Arautegia

Inprimatu

114/2008 DEKRETUA, ekainaren 17koa, Foru Aldundiek adingabeen adopzioaren arloan jarraitu beharreko jarduna arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 122
  • Hurrenkera-zk.: 3949
  • Xedapen-zk.: 114
  • Xedapen-data: 2008/06/17
  • Argitaratze-data: 2008/06/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak adopzioaren administrazio-alderdiak arautzen ditu haurren eta nerabeen babesaren alorrean.

Legeak, 83.2 eta 85.4 artikuluetan, esanbidez aurreikusten du erregelamendu bidez arautuko dela Foru Aldundiek adopzioaren eta nazioarteko adopzioaren arloan jarraitu beharreko prozedura. Aurreikuspen horren arrazoia da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeetako erakunde komunen arteko harremanak arautzen dituen azaroaren 25eko 27/1983 Legearen arabera foru-organo horiei dagokiela beren lurraldearen barruan erakunde komunen legeria egitea, besteak beste, gizarte-asistentziaren (7.c.1 artikulua) eta haur-politikaren (7.c.2 artikulua) alorrean.

Dekretu hau Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea garatuta egin da, eta adierazitako prozedurak arautzea du xede. Horretarako, kontuan hartu dira honako hauetan adopzioaren inguruan bildutako aginduak: Nazio Batuek 1989ko azaroaren 20an haurren eskubideei buruz egindako Konbentzioa, nazioarteko adopzioaren arloko lankidetzari eta haurren babesari buruzko Hagako Hitzarmena (1993ko maiatzaren 29koa), eta Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legea. Horietan azpimarratzen denez, administrazio-jardun orotan adingabearen (adopziogaiaren) goragoko interesari emango zaio lehentasuna.

Bestalde, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki, Lurralde Historikoetako foru-organoek erregelamendu-ahala (beren zerbitzuak garatzeko), administrazio-ahala (ikuskapena barne) eta berrikuspen-ahala (administrazio-bidean) izango dituzte. Autonomia Erkidegoko erakunde komunek legeria garatzeko egiten dituzten xedapen orokorrei jarraiki erabiliko dira ahal horiek. Azken batean, Foru Aldundiek egikaritzeko eskumena dute eta, beraz, ahalmena dute jarduteko prozedura garatzeko eta bakoitzaren antolamendura egokitzeko. Horretarako, foru-autonomiaren printzipioa hartzen dute beren gain. Horren arabera, eskumen esklusiboa dute foru-organoen antolamendua, erregimena eta funtzionamendua onartzeko.

Foru Aldundiek, halaber, esperientzia handia dute haurren eta nerabeen babesaren arloan, oro har, eta adopzioaren arloan, bereziki. Kode Zibilean adopzioaren arloko artikulu jakin batzuk aldatzen dituen azaroaren 11ko 21/1987 Legeak funtsezko aldaketa batzuk sartu zituen eta, horien ondorioz, Foru Aldundiek funtzio garrantzitsuak hartu zituzten beren gain arlo horretan, hala nola adopzioak kudeatzeko funtzioa.

Edukiari dagokionez, sei kapitulu, xedapen iragankor bat, xedapen gehigarri bat eta azken xedapena biltzen ditu dekretu honek.

  1. kapituluak Foru Aldundiek jarduteko prozedura zuzenduko duten xedapen orokorrak aipatzen ditu, hau da, xedea, aplikazio-eremua, informatzeko betebeharra eta espedienteak bideratzeko tratamendu-berdintasuna ezartzen ditu, eta gogoeta berezia jasotzen du premia bereziak dituzten adingabeen inguruan.

  2. kapituluak adoptatzen diren edo adoptatuko diren adingabeen eskubideak biltzen ditu, hau da, anai-arrebekiko harreman pertsonalak gordetzeko eskubidea, eraginpean hartzen dituzten espedienteetan informazioa jasotzeko eta entzuna izateko eskubidea, eta prozesu osoan tratamendu indibidualizatua jasotzeko eskubidea.

  3. kapituluak, berriz, adoptatzaileen egokitasunari lotutako alderdiak arautzen ditu, eta egokitasuna deklaratzeko metodologia, familia adoptatzailea izateko egokitasun-baldintzak, baldintza horiek balioesteko irizpideak eta deklarazioaren indarraldia eta eguneratzea biltzen ditu. Azkenik, bigarren adopzioaren eta hurrengoen kasuan jarraitu beharreko prozedura hatzen du kontuan.

  4. kapituluak Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeak adoptatzeko prozeduraren oinarrizko araudia jasotzen du. Horretarako, kontuan hartu da adopzioan adingabeen goragoko interesari eman behar zaiola lehentasuna, eta adingabe bat adoptatzeko prest dauden pertsonek adingabearen premiei erantzutera bideratu behar dutela beren nahia. Izan ere, beren familiarekin bizi ezin diren haurrak eta nerabeak babesteko baliabidea da adopzioa.

    Hiru ataletan banatuta dago kapitulua: lehenak adoptatzeko egindako eskaintzak aztertzen ditu (kasu horretan, adopzioen erregistroan izena ematearekin amaitzen den prozedura hasten da); bigarren atalak, berriz, adingabe bat adoptatzeko aukera hurbila denean txandaz dagokien eskaintzaileen egokitasuna deklaratzeko prozedura arautzen du, eta prozedura hori egokitasunaren onarpenarekin edo ezespenarekin amai daiteke; hirugarren atalak adoptatzaileen hautaketa, adingabeak familian lortzen duen integrazioaren jarraipena eta ebaluazioa, eta adoptatzeko proposamena aipatzen ditu (proposamen hori, nolanahi ere, Epaitegi eskudunak onartuko du); azkenik, laugarren atalak adopzioaren ondorengo jardunak aztertzen ditu.

  5. kapitulua nazioarteko adopziorako prozedurari buruzkoa da. Aurrekoan oinarrituta, nazioarteko adopzioaren berezitasunak arautzen ditu (nazioarteko adopzioan, Foru Aldundien esku-hartzea mugatuagoa da). Nolanahi ere, gogorarazi beharra dago nazioarteko adopzioan garrantzi berezia hartzen duela egokitasunaren deklarazioari, aurresleipenari eta adopzioaren ondorengo jarraipenari lotutako faseak. Ez da ahaztu behar haur eta nerabe guztiek eskubidea dutela familia batean hazteko eta jatorrizko familiarekiko eta herrialdearekiko loturak gordetzeko. Adopzioa norberaren ingurunean ezinezkoa denean baino ez da adingabeentzako onuratzat hartzen atzerritarren adopzioa. Beraz, nazioarteko adopzioa sekundarioa edo subsidiarioa da. Lehenik eta behin, adopzioa adingabearen herrialdean egiten saiatu behar da.

  6. kapitulua adopzioen erregistroari buruzkoa da, eta, ezartzen duenez, Foru Aldundi bakoitzak erregistro bat eratuko du, eta erregistro horren araudi xehatua haien esku egongo da.

    Horri jarraiki, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, aholku-organoei entzun eta aginduzko txostenak egin ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenari jarraiki eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko ekainaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren,

Foru Aldundiek adingabeen adopzioaren arloan egin beharreko jarduna arautzea da dekretu honen xedea.

  1. – Dekretu honen xedapenak Foru Aldundien tutoretzapean dauden adingabeak adoptatzeko prozeduretan aplikatuko dira. Halaber, adingabeak babesteko erakunde publikoak direlako adopzio-proposamena Foru Aldundien eskumena den prozeduretan aplikatuko dira dekretu honen xedapenak.

  2. – Atzerrian egiten diren adingabeen adopzioei Foru Aldundiek prozedura horietan duten esku-hartzea arautzen duten dekretu honen xedapenak aplikatuko zaizkie, arlo horri buruzko berariazko legeria aparte utzi gabe.

Foru Aldundiek adopzioari, adopzioaren modalitateei eta erregulazioari, eta adoptatua babesteko baliabide-izaerari buruzko informazio orokorra emango diete interesdunei, eskuragarri duten baliabideetako baten bidez.

Adopzio-eskaerak aztertzean eta balioestean, tratamendua berdina izango dela eta prozedura mota bakoitzerako hautaketa-irizpide berak aplikatuko direla bermatu behar da. Salbuespen bakarra hurrengo artikuluaren bigarren puntuan jasotakoa izango da.

  1. – Honako hauek hartzen dira premia bereziak dituzten adingabetzat:

    1. Anai-arreben taldeak, edo familia berriz elkartzeko prozesuan daudenak.

    2. Ezgaitasunak eta osasun-arazo bereziak dituzten adingabeak.

    3. 7 urte edo gehiago dituzten haurrak.

    4. Arrisku-aurrekari kliniko hereditarioak dituzten adingabeak.

    5. Beste premia berezi batzuk dituzten adingabeak.

  2. – Premia bereziak dituzten eta Foru Aldundien tutoretzapean dauden adingabeak adoptatzeko egokitasun-eskaeren balioespenak izango du lehentasuna, eta esleitzeko irizpideak haien zirkunstantzia berezietara egokituko dira.

  1. – Adingabeek anai-arrebekiko harreman pertsonalak gordetzeko eskubidea izango dute, eta, horretarako, ahaleginak egin beharko dira guztiak pertsona edo familia berak adopta ditzan. Banandu behar izanez gero, anai-arreba guztien arteko harremana erraztu beharko da, baten ongizatea kaltetzeko arrisku larria dagoela balioesten denean izan ezik.

  2. – Anai-arrebak batera adoptatzea komeni dela ikusten den kasuetan izan ezik, ezinezkoa izango da aldi berean hainbat adingabe adoptatzeko eskaintza egitea, edo horretarako egokitasunaren deklarazioa eskatzea.

Adingabeek eskubidea izango dute adoptatuak direla jakiteko eta egoera pertsonalari eta familia-egoerari dagokienez dituzten eskubideei buruzko informazioa jasotzeko, adopzioaren arloan indarrean dagoen legerian ezarrita dagoen moduan.

  1. – Haurrek eta nerabeek eskubidea izango dute adopzioaren prozedura bideratzean entzunak izateko (adina eta heldutasuna kontuan hartuta), eta haien iritzia administrazio-ebazpena eman edo ebazpen judizialerako edozein proposamen egin aurretik balioetsiko da, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 16. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeek hamabi urte baino gehiago badituzte, adopzioarekiko adostasuna adierazi beharko diote dagokion Foru Aldundiari.

Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeek eskubidea izango dute Sail eskuduneko profesional bat esleitzeko (izena jakinaraziko zaie). Profesional horrek solaskide-funtzioak beteko ditu adopzio-prozedura bideratzen den bitartean, eta hartzen diren neurrien berri emango dio adingabeari. Adingabea familia adoptatzailera egokitzeko moduaren plangintza arretaz egingo da, eta laguntza emango zaio egoera berrirako prestatzeko fasean.

  1. – Pertsonen egokitasunak behar bezala bermatzen du adingabearen premiei erantzuteko, legez ezarritako betebeharrak betetzeko eta, beraz, egonkortasuna, maitasuna, estimulazioa, zaintza eta nortasun-ezaugarriekiko errespetua eskaintzeko gaitasuna, adingabeak garapen integralerako aukera izan dezan.

  2. – Adoptatzeko interesa duten pertsonen azterketak eta balioespenak honako fase hauek izango ditu:

    1. Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeak adoptatzeko eskaintza aurkeztu aurretik, edo nazioarteko adopzio baterako egokitasunaren deklarazioa eskatu aurretik, Foru Aldundiek antolatutako prestaketa-saioetan parte hartu beharko dute interesdunek. Saio horiek interesdunei adopzio-proiektuaren inguruko alderdi legalei, psikologikoei, sozialei, hezkuntza-arlokoei eta beste batzuei buruzko erabakiak hartzen laguntzea dute xede, eta adopzioaren arrisku eta zailtasun errealei, adingabeen zaintzan gizonek eta emakumeek izan behar duten erantzukidetasunari eta berdintasunean oinarritutako familia-harremanak ezartzeko beharrari buruzko prestakuntza jasotzen dute. Azken batean, guraso izateko aurreikuspenak lantzen, aztertzen eta, batez ere, horien inguruko gogoeta egiten lagunduko dute saio horiek.

      Saio horiek Foru Aldundiak egingo ditu zuzenean, edota kanpoko profesional batzuek. Eskatzaile guztiek nahitaez hartu beharko dute parte saioetan, baina ez da interesdunen balioespenik egingo. Gainera, parte-hartzea zirkunstantzia pertsonalen balioespenarekiko independentea izango da.

      Saioetan parte hartzeko, ezinbesteko baldintza izango da aldez aurretik interes hori Foru Aldundiari jakinaraztea. Interesdunek saioetara joateko prest daudela jakinarazten dutenetik saioetan parte hartzen hasi arteko aldia hilabetekoa izango da gehienez nazioarteko adopzioen kasuan, eta hiru hilabetekoa gehienez gainerako adopzioen kasuan. Horretarako, ezinbestekoa da parte-hartzaileen gutxieneko kopuru egokia izango duten taldeak osatzeko aukera izatea.

      Prestatzeko prozesua amaitu izanaren egiaztagiria emateko, beharrezkoa izango da ikastaroa osatzen duten saio guztietara joatea.

      Ezarritako epea igaro eta parte-hartzaileen taldeak osatu ondoren interesdunek saioetan parte hartu ez badute eta arrazoiak interesdunei egotz badakizkieke, Foru Aldundiak ukatu egingo die adopziorako eskaintza edo egokitasun-deklarazioaren eskaera egiteko aukera.

      Arrazoi justifikatu batengatik saioren batera joaterik izan ezean, interesdunek ondorengo deialdiren batean joan beharko dute saio horretara.

    2. Egokitasun-deklarazioaren eskaera egin ondoren, beharrezkoak diren elkarrizketak egingo zaizkie eskatzaileei. Elkarrizketa horietan, honako alderdi hauek aipatuko dira: eskatzaileen identitatea, egoera pertsonala, osasun-egoera, motibazioak, hezkuntza-gaitasunak, baliabide sozioekonomikoak eta sexuen arteko eta, oro har, pertsonen arteko berdintasunari lotutako balioak. Gainera, gutxienez bisitaldi bat egingo zaie bizilekura.

      Egokitasunaren balioespena haurtzaroaren arloan espezializatutako gizarte-zerbitzuek egingo dute.

      Balioespenean ahalik eta objektibotasunik handiena lortzeko, galdera sortak eta proba psikometrikoak erabili ahal izango dira. Proba horien emaitzak espedientean txertatuko dira. Bestalde, eskatzaileak behartuta egongo dira adierazten zaizkien galdera sortak eta probak betetzera.

      Balioespenak, eskatzaileak ez ezik, familia-unitateko beste kide batzuk ere hartu ahal izango ditu eraginpean, betiere bizileku berean bizi badira.

  1. – Adoptatzeko interesa duten pertsonen egokitasunaren balioespena egitean, haurraren edo nerabearen goragoko interesari emango zaio lehentasuna, beste edozein interes zilegiren gainetik.

  2. – Hona hemen haurrak eta nerabeak adoptatzeko egokitasunaren baldintzak:

    1. Bizibide egonkorrak eta nahikoak izatea.

    2. Eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko beste pertsona baten edo batzuen laguntzarik edota bestelako laguntza garrantzitsurik (edo, adimen-ezgaitasunaren edo buruko gaixotasunen bat duten pertsonen kasuan, autonomia pertsonalerako laguntzarik) eskatzen ez duen, eta haurraren edo nerabearen arreta normalizatua bermatzen duen egoera fisikoan eta psikikoan egotea.

    3. Eskatzaileek ezkonduta daudela edo izatezko bikotea osatzen dutela egiaztatzen badute, nazioarteko adopziorako egokitasunaren deklarazioa eskatu aurretik segidako bi urtetan elkarrekin bizi izana.

    4. Familia-bizitza egonkorra izatea.

    5. Haurraren edo nerabearen integraziorako familia- eta gizarte-ingurune egoki batean bizitzea.

    6. Eskatzaileen historia pertsonaletan haurrarentzat edo nerabearentzat arriskutsua den gertakaririk ez izatea.

    7. Jarrera-malgutasuna eta egoera berrietara egokitzeko ahalmena erakustea.

    8. Haurraren edo nerabearen historia pertsonala eta familiakoa errespetatzea eta onartzea.

    9. Lankidetzarako eta konpromisorako jarrera positiboa agertzea.

    10. Familia-unitateko kide guztiek adopzioaren aldeko jarrera izatea.

    11. Adoptatzaileek adopziogaia behar bezala garatzeko muga izango ez den adina izatea.

    12. Adoptatzeko motibazioaren barruan, lehentasuna haurraren edo nerabearen goragoko interesari eta haren eskubideen babesari emateko asmoa adieraztea.

  1. – Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak balioesteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Bizitzeko baldintza egokiak betetzen dituen etxebizitza, eta ekipamendu komunitarioak erabiltzeko aukera izatea.

    2. Bizibide nahikoak izatea. Horretarako, gutxienez Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (aurrerantzean LGS) parekoak izango diren urteko diru-sarrerak egiaztatu beharko dira. Adoptatzaileen bizikidetza-unitatea bi kidek baino gehiagok osatzen badute (adoptatua barne), adierazitako kopurua LGSaren laurdenean gehituko da bitik gorako kide bakoitzeko.

    3. Adoptatzeko interesa duten pertsonek eta haiekin bizi direnek eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko mendetasunik ez izatea, betiere mendetasun horrek, dituen ezaugarriengatik edo bilakaeragatik, haurrak edo nerabeak behar duen arreta zaildu badezake edo adin-nagusitasunera iritsi arteko garapena kaltetu badezake.

    4. Adoptatzeko eskaintza egiten duten pertsonek guraso-aginteari datxezkion funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren afektibitate-gaitasuna, heldutasun emozionala eta trebetasun pertsonalak izatea. Halaber, adingabea alor guztietan zaintzeko jarrerak, gaitasunak eta prestasuna izan behar dituzte, eta kontuan hartu behar dute adingabeen zaintzak gizonen eta emakumeen erantzukidetasuna izan behar duela eta familia-harremanak berdintasunean oinarrituta ezarri behar direla.

    5. Adoptatzeko interesa duten pertsonek trebetasun pertsonalak izatea haurrarekiko edo nerabearekiko harremanaren ondorioz ager daitezkeen egoera berriei aurre egiteko.

    6. Ezkontideen edo senar-emazteenaren pareko afektibitate-erlazio baten bidez lotuta dauden bikoteen kasuan, biek adoptatzeko borondate bera izatea.

    7. Adoptatzeko eskaintza egiten duten pertsonek horretarako motibazio, jarrera eta aurreikuspen helduak eta egokiak izatea.

    8. Adoptatzeko interesa dutenekin bizi diren pertsonek ere adopzioaren inguruan aurreko idatz-zatietan deskribatutako jarrerak, gaitasunak, motibazioak eta borondate orokorra izatea eta haiekin elkarbizitza-harreman positiboa izatea.

    9. Adoptatzeko interesa dutenek aitatzakoa edo amatzakoa izatearen berezitasunak ulertzeko eta onartzeko gaitasunak eta prestasuna izatea, baita horiei behar bezala aurre egiteko gaitasuna ere.

    10. Adingabe batentzat adopzioaren bidez familia berri batean txertatzeak dakartzan zailtasunak ulertzea eta onartzea.

    11. Prestasun egokia izatea haurrari edo nerabeari adoptatua dela jakinarazteko, haren desberdintasun etnikoak, kulturalak eta sozialak errespetatzeko, aurrekari pertsonalak eta familia-aurrekariak errespetatzeko eta, haurraren edo nerabearen intereserako beharrezkotzat hartzen denean, haren familia biologikoarekiko edo haren bizitzan esanguratsuak diren pertsonekiko harremanak onartzeko.

    12. Adoptatzeko asmoa duten pertsonen eta horiekin bizi direnen gizarteratzea egokia izatea arlo guztietan; ingurune hurbilean kanpoko babesa izateari eta familia zabaletik edo beste batzuetatik babes soziala jasotzeari balioa emango zaio.

    1. Adopziorako prestakuntzaren, adingabea eta familia integratzeko prozesurako orientazioaren eta adopzioaren jarraipenaren aurrean jarrera positiboa eta prestasuna agertzea.

    2. Interesdunen adina haiek adoptatu nahi dituzten adingabeen adinerako egokia izatea.

      Irizpide biologiko normalizatu bati jarraiki, egokitasun-deklarazioaren unean (dagokion egokitasun-ziurtagiriaren bidez egiten da deklarazio hori) eskatzailerik gazteenaren (bikoteen kasuan) edo eskatzailearen (guraso bakarreko familien kasuan) adinaren eta adingabearen adinaren arteko aldeak 44 urte izan beharko luke gehienez.

      Foru Aldundiaren lantalde teknikoaren irizpideari jarraiki eta adoptatu beharreko haurraren edo nerabearen goragoko interesari begira, alde hori handiagoa izan daiteke 5. artikuluan zehazten diren premia bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko prestasuna jasoarazten denean.

      Bikotekide batek edo eskatzaileak (eskaerak guraso bakarreko familiek egiten dituzten kasuan) 50 urte baino gehiago baditu, bikotekideen arteko adinean dagoen aldea edo eskatzailearen adina adingabearen garapenerako oztopo izan daitekeen ala ez balioetsiko da. Kasu horretan, irizpide biologiko normalizatu bati jarraiki, adoptatu beharreko haurraren edo nerabearen gutxieneko adin bat ezarriko da.

    3. Interesdunek estaldura sanitario egokia izatea.

  2. – Balioesteko prozesuan, halaber, adoptatzeko eskaintza egiten duten pertsonak beherago adierazita dauden zirkunstantzietako batean dauden ala ez hartuko da kontuan. Zirkunstantzia horiek balioespen negatiboa jasoko dute eta, hala badagokio, larritasuna edo asmoa kontuan hartuta, desegokitasunaren deklarazioa edo prozeduraren etendura eragin dezakete (edota dagoeneko onartuta dagoen egokitasuna baliogabetzeko ebazpena, zirkunstantziaren berri geroago izanez gero). Hona hemen zirkunstantzia horiek:

    1. Balioespena egiteko garrantzitsuak diren datuak ezkutatu edo faltsutu izana, legezko erantzukizunak aparte utzi gabe.

    2. Adopzioa adingabearen ezaugarri fisiko jakin batzuen, sexuaren edo beste zirkunstantzia pertsonal edo soziofamiliar baten baldintzapean jartzea.

    3. Espedientean aplika daitezkeen prozedurei buruzko arauak edo arau horiek ezartzen dituzten betebeharrak ez betetzea.

    4. Proposatutako edo esleitutako adingabea ez onartzea, adingabeak bere garaian egokitasuna deklaratzeko bete beharreko ezaugarriei erantzuten dienean.

  1. – Egokitasun-deklarazioak hiru urteko indarraldia du ematen den egunetik aurrera, eta adopzio-prozesu bakar baterako balio du, betiere eskatzaileen zirkunstantzia pertsonalak eta familia-zirkunstantziak aldatzen ez badira. Deklarazio hori bidezko txostenen bidez eguneratu beharko da indarraldia amaitzean, egokitasun hori onartzeko arrazoiak izan ziren zirkunstantziak aldatu ez direla egiaztatzeko. Nolanahi ere, eskatzaileek egoera pertsonalean eta familia-egoeran izandako aldaketen berri emateko betebeharra dute.

  2. – Interesdunen egokitasuna alda dezaketen zirkunstantziak agertzen badira, deklarazioa eguneratzeko prozedura hasiko da zirkunstantzia horien berri izan bezain laster. Horretarako, egokitasun-deklarazioan eragina izan dezaketen egoera-aldaketak jakinarazteko betebeharra izango dute eskatzaileek.

  3. – Eguneratzearen ondorioz interesdunek egokitasuna onartzeko baldintzak dagoeneko betetzen ez dituztela ikusten bada, hori adieraziko duen ebazpen arrazoitua emango du Foru Aldundiak interesdunei entzun ondoren, eta Adopzioen Erregistroan egindako inskripzioa indargabetzea erabakiko du.

  4. – Aurreikusitakoaren arabera izango duten bilakaeragatik edo desagertzeko, konpentsatzeko edo aldatzeko aukeragatik espediente jakin bati buruzko erabakia atzeratzea gomendatzen duten egoeraren araberako zirkunstantziak agertzen direnean, espedientea etenda geratuko da ofizioz edo eskatzaileek eskatuta, kasu bakoitzean finkatutako gehieneko epean, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie, horretarako arrazoiak eta espedienteari berriz ekiteko beharrezkoak diren baldintzak adierazita.

    Nolanahi ere, eta segidako une batzuetan eteteko hainbat arrazoi agertzeko aukera aparte utzi gabe, guztira bi urteko gehieneko epea izango du etendurak, hasieran erabakitzen denetik aurrera kontatzen hasita.

  1. – Bigarren adopzioaren edo hurrengoen kasuan, aurretik egindako azterketa eta balioespena eguneratu egingo dira, zirkunstantzia soziofamiliar berriak kontuan hartuta.

  2. – Adoptatu beharreko adingabeak seme edo alaba biologikoak edo, hala badagokio, aurretik adoptatutako semeak edo alabak baino urte gutxiago izan beharko ditu, seme-alabak familian sartzeko ordena naturala desorekatu ez dadin. Beraz, egokitasun-ziurtagiriak adopziogaiaren adinak seme edo alaba biologikoarena edota aurretik adoptatutako semearena edo alabarena baino handiagoa izan behar duela finkatzen duenean, egokitasuna ukatu egingo da, premia bereziak dituzten adingabeen kasuan izan ezik.

  3. – Bigarren adopzio-espedienteari hasiera emateko, aurretik egindako adopzioaren jarraipenen inguruko betebeharrak bete beharko dira aldez aurretik.

  1. – Adingabe bat adoptatzeko interesa dutenek bizi diren Lurralde Historikoko Foru Aldundian aurkeztu beharko dute adopzioaren eskaintza, horretarako landutako eredu normalizatuari jarraiki.

  2. – Eskaintzarekin batera, interesdunen honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Jaiotza-ziurtagiri literala.

    2. Identifikazio-dokumentuaren fotokopia konpultsatua.

    3. Nortasun-agirikoaren tankerako argazkia.

    4. Familia Liburuaren eta, halakorik izan ezean, bizitzaren eta egoera zibilaren ziurtagiriaren orrialde guztien fotokopia konpultsatua.

    5. Izatezko bikoteen kasuan, bizikidetzaren aldia egiaztatzen duen ziurtagiria.

    6. Ezkonduen kasuan, ezkontza-ziurtagiri literala.

    7. Eskatzaileen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenen (aitortutako azken zerga-ekitaldiari dagozkionen) edo, hala badagokio, aitorpena aurkezteaz salbuetsita daudela jasotzeko Foru Ogasunak egindako ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua. Azken kasu horretan, eskaintza aurkeztean Foru Aldundian aitortutako diru-sarrerak hartuko dira kontuan.

    8. Eskatzaile bakoitzaren osasun fisikoa eta psikikoa, eta adingabea zaintzea eragozteko moduko ezein zirkunstantziatan ez dagoela egiaztatzen duen osasun-ziurtagiria. Beste pertsona batzuekin biziz gero, bakoitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

      Eskatzaileak eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko beste pertsona baten edo batzuen laguntza edota bestelako laguntza garrantzitsuak (edo, adimen-ezgaitasunaren edo buruko gaixotasunen bat duten pertsonen kasuan, autonomia pertsonalerako laguntza) behar izanez gero, autonomia pertsonalari buruzko ziurtagiria aurkezteko eskatu ahal izango du Foru Aldundiak.

    9. Udaleko erroldatze-ziurtagiria edo ziurtagiriak, bizilekuan bizi diren pertsonak adierazita. Ezkontza bidezko edo izatezko bikoteen kasuan, gutxienez 2 urteko bizikidetza egiaztatu beharko da ziurtagiri horien bidez.

    10. Eskatzaile bakoitzaren aurrekari penalen ziurtagiria. Beste pertsona batzuekin biziz gero, bakoitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

    11. Balioespen psikosozialeko prozesua, adopzioaren aurreko harreraren jarraipena eta, hala badagokio, adopzioaren ondorengo jarraipena onartzearen zinpeko aitorpena.

    12. Seme edo alaba biologikoak izatearen edo ez izatearen, seme edo alaba bat adoptatzeko prozesuan egotearen edo ez egotearen, eta dekretu honen 16. artikuluko “k” eta “l” puntuetan kontuan hartutako zirkunstantzietako ezeinetan ez egotearen zinpeko aitorpena.

    1. Epai bidez ezgaituta ez egotearen edo jarduteko ahalmen osoa izatearen zinpeko aitorpena.

    2. Guraso-agintea kenduta edo etenda ez izatearen, tutoretza bat kenduta ez izatearen, edota seme-alabak edo ardurapekoak babesteko betebeharrak ustez bete ez izanaren ondorioz haurren babeserako espediente bat ireki ondoren erruduntzat hartu ez izanaren zinpeko aitorpena.

    3. Ezkontza bidezko edo izatezko lotura bat baino gehiagoren kasuan, aurreko familia-liburuen fotokopia aurkeztu beharko da, lotura haietan seme-alabarik izan ote zen jakiteko.

      Eskatzaileak banandu, dibortziatu edo alargundu badira, familia-liburuaren fotokopia eta, kasuaren arabera, banantzeari edo dibortzioari buruzko epaiaren edota heriotza-ziurtagiriaren fotokopia aurkeztu beharko dute.

    4. Egokitasunaren balioespenerako baldintzak onartzeko dokumentua.

    5. Egokitasuna behar bezala balioesten laguntzen duten beste dokumentu batzuk.

  3. – Aurkeztutako eskaintzan edo dokumentazioan akatsen bat badago edo dokumenturen bat falta bada, interesdunei errekerimendua egingo zaie hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezaten edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzaten. Adieraziko zaie, halaber, hori egiten ez badute eskaerari uko egin diotela ulertuko dela -betiere horretarako ebazpena eman ondoren-, eta eskaera artxibatu egingo dela.

Adoptatzeko eskaintza ez da onartuko interesdunak honako zirkunstantzia hauetakoren batean daudenean:

  1. Ohiko bizilekua Lurralde Historikoko udalerriren batean ez izatea, Foru Aldundien tutoretzapean dauden eta premia bereziak dituzten adingabeak adoptatzen diren kasuetan izan ezik.

  2. Eskatzaileek ezkonduta daudela edo izatezko bikotea osatzen dutela ez egiaztatzea, edota, hori egiaztatuta ere, segidako bi urtetan elkarrekin bizi izana ez egiaztatzea.

  3. Gutxienez LGSaren pareko urteko diru-sarrerak ez egiaztatzea eta, beraz, bizibide nahikorik ez izatea. Adoptatzaileen bizikidetza-unitatea bi kidek baino gehiagok osatzen badute (adoptatua barne), adierazitako kopurua LGSaren laurdenean gehituko da bitik gorako kide bakoitzeko.

  4. Adopzioaren aurretik prestatzeko prozesua ez egitea.

  5. Balioespen psikosozialeko prozesua ez onartzea.

  6. Adopzioaren aurreko harreraren jarraipena edo, hala badagokio, adopzioaren ondorengo jarraipena ez onartzea.

  7. Guraso-agintea kenduta edo etenda izatea, edo tutoretza bat kenduta izatea.

  8. Eskatzaileek seme-alabak edo ardurapekoak babesteko betebeharrak bete ez izanaren ondorioz haurren babeserako espediente bat irekita izatea, eta erruduntzat hartzea.

  9. Epai bidez ezgaituta egotea edo jarduteko ahalmen osoa ez izatea.

  10. Giza hilketaren edo lesioen dolozko delituagatik edo askatasunaren, osotasun moralaren, sexu-askatasunaren, familia-eskubideen edo familia-betebeharren kontrako delituagatik epailearen epai irmo bidez zigorra jasotzea.

  11. Haur bat izatekotan egotea, edota seme edo alaba biologikoa jaio denetik edo adingabe bat adoptatu dutenetik 6 hilabete igaro ez izana.

  12. Laguntza bidezko ugalketa-prozesu bat egiten aritzea.

  1. – Aurreko artikuluan ezarritako zirkunstantziaren batengatik eskaintza onartzen ez bada, jardunak artxibatu egingo dira, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

  2. – Kasu horretan, eskaintza onartu ez izanaren arrazoiak desagertzen direnean eskatu ahal izango da familia adoptatzaile izateko beste eskaintza bat.

  1. – Onartutako eskaintzei inskripzio-zenbaki bat emango zaie Adopzioen Erregistroan.

  2. – Antzinatasunaren ondorioetarako, eskaintzaren lehen inskripzioaren data eta dagokion erregistro-zenbakia hartuko dira kontuan.

  3. – Eskaintzetan berrikuntzarik izanez gero, horiek ere Erregistroan inskribatu beharko dira.

Izapideak egitean, eskaintza Adopzioen Erregistroan zer ordenatan sartu den hartuko da kontuan, eta zorrotz jarraituko zaio ordena horri. Hala ere, premia bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko prestasuna adierazten duten eskaintzei lehentasuna emango zaie.

Adoptatzeko eskaintzek hiru urteko baliozkotasuna izango dute. Ondoren, oraindik adoptatzeko interesa izanez gero, eskaintza hiru urtean behin berritu beharko dute lehen eskaintza sinatu zutenek. Eskaintza berritzen duten pertsonek inskripzio-zenbaki berarekin jarraituko dute. Eskaintza berritzen ez bada, espedientea artxibatu egingo da, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

  1. – Foru Aldundiak egokitzat hartu diren gutxienez hiru eskaeraz osatutako zerrenda bat izango du uneoro.

  2. – Zerrenda hori egiteko, adopziorako eskaintza egiten dutenei hitzordua emango zaie adierazitako helbidean, inskripzio-ordena kronologikoaren arabera, eta 10 eguneko epea emango zaie Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko eta egokitasun-deklarazioaren eskaera egiteko. Jakinaraziko zaie, halaber, epe hori igaro ondoren jardunak artxibatu egingo direla, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

  3. – Adopzio bat proposatzean adingabearen ezaugarriak egokitzat hartutako ezein eskaerarekin bat ez badatoz, hurrengo eskatzaileen egokitasuna balioetsiko da, inskripzio-ordena kronologikoaren eta eskaintzaren edukiaren arabera.

  4. – Nolanahi ere, lehen eskaera izenpetu zuten eskatzaileen kopurua edo identitatea aldatzen bada, Egokitasun Deklarazioaren eskaera berritzat hartuko da eskaera, eskatzaileek lehen eskaera hori batera aurkeztu dutenean, eta eskatzaileetako bat hil ondoren besteak eskaerari eustea erabakitzen duenean izan ezik.

  1. – Egokitasun-deklarazioaren eskaera egin ondoren, eskatzaileen zirkunstantzia pertsonalak, familiakoak, sozialak eta ekonomikoak aztertu eta balioetsiko dituzte Foru Aldundiek. Horretarako, 10. artikuluan adierazitako elkarrizketak eta gaitasun-probak egingo dituzte. Halaber, hasieran aurkeztutako dokumentazioaren dokumentu osagarri batzuk aurkeztea eskatu ahal izango diete eskatzaileei.

  2. – Probak eta elkarrizketak egin ondoren, eta dokumentazioa aztertu ondoren, lantalde teknikoek eskatzaileen zirkunstantziei buruzko txostenak landuko dituzte, eskatzaileen egokitasuna balioetsiko dute eta, hala badagokio, jardun osagarriak edota txostenetan lortutako datuak argitzeko edo zabaltzeko jardunak egingo dituzte.

  3. – Eskatzaileek alegazioak egiteko eta prozedura bideratzen den bitartean dokumentazioa eta bestelako datuak aurkezteko duten eskubidea aparte utzi gabe, prozedura bideratu ondoren eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik, espedientea emango zaie, hamar eguneko epean alegazioak egiteko eta bidezkotzat hartzen dituzten dokumentuak eta justifikazioak aurkezteko aukera izan dezaten.

  4. – Alegazioak jaso ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, eskatzaileen egokitasunari buruzko ebazpen-proposamen bat landuko da, behar bezala arrazoituta.

  5. – Eskatzaileak dekretu honen 16. artikuluan aurreikusitako zirkunstantziaren batean daudela egiaztatzen denean, eskaera ezesteko ebazpen-proposamena idatziko da, balioespen-prozeduraren beharrik gabe eta interesdunei entzun ondoren.

  1. – Balioespen-prozeduraren barruan, aurreikusitakoaren arabera izango duten bilakaeragatik edo desagertzeko, konpentsatzeko edo aldatzeko aukeragatik espediente jakin bati buruzko erabakia atzeratzea gomendatzen duten egoeraren araberako zirkunstantziak agertzen direnean, espedientea etenda geratuko da ofizioz edo eskatzaileek eskatuta, kasu bakoitzean finkatutako gehieneko epean, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie, horretarako arrazoiak eta espedienteari berriz ekiteko beharrezkoak diren baldintzak adierazita.

    Nolanahi ere, eta segidako une batzuetan eteteko hainbat arrazoi agertzeko aukera aparte utzi gabe, guztira bi urteko gehieneko epea izango du etendurak, hasieran erabakitzen denetik aurrera kontatzen hasita.

  2. – Prozeduraren etendura ezarriko duen ebazpena interesdunei entzun ondoren emango da.

  3. – Espedientea bideratzen jarraitzeko, beharrezkoa izango da etendura eragin zuten arrazoiak desagertzea edo eskatzaileek ezarrita dauden baldintzak betetzen dituztela formalki jakinaraztea.

  4. – Espediente bat eteteko kasu bakoitzean finkatutako gehieneko epea igaro eta espedientearekin jarraitzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badira, artxibatu egingo da, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

  1. – Foru Aldundiek interesdunen egokitasunari buruzko ebazpena emango dute, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraiki jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpen hori Adopzioen Erregistroan inskribatuko da.

  2. – Ebazpena sei hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinarazi beharko da, dekretu honen 21.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki egindako hitzordutik aurrera kontatzen hasita. Nolanahi ere, administrazioaren isiltasuna negatiboa izango da, Administrazioak ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe.

    Adierazitako epean, eskatzaileei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan edo dekretu honen 23.1 artikuluan adierazitako arrazoiren batengatik espedientea osatu gabe dagoen denbora ez da zenbatuko.

  3. – Ebazpenak eskaera ezesten badu, interesdunek ez dute egokitasun-deklarazioaren beste eskaera bat aurkeztu ahal izango ebazpena jakinarazten denetik 3 urte igaro arte.

    Onartuta zegoen egokitasuna ondoriorik gabe uzten duen ebazpena ematen bada, epe bera izango da beste eskaera bat aurkezteko.

  4. – Eskatzaileen egokitasunari buruz emandako ebazpenen, prozeduraren etendura ezartzen duten ebazpenen eta onartuta zegoen egokitasuna ondoriorik gabe uzten duten ebazpenen aurka egin ahal izango da jurisdikzio eskudunean, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik administrazio-bidean erreklamazioa jartzea, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean aurreikusitakoari jarraiki.

  1. – Adoptatzeko moduko adingabeak daudela ziur jakitean, egokitzat hartu diren familien artean aproposena denari esleituko zaio haurra edo nerabea.

  2. – 5. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean dauden adingabeen kasuan adoptatzaileen behin betiko zerrendan adingabe horiek adoptatzeko pertsonarik aproposenak ez badaude, adingabea integratzeko eta behar bezala garatzeko aukerarik handienak eskaintzen dituztenak proposatuko dira, onartuta daudenen artean. Horretarako, adingabearen historia eta ezaugarri pertsonalak hartuko dira kontuan, eta proposamena behar bezala arrazoituko da.

  3. – Adoptatzaileak hautatu ondoren, adingabea adopzioaren aurreko familia-harrera baten bidez txertatuko da familian.

  1. – Foru Aldundiak familian txertatu den adingabearen jarraipena egingo du harreraren aldian, eta familia behartuta egongo da jarraipen horretan laguntzera.

  2. – Foru Aldundiak, halaber, harreraren ebaluazioari eta jarraipenari buruzko txostena landuko du, honako irizpide hauen arabera:

    1. Familiaren funtzionamenduak behar bezala egokitu beharko du adingabearen premietara. Halaber, familian txertatzeko aukera erraztu beharko dio adingabeari.

    2. Familiak adopziorako egokitzat hartzeko arrazoi izan ziren oinarrizko baldintzak betetzen jarraitu beharko du.

Adingabea ongi txertatu dela eta hartutako neurria adingabearentzat onuragarria dela erakutsi ondoren, eta neurri horren jarraipenaren aldeko txostena egin ondoren, Foru Aldundiak Epaitegian aurkeztuko du adopzio-proposamena. Proposamen hori eta, hala badagokio, adopzioa eratzeko ebazpena Adopzioen Erregistroan inskribatuko dira.

  1. – Adoptatutako adingabearen goragoko interesa babesteko, eta adoptatu aurretik eskatzaileekin adopzioaren aurreko harreran emandako aldia edozein izanik ere, adingabeak familia berrian lortu duen integrazioa balioesteko beharrezkotzat hartzen dituen jarraipenak egingo ditu Foru Aldundiak. Nolanahi ere, jarraipenak gutxienez sei hilean behin egingo dira adopzioa eratu eta ondorengo bi urteetan.

  2. – Jardun horien xedea honako hau da: adoptatutako adingabearen egoera nolakoa den jakitea, adoptatzaileek adingabearen oinarrizko premiak behar bezala betetzen dituztela egiaztatzea, eta familiei adopzioaren ondoriozko egoeretan aholkuak eta laguntza eskaintzea. Horretarako, hala badagokio, Foru Aldundia hezkuntza-sistemekin, sanitarioekin eta sozialekin koordinatuko da, eta/edo horietara joko du. Halaber, familia horiei laguntzeko berariazko beste baliabide batzuk izango ditu.

  1. – Egokitasun Deklarazioa lortzeko prozedura ohiko bizilekua Lurralde Historikoko udalerriren batean dutenek eskatuta hasiko da.

  2. – Egokitasun Deklarazioa lortzeko interesa dutenek horretarako egingo den eredu ofizialaren arabera egin beharko dute eskaera. Bertan, adopzioa zer herrialdetan bideratuko duten eta, hala badagokio, bitartekotza-prozesua egingo duen Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzailea (aurrerantzean NAEL) zein izango den adierazi beharko dute.

  3. – Eskaerarekin batera, Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeak adoptatzeko eskaintzaren inguruan 15. artikuluan adierazitako dokumentuez gain, dokumentazioa NAELera igortzeko Foru Aldundia baimentzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

  4. – Aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan akatsen bat badago edo dokumenturen bat falta bada, interesdunei errekerimendua egingo zaie hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezaten. Adieraziko zaie, halaber, hori egiten ez badute eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, betiere horretarako ebazpena eman ondoren.

  5. – Eskaeran bildutako datuak noiznahi aldatu ahal izango dira, baina horrek ez du esan nahi eskaeraren antzinatasuna galduko denik.

    Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, honako aldaketa hauekin eskaera berritzat hartuko da, eta ondoriorik gabe utziko du hasieran aurkeztutakoa:

    • Lehen eskaera izenpetu zuten eskatzaileen kopurua edo identitatea aldatzen denean, eskatzaileek lehen eskaera hori batera aurkeztu dutenean, eta eskatzaileetako bat hil ondoren besteak eskaerari eustea erabakitzen duenean izan ezik.

    • Herrialdez aldatzea erabakitzen denean eta aldez aurretik bideratu daitezkeen espedienteen kopuruan muga bat ezarri denean, eta izapideak egiteko bidea aldatzen denean, betiere adierazitako mugak aukeratutako bidea eraginpean hartzen badu.

  1. – 16. artikuluan Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeak adoptatzeko eskaintzetarako aurreikusitakoez gain, eskatzaileek jatorrizko herrialdean ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten kasuak izango dira eskaera ez onartzeko zirkunstantziak.

  2. – Aurreko paragrafoan aurreikusitako zirkunstantziaren batengatik eskaera onartzen ez bada, eskaera ezesten duen ebazpena emango da, jardunak artxibatuko dira, eta interesdunei horren berri emango zaie.

  3. – Kasu horretan, eskaera onartu ez izanaren arrazoiak desagertzen direnean aurkeztu ahal izango da familia adoptatzaile izateko beste eskaera bat.

  4. – Eskatzaileek nazioarteko adopziorako eskaera bat dagoeneko bideratuta dutenean, Foru Aldundiak ezin izango du bideratzeko onartu eskaera berri bat. Eskaera bat bideratzen hasi ondoren, herrialde berean edo beste batean beste eskaera bat bideratzen hasteko beharrezkoa izango da adopzio-prozesua amaitzea edo prozesu horri uko egitea.

  5. – Eskatzaileen espediente bera ezin izango da aldi berean hainbat herrialdetan bideratu.

Eskatzaileek aurkeztutako eskaerari inskripzio-zenbaki bat emango zaio Adopzioen Erregistroan.

Eskaerak bideratzean, eskaera Adopzioen Erregistroan zer ordenatan sartu den hartuko da kontuan, eta zorrotz jarraituko zaio ordena horri.

  1. – Prozedura bideratzeko, eteteko eta ebazteko, dekretu honen 22., 23. eta 24. artikuluetan Foru Aldundien tutoretzapeko adingabeak adoptatzeko ezarritako arau berei jarraituko zaie.

  2. – Bideratzeko fasean, hala badagokio, zinpeko itzultzaile bat idatziz izendatzeko errekerimendua egingo zaie eskatzaileei, eta itzultzaile horri dokumentazioa igorri beharko zaio, itzul dezan. Itzulpen horren kostuak eskatzaileek ordainduko dituzte.

  3. – Arrazoi objektiboek aholkatzen dutenean, Foru Aldundiek adopzio-eskaerak aurkezteko aukera itxi ahal izango dute, baita geroago ireki ere.

    Halaber, ebazpen arrazoituaren bidez, herrialde jakin batean nazioarteko adopzioari buruzko espediente berriak bideratzeko aukera aldi baterako etetea erabaki ahal izango dute, betiere NAEL batek esku hartzen ez badu, bideratzen ari diren espedienteen kopuruaren eta esleipenen artean alde handia izango dela aurreikusten bada, eta bideratu daitezkeen espedienteen kopuruan muga bat ezarri behar bada.

  4. – Egokitasun-deklarazioari buruzko ebazpenak eskatu den herrialderako baino balio ez duela ulertuko da.

  1. – Dekretu honen 30. artikuluko 3. puntuan xedatutakoa gorabehera, Foru Aldundiak, salbuespen gisa, beste herrialde batean bigarren espediente bat bideratzea baimendu ahal izango die eskatzaileei (horiek eskatzen badute), betiere bi espedienteak bide publikotik bideratzen badira eta honako zirkunstantzia hauetakoren bat agertzen bada:

    1. Espedientea adingabeen jatorrizko herrialdean sartu ondoren, gerora sortutako zirkunstantzien ondorioz adoptatzeko prozedurak denboraldi mugagabe batean erabat gelditzen direnean.

    2. Espedientea jatorrizko herrialdean sartu eta hogeita lau hilabete baino gehiago igaro ondoren adopzioa gauzatu ez denean.

  2. – Bigarren espedientea bideratzeko, hiru faktore bete beharko dira:

    1. Bi eskaeretako bat automatikoki baliogabetuta geratuko da beste herrialdeak haur edo nerabe bat aurresleitzen duenean.

    2. Bigarren eskaeraren xede den herrialdeko erakunde eskudunak espedientearen berezitasunaren berri izan beharko du.

    3. Oraindik aurresleipenik egin ez denean adingabe bat adoptatzeko eskaera jaso zuen lehen herrialdean salbuespen-zirkunstantziak desagertzen badira, eskatzaileek irekita dauden bi espedienteetako bat aukeratu, eta besteari uko egin beharko diote nahitaez.

  3. – Nazioarteko adopziorako eskaera bat eta Foru Aldundiaren tutoretzapeko adingabe batekin zerikusia duen beste bat (familia-harrera sinple, iraunkor edo adopzioaren aurreko baterako eskaera edota adopziorako eskaintza izan daitekeena) aldi berean onartuko dira bideratzeko. Eskatzaileei adingabe bat familia-harrerarako esleitzen bazaie, esleipen hori nazioarteko adopziorako aukeratutako herrialdeari jakinaraziko zaio, eta prozedura eten egingo da 6 hilabeteko epean.

  1. – Nazioarteko adopzioa eskatzen duten pertsonak behartuta egongo dira Foru Aldundiari -zuzenean edo bitartekotza-lanetan jardun duen NAELaren bitartez- jatorrizko herrialdeko agintariek adingabea aurresleitu edo esleitu dietela jakinaraztera, herrialde horrek Foru Aldundiari, Agintaritza Nagusia den aldetik, zuzenean jakinarazten dionean izan ezik.

  2. – Adingabearen jatorrizko herrialdeko legeriak edo administrazio-praktikak aurresleipena Foru Aldundiak -Agintaritza Nagusia den aldetik- onartu behar duela ezartzen duenean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan horretarako: esleitutako adingabearen ezaugarriak eta zirkunstantziak bere gaian eskatzaileen egokitasunari buruzko ebazpenean ezarritakoekin bat datozen ala ez, eskatzaileek adingabea onartzen duten ala ez, eta, hala badagokio, garrantzitsua izan daitekeen beste edozein faktore.

  3. – Aurrekoa kontuan hartuta, Foru Aldundiak aurresleipenaren onarpenari edo ezespenari buruzko ebazpen arrazoitua emango du, eta eskatzaileei eta adingabearen jatorrizko herrialdeari jakinaraziko zaie ebazpen hori.

Dekretu honen 28.2 artikuluan adierazitako helburu berdinarekin, Foru Aldundiak berariazko jardunak egingo ditu nazioarteko adopzioen jarraipena egiten denean. Jardun horiek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

  1. – Adopzioa NAEL baten bitartekotzarik gabe bideratu bada, jarraipenari buruzko txostenak Foru Aldundiak egingo ditu, zuzenean edo kanpoko profesionalen bidez. Bestela, bitartekotza-lanetan jardun duen NAELak berak egingo ditu txosten horiek.

  2. – Adoptatzaileek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Foru Aldundiari, zuzenean edo bitartekotza-lanetan jardun duen NAELaren bitartez, adopzioa edo, hala badagokio, Estatu espainolean adoptatzeko instituzio juridikoa eratu dela jakinaraztea, eta hori erabakitzen duen ebazpenaren kopia konpultsatua eta ebazpenaren zinpeko itzulpena aurkeztea.

    2. Foru Aldundiari, zuzenean edo bitartekotza-lanetan jardun duen NAELaren bitartez, adingabea iritsi dela jakinaraztea.

    3. Foru Aldundiari, zuzenean edo bitartekotza-lanetan jardun duen NAELaren bitartez, adopzioa Erregistro Zibilean inskribatu dela behar bezala egiaztatzea.

    4. Adoptatutako adingabearen jatorrizko herrialdeko araudiak eskatzen dituen jarraipen-jardunetara jartzea.

    5. Jatorrizko herrialdeak eskatzen badu, itzulpen kautotu bat ematea, jarraipenari buruzko txostenak igorri aurretik legeztatzea, eta kostuak beren gain hartzea.

  3. – Adopzioaren ondorengo jarraipena egiten denean, honako jardun hauek egin beharko ditu Foru Aldundiak:

    1. Adopzioari buruzko espedientea NAEL baten bitartekotzarik gabe bideratu denean, jarraipenari buruzko txosten teknikoak lantzea, adingabearen jatorrizko herrialdeak finkatzen duen aldizkakotasunarekin.

    2. NAEL batek adopzioari buruzko espedientea bideratzeko bitartekotza-lanak egin baditu, NAEL horrek landutako jarraipen-txostenei adostasuna ematea jatorrizko herrialdera igorri aurretik.

    3. Espedientea NAEL baten bitartekotzarik gabe bideratu denean, txostenak adingabearen jatorrizko herrialdera igortzea.

    4. Adingabearen jatorrizko herrialdeko araudiak eskatzen dituen beste guztiak.

  4. – Adoptatzaileek jarraipenaren inguruan dituzten betebeharrak ez betetzea adingabeen babesaren arloko ez-betetzetzat hartuko da eta arau-hauste larria izango da, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 112.g) artikuluari jarraiki.

Foru Aldundi bakoitzak bere Adopzioen Erregistroaren erregulazioa eta edukia eratu eta onartuko ditu. Erregistroaren xedea honako hauek inskribatzea izango da: adopzio-eskaerak, adoptatzaileen egokitasunari buruzko ebazpenak, epaitegian aurkeztutako adopzio-proposamenak, adopzioak eratzen dituzten ebazpen judizialak eta, hala badagokio, onartutako adopzio-eskaintzak, eskaintzen berritzeak, adopzioaren aurreko harrerak eta esleipenak.

Erregistroan bildutako datu guztiak sexuaren arabera bananduta egongo dira.

Erregistroan inskribatutako datuak isilekoak izango dira eta datu horien konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatuko da, baita adingabeen adopzioari lotutako prozeduretarako erabiliko direla ere. Gainera, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitako kasuetan baino ezin izango dira jakinarazi edo laga.

Dekretu honetan bildutako xedapenak bideratzen ari diren adopzio-espedienteetan aplikatuko dira dekretua indarrean jartzean, adopzioen jarraipena egiteko jardunak barne.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, aurreko araudiari jarraiki sustatutako prozeduretan egindako egintzak eta izapideak baliozkoak izango dira dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera garatzen diren administrazio-prozeduretan.

Eskatzaileei beste herrialde batean bigarren espediente bat bideratzeko aukera salbuespen gisa baimentzeko espedientea jatorrizko herrialdean sartzen denetik adopzioa egiaztatu gabe igaro behar duen denborari buruz dekretu honen 34.1.b) artikuluan bildutako estipulazioari jarraiki, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen kreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituen urriaren 28ko 263/2003 Dekretuaren 15. artikuluko 5. puntua aldatu egin da, eta honela geratu da idatzita:

“5.– Artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoek xedaturikoa gorabehera, behin espedientea adingabekoen jatorrizko estatuan sartu ondoren adopzio-prozedurak guztiz geldituko balira, eta geldialdi hori noiz arte luzatuko den jakiterik ez balego, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak, salbuespen gisa, baimena eman diezaieke egoera hori pairatzen dutenei, hala eskatzen badute behintzat, bigarren espediente bat izapidetu dezaten beste estatu batean. Irizpide berari jarraituko zaio, baldin eta espedientea jatorrizko estatuan sartu zela bi urte baino gehiago igaro ondoren adopzioa egiaztatu ez bada.

Eskaera hori bideratzeko, hiru faktore bete beharko dira:

  1. Bi eskaeretako bat automatikoki baliogabetuta geratuko da beste herrialdeak haur bat aurresleitzen duenean.

  2. Bigarren eskaeraren xede den herrialdeko erakunde eskudunak espedientearen berezitasunaren berri izan beharko du.

  3. Oraindik aurresleipenik egin ez denean adingabe bat adoptatzeko eskaera jaso zuen lehen herrialdean salbuespen-zirkunstantziak desagertzen badira, eskatzaileek irekita dauden bi espedienteetako bat aukeratu, eta besteari uko egin beharko diote nahitaez.”

    Era berean, nazioarteko adopzioari buruzko bigarren espediente bat irekitzea salbuespen gisa baimentzeko prozedura onartzen duen 2004ko maiatzaren 3ko Aginduan adierazitako 15. artikuluko 5. puntuaz egiten den aipamena aldatutzat hartzen da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko ekainaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVΝN.