketa; eta oro har, ekintzak hobeto ezagutzera eta ikuskapenaren helburua betetzera bideratutako edozer gauza. Horrez gain, arloko araudia betetzen dela egiaztatzeko beharrezkoa den informazio guztia ere eman beharko dute.

  1. Beharrezko egiaztapen eta ikerketak egin ondoren, ikuskatzaileek kasuan kasuko ikuskapen-akta egingo dute, eta gutxienez, ondorengo datu hauek jasoko dituzte:

    1. Jardueren eguna, ordua eta lekua.

    2. Ikuskatzaileen identifikazioa.

    3. Ikuskatu den erakundea zein den eta noren aurrean egin den ikuskapena; ikuskapenarekiko adostasuna edo desadostasuna ere jaso beharko da, baita horren alegazioak ere.

    4. Ekintza eta egoeren deskribapena, baita balizko arau-hausteena ere; hautsitzat jotzen den agindua zein den ere jaso beharko da.

    5. Araudia hautsi gabe ere, hobe daitezkeela ematen duten alderdien deskribapena.

  2. Ikuskapen-lanen lekuko izan denak akta izenpetu nahi ez badu, ikuskatzaileek hori ere jaso egingo dute aktan bertan, eta baita lekuko horri aktaren kopia bat eman zaiola ere. Aipatutako lekukoak kopia jaso nahi ez badu, aktan jasoko du ikuskatzaileak, eta hori gertatuz gero, hiru egunen buruan dagokion alea bidaliko zaio lekukoari jakinarazpen gisa, indarrean dauden xedapenetan aurreikusitako bideren baten bitartez.

Ikuskapen-bisitan jasotako aktak txostena egiteko balioko du eta bertan derrigorrez aplikatu beharreko neurriak eta horiek betetzeko epeak jasoko dira. Hautsitzat jotzen diren arauak berariaz zehaztuko dira, baita zerbitzuaren kalitatea hobetzeko gomendioak ere nahiz eta borondatezkoa izan horiek aplikatzea.

Ikuskapenak arau-hausle adingabeen osasunarentzat edo segurtasunarentzat arriskua dagoela esateko arrazoiak baditu, edo arriskua egon daitekeenaren zantzu argiak atzematen baditu, gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak kautelazko neurriak hartuko ditu, eta horretarako, ebazpen arrazoitua emango du. Neurri horiek ez dute zehapen-izaerarik izango, eta horien ondorioz ezartzen diren mugak kasu bakoitzean lortu nahi den helburuaren araberakoak izango dira.

  1. Ikuskatzaileek, euren jardueraren baitan, beste eskumen-eremuetan hutsegite, hoben edo arau-hauste izan daitezkeen ekintzen berri izaten badute, aginte judizialari, Ministerio Fiskalari edo jardute-eremu horretan eskumena duen organoari jakinaraziko diote.

  2. Ikuskatu den erakunde laguntzailearen titularrak edo arduradunak beharrezko neurriak hartuko ditu ikuskapena egiterakoan atzeman diren arau-hausteak zuzentzeko; eskumena duen aginteak ezarritako epearen barruan egin beharko da hori.

  3. Ikuskatzaileek egindako gomendioetara egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen saiatuko da erakunde laguntzailearen titularra edo arduraduna, beti ere eskaintzen den laguntzaren kalitatea hobetze aldera.

  4. Indarrean dagoen araudia betetzeko hartu beharreko neurrientzako ezarritako epe edo epeak igarotakoan, eskumena duen aginteak erakunde, zerbitzu edo zentroa berriro ikuskatuko du aipatutako neurriak hartu diren egiaztatzeko.

  1. Homologatutako erakunde laguntzaileen zerbitzu guztiak, gutxienez, urtean behin ikuskatuko dira.

  2. Aldian aldiko ikuskapen-bisitaz gain, eskumena duen aginteak zerbitzu edo zentro baten ikuskapen osoa edo partziala egin dezake beharrezkotzat jotzen duenean, eta betiere, horretara bultzatzen duen salaketaren bat dagoen bakoitzean.

  1. Adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko EAEko erakunde Laguntzaileen Erregistroa sortu da, gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailaren baitan.

  2. Erakunde bakoitzak erregistroan duen idazpenean ondoko datuak jasoko dira:

    1. Erakunde laguntzailearen izena, helbidea eta gainerako identifikazio-datuak.

    2. Baimenaren ebazpena eta noiztik izango dituen ondorioak.

    3. Homologazioaren ebazpena, noiztik aurrera izango dituen ondorioak eta zein jardueretarako den.

    4. Erregistroan inskribatutako erakundeak jarduerak burutzeko dituen establezimenduak.

Baimentzeko eta homologatzeko ebazpenak ofizioz inskribatuko ditu gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak, dagokion ebazpena eman eta hamabost eguneko epean.

Lehenengoa. Homologazioa.

EAEtik kanpoko arau-hausle adingabeei neurri judizial bat betearazteko programa edo zerbitzuaren garapenari dagokionez, Adingabeen Erantzukizun Penalari buruzko Erregelamendua onartzen duen 1774/2004 Errege Dekretuaren 35.1 artikuluaren b) eta c) idatz-zatietan eta Adingabeen Erantzukizun Penalari buruzko 5/2000 Lege Organikoaren 46.3 artikuluan aurreikusitako kasuak gertatzen direnean, neurri judiziala betearazteko programa edo zerbitzua garatzeko homologazioa izango dute horiek burutzen dituzten erakunde laguntzaileek, baldin eta betearazpen horri dagokion EAEko Administrazioaren gaikuntza badute.

Bigarrena. Asegurua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin egindako hitzarmenari jarraiki, gazteen justiziako neurrien aplikazioarekin zerikusi zuzena duen edozein ekintza burutzen duen erakunde laguntzaile homologatu orok erantzukizun zibileko asegurua izenpetu beharko du, hain zuzen ere, arau-hausle adingabeak jarduera horren ondorioz kaltetuak edo erantzuleak izan daitezkeen kasuetarako.

Lehenengoa. Erregelamendua garatzea.

Dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena gazteen justiziako neurrien aplikazioan eskumena duen Sailak izango du.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko irailaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.